42006forulegea,

4/2006 Foru Legea, Bolondres lanari buruzko 2/1998 Foru Legea hein batean aldatzen duena

Nafarroako Parlamentua

4/2006 FORU LEGEA, apirilaren 4koa, Bolondres lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legea hein batean aldatzen duena.

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako

Foru Legea, Bolondres lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legea hein batean aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko boluntarioen lana arautu zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluko 17., 14. eta 18. zenbakiek Nafarroari erabateko eskumena esleitu baitzioten gizarte laguntzaren, aisialdiaren erabilera egokiaren, komunitatearen garapenaren eta hirugarren adinekoen arloetan.

Legeak boluntarioen entitateei aseguru-poliza bat izenpetzeko betebeharra, besteak beste, ezartzen zien, boluntarioek boluntario lanetan aritzen ziren bitartean jasaten ahal zituzten eritasun arriskuei aurre egiteko.

Foru lege horrek indarra hartu zuenetik izaniko esperientziak direla-eta, boluntarioen entitateek poliza horiek izenpetzerik eta, hortaz, baldintza hori betetzerik ez dutela frogatu da. Beraz, onetsitako araudia ezin zen bete.

Hori horrela, egokitzat jo da foru lege hori aldatzea, batetik, boluntarioen entitateei ezarritako betebeharrak merkatuko benetako aukeretara egokitu ahal izateko eta, bestetik, argi uzteko estaldurak bere gain hartu beharko dituela hirugarrenei eragiten zaizkien kalte-galerak.

Artikulu bakarra._Bolondres lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legea aldatzea.

2/1998 Foru Legearen 6.3.b) eta 11.2 artikuluak aldatzen dira. Honelaxe geldituko dira:

Bat._6.3 artikulua.

"b) Boluntario-lanean aritzearen zuzeneko ondorioak diren eritasun, istripu eta kalte-galera arriskuen kontra aseguratuak izatea, erregelamenduz ezartzen diren ezaugarri eta diru kopuruen arabera."

Bi._11. artikulua.

"2. Aipatu entitateek aseguru-poliza bat izenpetu beharko dute, boluntarioek boluntario lanetan aritzen diren bitartean izaten ahal dituzten eritasun eta istripu arriskuei aurre egiteko, eta beren jardueraren ondorioz eragin ditzaketen kalte-galerengatik hirugarrenen aurrean erantzukizuna hartzeko."

Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, 2006ko apirilaren 4an._ Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea