euskararennafarinstitutua

183/2007 Foru Dekretua, Euskararen Nafar Institutua sortzen duena

Nafarroako Gobernua

183/2007 FORU DEKRETUA, irailaren 10ekoa, Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakunde autonomoa sortzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari Buruzko Lege Organikoak 9. artikuluaren 1. idatz-zatian ezartzen du gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala, eta artikulu beraren 2. idatz-zatian, euskarak ere hizkuntza ofizialaren izaera izanen duela Nafarroako eremu euskaldunetan.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak 1. artikuluan ezartzen du foru lege horren xedea dela euskararen erabilera arrunta eta ofiziala arautzea bizikidetza sozialaren eta irakaskuntzaren esparruetan.

Foru lege horrek, 2. artikuluan esaten du gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla, eta ondorioz, herritar orok duela hizkuntza horiek ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea.

Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunak ezartzen du Europako eskualdeetako eta eremu urriko hizkuntza historikoak babesteak Europako kulturaren aberastasuna eta tradizioak mantentzen eta garatzen laguntzen duela eta Europako Kontseiluaren beraren giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak babesteko arauaren espirituarekin bat datorren eskubidea dela. Gutun hori Espainiak Estrasburgon sinatu zuen 1992ko azaroaren 5ean, eta 2001eko otsailaren 2an berretsi, eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzatzat zer ulertzen den aitortuz: eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntzak autonomia estatutuetan ofizialtzat aitortutakoak dira eta tradizioz hitz egiten diren lurraldeetan gorde eta babesten dira.

12/2007 Foru Dekretuak, abuztuaren 16koak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duenak, 6. artikuluan ezarri zuen hizkuntza politika Hezkuntza Departamentuaren eskumen esparrukoa dela.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak hitzaurrean azpimarratzen du Nafarroaren gisako erkidegoak, ondaretzat hizkuntza bat baino gehiago dutenak, behartuak daudela altxor hori gordetzera eta altxor horren hondamena edo galera eragoztera.

Nafarroako Gobernuak egoki irizten dio Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundea sortzeari, modu positibo eta integratzaile batez giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak bideratzeko euskara berreskuratzera, sustatzera eta garatzera.

Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak 103. artikuluan ezarritakoaren arabera, erakunde autonomoak Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez sortzen dira, eta foru dekretu horrek ezarriko ditu xede orokorrak, atxikipena, estatutuak eta hasierako jarduera plana.

Horrenbestez, Hezkuntza kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko irailaren 10eko bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Sorrera eta xede orokorrak.

Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence (ENAI/INAV) erakunde autonomoa sortzen da.

Xede orokorrak dira herritarrek euskara ezagutzeko eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta eskubide hori eraginkor egiteko behar diren tresnak definitzea, eta euskararen berreskurapena eta garapena babestea.

Xede horiek betetzeko, Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundea zeharkakotasunez arituko da Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoetan, indarra duen araudiari jarraikiz.

2. artikulua. Estatutuak onestea.

Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakunde autonomoaren estatutuak onesten dira; estatutuen testua foru dekretu honen eranskina izanen da.

Xedapen Gehigarria._Izendapenak.

Honako izendapen hauek izendatzerakoan erabilitako baldintza beretan berretsi egiten dira: Hizkuntzaren Garapen, Programazio eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariarena, Zerbitzuak izena aldatu du eta haren ordez Euskararen Garapenerako Zerbitzua izanen da; Hizkuntza Ikerketarako atalburuarena, Atalak izena aldatu du eta haren ordez Euskararen gaineko Azterlanetarako Atala izanen da; eta Hizkuntzaren Garapenerako atalburuarena, Atalak izena aldatu du eta haren ordez Euskararen Sustapenerako Atala izanen da.

Xedapen Iragankorra._Bulegoak.

Foru Dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, atalak baino maila txikiagokoak diren unitate organikoek berdin jarraituko dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekotasunez, egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte izan dituzten eginkizunekin bat.

Xedapen Indargabetzailea._Indargabetzeak.

Indargabetu dira Nafarroako Euskararen Kontseilua sortu zuen martxoaren 11ko 135/1996 Foru Dekretua eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuaren III. Kapituluko 4. atala, bai eta honako foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena._Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen oinarrizko egitura aldatzea.

Abuztuaren 20ko 57/2007 Foru Dekretuaren bitartez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen oinarrizko egitura ezarri zen. Dekretu horren 5. artikulua aldatzen da eta idatz-zati hau gehitzen zaio:

5. Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakunde autonomoa Hezkuntza Departamentuari atxiki zaio.

Bigarrena._Hezkuntza Departamentuko egitura organikoaren aldaketak.

1. Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuaren 27. artikulua aldatzen da. Horrela idatzita geldituko da:

27. artikulua. Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuaren eginkizunak.

Eskolako Hizkuntza Plangintzaren Zerbitzuak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu, eta berariaz honako hauek:

_Zuzendaritza nagusi honen esparrukoak diren mailetan, euskararen irakaskuntza planifikatzea.

_Hizkuntza arloko laguntza ematearren hezkuntza jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak bultzatzea eta antolatzea.

_Euskararen curriculum edukiak prestatzea, eguneratzea eta aztertzea, departamentuko gainerako zerbitzuekin koordinatuta.

_Haur Hezkuntzan, Lehen eta Bigarren Hezkuntzan eta Etengabeko Hezkuntzan euskara irakasteko material didaktiko osagarriak prestatzea eta zabaltzea, Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin eta zuzendaritza nagusiko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan.

_Euskara irakasteko gaitasun tituluak tramitatzea, eta haiek eskuratzeko probak egitea.

_Euskara irakasleen edo eskolak euskaraz ematen dituzten irakasleen hobekuntza ikastaroen plangintza egitea eta haiek burutzea, Kalitatearen eta Genero Berdintasunaren Zerbitzuarekin lankidetzan.

_Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroa kudeatzea.

_Atzerriko hizkuntzen irakaskuntza eta ikaskuntza sustatzea eskola irakaskuntzaren etapetan eta hizkuntza eskola ofizialetan, departamentuko beste zerbitzu batzuekin koordinatuta.

_Atzerriko hizkuntzen irakaskuntzako esperientzia berritzaileak planifikatzea, sustatzea eta haien jarraipena egitea, bereziki Europar Batasunean gehien erabiltzen diren hizkuntzei eta bertako hizkuntza ofizialei dagokienez.

_Atzerriko hizkuntzak irakasteko programa eta material didaktikoei buruzko aholkuak ematea.

_Hizkuntzen ikaskuntza funtzionala laguntzeko jarduerak antolatzea, burutzea eta kontrolatzea.

_Hizkuntza eskola ofizialak kudeatzea eta koordinatzea, zuzendaritza nagusiko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan.

_Hizkuntza eskola ofizialek nafar gizarteari egiten dioten eskaintza planifikatzea, zuzendaritza nagusiko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan.

_Europar Batasunak Erreferentzia Marko Europar Bateratuan ezartzen dituen hizkuntzen ezagutza mailak eta Hizkuntzen Portfolioaren erabilera ezartzera zuzenduriko jarduerak, hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan.

_Europar Batasunaren Etengabeko Ekintzarako Programan diren ekintzak kudeatzea, zuzendaritza nagusi honen esparruko eskola mailetan.

_Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteak tramitatzea.

_Bere kudeaketa esparruan egiten diren deialdiak prestatu eta kudeatzea.

_Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.

2. Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuaren 29. artikulua aldatzen da. Horrela idatzita geldituko da:

29. artikulua. Euskara Atalaren eginkizunak.

Euskara Atalak, bere kudeaketa esparruko gaietan, foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak izanen ditu, eta berariaz honako hauek:

_Euskararen irakaskuntzaren curriculum garapenaren gaineko txostenak, azterlanak eta proposamenak egitea, zuzendaritza nagusiko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan.

_Euskara irakasteko material didaktikoak prestatzeko eta erosteko proposamenak egitea, zuzendaritza nagusiko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan.

_Irakasleei eskaintzen zaizkien euskarazko prestakuntza jarduerak planifikatzea, zuzendaritza nagusiko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan.

_Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentroaren urteko lan plana, ikasturte amaierako memoria eta antolaketarako agiria onets daitezen proposatzea eta segimendua egitea.

_Hizkuntza arloko laguntza emateko hezkuntza jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen plangintza proposatzea, bai eta jarduera horiek ikastetxeko hezkuntza plangintzan integratzeko estrategiak ere.

_Eskola esparruan euskara erabiltzeko jarduerak egiten dituzten gizarte ekimeneko entitateekin hitzarmenak sinatzeko proposamenak egitea.

_Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko Nafarroako Gobernuak antolatzen dituen probak prestatzeko eta burutzeko irizpideak prestatzea eta proposatzea, eta proba horiek baliozkotzea.

_Esleitu zaizkion gaien gaineko administrazio espedienteak izapidatzea.

_Helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

3. Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuaren 32. artikulua aldatzen da. Horrela idatzita geldituko da:

32. artikulua. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparruak.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu ondoko arlo hauetan:

a) Ikasketak antolatzea, arauak garatzea eta ekintza estrategikoak gauzatzea, lanbide heziketaren arloan.

b) Lanbide heziketako irakaskuntzak planifikatzea, programatzea, koordinatzea eta kudeatzea, departamentuko beste zerbitzu batzuekin lankidetzan.

c) Lanbide heziketaren berrikuntza teknologikoa eta didaktikoa.

d) Hezkuntza Departamentuaren ordezkari izatea Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluan, Foru Komunitatearen Administrazioko beste departamentu batzuekin lankidetzan aritzea eta harremana izatea Nafarroako eragile ekonomiko eta sozialekin.

e) Kualifikazioen Sistema Nazionala ezartzeko eta garatzeko prozesuetan eta lanbide heziketa berritzeko eta hobetzeko beste programa batzuetan parte hartzea, nazio zein nazioarteko mailan.

f) Lanbide heziketako ikastetxe pribatuen gainean Nafarroako Foru Komunitateak dituen eskumenak, eginkizunak eta eskurantzak erabili eta betetzea.

g) Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen esparruan, irakaskuntza artistikoak planifikatzea, programatzea, koordinatzea eta kudeatzea.

h) Unibertsitateko goi mailako irakaskuntza planifikatzea, programatzea, koordinatzea eta kudeatzea, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen esparruan.

i) Unibertsitateko goi mailako irakaskuntzaren arloko jarduerak antolatzea, burutzea eta haiei segimendua egitea, Nafarroako Foru Komunitatearen eskumen esparruan.

j) Ikerketa eta garapena sustatzea unibertsitateko goi mailako irakaskuntzaren esparruan.

k) Bere eskumenen esparruko dirulaguntzak ematea, kudeatzea eta kontrolatzea.

l) Europar Batasuneko eta nazioarteko jardueren jarraipena egitea bere eskumenen esparruan.

m) Zuzendaritza nagusiari esleitutako gaiei buruzko legeak eta erregelamenduak egiteko ekimenak aztertzea eta Hezkuntza kontseilariari proposatzea.

n) Indarra duten xedapenek Hezkuntza Departamentuari Lanbide Heziketaren, Unibertsitateko goi mailako irakaskuntzaren eta irakaskuntza artistikoen arloetan esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

4. Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen irailaren 3ko 122/2007 Foru Dekretuaren 33. artikulua aldatzen da. Horrela idatzita geldituko da:

33. artikulua. Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusia zerbitzu hauetan egituratu da:

a) Lanbide Heziketaren Zerbitzua.

b) Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzua.

Atal hau du atxikia:

c) Arte Ikasketen Atala.

Hirugarrena._Araudiaren garapena.

Hezkuntza kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Laugarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2007ko irailaren 10ean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma. Hezkuntza kontseilaria, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea.

ERANSKINA

Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence Erakunde Autonomoaren Estatutuak

I. TITULUA

Izaera, atxikipena eta eskumenak

1. artikulua. Izaera.

Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundea autonomoa da, berezko izaera juridikoa du eta jarduteko ahalmen osoa du bere helburuak bete ahal izateko.

2. artikulua. Atxikipena eta babesa.

Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundea, bere helburuak betetzeko, Nafarroako Gobernuaren eta Administrazioan atxikia dagoen Departamentuaren plangintza eta politika orokorrerako arauen mende egonen da. Estatutuek, foru legeek eta administrazio antolamendu juridikoak esleitzen dizkioten kontrolerako eta zaintzarako ahalmenak erabiliko ditu Gobernuak Institutuan.

3. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.

1. Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeari dagozkio euskararen erabilera ofizialaren arautegia garatzeko ikerketa- eta aholkularitza-eskumenak, eta euskararen baliabideak planifikatzea, sustatzea eta kudeatzea Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Eskumen horiek garatzeko, Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeak eginkizun hauek izanen ditu:

_Europar Batasuneko eremu urriko hizkuntzen edo eskualdeetako hizkuntzen arloko legeen eta jardueren gaineko txostenak aztertzea eta prestatzea.

_Foru Komunitateko administrazio publikoen hizkuntza politika aztertzea eta ebaluatzea.

_Euskararekin zerikusia duten hizkuntza alderdiak ukitzen edo bere baitan hartzen dituzten foru legeen eta gainerako xedapen orokorren eta jarduera planen aurreproiektuen gaineko txostenak prestatzea, baita esparru horretan erregelamenduen proposamenak prestatzea ere.

_Nafarroako Gobernuko departamentuei aholkua ematea Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeak esku hartzen duen esparruetan.

_Toki administrazioei aholkua ematea Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeak esku hartzen duen esparruetan, haiek hala eskatzen dutenean.

_Estatuak Nafarroan duen Administrazioari aholkua ematea Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeak esku hartzen duen esparruetan, hark hala eskatzen duenean.

_Euskarak Nafarroan duen errealitate soziolinguistikoaren gaineko azterlanak, ikerketak eta estatistikak proposatzea, koordinatzea eta egitea.

_Nafar komunitate zientifikoak euskararen gaineko ikerketa programetan (naziokoetan zein nazioartekoetan) parte har dezan bultzatzea.

_Euskararen gaineko azterlanak, ikerketak eta estatistikak sustatzea, baita haiek argitaratzea ere.

_Erabileraren esparruan ikertzea, koordinatzea eta aholku ematea bizitza sozialaren zernahi esparrutan.

_Nafarroako euskalkien kontserbazioari eta garapenari dagozkion jarduera planak proposatzea.

_Agerpen kultural eta artistikoak, liburuen argitalpena eta ikus-entzunezkoak ekoiztea eta euskaraz egin daitezkeen bestelako jarduerak bultzatzea.

_Euskara garatzeko programak eta jarduerak sustatzea, laguntzea eta antolatzea, entitate eta administrazio publikoekin lankidetzan.

_Agerpen artistiko eta kulturalak euskaraz egiteko, herritarren elkarteeekin lankidetzan aritzea.

_Nafarroako komunikabide sozial publiko eta pribatuetan euskararen presentzia gero eta handiagoa izanen dela bultzatzea.

_Nafarroako komunikabide publiko eta pribatuetan euskara sustatzeko egiten diren deialdiak eta hitzarmenak proposatzea, kudeatzea eta kontrolatzea.

_Nafarroako euskara informazioaren eta komunikazioaren teknologietan ager dadin bultzatzea.

_Foru Komunitateko toki-izenen gainean jardutea, indarra duten legeen arabera.

_Euskaltzaindiarekin akordioak proposatzea eta sinatzea, baita akordio horien ondoriozko jarduerak ere.

_Nafarroako euskararen terminologia arloan jardutea.

_Euskaratik edo euskarara egiteko agintzen zaizkion itzulpenak egitea.

_Euskarazko funts bibliografikoak eta ikus-entzunezkoak eskuratzea, bildu eta jendaurrean jar daitezen.

_Nafarroako euskararen mediateka sortzea eta kudeatzea.

_Euskara bereziki helduei irakasteko behar diren baliabide pertsonalak, teknikoak eta materialak kudeatzea.

_Euskara helduei irakasteko curriculumeko edukiak prestatzea, gaurkotzea eta aztertzea, Hezkuntza Departamentuarekin koordinatuta.

_Euskara helduei irakasteko behar diren material didaktikoak prestatzea eta hedatzea.

_Foru Komunitateak kanpoan hedatzeko egiten dituen kanpainetan euskararen presentzia bultzatzea.

_Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko entitateekin lankidetzan aritzea, Nafarroako euskararen presentzia, erabilera eta irakaskuntza sustatzeko.

_Harremanak sustatzea Foru Komunitatetik kanpo bizi diren euskal hiztunen beste talde batzuekin.

_Eremu ez-euskalduneko ikastolak finantzatzearen gaineko martxoaren 23ko 7/2007 Foru Legetik eratorritako betekizunak kudeatzea.

_Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.

II. TITULUA

Egitura organikoa

I. KAPITULUA

Zuzendaritza organoak

4. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Honako hauek dira Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen zuzendaritza organoak:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Zuzendari kudeatzailea.

II. KAPITULUA

Gobernu kontseilua

5. artikulua. Osaera.

1. Honako hauek dira Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen Gobernu Kontseiluko kideak:

a) Kontseiluburua: Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundea atxikia dagoen Departamentuko kontseilaria.

b) Kontseiluko buruordea: Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen zuzendari kudeatzailea.

c) Kontseiluko kideak: Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzeko ordezkari bat, kontseilariek euren zuzendari nagusien edo departamentu horiei atxikiriko erakunde autonomoetako gobernu organoen buruen artean aukeratuak.

d) Idazkaria: Euskararen Garapenerako Zerbitzuko zuzendaria.

2. Aipatutako kideen postuak betetzen dituzten pertsonen ordez euren zuzendaritza nagusiari edo erakunde autonomoari atxikiriko langileak joan daitezke kontseiluko bileretara, haien eskuordetzan.

6. artikulua. Gobernu Kontseiluaren ahalmenak.

Honako ahalmen hauek izanen ditu Gobernu Kontseiluak:

a) Erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektuaren proposamena urtero onestea, atxikia dagoen Departamentuari aurkezteko.

b) Urteko kudeaketa plana eta prestatzen diren urteko txostenak onestea.

c) Plan Estrategikoak onestea, Kontseiluak ezarritako aldizkakotasunarekin.

d) Erakunde autonomoaren zuzendaritza funtzioak kontrolatzea eta gainbegiratzea.

7. artikulua. Kontseiluburuaren ahalmenak.

Honako hauek dira kontseiluburuaren ahalmenak:

a) Gobernu Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Kontseiluaren bileretarako deia egitea eta haien gai-zerrenda finkatzea.

c) Kontseiluko bileren buru izatea eta haiek zuzentzea.

d) Kontseiluko erabakiak betetzen direla zaintzea.

8. artikulua. Idazkaria.

1. Idazkariak Kontseiluko bileretan parte hartuko du, hizpidearekin eta botoarekin, eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburuaren aginduz, Kontseiluko bileretara joateko deia egitea.

b) Kontseiluko lanak prestatzea, Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen zuzendari kudeatzailearekin batera.

c) Kontseiluko bileren akta egitea, hartutako erabakien fede ematea eta eskatzen zaizkion ziurtagiriak egitea.

2. Kontseiluko bileretan, idazkariari Hezkuntza Departamentuko edo Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeko funtzionario batek lagun diezaioke, hizpidearekin baina botorik gabe.

9. artikulua. Funtzionamendua.

1. Kontseilua urtean behin bilduko da, gutxienez, eta ohiz kanpoko izaeraz, kontseiluburuak hartarako deia egiten duenean.

2. Foru dekretu honetan ezarri ez den orotan, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoendako xedatutakoari jarraituko zaio.

III. KAPITULUA

Zuzendari kudeatzailea

10. artikulua. Izendapena, kargutik kentzea eta ordezkatzea.

1. Nafarroako Gobernuak libreki izendatu eta kargutik kenduko du zuzendari kudeatzailea, Institutua atxikia dagoen departamentuko kontseilariak proposaturik.

2. Zuzendari kudeatzailea ez dagoenean, Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundean dauden zerbitzuetako bi zuzendarietako edozeinek ordezkatuko du.

11. artikulua. Eginkizunak.

Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeko zuzendari kudeatzaileak, zuzendari nagusi baten maila izanen duenak, eginkizun hauek izanen ditu:

a) Institutuaren ohiko ordezkaria izatea.

b) Institutuaren eta bere organoen jarduna zuzentzea.

c) Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeko kudeaketa esparruan urteko jarduera lerroak proposatzea eta urteko kudeaketa plana prestatu eta Kontseiluari aurkeztea, onets dezan.

d) Bere eskumenen esparruan urteko txostenak igortzea eta, hala eskatzen zaionean, plan estrategikoa prestatu eta aurkeztea.

e) Kudeaketarako helburu orokorrak prestatzea.

f) Giza baliabideak kudeatzea, Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko eskumenak gorabehera, baita baliabide material eta finantzarioak ere.

g) Gobernu Kontseiluko erabakiak bete eta betearaztea.

h) Erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektuaren proposamena prestatzea eta Kontseilura eramatea, onets dezan.

i) Institutuaren jardunaren administrazio ebazpenak ematea eta administrazio ekintzak bete daitezen agintzea.

j) Kontratazio publikoaren gainean indarra duen arautegiak administrazio publikoetako kontratazio organoei kontratuak egiteko esleitzen dizkieten ahalmenak erabiltzea.

k) Erakunde autonomoaren funtzionamendurako beharrezkoak diren gastu txikiak baimentzeko ahalmenak, aurrekontuen eta ekonomiaren arloko araudian zuzendari nagusiei ahalmen horiek ematen zaizkien heinean.

l) Institutuko jarduera programak prestatzea, bai eta aurrekontuaren aurreproiektu proposamena eta urteko txostena ere, eta horiek guztiak Gobernu Kontseiluari aurkeztea, onets ditzan.

m) Institutuaren funtzionamendurako beharrezkoak diren ordainketak eta gastuak baimentzea, indarreko arautegiaren arabera.

n) Institutuan lan egiteko metodoak hobetzeaz arduratzea.

o) Auzibide zibilera jo aurreko erreklamazioak ebaztea eta, orobat, ondarearen gaineko erantzukizuneko prozeduren ondoriozkoak, erakunde autonomoaren esparruaren barnean.

p) Erakunde autonomoa atxikia dagoen departamentuko kontseilariari proposatzea atalburuak, bulegoburuak edo atala baino maila beheragoko unitateburuak, erakunde autonomoari atxikiak, bitarte baterako izendatzea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena aldez aurretik eman ondoren.

q) Institutuko Zerbitzuko zuzendaria eta atalburuak aldi baterako ordezkatuko dituztenak ebazpen bidez izendatzea, haien postuak hutsik geratzen direnean, lanean ez daudenean, gaixo daudenean edo aldi baterako ezintasuna dutenean.

r) Bere karguari dagokionez, atxikia dagoen departamentuko kontseilari titularrak agintzen dizkion eginkizun guztiak betetzea.

12. artikulua. Eginkizunak beste norbaiten esku uztea.

Zuzendari kudeatzaileak bere eskurantzak Euskararen Garapenerako Zerbitzuko eta Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendarien esku uzten ahalko ditu, indarra duten legeetan ezarritakoarekin bat.

IV. KAPITULUA

Euskararen Garapenerako Zerbitzua

13. artikulua. Atxikipena, izendapena eta kargu uztea.

1. Euskararen Garapenerako Zerbitzua zuzenean Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen zuzendari kudeatzailearen mendekoa izanen da.

2. Euskararen Garapenerako Zerbitzuko zuzendariaren izendapena eta kargu kentzea Nafarroako Gobernuak eginen du, Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundea atxikia dagoen departamentuko kontseilariak proposatuta.

14. artikulua. Eginkizunak.

Honako hauek dira Euskararen Garapenerako Zerbitzuaren eginkizunak:

a) Nafarroako euskalkien kontserbazioari eta garapenari dagozkion jarduera planak proposatzea.

b) Euskarazko agerpen kultural eta artistikoak, liburuen argitalpena eta ikus-entzunezkoak ekoizteko bultzatzea.

c) Euskara garatzeko programak eta jarduerak sustatzea, laguntzea eta antolatzea, entitate eta administrazio publikoekin lankidetzan.

d) Herritarren elkarteekin lankidetzan aritzea, agerpen artistiko eta kulturalak euskaraz egiteko.

e) Nafarroako komunikabide sozialetan euskararen gero eta presentzia handiagoa bultzatzea.

f) Euskara komunikabide publiko eta pribatuetan sustatzeko egiten diren deialdiak eta hitzarmenak proposatzea, kudeatzea eta kontrolatzea.

g) Nafarroako euskara informazioaren eta komunikazioaren teknologietan agertuko dela bultzatzea.

h) Foru Komunitateko toki-izenen gainean jardutea, indarra duten legeen arabera.

i) Euskarazko funts bibliografikoak eta ikus-entzunezkoak eskuratzea, bildu eta jendaurrean jar daitezen.

j) Nafarroako euskararen mediateka sortzea eta kudeatzea.

k) Euskara helduei irakasteko behar diren baliabide pertsonalak, teknikoak eta materialak kudeatzea.

l) Foru Komunitateak kanpoan hedatzeko egiten dituen kanpainetan euskararen presentzia bultzatzea.

m) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpoko entitateekin lankidetzan aritzea, Nafarroako euskararen presentzia, erabilera eta irakaskuntza sustatzeko.

n) Harremanak sustatzea Foru Komunitatetik kanpo bizi diren euskal hiztunen beste talde batzuekin.

o) Euskara helduei irakasteko curriculumeko edukiak prestatzea, gaurkotzea eta aztertzea, Hezkuntza Departamentuarekin koordinatuz.

p) Euskara helduei irakasteko behar diren material didaktikoak prestatzea eta hedatzea.

q) Eremu ez-euskalduneko ikastolak finantzatzearen gaineko martxoaren 23ko 7/2007 Foru Legetik eratorritako betekizunak kudeatzea.

r) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.

V. KAPITULUA

Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzua

15. artikulua. Atxikipena, izendapena eta kargu uztea.

1. Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzua zuzenean Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen zuzendari kudeatzailearen mendekoa izanen da.

2. Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendariaren izendapena eta kargu kentzea Nafarroako Gobernuak eginen du, Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundea atxikia dagoen departamentuko kontseilariak proposatuta.

16. artikulua. Eginkizunak.

Honako hauek dira Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuaren eginkizunak:

a) Europar Batasuneko eremu urriko hizkuntzen edo eskualdeetako hizkuntzen arloko legeen eta jardueren gaineko txostenak aztertzea eta prestatzea.

b) Foru Komunitateko administrazio publikoetan hizkuntza politika aztertzea eta ebaluatzea.

c) Euskararekin zerikusia duten hizkuntza alderdiak ukitzen edo bere baitan hartzen dituzten foru legeen eta gainerako xedapen orokorren eta jarduera planen aurreproiektuen gaineko txostenak prestatzea, baita esparru horretan erregelamenduen proposamenak prestatzea ere, hala eskatzen zaionean.

d) Nafarroako Gobernuko departamentuei aholkua ematea Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeak esku hartzen duen esparruetan.

e) Toki administrazioei aholkua ematea Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeak esku hartzen duen esparruetan, baldin eta eskatzen badute.

f) Estatuak Nafarroan duen Administrazioari aholkua ematea Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeak esku hartzen duen esparruetan, baldin eta eskatzen badu.

g) Euskarak Nafarroan duen errealitate soziolinguistikoaren gaineko azterlanak, ikerketak eta estatistikak proposatzea, koordinatzea eta egitea.

h) Nafar komunitate zientifikoak euskararen gaineko ikerketa programetan (naziokoetan zein nazioartekoetan) parte har dezan bultzatzea.

i) Euskararen gaineko azterlanak, ikerketak eta estatistikak sustatzea, baita haiek argitaratzea ere.

j) Erabileraren esparruan ikertzea, koordinatzea eta aholku ematea gizarte bizitzaren zernahi esparrutan.

k) Euskaltzaindiarekin akordioak proposatzea, baita Euskaltzaindiarekin ezarritako akordioen ondoriozko jarduerak ere.

l) Nafarroako euskararen terminologia arloan jardutea.

m) Euskaratik edo euskarara egiteko agintzen zaizkion itzulpenak egitea.

n) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak, eta helburuak egoki betetzeko bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion guztiak.

VI. KAPITULUA

Atalak

17. artikulua. Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen atalak.

1. Euskararen Garapenerako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Euskararen Sustapenerako Atala.

b) Euskarazko Prestakuntza Atala.

2. Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuak atal hauek izanen ditu:

a) Euskararen gaineko Azterlanetarako Atala.

b) Euskararen gaineko Aholkularitzarako Atala.

18. artikulua. Euskararen Sustapenerako Atala.

Honako hauek dira Euskararen Sustapenerako Atalaren eginkizunak:

Euskararen Sustapenerako Atalak zenbait eginkizun izanen ditu, foru dekretu honen 14. artikuluko a, b, c, d, e, f, g, h, i, j, n, q eta r idatz-zatietan ezarritako eskurantzen proposamen, txosten emate eta betearazte eginkizunak, alegia. Baita bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak ere eta, orobat, atal horren mendeko bulego edo unitateetan garatutako jardueren koordinazioa, zuzendaritza eta kontrola.

19. artikulua. Euskarazko Prestakuntza Atala.

Honako hauek dira Euskarazko Prestakuntza Atalaren eginkizunak:

Euskarazko Prestakuntza Atalak zenbait eginkizun izanen ditu, foru dekretu honen 14. artikuluko k, l, m, o, p eta r idatz-zatietan ezarritako eskurantzen proposamen, txosten emate eta betearazte eginkizunak, alegia. Baita bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak ere eta, orobat, atal horren mendeko bulego edo unitateetan garatutako jardueren koordinazioa, zuzendaritza eta kontrola.

20. artikulua. Euskararen gaineko Azterlanetarako Atala

Honako hauek dira Euskararen gaineko Azterlanetarako Atalaren eginkizunak:

Euskararen gaineko Azterlanetarako Atalak zenbait eginkizun izanen ditu, foru dekretu honen 16. artikuluko a, g, h, i eta n idatz-zatietan ezarritako eskurantzen proposamen, txosten emate eta betearazte eginkizunak, alegia. Baita bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak ere eta, orobat, atal horren mendeko bulego edo unitateetan garatutako jardueren koordinazioa, zuzendaritza eta kontrola.

21. artikulua. Euskararen gaineko Aholkularitzarako Atala

Honako hauek dira Euskararen gaineko Aholkularitzarako Atalaren eginkizunak:

Euskararen gaineko Aholkularitzarako Atalak zenbait eginkizun izanen ditu, Foru Dekretu honen 16. artikuluko b, c, d, e, f, j, k, l, m eta n idatz-zatietan ezarritako eskurantzen proposamen, txosten emate eta betearazte eginkizunak, alegia. Baita bere kudeaketa esparruan agintzen zaizkion gainerako eginkizunak ere eta, orobat, atal horren mendeko bulego edo unitateetan garatutako jardueren koordinazioa, zuzendaritza eta kontrola.

22. artikulua. Bulegoak edo antzeko unitateak.

Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu edo kentzea Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundea atxikia dagoen departamentuko kontseilariaren aginduz eginen da, zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

III. TITULUA

Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseilua

23. artikulua. Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseilua.

Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseilua organoa Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen parte-hartze organoa da eta, euskararen plangintzan eta sustapenean, Nafarroako Gobernuari aholkuak ematen dizkion eta proposamenak egiten dizkion organoa da.

24. artikulua. Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluaren osaera.

Honako hauek dira Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluko kideak:

a) Hezkuntza kontseilaria, kontseiluburua izanen dena.

b) Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeko zuzendari kudeatzailea, Kontseiluko buruorde izanen dena.

c) Euskararen gaineko Aholkularitza eta Ikerketarako Zerbitzuko zuzendaria.

d) Lanbide Heziketaren eta Unibertsitateen zuzendari nagusia.

e) Antolakuntzaren, Kalitatearen eta Berrikuntzaren zuzendari nagusia.

f) Euskaltzainburua.

g) Erakunde eta entitate hauetako bakoitzak proposatutako kide bat:

_Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

_Nafarroako Unibertsitatea.

_Euskaltzaindia.

_Eusko Ikaskuntza.

_Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioa.

_Nafarroako Ikastolen Federazioa.

_Nafarroako Prentsaren Elkartea.

h) Euren estatutuetan euskara sustatzea helburu modura duten kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek proposatutako bi kide.

Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez, ezarriko da kultura elkarteek edo gizarte ekimeneko entitateek Euskararen Nafar Kontseiluan nola hartuko duten parte.

i) Euskararen eta euskal kulturaren arloan izen ona duten pertsonen artetik izendatutako zazpi kide.

2. Kontseiluko idazkari Euskararen Garapenerako Zerbitzuko zuzendaria izanen da.

Kontseiluko bileretan, idazkariari Hezkuntza Departamentuko edo Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeko funtzionario batek lagun diezaioke, hizpidearekin baina botorik gabe.

3. Aurreko zenbakiko g), h) eta i) letretan adierazitako kideak Nafarroako Gobernuak izendatuko ditu eta, ondorio horretarako, g) eta h) letretan adierazitako entitateen proposamenak bidali beharko dira, foru dekretu honek indarra hartu eta hilabeteko epean. Kultura elkarteen edo gizarte ekimeneko entitateen izendapenari dagokionez, artikulu honen 1. puntuko h) idatz-zatian ezarritakoa hartuko da kontuan.

4. Gobernuak kideak lau urterako izendatuko ditu. Hori hala izanik ere, epe hori agortu baino lehenago kargutik kendu daitezke eta beste batzuez ordezkatu, izendatzeko erabilitako prozedura berarekin.

25. artikulua. Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluaren eginkizunak.

Honako hauek dira Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluaren eginkizunak:

a) Hizkuntza normalizazioari dagozkion plan orokorren eta normalizazio proiektuen gaineko txostena ematea, onetsi aurretik.

b) Hizkuntza plangintzaren eta normalizazioaren arloan Gobernuak egindako galderen gaineko iritzia ematea.

c) Euskararen erabileraren eta sustapenaren gainean Gobernuari proposamenak egitea.

d) Indarreko xedapenek berariaz esleitutako beste edozein eginkizun.

26. artikulua. Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluaren funtzionamendua.

1. Honako hauek dira Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluaren organoak:

_Osoko Bilkura.

_Berariazko batzordeak.

2. Kontseiluko kideez gainera, kontseiluko buruak egokitzat jotako beste pertsona batzuek ere har dezakete parte bileretan, hizpidearekin baina botorik gabe, landu behar diren gaietan gaitasuna dutelako.

3. Osoko Bilkurak erabaki dezake berariazko batzordeak eratzea, Osoko Bilkurak hari agindutako gaien gaineko azterlanak edo txostenak prestatzeko.

Batzorde horiek sortzeko erabakian zehaztuko da kontseiluko zein kide izanen den batzordekide, baita zein izanen diren haien eginkizunak eta funtzionamendua ere.

4. Kontseiluko idazkariak berariazko batzordeak koordinatuko ditu.

5. Honako hauek dira kontseiluburuaren eginkizunak:

a) Kontseiluaren ordezkari izatea.

b) Kontseiluko bileretarako deia egitea.

c) Kontseiluko bileren buru izatea, eztabaida zuzentzea eta ordena mantentzea.

d) Kontseiluburua den aldetik dagozkionak.

6. Honako hauek dira Kontseiluko idazkariaren eginkizunak:

a) Osoko Bilkurako bileren akta egitea.

b) Kontseiluko administrazio jarduerak zuzentzea.

c) Berariazko batzordeen eginkizunak koordinatzea.

d) Kontseiluko erabakiak betearaztea.

e) Kontseiluko idazkari den aldetik dagozkionak.

7. Kontseilua seihilean behin bilduko da, gutxienez, eta, ohiz kanpoko izaeraz, kontseiluburuak, bere kabuz edo kontseiluko kideen gehiengoak hala eskaturik, bilerarako deia egiten duenean.

Erabakiak botoen gehiengoaz hartuko dira. Berdinketarik badago, kontseiluburuak kalitateko botoa izanen du.

8. Aurreko ataletan aurrez ikusi ez den orotan, Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluaren funtzionamendua arautuko da Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoendako xedatutakoaren arabera.

27. artikulua. Urteko txostena.

Consejo Navarro del Euskera/Euskararen Nafar Kontseiluak Urteko txostena prestatuko du. Txosten horretan garatutako jardueren berri emanen da. Idazkariak idatziko du eta, Osoko Bilkuran onetsirik, Nafarroako Gobernuari igorriko zaio.

IV. TITULUA

Ondarea, baliabideak, aurrekontuak eta kontrola

28. artikulua. Ondarea.

Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen ondare araubidea Nafarroaren ondareari buruzko arautegian erakunde autonomoetarako oro har ezarritakoa izanen da.

29. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundea ondoko baliabideez finantzatuko da:

a) Bere esku jartzen diren ondasun eta eskubideez.

b) Ondasun eta eskubide horien etekin eta errentez.

c) Jasotzeko baimena duen sarrera arrunt eta apartekoez.

d) Nafarroako aurrekontu orokorretan ezartzen zaizkion diru kopuruez.

e) Administrazioek edo erakunde publikoek ematen dizkioten dirulaguntzez (arruntak zein kapitalekoak).

f) Erakunde pribatuen eta norbanakoen dohaintza, legatu eta bestelako ekarpenez.

g) Esleitzen zaizkion gainerako baliabide guztiez.

30. artikulua. Aurrekontuen araubidea.

Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen menean izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

Aurrekontuen egitura, sarrera eta irteeren sailkatzeari eta hauen zehaztasun-mailari dagokienean, Nafarroako Gobernuko aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor hauen barnean egonen baitira.

Nafarroako aurrekontu orokorretarako arau orokorrek zuzenduko dituzte aurrekontu hauen likidazio eta exekuzioa.

31. artikulua. Araubide ekonomikoa.

Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen kudeaketa ekonomikoa -kontzeptu horretan egintza, agiri eta espedienteetatik heldu diren eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideak sartzen dira-, Foru Komunitateko Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan eramanen da, dela kontu-hartzailetzaren arloan, dela kontabilitatearen arloan.

32. artikulua. Kontabilitate araubidea.

1. Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundea kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen era eta baldintza berberetan.

2. Kontuen ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurrez ikusitakoaren arabera formalizatuko, tramitatuko eta ebatziko da.

V. TITULUA

Langileria

33. artikulua. Langileen araubidea.

1. Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen langileria honako hauek osatuko dute:

a) Nafarroako Gobernuak egindako izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.

b) Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak, Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeari atxikiko zaizkionak.

c) Erakunde autonomo berari atxikitako aldi baterako lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.

2. Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen zerbitzuko langileak funtzionarioak, estatutupekoak edo lan-kontratudunak izanen dira, Nafarroako Foru Administraziorako ezarritako termino beretan.

VI. TITULUA

Egintzen araubide juridikoa

34. artikulua. Araubide juridikoa eta errekurtsoak.

1. Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen egintzen araubide juridikoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluko I. kapituluan erakunde autonomoetarako ezarritakoa.

2. Langileriari, kontratazioei eta aurrekontuei dagozkien administrazio egintzak Foru Komunitateko Administrazioaren berariazko arautegiaren mende egonen dira.

3. Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeko zuzendari kudeatzaileak ebazpen gisa emanen ditu bere egintza administratiboak. Egintza horiek ez dute agortuko administrazio bidea eta beraien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua.

4. Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeko organoek emandako gainerako egintzen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.

35. artikulua. Laguntza juridikoa.

Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 551.3 artikuluari jarraikiz, Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundearen ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren legelariei dagokie, ordezkatzeko eta defendatzeko elkargoko abokatua izendatzen den kasuetan salbu.

Halaber, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoak lege arloko aholkua ematen ahalko dio Euskararen Nafar Institutua/Instituto Navarro del Vascuence erakundeari. Hori guztia, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuak ezarritakoari jarraikiz.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena._Langileria arloko eskumenak.

Langileria arloko eskumenak Hezkuntza Departamentuko Ikuskapenaren eta Zerbitzuen Zuzendaritza Nagusiari dagozkio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskurantzak ezartzen dituen otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan ezarritakoa galarazi gabe.

Bigarrena._Generoaren berdintasuna.

Zenbait pertsona, kargu edo lanposturi buruz ari denean foru dekretu honek genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan (gaztelaniazko "consejero", "director", "presidente", "secretario" eta abar) ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik.

euskal legezalea