Legea betearazteko ardura duten funtzionarioentzako jokabide-kodea

Euslege

Legea betearazteko ardura duten funtzionarioentzako jokabide-kodea

Biltzar Orokorrak onetsia, 1979ko abenduaren 17ko 34/169 ebazpenean

1. artikulua

Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek uneoro bete beharko dituzte legeak ezarritako eginbeharrak eta, oro har, erkidegoaren alde jardun eta pertsona guztiak babestuko dituzte, legez kanpoko egintzen aurka, euren lanbideak eskatzen duen erantzukizuna aintzat hartuta.

Iruzkina:

a) “Legea betearazteko ardura duten funtzionarioak” esamoldeak biltzen ditu legearen agenteak, horiek izendatuak edo hautatuak izan, polizia eginkizunetan dihardutenak, batik bat, jendea atzitu edo atxilotzeko ahalmenak dituztenak.

b) Polizia eginkizunak agintaritza militarrek, horiek uniformatuak izan edo ez, edota Estatuko segurtasun-indarrek betetzen dituzten herrialdeetan, uste izango da legea betearazteko ardura duten funtzionarioen multzoak osatzen dituztela zerbitzu horietako funtzionarioek.

c) Erkidegoari eman beharreko zerbitzuen artean barruratuko dira, bereziki, laguntza-zerbitzuak ematea nori eta, erkidegoaren kide batzuei, horiek pertsona-, ekonomia-, gizarte-mailako edota beste izaerako larrialdiak direla eta, berehalako laguntza behar badute.

d) Xedapen honen arrazoia da bere barruan hartzea, ez bakarrik indarkeriazko eta lapurreta egintzak eta egintza kaltegarriak, ezpada zigor-legeriak aurreikusten dituen debeku guztiak ere. Zabaltzen da, gainera, zigor-erantzukizunpean egon ezin daitezkeen pertsonen jokabidera.

2. artikulua

Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek, euren zereginen jardunean, giza duintasuna errespetatu eta babestuko dute eta pertsona guztien giza eskubideak defendatu eta aldeztuko dituzte.

Iruzkina:

a) Kasuan kasuko giza eskubideak nazio eta nazioarteko zuzenbideak zehaztu eta babesten ditu. Nazioarteko instrumentu egokien artean daude, besteak beste, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna, Pertsona guztiak torturaren eta beste tratu edo zigor krudel, anker eta apalesgarrien aurka babesteari buruzko Adierazpena, Arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeari buruzko Nazio Batuen Adierazpena, Arraza-bereizkeria mota guztiak ezabatzeari buruzko Nazioarteko Konbentzioa, Apartheid krimenaren errepresio eta zigorrari buruzko Nazioarteko Konbentzioa, Genozidio-delitua prebenitu eta zehatzeko Konbentzioa, Giltzaperatuak tratatzeko gutxieneko erregelak eta Kontsul Harremanei buruzko Vienako Konbentzioa.

b) Xedapen honi buruzko herrialde desberdinen iruzkinetan adierazi behar dira erregio- edo nazio-mailako xedapenak, eskubide horiek zehaztu eta babesten dituztenak.

3. artikulua

Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek ezin izango dute indarkeriarik erabili, behar beharrezkoa denean izan ezik, eta euren zereginetan jarduteko behar den neurrian.

Iruzkina:

a) Xedapen honetan azpimarratzen da legea betearazteko ardura duten funtzionarioek indarkeria erabiltzea ohiz kanpokoa dela; hala eta guztiz ere, xedapen horren ondorioz legea betearazteko ardura duten funtzionarioek izan dezakete baimena indarkeria erabiltzeko, ondorioztatzen denean hala egitea beharrezko dela, delitua prebenitzeko inguruabarren arabera, edota delitugileak edo ustezko delitugileak legez atxilotzeko edo atxiloketa horiek gauzatzen laguntzeko; nolanahi ere, ezin izango da indarkeriarik erabili muga horiek gainditzen diren neurrian.

b) Zuzenbide nazionalak eskuarki mugatu egiten du legea betearazteko ardura duten funtzionarioek indarkeria erabiltzea, proportzionaltasun printzipio baten arabera.

Ulertu behar da proportzionaltasun nazio-printzipio horiek errespetatu egin behar direla xedapen hau interpretatzen denean.

Inola ere ez da interpretatuko xedapen honek baimena ematen duela halako indar-maila bat erabiltzeko, hori lortu nahi den xede legitimoarekin proportzioz kanpokoa denean.

c) Suzko armak erabiltzea muturreko neurria da. Ahal den guztia egin beharko da suzko armak baztertzeko, batik bat, haurren aurka erabiltzeko.Orokorrean, ezin izango da suzko armarik erabili, salbu eta ustezko delitugileak berak armekin aurre egiten duenean edo arriskuan jartzen duenean, osterantzeko modu batera, beste pertsona batzuen bizitza edota ezin denean ustezko delitugilea menderatu edo atxilotu, muturreko neurriak baino apalagoak aplikatuta. Suzko arma batekin tiro egiten denean, berehala emango zaie horren berri agintaritza eskudunei.

4. artikulua

Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek isilean gordeko dituzte isilpeko gaiei buruz dakitena, salbu eta euren eginbeharra betetzeak eta justiziaren beharrizanak hertsiki kontrakoa eskatzen dutenean.

Iruzkina:

Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek, euren eginkizunen izaeragatik, hainbat informazio jasotzen dute; informazio hori pertsonen bizitza pribatuari buruzkoa izan daiteke eta eragina izan dezake beste batzuen interesen kaltetan, batik bat,euren izen onaren inguruan. Horrenbestez, arreta handia jarri beharko da informazio horren babesari eta erabilerari begira; bestalde, informazio hori bakar-bakarrik jakinaraziko da eginbeharra betetzeko edota justiziaren beharrizanak asetzeko. Informazio hori beste helburu batzuetarako jakinaraztea guztiz desegokia da.

5. artikulua

Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek ezin izango dute inolako tortura-egintzarik edota beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarririk ezarri, eragin edo onartu, ezta inola ere aipatu goragoko baten agindurik edo inguruabar berezirik, hala nola, gerra-egoera edo gerra-mehatxua, nazio-segurtasunari mehatxua, barneko ezegonkortasun politikoa, edota beste larrialdi publikoa, tortura edo beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarririk justifikatzeko.

Iruzkina:

a) Debeku honen jatorria da Pertsona guztiak torturaren eta beste tratu edo zigor krudel, anker eta apalesgarrien aurka babesteari buruzko Adierazpena, Biltzar Orokorrak onetsia, bertan xedatzen dela:

“[Halako izaera duen egintza oro], tortura-egintza edota beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarri oro da giza duintasunaren aurkako iraina eta kondenatu egingo da, horrek urratzen baititu Nazio Batuen Gutunaren asmoak eta oinarrizko giza eskubideak eta askatasunak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aldarrikatzen direnak [eta giza eskubideen nazioarteko beste instrumentuak].”

b) Adierazpenean honela definitzen da tortura:

“[...] Adierazpen honen ondorioetarako, «tortura» hitza honetara ulertuko da: funtzionario publiko batek edota beste pertsona batek, hark bultzatuta, beste pertsona bati hala nahita egindako egintza oro, min edo sufrimendu larriak, fisikoak nahiz mentalak, eragiten dizkiona pertsona horri, horren helburua dela berarengandik edo hirugarren batengandik informazioa edo aitorpenen bat lortzea, gauzatu duen edo ustez gauzatu duen egintza batengandik zigortzea, edo pertsona hori edota beste batzuk ikaratzea. Ez dira torturatzat joko askatasun-gabetzearen ondoriozko zigorrak edo sufrimenduak, askatasun-gabetze hori zilegia bada, edota halakoak horri datxezkionak eta halabeharrezkoak badira, betiere Giltzapetuak tratatzeko gutxieneko Erregelekin bat badatoz.”

c) “tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarriak” esamoldea ez du Biltzar Orokorrak zehaztu; hala ere, honetara ulertuko da: bere baitan hartzen du ahalik eta babes zabalena edozein abusuren aurka, halakoa fisikoa nahiz mentala izan.

6. artikulua

Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek ziurtatu beharko dute euren zaintzapean dauden pertsonen osasunaren babes osoa eta, bereziki, berehalako neurriak hartuko dituzte laguntza medikoa emateko, halakoa behar denean.

Iruzkina:

a) “Laguntza medikoa”, horrekin izendatzen dira halako zerbitzuak, beharrezko direnean edo eskatzen direnean emango direnak; izatez, laguntza horrek zerikusia du medikuntza arloko kideek ematen dutenarekin, barne hartuta kasuan kasuko elkargoan inskribatu eta jarduneko medikuak eta paramedikuak.

b) Legea betearazteko organoetan medikuntza arloko kideak egotea ohikoa bada ere, legea betearazteko ardura duten funtzionarioek kontuan hartu behar dute kide horien iritzia, horiek gomendatzen dutenean zaintzapean dagoen pertsonari tratamendu egokia ematea, legea betearazteko organoetan barruratuta ez dauden medikuntza arloko kideen bitartez edo horiei kontsulta eginez.

c) Ulertzen da, halaber, legea betearazteko ardura duten funtzionarioek laguntza medikoa emango dietela legearen urraketaren ondoriozko biktimei ere edota legea urratzearen ondorioz gertatutako istripu baten biktimei ere.

7. artikulua

Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek ezin izango dute egin inolako ustelkeria-egintzarik. Berebat, eragozpen zorrotzak jarriko dizkiete izaera horretako egintza guztiei eta halakoak eragotziko dituzte.

Iruzkina:

a) Edozein ustelkeria-egintza nahiz edozein agintaritza-abusua bateraezinak dira legea betearazteko ardura duten funtzionarioen lanbidearekin. Legea zorroztasunez aplikatu behar zaio legea betearazteko ardura duten edozein funtzionariori, ustelkeria-egintzaren bat egiten badu; izan ere, gobernuek ezin dute herritarrak legea betearaztera behartu, eurek ezin badute, edo nahi ez badute, lege hori euren agenteen kontra eta euren erakundeetan aplikatu.

b) Ustelkeriaren definizioa zuzenbide nazionalari lotuta egon behar bada ere, ulertu behar da horrek barruratzen dituela bai arduradunak egintza bat egitea edo ez-egitea, bere eginkizunak betetzean edo horiek betetzen diharduela; horretarako opariak, hitzemateak edo pizgarriak eskatu edo onartu ahal ditu, bai eta halakoak bidegabe eskuratu, egintza edo ez-egitea gertatu ondoren.

c) Ulertu behar da aurretiaz aipatu “ustelkeria-egintza” esamoldeak ustelkeria ahalegina ere hartzen duela.

8. artikulua

Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek legea nahiz Kode hau errespetatuko dute. Orobat, euren eskuetan dagoen guztia egingo dute horien urraketa oro eragozteko eta halako urraketei eragozpen zorrotzak jartzeko.

Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek arrazoiak dituztenean uste izateko Kode hau urratu egin dela edo laster batean urratuko dela, goragokoei emango diete horren berri eta beharrezkoa denean, beste edozein agintaritza edo erakunde egokiri, halakoa kontrolatzeko edo zuzentzeko eskumenak baditu.

Iruzkina:

a) Kode hau kasu guztietan aplikatuko da, nazioen legerian edo egineran barruratu denean. Legeriak edo eginerak Kode honek baino xedapen zorrotzagoak biltzen baditu, orduan xedapen zorrotzagoak aplikatuko dira.

b) Artikulu honen xedea da oreka gordetzea, kontuan hartuta, alde batetik, segurtasun publikoa zein erakunderen mende egon eta erakunde horren barneko diziplina beharra eta, bestetik, oinarrizko giza eskubideen urraketei aurre egitea. Legea betearazteko ardura duten funtzionarioek urraketen berri emango diete euren zuzeneko goragokoei eta hierarkia-eskala hori aintzat hartu gabe, beste legezko neurriak bakar-bakarrik hartuko dituzte zuzenketarako beste aukerarik ez badago edota zuzenketa horiek eraginkorrak ez badira. Ulertzen da, halaber, legea betearazteko ardura duten funtzionarioei ez zaiela aplikatuko ez administrazio-zehapenik ez bestelakorik jakinarazteagatik Kode hau urratu egin dela edo urratu egingo dela.

c) “Agintaritza edo erakunde egokia, kontrolatzeko edo zuzentzeko eskumenak dituena” esamoldeak biltzen du nazio legeriaren araberako agintaritza edo erakunde oro, legea betearazteko organoaren partaidea izan nahiz independentea izan, estatutuen edo ohituren araberako ahalmenak dituena edo beste izaerako ahalmenak dituena, urraketen erreklamazioak eta salaketak aztertzeko, Kode honen esparruan.

d) Herrialde batzuetan pentsa daiteke komunikabideek betetzen dutela c supra tartekaduran aipatu antzeko kontrol-eginkizunak, jendetzari begira.Horrenbestez, justifikatuta egon daiteke legea betearazteko ardura duten funtzionarioek urraketok adieraztea komunikabideen bitartez, iritzi publikoa aintzat hartuta, azken baliabide gisa eta euren herrialdearen lege eta ohiturekin eta Kode honen 4. artikuluaren xedapenekin bat etorriz.

e) Legea betearazteko ardura izan eta Kode honen xedapenak betetzen dituzten funtzionarioek erkidegoaren errespetua, erabateko babesa eta laguntza merezi dute; orobat, euren zerbitzuak, legea betearazteko zein erakundetan eman eta erakunde horrena; bai eta legea betearazteko ardura duten beste funtzionarioena ere.