7/1981 Legea, Jaurlaritzari buruzkoa

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

7/1981 Legea, ekainaren 30ekoa, Jaurlaritzari buruzkoa

ZIOEN ADIERAZPENA

Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernu-erakundeak indarrean jartzeko, nahitaezkoa da, Autonomia Estatutuan eta bereziki II. tituluko II. kapituluan ezarritakoaren arabera, Eusko Legebiltzarrak beharrezko legeak onartzea Eusko Jaurlaritzaren antolaketari eta eskumenei buruz -organo politikoa eta administrazioa zuzentzen duen organoa den aldetik-, lehendakariaren hautaketari eta eskumenei buruz, eta Jaurlaritzaren eta Legebiltzarraren arteko harremanei buruz.

Lege honek eskakizun horiei erantzutea du helburu, honako funtsezko irizpide hauek oinarri dituela:

Lehenik eta behin, legegintzako ekonomia-arrazoiek komenigarri egiten dute lege-testu bakar batean biltzea Jaurlaritzari, bere egitura eta eskumenei eta Legebiltzarrarekiko harremanei buruzko arazo guztiak. Horrela, gainera, barne-egokitasun eta lege-argitasun handiagoak lortuko dira.

Bigarrenik, Autonomia Estatutuaren II. tituluan jasotako printzipio politikoak bete-betean errespetatzen dira, hots, legebiltzar-ereduko Jaurlaritza eta, ondorioz, politikoki Legebiltzarraren aurrean erantzuten duena.

Alde horretarik, Jaurlaritzak Legebiltzarraren aurrean duen erantzukizun politikoa eta behar duen egonkortasuna bateragarri egiteko, zentsura-mozioa zentzu positiboan arautzen da, hau da, mozioa legebiltzarkideen seirenak, gutxienez, aurkeztu behar du, eta lehendakarigai bat proposatu behar du Jaurlaritzarako; Legebiltzarrak biltzarkideen erabateko gehiengoz zentsura-mozioa onartzen badu, lehendakarigaia lehendakari izendatuta gelditzen da.

Hirugarrenik, legeak lehendakariaren eta gainerako Jaurlaritzako eta herri-administrazioko goi-kargudunen estatutuak arautzen ditu.

Ildo horretatik, lehendakariari Autonomia Erkidegoaren ordezkari gorena eta Eusko Jaurlaritzaren buru denez zor zaion garrantzia ematen zaio, eta zehatz-mehatz arautzen dira bere izendapena eta eskumenak eta aparteko kasuetan bere zereginak aldi baterako eteteko aukera.

Jaurlaritzako gainerako kideei dagokienez, legeak lehen lehendakariordea edota Jaurlaritzako lehendakariordea egotea onartzen du, eta sailburugoa ardatz nagusitzat harturik, sailburuen izendapena, eskumenak eta erantzukizunak arautzen ditu

Laugarrenik, legeak Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren egituraren lerro nagusiak finkatzen ditu.

Legeak, bukatzeko, legegintza-prozedura bereziak, eginkizunen eskuordetza eta administrazio-xedapen eta -ebazpenen prestakuntza eta onarpena arautzen ditu, eta berariaz berresten ditu Zuzenbide Estatuaren ideiaren oinarriak botere betearazleari dagokionez: legearen nagusitasuna eta administrazioaren menpetasuna legearekiko, zuzenbidearekiko eta epaileen kontrolarekiko.

I. TITULUA. EUSKADIKO LEHENDAKARIA

I. KAPITULUA. LEHENDAKARIAREN ESTATUTU PERTSONALA

1. artikulua

Lehendakariak Autonomia Erkidego gisa eratutako Euskal Herriaren ordezkaritza gorena du eta baita estatuaren ordezkaritza arrunta ere autonomia-erkidegoan, eta Jaurlaritzaren lehendakaritza eta zuzendaritza ere bere ditu, Autonomia Estatutuan, lege honetan eta gainerako antolamendu juridikoan aurreikusitakoekin bat.

2. artikulua

Honako hauek zor zaizkio lehendakariari, bere karguaren indarrez:

1. Jaun/andre gorena tratamendua izatea

2. Ezaugarri gisa ikurrina erabiltzea.

3. Ofizialki jar dadin egoitzan bizitzea, bere mailari dagozkion langile, zerbitzu eta hornidurarekin.

4. Bere goi-aginteari dagozkion soldata eta ordezkaritza-gastuak jasotzea Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura.

5. Karguaren duintasunaren ondorioz dagozkion ohoreak ematea, betiere, gai horri buruz indarrean dauden arauek edo gerora autonomia-erkidegoak erabaki ditzanak betez.

3. artikulua

Euskadiko lehendakaritza bateraezina da beste ezein kargu publiko zein pribaturekin, eta baita lanbide liberal edota merkataritza- nahiz industria-jarduera mota guztiekin ere, Eusko Legebiltzarreko biltzarkide izatearekin salbu.

II. KAPITULUA. LEHENDAKARIA HAUTATU ETA IZENDATZEA

4. artikulua

Lehendakaria Legebiltzarrak hautatutako du legebiltzarkideen artetik eta Erregeak izendatuko du errege-dekretu baten bitartez; dekretu hori Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Lehendakaria izendatzezko errege-dekretua Eusko Legebiltzarreko lehendakariak berretsiko du.

5. artikulua

Eusko Legebiltzarraren legegintzaldi bakoitzaren hasieran, eta lege honetan aurreikusitako gainerako kasuetan, Legebiltzarreko lehendakariak Legebiltzarra biltzeko deia egingo du lehendakaria izendatzeko, Legebiltzarraren Erregelamenduak horretarako finkatzen duen prozedurarekin bat.

Legebiltzarrean ordezkariak dituzten talde politikoek proposatutako hautagaiak edo hautagaiek, bilkura berean, nork bere gobernu-egitasmoaren lerro nagusiak azaldu beharko ditu Legebiltzarraren aurrean eta horiei buruzko eztabaidari ekingo zaio.

Botoen erabateko gehiengoa izan dezan hautagaia lehendakari hautatuta geldituko da.

Lehenengo bozketan hautagai batek ere erabateko gehiengoa lortzen ez badu, beste bozketa bat egingo da eta hautagaien artean baliozko boto gehien daukana izendatuko da lehendakari.

Legebiltzarrak lehendakaria hautatu ondoren, Legebiltzarreko lehendakariak Erregeari jakinaraziko dio izendapena egin dezan.

6. artikulua

Legebiltzarrak lehendakaria hautatzeko deia egiten duenetik hirurogei eguneko epea igarotzen bada hautapen hori egin gabe, jarduneko lehendakariak, zioen adierazpena duen dekretu baten bidez, Legebiltzarra desegin dela aldarrikatuko du eta hauteskunde orokorretarako deia egingo du Autonomia Erkidegoaren lurraldean.

III. KAPITULUA. LEHENDAKARIAREN ESKUMENAK ETA AHALMENAK

7. artikulua

Lehendakariak, Euskadiren ordezkari gorena denez:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaritza du Estatuarekiko, gainerako autonomia-erkidego edo aurreautonomia-erkidegoekiko eta Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten lurralde historiko eta udalekiko harremanetan.

b) Eusko Legebiltzarraren legeak aldarrikatzen ditu, baita legegintzako dekretuak ere, eta horiek argitaratzeko agintzen du, bai Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, onartu eta gehienez hamabost eguneko epearen barruan, bai Estatuko Aldizkari Ofizialean.

c) Legebiltzarra desegiten du, Jaurlaritzak eztabaidatu ondoren.

8. artikulua

Lehendakariak, Jaurlaritzaren buru denez, Jaurlaritzaren jarduna zuzendu eta koordinatzen du, sailburu bakoitzari bere jardunean dagokion eskumen eta erantzukizunari kalterik egin gabe. Honako hauek dagozkio horretarako:

a) Gobernu-egitasmoa finkatzea.

b) Sailburuak izendatzea eta kentzea.

c) Jaurlaritzako sailak sortzea edo ezabatzea dakarten dekretuak, betiere gastu publikoa gehitzea ekartzen ez dutenean, eta sailen izenen edo eskumen-banaketaren edozein aldaketa dakarten dekretuak ematea.

d) Legebiltzarrari, Jaurlaritzari eska diezazkion argibideak eta laguntza ematea.

e) Legebiltzarrari, Jaurlaritzak eztabaidatu ondoren, konfiantza-arazoa proposatzea.

f) Sailen arteko eskumen-auziak ebaztea, sailburuen arteko akordiorik lortzen ez denean.

g) Jaurlaritzaren bilkuretarako deia egitea, gai-zerrenda finkatzea, bilkura-buru izatea eta eztabaidak zuzentzea.

h) Jaurlaritzaren eskuordeko batzordeen bilkuretarako deia egitea eta, dagokionean, horien buru izan eta horiek zuzentzea.

i) Jaurlaritzaren legegintza-egitasmoa koordinatzea.

j) Jaurlaritzaren lanak egoki eratzeko eta erabakizunak taxuz prestatzeko behar diren barne-arauak ezartzea.

k) Jaurlaritzaren eta Jaurlaritzaren batzordeen erabakiak betearazteko eta, hala dagokionean, erabaki horiek argitaratzeko lanak bultzatu eta koordinatzea.

l) Jaurlaritzako kideak kanpoan edo gaixorik daudenean, horiek ordezkatzea erabakitzea.

m) Dekretuak izenpetzea eta argitaratu daitezela agintzea.

n) Legeen arabera dagozkion beste ahalmen eta eskuduntzak gauzatzea.

IV. KAPITULUA. LEHENDAKARIAREN FUNTZIOAK ETETEA, LEHENDAKARITZA UZTEA ETA LEHENDAKARIA ORDEZKATZEA.

I ATALA. LEHENDAKARIAREN FUNTZIOAK ETETEA

9. artikulua

Jaurlaritzak, kideen lau bostenak horretan bat datozela, beren nahiz lehendakariaren eskariz, hau behin-behinean edo aldi baterako bere egitekoak betetzeko ezinean dagoela uste badu, Legebiltzarreko lehendakariari jakinaraziko dio.

Legebiltzarrari bertako lehendakariaren bidez egindako jakinarazpenak Jaurlaritzaren akordioa eramango du erantsita, bitarteko lehendakariaren izenarekin, 14. artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusitako hurrenkeraren arabera, eta oinarritzen duten arrazoibide guztiekin.

Legebiltzarreko lehendakariak artikulu honetan aipatzen den Jaurlaritzaren akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko aginduko du, akordioa hartzeko arrazoi izan ziren inguruabarrak egiaztatu ondoren.

Lehendakariak, artikulu honetan aipatzen den akordioa hartzeko arrazoi izan ziren inguruabarrak iraungi direla uste izanez gero, Jaurlaritzari jakinaraziko dio, eta horrek berrogeita zortzi orduko epearen barruan bildu beharko du horretaz jarduteko.

Jaurlaritzak Jaurlaritzako kideen gehiengoz berretsi ahal izango du lehendakariaren birgaitzea. Hala gertatuz gero, akordioa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta argitalpen-egunetik izango du indarra.

10. artikulua

Aurreko artikuluan aipatzen diren bilkuren aktan edo aktetan honako hauek jasoko dira berariaz: bilkurako partaide guztiak, bozketaren edo bozketen emaitzak, eta baita hartutako akordioa oinarritzen duten arrazoiak ere.

11. artikulua

1. Lehendakaritzaren bitartekotasun-egoerak ezingo du, inola ere, lau hilabete baino gehiago iraun.

2. Lehen lehendakariordeak, hala badagokio, edo behin-behinean lehendakari jardutea dagokion sailburuak, lehendakariaren egitekoak izango ditu, 7. artikuluko c) idatz-zatian eta 8. artikuluko a), b) eta c) idatz-zatietan zehaztutakoak salbu. Bitarteko lehendakariari zentsura-mozioa jarri ahal izango zaio, eta aurrera ateraz gero, Jaurlaritza utzi beharko du, baina horrek ez du ekarriko gainerako sailburuek kargua utzi beharra.

3. Bitarteko lehendakari berria 14. 1 artikuluan ezarritako prozeduraren arabera izendatuko da.

II. ATALA. LEHENDAKARITZA UZTEA ETA LEHENDAKARIA ORDEZKATZEA

12. artikulua

Aurreko artikuluan zehaztutako etengabeko lau hilabeteko epea igarota, lege honen 9. artikuluan aipatzen diren arrazoiek iraun badiraute, ezindutako lehendakariak bere kargua utziko du berehala.

13. artikulua

Lehendakariak, aurreko artikuluan aurreikusitako kasuan ez ezik, beste hauetan ere utziko du bere kargua: Legebiltzarrerako hauteskunde orokorrak egin ondoren; lege honetan aurreikusi bezala Legebiltzarraren konfiantza galdu izanagatik; dimisioa emanez gero, edo heriotzagatik.

Lehendakariak kargua uztearekin batera, lehendakari berria hautatzeko prozedura hasiko da, 5. artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Aurreko lerrokadan agindutakoa gorabehera, kargua uzten duen lehendakariak eta bere Jaurlaritzak jardunean jarraituko dute lehendakari berria karguaz jabetu arte, administrazioaren funtzionamendu zuzena eta aginte-aldaketa egokia ziurtatzeko, kargu-uztea lehendakariaren heriotzak edo ezinak balekar izan ezik, orduan hurrengo artikuluan aurreikusten den ordezkapena egingo baita.

14. artikulua

Lehendakaria ordezkatu behar denean, honako lehentasun-hurrenkera honen arabera egingo da:

a) Lehen lehendakariordea, baldin badago.

b) Lehendakariordea, eta bat baino gehiago balego, Jaurlaritzako kide izaten etengabe luzaroen daramana, eta alde horretatik berdintasuna gertatuz gero, zaharrena.

c) Horien ezean, sailburuak, aurreko idatz-zatian finkatutako hurrenkera berarekin.

Jarduneko lehendakariak ezingo du konfiantza-arazorik proposatu, eta berari ere ezin izango zaio zentsura-moziorik aurkeztu, bitarteko lehendakariarentzat 11.2 artikuluan aurreikusitakoa salbu.

Jarduneko lehendakariak lehendakariaren gainerako eskumen eta aginteak izango ditu eta Eusko Legebiltzarrak izendatutako lehendakari berria karguaz jabetu arte jarraituko du jardunean.

15. artikulua

Lehendakariak hilabete baino luzaroago kanpoan egon behar badu, Legebiltzarrak baimena eman beharko dio aldez aurretik.

II. TITULUA. JAURLARITZA

I. KAPITULUA. JAURLARITZAREN OSAERA ETA ESKUMENAK

16. artikulua

Jaurlaritza lehendakariaren zuzendaritzapean politika-helburu orokorrak finkatu eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa zuzentzen duen kide anitzeko organoa da. Horretarako, legegintzako ekimena, betearazteko funtzioa eta erregelamenduak egiteko ahalmena ditu, Autonomia Estatutuaren eta Legearen arabera.

17. artikulua

Jaurlaritza lehendakariak eta lehendakariak izendatutako sailburuek osatzen dute; horietatik lehen lehendakariorde bat eta lehendakariorde bat edo gehiago izendatu ahal izango ditu, egoki baderitzo.

Jaurlaritzan bi sexuek % 40ko ordezkaritza izango dute, gutxienez.

Gehituta: 4/2005 Legea, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa. (Hutsen zuzenketa, EHAA 88 zk., 2005/05/12).

18. artikulua

Honako hauek dagozkio Jaurlaritzari:

a) Legebiltzarrera bidaltzeko lege-proiektuak onartzea edo baztertzea, Legebiltzarraren Erregelamenduak finkatutako baldintzetan.

b) Legegintzarako eskuordetza legegintzako dekretuen bidez gauzatzea, lege honek ezarritako moduan.

c) Eusko Legebiltzarrak emandako legeak garatu eta betearazteko erregelamenduak dekretu bidez onartzea, eta baita Estatuaren legeei dagozkienak ere, Autonomia Estatutuaren arabera edo eskuordetza- ala transferentzia-bitartez, eskumena gauzatzea Autonomia Erkidegoari dagokionean.

d) Erreferendumak deitzeko baimena ematea, Autonomia Estatutuak eskatutako eginbide guztiak egin ondoren.

e) Autonomia Erkidegoaren eta foru-lurralde historikoen edo beste autonomia-erkidegoen arteko hitzarmenak baimentzea eta, hala badagokio, onartzea, horien eskumen esklusiboko zerbitzuak kudeatzeko eta emateko. Hitzarmen horiek Legebiltzarrari jakinarazi beharko zaizkio, eta horrek hogei eguneko epearen barruan aurka egin ahal izango die.

f) Beste autonomia-erkidego batzuekin lankidetza-akordioak egitea; horiek Legebiltzarrak berretsi beharko ditu.

g) Legebiltzarra desegiteari buruz edota lehendakariak Legebiltzarraren aurrean aurkez ditzan konfiantza-arazoei buruz eztabaidatzea.

h) Aurrekontu Orokorrak egin eta Legebiltzarrari bidaltzea, eztabaidatu eta, hala baderitzo, onar ditzan.

i) Estatuaren segurtasun-indar eta -kidegoen esku-hartzea eta esku-hartze horren amaiera eskatzea, Autonomia Estatutuaren 17.6 a) artikuluak dioen moduan.

j) Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko goi-kargudunak izendatzea eta kargutik kentzea, dagokion sailburuaren proposamenez, eta bai izendapen libreko karguak ere, lege honek hala eskatzen duenean.

k) Legearen arabera aurkezten zaizkion errekurtsoak ebaztea.

l) Bere garrantzia edo izaera dela-eta Jaurlaritzak ezagutzea edo aztertzea eskatzen duten gai guztiez arduratzea, eta Autonomia Estatutuak eta antolamendu juridikoak esleitzen dizkion gainerako guztiez arduratzea.

m) Ertzaintzaren agintaritza gorena, lehendakariaren bitartez gauzatuko duena.

n) Legebiltzarraren erabakien betearazpena bultzatzea, hori beharrezko denean.

ñ) Zerbitzu publikoen eta Autonomia Erkidegoaren mendeko erakunde eta enpresa publikoen kudeaketa zaintzea.

o) Autonomia Erkidegoaren ondarea kudeatzea, legeak ezarritako mugen barruan.

p) Konstituziokontrakotasuneko errekurtsoak eta eskumen-auziak aurkezteari buruz eztabaidatzea eta erabakitzea, berari eragiten diotenean.

II. KAPITULUA. JAURLARITZAREN FUNTZIONAMENDUA

19. artikulua

Lehendakariak sailburu bat Jaurlaritzako idazkari izendatuko du. Halaber, bere egitekoak betetzeko egiturak eta bitartekoak zehaztuko ditu.

20. artikulua

Jaurlaritzaren bilkuretarako deialdietan gai-zerrenda ere sartuko da, lehendakariaren jarraibideen arabera moldatuta eta Jaurlaritzako Idazkariak izenpetuta.

Jaurlaritzaren bilkuretan, baliozko izateko, lehendakariak edo bere ordezkoak eta Jaurlaritzako kideen erdiak egon behar dute gutxienez.

Jaurlaritzari aurkeztutako dokumentuak ezkutukoak eta isilpekoak izango dira, Jaurlaritzak berak agiriko egitea erabaki arte. Orobat Jaurlaritzaren bilkuretako eztabaidak ere, eta bertako kideek isilekotasun hori errespetatzera behartuta egongo dira, Jaurlaritzako kide izateari utzi ondoren ere.

Jaurlaritzaren akordioak, idazkariak egingo duen bilkura-aktan jasoko dira.

21. artikulua

Jaurlaritzaren bilkuretara lehendakariak baimendutako adituak joan ahal izango dira. Horien egitekoa beren presentzia eragin duen gaiari buruzko argibideak ematera mugatuko da, emandako argibideak isilpean gordetzera behartuta daudela.

22. artikulua

Jaurlaritzak, dekretu bidez, eskuordeko batzordeak sortu ahal izango ditu jarraibideen eta xedapenen lanketa koordinatzeko, alorkako politikaren egitarauak egiteko, sail bati baino gehiagori doazkien gaiak aztertzeko eta Jaurlaritzaren bilkurak prestatzeko.

Jaurlaritzaren eskuordeko batzorde bat sortzeko dekretua arrazoitua izango da. Honako xehetasun hauek jaso beharko ditu, gutxienez:

a) Jaurlaritzako lehendakariaren eskuordetzaz batzordeburu izango den lehendakariorde edo sailburua.

b) Zein sailetako ordezkariak izango diren batzordeko kide gaiaren arabera.

c) Batzordearen egitekoak eta eskumenak eta erabakiak hartzeko prozedura.

Lehendakariak edo, hala dagokionean, eskuordetza duen presidenteak egingo dute eskuordeko batzordeen bilkuretarako deia.

III. TITULUA. LEHENDAKARIORDEAK, SAILBURUAK ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOKO GOI-KARGUDUNAK

I. KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

23. artikulua

Sailburuek beren karguaz jabetzen diren egunetik aurrera hasiko dute Autonomia Erkidegoarekiko zerbitzu-harremana.

Izendapen-dekretuan, zein sailen titulartasuna ematen zaion jaso beharko da edo, lehendakariorde bat edo karterarik gabeko sailburu bat denean, bere egitekoen izendapen generikoa.

24. artikulua

Honako egoera hauetan bukatuko dute sailburuek beren jardute-aldia:

a) Lehendakariak bere kargua uzten duenean.

b) Legebiltzarraren konfiantza galdu izanagatik, 49. artikuluan zehazten denarekin bat.

c) Sailburuak bere kargua utziaz.

d) Lehendakariak haren izendapena ezeztatzea erabakitakoan.

e) Sailburuaren heriotzagatik.

Nolanahi ere, Autonomia Erkidegoarekiko zerbitzu-harremana, dagokion dekretua argitaratzen den egunean bukatzen da.

II. KAPITULUA. LEHENDAKARIORDEAK

25. artikulua

Lehendakariak, Jaurlaritzaren buru izateagatik dagokion erantzukizun politikoa gorabehera, Lege honen 8. artikuluaren d), f), h), i), j) eta k) idatz-zatietan zehaztutako egitekoetarako eskuordetza eman ahal izango dio lehen lehendakariordeari, dekretu baten bitartez.

Gainerako lehendakariordeei dagokienez, izendapen-dekretuek finkatuko dituzte bakoitzaren egitekoak eta jardun-eremuak.

III. KAPITULUA. SAILBURUAK

26. artikulua

Jaurlaritzako kide gisa dagozkien eskumenei kalterik egin gabe, sailburuek honako eskurantza hauek izango dituzte:

a) Buru diren sailaren ordezkaritza, zuzendaritza, kudeaketa eta ikuskapena gauzatzea legez emanda dauzkaten eskumenei dagokienez.

b) Jaurlaritzako lehendakariari beren sailaren egitura eta antolaketa proposatzea, hark onar ditzan.

c) Jaurlaritzari beren sailari dagozkion gaiei buruzko dekretuak proposatzea, onartu ditzan.

d) Beren sailari dagozkion gaietan administrazio-xedapen orokorrak eta ebazpenak ematea.

e) Beren saileko organo edo agintarien erabakien aurka sar daitezen errekurtsoak administrazio-bidean ebaztea, legeek ezarritako salbuespenekin, eta bai beren saileko organo eta agintari desberdinen artean sor daitezen eskumen-auziak konpontzea ere.

f) Dekretuz izendatu beharreko beren saileko karguetarako izendapenak eta kargu-gabetzeak Jaurlaritzari proposatzea.

g) Indarrean dauden legeek ematen dizkieten eskumen guztiak erabiltzea eta, bereziki, Jaurlaritzaren eskuordeko batzordeetan parte hartzea horretarako izendatuak direnean.

h) Beren aginte-eremuko gaiei dagozkien lege-proiektuak proposatzea, Jaurlaritzak onar ditzan.

27. artikulua

Sail baten ardura duten sailburuez gain, karterarik gabeko sailburuak ere izendatu ahal izango dira.

Karterarik gabeko sailburu bat izendatzen denean, Lehendakaritzaren dekretu batek finkatuko ditu horren egitekoen esparrua eta egiteko horiek betetzeko laguntza-egiturak.

Karterarik gabeko sailburuek kargua uzteak karguaren iraungipena ekarriko du.

IV. KAPITULUA. ADMINISTRAZIOKO GOI-KARGUDUNAK

28. artikulua

Sailburuek beren konfiantzazko langileak izendatzeko eskumena dute, aurrekontuan horretarako dauden diru-izendapenen barruan.

Konfiantzazko langile horiek, izendatu zituen sailburuak bere kargua uztearekin batera utziko dute kargua, besterik gabe.

29. artikulua

Dekretuz izendatu eta Autonomia Erkidegoari zerbitzu-harremanez lotuta dauden sailburuordeak eta zuzendariak dira administrazioko goi-kargudun. Harreman hori izendapen-dekretuarekin hasi eta kargugabetzearekin edo dimisioarekin bukatzen da; kargugabetzeak edo dimisioak dagokion dekretua argitaratzen den egunetik aurrera izango du eragina.

30. artikulua

Sailburuordeak, dagokion saileko sailburuaren zuzendaritzapean, sailaren sortze- edo egitura-dekretuak ematen dizkion edota sailburuak eskuordetzan ematen dizkion egiteko eta eskumenak zuzendu eta betearazten ditu.

31. artikulua

Zuzendariak antolaketa-unitate baten zuzendaritzaz arduratzen dira, sailaren egitura organikoa finkatzen duen dekretuak ezarritako moduan.

Halaber, eta Legeak dionaren arabera, erakunde autonomiadun baten lehendakaritzaz edo zuzendaritzaz arduratu ahal izango dira.

V. KAPITULUA. JAURLARITZAKO KIDEEN ETA ADMINISTRAZIOKO GOI-KARGUDUNEN ESTATUTU PERTSONALA

32. artikulua

Honako jarduera hauek bateraezinak izango dira sailburu, sailburuorde eta zuzendari izatearekin, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko goi-kargudun direnez:

a) Gorte Nagusietan parlamentario gisa edo Estatuko gobernuko edo administrazioko organo edo erakundeetan beste egiteko publikoetan jardutea eta diputatu nagusi, foru-diputatu eta Autonomia Erkidegoaren barruko berrogeita hamar mila biztanletik gorako hiriren bateko alkate izatea. Sailburuordetza edo zuzendaritza ezingo dira bateratu Eusko Legebiltzarreko kide izatearekin.

b) Sindikatu, enpresaburuen elkarte, lanbide-elkargo eta -erakunde, elkarte, fundazio eta edozein motatako antzeko erakundeetan aholkularitza, laguntza, zuzendaritza eta administrazio-lanetan aritzea.

Artikulu honetan aipatutako pertsonek beren kargua dela-eta egin beharreko egitekoak ez dira bateraezintasun-arrazoi honen barruan sartzen, berdin delarik egiteko horiek aipatutako elkarte-mota horietako batean burutzen diren edota erakunde autonomiadunetan -horien eratze-modua dena dela­- edo sektore publikoaren partaidetza duten merkataritza-baltzuetan. Bateraezin ez direnetan, kargua dela-eta egin beharreko egitekoa ordaindua balitz, ordaintzaileak Autonomia Erkidegoaren altxor publikoan sartuko du ordainsaria, zuzenean eta oso-osorik.

Jaurlaritzak, kasu bakoitzaren gorabeherak ikusirik, paragrafo honetan aurreikusitako bateraezintasunen menpe dagoen ala ez erabakiko du.

c) Merkataritza-izaera edo izaera zibila duen edozein enpresa edo zuzenbide pribatupeko establezimendu edo sozietatetan zuzendaritza-, ordezkaritza- edo aholkularitza-lanak egitea edo bertako enplegatu izatea.

d) Ezein lanbide- nahiz merkataritza-jarduera egitea, ordainsaririk gabekoa bada ere.

33. artikulua (Urriaren 28ko 14/1988 Legeak, Goi-Kargudunen Lansariei buruzkoak, indargabetua)

34. artikulua

Jaurlaritzak dagokion erregimena hitzartuko du Gizarte Segurantzako kasuan kasuko entitate kudeatzailearekin edo mutualitateekin, izendatzeko orduan Gizarte Segurantzan sartu gabe dauden sailburu, sailburuorde eta zuzendarientzat; gauza bera egingo du Gizarte Segurantzan edo mutualitateetan afiliatuta egotea edo parte izatea eragin zuen zerbitzua emateari uzten diotenen goi-kargudunentzat, Gizarte Segurantzan edo dagokion mutualitatean afiliatuta egoten jarrai dezaten.

Orobat egingo du Jaurlaritzak kargu horiek bateraezintasunagatik eszedentzia eskatu behar izan duten funtzionarioek bete dituztenean ere.

Erregimen itunduan sortzen diren kuotetatik sailburuek, sailburuordeek eta zuzendariek ordaindu behar dituztenak, beraiek ordainduko dituzte, eta lansariak ordaintzeko orduan kenduko zaizkie.

35. artikulua (Urriaren 28ko 14/1988 Legeak, Goren-Kargudunen Lansariei buruzkoak, indargabetua)

36. artikulua

Jaurlaritzako kideek eta administrazioko goi-kargudunek ezingo dute beren kargua dela-eta eskainitako oparirik onartu, ezta beren ezkontideek eta bigarren mailara arteko ahaideek ere.

37. artikulua (Urriaren 28ko 14/1988 Legeak, Goren-Kargudunen Lansariei buruzkoak indargabetua)

38. artikulua

Honako hauek izango dute biziarteko pentsio baterako eskubidea:

1936ko urritik 1979ko abenduaren 15era arte Euzkadiko Jaurlaritzako izandako lehendakari eta sailburuek.

Eusko Kontseilu Nagusiko lehendakari eta kontseilariek.

Euskal Autonomia Erkidegoko oraingo eta aurrerantzeko Jaurlaritzen lehendakari, sailburu eta sailburuordeek.

Aurreko paragrafoetan aipatutako horien alargun, umezurtz eta gurasoek.

Aurreko paragrafoko a) eta b) idatz-zatietan sartzen direnek biziarteko pentsioa eskuratzeko eskubidea izango dute hirurogeita bost urte bete ondoren; c) zatiak hartzen dituenek, baldintza horretaz gain Autonomia Erkidegoaren zerbitzuan bi urte gutxienez jardun izanarena izango dute.

Halaber, 1. paragrafoko a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutakoek biziarteko pentsioa eskuratzeko eskubidea izango dute, beren zerbitzu-aldia dena dela, istripu baten edo karguari datxezkion arriskuen ondorioz gorputz edo buru ezintasunen bat jasan badute, nahiz eta hirurogeita bost urte bete gabe izan.

Pentsioen zenbatekoak honako hauek izango dira:

Aurreko 2. paragrafoan aurreikusitako kasuan, pentsioa eskubidea sortu duen pertsonaren karguari dagokion lansarien erdia izango da, kontzeptu guztiak barne hartua.

Aurreko 3. zatian aurreikusitako kasuan, pentsioa ezintasuna gerta dadin unean kargu horiei ematen zaien urteko lansariaren adinakoa izango da. Horrelakoetan, alargun-pentsioa ere ehunetik ehunekoa izango da.

Artikulu honen 1. paragrafoaren a), b) eta c) idatz-zatietan aipatutakoen heriotza lanean ari direla gertatuz gero, pentsiorako eskubidea honako hauek izango dute, hurrenez hurren: lehenengo alargunek, eta gero seme-alaba adingabeek edo adineko ezinduek. Gurasoek, ekonomiaz seme-alaben menpe egon eta beste irabazpiderik ez badute eskubide horretaz jabetuko dira. Irizpide horixe bera erabiliko da heriotza artikulu honen bigarren paragrafoan aurreikusitako pentsioa jasotzen ari dela gertatutakoan ere.

Artikulu honen 2. eta 3. paragrafoetan aurreikusitako egoeretan eskura daitezkeen pentsioak bateraezinak izango dira edozein legebiltzar-mandatu egiteagatik, Jaurlaritzako kide edo Estatuko zein autonomia-erkidegoko herri-administrazioko goi-kargudun izateagatik edo foru-lurralde historikoetan edo udaletan ordaindutako kargu publikoren bat edo izendapen askeko karguren bat betetzeagatik jasotako diru-sarrerekin. Horrelakoren bat gertatzen denean, doakionak saririk handiena aukeratu ahal izango du.

Artikulu honetan aipatzen diren pentsioen onuradunek Gizarte Segurantzaren konturako beste pentsioren bat jasotzeko eskubidea badute, Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura bien arteko aldea baino ezingo dute jaso, Gizarte Segurantzaren pentsioa txikiagoa bada.

Artikulu honetan arautzen diren pentsioak Jaurlaritzako kideen eta goi-kargudunen ordainsariek izan ditzaten igoeren proportzio berberean haziko dira.

IV. TITULUA. EGINKIZUNAK ESKUORDETZAN EMATEA

39. artikulua

7. artikuluko c) eta d) idatz-zatietan, 9.eko a), b), c), e), g), l) eta m) idatz-zatietan eta 18.ean aitortutako eginkizunak ezin dira eskuordetzan eman, administrazio-izaera hutsekoak salbu. Hala ere lehendakariak, gaixorik edo kanpoan gertatuz gero, 8. artikuluko g) eta m) idatz-zatietan aitortzen zaizkion ahalmenak eskuordetzan eman ahal izango ditu.

Eusko Jaurlaritzak gobernu-batzordeei utzi ahal izango dizkie eskuordetzan bere administrazio-eginkizunak.

Jaurlaritzako lehendakariaren administrazio-eginkizunak Lehendakaritzako sailburuari eman ahal izango zaizkio eskuordetzan.

Sailburuek sailburuordeei eta zuzendariei utzi ahal izango diete, eskuordetzan, beren eskumenen egikaritzapena. Jaurlaritzako kide izateagatik sailburuei aitortutako eginkizunak ezin dira eskuordetzan eman, ezta 26. artikuluko 2., 3., 4., 5. (barneko eskurantza-gatazkak ebazteko eskumena salbu), 6. eta 8. paragrafoetan ezarritakoak ere.

40. artikulua

Eskuordetza, gertakari ofizialetan ordezkotza egitekoa salbu, dekretuz edo aginduz egin beharko da, kasuan kasu, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera izango du eragina. Indargabetzea modu berean egin beharko da.

Eskuordetza emateko dekretuan edo aginduan, berariaz aipatuko dira eskuordetzan emandako eginkizuna erregulatzen duen arauaren edo arauen artikuluak baldin eta eskuordetza erabiltzeak zuzeneko eragina badu administratuengan.

Eskuordetzan emandako eginkizuna ezin izango da, aldi berean, eskuordetzan eman.

Eskuordetza erabiliz emandako egintzak organo eskuordetza-emaileak berak emandakotzat joko dira.

41. artikulua

Lehendakariaren eginkizunak denbora jakin baterako emango dira beti eskuordetzan, lehendakariak berak edozein momentutan baliogabetu badezake ere.

42. artikulua

Sailburuen eginkizunen eskuordetza denbora mugatu baterako izango da beti, hamabi hilabeterako gehienez ere, eta edozein momentutan baliogabetu daiteke.

Nolanahi ere, epe hori bukatu ondoren eskuordetza emateko arrazoiek iraun badiraute, sailaren egitura organiko eta funtzionala erregulatzen duen araua aldatu beharko da, eta eskumena eskuordetzan zuen organoari esleituko zaio berezkotzat.

V. TITULUA. JAURLARITZAREN ETA LEGEBILTZARRAREN ARTEKO HARREMANAK

I KAPITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

43. artikulua

Legebiltzarraren urteko lehenengo ohiko bilkura-aldiko lehenbiziko Osoko Bilkuran Jaurlaritzak, lehendakariaren bitartez, bere politika orokorraren adierazpen bat egingo du; ondoren eztabaida bat izango da, inolako bozketarik gabe.

44. artikulua

Jaurlaritzak eta Jaurlaritzako kideek, Legebiltzarreko Erregelamenduko Arauek ezarritakoari kalterik egin gabe, honako hauek egin beharko dituzte:

Legebiltzarrak eskatzen duenean bertan agertzea.

Legebiltzarrak egindako eskaerei, galderei, interpelazioei eta mozioei erantzutea Legebiltzarreko Erregelamenduak ezarritako moduan.

Jaurlaritzatik, Jaurlaritzako kideengandik, autonomia-erkidegoko edozein agintari eta funtzionariorengandik edota erakunde autonomoetako eta enpresa publikoetako arduradunengandik behar duen informazio eta laguntza guztia ematea Legebiltzarrari.

Jaurlaritzako kideek Legebiltzarraren bilkuretara joateko eta bertan hitza hartzeko eskubidea dute. Beren sailetako goi-kargudunek eta funtzionarioek Legebiltzarreko Batzordeei argibideak emateko eskatu ahal izango dute.

II KAPITULUA. JAURLARITZAREN ERANTZUKIZUNAK

45. artikulua

Jaurlaritzak, sailburu bakoitzak bere jardunagatik duen artezko erantzukizunari kalterik egin gabe, Legebiltzarraren aurrean batean erantzuten du, Autonomia Estatutuak eta lege honek ezarritako moduan.

46. artikulua

Lehendakariak, Jaurlaritzak aztertu ondoren, bere programari edo politika orokorreko adierazpen bati buruzko konfiantza-arazo bat proposa dezake Legebiltzarrean. Konfiantza eman zaiola ulertuko da legebiltzarkideen gehiengo soilak aldeko botoa ematen badu.

47. artikulua

Legebiltzarrak Jaurlaritzari bere erantzukizuna eskatu ahal izango dio zentsura-mozio baten bitartez, zentsura-mozioa erabateko gehiengoz onartu behar da.

Legebiltzarkideen seirenak gutxienez egin beharko du zentsura-mozioaren proposamena, eta izen bat proposatu behar dute lehendakari izateko; pertsona horrek bere gobernu-programaren ildo nagusiak azaldu beharko ditu.

3. Zentsura-mozioa ezin izango da bozkatu aurkezten denetik bost egun igaro arte. Epe horren bi lehenengo egunetan, mozio alternatiboak aurkeztu ahal izango dira.

Legebiltzarkideen erabateko gehiengoak zentsura-mozioa onartzen ez badu, hori izenpetu dutenek ezingo dute besterik aurkeztu urte bereko bi bilkura-aldietan.

48. artikulua

Legebiltzarrak, 46. artikuluan zehaztutako moduetan, lehendakariari bere konfiantza ukatzen badio, lehendakariak dimisioa aurkeztuko du, eta lehendakari berria aukeratuko da.

Halaber, Legebiltzarrak zentsura-mozio bat onartzen badu, lehendakariak dimisioa aurkeztuko du, eta zentsura-mozioak bere baitan daraman hautagaia Legebiltzarrak aukeratutakotzat joko da, erregeak izendatu dezan.

49. artikulua

Legebiltzarrak erantzukizuna eskatu ahal izango dio lehendakariordeari, eskuordetzan hartutako eginkizunei dagokienez. Hori egiteko, ez da beharrezkoa izango ordezko hautagai bat aurkeztea, baina zentsura-mozioak aurrera egiteko Legebiltzarraren erabateko gehiengoa beharko da. Hori gertatuz gero, dimisioa aurkeztuko dio lehendakariari, eta horrek ordezko bat jarriko du.

Halaber, sailburu bati ere eskatu ahal izango zaio zuzeneko erantzukizuna bere eskumenen esparruan; horretarako, zentsura-mozio bat aurkeztu beharko da aurreko lerrokadan ezarritako baldintza eta ondorioekin.

III. KAPITULUA. LEGEBILTZARRA DESEGITEA

50. artikulua

Lehendakariak, bere erantzukizunpean eta Jaurlaritzak aztertu ondoren, Legebiltzarra desegin ahal izango du, salbu eta zentsura-mozioren bat izapidetzen ari bada 47. artikuluak dioenaren arabera.

51. artikulua

Desegiteko dekretuak hauteskunde berriak zein egunetan deitu eta egingo diren zehaztu beharko du, indarrean dauden hauteskunde-legeen arabera.

VI. TITULUA. LEGEGINTZAKO DEKRETUAK

52. artikulua

Eusko Legebiltzarrak lege-mailako arauak emateko ahalmena eman diezaioke Jaurlaritzari eskuordetzan, honako salbuespen hauekin:

Oinarrizko eskubideen eta askatasun publikoen garapenari dagozkionak.

Jaurlaritzaren oinarrizko antolamenduari edo Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren araubide juridikoari dagozkionak.

Autonomia Erkidegoaren eta lurralde historikoen arteko harremanen araubide orokorra onartzen dutenak.

Hauteskunde-legeria orokorra arautzen dutenak, Autonomia Estatutuaren 37. artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe.

Izaera instituzionala dutelako, onartzeko prozedura berezia eskatzen duten arau guztiak.

Legegintzarako eskuordetza oinarri-lege baten bitartez ebatzi behar da helburua testu artikulatu bat egitea bada, eta lege arrunt baten bitartez helburua hainbat lege-testuren testu bategina egitea bada. Bietan, Legebiltzarraren ebazpenak kasuan kasuko zeregina burutzeko epea ezarriko du.

Oinarri-legeak legegintzarako eskuordetzaren xedeak eta helmena mugatuko ditu zehatz-mehatz, baita eskuordetza egikaritzean erabili beharreko printzipioak eta irizpideak.

Legeen testu bateginak egiteko baimenetan, eskuordetzari ematen zaion araugintza-eremua zedarrituko da, eta behar bezala zehaztuko da testu bakar bat egitera mugatzen den edo batean bildu behar diren testuak erregularizatu, argitu eta harmonizatu ere egin behar diren.

Jaurlaritzak, legegintzako eskuordetzaz baliatu eta berehala, Legebiltzarrari jakinaraziko dio, eta jakinarazpenean eskuordetzaren bitartez egindako testu artikulatu edo bategina sartuko du.

Legebiltzarreko Mahaiak Jaurlaritzak bidalitako testua Osoko Bilkuraren aurreko azterraldi bakarreko prozeduraren bitartez izapidetzeko agindua emango du, eztabaidatu eta osotasunean bozka dadin.

VII. TITULUA. ARAU OROKORRAK

I. KAPITULUA. OINARRIZKO PRINTZIPIOAK

53. artikulua

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, hierarkiaren arabera antolatutako organoez osatua, erantzukizun juridiko bakarrez ari da bere egitekoak betetzeko, eta bere jardunean objektibotasuna, publizitatea, eraginkortasuna, deszentralizazioa, deskontzentrazioa eta organoen arteko eta lurralde historikoekiko koordinazioa izango ditu oinarri.

54. artikulua

Auzitegiek kontrolatzen dute, bai administrazioak erregelamenduak emateko duen ahala, bai administrazioaren jardunaren legezkotasuna eta jardun hori administrazioak bere dituen helburuetara egokitzen den.

II. KAPITULUA. LEGE-AURREPROIEKTUAK ETA ERREGELAMENDUZKO ARAUAK EGITEKO PROZEDURA

55. artikulua

Jaurlaritzak egin beharreko lege-aurreproiektuei zioen adierazpena gaineratuko zaie eta, bertan, labur azalduko dira legea egiteko arrazoiak eta helburua. Lege-aurreproiektuaren eranskinetan, berriz, indargabetutako edo aldatutako xedapenen zerrenda jarriko da, hala badagokio.

56. artikulua

Jaurlaritzak erabaki beharreko Lege-aurreproiektuak eta dekretu-proiektuak Jaurlaritzako Idazkariari bidaliko zaizkio, bana ditzan. Doazkien sailek Jaurlaritzak berak ezarritako moduan edukiarekin ados daudela adierazi ondoren, gai-zerrendan sartuko dira. Adostasunik ez badago edo adostasun hori baldintzatua bada, Lehendakariari dagokio erabakitzea gaia Kontseiluaren eztabaidetan sartu ala ez.

57. artikulua

Eusko Legebiltzarrari aurkeztutako lege-proiektuek honako hauek jasoko dituzte: zioen adierazpen bat eta beharrezko aurrekariak, haiei buruzko iritzia eman ahal izateko; generoaren araberako inpaktuari buruzko aldez aurreko ebaluazioa eta neurri zuzentzaileak, eta proiektuak aurrekonturako kargarik dakarren ala ez.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera idatzia.

Lege-proiektuek aurrekonturako kargarik badakarte, dagokion finantza-eranskina izango dute. Eranskin hori Legebiltzarraren Erregelamenduak lege-proiektuei buruz xedatutakoaren arabera eztabaidatu eta bozkatuko da.

58. artikulua

Legebiltzarrari aurkeztutako lege-proiektuek lehentasuna izango dute Legebiltzarreko gai-zerrendan sartzeko, Autonomia Estatutuaren 27.4 artikuluan aurreikusitako herri-ekimenekoak izan ezik. Horrek, ordea, ez dio kalterik egingo Legebiltzarreko edo lurralde historikoen ordezkari diren erakundeetako kideek legegintzako ekimena gauzatzeko duten aukerari. Lege-proiektuei aitortutako lehentasun horrek, gainera, ez du inolaz ere murriztuko legebiltzarkideek Legebiltzarreko Erregelamenduari jarraituz zuzenketak egiteko duten eskubidea.

III. KAPITULUA. ERREGELAMENDUAK EGITEKO AHALA.

59. artikulua

Erregelamenduak egiteko ahalak arau-mailaketa honi egokituko zaio:

Jaurlaritzaren dekretuak.

Jaurlaritzako sailen aginduak.

60. artikulua

Honako hauek joango dira dekretu gisa:

Izaera orokorreko administrazio-xedapenak eta, hala badagokio, Jaurlaritzaren erabakiak, zeinak lehendakariak eta proposamena egin duen sailburuak edo sailburuek sinatuko baitituzte.

Lehendakariaren xedapenak, berak sinatuta.

61. artikulua

Sailetako titularrek agindu bidez gauzatuko dute erregelamenduak egiteko ahala. Agindu horiek saileko titularrak berak sinatuko ditu.

62. artikulua

Erregelamenduzko arauek ezingo dute zigorrik ezarri, ezta ordainarazpenik, tasa parafiskalik edo antzeko beste kargarik ere. Zehapenik edo isunik ere ezin izango dute ezarri, Legeak berariaz onartutako kasuetan izan ezik.

63. artikulua

Goragoko mailaren bateko xedapenetan ezarritakoa urratzen duten erregelamenduzko arauen manuak erabat deusezak izango dira.

64. artikulua

Erregelamenduzko arauak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, eta argitaratu eta hogei egunera jarriko dira indarrean, besterik xedatzen ez bada.

IV. KAPITULUA. ADMINISTRAZIO-EBAZPENAK

65. artikulua

Administrazio-ebazpenak horretarako ahalmena esleituta duten agintari eta organoek emango dituzte.

Ebazpenek administrazio-xedapenen forma berbera izango dute Jaurlaritzak, lehendakariak edo sailburuek ematen badituzte.

66. artikulua

Administrazio-ebazpenek ezingo dute arauzko erregelamendu batek ezarritakoa hautsi, haien maila formala berdina edo goragokoa izanda ere.

67. artikulua

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ematen dituen administrazio-ebazpenek eta horien aurka jar daitezkeen errekurtsoek lege honetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio-prozedura erregulatzen duten arauetan ezarritakoa bete behar dute.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

Eusko Legebiltzarrak Autonomia Erkidegoko klase pasiboei buruzko araudia onartzen ez duen bitartean, lege hau indarrean sartzen denetik aurrera pentsioak emateko ireki behar diren espedienteak Jaurlaritzako Ekonomia eta Herri Ogasun Sailak izapidetuko ditu, eta lege honetan aurreikusi gabeko guztietan, Estatuko klase pasiboei buruz indarrean dagoen legeria aplikatuko du legeria osagarri gisa.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Sailburu, sailburuorde edo zuzendari izan ez arren, beren lana Lehendakaritzan edo Jaurlaritzako sailetan egiten dutenek, lehendakariak edo kasuan kasuko saileko sailburuak izendatuta, indarrean dagoen legeriaren araberako administrazio-kontratuak izango dituzte, eta kontratu horiek erregulatuko dute beren egoera juridikoa.

Salbuespenez, aurreko lerrokadan aipatzen diren pertsonek, zeinak gaur egun bereziki eginkizun teknikoetan baitihardute, egindako zerbitzu-aldia lehentasunezko merezimendu izango da funtzionarioen egoera juridikoa lortzeko, dagokion legean ezarritako moduan.

HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lege honen 37. artikuluak dioena Eusko Kontseilu Nagusiko kontseilari izandakoei ere aplikatuko zaie; horien kasuan, manu horretan aipatzen den prestazioa beren eginkizunak utzi zituztenean jasotzen zuten ordainsariaren -kontzeptu guztiak barne hartuta- parekoa izango da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA

Jaurlaritzari ahalmena ematen zaio Jaurlaritzaren barne-erregelamendua egiteko eta lege hau garatzeko eman behar diren osagarrizko xedapen guztiak emateko.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Lege hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.