200631eezuzentaraua,finantza-tresnenmerk

2006/31/EE Zuzentaraua, Finantza-tresnen merkatuei buruzkoa den 2004/39/EE Zuzentarauak ezarritako zenbait epe aldatzekoa.

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

2006/31/EE ZUZENTARAUA, EUROPAKO PARLAMENTUARENA ETA KONTSEILUARENA, 2006ko apirilaren 5ekoa, Finantza-tresnen merkatuei buruzkoa den 2004/39/EE Zuzentarauak ezarritako zenbait epe aldatzekoa.

(Testu egokia EEEri dagokionez)

EUROPAKO PARLAMENTUAK ETA EUROPAR BATASUNEKO KONTSEILUAK

Europako Erkidegoa eratzeko Ituna eta, bereziki, 47. artikuluko 2. paragrafoa aztertu dute,

Batzordearen proposamena aztertu dute,

Aldez aurretik Europako Ekonomia eta Gizarte Gaietako Batzordeari aholkua eskatu ondoren,

Europako Banku Zentralaren (1) irizpena aztertu dute,

Itunaren 251. artikuluan (2) ezarritako prozedurari jarraiki,

Honako hau kontuan hartuta:

(1) Finantza-tresnen merkatua (3) arautzen duen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2004ko apirilaren 21eko 2004/39/EE Zuzentarauak araubide oso bat ezartzen du inbertitzaileen eragiketak kalitate handikoak izango direla bermatzeko.

(2) 2004/39/EE Zuzentarauak xedatzen du Estatu kideek hainbat xedapen —legezkoak, erregelamenduzkoak eta administraziokoak— onartu behar dituztela, Zuzentarau horretan araututakoa betetzeko, beranduenez ere, 2006ko apirilaren 30ean. Xedapenak Estatu kide guztietan berdin beteko direla bermatzeko, Zuzentarau horretako xedapen konplexu asko betearazpen-neurriez osatu beharko dira. Neurri horiek Batzordeak hartu beharko ditu Estatu kideen transposizio-aldian. Betearazpen-neurrien edukia argi izan arte, Estatu kideek nazioko legeak prestatu eta erabat itxi ezin dituztenez, baliteke zailtasunak izatea egungo transposizio-epea betetzeko.

(3) 2004/39/EE Zuzentarauaren baldintzak eta nazioko legeria betearazlea betetzeko, baliteke inbertsio enpresek eta beste erakunde arautu batzuek hainbat aldaketa egin behar izatea, hala nola informazioaren teknologiako sistema berriak, antolamendu egitura berriak, eta informazio-prozedura eta datuen erregistro berriak ezarri edota egungo sistema eta praktikei zenbait aldaketa esanguratsu egin behar izatea. Aldaketa horiek Kontseiluak hartu beharreko betearazpen-neurrien edukia eta Zuzentarauaren transposizioari dagokion nazioko legeria ezarri ostean bakarrik egin ahalko dira.

(4) Zuzentarauak erabateko eragina izan dezan, beharrezkoa da, baita ere, 2004/39/EE Zuzentaraua eta haren betearazpen-neurriak nazioko zuzenbidera zuzenean aldatzea edota Estatu kideetan aldi berean aplikatzea.

(5) Egokia da, beraz, epea luzatzea, Estatu kideek 2004/39/EE Zuzentaraua nazioko zuzenbidera alda dezaten. Era berean, inbertsio-enpresek eta kreditu-erakundeek baldintza berrietara egokitzeko duten epea atzeratu egin behar da denboraldi batez, Estatu kideek Zuzentaraua nazioko Zuzenbidera aldatu arte, hain zuzen.

(6) 2004/39/EE Zuzentarauko xedapenen arteko elkarreragina dela eta, egokia da epealdiaren edozein luzatze Zuzentarau horretako xedapen guztiei aplikatzea. Transposizio- eta betetze-epeak luzatzeak beharren neurrikoa izan behar du, eta ez ditu Estatu kideen eta erakunde arautuen beharrizanak gainditu behar. Baloreen barne-merkatuaren funtzionamendua oztopa lezaketen zatiketak saihesteko, Estatu kide guztiek aldi berean aplikatu beharko dituzte 2004/39/EE Zuzentarauaren xedapenak.

(7) Europako Parlamentuak hau eskatu zuen finantza-zerbitzuen alorrari dagokion legeriaren aplikazioari buruzko 2002ko otsailaren 5eko Ebazpenean: Parlamentuak, ikusketa-alorrean, izan dezala Kontseiluaren pareko egitekoa, Batzordeak betearazpen-eskumena nola erabiltzen zuen ikusteko, hartara Parlamentuaren lege-eskumenak Itunaren 251. artikuluaren arabera islatzeko. Batzordeko presidenteak, Parlamentuaren egun bereko bilkuran egin zuen aitorpen solemnean, onartu egin zuen aipatutako eskaera. 2002ko abenduaren 11n, Batzordeak hainbat zuzenketa aurkeztu zituen Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/468/EE Erabakiari zegozkionak. Erabaki horrek Batzordeari dagozkion betearazpen-eskumenak erabiltzeko prozedurak zehazten ditu. Gerora, 2004ko apirilaren 22an, beste proposamen bat, aldatua, aurkeztu zuen Batzordeak. Europako Parlamentuak uste du proposamen horrek ez dituela bere lege-eskumenak bermatzen. Europako Parlamentuaren iritziz, Parlamentuak berak eta Kontseiluak aukera izan behar dute, epe jakinean, Batzordeari eman beharreko betearazpen-eskumena ebaluatzeko. Ondorioz, Batzordeak betearazpen-neurriak hartzeko epealdia mugatzea komeni da.

(8) Zuzenketa-proiektuen eta betearazpen-neurrien lehen transmisiotik hasita, hiru hilabeteko epea izan behar du Europako Parlamentuak horiek aztertu eta bere irizpena emateko. Hala ere, behar bezala arrazoitutako presazko kasuetan, aipaturiko epea laburtzeko aukera izan behar da. Europako Parlamentuak epe horren barruan ebazpen bat onartzen badu, Batzordeak zuzenketa- edo neurri-proiektuak berraztertu beharra dauka.

(9) Halaber, beste aldaketa batzuk egin behar dira, bai balore negoziagarrien1 alorreko inbertsio-zerbitzuei buruzko Kontseiluaren 1993ko maiatzaren 10eko 93/22/EEE Zuzentaraua indargabetzeko datak atzeratzeko, bai 2004/39/EE Zuzentarauan ezarritako xedapen iragankorra indargabetzeko datak atzeratzeko, bai eta, orobat, Batzordearen informazio-betebeharren egutegia zabaltzeko ere.

(10) Estatu kideek 2004/39/EE Zuzentaraua nazioko Zuzenbidera aldatzen duten unetik inbertsio-enpresek eta kreditu-erakundeek baldintza berriak bete behar dituzten unera dagoen denbora-tartea dela medio, 2004/39/EE Zuzentarauko xedapenak ez dira indarrean jarriko 2007ko azaroaren 1a arte. Egokia da, beraz, 93/22/EEE Zuzentaraua 2007ko azaroaren 1etik aurrera indargabetzea.

(11) Hortaz, 2004/39/EE Zuzentaraua aldatu egin beharko da.

HONAKO ZUZENTARAU HAU ONARTU DUTE:

1. artikulua

2004/39/EE Zuzentarauari aldaketa hauek egiten zaizkio:

1) Testu hau jarriko da, 69. kontuan hartuzkoaren ordez:

Zuzenketa-proiektuen eta betearazpen-neurrien lehen transmisiotik hasita, hiru hilabeteko epea izan behar du Europako Parlamentuak horiek aztertu eta bere irizpena emateko. Hala ere, behar bezala arrazoitutako presazko kasuetan, aipaturiko epea laburtzeko aukera izan behar da. Europako Parlamentuak epe horren barruan ebazpen bat onartzen badu, Batzordeak zuzenketa- edo neurri-proiektua berraztertu behar du.

2) 64. artikulua era honetan aldatuko da:

a) Honako 2 bis paragrafo hau gehituko zaio:

2 bis. Onartutariko betearazpen-neurrietako bakar batek ere ezingo ditu egungo Zuzentarauaren oinarrizko xedapenak aldatu.

b) 3. paragrafoaren ordez, honako testu hau jarriko da:

3. Dagoeneko onartuta dauden betearazpen-neurriak alde batera utzirik, beranduenez ere 2008ko apirilaren 1ean, bertan behera utziko da Zuzentarau honen xedapenen aplikazioa, baldin eta xedapen horiek, 2. paragrafoari jarraiki, arau berriak onartzea, aldaketak egitea edo erabaki teknikoak hartzea eskatzen badute. Batzordeak hala proposatuta, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak xedapen horiek berritzeko aukera izango dute Itunaren 251. artikuluak zehazten duen prozedura erabiliz, eta, helburu horrekin, aipaturiko data baino lehen berrikusi beharko dituzte xedapenok.

3) 65. atalaren ordez, testu hau jarriko da:

65. artikulua

Txostenak eta berrazterketa

1. Beranduenez 2007ko urriaren 31n, Batzordeak, kontsulta publiko bat egin eta agintaritza eskudunekin hitz egin ondoren, Zuzentarauaren xedapenen aplikazio-eremuaren handitze posibleari buruzko informazioa emango die Europako Parlamentuari eta Kontseiluari; operazioak akzioez besteko finantza-tresnen bidez egitean bete behar diren negoziazio aurreko eta ondorengo gardentasun-betebeharrei buruzkoak dira xedapen horiek.

2. Beranduenez 2008ko urriaren 31n, 27. artikuluaren aplikazioari buruzko txosten bat aurkeztuko die Batzordeak Europako Parlamentuari eta Kontseiluari.

3. Beranduenez 2008ko apirilaren 30ean, kontsulta publikoetan oinarrituta eta agintari eskudunekin hitz egin ostean, honako auzi hauei buruzko informazioa emango die Batzordeak Europako Parlamentuari eta Kontseiluari:

a) 2. artikuluko 1. paragrafoaren k) idatz-zatian adierazitako salbuespenek indarrean dirauten ala ez. Jarduera nagusitzat lehengaietako produktu eratorriei buruzko negoziazio autonomoa duten enpresei eragiten diete salbuespen horiek.

b) Zer-nolakoak izan behar luketen, Zuzentarau honen arabera, inbertsio-enpresa horiek baimentzeko eta gainbegiratzeko aplikatu behar liratekeen baldintzen edukiak eta formak.

c) Egokiak ote diren ala ez inbertsio-ekintza edo -zerbitzuei (batik bat, ikuskapen-lanei) loturiko agenteak izendatzeko arauak.

d) Egokia den oraindik ere 2. artikuluko 1. atalaren i) letra salbuestea.

4. Beranduenez 2008ko apirilaren 30ean, Batzordeak txosten bat aurkeztuko die Europako Parlamentuari eta Kontseiluari, eta bertan, negoziazio-zentroak argitaratzera derrigortuta dauden informazioa Europan egonkortzea galaraz dezaketen oztopoak ezabatzeko prozesua zer egoeratan dagoen azalduko da.

5. Lehenengo eta laugarren paragrafoetan aipatutako txostenetan oinarrituta, Batzordeak Zuzentarau hau aldatzeko proposamenak egin ditzake, baldin eta gai horiekin zerikusia badute.

6. Beranduenez 2006ko urriaren 31n, agintari eskudunekin izandako iritzi-trukeen argitan, Batzordeak berri emango die Europako Parlamentuari eta Kontseiluari Erkidegoko zuzenbideak bitartekoei ezartzen dizkien erantzukizun profesionaleko aseguru-baldintzak oraindik ere egokiak diren ala ez informatuz.

4) 69. artikuluaren ordez honako testu hau jarriko da:

69. artikulua

93/22/EEE Zuzentaraua indargabetzea:

2007ko azaroaren 1etik aurrera 93/22/EEE Zuzentaraua indargabetuta geratuko da. 93/22/EEE Zuzentarauari eginiko aipamenak zuzentarau honi eginak direla ulertuko da. 93/22/EEE Zuzentarauko termino edo artikulu jakin bati eginiko aipamenak Zuzentarau honetako termino eta artikulu baliokideari eginak direla ulertuko da.

5) 70. artikuluko lehen paragrafoaren ordez honako testu hau jarriko da:

Estatu kideek Zuzentarau honek ezarritako lege-, arau- eta administrazio-xedapenak onartuko dituzte, beranduenez, 2007ko urtarrilaren 31n. Batzordeari, berehala emango diote horren berri.

Aipaturiko xedapenak 2007ko azaroaren 1etik aurrera aplikatuko dituzte.».

6) 71. artikuluko 1.tik 5.era bitarteko paragrafoen ordez honako testu hau jarriko da:

1. 2007ko azaroaren 1a baino lehen Estatu Kideetan inbertso-zerbitzuak emateko baimena duten enpresek horiek emateko baimena izango dute Zuzentarau honen ondorioetarako; betiere, dagokien Estatuko legeriak arautzen badu enpresa horiek 9.etik 14.era bitarteko artikuluetan araututakoen antzeko baldintzak bete behar dituztela.

2. 2007ko azaroaren 1a baino lehen bere Estatuan baimendua dagoen merkatu arautua edo merkatu-kudeatzailea Zuzentarau honekin ere baimendua dagoela onartuko da, baldin eta Estatu kide horretako legeriak merkatu arautuak edo merkatu-kudeatzaileak (kasuan kasu) III. tituluan ezartzen diren baldintzen parekoak bete behar dituela ezartzen badu.

3. 2007ko azaroaren 1a baino lehen erregistro publiko batean izena emanda dauden agente lotetsiak Zuzentarau honekin ere erregistratuta daudela onartuko da, baldin eta Estatu kide horietako legeriak agente lotetsiek 23. artikuluan zehazten diren baldintzen parekoak bete behar dituztela ezartzen badu.

4. Zuzentarau honetako 31. eta 32. artikuluen ondorioetarako, emandakotzat joko dira 2007ko azaroaren 1a baino lehen emandako informazioa 93/22/EEE Zuzentarauko 17., 18. edo 30. artikuluen ondorioetarako.

5. Merkatu arautu bateko kudeatzaileen bidez jarduten duen SMN baten definizioan sartzen den sistema orok SMN modura egon behar du baimenduta merkatu arautu bateko kudeatzaileak eskatuta, baldin eta SMN bat baimentzeko eta jarduera-baldintzak ezartzeko Zuzentarau honek eskatzen dituen pareko arauei erantzuten badie eta eskaera 2007ko azaroaren 1etik 18. hilabetera bitarteko epean egin bada».

2. artikulua

1. Estatu kideek 2007ko urtarrilaren 31 baino lehen onartu beharko dituzte Zuzentarau hau betetzeko lege-, arau- eta administrazio-xedapenak. Batzordeari, berehala emango diote xedapen horiek biltzen dituen testuaren berri.

Aipaturiko xedapenak 2007ko azaroaren 1etik aurrera jarriko dira indarrean.

2. Estatu kideek onartu ondoren, xedapen horiek Zuzentarau honi egingo diote erreferentzia, edota erreferentzia horrekin batera azalduko dira haien argitalpen-euskarri ofizialean. Estatu kideek beraiek ezarriko dituzte aipaturiko erreferentziaren modalitateak.

3. artikulua

Zuzentarau hau Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondorengo egunean jarriko da indarrean.

4. artikulua

Zuzentarau honen hartzaileak Estatu kideak dira.

Estrasburgon egina, 2006ko apirilaren 5ean.

Europako Batasuna

Presidentea

J. BORRELL FONTELLES

Kontseilua

Presidentea

H. WINKLER

OHARRAK

Europako Parlamentuaren Irizpena, 2005eko abenduaren 13koa (oraindik Egunkari Ofizialean argitaratu gabea) eta Kontseiluaren Erabakia, 2006ko apirilaren 10ekoa.

EO L 145, 2004.4.30ekoa, 1. or.

EO C 284 E, 2002.11.21koa, 115. or.

EO L 184, 1999.7.17koa, 23. or.

EO L 141, 1993.6.11koa, 27. or. Azken buruan Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002/87/EE Zuzentarauak (EO L 35, 2003.2.11koa, 1. or.) aldatu zuen Zuzentaraua.

euskal legezalea