40/2015 Legea, Sektore publikoaren araubide juridikoarena (1)

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

40/2015 LEGEA, urriaren 1ekoa, Sektore publikoaren araubide juridikoarena

BOE 236 zk, 2015/10/02koa

FELIPE VI.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikusten eta ulertzen duten guztiei.

Jakizue:

Gorte Nagusiek honako lege hau onetsi dutela eta Nik berretsi egiten dudala:

HITZAURREA

I

2012ko urriaren 26an, Ministro Kontseiluak Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordea sortzea erabaki zuen, agindu hauek betetzeko: Espainiako sektore publikoa modernizatzeko osoko azterlana egitea, sektore horri eraginkortasun handiagoa ematea eta kalte egiten zioten bikoiztasunak desagerraraztea, baita herritarrek Administrazioarekin harremanetan jartzeko erabiltzen dituzten prozedurak erraztea ere.

Ministro Kontseiluari 2013ko ekainaren 21ean igorritako txostenean 218 proposamen egin ziren, honako ziurtasun honetan oinarrituta: ekonomia bat lehiakorra izango bada, administrazio publikoek eraginkorrak, gardenak eta arinak izan behar dute, eta herritarrentzako zerbitzua hartu behar dute ardatz.

Horren haritik, 2014ko Espainiako Erreformen Programa Nazionalak ezartzen duenez, neurri batzuk bultzatu behar dira administrazioaren jarduera arrazionalizatzeko, baliabide publikoen erabileran eragingarritasuna hobetzeko eta produktibitatea handitzeko.

Asmo sendo horren iturburua Espainiako Konstituzioaren 31.2 artikulua da, honako hau ezartzen baitu: «Gastu publikoak ekitatez banatuko ditu baliabide publikoak, eta haren programazioak eta betearazpenak eragingarritasun- eta ekonomia-printzipioak beteko dituzte».

Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordearen txostenak dioenez, administrazio publikoen araudiak hainbat etapa izan ditu.

Tradizioz, alde batetik, bereizten ziren botere betearazlearen alderdi organikoak arautzen zituzten erregelak, eta, bestetik, prozedurak arautzen zituztenak.

Bereizketa hori amaitu egin zen Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin, lege hark gai horiek tresna bakar batean bateratu zituelako.

Gerora, ugari izan dira legeak, errege-dekretuak eta lerrun txikiagoko gainerako xedapenak; horiek guztiek administrazio-zuzenbidearen bizkarrezurra osatu dute.

Hala, gaur egun, egoera honako hau da: alde batetik, alderdi organikoak arautzen dituzten legeak daude, adibidez, eta garrantzitsuenak aipatzearren, Estatuaren Administrazio Orokorraren Antolamendu eta Funtzionamenduaren apirilaren 14ko 6/1997 Legea; Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legea, eta Zerbitzu Publikoak hobetzeko estatu-agentzien uztailaren 18ko 28/2006 Legea; eta, beste aldetik, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen alderdi organikoak eta prozedurazko alderdiak lantzen dituzten beste lege batzuk; edo herritarrek zerbitzu publikoetan sarbide elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea.

Beraz, agerikoa da gure lege-sistema administrazio-zuzenbide sistematiko, koherente eta ordenatu batez hornitu behar dela, Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordeak onartutako txosten guztirako inspirazio-iturri den arauen kalitatearen hobekuntzarako proiektu orokorrarekin bat etorriz.

Proiektu hartan bi lege egitea aurreikusi zen: lege bat, administrazio-prozedura arautzekoa, herritarren eta administrazioen arteko harremanei buruzko arauak jasoko lituzkeena.

Beste legea, administrazio publikoen araubide juridikoa jasoko lukeena; lege horretan sartuko lirateke sektore publiko instituzionala arautzen duten xedapenak.

Hala, administrazioen antolaketa eta funtzionamendua osorik erreformatzeari heldu zaio, oinarrizko bi ardatzen inguruan: administrazioen eta herritarren nahiz enpresen arteko harremanak ad extra antolatzea, eta administrazio bakoitzaren barne-funtzionamendua eta administrazioen arteko harremanak ad intra arautzea.

Lege hau bi ardatz horien artean bigarrena da, eta, alde batetik, barnean hartzen du administrazio araubide juridikoari buruzko oinarrizko legeria, administrazio publiko guztiei aplikatu beharrekoa; eta, bestetik, Estatuaren Administrazio Orokorraren araubide juridiko espezifikoa, horren barruan sartzen direla erakunde administrazioa nahiz Estatuaren administrazio periferikoa.

Lege honetan biltzen da, halaber, administrazioen arteko barne harremanen arauketa sistematikoa; alde horretatik, jarduteko printzipio orokorrak nahiz subjektu publiko batzuen eta besteen arteko harremanen teknikak ezartzen dira.

Hala, sistematizatuta geratzen da administrazioen ad intra eta inter harremanen ordenamendua. Horren osagarria da aurrekontu-araudia, horretan bereziki nabarmentzen direla Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorra eta Estatuaren Aurrekontu Orokorren urteko legeak.

Gobernuaren Legea testu independente gisa mantentzen da. Bereziki nazioaren botere betearazlea arautzen duenez eta izaera eta egiteko politikoak batik bat dituenez, Administrazio Publikoaren arauditik bereizita mantendu behar da, Gobernuak zuzentzen baitu Administrazio Publikoa.

Irizpide horren arabera, lege honek Administrazio Publikoaren Legea aldatzen du, gai batzuk bertatik ateratzeko. Hain zuzen ere, gai horiek administrazio-organo diren gobernuko kideen antolaketari eta egitekoei dagozkie, eta horregatik lege-testu honetan arautu behar dira.

Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordearen txostenak ordenamendu juridiko administratiboa erreformatzea gomendatzen du, ez soilik araugintzako koherentziaren eta legegintzako politikaren arrazoiengatik.

Administrazio Publikoek ez dute oztopo izan behar herritarren eta enpresen bizitzarako; aitzitik, norbanakoen askatasuna eta pertsonen eta enpresen ekimena bideratu behar dituzte.

Horretarako, ezinbestekoa da arau-esparru bat ezartzea. Esparru horrek eragotzi egingo du organo edo erakunde alferrikako edo erredundanteak sortzea, ente publikoen eraginkortasuna eta efizientzia ziurtatuko ditu, eta ente horiek etengabe gainbegiratuko ditu, halakoak sortzeko justifikazio izan ziren helburuak noraino betetzen diren ebaluatu ahal izateko, helburu horiek agortu dienean edo halakoak lortzeko modu efizienteago bat dagoenean ente horiek mantendu beharra auzitan jarri ahal izateko.

Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak oso positiboki baloratu du Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordeak administrazioa erreformatzeari ekin izana.

Erreforma horri buruz egindako txostenean azaltzen duenez, erreformaren paketea datuen bilketako, profesionalen arteko elkarrizketako eta Espainiako Administrazio Publikoen ahultasunen diagnostikoko prozesu zorrotz baten emaitza da.

Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen ustez, erreforman sartzen diren gai politikoak (adibidez, gobernu elektronikoa, maila anitzeko gobernantza-harremanak, araugintza ona, aurrekontu-erreformak) , eta horiekin batera azken bi urteetan aurrekontu-egonkortasunean, demokraziaren eraberritzean eta antzeko beste hainbat arlotan hasitako aldibereko ekimenak, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialde batean egindako erreforma-prozesurik handienetako baten ezaugarriak dira.

Lege hau, beraz, ez da erreforma gauzatzeko araugintza-tresna bakarra, baina etorkizuneko Espainiako Administrazio Publikoaren, herritarren zerbitzura egongo den administrazio publiko horren eraikinaren oinarria izango da, aldi berean izapidetzen ari den administrazio-prozedurari buruzko legearekin eta jada onetsi diren gardentasunari eta gobernu onari buruzko legearekin eta aurrekontu-egonkortasunari buruzko legearekin batera.

II

Legeak, hasteko, bere xedapen orokorretan Espainiako sektore publikoaren jardueraren eta funtzionamenduaren printzipioak ezartzen ditu.

Administrazio publiko guztiek beren jardueran eta elkarrekiko harremanetan zaindu beharko dituzten printzipio orokorren artean daude eraginkortasun, hierarkia, deszentralizazio, deskontzentrazio eta koordinazioaren printzipioak, Legeari eta Zuzenbideari erabat loturik egotearen printzipioaz gain (horiek Espainiako Konstituzioan azaltzen dira) ; horiez gain, gardentasunaren printzipioa eta helburuen araberako zuzendaritzaren printzipioa txertatzen dira, administrazio-unitate guztien jardueraren gidari izan behar duten irizpide berrien erakusgarri diren aldetik.

Legeak orain arte ekainaren 22ko 11/2007 Legean sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoari buruz bildutako arauak eta aurreko lege hori zati batean garatzeko azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuan aurreikusitako arau batzuk biltzen ditu, beharrezkoak diren egokitzapenekin.

Hala, batera arautzea eskatzen zuten gai batzuk txertatzen dira, adibidez sinadura eta egoitza elektronikoak, komunikazio-ingurune itxietan datu elektronikoak trukatzea eta administrazioaren jardun automatizatua. Hori da egokiena, ingurune honetan ohikoena bitarteko elektronikoen erabilera izango bada.

Halaber, administrazio publikoek beren artean harremanetan jartzeko bitarteko elektronikoak erabili beharko dituztela ezartzen da. Aurreikuspen hori geroago garatzen da administrazioarteko lankidetzari buruzko tituluan, administrazioen arteko harreman elektronikoak espezifikoki arautuz.

Horretarako, jarduteko printzipio berri gisa aurreikusten da bitarteko elektroniko eta sistemen elkarreragingarritasuna eta herritarrei zerbitzuak batera ematea.

Administrazio Publikoen funtzionamendurako eta jarduerarako printzipioen azalpena osatzeko, indarreko araudian jada aurreikusten direnak aipatzen dira: erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, irisgarritasuna, proportzionaltasuna, neutraltasuna eta herritarrentzako zerbitzua.

Atariko tituluak xehetasunez arautzen du administrazio-organoen araubidea, azaroaren 26ko 30/1992 Legean biltzen den eta orain arte indarrean egon den araudia oinarri hartuta. Arau horretan alderdi berri batzuk sartzen dira.

Organoak sortu ahal izateko, aldez aurretik nahitaez egiaztatu beharko da dauden organoak bikoiztuko ez direla.

Administrazio aholku-emailearen organoei buruzko aurreikuspenak osatzen dira eta kide anitzeko organoen arauketa hobetzen da, bereziki Estatuaren Administrazio Orokorraren organoei dagokienez. Alde horretatik, nabarmentzekoa da orokorrean bitarteko elektronikoak erabiliko direla organo horiek eratu ahal izateko, bilerak egiteko, erabakiak hartzeko, eta bileren aktak egin eta igortzeko.

Titulu horretan sartzen dira, halaber, zehatzeko ahala baliatzeari buruzko printzipioak eta Administrazio Publikoen ondare-erantzukizuna eraentzen duten printzipioak.

Arlo horretako berrikuntzarik nabarmenenen artean bereziki aipatzekoak dira «Estatu legegilearen ondare-erantzukizuna» delakoan sartutako aldaketak. Hain zuzen Estatuak erantzukizun hori du Konstituzioaren aurkako edo Europar Batasuneko zuzenbidearen aurkako deklaratutako legeengatik partikularrek euren ondasun eta eskubideetan jasaten dituzten kalteengatik. Bada, kasua izanez gero kalte-ordaina eman ahal izateko gertatu behar diren baldintzak zehazten dira.

Azkenik, Atariko Tituluan arautzen dira administrazio-hitzarmenak, Kontuen Auzitegiaren 2010eko azaroaren 30eko 878. irizpenean aurreikusita dagoen ildotik. Irizpen horretan gomendatzen zen hitzarmen horien lege-esparrua eta tipologia sistematizatzea, hitzarmenen baliozkotasunerako baldintzak ezartzea eta hitzarmenak Auzitegiari berari igortzeko betebeharra ezartzea.

Hala, hitzarmenen araubide osoa garatzen da. Hitzarmen horien gutxieneko edukia, motak, iraupena eta azkentzea finkatzen dira eta Kontuen Auzitegiak hitzarmen horiek kontrolatuko dituela ziurtatzen da.

III

Estatuko Administrazioari dagokionez, lehenengo tituluak apirilaren 14ko 6/1997 Legean bildutako arauketa hartzen du abiapuntu, denboraren poderioz beharrezkoak direla ikusi diren hobekuntza batzuk aplikatuta.

Ministerioaren egituran berezkoak diren goi-organoak eta zuzendaritzako organoak ezartzen dira, eta baita administrazio periferikoaren esparruan eta kanpoaldean ere.

Erakunde publikoen kasuan, zuzendaritza-organoak beren estatutuetan ezarriko dira.

Ministerioak eta beren barneko antolakuntza arautzen ditu legeak, organo hauek oinarri hartuta:

Ministroak, estatu-idazkariak, idazkariordeak, idazkari nagusiak, idazkari nagusi teknikoak, zuzendari nagusiak eta zuzendariorde nagusiak.

Lege honetan sartzen dira ministroen egiteko batzuk, orain arte beste arau batzuetan barreiatuta zeudenak edo bestelako egiteko batzuetan berezkoak zirenak; adibidez, beren eskumenen barruan kontratuak eta hitzarmenak egitea; aurrekontuen aldaketak baimentzea; ministerioak kide anitzeko organoetan edo lantaldeetan duen ordezkaritza erabakitzea; sailaren kontuak ematea Kontuen Auzitegian; eta saileko goi-mailako eta zuzendaritzako organoetan aurkeztutako administrazio-errekurtsoak ebaztea.

Legeak zati batean berrantolatzen ditu eskumenak goi-organo, ministro eta Estatu-idazkarien eta ministerioetako zuzendari, zuzendariorde, idazkari nagusi, idazkari nagusi tekniko eta zuzendari nagusien artean, eta organo jakin batzuei esleitzen dizkie orain arte haiei eskuordetzan ematen zitzaizkien egiteko batzuk.

Eta Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordearen txostenean kudeaketa hobetzeko proposatutako neurriak ahalbidetzeko, idazkariordeei beste eskumen bat esleitzen zaie: beren sailaren esparruan baliabide eta bitarteko materialen kudeaketa zentralizatua egitea xede duten neurriak hartu eta bultzatzea.

Presidentetza Ministerioaren Idazkariordetzari, Gobernuko Presidentetzaren Idazkaritza Nagusiarekin koordinatuta, beren-beregi esleitzen zaizkio sailen zerbitzu komunen berezko eskumenak, Gobernuko Presidentetzaren arloari dagokionez.

Gogora ekarri behar da ministerio-sailaren beraren egituratik kanpo dagoen esparrua dela. Horregatik, eskurantza hori ministerio-sail horren egitura organikoa ezartzen duen errege-dekretutik harago doa.

Ente edo unitate bakoitzean administrazio-zerbitzuak emateaz arduratzen diren zentroak ugaritu ez daitezen, eta zerbitzu horiek ministerioaren esparruan organo espezializatuek eman ditzaten, edo administrazio osoarentzat modu zentralizatuan eman daitezen, ministerioen eta mendeko erakundeen zerbitzu erkideak Ogasun eta Administrazio Publikoko Ministerioak edo beste erakunde publiko batek edo, bestela, sail bakoitzeko idazkariordetzak antolatu eta kudeatu ahal dituela aurreikusten da.

IV

6/1997 Legean biltzen den Administrazio Periferikoaren arauketa oinarri hartuta, Legeak arautu egiten ditu Estatuaren Administrazio Orokorraren lurralde izaerako organoak, Gobernuaren ordezkariak eta ordezkariordeak.

Orain arte indarrean zegoen araudiarekin alderatuta alderdi berriak diren aldetik, hauek nabarmentzen dira.

Gobernuaren ordezkariei dagokienez, beren zeregin politikoa eta erakunde-zeregina indartzen da, zuzendaritza-organo gisa definitzen dira, eta xedatzen da halakoak izendatzeko lanbide-gaitasunaren eta esperientziaren irizpideei erreparatuko zaiela. Haien egitekoak betetzeari dagokionez, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legearen II. tituluan ezarrita dagoena aplikatuko da.

Gobernuaren ordezkariak ordeztearen, lanpostu hutsen edo gaixotasunen inguruko alderdiak hobeto arautzen dira, eta hori ordezkariak izendatzen duen Gobernuaren ordezkariordeari egokituko zaio.

Izendapena modu formalean egin ez bada, eta ordezkariorderik ez duen probintzia bakarreko erkidegoa denean, ordezkotza idazkari nagusiak egin beharko du.

Gobernuaren ordezkarien eskumenak orain arte hainbat manutan biltzen ziren. Orain, artikulu bakarrean arautuko dira, bost kategoriatan sistematizatuta: zuzendaritzako eta koordinazioko eskumena; Gobernuaren ekintzari buruzko eta herritarrentzako informazioa ematea; beste administrazio publiko batzuekiko koordinazio eta elkarlana; legezkotasun-kontrolari buruzko eskumenak; eta politika publikoetan aritzearekin zerikusia duten eskumenak.

Legean beren-beregi jasotzen da Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legean Gobernuaren ordezkariei esleitzen zaien eskumena, haien jarduera-esparruan Estatuaren Administrazio Orokorraren eraikinen erabilerak koordinatzeari buruz, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak eta Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak ezarritako gidalerroen arabera.

Gobernuaren ordezkariordeei dagokienez, norbait Gobernuaren ordezkariorde izendatzeko titulazioari buruzko betekizunak zehazten dira; hala, orain azaltzen da funtzionarioen zein azpitaldeetan egon behar den.

Gobernuaren ordezkariordeen eskumenei dagokienez, eta alderdi berririk nabarmenena den aldetik, ordezkariordeari esleitzen zaio bitarteko materialen erabilera koordinatzeko eskumena, eta bereziki, bere probintziako esparruan dauden administrazio-eraikinen erabilera koordinatzea.

Lege-alderdian jasotzen da ordezkaritzen eta ordezkariordetzen kudeaketan funtsezkotzat jotzen den organo bat, Idazkaritza Nagusia. Organo hori zerbitzu orokorreko gorabeherez arduratuko da, eta arlo funtzionalak bere mendean egongo dira.

Legean bertan ezartzen denez, ordezkaritzen eta ordezkariordetzen laguntza juridikoa eta finantza-kontrola Estatuaren Abokatutzak eta Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak egingo dituzte, hurrenez hurren. Gai hori lehenago erregelamendu-mailako arauaren bidez arautzen zen.

Legeak espresuki aurreikusten du Estatuaren Administrazio periferikoaren Koordinaziorako Ministerio arteko Batzordea. Batzorde horren eskurantzak, osaera eta funtzionamendua erregelamendu bidez arautuko dira.

Kanpoaldeko Estatuaren Administrazio Orokorrari dagokionez, Estatuaren Kanpo Ekintzari eta Zerbitzuari buruzko martxoaren 25eko 2/2014 Legea eta lege hori garatzeko araudia aipatzen da, eta lege hau ordezko eran aplikatu behar dela adierazten da.

V

Erakunde-administrazioa izenekoaren esparruan, legeak burutu eta eraginkor bihurtzen ditu Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordeak arlo horretan ateratzen dituen ondorioak. Era berean, ondorio horiek Konstituzioaren 31.2 artikuluan aurreikusitakoa betetzeko beharrizanaren isla dira. Izan ere, 31.2 artikulu horrek agintzen du gastu publikoan baliabide publikoen esleipen zuzena egin dadila, bai eta gastua programatu eta egikaritzean eraginkortasun eta ekonomia printzipioak bete daitezela ere.

Agindu horrekin bat etorriz, Konstituzioaren 135. artikuluak ezartzen du administrazio publiko guztiek aurrekontu-egonkortasunaren printzipiora egokituko dituztela beren jarduketak.

Erakunde-administrazioa osatzen duten enteen araudi juridikoa aztertze hutsarekin ikus daiteke erakunde-administrazio hori etengabe egokitu behar dela.

Panorama horretan, estatuak barnean dituen ente lagungarrien arau-esparrua diseinatu duten zenbait lege onetsi dira bata bestearen ondoren.

Lehenengoz, Estatuaren mendeko ente eta erakunde publikoen funtsezko arauketa juridikoa apirilaren 14ko 6/1997 Legean aurreikusita dago. Lege horrek hiru motatako erakundeak bereizten ditu:

Erakunde autonomoak, enpresa-entitate publikoak eta Estatu-agentziak; azken kategoria hori geroago gehitu zen.

Erakunde publiko horietako bakoitzak araudi espezifikoa dauka. Normalean, araudi hori osatzen dute sorrera-legean egindako erreferentzia batek eta estatuak onestean egindako erregelamendu bidezko garapen batek.

Hala ere, itxuraz orokorra den esparrua auzitan jartzen du apirilaren 14ko 6/1997 Legearen hamaikagarren xedapen gehigarrian ezarritako aurreikuspenak. Aurreikuspen horrek legearen aplikaziotik salbuesten ditu lege-aurreikuspen propioak dituzten ente jakin batzuk; hortaz, halakoei legea ordezko eran soilik aplikatzen zaie.

Salbuespen horrek agerian jartzen du ente horiek arau aldetik argitzerakoan dagoen oztopo nagusia, hain zuzen ere zuzenbide erkidetik aldentzen dela, legeria espezifiko baten bitartez bere beharrizanetarako aproposagoa den esparru juridiko batez hornitzea lortzen duen jarduera-sektore baten edo sektore sozial edo korporatibo baten pertzepzio propio bati normalean lotuta egoten den zuzenbide baten mesedetan.

Apirilaren 14ko 6/1997 Legeaz geroztik, Estatuaren funtzio arloko deszentralizazioak azkar batean aniztasunera jo zuen berriz ere.

Lehenik, Fundazioen abenduaren 26ko 50/2002 Legea onetsiz.

Lege horretan, gehienbat estatuko sektore publikoko entitateek osatutako fundazioei aplikatu behar zaien araubidea diseinatu zen, kudeaketa publikoaren esparruan fundazioen teknika aplikatuz.

Ente batzuek eta besteek egiten duten jardueraren azterketan oinarritzen den beste perspektiba batetik, indarrean dagoen antolamenduak Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean «estatuko sektore publikoa» osorik arautu du. Sektore horren barruan hiru sektore daude:

Lehenik, administrazio-sektore publikoa. Sektore hori osatzen dute Estatuaren Administrazio Orokorrak; Estatuaren Administrazio Orokorraren mendeko erakunde autonomoek; erakunde kudeatzaileek, zerbitzu erkideek eta Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen diren mutualitateek, Gizarte-segurantzaren kudeaketan lagunduz betetzen duten funtzio publikoan; Estatuaren Aurrekontu Orokorretan zuzkidura bereizia izanik Estatuaren Administrazio Orokorrean integratuta ez dauden baina estatuko sektore publikoaren barruan dauden organoek, nortasun juridikorik gabeak; zuzenbide publikoko estatuko entitateek eta partzuergoek, baldin eta beren ekintzak zuzenean edo zeharka Estatuko organo baten erabaki-boterearen mendean badaude, beren jarduera nagusia ondasun eta zerbitzuak merkatuaren araubidean ekoiztea ez bada, eta gehienbat merkataritzako diru-sarrerekin finantzatzen ez badira.

Bigarren lekuan, enpresa-sektore publikoa. Sektore hori osatzen dute Estatuaren Administrazio Orokorraren mendean dauden edo administrazio horrekin lotuta edo haren mendean dauden beste erakunde publikoen mendeko enpresa-entitate publikoek; Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legean definitutako estatuko merkataritza-sozietateek; eta Administrazio-sektore publikoaren barruan daudenez bestelako zuzenbide publikoko estatu-entitateek eta sektore horren barruan ez dauden partzuergoek.

Hirugarren lekuan, fundazio-sektore publikoa. Sektore hori osatzen dute abenduaren 26ko 50/2002 Legean definitzen diren estatuko sektore publikoko fundazioek.

Araudiari dagokionez, bigarren urrats gogoangarria Estatuaren Administrazio Orokorraren enpresa-ondarea arautzen duen azaroaren 3ko 33/2003 Legea izan zen. Ondare hori osatzen dute apirilaren 14ko 6/1997 Legearen III. tituluko III. kapituluan azaltzen diren enpresa-entitate publikoek, zuzenbide publikoko entitateek ) baldin eta horien diru-sarreren % 50 gutxienez merkatuan egindako eragiketatik badator) eta estatuko merkataritza-sozietateek.

Ente publikoen egokitasunari buruzko kezkarengatik eta ente horiek erreformatzeko borondatearengatik, Zerbitzu Publikoak hobetzeko estatu-agentziei buruzko uztailaren 18ko 28/2006 Legea onetsi zen, eta lege horren bitartez ente mota berri hau sortu zen.

Lege horren helburu nagusia erakunde publiko berrien zuzendaritzan eta kudeaketan ardurarako mekanismoak ezartzea izan zen. Hala, ordainsari-sistema helburuen lorpenarekin lotu zen, eta aurrekontuen kudeaketan eskumenekotasun-tarte handiagoa onartu zen.

Legeak 12 Agentzia sortzea baimendu zuen, baina orain arte soilik horietako 7 eratu dira, eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentzia beste lege batean dago baimenduta.

Erreformaren helburua, Agentzia ente publiko baten eredu berri gisa ezartzea izan zen, baina sortu zenetik eraginkortasun urria izan zuen.

Legearen bosgarren xedapen gehigarriak Gobernuari baimena ematen zion erakunde publikoak agentzia bihurtzeko, baldin eta horien helburuak eta jarduerak izaera horri egokitzen bazitzaizkion. Horrek zera esan nahi zuen: onartu egiten zen bazeudela entitate batzuk, eskakizun hori ez betetzeagatik eraldaketarik beharko ez zutenak, eta horrenbestez, erakunde autonomo, enpresa-entitate publiko edo estatutu bereziko ente izaten jarraituko zutenak.

Eta, hala ere, zazpigarren xedapen gehigarriak etorkizunean sortzen ziren erakunde publikoei estatutua «orokorrean» esleitzeko agindu zuen.

Horregatik guztiarengatik, ezin da esan legearen helburuak bete direnik, sei urte baino gehiagoan indarrean egonda ere, gerora izan duen garapena oso urria izan delako, eta gastu publikoa kontrolatzeko neurriek ezerezean utzi dutelako agentziei finantza-autonomia handiagoa emateko asmoa.

Beste arau batzuk sektore publikoaren esparruaz eta kategoriaz aritu dira luze-zabalera handiago edo txikiagoarekin.

Hori da Sektore Publikoko Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legearen kasua. Lege horrek bereizi egiten ditu «sektore publikoa» eta «administrazio publikoak», eta «botere esleitzaile»en kontzeptua sartzen du.

Bereizketa hori era berean jasotzen da geroago Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan.

Ekonomia Iraunkorraren martxoaren 4ko 2/2011 Legeak arau berezi eta propioak ezarri zituen garai hartan zeuden sei erakunde arau-emaileetarako, eta arreta berezia jarri zuen erakunde horien independentzia bermatzeko, merkatuko agenteei zegokienez.

Geroago, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala sortzeko ekainaren 4ko 3/2013 Legeak gainbegiratze horren mendean lehendik zeudenetatik zazpi txertatu zituen.

Are gehiago, Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoak, interpretaziozko zalantzak saihesteko, «sektore publikoa»ri buruz «erkidegoaren esparruan» egiten den definiziora jo zuen.

Abian jarri den administrazio-erreformako proiektuak ente instrumentalen egoerari heldu zion, norabide bitan: estatuko, fundazioen arloko eta enpresen arloko sektore publikoa arrazionalizatzeko neurri zehatzak, ondoz ondoren Ministro Kontseiluen erabakietan eta beste hainbat xedapenetan gauzatu direnak; eta ente horiei aplikatu beharreko antolamenduaren erreforma, lege honetan gauzatu dena; erreforma horretarako urratsak lehenago eman ziren, duela gutxi, Sektore publikoaren arrazionalizazioari eta administrazio-erreformarako beste neurri batzuei buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legean, horren bidez partzuergoen araubide juridikoa aldatu baitzen.

Aurrekari horiek guztiak kontuan hartuta, Legeak, lehenengoz, oinarrizko bi arau ezartzen ditu administrazio publiko guztietarako.

Alde batetik, sektore publiko instituzionaleko edozein entitate sortu, eraldatu edo azkendu izana nahitaez inskribatzea Estatuko, autonomia erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko entitateen inbentario berrian.

Inskripzio hori egitea nahitaezko eskakizun izango da Zerga Administrazioko Estatuko Agentzian behin betiko identifikazio fiskaleko zenbakia lortzeko.

Erregistro horri esker, une bakoitzean dauden erakunde publikoen eta entitateen kopuruari eta motei buruz informazio osoa, fidagarria eta publikoa egongo da.

Eta beste alde batetik, administrazio guztiak behartuko dira beren mendeko entitateak etengabe gainbegiratzeko sistema bat edukitzera; sistema horretan, eraldatzeko, mantentzeko edo azkentzeko proposamenak egingo dira aldizka.

Eta Estatuaren Administrazio Orokorraren esparruan, estatuko sektore publikoaren sailkapen berria ezartzen da legea indarrean jarri ostean sortzen diren erakunde eta entitateetarako, sailkapen argiago, ordenatuago eta sinpleagoa, mota hauetara murrizten baita: erakunde publikoak, horien barruan daudela erakunde autonomoak eta enpresa-entitate publikoak; administrazio-agintaritza independenteak, estatuko merkataritza-sozietateak, partzuergoak, sektore publikoko fundazioak eta nortasun juridikorik gabeko funtsak.

Helburua da orain arte estatuan indarrean zegoen araubidea sistematizatzea eta jarraian azalduko diren jarraibideen arabera hobetzea.

Lehenik, ente mota batzuk eta besteak arautzearen alderdi positiboak zainduko dira; hala, errazago programatuko dira helburuak, eta errazago kontrolatuko da ente publikoen eraginkortasuna, baita sektore publikoari legearen arabera agindutako zereginak betetzeko behar-beharrezkoak diren ente publikoak mantendu ere.

Bigarrenik, justifikazio handirik gabe jarduketa publiko orotan egon behar diren administrazio-kontrolen aplikaziorako salbuespena ahalbidetzen zuten espezialitateak desagerrarazten dira, hau da, «administrazio-zuzenbidearen ihesa» deitu den hori.

Kudeaketaren malgutasunak bateragarria izan behar du funts publikoen kudeaketa kontrolatzeko mekanismoekin.

Eta hirugarrenik, arreta nahikoa ematen zaie ente publikoen gainbegiratzeari eta ente horien eraldaketa eta azkentzeari; gai horiek ez dira oso sarri agertzen, eta horregatik iraganean horietarako ez zen araubide zehatzik ezarri.

Horrekin guztiarekin konpontzen da Agentzien Legearen gabezietako bat: benetan ez zen entitatearen kanpoko ebaluaziorik egiten, entitate hori sortuz lortu nahi ziren helburuak eraginkortasunez eta efizientziaz lortzeko modua den ala ez epaitu ahal izateko, eta hala izan ezean alternatibak proposatzeko.

Hala, estatuko sektore publikoa osatzen duten entitateak kontrolatzeko bi modu ezartzen dira.

Etengabeko gainbegiratzea, sortzen direnetik azkenarazten diren arte. Horretaz Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioa arduratuko da, eta berak zainduko du lege honetan aurreikusitako eskakizunak betetzen direla.

Eraginkortasunaren kontrola, entitatearen jardueraren helburu propioak betetzea ardatz zuena. Entitatea edo erakunde publikoa zein saili dagoen atxikita, sail horrek egingo du kontrol hori urtero; dena dela, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak ekonomia eta finantza arloko kontrola egingo du.

Zuzenbide konparatuaren jardunbiderik onenei jarraitzen dien sistema horrek aukera emango du entitate bakoitza sortzeko justifikazio gisa erabili ziren arrazoiek irauten duten ala ez eta etorkizunean iraunkorra izango den ala ez etengabe ebaluatzeko.

Hala, etorkizunean eragotzi egingo da Administrazio Publikoen Erreformarako Batzordeak alferrikako entitateak edo entitate erredundanteak eta azkentzeko prozesuan daudenak identifikatzeko egin behar izan zuen azterketa zorrotza berriz ere egin behar izatea.

Legearen edukian sartzen da Administrazioaren baliabide propioen eta zerbitzu teknikoen arauketa, gaur egun sektore publikoko kontratuen araudian ezarrita dagoenaren arabera.

Alderdi berri bat da honako hau: bitarteko propio bat sortzeko edo bitarteko bat propio gisa deklaratzeko, aurretiaz justifikatu beharko da entitatea iraunkorra eta eraginkorra dela, errentagarritasun ekonomikoaren irizpideen arabera, eta hornitu beharreko zerbitzua edo hornikuntza edukitzeko aukera eragingarriagoa dela kontratazio publikoa baino, edo entitate hori egotea justifikatzen duen salbuespenezko beste arrazoi batzuk daudela, adibidez segurtasun publikoa edo zerbitzuaren beharrizanaren premia. Horretarako, kontu-hartzailetza nagusiaren memoria beharko da.

Halaber, entitate horiek akronimo baten bitartez («MP») egon beharko dute identifikatuta, segurtasun juridiko handiagoa izateko.

Eskakizun horiek aplikatuko zaizkie etorkizunean sortzen diren bitarteko propioei nahiz lehendik zeudenei, eta egokitzeko sei hilabeteko epea ezarriko da.

«Erakunde publikoak» izenarekin, legeak erakunde publikoak eta estatuko sektore publikoko enpresa-entitate publikoak arautzen ditu.

Honela definitzen dira erakunde publikoak: Estatuaren Administrazio Orokorraren mendean edo harekin lotuta daudenak, bai zuzenean, bai beste erakunde publiko baten bitartez; horien ezaugarriek justifikatu egiten dute deszentralizazio funtzionalaren edo independentziaren araubidean antolatzea, eta halakoak administrazio-jarduerak egiteko sortu dira, hau da, zerbitzu publikoak sustatu, eman edo kudeatzea edo kontraprestazioen xede izan ahal diren interes publikoko ondasunak ekoiztea, bai eta Administrazio Publikoentzat erreserbatzen diren eduki ekonomikoko jarduerak egitea ere.

Nortasun juridiko publiko bereizia dute, ondare eta diruzaintza propioa ere bai, eta baita kudeaketarako autonomia ere, eta beren xedeak betetzeko beharrezkoak diren administrazio-ahalak dituzte, desjabetzeko ahala izan ezik.

Antolakuntzako egitura komuna ezartzen da estatuko sektore publikoaren esparruan, honela egituratuta: gobernu-organoak, organo betearazleak eta eraginkortasunaren kontrolerako organoak. Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroari dagokio entitateak sailkatzea, beren izaeraren eta enpresa-sektore publikoko eta beste entitate batzuetako arduradun eta zuzendari nagusien ordainsari-sistema arautzen duen martxoaren 5eko 451/2012 Errege Dekretuan ezarritako irizpideen arabera.

Orokorrean, erakunde publikoen sorrera zorrotzago bihurtzen da honako baldintza hauen mendean geratzen delako: alde batetik, jarduketa-plan bat egitea, gutxienezko eduki batekin, hau da, eraginkortasunaren azterketa, eta sorreraren oinarri diren arrazoiak; proposatutako forma juridikoaren justifikazioa; bete beharreko helburuen eta helburu horiek neurtzeko adierazleen zehaztapena; bikoiztasunik ez egotearen egiaztapena, etab. Eta beste alde batetik, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren nahitaezko txostena.

Estatuaren Administrazio Orokor osorako lehenago azaldu den arrazionalizazio-irizpidearen arabera, estatuko sektore publikoan dauden erakundeek nahiz sortu berriek zerbitzu komunen kudeaketa konpartitua aplikatuko dute, salbu eta hori ez egiteko erabakia sorrera-arauarekin batera doan memorian justifikatzen bada, Aurrekontu Egonkortasunaren eta Finantza Iraunkortasunaren apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 7. artikuluaren arabera eraginkortasun arrazoiengatik, segurtasun nazionaleko arrazoiengatik edo antolaketa eta kudeaketa konpartituak erakundearen independentzia kontuan hartuta modu autonomoan eman beharreko zerbitzuei eragiten dienean.

Lehenengo aldiz, estatuko sektore publikoarentzat izaera juridiko bereko erakunde publikoen eraldaketen eta bategiteen araubidea ezartzen da, bai halako erakundeak azkenduaraziz eta erakunde publiko berri batean integratuz, bai lehendik dagoen erakunde batek halakoak xurgatuz.

Bategitea egiteko, erregelamendu-mailako araua erabiliko da, horrek sorrera-legea aldatzea ekarri arren.

Kontrol handiagoa ezartzen da erakunde autonomo bat estatuko merkataritza-sozietate edo sektore publikoko fundazio bihurtzeko, helburua izanik administrazio-zuzenbidearen kontroletatik ihes egin dadila saihestea. Horretarako, eskatzen da bihurketa hori justifikatuko duen memoria bat egitea, eta Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiaren aginduzko txostena ere bai.

Aldiz, estatuko merkataritza-sozietateak erakunde autonomo bihurtzeko erraztasuna ematen da; azken horiek kontrol zorrotzagoen mendean daude.

Estatuaren esparruan ere, erakunde publikoak desegitea, likidatzea eta azkenduaraztea arautzen da.

Alde horretatik, zehaztu egiten dira desegiteko arrazoiak, eta arrazoi horien artean nabarmentzen da bi aurrekontu-ekitalditan jarraian finantza-desoreka egon izana. Inguruabar horrek ez du modu automatikoan funtzionatzen, beren-beregi egindako plan baten bidez zuzendu ahal baita.

Desegiteko prozesua arina da, nahikoa delako Ministro Kontseiluaren erabakia.

Sektore publiko instituzionaleko administrazio-organo bat izendatu beharko da likidatzaile. Administrazio-organo horren erantzukizuna zuzenean hartuko du bere gain organo hori izendatzen duen Administrazioak. Dena dela, haren aurka errepikatu ahalko du, horretarako legezko kausa dagoenean.

Desegiteko erabakia argitaratutakoan, likidazioa automatikoki hasiko da, eta erakundearen aktibo eta pasibo guztia lagako eta Estatuaren Administrazio Orokorrean sartuko da. Administrazio horrek entitatea ordeztuko du eskubide eta betebehar guztietan.

Likidazioa amaitu ostean, hura automatikoki iraungiko da.

Estatuko erakunde-sektorearen berezko tipologiari dagokionez, Legeak entitateen kategoria hauek aurreikusten ditu: erakunde publikoak, horien barnean daudela erakunde autonomoak eta enpresa-entitate publikoak; administrazio-agintaritza independenteak; estatuko merkataritza-sozietateak; estatuko sektore publikoko fundazioak; partzuergoak; eta nortasun juridikorik gabeko funtsak.

Mota bakoitzari dagozkion kapituluetan definitzen dira horien araubide juridikoa, ekonomia- eta finantza-araubidea, aurrekontu-araubidea, kontratazio-araubidea, eta langile arloko araubidea.

Erakunde autonomoek Administrazio Publikotik beretik eratortzen diren jarduerak garatzen dituzte, administrazioaren mendeko erakunde instrumental bereiziak diren aldetik; enpresa-entitate publikoen ezaugarria da, berriz, kontraprestazioa izan dezaketen administrazio-ahalak eta prestazio jarduerak, zerbitzuen kudeaketa edo interes publikoko onasunak ekoizten dituztela aldi berean.

Administrazio agintari independenteek sektore edo jarduera ekonomiko jakin batean araugintzako edo gainbegiratzeko zereginak dituzte esleituta. Zeregin horiek betetzeko, independentzia funtzionala izan behar dute, edo autonomia berezia, Estatuaren Administrazio Orokorrarekin. Hori lege lerruneko arau batean zehaztu beharko da.

Idiosinkrasia hori kontuan hartuta, lehenengoz beren araudi bereziak eraentzen ditu, eta ordezko eran, beren izaerarekin eta zereginekin bateragarria den guztian, lege honek.

Gaur egun azaroaren 3ko 33/2003 Legean indarrean dagoen estatuko merkataritza-sozietateen kontzeptua mantentzen da. Sozietate horiei dagokienez, alderdi berri bat sartzen da: Estatuaren Administrazio Orokorrak izendatzen dituen administrazio-kontseiluetako kideei aplikatu behar zaien erantzukizuna zuzenean izendapena egin duen Administrazioak hartuko du bere gain.

Hala ere, dolo, erru edo zabarkeria larria dela-eta kalte edo galerarik eragiten bada, administratzaileari ofizioz erantzukizuna eskatu ahalko zaio.

Legeak oinarrian partzuergoen araubide juridikoa ezartzen du. Izan ere, araubide horrek Administrazio Publiko guztiei eragingo die, sektore publikoaren arrazionalizazioari eta administrazio-erreformarako beste neurri batzuei buruzko irailaren 16ko 15/2014 Legeak egindako aldaketen ildotik.

Estatuaren Administrazio Orokorraren partaidetza duen partzuergo bat sortzea lege batean aurreikusi behar da, eta aurretiaz Ministro Kontseiluak baimena eman behar du.

Partzuergoa hitzarmen baten bitartez eratzen da. Hitzarmen horrekin batera joango dira estatutuak, jarduketa-plan bat ) erakunde publikoenaren eduki berberarekin) eta Ogasun Publikoan eskumena duen sailaren edo dagokion kontu-hartzailetza nagusiaren aldeko txostena.

Partzuergo-erakundeek, estatutuetan xedatutako gehiengoaren bidez edota, estatutuetan halakorik aurreikusten ez bada, aho batez, aktibo eta pasibo guztiak juridikoki egokia den beste erakunde bati lagatzea erabaki ahalko dute, jarduerari eusteko eta likidatuko den partzuergoaren helburuak betetzeko.

Automatikoki desegiten dira partzuergoko gobernu-organo gorenaren erabaki bidez. Gobernu-organo goren horrek organo edo entitate bat likidatzaile izendatuko du.

Likidatzaile izendatzen den enplegatu publikoaren erantzukizuna, hura izendatu zuen entitate edo administrazioak hartuko du bere gain. Hala ere, entitate edo administrazio horrek hainbat ekintza egin ahalko du, dagokion erantzukizuna errepikatzeko.

Azkenik, nabarmendu behar da aurrera egin dela partzuergoen aurrekontu-zorroztasunean, erantsita dauden administrazio publikoari dagokion aurrekontuaren, kontabilitatearen eta kontrolaren arloko araubidea bete beharko baitute; beraz, aurrekontu horiek erantsita dauden administrazio publikoaren aurrekontuetan integratuko dira edo, kasua bada, horiekin batera joango dira, haien araudian aurreikusita dagoenaren arabera.

Estatuko sektore publikoko fundazioen araubide juridikoa ezartzen da, eta Fundazioen abenduaren 26ko 50/2002 Legearen funtsezko ildoei eusten zaie.

Fundazioak sortzeko, edo forma juridiko hori geroago hartzeko, legeak dioena bete beharko da.

Estatuko sektore publikoko fundazioen ondarean, aurreikusi beharko da sektore pribatuaren ekarpena gehiengoarena ez izatea.

Berrikuntza gisa, ezartzen da orokorrean fundazioen eta protektoratuaren atxikipen publikoaren araubidea.

Azkenik, titulu honetan arautzen dira estatuko sektore publikoko nortasun juridikorik gabeko funtsak. Figura hori sarritan erabiltzen denez, araubide juridikoa ezartzea eskatzen zen, eta halakoak legeak dioenaren arabera sortu beharko dira.

VI

III. tituluak administrazio publiko batzuen eta besteen arteko harremanen araubide osoa ezartzen du. Administrazio publiko horiek printzipio artezle berrien mendean jarri beharko dute, eta hona hemen printzipio horiek: eskumenak banatzeko sistemari egokitzea, lurralde arteko elkartasuna, emaitzak programatu eta ebaluatzea eta herritar guztien eskubide-berdintasuna errespetatzea. Printzipio horien azken ratioa, berriz, Konstituzioaren 2., 14. eta 138. artikuluetan ageri da.

Konstituzio-jurisprudentziaz bat, administrazioen arteko harremanen funtsezko bi printzipio definitzen eta bereizten dira: lankidetza, zeina borondatezkoa baita, eta koordinazioa, zeina nahitaezkoa baita.

Oinarri horren gainean arautzen dira organoak nahiz lankidetzan aritzeko eta koordinatzeko moduak.

Luze eta zabal garatzen dira elkarlanerako teknikak, eta bereziki, teknika organikoak. Horien artean nabarmentzen dira Presidenteen Konferentzia, lehenengo aldiz arautzen dena, Arloko Biltzarrak eta Alde biko lankidetza-batzordeak.

Arloko Biltzarren eginkizunen barruan alderdi berri bat nabarmentzen da: informazioa jasotzea Nazioko Gobernuaren edo Autonomia Erkidegoetako Gobernu-kontseiluen lege-aurreproiektuei eta erregelamendu-proiektuei buruz, beste administrazio publikoen eskumenen esparruari zuzenean eragiten diotenean edo aplikatu beharreko araudi sektorialean hala aurreikusita dagoenean.

Hala, baterako plangintza indartzea eta bikoiztasunik ez agertzea lortu nahi da.

Zera argitzen da: Arloko Biltzarrek gomendioak eman ahalko dituzte. Horrek esan nahi du aldeko botoa eman dutenek arlo horretan erabakita dagoenaren arabera jokatzeko konpromisoa hartu beharko dutela, eta erabakitakoari jarraitu ezean, arrazoiak eman beharko dituztela; eta erabakiak hartuko direla, baterako planen formarekin. Erabaki horiek nahitaez bete beharko dituzte bat datozen kide guztiek, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioan exijitu ahalko dira.

Estatuaren Administrazio Orokorrak koordinazio eginkizunak betetzen dituenean, konstituzio-jurisprudentziaren arabera, akordioa nahitaezkoa izango da arloko biltzarreko administrazio guztientzat.

Organo horien funtzionamendu elektronikorako aukera aurreikusten da. Horrek on egingo die Arloko biltzarraren deialdiei, deialdi horiek sarriago egin ahalko baitira; hala, joan-etorrien kostuak aurreztuko dira.

Lankidetza-betebeharraren barruan mugatuko da errekerimendua jasotzen duen administrazioak zein kasutan uko egin ahal dien laguntzari eta lankidetzari; halaber, lankidetza-teknikak zehazten dira: informazio-sistema integratuak sortu eta mantentzea; beste administrazio batzuek beren eskumenak hobeto baliatzeko egindako eskariei arreta egiteko laguntza-betebeharra eta legeak aurreikusten dituen beste teknika guztiak.

Hala ere, administrazio publikoek, lankidetza-betebeharra betetzeko, aplikatu beharreko araudi espezifikoan ezarrita dagoenari jarraitu beharko diote.

Lankidetzako Organo eta Tresnen estatuko Erregistro Elektronikoa sortzen da, eraketa-ondorioekin. Hala, Estatuaren Administrazio Orokorraren nahiz harekin lotutako eta haren mendeko erakunde publikoen eta entitateen parte-hartzea duten lankidetza- eta koordinazio-organoei buruzko informazioa jende guztiak modu fidagarrian ezagutu ahalko du, eta une bakoitzean indarrean zein hitzarmen dauden ere jakin ahalko da.

Azken urteotan garatu diren eskumen arloko elkarreraginei lege arloko erantzuna ere eman zaio. Hala, zerbitzu integratu edo osagarriak borondatez sortzeko bidea eman da. Zerbitzu horietan, administrazio bakoitzak kontuan hartuko ditu beste administrazio publiko batzuen eskumenak, eta haien jarduketa-proiektuen berri izango du, administrazio-sistema osoaren eraginkortasuna hobetzeko.

Gero eta integratuago dauden sistema elektronikoen erabilgarritasuna ere indartzen da. Hala geratu da agerian Merkatu-batasuna bermatzeari buruzko abenduaren 9ko 20/2013 Legean.

Legearen xedapen gehigarrietan hainbat arlo biltzen da; besteak beste, honako hauek aipatzen dira: Euskadiko Lurralde Historikoen Administrazioa, Ceuta eta Melilla hirietako Gobernuaren Ordezkariak, uharte txikien administrazio-egitura, Ceuta eta Melilla hiriekiko harremanak, dauden erakunde publiko eta entitateen egokitzapena, dauden erakunde publikoen zerbitzu erkideen kudeaketa konpartitua, dauden bitarteko propioen eraldaketa, lankidetzako organo eta tresnen Estatuko Erregistroa, indarrean dauden hitzarmenen egokitzapena, administrazio elektronikoko Arloko Batzordea, Estatuaren parte-hartzea duten partzuergoen egokitzapena, ministerio barruko eskurantzen gatazkak, Espainiako Bankuaren, Portu Agintaritzen eta Estatuko Portuen, Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaile eta zerbitzu komunen eta Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren araubide juridikoa, eta antolakuntza militarra. Azken horien berezitasunek tratamendu bereizia justifikatzen dute.

Xedapen iragankorretan, legea indarrean jartzerakoan dagoen sektore publiko instituzionalari aplikatu beharreko araubidea ezartzen da, bai eta prestatzen ari diren arauak egiteko prozedurei aplikatu beharreko erregelak ere.

Xedapen indargabetzaile bakarrean, indargabetuta geratzen diren maila bereko edo apalagoko araudia eta xedapenak jasotzen dira.

Azken xedapenen artean jasotzen da azaroaren 27ko 50/1997 Legean ageri den Gobernuaren arauketa; azaroaren 3ko 33/2003 Legea ere aldatzen da; legea emateko oinarri gisa erabiltzen diren eskumen-tituluak ezartzen dira; legea arau bidez garatzeko gaitasuna aipatzen da; eta legea Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta urtebetera indarrean jarriko dela aurreikusten da.

Gaur egungo Gobernuaren legean txertatutako aldaketek alderdi berri garrantzitsu batzuk ekartzen dituzte.

Hala, Gobernuko kideen araubidea egokitzen zaie Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legearen aurreikuspenei.

Gobernuko presidenteari, presidenteordeei eta ministroei dagokienez, kargua uzteko prozedura eta formalitateei buruzko hobekuntza teknikoak ezartzen dira.

Zorrorik gabeko ministroak badaude, Errege Dekretu bidez zehaztuko dira haien eskumenen esparrua, administrazio-egitura eta organo horiei atxikita geratzen diren baliabide materialak eta giza baliabideak.

Horrez gain, salbuespen gisa, beste goi-kargudun batzuk ere Ministro Kontseilura joan ahal direla aurreikusten da, baldin eta deialdia jasotzen badute. Aukera hori, orain arte, Estatu-idazkarien kasuan soilik aurreikusten zen.

Ministro Kontseiluko kideak ordezteko araubidea malguagoa egiten da. Izan ere, ministroek kide anitzeko organo baten bileretara joateari aldi baterako uzten badiote, hori ez da absentziatzat joko.

Kasu horietan, egoera horretan Gobernuko kideari egokitu ahal zaizkion eginkizunak bertan dagoen eta lerrunean hurrengoa den agintariak hartuko ditu bere gain.

Gobernuaren Ordezko Batzorde bakoitza sortzeko errege-dekretuak hainbat gai arautu beharko du, besteak beste, funtzionamenduaren barne araubidea eta, bereziki, deialdien eta ordezkapenen araubidea.

Horrela osatzen da organo horien araubidea.

Halaber, aurreikusten da Gobernuak gaitasuna izango duela gai jakin batzuk definitzeko, hala nola ekitaldi ofizialetan konstituzio-botereen eta erakunde nazionalen, autonomia-erkidegoetako erakundeen, Ministerio-sailen eta sail horietako barne-organoen titularren lehentasunak arautzeko, bai eta Gobernuko presidente ohien araubidea ezartzeko.

Izapide elektronikoa Gobernuaren maila guztietara hel dadila lortzeko, aurreikusten da Presidentetzako ministroak jarraibideak eman ahal dituela proposamenak eta erabakiak bitarteko elektronikoak erabiliz dokumentatzeko aukera arautuko duten Gobernuko kide anitzeko organoetan hainbat gai izapidetzeko.

Gobernuari laguntzeko organoak gaur egungo araudiko berberak izango dira:

Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusia, Gobernuaren Idazkaritza eta Gobernuko Presidentearen, Presidenteordeen, Ministroen eta Estatu-idazkarien Kabineteak.

Legeak alderdi batzuk hobetzen ditu organo horien funtzionamenduan. Bereziki, Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusiari gaitasuna ematen dio Ministro Kontseiluaren edo kontseilu horren Ordezko Batzordeen eskumenekoak izan gabe hainbat ministeriori eragiten dioten gaiak aztertu eztabaidatzeko, baldin eta presidenteak Batzordeak aztertzeko aurkeztu baditu.

Legearen arloan jasotzen dira, halaber, Gobernuaren Idazkaritzak Presidentetzako ministroari, Ministro Kontseiluari, Gobernuaren Ordezko Batzordeei eta Estatu-idazkarien eta Estatu-idazkariordeen Batzorde Nagusiari laguntzeko organo gisa dituen eginkizunak, eta beste eginkizun batzuk agintzen zaizkio: erregeak legeak sendesteko eta aldarrikatzeko administrazio-izapideak egitea, errege-dekretuak igortzea, Erregearen egintza eta xedapenak izapidetzea, baldin eta halako egintza eta xedapenak Gobernuko presidenteak edo Diputatuen Kongresuko presidenteak berretsi behar baditu, eta ordenamendu juridikoaren arabera Gobernuko presidentearen eskumenekoak diren egintza eta xedapenak izapidetzea, beste batzuen artean.

Ministro Kontseiluaren funtzionamendu-araubideari dagokionez, alderdi berri bat nabarmentzen da: Gobernuaren Ordezko Batzordeek erabaki behar dituzten eskumenak bereganatu egin daitezke Gobernuko Presidenteak hala proposatuta.

Azkenik, Gobernuaren Legearen V. titulua aldatzen da, bi xederekin.

Lehenik, legegintz-ekimena eta erregelamendu-ahala baliatzeko prozedura erreformatzen da, Administrazio-prozeduraren legean orokorrean administrazio guztietarako ezarrita dauden printzipioen ildotik. Printzipio horien haritik, zera egin behar da; Urteko Araugintza Plana prestatu; proposamenak idatzi aurretik kontsulta publikoa egin; arau-eraginaren azterketari buruzko memoriaren edukia sendotu; Presidentetzako ministroari eginkizunak esleitu, araugintzaren kalitatea ziurtatzeko; eta onetsitako arauak ex post ebaluatu.

Alderdi berri garrantzitsu horiek, Europar Batasunean Better Regulation izenekoaren gainean egindako ekimenen haritik sortu dira. Halaber, Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak 2014an egindako «Spain:

From Administrative Reform to Continous Improvement» izeneko txostenean egin zituen gomendioei jarraitzen diete.

Europako Batzordeak Europako Parlamentuari 2008ko ekainaren 25ean helarazitako komunikazioak (A «Small Bussiness Act» for Europe) gomendio batzuk egiten ditu. Horietako bat da enpresa txiki eta ertainei eragiten dizkieten arau guztiak indarrean jartzeko data zehatzak ezartzea. Proposamen hori estatuko araudian txertatu da, eta lagungarria izango da gure jarduera ekonomikoan segurtasun juridikoa handitzeko.

Bigarrenen lekuan, V. titulutik Gobernuaren kontrolari buruzko artikulua kentzen da. Artikulu hori behar ez zen moduan zegoen titulu horretan. Horrenbestez, eduki esklusibo horrekin berariazko artikulua izango da, eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioari hobeto egokitzen zaion idazkera izango du.

ATARIKO TITULUA

Xedapen orokorrak, sektore publikoaren jarduketaren printzipioak eta funtzionamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua.

Xedea.

Lege honek ezartzen eta arautzen ditu Administrazio Publikoen araubide juridikoa, Administrazio Publikoen erantzukizun-sistemaren eta zehatzeko ahalaren printzipioak eta, horrez gain, Estatuaren Administrazio Orokorraren eta administrazio horren sektore publiko instituzionalaren antolaketa eta funtzionamendua, Administrazio Orokorraren jarduerak egiteko.

2. artikulua.

Eremu subjektiboa.

1. Lege hau sektore publikoari aplikatzen zaio. Sektore horretan sartzen dira honako hauek:

a) Estatuaren Administrazio Orokorra.

b) Autonomia-erkidegoetako administrazioak.

c) Toki-administrazioa osatzen duten entitateak.

d) Sektore publiko instituzionala.

2. Sektore publiko instituzionalean honako hauek sartzen dira:

a) Administrazio publikoei atxikitako edo haien mendeko erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

b) Administrazio publikoei atxikitako edo haien mendeko zuzenbide pribatuko entitateak, zeinak lege honetan halakoak berariaz hizpide dituzten arauetan xedatutakoaren mendean geratuko baitira, bereziki 3. artikuluan aurreikusitako printzipioen mendean, eta kasu guztietan administrazio-ahalak baliatzen dituztenean.

c) Araudi espezifikoen eta, halakorik ezean, lege honen aurreikuspenen mendean egongo diren unibertsitate publikoak.

3. Administrazio publiko izango dira Estatuaren Administrazio Orokorra, Autonomia Erkidegoetako Administrazioak, Toki Administrazioa osatzen duten entitateak eta 2. zenbakiko a) letran aurreikusitako erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.

3. artikulua.

Printzipio orokorrak.

1. Administrazio publikoek objektibotasunez egiten dute lan interes orokorraren alde. Halaber, eraginkortasun, hierarkia, deszentralizazio, deskontzentrazio eta koordinazioaren printzipioei begira dihardute, erabat errespetatuta Konstituzioa, legeak eta Zuzenbidea.

Beren jarduera eta harremanetan honako printzipio hauek zaindu beharko dituzte:

a) Herritarrentzako zerbitzu eraginkorra.

b) Soiltasuna, argitasuna eta herritarrekiko hurbiltasuna.

c) Administrazio-jardunean parte-hartzea, eta administrazio-jardun horren objektibotasuna eta gardentasuna.

d) Administrazio-prozeduren eta kudeaketako jarduera materialen arrazionaltasuna eta bizkortasuna.

e) Fede ona, bidezko konfiantza eta erakunde-leialtasuna.

f) Kudeaketa publikoagatiko erantzukizuna.

g) Helburuen araberako plangintza eta zuzendaritza, eta politika publikoen kudeaketaren kontrola nahiz politika horien emaitzen ebaluazioa.

h) Finkatutako helburuak eraginkortasunez betetzea.

i) Ekonomia, askitasuna, eta bitartekoak helburuen arabera egokitu eta doitzea.

j) Baliabide publikoak esleitzeko eta erabiltzeko eraginkortasuna.

k) Administrazio Publikoen arteko lankidetza, elkarlana eta koordinazioa.

2. Administrazio publikoek, beren artean eta beren organoekin, erakunde publikoekin eta haiei lotutako nahiz haien mendeko entitateekin harremanetan jartzeko, bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte, haietariko bakoitzak hartutako sistema eta konponbideen elkarreragingarritasun eta segurtasuna ziurtatuta; datu pertsonalen babesa bermatuko dute, eta ahal dela, interesdunei zerbitzuak batera emateko bidea emango dute.

3. Legeetan eta ordenamendu juridiko osoan ezarritako helburuak lortzea da administrazio publikoen jardunaren jomuga; betiere, Nazioko gobernuaren, autonomia erkidegoetako gobernu-organoen eta tokiko entitateetako gobernu-organoen zuzendaritzapean.

4. 2. artikuluko administrazio publiko bakoitzak nortasun juridiko bakarrez dihardu, bere helburuak betetzeko.

4. artikulua.

Administrazio publikoen esku-hartze printzipioak, jarduera bat egiteko.

1. Haien eskumenen barruan dihardutela, administrazio publikoek, eskubide indibidualak edo kolektiboak gauzatzea murrizten duten neurriak ezartzen badituzte edo jarduera bat egiteko betekizunak eskatzen badituzte, proportzionaltasun printzipioa aplikatu beharko dute eta murrizketa txikiena eragiten duen neurria aukeratu beharko dute, interes publikoa babesteko beharrezkoa dela arrazoitu eta lortu nahi diren helburuetarako egokia dela justifikatu, betiere diskriminazioa eragiten duten tratu-desberdintasunak baztertuz.

Halaber, lortutako eragin eta emaitzak ebaluatu beharko dituzte aldizka.

2. Administrazio publikoek zainduko dute aplikatu beharreko legerian aurreikusitako eskakizunak bete daitezela. Horretarako, zeinek bere eskumenen barruan eta datu pertsonalak babesteko legerian ezarritako mugekin, beharrezkoak diren egitateak, egintzak, elementuak, jarduerak, zenbatespenak eta gainerako inguruabarrak egiaztatu, ikertu eta ikuskatu ahalko dituzte.

II. KAPITULUA

Administrazio publikoetako organoak

1. atala. Administrazio-organoak

5. artikulua.

Administrazio-organoak.

1. Administrazio-organoak izango dira hirugarrenen aurrean ondorio juridikoak dituzten eginkizunak esleituta dituzten administrazio-unitateak, edo derrigorrezko jarduketak egiten dituztenak.

2. Administrazio publiko bakoitzak zehaztu behar du, bere eskumenen eremuan, zein administrazio-unitatek osatzen dituzten bere administrazio-organoak, hain zuzen ere, ezarrita duten antolaketaren araberako espezialitateei dagozkienak.

3. Administrazioko organo bat sortzeko gutxienez ondorengoak zehaztu behar dira:

a) Nola kokatuko den dagokion administrazio publikoan, eta zeinen mendean egongo den.

b) Zein egiteko eta eskumen izango dituen.

c) Abian jartzeko eta jarduteko beharko dituen kredituak.

4. Ezin da organo berririk sortu, lehendik dagoenen bat bikoiztea dakarrenean, baldin eta, aldi berean, lehendik daudenei eskumena kendu edo behar bezala murrizten ez bazaie.

Horretarako, organo berri bat sortu aurretik egiaztatuko da administrazio publiko berean beste organo batek lurralde eta udalerri berean eginkizun berbera betetzen ez duela.

6. artikulua.

Zerbitzuko jarraibide eta aginduak.

1. Administrazioko organoek zerbitzuko jarraibide eta aginduen bidez zuzen ditzakete mendeko dituzten organoen ekintzak.

Zerbitzuko jarraibide eta aginduak dagokion aldizkari ofizialean argitaratuko dira, xedapen bereziren batek hala ezartzen badu edo, hartzaileak edo gerta daitezkeen ondorioak direla eta, komenigarritzat jotzen bada. Hala ere, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean aurreikusita dagoenaren arabera ere zabaldu ahalko dira.

2. Zerbitzuko jarraibide edo aginduak ez betetzeak ez dio eragiten, berez, administrazioko organoen egintzen balioari; hala eta guztiz ere, diziplinazko erantzukizuna eskatzea badago.

7. artikulua.

Organo aholku-emaileak.

Administrazio aholku-emailea, administrazio aholku-eskatzailearekiko autonomia organikoa eta funtzionala duten berariazko organoak erabilita eratu daiteke, edo administrazio aholku-eskatzailearen zerbitzu juridikoen bitartez antola daiteke.

Horrela bada, zerbitzu horiek ezin izango dira egon hierarkian, ez antolakuntzaz ez funtzionamenduz, aholku-gai diren egintzak sortu edo xedapenak egin dituzten organoen mendean, eta ezingo dute organo haiengandik jaso ez jarraibiderik, ez agindurik, ezta inolako norabiderik ere. Kide anitzeko organo moduan jardungo dute berme horiek bete daitezen.

2. atala. Eskumena

8. artikulua.

Eskumena.

1. Eskumenari ezin zaio uko egin, eta eskumena berena duten administrazioko organoek baliatuko dute, baldin eta, lege honetan zein beste batzuetan ezarritako moduan, eskuordetzan ematen ez bada edo goragokoak eskumena bereganatzen ez badu.

Eskumenak eskuordetzan ematea, kudeaketa-gomendioak, izenpea eskuordetzan ematea edo ordezkotzak ez dute eskumenaren titulartasuna aldatzen; aldatzen dituzte, ordea, eskumen horretaz baliatzeko kasuan-kasuan aurreikusten diren elementuak.

2. Administrazioko organoei aitortutako eskumenen titulartasuna eta eskumen horietaz baliatzea hierarkian mendeko dituzten organoetan deskontzentra daiteke, eskumenak aitortzeko arauek ezartzen dituzten modu eta baldintzetan.

3. Xedapen baten bitartez eskumen bat administrazio bati esleitzen bazaio zein organok gauzatu behar duen zehaztu gabe, espedienteak instruitu eta ebazteko eskumena azpian dauden organo eskudunena dela ulertuko da, gaia eta lurraldea kontuan hartuta.

Gaiaren eta lurraldearen arabera beheragoko organo bat baino gehiago badago, espedienteen instrukzioa egiteko eta espedienteak ebazteko ahalmena izango du hierarkian komun duten goragokoak.

9. artikulua.

Eskumenak eskuordetzea.

1. Administrazio publikoetako organoek administrazio bereko beste organo batzuei beren eskumenak eskuordetzan eman ahal dizkiete, nahiz eta bata bestearen mendekoak ez izan, edo administrazio horiei lotuta edo administrazio horien mendean dauden zuzenbide publikoko erakundeetakoak badira.

Estatuaren Administrazio Orokorraren esparruan, eskumenak eskuordetzan ematea aldez aurretik onetsi beharko du organo eskuordetza-emailearen mendeko ministerio-organoak, eta lotutako edo mendeko erakunde publiko edo entitateen kasuan, zuzendaritza-organo gorenak, bere sorrera-arauen arabera.

Hierarkian beren arteko harremanik ez duten organoak direnean, guztien goragoko organoak aurretiaz onetsi beharko du, biak Ministerio berekoak badira; edo, eskuordetza-emailea eta eskuordetua ministerio diferentekoak badira, organo eskuordetua goragoko zein organoren mendean dagoen eta organo horrek onetsi beharko du.

Halaber, Estatuaren Administrazio Orokorreko organoek beren eskumenak eskuordetzan eman ahalko dizkiete lotuta edo mendean dituzten erakunde publiko eta entitateei, esleituta dituzten xedeak lortzeko edo kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko komenigarria bada.

Eskuordetzan ematea aurretiaz onetsi beharko dute organo eskuordetza-emailea eta organo eskuordetua mendean dituzten organoek; edo, organo eskuordetua lotutako edo mendeko erakunde publikoko edo entitateko zuzendaritza-organo gorena bada, organo eskuordetuak berak onetsi beharko du.

2. Ezin dira inola ere eskuordetzan eman:

a) Estatuko burutzarekin, estatuko gobernuko presidentetzarekin, Gorte Nagusiekin, autonomia erkidegoetako gobernu-kontseiluetako lehendakaritzekin eta autonomia erkidegoetako legebiltzarrekin izan beharreko harremanei buruzko eskumenak.

b) Xedapen orokorrak emateko eskumena.

c) Errekurtsoa ebazteko eskumena, errekurtsopeko egintza eman zuten administrazio-organoei.

d) Lege-mailako arauetan hala agindutako gaietako eskumenak.

3. Eskumenak eskuordetzan ematea eta horien eskuordetza kentzea Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia erkidegokoan edo probintziakoan argitaratu behar dira; non argitaratu jakiteko, kontuan izango da zein administraziotakoa den organo eskuordetza-emailea eta eskumena zein lurralde-eremutan duen.

4. Administrazioaren ebazpenak eskuordetzaz baliatuz ematen badira, espresuki adierazi behar da ebazpen horiek eskuordetzaz baliatuz eman direla, eta organo eskuordetza-emaileak emandakotzat joko dira.

5. Legeren batek espresuki baimenduta ez bada, ezin zaizkio inori eskuordetzan eman norberak eskuordetzaz baliatuz erabiltzen dituen eskumenak.

Nahiz eta prozeduraren arauan, nahitaezko izapide gisa ezarri irizpena edo txostena eman behar dela, hori ez da eragozpen izango prozedura ebazteko eskumena eskuordetzan emateko; dena den, ezin da eskuordetzan eman prozedura jakin bat ebazteko eskumena, dagokion prozeduran aldez aurretik prozedura horri buruzko nahitaezko irizpena edo txostena emanda dagoenean.

6. Eskuordetza eman duen organoak edozein unetan ken dezake.

7. Kide anitzeko organoei esleitutako eskumenak eskuordetzan emateko akordioa egikaritzeko quorum berezia behar bada, quorum bera beharko du beti eskumen horiek inori eskuordetzan ematerakoan ere.

10. artikulua.

Goragokoak eskumena bereganatzea.

1. Goragoko organoek berenganatu egin dezakete beren mendeko organoek ebatzi ohi dituzten edo eskuordetzaz ebatzi beharreko gai baten edo batzuen ardura, arrazoi teknikoek, ekonomikoek, juridikoek edota gizartearen edo lurraldearen aldetikoek hala eskatzen dutenean.

Hierarkian mendeko ez diren organoei eskumenak eskuordetzan emanez gero, organo eskuordetza-emaileak bakarrik beregana dezake gairen baten ardura.

2. Goragokoak eskumenak bereganatzeko arrazoitu egin behar du beti erabakia, eta jakinarazi prozedurako interesdunei, halakorik balitz, azken ebazpenaren aurretik edo aldi berean.

Eskumenak bereganatzeko erabakiari ezin zaio errekurtsorik jarri; dena den, aurka egin ahalko zaio prozeduraren ebazpenari jarritako errekurtsoan, jartzen bada.

11. artikulua.

Kudeaketa-gomendioak.

1. Administrazioko organoen edo zuzenbide publikoko entitateen eskumeneko jarduera materialak edo teknikoak administrazio bereko edo beste bateko organoen edo entitateen gomendio utz daitezke, jarduera horiek haien eskumenen barruan badaude, eraginkortasunari begira komeni bada, edo jarduera horiek gauzatzeko baliabide tekniko egokirik ez badago.

Sektore publikoko kontratuen legerian araututako kontratuen berezko prestazioak ez dira izango kudeaketa-gomendioen xede.

Hori gertatzen bada, horien izaera eta araubide juridikoak legeria horretan aurreikusita dagoena bete beharko du.

2. Kudeatzeko gomendioak ez dakar ez eskumenaren titulartasuna ez eskumen horretaz baliatzeko funtsezko elementuak lagatzea; horrelakoetan, kudeatzeko gomendioa eman duen organoaren edo erakundearen ardura izango da gomendioan emandako jarduera material zehatzari oinarria emango dioten edo hura barne hartuko duten egintza edo erabaki juridiko guztiak hartzea.

Nolanahi ere, gomendioa jaso duen entitate edo organoa kudeaketa-gomendioa egikaritu bitartean eskuratu ahal dituen datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna izango da, eta datu pertsonalen babeserako araudian xedatuta dagoena aplikatuko zaio.

3. Kudeaketa-gomendioak egiteko, erregela hauek bete beharko dira:

a) Kudeaketa-gomendioa administrazio bereko administrazio-organoen edo zuzenbide publikoko entitateen artean egiten bada, administrazio horren arauetan ezarritakoari begira formalizatuko da; halako araurik ez badago, berriz, esku hartzen duten zuzenbide publikoko organo edo entitateek berariaz hartutako akordioari begiratuko zaio.

Betiere, kudeaketa-gomendioa formalizatzeko tresna eta ebazpena, eraginkorrak izan daitezen, Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia erkidegoko edo probintziako aldizkari ofizialean argitaratu beharko dira, gomendioa egiten duen organoa zein administraziori dagokion kontuan hartuta.

Administrazio bakoitzak arautu ditzake akordio horiek balio izateko baldintzak. Akordio horietan, gutxienez, honako hauek jasoko dira: zein den jarduera, indarraldia, eta kudeaketaren izaera eta mugak.

b) Kudeaketa-gomendioa zenbait administraziotako organo eta entitateen artean egiten bada, hitzarmena izenpetuz formalizatu behar dute; ez da hitzarmenik behar, ordea, probintzietako diputazioek edo uharteetako kabildo edo kontseiluek autonomia-erkidegoetako zerbitzuen ohiko kudeaketaz arduratu behar dutenean; izan ere, kasu horretan, tokiko araubidearen legeriak arautuko du kudeatzeko gomendioa. Hitzarmen hori Estatuko Aldizkari Ofizialean, autonomia erkidegoko edo probintziako aldizkari ofizialean argitaratuko da, gomendioa egiten duen organoa zein administraziori dagokion kontuan hartuta.

12. artikulua.

Izenpea eskuordetzan ematea.

1. Administrazio-organoetako titularrek, beren eskumeneko gaietan, ebazpenak eta egintzak izenpetzeko eskumena eskuordetzan eman ahal diete mendeko organo edo unitateetako titularrei, bai eskumena esleituz, bai eskumena eskuordetzan emanez, 9. artikuluan adierazitako mugen barruan.

2. Izenpea eskuordetzan emateak ez du aldatzen organo eskuordetza-emailearen eskumena, eta balio izateko, ez du argitaratu beharrik.

3. Eskuordetzaz sinatutako ebazpen eta egintzetan agerrarazi beharko da eskuordetzaz sinatu dela, eta jatorrizko eskumena zeinek duen azaldu beharko da.

13. artikulua.

Ordezkotza.

1. Administrazio publiko bakoitzak ezartzen duen moduan, administrazio-organoetako titularra aldi baterako ordeztu ahalko da bere lanpostua hutsik dagoenean, titularra etortzen ez denean edota gaixorik dagoenean, edota titular horren abstentzioa edo ezespena deklaratu denean.

Ordezkorik izendatzen ez bada, goragoko hurrengo mailako administrazio-organoak izendatzen duenak baliatuko du administrazio-organoko eskumena.

2. Ordezkotzak ez du aldatuko eskuordetza-emailearen eskumena, eta, baliozkoa izan dadin, ez da argitaratu beharrik izango.

3. Estatuaren Administrazio Orokorraren esparruan, honela izendatu ahalko da ordezkoa:

a) Ministerio-sailen oinarrizko egitura organikoaren errege-dekretuetan edo erakunde publiko eta entitate lotu edo mendekoen estatutuetan, egokia denaren arabera.

b) Titularra izendatzeko eskumena duen organoak, bai izendatzeko unean bertan, bai geroagoko beste une batean, ordezkapena sorrarazten duen kasua gertatzen denean.

4. Ordezkapen bidez ematen diren ebazpen eta egintzetan inguruabar hori agerraraziko da, eta zehaztu beharko da halako ebazpen eta egintzak zein organo ordezkatuta ematen diren, zein den organoaren titularra eta ordezkapena nor egiten ari den.

14. artikulua.

Eskumenari buruzko erabakiak.

1. Administrazio-organo batek gai baten gainean ebazteko eskumenik ez daukala ikusten badu, jarduna zuzenean bidaliko dio bere iritziz eskumena duen organoari, eta horren berri eman beharko die interesdunei.

2. Prozeduran parte hartzen duten interesdunek, ebatzi beharreko gairen batez arduratzen ari den organora jo dezakete, organo horrek bere eskumena baliatzeari utzi eta eskumena duen organoari bidal diezaion jarduna.

Halaber, interesdunok beren iritziz eskumena daukan organora jo dezakete, ebatzi beharreko gaiaz arduratzen ari denari eska diezaion eskumena baliatzeari uzteko.

3. Eskumenen gaineko auziak bakar-bakarrik sor daitezke administrazio berekoak izanik mendekotasun-loturarik ez duten organoen artean; eta, betiere, administrazio-prozedura bukatu gabe duten gaiei buruz.

3. atala.) Administrazio Publikoen kide anitzeko organoak

1. azpiatala. Funtzionamendua

15. artikulua.

Araubidea.

1. Kide anitzeko organoen araubide juridikoa atal honetako arauei lotuko zaie, organo horiek sartuta dauden administrazio publikoen antolaketako berezitasunen kalterik gabe.

2. Administrazio publikoetako kide anitzeko organoek beren jarduteko arauak ezar edo osa ditzakete, organo horietan gizartearen interesen ordezkari diren antolakundeek parte hartzen badute; eta gauza bera egin dezakete hainbat administrazio publikotako ordezkariek osatutako kide anitzeko organoek, nahiz eta organo horietan parte hartu ez gizartearen interesen ordezkari diren antolakundeek.

Paragrafo honetan adierazitako kide anitzeko organoak dagokien administrazio publikoan sartuko dira, baina ez administrazio horretako hierarkiazko egituran, baldin eta organoaren sortze-arauek, eginkizunek edo izaerak horretara bultzatzen ez badute behintzat.

3. Hirugarrenen aurrean ondorio juridikoak dituzten ebazpenak ematen dituzten kide anitzeko organoen sorrera-erabakia eta funtzionamendu-arauak, zein administrazio publikotan integratuta dauden eta horretako aldizkari edo egunkari ofizialean argitaratu beharko dira.

Horrez gain, administrazioek halakoak beste hedabide batzuetan argitaratu ahalko dituzte, jakiten direla bermatuko bada.

Artikulu honen 2. zenbakian aipatzen diren kide anitzeko organoetako bat denean, publizitate hori buru den administrazioak egingo du.

16. artikulua.

Idazkaria.

1. Kide anitzeko organoek idazkaria dute; bai organoko kideetako bat bai dagokion administrazio publikoaren zerbitzuko bat izan daiteke.

2. Idazkariak kide anitzeko organoaren jarduketen legezkotasun formala eta materiala zaindu beharko du, organo horren jarduketak ziurtatu beharko ditu, eta eraketarako nahiz erabakiak hartzeko prozedura eta erregelak errespeta daitezela bermatuko du.

3. Kide ez den idazkaria kide anitzeko organoko kide batek ordezten badu, kide anitzeko organoko kideak bere eskubideak mantenduko ditu kide den aldetik.

17. artikulua.

Deialdiak eta bilkurak.

1. Kide anitzeko organo guztiak eratu, bilerak deitu eta egin, erabakiak hartu eta aktak igortzeko, aurrez aurre egonda nahiz urrutitik jardun ahalko da, salbu eta beren barne erregelamenduan kontrakoa espresuki eta salbuespen gisa jasotzen bada.

Kide anitzeko organoek urrunetik egindako bilkuretan, kideak toki desberdinetan egon ahalko dira, betiere bide elektronikoen bidez (halakotzat jotzen dira bide telefonikoak eta ikus-entzunezkoak) bermatzen bada kideen edo kideak ordezten dituzten pertsonen identitatea, kideen adierazpenen edukia, adierazpen horiek egiten diren unea, nahiz kideen arteko elkarreragitea eta interkomunikazioa denbora errealean, eta bilkurak irauten duen bitartean baliabideak izatea.

Besteak beste, baliabide elektroniko baliodunak izango dira, esaterako, posta elektronikoa, audiokonferentziak eta bideokonferentziak.

2. Organoa behar bezala eratu eta batzarrak egiteko, eztabaidak izateko eta erabakiak hartzeko, burua eta idazkaria, edo hala denean ordezkoak, eta organoko kide kopuruaren erdia gutxienez bertaratu beharko dira, aurrez aurre daudela edo urrutitik.

Bestalde, 15.2. artikuluan adierazitako kide anitzeko organoetan buruak, bilkura egiteko, organoa balio osoz eratutzat jo dezake, baldin eta, organoko kide direla, eledun izendatutako ordezkariak bertaratzen badira, bai administrazio publikoetakoak bai gizartearen interesen izenean diharduten antolakundeetakoak.

Bilkuran daudenean, aurrez aurre edo urrunetik, idazkariak eta elkargoko kide guztiek edo horiek ordezten dituzten pertsonek bilkurak eta deliberazioak egiteko eta erabakiak hartzeko kide anitzeko organo gisa era daitezke baliozki, aurrez deialdirik egin gabe, kide guztiek hori erabakitzen badute.

3. Kide anitzeko organoek deialdiak egiteko araubidea erabaki dezakete, jarduteko arauetan ezarrita ez badaukate.

Araubide horretan bigarren deialdia egiteko aukera jar dezakete, eta zehaztu zenbat kide behar den bilkura horretan organoa balio osoz eratzeko.

Horrela egin ezin denean salbu, deialdiak kide anitzeko organoko kideei bidaliko zaizkie bide elektronikoen bidez, eta mezu horietan gai-zerrenda ere bidaliko da, gogoeta egiteko beharrezkoa den dokumentazioarekin batera; eta ahal denean, bilkura zein baldintzatan egingo den jakinaraziko da, baita konexio-sistema ere, eta, halakorik balitz, bilkuran izateko eta parte hartzeko beharrezkoak diren bide teknikoak zein tokitan dauden ere jakinaraziko da.

4. Ezin da eztabaidatu edo erabaki gai-zerrendan jarri ez den gairik; eztabaidatu eta erabakitzeko, kide anitzeko organoko kide guztiek egon behar dute bilduta, eta gehiengoak erabaki aztergaia presakoa dela.

5. Erabakiak botoen gehiengoarekin hartuko dira.

Bilkura urrunetik egiten bada, erabakiak kide anitzeko organoaren egoitza dagoen lekuan hartu direla ulertuko da, eta, halakorik ez badago, burua dagoen tokian.

6. Organoko kideek aurkako botoa ematen edo abstentzioa egiten badute, ez dute beren gain hartuko erabakietatik erator daitekeen erantzukizunik.

7. Interes legitimo baten baten titulartasuna egiaztatzen dutenek kide anitzeko organoaren idazkariarengana jo dezakete, erabakien ziurtagiria eskuratzeko.

Ziurtagiria bide elektronikoen bidez igorriko da, salbu eta interesdunak kontrakoa adierazten badu eta bide honen bidez administrazioekin erlazionatzeko betebeharra ez badu.

18. artikulua.

Aktak.

1. Kide anitzeko organoaren bilkura guztietako akta egingo du idazkariak. Akta horretan, nahitaez, honako hauek jaso behar dira: bildutakoak, gai-zerrenda, bilera non eta noiz izan den, eztabaidetako argudio nagusiak eta erabakien edukiak.

Kide anitzeko organoak egindako bilkura guztiak grabatu ahalko dira.

Grabaziotik lortzen den fitxategia, grabazioaren benetakotasuna eta osotasunari buruz idazkariak egindako ziurtagiria eta bilkuran euskarri elektronikoan erabiltzen diren dokumentu guztiak bilkura-aktarekin batera jarri ahalko dira, gogoeten puntu nagusiak aktan jasotzeko beharrik izan gabe.

2. Bilkura bakoitzeko akta bilkuran bertan onartu ahalko da edo hurrengo bilkuran.

Idazkariak buruaren oniritziarekin akta egin ahalko du eta bide elektronikoen bidez kide anitzeko organoko kideei bidaliko die. Kide horiek bide horien bidez testuarekiko adostasuna edo desadostasuna adierazi ahalko dute, testuaren onespena bideratzeko; baiezkoa emanez gero, bileran bertan onartutzat joko da.

Izandako bilkurak grabatzea hautatu bada edo euskarri elektronikoko dokumentuak erabiltzea hautatu bada, kontserbatu egin beharko dira fitxategi horien osotasuna eta benetakotasuna bermatzeko eran, baita kide anitzeko organoko kideek horietarako sarbidea izateko eran ere.

2. azpiatala. Estatuaren Administrazio Orokorreko kide anitzeko organoak

19. artikulua.

Estatuaren Administrazio Orokorreko eta administrazioari lotutako nahiz haren mendeko zuzenbide publikoko entitateen kide anitzeko organoen araubidea.

1. Estatuaren Administrazio Orokorreko eta administrazioari lotutako nahiz haren mendeko zuzenbide publikoko entitateen kide anitzeko organoak eraenduko dituzte artikulu honetan ezarritako arauek eta haiei buruz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezartzen diren aurreikuspenek.

2. Buruaren zereginak izango dira:

a) Organoaren ordezkari izatea.

b) Ohiko bilkuretarako eta aparteko bilkuretarako deia egitea eta gai-zerrenda finkatzea; horretarako, kontuan izango ditu gainerako kideek behar besteko denboraz aurkeztutako eskaerak, aurkeztu badituzte.

c) Bilkuren buru izatea, eztabaidak moderatzea eta, kausa justifikaturik izanez gero, bilkurak bertan behera uztea.

d) Erabakiak hartzerakoan berdinketarik bada, bere botoaz erabakitzea; 15.2. artikuluan adierazitako kide anitzeko organoen kasuan, ordea, hala izango da bakar-bakarrik buruaren botoa erabakigarria dela ezartzen bada organoaren arauetan.

e) Legeak betetzen direla ziurtatzea.

f) Organoaren aktak eta erabakien ziurtagiriak ikusi eta onestea.

g) Buru izateak berez dakartzan gainerako eginkizun guztiak betetzea.

Kargua hutsik badago, organoko burua kanpoan edo gaixorik badago, edo legezko beste arrazoiren bat badago, buruordeak ordeztuko du burua; eta buruorderik ez bada, berriz, kide anitzeko organoan maila, antzinatasun eta adinik handiena duen kideak ordeztuko du, betiere, hurrenkera horretan.

Ez zaie arau hori aplikatuko 15.2. artikuluan adierazitako kide anitzeko organoei. Organo horietako burua ordezteko moduak berariaz araututa egon behar du kasuan-kasuan, edo, bestela, organo horietako osoko bilkurak berariaz erabakita.

3. Kide anitzeko organoko kideek hau egin beharko dute:

a) Bilera baino bi egun lehenago gutxienez deialdia jaso, bertan deialdiko gai-zerrenda agertu behar dela.

Aztergaiei buruzko informazioa ere epe berean izango dute eskuragarri.

b) Bilkuretako eztabaidetan parte hartu.

c) Botoa emateko eskubideaz baliatu, beren boto partikularra eman eta botoaren esanahia eta arrazoiak azaldu.

Kide anitzeko erakundeetako kideek, administrazio publikoetako agintari edo langile diren aldetik badaude kontseiluan, ez dute bozketetan abstentzioa egiterik.

d) Galdera eta eskariak egin.

e) Norberari emandako egitekoak betetzeko behar den informazioa lortu.

f) Kide izateagatik berezkoak dituen bestelako eginkizun guztiak.

Kideek ezin dute organoari aitortutako ordezkaritza beren gain hartu, organoak berak ez badie berariaz eman arau baten bidez edo, kasu jakin bakoitzerako, balio osoz hartutako erabaki batez.

Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik badago, edo, oro har, bidezko arrazoirik bada, ordezkoa jarriko da haren tokian, ordezkorik izanez gero.

15. artikuluan adierazitako kide anitzeko organoetan, gizartearen interesen ordezkari diren antolakundeek beren kide titularrak ordeztu ditzakete, kide anitzeko organoko idazkaritzan egiaztatuz, antolakuntza-arauetan ezarritako salbuespen eta mugak beteta.

Interes-gatazkarik badago, kide anitzeko organoko kideek ezingo dituzte zeregin horiek bete.

4. Idazkaria izendatzeko, kargutik kentzeko eta kargua hutsik edo idazkaria kanpoan edo gaixorik badago aldi baterako ordezteko, organo bakoitzaren berariazko arauetan ezarritakoa beteko da; eta horrelako araurik ez badago, organoak berak erabakiko du.

Kide anitzeko organoan idazkariari dagokio:

a) Bilkuretara joatea. Hitz egiteko eskubidea izango du, baina botorik ez; organoko kidea bada, berriz, hitz egiteko eskubidea eta botoa izango ditu.

b) Buruaren aginduz organoaren bilkuretarako deia egitea eta kideei abisatzea.

c) Kideek organoari egindako komunikazioak ) jakinarazpenak, datu-eskaerak, zuzenketak edo bere ardurapean behar duten bestelako idazkiak) jasotzea.

d) Gaiak bideratzeko prestatzea, bilkurako aktak idaztea eta akta horien fede ematea.

e) Kontsulten, irizpenen eta hartutako erabakien ziurtagiriak jaulkitzea.

f) Idazkari izateak berez dakartzan gainerako egiteko guztiak.

5. Organoko kideren batek eskatzen badu, aktan jasoko da erabakiaren aurka emandako botoa, abstentzioa eta bataren zein bestearen arrazoiak edo erabakiaren alde eman duen botoaren esanahia.

Kide guztiek eska dezakete, halaber, norberaren berbaldia edo proposamena osorik jasotzeko, baina, horretarako, eta aktari erantsita bilkuraren grabaziorik ez badago, berbaldiaren testu osoa aurkeztu behar dute, une horretan bertan edo buruak jarritako epean. Aktan testu hori idatzi behar da, edo, bestela, horren kopia erantsi.

Kideek boto partikularra eman dezakete idatziz, gehiengoaren erabakiarekin bat ez badatoz; hori egiteko bi eguneko epea izango dute, eta onartutako testuan jasoko da.

Aktak bileran bertan edo hurrengoan onartuko dira; hala ere, hartutako erabaki zehatzen egiaztapena eman dezake idazkariak, akta geroago onartzea baztertu gabe.

Bilkuraren ostean kideen artean banatzen den akta onartutzat joko da, baldin eta kideek adostasuna ematen badute, idazkariak adierazita edo jasota utz dezakeen edozein bidetatik.

Akta onartu aurretik egiten diren erabaki-ziurtagirietan, espresuki adierazi behar da akta onartu aurretik eginak direla.

20. artikulua.

Kide anitzeko organoak eratzeko baldintzak.

1. Kide anitzeko organoak dira erabakiak hartzeko, proposamenak egiteko, aholkua emateko eta jarraipena eta kontrola egiteko administrazio-eginkizunak esleituta dituzten organoak, formalki hala eratu direnak eta hiru pertsonak edo gehiagok osatzen dituztenak, beren jarduera Estatuaren Administrazio Orokorraren edo haren erakunde publikoetako baten barruan egiten badute.

2. Estatuaren Administrazio Orokorrean eta haren erakunde publikoetan kide anitzeko organo bat sortzeko, ezinbesteko baldintza da organo hori sortzeko arauan edo organoa sortzeko beste administrazio publiko batzuekin egindako hitzarmenean honako hauek zehaztea:

a) Bere xede edo helburuak.

b) Nola integratzen den administrazioan, edo zer mendekotasun-lotura duen.

c) Nola osatzen den, eta zer irizpide erabiltzen den burua eta gainerako kideak izendatzeko.

d) Erabakiak hartzeko, proposamenak egiteko, aholkua emateko eta jarraipena eta kontrola egiteko eginkizunak, bai eta esleitzen zaizkion beste eginkizun guztiak ere.

e) Hala badagokio, zer kreditu jartzen zaion funtzionatzeko.

3. Artikulu honen 1. zenbakian azaltzen diren kide anitzeko organoen araubide juridikoak 19. artikuluan jasotako arauak beteko ditu. Dena dela, lege honetan edo organoa sortzeko arau edo hitzarmenean jasotako antolakuntzako berezitasunei ere jaramon egin beharko zaie.

21. artikulua.

Kide anitzeko organoen sailkapena eta osaera.

1. Estatuaren Administrazio Orokorreko eta haren erakunde publikoetako kide anitzeko organoak, beren osaeraren arabera, honela sailkatzen dira:

a) Ministerio arteko kide anitzeko organoak, kideak hainbat ministeriotakoak badira.

b) Ministerioko kide anitzeko organoak, kideak ministerio bakar bateko organo batekoak badira.

2. Aurreko zenbakian azaldu diren kide anitzeko organoetan, beste administrazio publiko batzuetako ordezkariak egon ahalko dira, administrazio publiko horiek borondatez onartzen badute, hitzarmen batek hala ezartzen badu edo eraginpean dauden administrazioei aplikatu ahal zaien arau batek hala zehazten badu.

3. Kide anitzeko organoen osaeran parte hartu ahalko dute interes sozialak ordezkatzen dituzten erakundeek, hala zehazten denean, bai eta esperientzia edo ezagutza bereziak edukitzeagatik izendatutako beste kide batzuek, kontuan hartuta organo horiei esleitutako eginkizunen izaera.

22. artikulua.

Kide anitzeko organoak sortu, aldatu eta bertan behera uztea.

1. Estatuaren Administrazio Orokorreko eta haren erakunde publikoetako kide anitzeko organoak sortzeko arau espezifiko bat besterik ez da behar, eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, honako eskumen hauetakoren bat esleitzen bazaie:

a) Erabakiak hartzeko eskumenak.

b) Beste administrazio-organo batzuek erabakiak hartzeko oinarri gisa erabili behar dituzten aginduzko txostenak proposatu edo egiteko eskumenak.

c) Estatuaren Administrazio Orokorreko beste organo batzuen jarduketen jarraipen edo kontrola egiteko eskumenak.

2. Aurreko zenbakian azaldutako kasuetan, eratzeko araua errege-dekretua izan beharko da ministerio arteko kide anitzeko organoen kasuan, burua zuzendari nagusia baino goragokoa bada; ministerioen baterako agindua, gainerako ministerio arteko kide anitzeko organoetarako, eta ministerio-agindua, izaera hori dutenen kasuan.

3. Artikulu honen 1. zenbakian sartzen ez diren kasu guztietan, kide anitzeko organoak laneko talde edo batzordeak izango dira, eta Ministro Kontseiluaren erabaki bidez sortu ahalko dira, edo, bestela, interesa duten ministerioek beraiek sortu ahalko dituzte.

Hartzen dituzten erabakiek ezin dute zuzeneko ondoriorik izan hirugarrenen aurrean.

4. Estatuaren Administrazio Orokorreko eta erakunde publikoetako kide anitzeko organoak eta lantalde edo lan-batzordeak aldatu eta desagerrarazteko, halakoak sortzeko modu berberari jarraituko zaio, salbu eta sortzeko unean azkentzeko epe bat aurreikusi bada; hala izanez gero, azkentzea horretarako ezarrita dagoen datan gertatuko da.

4. atala. Prozeduran parte ez hartzea eta errefusatzea

23. artikulua.

Parte ez hartzea.

1. Hurrengo zenbakian aipaturiko egoeraren batean dauden administrazioetako agintari edo langileek ez dute prozeduran parte hartuko, eta horren berri emango diote beren nagusi hurrenari, bidezkoa dena ebatz dezan.

2. Parte ez hartzeko arrazoiak dira:

a) Interes pertsonala izatea aztertuko den gaian edo gai horretako ebazpenak eragin diezaiokeen beste batean; sozietate edo erakunde interesdunen bateko administratzaile izatea, edo interesdunen batekin ebatzi gabeko auziren bat izatea.

b) Ezkontza-lotura edo ezkontzaren antzeko lotura eta laugarren maila arteko odol-ahaidetasuna edo bigarren maila arteko ezkontza-ahaidetasuna izatea interesdunetako edozeinekin, erakunde edo sozietate interesdunen bateko administratzaileekin, edo prozeduran esku hartzen duten aholkulari, legezko ordezkari edo mandatariekin, edo horien bulego berekoa izatea edo horiekin elkartuta egotea aholkularitza, ordezkaritza edo mandataritzan.

c) Aurreko letran aipaturiko lagunetakoren batekin adiskidetasun mina edo ikusiezin nabarmena izatea.

d) Dagokion prozeduran aditu edo lekuko moduan aritzea.

e) Gaian zerikusi zuzena duen pertsona fisiko edo juridikoren batekin zerbitzu-harremana izatea edo pertsona horri azken bi urteetan edozein era, baldintza eta tokitan lan-zerbitzuak eskaini izatea.

3. Goragoko organoek espedientean parte ez hartzeko agin diezaiekete aurreko puntuan azaldutako inguruabarretako batean daudenei.

4. Administrazio publikoetako agintari edo langileek abstenitzeko arrazoiren bat izanik jardun badute, kasu guztietan, parte hartu duten egintzak ez dira nahitaez baliogabeak izango.

5. Inguruabar horietan parte hartu behar ez eta parte hartzen duenak erantzukizuna izango du.

24. artikulua.

Errefusatzea.

1. Aurreko artikuluan adierazitako kasuetan, prozeduraren edozein unetan errefusa dezakete interesdunek.

2. Idatzirik aurkeztuko da errefusatzea, arrazoiak adierazita.

3. Errefusatuak, biharamunean, alegatu den arrazoia beragan betetzen den ala ez esango dio bere nagusi hurrenari.

Lehenengo kasuan, nagusiaren ustez errefusatzeko arrazoirik badago, ordezkoa jartzea erabaki dezake berehala.

4. Errefusatuak ez badu errefusatzearen arrazoia onartzen, nagusiak hiru egun izango ditu ebazteko, bidezko deritzen informazioak bildu eta frogak erdietsi ondoren.

5. Ezin da errekurtsorik aurkeztu errefusatzearen gaineko ebazpenen aurka; hala ere, errefusatzea alega daiteke prozedura amaitzen duen egintzaren aurka errekurtsoa egiterakoan.

III. KAPITULUA

Zehatzeko ahalaren printzipioak

25. artikulua.

Legezkotasun-printzipioa.

1. Lege-mailako arau batek espresuki emandakoa denean balia daitezke Administrazio Publikoak konstituzioan ezartzen den zehatzeko ahalaz, betiere, ahalaz baliatzeko aurreikusitako prozedura aplikatuz eta lege honetan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean jasotakoarekin bat etorriz, eta Toki-erakundeak badira, apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. tituluan xedatuta dagoenaren arabera.

2. Lege edo erregelamenduren baten bidez zehatzeko ahala espresuki eskuratuta duten administrazio-organoei dagokie ahal horretaz baliatzea.

3. Kapitulu honetako xedapenak administrazio publikoei ere aplikatuko zaizkie, diziplina-ahala beren zerbitzuko langileei aplikatzen dietenean, enplegu-harremanaren izaera juridikoa edonolakoa dela ere.

4. Administrazio publikoek, zehatzeko ahalaz baliatzerakoan, ezin dizkiete titulu honetako xedapenak aplikatu beren langileei, harremanak sektore publikoko kontratuen legeak edo Administrazio Publikoen ondare-legeriak arautzen baditu.

26. artikulua.

Atzeraeraginik eza.

1. Administrazioaren arauak hausten direnean indarrean dauden zehatzeko xedapenak aplikatuko dira.

2. Zehapen-xedapenek atzeraeragina sortuko dute ustezko arau-hausle edo arau-hausleari on egiten badiote, arau-haustearen tipifikazioari nahiz zehapenari eta preskripzio-epeei dagokienez, eta baita xedapen berria indarrean jartzean bete gabe dauden zehapenei dagokienez ere.

27. artikulua.

Tipikotasunaren printzipioa.

1. Administrazio-arloko arau-hausteak izango dira soilik lege batek halako arau-hauste gisa aurreikusten dituen ordenamendu juridikoaren urraketak, hargatik eragotzi gabe apirilaren 2ko 7/1985 Legearen XI. tituluan Toki-administrazioarentzat xedatuta dagoena.

Legeetan oso astun, astun eta arin bezala sailkatzen dira administrazioko arau-hausteak.

2. Administrazioko arau-hausteen ondorioz bakarrik ezar daitezke zehapenak; zehapen horiek, betiere, lege bidez zehaztuko dira.

3. Garapeneko erregelamenduek zehaztu eta mailakatu egin ditzakete legez ezarritako arau-hausteak eta zehapenak; hori guztia, jokabideak hobeto identifikatzeko eta horiei dagozkien zehapenak zehatzago finkatzeko, baina arau-hauste edo zehapen berririk sartu gabe eta legeetan ezarritako arau-hausteen izaera edo mugak ere aldatu gabe.

4. Ez da egongo arau-hausteak eta zehapenak definitzen dituzten arauak analogiaz aplikatzerik.

28. artikulua.

Erantzukizuna.

1. Administrazio-arloko arau-hausteengatik zehapena jaso ahalko dute soilik pertsona fisiko eta juridikoek, bai eta, lege batek jarduteko gaitasuna onartzen dienean, kaltetu-taldeek, nortasun juridikorik gabeko elkarte eta entitateek eta ondare independente edo autonomoek, dolo edo erruarekin arau-hauste horien erantzule badira.

2. Arau-hauste baten ondoriozko administrazio-erantzukizunak gorabehera, arau-hausleari eskatu ahalko zaio berak aldatu duen egoera jatorrizkora itzul dezala, bai eta sortutako kalte eta galerak ordain ditzala ere. Hori guztia zehaztu eta eskatuko du zehatzeko ahala duen organoak.

Kopuruaren arabera zehazten den epean kalte-ordaina ordaindu ez bada, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 101. artikuluan aurreikusita dagoen moduan jokatuko da.

3. Lege izaerako arau batean ezarritako betebeharrak betetzea hainbat pertsonari batera dagokionean, modu solidarioan izango dira egindako arau-hausteen eta ezarritako zehapenen erantzule.

Hala ere, zehapena diruzkoa denean eta posible denean, ebazpenean zehapena bereizi egingo da, erantzule bakoitzak izan duen parte-hartzearen arabera.

4. Zehapen-araubideak arautzen dituzten legeetan arau-hauste gisa tipifikatu ahalko da mendekotasun edo lotura harreman baten mendean daudenek administrazioko arau-hausteak prebenitzeko betebeharrak ez betetzea.

Halaber, haien mendean daudenei edo haiekin lotuta daudenei ezarritako diruzko zehapenak pertsona jakin batzuek zein kasutan ordaindu behar dituzten aurreikusi ahalko dute.

29. artikulua.

Proportzionaltasun-printzipioa.

1. Administrazio-zehapenek, diruzkoak izan ala ez, ez dute inola ere ekarriko, zuzenean edo subsidiarioki, askatasun-gabetzea.

2. Diruzko zehapenak ezartzerakoan, zaindu egin behar da arau-hausleari ez dakion onuragarriago gerta legeetan jasotako arauak haustea, horiek betetzea baino.

3. Zehapen-araubidea arau bidez zehazterakoan eta administrazio publikoek zehapenak jartzerakoan, ezarri beharreko zehapena egokia eta beharrezkoa dela kontuan hartu beharko da, eta zehapenak egindako arau-haustearen astuntasunaren neurrikoa izan beharko du.

Zein zehapen jarri erabakitzeko, batez ere honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Erruduntasun-maila eta asmoa egotea.

b) Jokaera arau-hauslea iraunkorra izatea edo errepikatzea.

c) Arau-hausteak zer-nolako kalteak eragin dituen.

d) Urte berean antzeko arau-haustea berriro egitea, administrazio-bidean ebazpen irmoz hala egin dela adierazi bada.

4. Ebazteko eskumena duen organoak zehapen txikiagoa ezarri ahalko du, baldin eta, egindako arau-haustearen astuntasun eta inguruabarrei begira, aplikatu beharreko zehapena egokia bada.

5. Arau-hausteak, ezinbestean, beste arau-hauste bat edo batzuk egitea dakarrenean, arau-hauste astunenari dagokion zehapena soilik ezarriko da.

6. Administrazio-arau bera edo antzekoak urratzen dituzten ekintza edo ez-egite batzuk egitea, aurrez pentsatutako plan bati jarraituta edo abagune bera aprobetxatuta egin badira, arau-hauste jarraitutzat zehatu ahalko da.

30. artikulua.

Preskripzioa.

1. Arau-hausteen eta zehapenen preskripzio-epea dagokien legeetan jasoko da.

Lege horietan eperik finkatzen ez bada, arau-hauste oso astunen preskripzioa hiru urtera izango da, arau-hauste astunena bi urtera, eta arau-hauste arinena sei hilabetera; hutsegite oso astunengatik ezarritako zehapenen preskripzioa hiru urtera izango da, hutsegite astunengatik ezarritako zehapenena bi urtera, eta hutsegite arinengatik ezarritakoena urtebetera.

2. Arau-haustea egin zen egunetik hasita zenbatuko da arau-haustearen preskripzio-epea.

Arau-haustea modu jarraituan egiten den kasuetan, epea aurrera hasiko da zenbatzen jokaera arau-hauslea amaitu zen unetik aurrera.

Preskripzio-epea eten egingo da administrazio-arloko zehapen-prozedura abiarazten denean, interesduna jakitun dela; preskripzio-epeari berrekin egingo zaio, baldin eta zehapen-espedientea hilabetez baino gehiagoz geldiarazita egon bada, ustezko erantzuleari egotzi ezin zaion arrazoiagatik.

3. Zehapenen preskripzio-epea zehapena ezartzen duen ebazpena betearazi ahal den egunaren edo ebazpenaren aurkako errekurtsoa aurkezteko epea amaitu eta biharamunetik hasiko da kontatzen.

Preskripzio-epea eten egingo da betearazpen-prozedura abiaraztean, interesduna jakitun dela; epe hori berriro zenbatzeari ekingo zaio, baldin eta prozedura hura hilabetez baino gehiagoz geldiarazita egon bada, arau-hausleari egotzi ezin zaion arrazoiagatik.

Zehapena ezartzeko ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ustez gaitzetsi bada, preskripzio-epea zenbatzen hasiko da errekurtso hori ebazteko legez aurreikusitako epea amaitu eta biharamunetik aurrera.

31. artikulua.

Zehapenak pilatzea.

1. Zigor edo administrazio-zehapena jaso duten egitateei ezin zaie beste zehapenik jarri, subjektua, gertakaria eta funtsa zigortu edo zehatutako berberak direla ikusten bada.

2. Europar Batasuneko organo batek egitate berberarengatik zehapena jarriz gero, eta subjektua eta funtsa berberak ez badira, ebazteko eskumena duen organoak zehapen hori kontuan hartu beharko du berak ezarri behar duena, hala behar denean, graduatzeko; gutxitu ere egin dezake, hargatik eragotzi gabe arau-haustea egon dela adieraztea.

IV. KAPITULUA

Administrazio Publikoen ondare-erantzukizuna

1. atala.) Administrazio Publikoen ondare-erantzukizuna

32. artikulua.

Erantzukizunaren printzipioak.

1. Partikularrek administrazio publikoen kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute, euren ondasun eta eskubideetan jasotzen duten lesio guztiengatik, baldin eta lesio hori zerbitzu publikoaren jarduera on edo txarraren ondorioz sortu bada, salbu eta ezinbesteko kasuetan edo partikularrak legearen arabera jasateko betebehar juridikoa daukan kalteen kasuan.

Administrazio-egintzak edo xedapenak administrazioarekiko auzien jurisdikzioan deuseztatzeak ez dakar berez kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik.

2. Nolanahi ere, alegatutako kalteak benetan gertatutakoa izan behar du, diru aldetik zenbagarria eta pertsona edo pertsona-talde bati mugatua.

3. Halaber, eskubideen jabetza kentzen ez duten legegintzako egintzak aplikatzen bazaizkie herritarrei eta herritar horiek legegintzako egintzak jasateko betebehar juridikorik ez badute, administrazio publikoek kalte-ordaina emango diete partikularrei, betiere egintza horietan hala agintzen denean eta bertan adierazitako moduan.

Estatu legegilearen erantzukizuna honako kasu hauetan ere sortu ahalko da, baldin eta honako letra hauetan aurreikusitako eskakizunak betetzen badira:

a) Kalteak Konstituzioaren aurkako deklaratutako lege izaerako arau baten ondorioz sortu direnean, baldin eta 4. zenbakiko eskakizunak betetzen badira.

b) Kalteak Europar Batasuneko Zuzenbidearen aurkako arau baten ondorioz sortu direnean, 5. zenbakian xedatuta dagoenaren arabera.

4. Lesioa Konstituzioaren aurkako deklaratutako lege izaerako arau baten ondorioz sortu bada, bidezkoa izango da kalte-ordaina ematea, partikularrak edozein auzialditan kaltea sortu zuen administrazio-jarduketaren aurkako errekurtsoa gaitzesteko epai irmoa jaso duenean, baldin eta geroago deklaratutako konstituzio-aurkakotasuna alegatu bada.

5. Lesioa Europar Batasuneko zuzenbidearen aurkako deklaratutako arau baten ondorioz sortu bada, bidezkoa izango da kalte-ordaina ematea, partikularrak edozein auzialditan kaltea sortu zuen administrazio-jarduketaren aurkako errekurtsoa gaitzesteko epai irmoa jaso duenean, baldin eta geroago deklaratutako Europar Batasuneko zuzenbidearen urraketa alegatu bada.

Halaber, honako eskakizun hauek guztiak bete beharko dira:

a) Arauaren xedeak partikularrei eskubideak ematea izan behar du.

b) Ez-betetzearen ezaugarriek behar bezala ezarrita egon behar dute.

c) Kausazko erlazio zuzena egon behar da Europar Batasuneko zuzenbideak administrazio erantzuleari ezarritako betebeharrak ez betetzearen eta partikularrek jasandako kaltearen artean.

6. Lege izaerako araua Konstituzioaren aurkakoa dela deklaratzen duen edo araua Europar Batasuneko zuzenbidearen aurkakoa dela deklaratzen duen epaiak ondorioak sortuko ditu Estatuko Aldizkari Ofizialean edo Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean ) kasuan kasukoa) argitaratzen den egunetik, salbu eta epaian bertan besterik ezartzen bada.

7. Justizia-administrazioaren funtzionamendua dela-eta estatuak duen ondare-erantzukizuna Botere Judizialaren uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoan arautuko da.

8. Konstituzio Auzitegiak ) alde interesdunak eskatuta) deklaratu badu babes-errekurtsoen edo konstituzio-kontrakotasun arazoen izapideetan ezohiko funtzionamendua egon dela, Ministro Kontseiluak ezarriko du ordaindu beharreko kalte-ordainen zenbatekoa.

Kalte-ordainen zenbatekoa ezartzeko prozedura Justizia Ministerioak izapidetuko du, Estatu Kontseiluari entzunaldia eskainita.

9. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean aurreikusitako prozedurari jarraituko zaio kontratuak bete bitartean hirugarrenei eragindako kalte eta galeretan administrazio publikoek izan duten erantzukizuna zehazteko, kalte eta galera horiek Administrazioaren berehalako eta zuzeneko agindu baten edo berak egindako proiektu baten akatsen ondorio izan badira. Hala ere, kasuan kasu Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak ezartzen dituen berezitasunak kontuan hartu beharko dira.

33. artikulua.

Zenbait administrazio publikoren erantzukizuna pilatzea.

1. Zenbait administrazio publikok elkarrekin jarduten badute, eta jardun horren ondorioz, lege honetan ezarritako erantzukizuna eska badakieke, esku hartu duten administrazio horiek guztiak izango dira partikularraren aurrean erantzule solidario.

Elkarrekin egiteko jarduna arautzen duen agiri juridikoak zehatz dezake administrazio publikoen artean bakoitzak zein erantzukizun duen.

2. Beste egoera batzuetan, kaltea zenbait administrazioren artean batera egin dutenean, administrazio bakoitzari dagokion erantzukizuna zehaztuko da irizpide hauek aintzakotzat hartuta: bakoitzak zein eskumen duen, babestu beharreko interes publikoak zeintzuk diren eta bakoitzak zein neurritan hartu duen parte.

Hori zehazterik ez dagoenean, erantzukizun solidarioa izango dute.

3. Lehenengo zenbakian aurreikusitako kasuetan, zenbait administrazio publikoren erantzukizuna dagoen prozedurak hasi, bideratu eta ebazteko eskumena duen administrazioa zein den, kide anitzeko erakundearen estatutu edo erregeletan ezarriko da.

Halakorik ezean, eskumena zerbitzuaren finantzaketan parte-hartzerik handiena duen administrazio publikoari esleituko zaio.

4. Ondare-erantzukizunaren arloko prozedurak direnean, aurreko zenbakian aipatutako administrazio publiko eskudunak zerikusia duten gainerako administrazioei kontsulta egin beharko die, hamabost eguneko epean administrazio horiek bidezkotzat jotzen dutena azaldu ahal izan dezaten.

34. artikulua.

Kalte-ordaina.

1. Herritarrei kalteak ordainduko zaizkie, bakar-bakarrik, legez kalte horiek jasateko betebehar juridikorik ez badute.

Kaltea dakarren gertakari edo gorabehera bada, eta, nahiz une horretako zientziak zein teknikak eskainitako bide guztiak erabili, ezin izan bada aurretiaz ikusi edo saihestu, orduan, administrazio publikoek ez dute kalterik zertan ordaindu. Besterik izango da administrazio publikoek horrelako egoeretan legez ematen dituzten laguntzak edo diru-kopuruak egotea.

32. artikuluko 4. eta 5. zenbakietan azaltzen diren ondare-erantzukizun kasuetan, lege izaerako araua Konstituzioaren aurkakoa edo Europar Batasuneko zuzenbidearen aurkakoa dela deklaratzen duen epaia argitaratu baino lehenagoko bost urteko epean sortutako kalteengatik eman ahalko da kalte-ordaina, salbu eta epaiak besterik xedatzen badu.

2. Kalte-ordainaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan izango da zein balioespen-irizpide ezartzen diren zerga-legerian, nahitaezko desjabetzeari buruzko legerian eta aplikagarri diren gainerako arauetan; hala ere, behar izanez gero, merkatuan nagusi diren balioespenak ere aztertuko dira.

Heriotza edo gorputzeko lesioak gertatzen diren kasuetan, erreferentzia gisa nahitaezko aseguruen eta Gizarte Segurantzaren arloan indarrean dagoen araudiko baremoetan dagoen balorazioa hartu ahalko da.

3. Kalte-ordainaren zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan izango da zein egunetan gertatu zen benetan kaltea; dena den, erantzukizun-prozedura noiz amaitzen den aintzat hartuta, kopuru hori eguneratu egingo da Estatuko Estatistika Institutuak ezarritako lehiakortasun-bermearen indizean oinarrituta, eta, finkatutako kalte-ordaina beranduago ordainduz gero, berandutzeagatik dagozkion interesak ere ordainduko dira, betiere Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean edo, bidezkoa bada, autonomia erkidegoetako aurrekontu-arauetan ezarritakoaren arabera.

4. Kalte-ordainak dirutan ordaindu beharrean gauzatan ordain daitezke, edota epeka, kaltea behar bezala berdintzeko egokiago dela ikusten bada eta interes publikoari komeni bazaio; betiere interesduna ados badago.

35. artikulua.

Zuzenbide pribatuko erantzukizuna.

Administrazio publikoek zuzenean edo zuzenbide pribatuko entitate baten bitartez halako izaera duten harremanetan jarduten dutenean, haien erantzukizuna 32. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoenaren arabera eskatuko da, nahiz eta zuzenbide pribatuko subjektuekin batera jardun edo nahiz eta erantzukizuna Administrazioak jarduteko bitarteko gisa erabiltzen duen zuzenbide pribatuko entitateari edo haren erantzukizuna eskatzen duen entitateari zuzenean eskatu.

2. atala.) Administrazio Publikoetako agintari eta langileen erantzukizuna

36. artikulua.

Administrazio Publikoetako agintari eta langileen ondare-erantzukizuna eskatzea.

1. Lege honetan jasotako ondare-erantzukizuna gauzatzeko, partikularrek zuzenean eskatuko diote dagokion administrazio publikoari bertako agintariek eta haien zerbitzuko langileek sortutako kalte eta galerak ordaintzeko.

2. Dagokion administrazioak, kaltedunei ordaindu ondoren, erantzukizuna administrazio-bidean eskatuko die ofizioz bere agintari eta gainerako langileei, baldin eta dolo, erru edo zabarkeria larria egon bada beren jardunean. Horretarako, dagokion prozeduraren instrukzioa egin behar du lehendabizi.

Erantzukizun hori eskatzeko eta, bidezkoa bada, kuantifikatzeko, ondoko irizpideak hartuko dira kontuan, besteak beste: zein kalte egin den, kaltea nahita ala nahigabe egin den, zein den administrazio publikoetako langileen lanbide-erantzukizuna eta langile horiek nolako lotura duten emaitza kaltegarri hori eragitearekin.

3. Era berean, administrazioak prozedura bera erabil dezake administrazioko agintari eta langileen aurka, baldin eta, dolo, erru edo zabarkeria larria dela eta, kalte edo galerarik eragiten badute administrazioaren ondasun eta eskubideetan.

4. 2. eta 3. zenbakietan azaltzen den prozedura, erantzukizuna eskatzeko den hori, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean xedatuta dagoenaren arabera egingo da, eta organo eskudunak hartutako erabakiaren bidez hasiko da. Interesdunei jakinaraziko zaien erabaki horrek, gutxienez, honako izapide hauek izango ditu:

a) Alegazioak, hamabost eguneko epean.

b) Onartutako frogak eta organo eskudunak bidezkotzat jotzen dituen bestelako frogak egitea, hamabost eguneko epean.

a) Entzunaldia, hamar eguneko epean.

d) Ebazpen-proposamena egitea bost eguneko epean, entzunaldi-izapidea emaitzen denetik aurrera zenbatuta.

e) Organo eskudunak ebazpena ematea bost eguneko epean.

5. Erantzukizuna dagoela adierazten duen ebazpenak administrazio-bidea amaitzen du.

6. Aurreko paragrafoetan esandakoa gorabehera, dagokionean eskumena duten auzitegiei erruduntasun-testigantza emango zaie.

37. artikulua.

Zigor-erantzukizuna.

1. Dagokion legerian ezarritakoarekin bat etorriz eskatuko zaie administrazio publikoetako langileei zigor-zuzenbideko erantzukizuna, bai eta delitutik eratorritako erantzukizun zibila ere.

2. Administrazio publikoetan diharduten langileei erantzukizun penala eskatzeak ez du etendurarik sortuko ondare-erantzukizuna aitortzeko prozeduretan, ez bada beharrezkoa, lehendabizi, zigor-jurisdikzioan egitateak zehaztea ondare-erantzukizuna finkatzeko.

V. KAPITULUA

Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa

38. artikulua.

Egoitza elektronikoa.

1. Egoitza elektronikoa herritarrek balia dezaketen helbide elektroniko bat da, telekomunikazio-sareen bitartez eskainia; helbide elektroniko hori administrazio publiko batena edo erakunde publiko edo zuzenbide publikoko entitate batena edo batzuena da ) zein bere eskumenen barruan) .

2. Egoitza elektroniko bat ezarriz gero, titularraren erantzukizuna izango da haren bidez irits daitezkeen zerbitzuak eta informazioa osoak, egiazkoak eta eguneratuak izan daitezen.

3. Administrazio Publiko bakoitzak zehaztuko ditu egoitza elektronikoek izan behar dituzten baldintzak eta tresnak, printzipio hauek betez: gardentasuna, publikotasuna, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, baliagarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Nolanahi ere, egoitzaren organo titularra identifikatzeko modua bermatu beharko da, bai eta iradokizunak eta kexuak adierazteko balia daitezkeen baliabideak ere.

4. Egoitza elektronikoek komunikazio seguruak eskaintzen dituzten sistemak eduki behar dituzte, baldin eta beharrezkoak badira.

5. Egoitza elektronikoetan informazioak, zerbitzuak eta transakzioak argitaratzen direnean, irisgarritasun- eta erabilgarritasun-printzipioak begiratu beharko dira, horri buruz ezarritako arauekin bat etorriz; gainera, estandar irekiak baliatuko dira, eta, hala balegokio, baita herritarren artean erabilera hedatua duten beste batzuk ere.

6. Egoitza elektronikoek webguneen autentifikaziorako ziurtagiri onartu edo kualifikatuak edo bitarteko baliokideak erabiliko dituzte identifikatzeko eta haiekiko komunikazio segurua bermatzeko.

39. artikulua.

Interneteko ataria.

Interneteko ataria da administrazio publiko baten, erakunde publiko baten edo zuzenbide publikoko entitate baten titulartasuneko sarbide elektronikoko gunea, interneten bidez argitaratutako informazioa eskuratzeko eta, bidezkoa izanez gero, egoitza elektronikora sartzeko aukera ematen duena.

40. artikulua.

Administrazio publikoak identifikatzeko sistemak.

1. Administrazio publikoak onartutako edo kualifikatutako ziurtagiri elektroniko batean oinarritutako zigilu elektroniko bat erabiliz identifikatu ahalko dira. Zigilu elektroniko horrek sinadura elektronikoari buruzko legeriak eskatzen dituen baldintzak bete beharko ditu.

Ziurtagiri elektroniko horiek barnean hartuko dituzte identifikazio fiskaleko zenbakia eta dagokien izendapena ere, bai eta, bidezkoa izanez gero, titularraren nortasuna ere, administrazio-organoen zigilu elektronikoen kasuan.

Administrazio publiko bakoitzak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda - ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak barne- publikoa izango da eta bitarteko elektronikoen bitartez iristeko modukoa.

Gainera, Administrazio publiko bakoitzak zigilu elektronikoak egiaztatzeko neurri egokiak hartuko ditu.

2. Administrazio publiko baten Interneteko atarian argitaratzen den informazio propioari dagokionez, administrazio publiko hori identifikatuta dagoela ulertuko da.

41. artikulua.

Administrazio-jarduera automatizatua.

1. Administrazioaren jarduera automatizatuak dira Administrazio publiko batek administrazio-prozedura baten barruan bitarteko elektronikoak erabiliz osorik egindako ekintza edo jarduera guztiak, ekintza edo jarduera horietan enplegatu publiko batek zuzenean esku hartu badu.

2. Administrazio-jarduera automatizatuen kasuan, aldez aurretik organo eskuduna edo organo eskudunak ezarri beharko dira, kasuan-kasuan, espezifikazioak, programazioa, mantentzea, gainbegiratzea eta kalitate-kontrola definitzeko eta, hala badagokio, informazio-sistemaren auditoretza eta iturburu-kodea definitzeko.

Era berean, aurkaratzeetarako, organo arduraduntzat zein hartu behar den adieraziko da.

42. artikulua.

Administrazio-jarduera automatizaturako sinadura-sistemak.

Administrazio publiko bakoitzak, administrazio-jarduera automatizatuan bere eskumena erabiliz, sinadura elektronikoko sistema hauek zein kasutan erabili ahalko diren zehaztu ahalko du:

a) Administrazio publikoaren, organoaren, erakunde publikoaren edo zuzenbide publikoko entitatearen zigilu elektronikoa, sinadura elektronikoari buruzko legeriak eskatzen dituen eskakizunak betetzen dituen ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatuan oinarritua.

b) Administrazio publikoari, organoari, erakunde publikoari edo zuzenbide publikoko entitateari lotutako egiaztapen-kode segurua. Dagokion egoitza elektronikora sarbidea emanez agiria osoa dela egiaztatzeko modua eman beharko da beti.

43. artikulua.

Administrazio publikoen zerbitzuko langileen sinadura elektronikoa.

1. Administrazio publiko, organo, erakunde publiko edo zuzenbide publikoko entitate batek bitarteko elektronikoak erabiltzen dituenean, jarduera hori egiteko organoko titularraren edo enplegatu publikoaren sinadura elektronikoa beharko da. Hala ere 38., 41. eta 42. artikuluetan aurreikusita dagoena kontuan hartu beharko da.

2. Administrazio publiko bakoitzak zehaztuko ditu bere langileek erabili behar dituzten sinadura elektronikoko sistemak. Hala, horien bitartez, aldi berean identifikatu ahalko dira lanpostuaren edo karguaren titularra eta bere zerbitzuak ematen dituen administrazioa edo organoa.

Segurtasun publikoko arrazoiengatik, sinadura elektronikoko sistema enplegatu publikoaren lanbide-identifikazioko zenbakiak soilik osatu ahalko du.

44. artikulua.

Komunikazio-ingurune itxietan datu elektronikoak trukatzea.

1. Administrazio publikoen eta zuzenbide publikoko organo, erakunde publiko eta entitateen artean ezarritako komunikazio-ingurune itxietan transmititutako agiri elektronikoak baliozkotzat joko dira agiriok igortzen eta jasotzen dituztenak artikulu honetan ezarritako baldintzen arabera kautotu eta identifikatzeko.

2. Komunikazioetan parte hartzen dutenak administrazio publiko berekoak direnean, administrazio publiko horrek zehaztuko du komunikazio horien araubidea. Bertan, komunikazio-igorle eta -jasotzaile baimendunen zerrenda eta trukatu beharreko datuen izaera egongo dira jasota, gutxienez.

3. Parte-hartzaileak administrazio ezberdinetakoak direnean, aurreko zenbakian ezarritako baldintzak eta bermeak administrazioen artean sinatutako hitzarmen bidez ezarriko dira.

4. Komunikazio-ingurune itxiaren segurtasuna eta transmititzen diren datuen babesa bermatu egin beharko da beti.

45. artikulua.

Sinadura elektronikoaren aseguramendua eta elkarreragingarritasuna.

1. Administrazio publikoek zehaztu ahalko dituzte sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko onartu edo kualifikatua barnean hartzen duten izapide eta txostenak.

2. Elkarreragingarritasunari on egiteko eta agiri elektronikoen sinadura elektronikoa automatikoki egiaztatu ahal izateko, administrazio batek ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatuetan oinarritutakoez bestelako sistemak erabiltzen baditu sinadura elektronikorako, elektronikoki sinatutako agiriak beste organo, erakunde publiko, zuzenbide publikoko entitate edo administrazio batzuen esku jartzeko, gainean ziurtagiri elektroniko onartu edo kualifikatu batean oinarritutako zigilu elektroniko bat jarri ahalko du.

46. artikulua.

Agiriak elektronikoki artxibatzea.

1. Administrazio-jarduketetan erabilitako agiri guztiak bitarteko elektronikoak erabiliz biltegiratuko dira, salbu eta hori egitea ezinezkoa denean.

2. Herritarren eskubide edo interesei eragiten dieten administrazio-egintzak jasotzen dituzten agiri elektronikoak euskarri elektronikoan gorde beharko dira, agiria sortu zen formatu berean, edota beste edozein formatutan, baina betiere agiria erreproduzitzeko beharrezko informazioaren identitatea eta osotasuna bermatuko da.

Era berean, ziurtatu egingo da datuak beste formatu eta euskarri batzuetara bidaltzeko aukera, aplikazio desberdinetatik sartzeko aukera bermatuz.

3. Agiriak gordetzeko erabiltzen diren bitarteko edo euskarriek segurtasun-neurriak izan beharko dituzte, Segurtasunerako Eskema Nazionalean aurreikusita dagoenaren arabera, jasotako agirien osotasuna, egiazkotasuna, konfidentzialtasuna, kalitatea eta babesa bermatzeko eta gorde egingo direla bermatzeko.

Bereziki, ziurtatuko dute erabiltzaileak identifikatzea, bai eta sarbideak kontrolatzea, datuen babeserako legerian aurreikusitako bermeak betetzea, eta hala eskatzen duten administrazio publikoek sortutako agiri elektronikoak berreskuratzea eta epe luzean kontserbatzea, erabilitako zerbitzu eta sistemen bizitza-zikloari buruzko zehaztapenen arabera.

VI. KAPITULUA

Hitzarmenak

47. artikulua.

Definizioa eta hitzarmen motak.

1. Hitzarmenak dira administrazio publikoek, erakunde publikoek eta lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitateek eta unibertsitate publikoek beren artean edo zuzenbide pribatuko subjektuekin sinatzen dituzten akordioak. Akordio horiek ondorio juridikoak dituzte, eta xede komun bat lortzeko sinatzen dira.

Ez dira hitzarmenak jarduketako protokolo orokorrak edo antzeko tresnak, horiekin batera eduki orokorreko asmoen deklarazioak barnean hartzen badoaz edo administrazioek eta alderdi sinatzaileek baterako helburu batekin jarduteko duten borondatea azaltzen badute, betiere horien ondorioz ez bada konpromiso juridiko zehatz eta eskatzeko modukorik formalizatzen.

Hitzarmenen xedea ezin da izan kontratuen berezko prestazioak ematea.

Hori hala izanik, hitzarmenen izaera eta araubide juridikoak sektore publikoko kontratuen legerian aurreikusita dagoena bete beharko du.

2. Administrazio publikoek, erakunde publikoek eta lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitateek eta unibertsitate publikoek sinatzen dituzten hitzarmenak honako mota hauetariko batekoak izango dira:

a) Administrazio publiko biren edo gehiagoren artean sinatutako administrazio arteko hitzarmenak, edo administrazio publiko diferenteetako erakunde publiko eta lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitate biren edo gehiagoren artean sinatutakoak. Hitzarmen horien barnean bildu ahalko da beste administrazio publiko, erakunde publiko edo lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitate baten bitarteko, zerbitzu eta baliabideak erabiltzea, eskumen propioak edo eskuordetzan emandakoak baliatzeko.

Salbuetsita geratzen dira autonomia-erkidego biren edo gehiagoren artean sinatutako administrazio arteko hitzarmenak, horien zerbitzu propioak kudeatu eta ematea helburu dutenak. Horiek, suposamendu, eskakizun eta baldintzei dagokienez, autonomia-estatutuetan aurreikusita dagoenak eraenduko ditu.

b) Administrazio publiko bereko lotutako edo mendeko erakunde publiko eta zuzenbide publikoko entitateen artean sinatutako administrazio arteko hitzarmenak.

c) Administrazio publiko edo zuzenbide publikoko erakunde edo entitate baten eta zuzenbide pribatuko subjektu baten artean sinatutako hitzarmenak.

d) Administrazio publikoen eta nazioarteko zuzenbideko subjektu bateko organo, erakunde publiko edo enteen artean sinatutako hitzarmenak, baina nazioarteko tratatu, nazioarteko administrazio-akordio edo nazioarteko araugintzaz bestelako akordio ez direnak, halakoak aldeek zehaztutako barneko ordenamendu juridikoaren mendean egongo baitira.

48. artikulua.

Hitzarmenen baliozkotasun eta eraginkortasuneko baldintzak.

1. Administrazio publikoek, beren erakunde publikoek eta lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitateek eta unibertsitate publikoek, zeinek bere eskumenen barruan, hitzarmenak sinatu ahalko dituzte zuzenbide publikoko eta pribatuko subjektuekin, baina horrek ez du esan nahi izango eskumenaren titulartasuna laga denik.

2. Estatuaren Administrazio Orokorraren eta administrazio horretako erakunde publikoen eta lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitateen esparruan, hitzarmenak egin ahalko dituzte ministerio-sailetako titularrek eta entitate eta erakunde publiko horietako buru edo zuzendariek.

3. Hitzarmenak sinatuz hobetu beharko da kudeaketa publikoaren efizientzia, erraztu beharko da bitarteko eta zerbitzu publikoen baterako erabilera, laguntza eman beharko da erabilgarritasun publikoko jarduerak egiteko, eta bete beharko da aurrekontu-egonkortasunerako eta finantza-iraunkortasunerako legeria.

4. Hitzarmen bat sinatu duen administrazio publikoarentzat edo haren erakunde publiko edo lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitateentzat hitzarmenen ondoriozko gastuekin zerikusia duten jarduketen kudeaketan, justifikazioan eta gainerako jarduketetan, bai eta hitzarmen horien arabera konprometitutako funtsekin zerikusia dutenetan, aurrekontu-legerian xedatuta dagoena bete beharko da.

5. Finantza-konpromisoak barnean hartzen dituzten hitzarmenek finantza-arloan iraunkorrak izan beharko dute, eta sinatzen dutenek ahalmena izan beharko dute hitzarmenaren indarraldian beren gain hartutakoak finantzatzeko.

6. Sinatzaileek finantza-ekarpenak egiteko konpromisoa hartu badute, ekarpen horien zenbatekoa gehienez ere hitzarmena egikaritzearen ondoriozko gastuena izango da.

7. Hitzarmenak diru-laguntza bat bideratzen badu, Diru-laguntzen azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta kasuan kasu aplikatu beharreko garapeneko autonomia-erkidegoko araudian aurreikusita dagoena bete beharko da.

Halaber, hitzarmenaren xedea toki-erakunde bati eskumenak eskuordetzan ematea bada, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legean xedatuta dagoena bete beharko du.

8. Hitzarmenak egiteko, aldeek ados daudela adierazi beharko dute.

Estatuaren Administrazio Orokorrak edo administrazio horretako erakunde publiko batek eta lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitateetako batek sinatutako hitzarmenak eraginkorrak izango dira hitzarmen horiek estatuko sektore publikoko Lankidetzako Organo eta Tresnen estatuko Erregistro Elektronikoan ) erregistro hori zazpigarren xedapen gehigarrian aipatzen da) inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Aldez aurretik, eta aukeran, administrazio sinatzaileari dagokion autonomia-erkidegoko edo probintziako aldizkari ofizialean argitaratu ahalko dira.

9. Kapitulu honetako arauak ez zaizkie aplikatuko kudeaketa-gomendioei eta administrazio-prozedurak hitzarmen bidez amaitzeko akordioei.

49. artikulua.

Hitzarmenen edukia.

Aurreko artikuluko 1. zenbakian aipatzen diren hitzarmenek, gutxienez, gai hauek hartu beharko dituzte barnean:

a) Hitzarmena egiten duten subjektuak eta aldeetako bakoitzaren gaitasun juridikoa.

b) Administrazio publikoaren, bere erakunde publikoen eta lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitateen edo unibertsitate publikoen jarduerarako oinarri den eskumena.

c) Hitzarmenaren xedea eta subjektu bakoitzak hori betetzeko egin beharreko jarduketak, kasuan kasu lortutako emaitzen titulartasuna azalduta.

d) Aldeetako bakoitzak bere gain hartutako betebehar eta konpromisoak, halakorik badago; zehaztu beharko da denbora aldetik urteko ordainketatan nola dagoen banatuta eta aurrekontu-legeriaren arabera dagokion aurrekontuan nola dagoen egotzita.

e) Aldeetako bakoitzak bere gain hartutako betebehar eta konpromisoak urratuz gero aplikatu beharreko ondorioak, eta urratuz gero egon daitekeen kalte-ordaina zehazteko irizpideak.

f) Hitzarmena betearaztearen eta sinatzaileek beren gain hartutako konpromisoen jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoak.

Mekanismo horrek ebatziko ditu hitzarmenak betetzerakoan zein interpretatzerakoan sor daitezkeen arazoak.

g) Hitzarmena aldatzeko araubidea.

Arau espresurik ez badago, hitzarmenaren edukia aldatzeko, sinatzaileek aho batez hartu beharko dute erabakia.

h) Hitzarmenaren indarraldia, honako erregela hauek kontuan hartuta:

1.a) Hitzarmenek iraupen zehaztua izan beharko dute, gehienez ere lau urtekoa, salbu eta arau bidez epe luzeagoa aurreikusten bada.

2.a) Aurreko zenbakian aurreikusitako epea amaitu aurretik edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahalko dute hitzarmena luzatzea, beste lau urtetarako, edo hitzarmena azkentzea.

Estatuaren Administrazio Orokorrak edo administrazio horretako erakunde publiko batek eta lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitateetako batek sinatutako hitzarmen kasuan, luzapen horren berri eman beharko zaio zazpigarren xedapen gehigarrian aipatzen den sektore publikoko Lankidetzako Organo eta Tresnen estatuko Erregistro Elektronikoari.

50. artikulua.

Hitzarmenak sinatzeko aginduzko izapideak eta hitzarmenen ondorioak.

1. Autonomia-erkidegoko legeriak aurreikusi ahal dituen berezitasunak gorabehera, hitzarmenari justifikazio-memoria bat erantsi beharko zaio. Memoria horretan aztertu beharko da hitzarmena beharrezkoa eta egokia dela, zein ondorio ekonomiko izango dituen, hizpide den jarduera kontratuzkoa ez dela, eta lege honetan aurreikusita dagoena betetzen dela.

2. Gainera, Estatuaren Administrazio Orokorrak edo administrazio horretako erakunde publikoek eta lotutako edo mendeko zuzenbide publikoko entitateek sinatzen dituzten hitzarmenei agiri hauek erantsi beharko zaizkie:

a) Zerbitzu juridikoaren txostena.

Hitzarmena dagokion zerbitzu juridikoak aurretiaz egindako eredu normalizatuaren arabera egin bada, ez da beharrezkoa izango txosten hori eskatzea.

b) Aplikatu beharreko araudiak ezartzen dituen aginduzko beste txosten guztiak.

c) Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak aurretiaz hitzarmena sinatzeko, aldatzeko, luzatzeko eta aldeen arteko adostasunez azkenduarazteko emandako baimena.

d) Administrazio publikoen artean sinatutako urte anitzeko hitzarmenetan aurreikusten bada Estatuak funtsen ekarpenak egin behar dituela beste administrazio publiko batek esklusiboki egin beharreko jarduketak finantzatzeko eta Estatuak bere eskumenen barruan hirugarrenen aurrean konpromisoak bere gain hartzen baditu, Estatuak etorkizunean urteko ordainketak egiteko baldintza izango da aurrekontuetan kreditua egotea.

e) Autonomia-erkidegoekin sinatutako administrazio arteko hitzarmenak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak Senatuari bidaliko dizkio.

51. artikulua.

Hitzarmenak azkentzea.

1. Hitzarmenak azkentzen dira beren xede diren jarduketak betetzean edo suntsipen-arrazoiak gertatzean.

2. Suntsipen-arrazoi dira:

a) Hitzarmenaren indarraldia amaitu ondoren indarraldi hori luzatzea ez erabakitzea.

b) Sinatzaile guztiak aho batez ados jartzea.

c) Sinatzaileetako batek bere gain hartutako betebehar edo konpromisoak ez betetzea.

Kasu horretan, aldeetako edozeinek bere betebehar edo konpromisoak bete ez dituen aldeari errekerimendu bat jakinarazi ahalko dio, epe jakin baten barruan ez betetzat jo diren betebehar edo konpromisoak bete ditzan.

Errekerimendu hori hitzarmenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako mekanismoaren arduradunari eta sinatu duten gainerako aldeei jakinaraziko zaie.

Errekerimenduan azaldutako epea igarotakoan ez betetzen jarraitzen bada, errekerimendua igorri zuen aldeak alde sinatzaileei hitzarmena suntsitzeko arrazoia dagoela jakinaraziko die, eta hitzarmena suntsituta dagoela ulertuko da.

Arrazoi horregatik hitzarmena suntsitzen bada, baliteke sortutako kalteak ordaindu behar izatea, hala aurreikusi bada.

d) Hitzarmenaren deuseztasuna deklaratzen duen erabaki judizial batengatik.

e) Aurrekoak ez diren beste arrazoi guztiak, hitzarmenean edo beste lege batzuetan aurreikusita badaude.

52. artikulua.

Hitzarmenak suntsitzearen ondorioak.

1. Hitzarmenak bete eta suntsituz gero, likidatu egingo dira, aldeetako bakoitzaren betebeharrak eta konpromisoak zehazteko.

2. Finantza-konpromisoak sorrarazten dituzten hitzarmenak betetzat hartuko dira beren helburua aldeek nahi zuten eta zehaztu zuten bezala bete bada, zeinek bere eskumenak baliatuz, eta honako erregela hauek kontuan hartuta:

a) Likidazioaren ondorioz, aldeetako batek gauzatutako jarduketen zenbatekoa txikiagoa bada alde horrek hitzarmenaren gainerako aldeengandik gauzatze hori finantzatzeko jasotako funtsena baino, alde horrek gainerako aldeetako bakoitzari dagokion soberakina itzuli beharko dio, gehienez ere hilabeteko epean, likidazioa onartu denetik aurrera.

Aurreko paragrafoan aipatu den hilabeteko gehieneko epea igarotakoan kopururik itzuli ez bada, alde horiei itzulketaren berandutze-interesa ordaindu beharko zaie, hori ere hilabeteko epean. Betiere, interes hori gastu publikoa eta sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera arautzen duten xedapen orokorretatik ateratzen dena izango da.

b) Zenbatekoa handiagoa bada, hitzarmenaren gainerako aldeek dena delako aldeari diferentzia ordaindu beharko diote, bakoitzak dagokion zatian, eta horretarako hilabete izango dute likidazioa onartzen denetik aurrera. Alde bakoitzak hitzarmenaren arabera zein kopuru ordaintzeko hitz eman duen, gehienez ere hori ordainduko du.

Hitzarmenaren aldeek ez dute inola ere eskubiderik izango gainerako aldeei gehieneko mugetatik gorako kopururik eskatzeko.

3. Aurreko hori gorabehera, hitzarmena suntsitzeko arrazoietako bat gertatzean jarduketaren bat egikaritzen ari bada, aldeek, hitzarmenaren jarraipen, zaintza eta kontrolerako batzordeak edo, halakorik ezean, 49. artikuluko f) letran aipatzen den mekanismoaren arduradunak hala proposatuta, egokitzat jotzen dituzten jarduketak egiten jarraitzea eta amaitzea erabaki ahalko dute, eta amaitzeko epe luzaezin bat ezarri ahalko dute. Epe hori igarotakoan, jarduketak likidatu beharko dira aurreko zenbakian ezarrita dagoen moduan.

53. artikulua.

Hitzarmenak Kontuen Auzitegira bidaltzea.

1. Hitzarmen batean hartutako konpromiso ekonomikoak 600.000 eurotik gorakoak badira, hitzarmen hori sinatu eta hurrengo hiru hilabeteen barruan konpromiso horiek bitarteko elektronikoak erabiliz Kontuen Auzitegira edo autonomia-erkidegoko kanpoko fiskalizazio-organora ) kasu bakoitzaren arabera) igorri beharko dira.

2. Era berean, gorabehera hauek ere jakinaraziko zaizkio Kontuen Auzitegiari edo autonomia-erkidegoko kanpoko fiskalizazio-organoari: aldaketak, epeen luzapen edo aldaketak, hartutako konpromiso ekonomikoen zenbatekoen aldaketak eta adierazitako hitzarmenak azkentzea.

3. Aurreko zenbakietan xedatutakoa gorabehera, Kontuen Auzitegiak, edo, hala balegokio, autonomia-erkidegoetako kanpoko fiskalizazio-organoak egoki iritzitako datu, agiri eta aurrekariak eskatu ahal izango dituzte era eta kopuru guztietako kontratuei buruz.

I. TITULUA

Estatuaren Administrazio Orokorra

I. KAPITULUA

Administrazio-antolakuntza

54. artikulua.

Estatuaren Administrazio Orokorraren antolakuntza eta funtzionamenduari buruzko printzipio eta eskumenak.

1. Estatuaren Administrazio Orokorra 3. artikuluan ezarritako printzipioen arabera jarduten eta antolatzen da, bai eta deszentralizazioaren eta deskontzentrazio funtzionalaren eta lurralde-deskontzentrazioaren printzipioen arabera ere.

2. Administrazio-antolakuntzaren, langileen araubidearen, prozeduren eta zerbitzu-ikuskapenaren arloko eskumenak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak izango ditu, lege baten arabera berariaz Estatuaren Administrazio Orokorreko beste organo bati esleitu ez bazaizkio.

55. artikulua.

Estatuaren Administrazio Orokorraren egitura.

1. Estatuaren Administrazio Orokorraren antolakuntzak printzipio hauei jarraitzen die: eginkizunen arabera ministerio-sailetan banatzea eta autonomia-erkidegoetako gobernuaren ordezkaritzetan integratutako lurralde-kudeaketa egitea, lege honetan aurreikusitako salbuespenak gorabehera.

2. Estatuaren Administrazio Orokorrak honako hauek hartzen ditu barnean:

a) Antolakuntza Zentrala, Ministerioak eta zerbitzu komunak barnean hartzen dituena.

b) Lurralde-antolakuntza.

c) Estatuaren Administrazio Orokorra, kanpoan.

3. Antolakuntza zentralean honako hauek dira organo gorenak eta zuzendaritza-organoak:

a) Goi-organoak:

1.a) Ministroak.

2.a) Estatu-idazkariak.

b) Zuzendaritza-organoak:

1.a) Idazkariordeak eta idazkari nagusiak.

2.a) Idazkari nagusi teknikoak eta zuzendari nagusiak.

3.a) Idazkariorde nagusiak.

4. Estatuaren Administrazio Orokorraren lurralde-antolakuntzan zuzendaritza-organoak dira autonomia-erkidegoetan Gobernuak dituen ordezkariak, idazkariordeen mailarekin, bai eta probintzietan Gobernuak dituen ordezkariordeak ere, zuzendariorde nagusien mailarekin.

5. Estatuak kanpoan duen Administrazio Orokorrean zuzendaritza-organoak dira enbaxadoreak eta nazioarteko erakundeen aurrean ordezkari iraunkor direnak.

6. Gainera, goi-organoak eta zuzendaritza-organoak goi-karguak dira, zuzendariorde nagusiak eta parekatuak izan ezik, Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean aurreikusita dagoenaren arabera.

7. Estatuaren Administrazio Orokorreko gainerako organo guztiak goi-organo baten edo zuzendaritza-organo baten mendean edo haren zuzendaritzapean daude.

8. Erakunde publikoetako zuzendaritza-organoak haien estatutuetan zehaztuko dira.

9. Goi-organoek beren ardurapean dagoen erakundearen jarduketa-planak ezarri behar dituzte, eta zuzendaritza-organoek plan horiek garatu eta egikaritu.

10. Ministroak eta Estatu-idazkariak Gobernuaren azaroaren 27ko 50/1997 Legean eta Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean ezarrita dagoenaren arabera izendatzen dira.

11. Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean aurreikusita dagoena gorabehera, goi-organoen eta zuzendaritza-organoen titularrak izendatzeko, lanbide-gaitasunaren eta esperientziaren irizpideei jarraitzen zaie, lege honetan ezarrita dagoen moduan, eta haien eginkizunak betetzean hauek aplikatu behar dira:

a) Egindako kudeaketarengatiko lanbide-erantzukizun pertsonal eta zuzena.

b) Goi-organo edo zuzendaritza-organo eskudunaren kontrol eta ebaluazioaren mendean jartzea, hargatik eragotzi gabe Aurrekontuen Lege Orokorrak ezarritako kontrola.

56. artikulua.

Oinarrizko antolakuntza-elementuak.

1. Administrazio-unitateak egitura organikoetako oinarrizko antolakuntza-elementuak dira.

Unitateen barnean, lanpostuak edo plantillako dotazioak daude, eginkizunen arabera funtzionalki lotura dutenak eta, organikoki, buruzagitza komun bat dutela.

Baliteke administrazio-unitate konplexuak egotea, barnean bi unitate txikiago edo gehiago barnean hartzen dituztenak.

2. Administrazio-unitateetako buruak unitatearen funtzionamendu egokiaz eta unitate horri esleitutako zereginak behar bezala egikaritzeaz arduratzen dira.

3. Administrazio-unitateak lanpostuen zerrenden bidez ezartzen dira. Zerrenda horiek haien araudi espezifikoen arabera onartuko dira, eta organo jakin batean integratzen dira.

II. KAPITULUA

Ministerioak eta haien barneko egitura

57. artikulua.

Ministerioak.

1. Estatuaren Administrazio Orokorra Gobernuko Presidentetzan eta Ministeriotan antolatzen da. Haietariko bakoitzak eginkizunen aldetik homogeneoak diren administrazio-jarduerako sektore bat edo batzuk hartzen ditu barnean.

2. Ministerio-sailetan antolatzea ez da oztopoa ministerioaren egitura orokorrean goi-organoak edo zuzendaritza-organo edo erakunde publiko integratu gabeak edo mendekoak egoteko, hurrenez hurren, zuzenean ministroari atxikiak.

3. Ministerioen eta Estatu-idazkaritzen kopurua, izendapena eta eskumen-esparrua Gobernuko Presidentearen errege-dekretu bidez ezartzen dira.

58. artikulua.

Ministerioen barneko antolakuntza.

1. Ministerioetan Estatu-idazkaritzak eta idazkaritza nagusiak egon daitezke, administrazio-jardueraren sektore bat kudeatzeko.

Haien mendean egongo dira haiei atxikitzen zaizkien zuzendaritza-organoak.

2. Ministerioetan beti idazkariordetza bat egongo da, eta horren mendean idazkaritza nagusi tekniko bat, titulu honetan aurreikusitako zerbitzu erkideak kudeatzeko.

3. Zuzendaritza nagusiak eginkizunen aldetik homogeneoa den edo diren arlo baten edo batzuen kudeaketarako organoak dira.

4. Zuzendaritza nagusiak zuzendariordetza nagusitan antolatzen dira zuzendaritza nagusiei agindutako eskumenak banatzeko, berezkoak dituzten jarduerak egiteko eta helburu eta erantzukizunak esleitzeko.

Aurrekoa gorabehera, zuzendariordetza nagusiak zuzenean atxiki ahalko zaizkie maila handiagoko beste zuzendaritza-organo batzuei edo ministerioaren goi-organoei.

59. artikulua.

Administrazio-organo eta -unitateak sortu, aldatu eta bertan behera uztea.

1. Idazkariordetzak, idazkaritza nagusiak, idazkaritza nagusi teknikoak, zuzendaritza nagusiak, zuzendariordetza nagusiak, eta aurreko horien antzeko organoak Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez sortu, aldatu eta bertan behera uzten dira, interesa duen ministroaren ekimenez eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak proposatuta.

2. Zuzendariordetza nagusia baino maila txikiagoko organoak dagokien ministroaren aginduz sortu, aldatu eta bertan behera uzten dira, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroak baimena eman ondoren.

3. Organotzat hartzen ez diren unitateak lanpostuen zerrenden bitartez sortu, aldatu eta bertan behera uzten dira.

60. artikulua.

Ministerio-organoen antolamendu hierarkikoa.

1. Ministroak dira saileko goi-mailako buruak eta hierarkian zuzenean Estatu-idazkarien eta idazkariordeen gainetik daude.

2. Zuzendaritza-organoak aurreko horietako baten mendean daude eta hierarkia aldetik honela antolatzen dira beren artean:

Idazkariordea, zuzendari nagusia eta zuzendariorde nagusia.

Idazkari nagusiek idazkariordeen kategoria dute, eta idazkari nagusi teknikoek zuzendari nagusiaren kategoria dute.

61. artikulua.

Ministroak.

Ministroek, beren eskumenaren mendeko saileko titularrak diren aldetik, beren ministerioan integratutako administrazio-jarduerako sektoreak zuzentzen dituzte, eta zuzendaritza horrekin batera doan erantzukizuna beren gain hartzen dute.

Horretarako, honako eginkizun hauek dituzte:

a) Beren sailaren eskumeneko gaietan erregelamendu-ahala erabiltzea.

b) Ministerioaren helburuak ezartzea, ministerioaren jarduketa-planak onestea eta plan horiek egikaritzeko beharrezkoak diren baliabideak esleitzea, aurrekontu-zuzkiduren mugen barruan.

c) Ministerioaren gastuen egoera-orrien proposamenak eta mendeko erakunde publikoen aurrekontuen proposamenak onartzea eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministeriora igortzea.

d) Beren ministerioaren barneko antolakuntza zehaztea eta, bidezkoa bada, proposatzea, lege honek ematen dizkien eskumenen arabera.

e) Goi-organoek eta zuzendaritza-organoek ministerioaren jarduketa-planak nola egiten dituzten ebaluatzea eta organo horien nahiz mendeko erakunde publikoen jarduketari buruz eraginkortasun-kontrola egitea, hargatik eragotzi gabe Aurrekontuen azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean xedatuta dagoena betetzea.

f) Ministerioko eta haren mendeko erakunde publikoetako edo zuzenbide publikoko entitateetako zuzendaritza-organoen titularrak izendatzea eta kargutik kentzea, eskumen hori Ministro Kontseiluari, beste organo bati edo erakundeari berari esleituta ez dagoenean, eta halaber, ministerioko eta haren mendeko erakunde publikoetako zuzendaritza-organoak izendatzeko proposamenak Ministro Kontseiluari igortzea, izendapen hori erreserbatuta badu.

g) Zerbitzu-eginkizunak baimentzea, kopuru zehatza duen kalte-ordaina jasotzeko eskubidearekin, ministroaren mendeko goi-kargudunentzat.

h) Autonomia-erkidegoekin harremanak mantentzea eta bere sailari esleitutako eskumenen esparruan arloko biltzarrei eta lankide-organoei deialdiak egitea.

i) Ministerioko goi-organoen eta zuzendaritza-organoen jarduketa zuzentzea, haiei jarraibide zehatzak ematea eta eskumen propioak eskuordetzan ematea.

j) Administrazio-egintzak ofizioz berrikustea eta eskurantzen gatazkak konpontzea, hala dagokienean, bai eta beste ministerio batzuekin bidezkoak direnak planteatzea ere.

k) Beren eskumenen esparruan, kontratuak eta hitzarmenak egitea, baina hala behar duenean Ministro Kontseiluaren baimena lortuta.

l) Ministerioaren aurrekontuetako gastuetarako kredituak administratzea, Ministro Kontseiluaren eskumenekoak ez diren gastuak onartu eta konprometitzea, bere eskumenen barruko aurrekontu-aldaketak onartzea, betebehar ekonomikoak aintzatestea eta halakoak ordain daitezela proposatzea Altxor Publikoko funtsen erabilera-planaren barruan, eta, horrez gain, muga batzuk ezartzea, zeintzuen azpitik eskumen horiek Estatu-idazkariei eta saileko idazkariordeari egokituko zaizkien, zein bere esparruaren barruan.

Ministroak Ministro Kontseiluari igorri behar dizkio haren eskumeneko aurrekontu-aldaketak, onar ditzan.

m) Kide anitzeko organo batean edo lantalde batean saila ordezkatu behar duen goi-organoaren edo zuzendaritza-organoaren titularra aurretiaz zehaztuta ez badago, ministerioak kide anitzeko organo edo lantalde horretan izango duen ordezkaria nor izango den erabakitzea.

n) Estatuko Kontu Orokorra egiteko beharrezkoak diren agiriak igortzea bere sailari, azaroaren 26ko 47/2003 Legean ezarrita dagoenaren arabera.

ñ) Administrazio-errekurtsoak ebaztea eta administrazio-egintzak kaltegarritzat jotzea, hala badagokio.

o) Sailaren berezko sariak ematea eta bidezkoak direnak proposatzea, bere arauei jarraikiz.

p) Sailaren gastu-kredituen kargura diru-laguntzak eta laguntzak ematea, eta muga batzuk ezartzea, zeintzuen azpitik diru-laguntza eta laguntza horiek Estatu-idazkariek eta saileko idazkariordeak eman ahalko dituzten.

q) Beren eskumenaren esparruan, sailaren enplegu planak eta sailaren mendeko erakunde publikoen enplegu planak proposatu eta egikaritzea.

r) Lanpostuen zerrendak aldatzea, eskumen hori sailari berari eskuordetzan eman bazaio, edo Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioari proposatzea bere eskumeneko lanpostuen zerrendak.

s) Arau-hauste oso astunengatik zerbitzutik kentzeko zehapena ezartzea.

t) Legeek, Gobernuaren antolakuntza eta funtzionamenduko arauek eta gainerako beste xedapenek esleitzen dizkieten beste eskumen guztiak erabiltzea.

62. artikulua.

Estatu-idazkariak.

1. Estatu-idazkariek zuzeneko erantzukizuna dute Gobernuak jarduera-sektore espezifiko batean egin beharrekoan.

Halaber, arloan arloko ministroak eskuordetzan emanda, ministroen ordezkariak izan ahalko dira beren eskumenen barruko gaietan, barnean direla nazioartean eragina dutenak; dena dela, Espainiaren eta beste estatu batzuen eta nazioarteko erakundeen arteko harremanak eraentzen dituzten arauak kontuan hartu beharko dira.

2. Estatu-idazkariek beren mendeko idazkaritzak eta zuzendaritza nagusiak zuzentzen eta koordinatzen dituzte, eta Estatu-idazkaritzarentzat ezarritako helburuak egikaritzeaz arduratzen dira ministroaren aurrean.

Horretarako, hau egin behar dute:

a) Esleitutako administrazio-jardueraren sektorean, organoa sortzeko arauak esleitzen dizkien edo ministroak eskuordetzan ematen dizkien eskumenak baliatzea, eta Estatu-idazkaritzaren kanpoko harremanak eramatea, legearen arabera ministroari erreserbatzen zaizkion kasuetan izan ezik.

b) Dagokien zuzendaritza-erantzukizunarekin bat doazen eskumenak baliatzea, eta zehazki, beren erakundeko helburuak lor daitezela eta proiektuak egikari daitezela bultzatzea; horretarako, betetzen direla kontrolatuko dute, atxikitako zuzendaritza-organoen jarduera gainbegiratuko dute eta organoen titularrei jarraibideak emango dizkiete.

c) Estatu-idazkaritzako zuzendariorde nagusiak izendatzea eta kargutik kentzea.

d) Gaiaren arabera eskudunak diren autonomia-erkidegoetako organoekin harremanak izatea.

e) Estatu-idazkaritzari atxikitako erakunde autonomoei zenbateko jakin batetik gora kontratatzeko aurretiazko baimena ematea, Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrean aurreikusita dagoenaren arabera.

f) Zerbitzu-eginkizunak baimentzea, kopuru zehatza duen kalte-ordaina jasotzeko eskubidearekin, Estatu-idazkaritzaren mendeko goi-kargudunentzat.

g) Dagokien Estatu-idazkaritzari buruzko kontratuak egitea, bai eta zein ministroren mendean dauden eta hari erreserbatuta ez dauden hitzarmenak ere; hala ere, baimena jaso beharko dute, hori aginduzkoa denean.

h) Diru-laguntzak eta laguntzak ematea Estatu-idazkaritzaren gastu-kreditu propioen kargura, sailaren titularrak ezarritako mugekin.

i) Bere mendeko zuzendaritza-organoen ebazpenen aurka aurkezten diren errekurtsoak ebaztea, egintzek administrazio-bidea agortzen ez badute, eta organo horien artean sortzen diren eskumen-gatazkak ere ebaztea.

j) Gaia dela-eta Estatu-idazkaritzarenak diren arloetan, ministerioaren aurrekontuetan dauden gastuetarako kredituak administratu, horietarako aurrekontu-aldaketak onartu, kreditu horien kargura gastuak onartu eta konprometitzea eta betebehar ekonomikoak aintzatetsi eta horien ordainketa proposatzea, Altxor Publikoko funtsak erabiltzeko planaren barruan.

Hori guztia, ministroak beren-beregi ezartzen duen kopuruaren barruan, baldin eta egintza horiek Ministro Kontseiluaren eskumenari ez badagozkio.

k) Indarrean dagoen legeriak ematen dizkion gainerako eskumenak.

63. artikulua.

Idazkariordeak.

1. Idazkariordeak Ministerioaren ordezkari arruntak dira, zerbitzu komunak zuzentzen dituzte, zerbitzu komun horiei dagozkien eskumenak baliatzen dituzte, eta kasu guztietan egiteko hauek dituzte:

a) Goi-organoei laguntzea Ministerioaren jarduera planifikatzen, egokiak diren aholku teknikoak emanez.

b) Ministroari laguntzea ministerioaren eta haren erakunde publikoen eraginkortasunaren kontrola egiten.

c) Ministerioaren zerbitzuak ikuskatzezko programak ezartzea, eta beharrezkoak diren jarduketak zehaztea, plangintza-, zuzendaritza- eta antolaketa-sistemak hobetzeko eta laneko prozedura eta metodoak arrazionalizatu eta sinplifikatzeko, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak definitutako esparruaren barruan.

d) Ministerioa antolatzeko neurriak proposatzea eta zerbitzu erkideen funtzionamendua zuzentzea, jarraibideen edo zerbitzu-aginduen bitartez.

e) Goi-organoei laguntzea lanpostu-zerrenden, enplegu-planen eta ministerioko eta haren erakunde publikoetako zuzendarien politikan, bai eta aurrekontuak egiten, betearazten eta jarraitzen, eta informazio- eta komunikazio-sistemak planifikatzen.

f) Saileko langile guztien buru izatea.

g) Ministroari aholku juridikoa emateaz arduratzea, hari dagozkion eginkizunak egiteko, eta, bereziki, arautze-ahalmena baliatzearen eta ministroaren eskumeneko administrazio-egintzak egitearen inguruan, eta Ministerioko gainerako organoei ere aholkua ematea.

Aurreko paragrafoaren haritik, beste ministerio batzuetako proposamenei edo arau-proiektu eta egintzei buruz txostenak egitea, erregelamenduaren arabera hori bidezkoa bada.

Horretarako, idazkariordea bidezkoak diren jarduketak koordinatzeaz arduratuko da, bai ministerioaren barruan, bai prozeduran esku hartu behar duten gainerako ministerioei dagokienez.

h) Idazkaritza nagusi teknikoa eta bere mendean dauden gainerako zuzendaritza-organoak zuzendu, bultzatu eta gainbegiratzeko ahalak baliatzea.

i) Gaia dela-eta idazkariordetzak berezko izanik ministerioaren aurrekontuetan dauden gastuetarako kredituak administratzea, horietarako aurrekontu-aldaketak onartzea, kreditu horien kargura gastuak onartu eta konprometitzea eta betebehar ekonomikoak aintzatestea eta horien ordainketa proposatzea, Altxor Publikoko funtsak erabiltzeko planaren barruan.

Hori guztia, ministroak beren-beregi ezartzen duen kopuruaren barruan, baldin eta egintza horiek Ministro Kontseiluaren eskumenari ez badagozkio.

j) Diru-laguntzak eta laguntzak ematea ministerioaren gastu-kreditu propioen kargura, sailaren titularrak ezarritako mugekin.

k) Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioari sailaren ardurapeko zerbitzuen xedeak betetzeko beharrezkoak diren higiezinen afektazioa edo errentamendua eskatzea.

l) Idazkariordetzaren mendeko zuzendariordeak eta horiekin parekatuak, izendapen askeko gainerako langileak eta saileko behin-behineko langileak izendatzea eta kargutik kentzea.

m) Funtzionarioen eta lan-kontratudunen hautaprobak deitu eta ebaztea.

n) Funtzionarioen lehiaketak deitu eta ebaztea.

ñ) Saileko langileen diziplina-ahala baliatzea arau-hauste astun edo oso astunengatik, zerbitzutik kentzea izan ezik.

o) Ministroaren zuzendaritzapean, ministerio-sailaren esparruko giza baliabideen eta baliabide materialen kudeaketa zentralizatua egiteko neurriak hartu eta bultzatzea.

p) Zerbitzu-eginkizunak baimentzea, kopuru zehatza duen kalte-ordaina jasotzeko eskubidearekin, ministroaren mendeko goi-kargudunentzat.

q) Ministerioko zerbitzu erkideei eta ministerioaren ordezkaritza arruntari dagozkion beste eginkizun guztiak, baita indarrean dagoen legeriak esleitzen dizkien guztiak ere.

2. Presidentetza Ministerioko Idazkariordetzak, Gobernuko Presidentetzaren Idazkaritza Nagusiarekin koordinatuta, sailen zerbitzu erkideen berezko eskumenak baliatuko ditu, Gobernuko Presidentetzaren arloari dagokionez.

3. Idazkariordeak Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez izendatuko dira, baita kargutik kendu ere, Ministerioaren titularrak hala proposatuta.

Izendapenak Estatuko, autonomia-erkidegoetako edo toki-erakundeetako A1 azpitaldeko karrerako funtzionarioen artean egin beharko dira, hain zuzen ere Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 76. artikuluan azaltzen diren horien artean.

Nolanahi ere, Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean ezarritako egokitasun-eskakizunak bete beharko dituzte.

64. artikulua.

Idazkari nagusiak.

1. Ministerio baten egitura arautzen duten arauetan aurreikusten bada idazkari nagusi bat egongo dela, administrazio-jardueraren sektore jakin batean dagozkion eskumenak zehaztu beharko dira.

2. Idazkari nagusiek beren zuzendaritza-erantzukizunarekin batera doazen eskumenak ) 62.2.b) artikuluak aurreikusitakoak) baliatzen dituzte mendeko organoen gainean, bai eta ministerioaren egiturari buruzko errege-dekretuak beren-beregi esleitzen dizkien guztiak.

3. Idazkari nagusiak, idazkariordeen kategoriarekin, Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez izendatuko dira, baita kargutik kendu ere, Ministerioaren titularrak edo Gobernuko presidenteak hala proposatuta.

Kualifikazioa eta kudeaketa publiko zein pribatuan erantzukizuneko postuak betetzen esperientzia duten pertsonen artean egin beharko dira izendapenak.

Nolanahi ere, Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean ezarritako egokitasun-eskakizunak bete beharko dituzte.

65. artikulua.

Idazkari nagusi teknikoak.

1. Idazkari nagusi teknikoek, zuzenean idazkariordearen mendean, sailaren egiturari buruzko errege-dekretuak esleitzen dizkien eskumenak izango dituzte zerbitzu erkideei buruz, eta kasu guztietan, arauak egiteari, laguntza juridikoari eta argitalpenei buruzko eskumenak.

2. Idazkari nagusiek, ondorio guztietarako, zuzendari nagusien kategoria dute, eta beren mendeko organoen gainean organo horri hurrengo artikuluaren arabera esleitzen zaizkion ahalak baliatzen dituzte.

3. Idazkari nagusi teknikoak Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez izendatuko dira, baita kargutik kendu ere, ministerioaren titularrak hala proposatuta.

Izendapenak Estatuko, autonomia-erkidegoetako edo toki-erakundeetako A1 azpitaldeko karrerako funtzionarioen artean egin beharko dira, hain zuzen ere apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 76. artikuluan azaltzen diren horien artean.

Nolanahi ere, Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean ezarritako egokitasun-eskakizunak bete beharko dituzte.

66. artikulua.

Zuzendari nagusiak.

1. Zuzendari nagusiak eginkizunen aldetik homogeneoak diren ministerioko arlo batzuen kudeaketaz arduratzen diren zuzendaritza-organoen titularrak dira.

Horretarako, egiteko hauek dagozkie:

a) Beren zuzendaritza nagusiko proiektuak proposatzea, ministroak ezarritako helburuak lortzeko, helburu horien betearazpena zuzentzeko eta behar bezala betetzen direla kontrolatzeko.

b) Zuzendaritza nagusiari esleitutako eskumenak nahiz deskontzentratzen direnak edo eskuordetzan ematen zaizkionak baliatzea.

c) Gainerako kasuetan ministroari edo haren mendeko organoaren titularrari zuzendaritza-organoaren arazoen ebazpen egokia, bidezkotzat jotzen duena, proposatzea.

d) Zuzendaritza-organoaren kudeaketa arrunta osatzen duten jarduerak bultzatu eta gainbegiratzea eta mendeko dituen organo eta unitate eta langileen jardunbide zuzenaren ardura izatea.

e) Legeek eta erregelamenduek ematen dizkioten gainerako ahalmenak.

2. Zuzendari nagusiak Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez izendatuko dira, baita kargutik kendu ere, sailaren titularrak edo Gobernuko Presidenteak hala proposatuta.

Izendapenak Estatuko, autonomia erkidegoetako edo toki-erakundeetako A1 azpitaldeko karrerako funtzionarioen artean egin beharko dira, hain zuzen ere apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 76. artikuluan azaltzen diren horien artean, salbu eta egiturari buruzko errege-dekretuak, zuzendaritza nagusiaren eginkizunen ezaugarri bereziak kontuan hartuta, baimena ematen badu titularra funtzionario ez izateko; hala gertatuz gero, arrazoitutako memoria baten bidez azaldu beharko da salbuespenezko inguruabar hori justifikatzen duten ezaugarriak daudela.

Nolanahi ere, Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean ezarritako egokitasun-eskakizunak bete beharko dituzte.

67. artikulua.

Zuzendariorde nagusiak.

1. Zuzendariorde nagusiak esleitzen zaizkien proiektu, helburu edo jarduerak betearaztearen eta zuzendariordetza nagusiaren eskumeneko gaien kudeaketa arrunta egitearen arduradunak dira, zuzendari nagusiak edo, zein organoren mendean dauden, organo horren titularrak gainbegiratuta.

2. Zein ministro, estatu-idazkari edo idazkariorderen mendean dauden eta hark izendatuko ditu, baita kargutik kendu ere, zuzendariorde nagusiak, berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioak kontuan hartuta.

Izendapenak Estatuko edo beste administrazio batzuetako A1 azpitaldeko karrerako funtzionarioen artean egin beharko dira, hain zuzen ere apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 76. artikuluan azaltzen diren horien artean.

68. artikulua.

Ministerioen zerbitzu erkideei buruzko erregela orokorrak.

1. Zuzendaritza-organoak zerbitzu erkideez arduratzen dira, ministerioko gainerako goi-organo eta zuzendaritza-organoei laguntza ematen diete beren egitekoak behar bezala betetzeko, eta bereziki, esleituta dituzten bitarteko eta baliabide materialak, ekonomikoak eta pertsonalak modu efizientean erabiltzeko.

Zerbitzu erkideek aholkularitza eta laguntza teknikoa eman behar dituzte, baita zuzeneko kudeaketa egin ere, hurrengo eginkizun hauek direla-—eta: plangintza, programazioa eta aurrekontuak; nazioarteko harremanak; kanpo ekintza; antolakuntza eta giza baliabideak; informazio eta komunikazioko sistemak; araugintza; laguntza juridikoa; finantza-—kudeaketa; baliabide materialak eta zerbitzu laguntzaileak kudeatzea; zerbitzuen jarraipena, kontrola eta ikuskaritza; estatuaren xedeetarako estatistika; eta argitalpenak.

2. Sail bakoitzean, zerbitzu erkideek Estatuaren Administrazio Orokorrean eginkizun erkide horiei buruzko eskumena duten ministerioek hartutako xedapen eta gidalerroen arabera jarduten dute.

Dena dela, baliteke zerbitzu-erkide batzuetan eskumena duten organo jakin batzuk eginkizunen edo hierarkiaren aldetik ministerio horien mendean egoten jarraitzea.

3. Errege-dekretu bidez zerbitzu erkide batzuen kudeaketa konpartitua aurreikusi ahalko da. Hori, honela egin ahalko da:

a) Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak zuzenean koordinatu ahalko du, edo, bestela, ministerio horrekin lotutako edo haren mendeko erakunde autonomo batek; horiek zerbitzu erkide horietako batzuk emango dizkiete beste ministerio batzuei.

b) Ministerio bakoitzeko idazkariordetzarekin zuzenean koordinatu ahalko da, edo, bestela, ministerio horrekin lotutako edo haren mendeko erakunde autonomo batekin; horrek zerbitzu erkide horietako batzuk emango dizkie beste ministerio batzuei.

Zerbitzu erkideetako batzuen kudeaketa konpartitua zehazteko errege-dekretuak zehaztuko du unitate bakoitzean zerbitzu hori orain arte eman duten langileen mendekotasun organiko eta funtzionalaren araubidea.

III. KAPITULUA

Lurralde-organoak

1. atala.) Estatuaren Administrazio Orokorraren lurralde-antolakuntza

69. artikulua.

Gobernuaren ordezkaritzak eta ordezkariordetzak.

1. Gobernuaren ordezkaritza bat egongo da autonomia-erkidego bakoitzean.

2. Autonomia-erkidegoko gobernu-kontseilua dagoen udalerrian, bertan izango dute egoitza Gobernuaren ordezkaritzek, salbu eta Ministro Kontseiluak beste udalerri batean jartzea erabakitzen badu, hargatik eragotzi gabe Autonomia Estatutuak beren-beregi xedatzen duena.

3. Gobernuaren ordezkaritzak organikoki Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioari atxikita daude.

4. Probintzia anitzeko autonomia-erkidegoetako probintzia bakoitzean Gobernuaren ordezkariorde bat egongo da, eta hori zuzenean Gobernuaren ordezkariaren mendean egongo da.

Errege-dekretu bidez sortu ahalko dira Gobernuaren ordezkariordetzak probintzia bakarreko autonomia-erkidegoetan, lurraldeko biztanleriarengatik, kudeaketaren bolumenarengatik edo berezitasun geografiko, sozial edo ekonomikoengatik hala justifikatuta badago.

70. artikulua.

Estatuaren Administrazio Orokorraren uharte-zuzendariak.

Estatuaren Administrazio Orokorraren uharte-zuzendaria zein uhartetan egongo den zehaztuko da erregelamendu bidez, eta zuzendari horren maila lanpostuen zerrendan zehaztuko da.

Zuzendari horiek Gobernuaren ordezkariak izendatuko ditu izendapen askearen prozeduraren bidez, Estatuko, autonomia-erkidegoetako edo toki-erakundeetako A1 azpitaldean sailkaturiko kidego edo eskaletako karrerako funtzionarioen artean.

Uharte-zuzendariak, hierarkikoki, Gobernuak autonomia-erkidegoan duen ordezkariaren edo Gobernuak probintzian duen ordezkariordearen mendean daude, baldin eta kargu hori badago, eta beren lurralde-eremuan, lege honek Gobernuak probintzietan dituen ordezkariordeei esleitzen dizkien eskumenak baliatuko dituzte.

71. artikulua.

Lurralde-zerbitzuak.

1. Estatuaren Administrazio Orokorrak autonomia-erkidegoan dituen lurralde-zerbitzuak Gobernuaren ordezkaritzetan integratutako edo horietako integratu gabeko zerbitzuen bidez antolatuko dira, beren xedeak betetzeko onena dena kontuan hartuta.

2. Gobernuaren ordezkaritzetan integratu gabeko lurralde-zerbitzuen antolaketa errege-dekretu bidez ezarriko da, zein ministerioren mendean dauden eta horren titularrak eta ministerioan Estatuaren Administrazio Orokorreko eta haren erakunde publikoetako antolakuntza-egiturak arrazionalizatu, aztertu eta ebaluatzeko eskumena esleituta duen titularrak batera hala proposatuta, zuzendariordetza nagusiaren maila edo baliokidea duten unitateak aurreikusita badaude, edo baterako aginduaren bidez, beheragoko organoei eragiten badie.

3. Zein jarduera-sektoretan jarduten duten, integratu gabeko lurralde-zerbitzuak sektore horretan eskuduna den organo zentralaren mendean egongo dira. Organo horrek ezarriko dizkie jarduketa-helburu zehatzak, eta helburu horien betearazpena kontrolatuko du, bai eta zerbitzuen funtzionamendua ere.

4. Integratutako lurralde-zerbitzuak Gobernuaren ordezkariaren mendean egongo dira, edo kasuan kasu, Gobernuaren ordezkariordearen mendean, idazkaritza nagusiaren bitartez, eta gaiaren arabera eskuduna den ministerioak ezarritako jarraibide teknikoen eta irizpide operatiboen arabera jardungo dute.

2. atala.) Gobernuak autonomia-erkidegoetan dituen ordezkariak

72. artikulua.

Gobernuak autonomia-erkidegoetan dituen ordezkariak.

1. Gobernuaren ordezkariek Nazioaren Gobernua ordezkatzen dute dagokien autonomia-erkidegoko lurraldean. Dena dela, Estatuak lurralde horretan ordezkaritza arrunta izango du autonomia-erkidegoko lehendakariaren bitartez.

2. Gobernuaren ordezkariek Estatuaren Administrazio Orokorra zuzendu eta gainbegiratuko dute dagokien autonomia-erkidegoko lurraldean, eta autonomia-erkidego bakoitzaren administrazioarekin eta erkidego horretan dauden toki-erakundeen administrazioarekin koordinatuko dute Estatuaren administrazioa, barnean, hala behar duenean.

3. Gobernuaren ordezkariak idazkariordearen maila duten zuzendaritza-organoak dira; organikoki, Gobernuko presidentearen mendean daude, eta eginkizuneei dagokienez, gaiaren arabera eskuduna den ministerioaren mendean.

4. Gobernuaren ordezkariak Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez izendatuko dira, baita kargutik kendu ere, Gobernuko presidenteak hala proposatuta.

Lanbide-gaitasunaren eta esperientziaren irizpideei jarraituko zaie Gobernuaren ordezkariak izendatzeko.

Nolanahi ere, Estatuaren Administrazio Orokorreko goi-karguan aritzea arautzen duen martxoaren 30eko 3/2015 Legean ezarritako egokitasun-eskakizunak bete beharko dituzte.

5. Gobernuaren ordezkaritzaren titular lanpostua hutsik badago, edo ordezkaria bera falta bada nahiz gaixorik badago, ordezkariak izendatzen duen Gobernuaren ordezkariordeak ordezkatuko du, eta halakorik ez badago, egoitza zein probintziatan dagoen eta bertako ordezkariordeak.

Ordezkariorderik ez dagoen probintzia bakarreko autonomia-erkidegoetan, ordezkapena idazkari nagusiak egin beharko du.

73. artikulua.

Gobernuak autonomia-erkidegoetan dituen ordezkarien eskumenak.

1. Gobernuak autonomia-erkidegoetan dituen ordezkariak Gobernuaren ordezkaritzen titularrak dira, eta kapitulu honetan ezarrita dagoenaren arabera, eskumen hauek dituzte:

a) Estatuaren Administrazio Orokorra eta haren erakunde publikoak zuzendu eta koordinatzea:

1.a) Autonomia-erkidegoan horien jarduera orokorrean bultzatu, koordinatu eta gainbegiratzea, eta zerbitzu integratuak direnean, jarduera hori zuzentzea, zuzenean edo gobernuaren ordezkariordeen bitartez, ministerioetako goi-organoen helburuen eta, bidezkoa izanez gero, jarraibideen arabera.

2.a) Beren jarduera-eremuko probintzietan, Gobernuaren ordezkariordeak eta, bidezkoa bada, uharte-zuzendariak izendatzea, eta nagusi hierarkikoak diren aldetik, haien jarduera zuzendu eta koordinatzea.

3.a) Gobernuaren ordezkaritzan, Estatuaren Administrazio Orokorraren lurralde-organoen eta autonomia-erkidegoko eta probintziako eremuko erakunde publikoen titularrak izendatzeko proposamenei buruz nahitaez txostenak egitea.

b) Herritarrei informazioa ematea gobernuaren jarduerari buruz:

1.a) Autonomia Erkidegoan Gobernuaren eta Estatuaren Administrazio Orokorraren eta haren erakunde publikoen programa eta jarduerei buruzko informazioa koordinatzea.

2.a) Herritarrentzako informazioari dagokionez, gainerako administrazio publikoekiko lankidetza sustatzea.

3.a) Ministerioen informazioa ematea, lurralde batzuetan eta besteetan haien lurralde-zerbitzuek eta erakunde publikoek egin behar dituzten plan eta programei buruz.

4.a) Urtero, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren titularraren bitartez, Gobernuari txosten bat igortzea estatuak autonomia-erkidegoaren esparruan dituen zerbitzu publikoen funtzionamenduari buruz.

c) Beste administrazio publiko batzuekin koordinatzea eta elkarlanean aritzea:

1.a) Gobernuak eta autonomia-erkidegoko gobernu-organoak behar duten informazio guztia jakinarazi eta jasotzea.

Eginkizun horiek toki-erakundeekin ere egingo ditu, haien lurralde-eremuan, toki-erakunde horietako lehendakarien bitartez.

2.a) Alde batetik Estatuaren Administrazio Orokorraren eta haren erakunde publikoen eta, bestetik, autonomia-erkidegoaren eta bertako toki-erakundeen artean koordinazioko eta lankidetzako harremanak mantentzea.

Horretarako, autonomia-erkidegoarekin eta bertako toki-erakundeekin hitzarmenak egin daitezela sustatuko du, bereziki, estatuaren finantzaketa duten programei dagokienez, eta programa horien egikaritzapen eta betearazpenaren jarraipenean parte hartuko du.

3.a) Transferentzien batzorde mistoetan eta lankidetzako alde biko batzordeetan parte hartzea, bai eta antzeko beste lankidetza-organo batzuetan ere, hala zehazten bada.

d) Legezkotasun-kontrola:

1.a) Ordezkaritzako organoek emandako ebazpen eta egintzen aurka administrazio-bidean aurkeztutako errekurtsoak ebaztea, betiere gaiaren arabera eskuduna den ministerioak txostena egin ondoren.

Gobernuaren ordezkariaren ebazpen eta egintzak aurkaratzen badira, horien aurka administrazio-bidean errekurtsoa jarri ahal bada eta administrazio-errekurtsoa agortzen ez badute, aurkaratze horien ebazpena gaiaren arabera eskuduna den ministerioko organoek emango dute.

Administrazio publikoen ondare-erantzukizunagatiko erreklamazioak gaiaren arabera eskuduna den ministerioak izapidetuko ditu, eta sail horren titularrak ebatziko ditu.

2.a) Gobernuaren ordezkaritzak agindu dituen eta aurkaratu diren egintzen betearazpena etetea, errekurtsoa ebaztea dagokionean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 117.2 artikuluaren arabera, eta gainerako kasuetan eteteko proposamena egitea, eta berdin jokatuko da Gobernuaren ordezkaritzan integratuta ez dauden zerbitzuek agindu dituzten eta aurkaratu diren egintzei dagokienez ere.

3.a) Konstituzioak Estatuari esleitutako eskumenak betetzen direla eta Estatuko araudia behar bezala aplikatzen dela begiratzea; horretarako, bidezkoa denaren arabera jurisdikzio-gatazkak, eskumen-gatazkak, errekurtsoak eta legearen arabera bidezkoak diren gainerako ekintzak sustatu edo egitea.

e) Politika publikoak:

1.a) Kasu bakoitzean eskudunak diren ministerioei komenigarritzat jotzen dituen proposamenak egitea, lurralde-zerbitzuek egikaritu behar dituzten plan eta programetan eta erakunde publikoenetan bildutako helburuei buruz, eta aldizka informazioa ematea ministerio eskudunei, beren lurralde-zerbitzuen kudeaketari buruz.

2.a) Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroari beharrezkoak diren neurriak proposatzea administrazio-egiturak ez bikoizteko Estatuaren Administrazio Orokorrean nahiz beste administrazio publiko batzuetan, eraginkortasun eta efizientzia printzipioen arabera.

3.a) Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako ministroari Estatuaren Administrazio Orokorraren giza baliabideen planetan sartzeko neurriak proposatzea.

4.a) Nork bere lurralde-eremuan, giza baliabideak eta baliabide materialak hobetzeko neurriei buruz txostenak egitea, bai eta sail bati baino gehiagori eragiten dieten neurriei buruz ere.

Bereziki, Gobernuaren ordezkariei dagokie, Administrazio Publikoen Ondareari buruzko azaroaren 3ko 33/2003 Legean ezarrita dagoenaren arabera, haien lurralde-eremuan Estatuaren Administrazio Orokorraren eta haren mendeko erakunde publikoen administrazio-eraikinen erabilera koordinatzea, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak eta Estatuko Ondarearen Zuzendaritza Nagusiak ezarritako gidalerroen arabera.

2. Halaber, Gobernuaren ordezkariek zehatzeko ahala, desjabetzeko ahala eta arauek esleitzen dizkieten ahal guztiak baliatuko dituzte, bai eta deskontzentratzen edo eskuordetzan ematen zaizkienak ere.

3. Gobernuaren ordezkariek eskubide eta askatasunak libreki baliatzen direla babestu behar dute, eta herritarren segurtasuna bermatu behar dute, Gobernuaren ordezkariordeen eta Segurtasun Indar eta Kidegoen bitartez. Hain zuzen ere, horien buruzagia Gobernuaren ordezkaria izango da, eta hark baliatuko ditu arlo horretan Estatuaren eskumenak, eginkizunei dagokienez Barne Arazoetako Ministerioaren mendean.

4. Lurralde-zerbitzuei dagokienez, Gobernuaren ordezkariek, artikulu honetan jasotzen diren eskumenak baliatzeko, zerbitzu horien titularrei informazioa eskatu ahalko diete haien jarduerari, antolakuntza-egiturei, giza baliabideei, ondasun higiezinen inbentarioei edo egokitzat jotzen dituzten gaiei buruz, lurraldean estatuaren zerbitzuak modu koordinatu eta eraginkorrean kudeatzen direla bermatzeko.

3. atala.) Gobernuak probintzietan dituen ordezkariordeak

74. artikulua.

Gobernuak probintzietan dituen ordezkariordeak.

Probintzia bakoitzean eta zuzenean Gobernuak autonomia-erkidegoan duen ordezkariaren mendean, Gobernuaren ordezkariorde bat egongo da. Ordezkariorde hori ordezkariak izendatuko du, izendapen askearen bidez, Estatuko, autonomia-erkidegoetako edo toki-erakundeetako A1 azpitaldean sailkaturiko kidego edo eskaletako karrerako funtzionarioen artetik.

Ordezkariorderik ez dagoen probintzia bakarreko autonomia-erkidegoetan, Gobernuaren ordezkariak hartuko ditu bere gain lege honek Gobernuak probintzietan dituen ordezkariordeei ematen dizkien eskumenak.

75. artikulua.

Gobernuak probintzietan dituen ordezkariordeen eskumenak.

Gobernuaren ordezkariordeei hau dagokie:

a) Dagokion Autonomia-erkidegoarekin eta toki-erakundeekin komunikazio eta lankidetza eginkizunak betetzea, eta bereziki, estatuko finantzaketa-programek lurraldean duten eraginari buruzko informazioa ematea.

Zehazki, eginkizun hauek dagozkie:

1.a) Alde batetik Estatuaren Administrazio Orokorraren eta haren erakunde publikoen eta, bestetik, autonomia-erkidegoaren eta bertako toki-erakundeen artean koordinazioko eta lankidetzako harremanak mantentzea, probintziaren eremuan.

2.a) Gobernuak eta autonomia-erkidegoko gobernu-organoak behar duten informazio guztia jakinarazi eta jasotzea.

Eginkizun horiek toki-erakundeekin ere egingo ditu haien lurralde-eremuan, kasuan kasuko lehendakarien bitartez.

b) Eskubide eta askatasunak libreki baliatzen direla babestea, eta herritarren segurtasuna bermatzea, hori guztia arlo horretako estatuaren eskumenak baliatuz.

Horretarako, probintzian Segurtasun Indar eta Kidegoak zuzenduko ditu.

c) Probintziaren eremuan babes zibila zuzendu eta koordinatzea.

d) Bidezkoa bada, Estatuaren Administrazio Orokorrean integratutako zerbitzuak zuzentzea, Gobernuaren ordezkariaren eta dagozkion ministerioen jarraibideen arabera; eta integratu gabeko zerbitzuak bultzatu, gainbegiratu eta ikuskatzea.

e) Bere eskumenen barruko lurralde-eremuan baliabide materialen eta, bereziki, administrazio-eraikinen erabilera koordinatzea.

f) Zehatzeko ahala eta arauek esleitzen dizkieten ahal guztiak baliatzea, bai eta deskontzentratzen edo eskuordetzan ematen zaizkienak ere.

4. atala.) Gobernuaren ordezkaritzen egitura

76. artikulua.

Gobernuaren ordezkaritzen eta ordezkariordetzen egitura.

1. Gobernuaren ordezkaritzen eta ordezkariordetzen egitura Ministro Kontseiluaren errege-dekretu bidez ezarriko da, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak hala proposatuta, Gobernuaren ordezkaritzen mendetasun organikoarengatik, eta kasu guztietan idazkaritza nagusi bat izango dute, Gobernuaren Ordezkarien mendekoa, edo bidezkoa bada, Ordezkariordeen mendekoa, zerbitzu erkideak kudeatzeko organo gisa. Idazkaritza nagusi horren mendean egongo dira bertan integratuta dauden zerbitzuak, bai eta lanpostuen zerrendan zehazten diren zerbitzu eta unitateak ere.

2. Gobernuaren ordezkaritzetan lurralde-zerbitzu berriak integratzeko edo lehendik integratuta dauden lurralde-zerbitzu berriak bereizteko, Ministro Kontseiluaren errege-dekretua emango da, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak hala proposatuta, Gobernuaren ordezkaritzen mendetasun organikoarengatik, eta jarduera-arloan eskumena duen ministerioak ere hala proposatuta.

77. artikulua.

Gobernuaren ordezkaritza eta ordezkariordetzen laguntza juridikoa eta ekonomia- eta finantza-kontrola.

Laguntza juridikoa eta kontu-hartzailetzako eta ekonomia- eta finantza-kontroleko eginkizunak, Gobernuaren ordezkaritza eta ordezkariordetzei dagokienez, Estatuaren Abokatutzak eta Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak egingo dituzte, haien araudi espezifikoaren arabera.

5. atala. Kide anitzeko organoak

78. artikulua.

Estatuaren Administrazio Periferikoaren Koordinazioko Ministerio arteko Batzordea.

1. Estatuaren Administrazio Periferikoaren Koordinazioko Ministerio arteko Batzordea kide anitzeko organoa da, eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioari atxikita dago.

2. Estatuaren Administrazio Periferikoaren Koordinazioko Ministerio arteko Batzordea Estatuaren Administrazio Periferikoaren jarduera ministerio-sail batzuekin eta besteekin koordinatzeaz arduratuko da.

3. Errege-dekretu bidez ezarriko dira haren eskumenak, osaera eta funtzionamendua.

79. artikulua.

Gobernuaren ordezkariari eta ordezkariordeari laguntzeko kide anitzeko organoak.

1. Probintzia anitzeko autonomia-erkidego bakoitzean, Gobernuaren ordezkariari laguntzeko lurralde-batzorde bat egingo da. Batzorde horrek honako ezaugarri hauek izango ditu:

a) Burua Gobernuak Autonomia-erkidegoan duen ordezkaria izango da, eta erkidego horretako probintzietan Gobernuak dituen ordezkariordeek osatuko dute.

b) Batzorde horren bileretara joan beharko dute lurraldeko organo eta zerbitzuetako titularrek, integratuta egon zein ez, baldin eta Gobernuaren ordezkariak egokitzat jotzen badu.

c) Batzorde horrek betiere honako eginkizun hauek beteko ditu:

1.a) Autonomia-erkidegoan modu homogeneoan egin beharreko jarduketak koordinatzea, Gobernuak lurralde-zerbitzuei ezarritako helburu orokorrak betetzen direla ziurtatzeko.

2.a) Bere lurralde-eremuan politika publikoen garapena homogeneizatzea, jarduketa-irizpide komun batzuk ezarriz. Irizpide horiek bateragarriak izan beharko dute ministerio-sail batzuen eta besteen jarraibide eta helburuekin.

3.a) Gobernuak autonomia-erkidegoan duen ordezkariari aholkua ematea, administrazioa sinplifikatzeko eta baliabideen erabilera arrazionalizatzeko proposamenak egitean.

4.a) Autonomia-erkidegoan Gobernuak duen ordezkariaren iritziz lurralde-batzordeak laguntzako eta aholkularitzako helburua bete dezan egokiak direnak, helburu hori lege honek esleitzen dizkion eskumenen barruan dagoen aldetik.

2. Probintzia bakarreko autonomia-erkidegoetan Gobernuaren ordezkariari laguntzeko batzorde bat egongo da. Batzorde horretako burua Gobernuaren ordezkaria izango da, eta kideak, berriz, idazkari nagusia eta integratutako nahiz integratu gabeko lurraldeko organo eta zerbitzuen titularrak, Gobernuaren ordezkariak egokitzat jotzen dituen horiek, aurreko zenbakian azaldu diren eginkizunekin.

3. Gobernuaren ordezkariordetza bakoitzean Gobernuaren ordezkariordeari laguntzeko batzorde bat egongo da. Batzorde horretako burua Gobernuaren ordezkariordea izango da, eta kideak, berriz, idazkari nagusia eta integratutako nahiz integratu gabeko lurraldeko organo eta zerbitzuen titularrak, Gobernuaren ordezkariak egokitzat jotzen dituen horiek, aurreko zenbakian probintzia-eremuari buruz azaldu diren eginkizunekin.

IV. KAPITULUA

Estatuaren Administrazio Orokorra, kanpoan

80. artikulua.

Estatuaren Kanpo Zerbitzua.

Estatuaren Kanpo Zerbitzua, bere osaerari, antolakuntzari, eginkizunei, integrazioari eta langileei dagokienez, Estatuaren Kanpo Ekintzari eta Zerbitzuari buruzko martxoaren 25eko 2/2014 Legean eta lege hori garatzeko araudian xedatuta dagoenak eraenduko du, eta ordezko moduan, lege honetan xedatuta dagoenak.

II. TITULUA

Sektore publiko instituzionalaren antolakuntza eta funtzionamendua

I. KAPITULUA

Sektore publiko instituzionala

81. artikulua.

Jarduteko printzipio orokorrak.

1. Sektore publiko instituzionala osatzen duten erakundeek, beren jarduerari dagokionez, printzipio hauek bete beharko dituzte: legezkotasuna, efizientzia, aurrekontu-egonkortasuna, finantza-iraunkortasuna, eta kudeaketako gardentasunaren printzipioa.

Bereziki, langileria arloan, aurrekontu-araudian ezarritako mugen eta aurrekontu orokorretako urteko aurreikuspenen arabera jardungo dute.

2. Administrazio publiko guztiek beren mendeko entitateak etengabe gainbegiratzeko sistema bat ezarri beharko dute, halako entitateak sortzea justifikatu zuten arrazoiek irauten dutela eta finantza arloan iraunkorrak direla egiaztatzeko. Sistema horren barruan, espresuki azaldu behar dira mantentzeko, eraldatzeko edo azkentzeko proposamenak.

3. Autonomia-erkidegoko eta tokiko administrazioarekin lotutako eta haren mendeko erakunde eta entitateak lege honen oinarrizko xedapenek eraenduko dituzte, aplikatu behar bazaizkie, eta bereziki, I. eta IV. kapituluan eta 129. eta 134. artikuluetan nahiz atxikita dauden administrazioaren araudi propioan xedatuta dagoenak.

82. artikulua.

Estatuko, Autonomia-erkidegoko eta tokiko sektore publikoko entitateen inbentarioa.

1. Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioa administrazio-erregistro publikoa da. Bermatu egiten du informazio publikoa, baita sektore publiko instituzionala osatzen duten entitate guztien antolamendua ere, edozein izanik entitate horien izaera juridikoa.

Inbentario hori integratu eta kudeatzeaz Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusia arduratuko da, eta autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek inbentarioa eratu eta mantentzeko bidalitako informazioa atzitu eta tratatzeaz Maila Autonomikoa eta Tokikoa Koordinatzeko Idazkaritza Nagusia arduratuko da.

2. Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioak informazio eguneratu hau bilduko du, gutxienez, sektore publiko instituzionaleko entitate bakoitzari buruz: izaera juridikoa, xedea, finantzaketa-iturriak eta jabari-egitura, bidezkoa bada, bitarteko propioa den, kontabilitate-, aurrekontu- eta kontrol-araubideak, eta sailkapena, kontabilitate nazionalari dagokionez.

3. Gutxienez, sektore publiko instituzionaleko edozein entitateren sorrera, eraldaketa, bategitea edo azkentzea, edozein dela ere entitate horien izaera juridikoa, Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatuko da.

83. artikulua.

Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatzea.

1. Entitateko zuzendaritza-organo gorenaren titularrak, dagokion administrazioaren kontu-hartzailetza nagusiaren bitartez, entitatearen sorrera, eraldaketa, bategite edo azkentzeari buruzko egintzak Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan behin betiko inskribatzeko beharrezkoa den informazioa jakinaraziko du, hogeita hamar laneguneko epean, inskribatu beharreko egintza gertatzen denetik.

Jakinarazpen horretan, inguruabar hori egiaztatzeko agiriak aurkeztuko dira.

2. Sektore publiko instituzionaleko edozein entitate Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan behin betiko inskribatuko da honako erregela hauei jarraikiz:

a) Entitateko zuzendaritza-organo gorenaren titularrak, dagokion administrazioaren kontu-hartzailetza nagusiaren bitartez, sorrerako araua edo egintza juridikoa jakinaraziko dio Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioari, bitarteko elektronikoak erabiliz, 30 eguneko epean, araua edo egintza ) bidezkoa dena) indarrean jartzen denetik aurrera.

Jakinarazpenarekin batera aurkeztuko da araua argitaratu deneko aldizkari ofizialaren kopia edo argitalpen elektronikorako lotura, edo sorrerako egintza juridikoaren kopia, bai eta bidezkoak diren frogagiri guztiak ere, adibidez estatutuak edo jarduketa-plana.

b) Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskripzioa egingo da inskribatzeko eskaria jaso eta hurrengo 15 laneguneko epean.

c) Zerga-administrazioak izaera juridikoaren arabera entitateari dagozkion behin betiko Identifikazio Fiskaleko Zenbakia eta identifikazio-letra esleitzeko, entitatea Estatuko, Autonomia Erkidegoko eta Tokiko Sektore Publikoko Entitateen Inbentarioan inskribatu izanaren egiaztagiria aurkeztu beharko da.

II. KAPITULUA

Estatuko sektore publiko instituzionalaren antolakuntza eta funtzionamendua

84. artikulua.

Estatuko sektore publiko instituzionalaren osaera eta sailkapena.

1. Estatuko sektore publiko instituzionalaren barnean honako entitate hauek daude:

a) Estatuaren Administrazio Orokorrari lotutako edo haren mendeko erakunde publikoak. Erakunde publiko horiek honela sailkatzen dira:

1.a) Erakunde autonomoak.

2.a) Enpresa-entitate publikoak.

b) Administrazio-agintaritza independenteak.

c) Estatuko merkataritza-sozietateak.

d) Partzuergoak.

e) Sektore publikoko fundazioak.

f) Nortasun juridikorik gabeko funtsak.

g) Transferitu gabeko unibertsitate publikoak.

2. Estatuaren Administrazio Orokorrak edo sektore publiko instituzionaleko entitate batek, berez nahiz beste entitate publiko edo pribatu batzuekin lankidetzan, ezingo du sortu artikulu honetan azaldu direnez bestelako entitaterik, ezta sortutako entitateak zuzenean edo zeharka kontrolatu, edozein direla ere entitate horien izaera eta araubide juridikoa.

Zenbaki honetan xedatuta dagoena ez zaio aplikatuko Estatuak nazioarteko erakundeetan edo nazioz gaindiko entitatean izan dezakeen parte-hartzeari, ezta normalizazio eta egiaztapenerako erakunde nazionaletan izan dezakeen parte-hartzeari.

3. Transferitu gabeko unibertsitate publikoak azaroaren 26ko 47/2003 Legean xedatuta dagoenaren artean aplikatu behar zaienak eraenduko ditu; beren araudi espezifikoan aurreikusita ez dagoen guztian, berriz, lege honetan xedatuta dagoenak eraenduko ditu.

85. artikulua.

Eraginkortasuna kontrolatzea eta etengabe gainbegiratzea.

1. Estatuko sektore publiko instituzionaleko entitateen eraginkortasuna kontrolatu beharko da eta etengabe gainbegiratu beharko dira, hargatik eragotzi gabe110. artikuluan ezarrita dagoena.

Horretarako, estatuko sektore publiko instituzionaleko entitate guztiek, sortzen diren unean, jarduketa-plan bat izango dute. Plan horretan bilduko dira entitatearen jardueraren ardatz izango diren ildo estrategikoak. Ildo horiek hiru urterik behin berraztertuko dira, eta jarduketa-plana osatzeko, sorrera-plana hurrengo ekitaldirako garatuko duten urteko planak egingo dira.

2. Zein saili dauden atxikita, hark egingo du eraginkortasunaren kontrola, zerbitzuen ikuskaritzen bidez. Kontrol horren xedea entitatearen jarduera espezifikoaren helburuak betetzen diren eta baliabideak behar bezala erabiltzen diren ebaluatzea izango da, jarduketa-planean eta plan horren urteroko eguneraketetan ezarrita dagoenaren arabera. Dena dela, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak ere kontrola egin ahalko du, azaroaren 26ko 47/2003 Legearen arabera.

3. Estatuko sektore publikoko entitate guztiak, sortzen direnetik azkentzen diren arte, Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak etengabe gainbegiratuko ditu, Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiaren bitartez. Azken horrek zainduko du lege honetan ezarritako baldintzak betetzen diren.

Bereziki, honako hau egiaztatuko du gutxienez:

a) Sortzea justifikatu zuten inguruabarrek irauten dutela.

b) Finantza arloan iraunkorrak direla.

c) Sorrera justifikatu zuten xedeak urratzeari buruz lege honetan aurreikusten den suntsitze-zioa gertatu dela edo zio horiek gertatzen jarraitzea xede horiek lortzeko modurik egokiena ez dela.

Etengabe gainbegiratzeari dagozkion plangintza, egikaritzapen eta ebaluazio-jarduketak erregelamendu bidez zehaztuko dira.

4. Eraginkortasuna kontrolatzeko eta etengabe gainbegiratzeko jarduketetan honako hau hartuko da kontuan:

a) Erabilgarri dagoen ekonomia- eta finantza-informazioa.

b) Eraginkortasuna kontrolatzeko eta etengabe gainbegiratzeko sistemaren mendean dauden erakunde publiko eta entitateek informazioa ematea.

c) Ministerio-sailen zerbitzuetako ikuskaritzen proposamenak.

Atxikita dagoen ministerioak eta Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioak egindako ebaluazioa txosten batean azalduko dira. Kontraesan-prozeduraren mendean jarriko den txosten horretan, zein ondorio atera diren kontuan hartuta, erakunde publikoa edo entitatea hobetzeko gomendioak edo eraldatzeko edo suntsitzeko proposamena jaso ahalko da.

86. artikulua.

Baliabide propioa eta zerbitzu teknikoa.

1. Sektore publiko instituzionaleko entitateak botere esleitzaileen eta botere esleitzaile ez diren gainerako ente eta sozietateen baliabide propio eta zerbitzu teknikotzat jo ahalko dira baldin eta azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Sektore Publikoaren Kontratuen Legearen Testu Bateginean ezarritako baldintza eta eskakizunak betetzen badituzte.

2. Baliabide propio eta zerbitzu teknikotzat joko dira baldin eta egiaztatzen bada sorrerako arau edo akordioaren arabera beren sozietate-xedearekin bat datorren jarduera-sektorean prestazioak emateko baliabide nahiko eta egokiak izateaz gain inguruabar hauetako bat gertatzen dela:

a) Kontratazio publikoa baino aukera efizienteagoa da eta iraunkorra eta eraginkorra da, errentagarritasun ekonomikoko irizpideak aplikatuta.

b) Beharrezkoa da segurtasun publikoko arrazoiengatik edo baliabide propioak edo zerbitzu teknikoak emandako ondasun edo zerbitzuak edukitzeko premiarengatik.

Baliabide propio eta zerbitzu teknikoak kontrolatzean, egiaztatu beharko da aipatutako eskakizun horiek betetzen direla.

Baliabide propio diren sektore publiko instituzionaleko entitateen izendapenean nahitaez agertu beharko da «Baliabide Propioa» adierazpena edo horren laburtzapena, «B.P.».

3. Baliabide propio edo zerbitzu teknikoaren deklarazioarekin batera, justifikaziorako memoria bat aurkeztu beharko da, aurreko zenbakian xedatuta dagoena egiaztatzeko. Memoria horri buruz, baliabide propio eta zerbitzu teknikoa deklaratu behar duen Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiak txostena egin beharko du.

87. artikulua.

Estatuko sektore publiko instituzionaleko entitateen eraldaketak.

1. Estatuko sektore publiko instituzionaleko edozein erakunde autonomo, enpresa-entitate publiko, estatuko merkataritza-sozietate edo fundazio eraldatu ahalko da eta aipatu diren entitateetako edozeinen izaera juridikoa hartu.

2. Nortasun juridikoari eutsita eraldaketa egiteko, eraldatutako entitatearen aktibo eta pasiboa osorik laga da eta integratuko da, eta eskubide eta betebeharrak oinordetza unibertsalean emango dira.

Eraldaketa horrek ez ditu aldatzen bereganatutako obligazioen finantza-baldintzak, eta ezingo da ulertu harreman juridikoen suntsiarazpen-arrazoi modura.

3. Eraldaketa egiteko, errege-dekretua erabiliko da, horrek sorrera-legea aldatzea ekarri arren.

4. Erakunde autonomo bat edo enpresa-entitate publiko bat enpresa-entitate publiko, estatuko merkataritza-sozietate edo sektore publikoko fundazio bihurtzen denean, eraldaketa egiteko errege-dekretuarekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Memoria bat, honako hau jasoko duena:

1.a) Eraldaketaren justifikazioa, jatorrizko izaera juridikoari eutsita eginkizunak betetzen jarraitzeko ezintasunarengatik.

2.a) Efizientziari buruzko azterketa. Azterketa horretan jasoko dira eraldaketak sortuko duen aurrezkiaren aurreikuspena eta lehendik dagoen beste organo, erakunde publiko edo entitate batek egiten dituen eginkizunekin bikoiztasunik ez egoteari buruzko egiaztapena.

3.a) Langileek izango duten egoeraren azterketa; azaldu beharko da, bidezkoa izanez gero, langile horien zati bat Estatuaren Administrazio Orokorrean ala eraldaketaren ondorioz sortzen den enpresa-entitate publikoan, estatuko merkataritza-sozietatean edo fundazioan sartuko den.

b) Estatuko Administrazioko Kontu Hartzailetza Nagusiaren nahitaezko txostena, artikulu honetan aurreikusita dagoena betetzen den baloratzeko.

5. Eraldaketaren errege-dekretua onestearen ondorioak hauek izango dira:

a) Izaera juridikoa aldatzearen ondorioz bitarteko pertsonal, material eta ekonomikoen antolakuntza behar bezala egokitzea.

b) Langileak eraldatutako entitatean edo Estatuaren Administrazio Orokorrean sartu ahal izatea.

Bidezkoa bada, azken hori funtzio publikoaren legerian edo aplikatu beharreko lan arloko legerian ezarritako mugikortasun-prozeduren arabera egingo da.

Eraldatutako entitateko mota batzuetako eta besteetako langileek aplikatu behar zaien araudiaren arabera dagozkien eskubide eta betebeharrak izango dituzte.

Eraldaketaren ondorioz langileak egokitu egin beharko balira, horrek ez luke eragingo, besterik gabe, eraldatutako entitatean zerbitzuak ematen zituzten lan-kontratudun langileak funtzionario publiko bihurtzea.

Ordura arte funtzionario publiko izan gabe funtzionarioen eginkizunak egiten dituztenak eraldatutako entitatean edo Estatuaren Administrazio Orokorrean sartu ahalko dira, «iraungitzeko» baldintzarekin; aurretiaz, eraginpean dauden lanpostuen ezaugarriak eta zein entitatetan integratu behar diren eta horren beharrizanak baloratu beharko dira.

Eraldaketa-neurri horiek betearazteak ez du ekarriko eraldatutako entitatean lehendik zegoen soldata-masa handitzerik.

(jarraipena)

euskal legezalea