Epailetzaren independentziari buruzko oinarrizko Printzipioak

Euslege

Epailetzaren independentziari buruzko oinarrizko Printzipioak

Nazio Batuek onetsiak, Delitua prebenitzeari eta Delitugilea tratatzeari buruzko bere zazpigarren Biltzarrean, Milanen egin zena, 1985. urteko abuztuaren 26tik irailaren 6ra arte eta Biltzar Orokorrak berretsiak, 1985. urteko azaroaren 29ko bere 40/32 Ebazpenean eta 1985. urteko abenduaren 13ko 40/146 Ebazpenean

Kontuan izanik Nazio Batuen Gutunean munduko herriek berresten dutela, besteak beste, euren borondatea zertarako eta, baldintzak sortzeko, horien mende gorde ahal dadin justizia eta egin ahal dadin nazioarteko lankidetza, giza eskubide eta oinarrizko askatasunekiko errespetua garatzeko eta suspertzeko asmoarekin, inolako bereizketarik gabe.

Kontuan izanik Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak zehatz-mehatz adierazten dituela berdintasun-printzipioa legearen aurrean, eta pertsona orok dituen eskubideak errugabea dela uste izateko eta, justiziarekin bat etorriz, jendaurrean entzuna izateko auzitegi eskudun, independente eta inpartzial baten aurrean.

Kontuan izanik Ekonomia, Gizarte eta Kultura Eskubideen Nazioarteko Itunak eta Eskubide zibil eta politikoen Nazioarteko Itunak bermatzen dutela eskubide horiek egikaritzea eta Eskubide zibil eta politikoen Nazioarteko Itunak, gainera, bidegabeko atzeratzerik gabe epaitua izateko eskubidea bermatzen duela,

Kontuan izanik, halaber, oraindik ere ohikoa dela eguneroko egoera printzipio horien goi-asmoekin bat ez etortzea,

Kontuan izanik justizia antolatzeko eta administratzeko orduan herrialde bakoitzak aintzat hartu behar dituela printzipio horiek eta neurriak hartu behar direla horiek osotasunean gauzatzeko,

Kontuan izanik epaile-karguen egikaritza arautzen duten manuen xedea izan behar dela epaileek printzipio horien arabera jardutea,

Kontuan izanik epailek dutela behin betiko erabakia hartzeko ardura, herritarren bizitzari, askatasunari, eskubideei, betebeharrei eta ondasunei dagokienez,

Kontuan izanik Nazio Batuen seigarren Kongresuak, Delitua prebenitzeko eta Delitugilea tratatzeari buruzkoak, bere 16 ebazpenean, Delitua prebenitzeko eta Delinkuentziaren aurka borrokatzeko Komiteari eskatu ziola bere lehentasunezko zereginetan kontuan hartzea norabideak garatzea, epaileen independentziaren arloan eta epaileen eta fiskaltzaren hautaketa, trebakuntza eta egoera juridikoaren arloan,

Kontuan izanik, horrenbestez, egokia dela lehenengo eta behin aztertzea epaileen eginkizuna, justizia-sistemari dagokionez eta haien hautaketa, trebakuntza eta jokabideari dagokionez,

Ondorengo oinarrizko printzipioak, estatu kideei laguntza emateko moldatu dira non eta, epailetzaren independentzia bermatzeko eta sustatzeko duten zereginean; hartara, kontuan hartu beharko dira eta gobernuek, halaber, errespetatu egin beharko dituzte, nazio-legeriaren eta -egineren esparruan; eta, orobat, epaileei, abokatuei, botere betearazle eta legegilearen kideei eta, oro har, jendeari horien berri emango zaie. Printzipio horiek moldatu dira batez ere kontuan hartuta epaile profesionalak; hala ere, berdin aplikatuko zaie, bidezkoa denean, profesionalak ez diren epaileei, halakoak dauden tokietan.

Epailetzaren independentzia

1. Epailetzaren independentzia estatuak bermatu behar du eta Konstituzioak edo herrialdearen legeriak aldarrikatu. Gobernu-erakunde guztiek eta beste izaerakoek ere errespetatu eta ontzat hartu beharko dute epailetzaren independentzia.

2. Epaileek euren eskumeneko gaiak inpartzialtasun osoz ebatziko dituzte, egitateak oinarri hartuz eta betiere zuzenbidearen arabera, murrizketarik gabe eta edozein sektore edota arrazoiren eragin, interes, presio, mehatxu edo esku sartzerik gabe, halakoak zuzenekoak edo zeharkakoak izanik ere.

3. Epailetza eskumenekoak ditu epai-izaerako gai guztiak eta ahalmen esklusiboa izango du, bere mende dagoen gai bat legeak berari eratxiki dion eskumenaren barruan dagoen erabakitzeko.

4. Prozesu judizialetan ez da bidegabeko eta arrazoirik gabeko esku sartzerik egingo, eta auzitegien erabaki judizialak ez dira berriro aztertuko.Printzipio hau aplikatuko da epai-berrikuspenaren bideari kalterik egin gabe edota epailetzak ezarritako zigorrak arintzeari edo ordezteari kalterik egin gabe; berrikuspena, halaber, administrazio-agintariek egin dezakete, legean xedatutakoarekin bat etorriz.

5. Pertsona orok du eskubidea epaiketa izateko, auzitegi arrunt baten aurrean, legez ezarritako prozeduren arabera. Ez da sortuko prozesu arauak aplikatzen ez dituen auzitegirik, arau horiek behar bezala ezarri direnean eskuarki auzitegi arruntei dagokien jurisdikzioa ordezkatzeko.

6. Epailetzaren independentzia-printzipioak epailetzari baimena ematen dio eta, era berean, behartu egiten du berma dezan prozedura judiziala zuzenbidearen arabera garatzea, bai eta alderdien eskubideak errespetatzea ere.

7. Estatu kide bakoitzak baliabide egokiak jarriko ditu, epailetzak behar bezala egikari ditzan bere eginkizunak.

Adierazpen-askatasuna eta elkartzeko askatasuna

8. Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin bat etorriz eta herritar guztien antzera, epailetzaren kideek ere adierazpen-askatasuna, sinesmen-askatasuna eta elkartzeko eta biltzeko askatasuna izango dute; izan ere, horiek, halako eskubideak egikaritzeko, beti jokatu beharko dute euren eginkizunen duintasuna eta epailetzaren inpartzialtasuna eta independentzia babesteko moduan.

9. Epaileek eskubidea izango dute epai-elkarteak eratzeko edota bestelako erakundeak, betiere horien xedea denean euren interesen ordezkari izatea, lanbide-heziketa sustatzea eta epailearen independentzia defendatzea, bai eta halakoetan afiliatzeko eskubidea ere.

Lanbide-gaitasuna, hautaketa eta heziketa

10. Epai-karguak betetzeko hautatu diren pertsonak, pertsona zintzoak eta egokiak izango dira eta heziketa juridiko edota kalifikazio egokiak izango dituzte. Epaileak hautatzeko erabiltzen den metodo orok bermatuko du epailea ez izendatzea bidegabeko arrazoiengatik. Epaileen hautaketan ez da inolako bereizkeriarik egingo edozein arraza, larru-kolore, sexu, erlijio, politikako edo bestelako iritzi, nazio- edo gizarte-jatorri, egoera ekonomiko, jaiotza edo baldintza direla bide; bestalde, epai-karguetarako hautagaiak kasuan kasuko herrialdetako nazionalak izan behar dira, baldintza horrek ez dakarrela inolako bereizkeriarik.

Zerbitzu-baldintzak eta mugiezintasuna

11. Legeak bermatuko du epaileen karguaren iraunkortasuna aldez aurretik ezarritako aldietan; orobat, euren independentzia eta segurtasuna, bai eta ordainsari, erretiro-pentsio eta zerbitzu-baldintza egokiak.

12. Bermatuko da, berebat, epaileen mugiezintasuna, epaile horiek erabaki administratibo baten bitartez izendatuak nahiz hautatuak izan, noiz arte eta, nahitaezko erretiroa hartzeko adina bete arte edota epe baterako izendatuak edo hautatuak izan eta epe hori bukatu arte, horretarako arauak daudenean.

13. Epaileak mailaz igotzeko sistema, halakorik badago, faktore objektiboetan oinarrituko da, batik bat, lanbide-gaitasuna, zintzotasuna eta eskarmentua aintzat hartuko dira.

14. Epaileek zein auzitegi osatu eta auzitegi horretan auziak eurei esleitzea administrazio judizialaren barruko gaia da.

Lanbide-sekretua eta ukiezintasuna

15. Epaileek lanbide-sekretua dute eta horretara behartuta daude, euren eztabaidetan eta euren eginkizunen jardunean eskuratutako isileko informazioan, salbu eta entzunaldi publikoak direnean; halaber, ezin zaie eskatu gai horiei buruzko lekukotzarik ematea.

16. Edozein diziplina-prozedura edota gora jotzeko eskubidea bazter utzi gabe, eta nazio-legeriarekin bat etorriz, estatuarengandik kalte-ordaina jasotzeko eskubideari ere kalterik egin gabe, epaileek ukiezintasuna izango dute euren eginkizun judizialen jardunean sorturiko bidegabeko egite edo ez egiteetatik zein kalte-galera eratorri eta horiei buruzko akzio zibilen aurrean.

Diziplina-neurriak, kargu-etendura eta kargutik banantzea

17. Epaile baten aurka, bere epai- eta lanbide-jardueran, egindako akusazio edo kexa oro berehala eta inpartzialtasunez bideratuko da, prozedura egokiaren arabera. Epaileari inpartzialtasunez entzun beharko zaio, horretarako eskubidea baitu. Hasierako aldi horretan, gaiaren azterketa isilekoa izango da, epaileak kontrakoa eskatzen ez badu.

18. Epaileen karguak eten edo karguetatik banandu daitezke ezgaitasunaren edota jokabidearen ondorioz, halakoek gaitasunik gabe utzi dituztelako euren eginkizunen jardunean jarraitzeko.

19. Diziplina-neurriak hartzeko eta kargua eteteko edo kargutik banantzeko prozedura oro ebatziko da jokabide judizialari begira ezarritako arauen arabera.

20. Diziplina-prozeduretan eta kargua eten edo kargutik banantzeko prozeduretan hartutako erabakiak berrikuspen independente baten mende geratzen dira. Printzipio hau salbuets daiteke auzitegi gorenaren eta legegintzazko organoen erabakietan, betiere ezezpen-prozeduretan edo antzekoetan.