12006forulegea,

1/2006 Foru Legea, Nafarroako 2004ko Kontu orokorrei buruzkoa

Nafarroako Parlamentua

1/2006 FORU LEGEA, martxoaren 3koa, Nafarroako 2004ko Kontu Orokorrei buruzkoa.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela

NAFARROAKO 2004KO KONTU OROKORREI BURUZKO FORU LEGEA.

Nafarroako foru eraentza birrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 18. artikuluan xedatutakoari jarraituz, Diputazioari dagokio Aurrekontu Orokorrak prestatu eta Kontuak formalizatzea Parlamentuan aurkezteko, bertan eztabaidatu, zuzendu eta, hala erabakiz gero, onets daitezen. Hori guztia, foru legeetan ezarritakoari jarraituz.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 110. artikuluak Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren esku uzten du Nafarroako kontu orokorren formulazioa. Horiek, behin Nafarroako Gobernuak onetsitakoan, Nafarroako Parlamentura behar dira igorri dagokion foru legearen proiektuaren bidez, 8/1988 Foru Legearen 115. artikuluan ezarri bezala.

Nafarroako Gobernuak eginak ditu 2004ko ekitaldiko kontu orokorrei buruz adierazitako tramiteak, Comptos Ganberak emana du behar den irizpena eta tramitatua dago Nafarroako 2004ko kontu orokorrei buruzko Foru Legearen proiektua Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 154. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituz. Bidezko da, beraz, foru lege hori onestea.

Artikulu bakarra._Onetsi egin dira Nafarroako 2004ko kontu orokorrak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak formulatu eta Nafarroako Gobernuak onetsiak, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko 8/1988 Foru Legearen 113., 114. eta 115. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Haien edukia ondoko agirietan bildu da:

I. LIBURUKIA._Hemen bilduta daude Nafarroako Parlamentuaren kontuak, Comptos Ganberarenak, Arartekoarenak, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarenak eta bere erakunde autonomoenak, sozietate publikoenak, eta Nafarroako 2004ko aurrekontu orokorren betetzearen analisia. Liburuki honetan, besteak beste, agiri hauek jaso dira:

_Gastu eta dirusarreren aurrekontuen likidazioko egoera-orriak.

_Egoeraren balantze orokorra.

_Emaitzen kontua.

_Funtsen jatorriaren eta aplikazioaren egoera-orria.

_Diruzaintzako kontu orokorra.

_Zorpetzearen kontu orokorra.

_Ondasun, eskubide eta betebeharren inbentarioa.

_Aurreko ekitaldietatik kobratu beharreko eskubideen eta ordaindu beharreko betebeharren bilakaera eta egoera erakusten dituen egoera-orria.

_Ekitaldian, erabilera orokorrari lotutako jabari publikoko ondasunetan egindako inbertsioak erakusten dituen egoera-orria.

_Datozen ekitaldien kargura hartutako konpromisoen egoera-orria.

II. eta III. LIBURUKIAK._Nafarroako Parlamentuaren, Comptos Ganberaren, Arartekoaren eta sozietate publikoen kontuen garapena.

IV. LIBURUKIA._Nafarroako aurrekontu orokorren likidazioa eta finantzen egoera-orriak zehazten dituzten xehetasun-agiriak, 2004ko ekitaldiaren itxierakoak.

Nik Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2006ko martxoaren 3an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea