Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren aldaketa

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

ESPAINIAKO KONSTITUZIOA

ESTATUAREN BURUZAGITZA

Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren aldaketa, Gorte Nagusiek onartua, Diputatuen Kongresuak 2011ko abuztuaren 26an egindako osoko bilkuran, eta Senatuak 2011ko irailaren 7an egindako osoko bilkuran. Bere maiestate erregek berronetsia 2011ko irailaren 27an.

JUAN CARLOS I.a

ESPAINIAKO ERREGEA

Honako hau ikus eta uler dezaten guztiei

Jakin ezazue: Gorte Nagusiek onartu dutela, eta nik berronetsi, Konstituzioaren aldaketa hau

ZIOEN AZALPENA

Konstituzioa indarrean sartu zenetik hogeita hamar urte baino gehiago igaro ondoren, Espainia bere eskumenak gero eta gobernantza komun handiagoaren esparruan finkatzen eta proiektatzen dituen Europako Ekonomia eta Moneta Batasuneko kide izanik, eta ekonomia- eta finantza-alorreko ondorioak gero eta nabarmenagoak izanik, aurrekontuen egonkortasunak erabateko balio estrukturala du, eta baldintzatu egiten ditu Estatuaren jarduteko gaitasuna, Oinarrizko Lege beraren 1.1. artikuluak aldarrikatzen duen estatu sozialaren iraupena eta garapena eta, azken batean, herritarren egungo eta etorkizuneko oparotasuna. Beraz, Konstituzioan jaso beharrekoa da balio hori, arau-mailarik gorenaren bitartez botere publikoen jarduketa mugatzeko eta orientatzeko.

Honaino heldu ahal izateko, aurrekontuen egonkortasunaren babesa ezinbesteko tresna izan da Ekonomia eta Moneta Batasunera heltzeko aukera eman digun kontsolidazio fiskala lortzeko, eta lege-mailako arauetan jaso da, ondoren.

Era berean, eurogunean aurrekontu-defizit handiegia ager dadin saihestea da Egonkortasunerako eta Hazkunderako Hitzarmenaren xedea, gune horren egonkortasun ekonomikoan konfiantza erakusteko eta estatu kideen ekonomietan konbergentzia jarraitu eta iraunkorra bermatzeko.

Krisi sakonak eta luzeak markatutako egungo ekonomia- eta finantza-egoerak indartu egin du erreferentziazko printzipio hori gure Konstituziora eramatearen egokitasuna, epe ertainean eta luzean Espainiako ekonomiaren egonkortasunean izan beharreko konfiantza handitu ahal izateko.

Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua aldatzearen xedea aurrekontu-egonkortasunaren printzipioa bermatzea da, herri-administrazio guztiak helburu horretara bilduz, baita Espainiak Europar Batasunarekin duen konpromisoa indartzea eta, era berean, gure herrialdearen ekonomia- eta gizarte-egonkortasuna bermatzea ere.

Artikulu bakarra.

Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua ondoren adierazten den bezala geratuko da idatzita:

«1. Herri-administrazio guztiek aurrekontu-egonkortasunaren printzipiora egokituko dituzte beraien jarduketak.

Estatuaren eta autonomia-erkidegoen defizit estrukturalak ezin izango ditu gainditu Europar Batasunak, hala badagokio, estatu kideentzat ezarritako mugak.

Lege organiko batek finkatuko du Estatuari eta autonomia erkidegoei baimenduko zaien gehieneko defizit estrukturala, haien barne produktu gordinaren arabera. Toki erakundeek aurrekontu-oreka izan beharko dute.

Zor publikoa jaulkitzeko edo kreditua eskuratzeko, Estatuak eta autonomia-erkidegoek lege-bidezko baimena beharko dute.

Administrazioen zor publikoaren interesak eta kapitala ordaintzeko kredituak administrazio horien gastuen egoera-orrian egongo direla ulertuko da beti, eta horien ordainketak erabateko lehentasuna izango du. Kreditu horiek ezin izango dute zuzenketarik edo aldaketarik jaso, jaulkipen legearen baldintzetara egokitzen badira.

Herri-administrazioen zor publikoaren bolumen bateratua, Estatuaren barne produktu gordinarekiko, ezingo da inoiz izan Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuan ezarritako erreferentzia-balioa baino handiagoa.

Defizit estrukturalaren eta zor publikoaren bolumenaren mugak oso kasu berezietan baino ezin izango dira gainditu; hain zuzen ere, Estatuaren kontroletik kanpo gera daitezkeen hondamendi naturaletan, ekonomia-atzeraldietan edo ezohiko larrialdi-egoeretan, Estatuaren finantza-egoera edo egonkortasun ekonomikoa edo soziala nabarmen kaltetzen baldin badute eta Diputatuen Kongresuko kideen gehiengo osoak hala erabakitzen badu.

Lege organiko batek garatuko ditu artikulu honek aipatzen dituen printzipioak, bai eta zerga- eta finantza-politikaren alorreko herri-administrazioen arteko koordinazio instituzionalerako organoek dagozkien prozeduretan izango duten partaidetza ere. Betiere, honako hauek araupetuko ditu lege horrek:

Defizitaren eta zorraren mugen banaketa herri-administrazioen artean, muga horiek gainditzeko aparteko kasuak, eta bata eta bestearen gainean gerta daitezkeen desbideraketak zuzentzeko erak eta epeak.

Defizit estrukturala kalkulatzeko metodologia eta prozedura.

Herri-administrazio bakoitzak izango duen erantzukizuna baldin eta ez badira betetzen aurrekontu-egonkortasuneko helburuak.

Autonomia-erkidegoek aurrekontuei buruzko arauetan eta erabakietan egonkortasun-printzipioa eraginkortasunez aplikatu ahal izateko xedapenak emango dituzte, beren estatutuekin bat etorriz eta artikulu honek ezarritako mugen barruan».

Xedapen gehigarri bakarra.

Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluan aurreikusten den Lege Organikoa 2012ko ekainaren 30a baino lehen onetsiko da.

Lege horrek Espainiako Konstituzioaren 135.3. artikuluan adierazitako zorraren muga ezartzeko mekanismoak aurreikusiko ditu.

Espainiako Konstituzioaren 135.2. artikuluak aipatzen dituen defizit estrukturalaren mugak 2020. urtetik aurrera sartuko dira indarrean.

Azken Xedapen Bakarra.

Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren aldaketa hau testu ofiziala «Estatuko Aldizkari Ofizialean» argitaratzen den egun berean sartuko da indarrean. Espainiako gainerako hizkuntzetan ere argitaratuko da.

Beraz,

Espainiar guztiei agintzen diet, partikular zein agintari, Konstituzioaren aldaketa hau bete eta betearaz dezatela, Estatuaren oinarrizko arau denez gero.

Madrilen, 2011ko irailaren xx(e)an

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea,

JOSÉ LUIS RODRÍGUEZ ZAPATERO

euskal legezalea