11/2010 Foru Legea, Nafarroako 2008ko Kontu Orokorrei buruzkoa

Nafarroako Parlamentua

11/2010 FORU LEGEA, ekainaren 2koa, Nafarroako 2008ko Kontu Orokorrei buruzkoa.

NAO 70.- 2010ko ekainaren 9a

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako.

FORU LEGEA, NAFARROAKO 2008KO KONTU OROKORREI BURUZKOA.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 18. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Diputazioari dagokio Aurrekontu Orokorrak prestatu eta Kontuak formalizatzea Parlamentuan aurkezteko, bertan eztabaidatu, zuzendu eta, hala erabakiz gero, onets daitezen, hori guztia foru legeetan ezarritakoari jarraituz.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 123. artikuluak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren esku uzten du Nafarroako kontu orokorren formulazioa. Horiek, behin Nafarroako Gobernuak onetsitakoan, Nafarroako Parlamentura behar dira igorri dagokion foru legearen proiektuaren bidez, aipatutako foru legearen 130. artikuluan ezarri bezala.

Nafarroako Gobernuak eginak ditu 2008ko ekitaldiko kontu orokorrei buruz adierazitako tramiteak, Comptos Ganberak emana du behar den irizpena eta tramitatua dago Nafarroako 2008ko kontu orokorrei buruzko Foru Legearen proiektua Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 156. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz. Bidezko da, beraz, foru lege hori onestea.

Artikulu bakarra. Onetsi egin dira Nafarroako 2008ko kontu orokorrak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak formulatu eta Nafarroako Gobernuak onetsiak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 130. artikuluan ezarritakoaren arabera. Haien edukia honako agiri eta euskarriotan bildu da:

-Paperezko argitalpen batean, non kontuak osatzen dituzten argibideen atalik nabarmenenen edukia eta laburpena azaltzen baitira: kontuak osatzen dituzten erakundeen aurrekontuetako likidazioak eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde autonomoen kontuen alderdirik nabarmenenak. Sozietate publikoen kontuen laburpena ere ageri da.

-Euskarri digital batean, non entitate eta sozietate publikoen kontuak luze eta zabal azaltzen baitira, haien auditoretza-txostenekin batera. Aurrekontuetako programen oroit-idazkiak ere sartuta daude euskarri horretan.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2010eko ekainaren 2an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea