Pertsona guztien babesari buruzko Adierazpena, nahitaezko desagertzeen aurka

Euslege

Pertsona guztien babesari buruzko Adierazpena, nahitaezko desagertzeen aurka

Biltzar Orokorrak onetsia, 1992ko abenduaren 18ko 47/133 ebazpenean

Biltzar Orokorrak,

Kontuan harturik, Nazio Batuen Gutunean eta nazioarteko beste instrumentuetan aldarrikatutako printzipioekin bat etorriz, gizaki guztiei dagozkien duintasuna eta eskubideak berberak eta besterenduezinak direla, eta hori aitortzea munduko askatasunaren, justiziaren eta bakearen oinarri dela,

Aintzat harturik Gutunak estatuei ezarri dien betebeharra, batik bat 55. artikuluaren arabera, giza eskubideen eta oinarrizko askatasunekiko errespetu unibertsala eta eraginkorra sustatzeko,

Erabat kezkaturik herrialde askotan, sarritan modu iraunkorrean, nahitaezko desagertzeak gertatzen direlako, hau da, pertsonak euren borondatearen aurka atzitu, atxilotu eta lekualdatzen direlako edota pertsona horiek askatasunaz gabetzen dituztelako, era batera edo bestera, edozein sektore edo mailako gobernu-agenteek edo partikularrek osatzen dituzten talde antolatuek, gobernuaren izenean edo zuzenean edo zeharka, euren babesarekin, euren baimenarekin edo adostasunarekin, eta gero horiek ukatzen dutelako pertsona horien egoera eta egonlekua ezagutaraztea edo askatasunaz gabetu dituztela aitortzea, legearen babesik gabe utziz,

Kontuan harturik nahitaezko desagertzeek gizarte osoaren balore sendoenak ukitzen dituztela, gizarteak errespetu osoz lehentasuna ematen baitie zuzenbideari, giza eskubideei eta oinarrizko askatasunei, eta desagertze horiek modu sistematikoan gertatzea gizateriaren aurkako krimena dela,

Gogoratuz 1978. urteko abenduaren 20ko 33/173 Ebazpena, Biltzarrak horren bitartez adierazi baitzuen bere erabateko kezka munduko alderdi desberdinetatik jasotako txostenak zirela eta, pertsonen nahitaezko edo nahi gabeko desagertzeari dagokionez, eta, berebat, bere hunkidura desagertzeek eragiten dituzten estualdia eta nahigabeagatik; halaber, gobernuei eskatu zien berma zezatela agintaritzek edo erakundeek euren gain hartzea nahitaezko edo nahi gabeko desagertzeek eragiten dituzten gehiegikerien erantzukizun juridikoa, eurena baita legea eta segurtasuna betearazteko ardura,

Gogoratuz, berebat, Genevako Hitzarmenak, 1949. urteko abuztuaren 12koak eta 1977. urteko Protokolo osagarriek gatazka armatuen biktimei ematen dieten babesa,

Aintzat harturik batez ere Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren eta Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren artikulu egokiak, pertsona orori bermatzen dizkiotenak bizitza eskubidea, bere buruarekiko askatasun- eta segurtasun-eskubidea, torturarik ez pairatzeko eskubidea eta bere nortasun juridikoa aitortua izateko eskubidea,

Aintzat harturik, gainera, Torturaren aurkako eta beste tratu edo zigor krudel, anker edo apalesgarrien aurkako Konbentzioa, horrek xedatzen duela estatuek neurri egokiak hartu behar dituztela tortura-egintzak prebenitu eta zigortzeko,

Aintzat harturik legea betearazteko ardura duten funtzionarioentzako jokabide-kodea, legea betearazteko ardura duten funtzionarioek indarkeria eta suzko armak erabiltzeari buruzko oinarrizko printzipioak, delitu eta botere-abusuaren biktimentzako justiziaren oinarrizko printzipioak eta giltzapetuak tratatzeko gutxiengo erregelak,

Baieztatuz nahitaezko desagertzeak saihesteko behar-beharrezkoa dela Atxilotuta edo espetxean dauden pertsonen babeserako printzipio-multzoak zorrotz errespetatzea, printzipio horiek adierazten direla 1988. urteko abenduaren 9ko 43/173 ebazpenaren eranskinean; eta, era berean, errespetatzea legez kanpo, nahierara eta modu laburtuan egindako exekuzioak era eraginkorrean prebenitu eta ikertzeari buruzko printzipioak, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak adieraziak 1989. urteko maiatzaren 24ko 1989/65 Ebazpenaren eranskinean eta Biltzar Orokorrak onetsiak 1989. urteko abenduaren 15eko 44/162 Ebazpenean,

Aintzat harturik nahitaezko desagertzeak eragiten dituzten egintzek aipatu nazioarteko instrumentuetan zein debeku arautu eta horiek urratzen dituztela eta garrantzitsua dela, beraz, instrumentu bat sortzea, horren bitartez nahitaezko desagertze-egintza guztiak izan daitezen muturreko larritasuna duten delituak eta halakoak zigortzera eta prebenitzera bideratutako arauak ezar daitezen,

1. Adierazpen hau aldarrikatzen du, pertsona guztien babesari buruzkoa, nahitaezko desagertzeen aurka, estatu orok aplikagarri duen printzipio-multzo gisa;

2. Eskatzen du ahal den guztia egitea Adierazpen hau ezagutarazi eta errespetarazteko.

1. artikulua

1. Nahitaezko desagertze-egintza oro da giza duintasunaren aurkako irain-egintza. Horrenbestez, kondenatu egiten da, Nazio Batuen Gutunaren xedeak ukatzen dituen heinean eta giza eskubideak eta oinarrizko askatasunak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean aldarrikatuak eta beste nazioarteko instrumentu egokietan berretsi eta garatuak, urratzen dituen heinean.

2. Nahitaezko desagertze-egintza orok legearen babesetik kanpo uzten du biktima eta sufrimendu larriak eragiten dizkio berari eta bere familiari. Nazioarteko zuzenbidearen arauak urratzen ditu; izan ere, zuzenbideak bermatzen dizkio gizakiari, besteak beste, berari dagokion eskubidea bere nortasun juridikoa aitortua izan dadin, askatasun- eta segurtasun eskubidea bere buruarekiko eta torturarik edo bestelako zigor edo tratu krudel, anker edo apalesgarrik ez pairatzeko eskubidea. Bestalde, bizitza-eskubidea urratzen du, edo arrisku larrian ezarri.

2. artikulua

1. Estatuek ez dute nahitaezko desagertzerik gauzatuko, ezta baimendu edo onartuko ere.

2. Estatuek nazio- eta erregio-mailan eta Nazio Batuekin lankidetzan arituko dira, dituzten baliabide guztiekin laguntzeko nahitaezko desagertzeak prebenitzen eta ezabatzen.

3. artikulua

Estatuek legegintza-, administrazio- eta epai-neurriak eta bestelako neurri eraginkorrak hartuko dituzte euren jurisdikziopean dagoen edozein lurraldetan nahitaezko desagertze-egintzak prebenitu eta ezabatzeko.

4. artikulua

1. Zigor-zuzenbidearekin bat etorriz, nahitaezko desagertze-egintza oro uste izango da zigor egokiak jasotzeko moduko delitua dela, delitu horrek muturreko larritasuna duela kontuan harturik.

2. Nazio-legeriek ezar ditzakete inguruabar aringarriak, ustez nahitaezko desagertzeen izaera duten egintzetan partaide izan eta horiek laguntzen badute biktima bizirik aurkitzen edota borondate osoz ematen badituzte nahitaezko desagertze-kasuak argitzea ahalbidetzen duten informazioak.

5. artikulua

Aplika daitezkeen zigor-zehapenez gain, nahitaezko desagertzeek barruratu beharko dituzte egileen erantzukizun zibila eta halakoak antolatu, adostu edota onartu dituzten estatuaren edo estatu horren agintaritzen erantzukizun zibila ere, nazioarteko zuzenbidearen printzipioen arabera estatu horri legokiokeen nazioarteko erantzukizunari kalterik egin gabe.

6. artikulua

1. Nahitaezko desagertze bat justifikatzeko ezin dira alegatu agintari publikoen agindu edo jarraibideak, agintari horiek zibilak, militarrak edo beste mota batekoak izan daitezkeela. Halako agindu edo jarraibidea jasotzen duen pertsona orok du horiek ez betetzeko eskubidea eta eginbeharra.

2. Estatuen ardura izango da nahitaezko desagertzeak xedatu, baimendu edo bultzatzen dituzten agindu edo jarraibideak debekatzea.

3. Legea betearazteko ardura duten agenteen heziketan kontuan hartu beharko dira artikulu honen 1 eta 2. paragraforen xedapenak.

7. artikulua

Inolako inguruabarrik, edozein izanda ere, hala gerra-mehatxua edo gerra-egoera, nola barneko ezegonkortasun politikoa edo salbuespen-egoera, ezin daiteke alegatu nahitaezko desagertzeak justifikatzeko.

8. artikulua

1. Estatuek ez dute pertsona bat beste estatu batera kanporatu, itzuli edo estraditatuko, oinarritutako arrazoien arabera uste denean pertsona horrek nahitaezko desagertzea jasateko arriskua izan dezakeela.

2. Arrazoi horiek dauden zehazteko, agintaritza eskudunek kontuan hartuko dituzte egoki diren inguruabar guztiak, baita, bidezkoa denean, estatu interesdunean gertatzen den giza eskubideak urratzea modu sistematikoan, larrian, ageri-agerikoan edo ugarian.

9. artikulua

1. Errekurtso judizial azkar eta eraginkorra izateko eskubidea behar beharrezkoa da nahitaezko desagertzeak prebenitzeko edozein inguruabarretan, 7 supra artikuluan adierazitakoak barne; izan ere, errekurtso hori da bidea askatasunaz gabetutako pertsonen egoera edo euren osasun-egoera edota askatasun gabetze hori agindu edo burutu zuen agintaritza zehazteko.

2. Errekurtso horren esparruan, nazio-agintaritza eskudunak iritsi daitezke askatasunaz gabetutako pertsonak dauden toki guztietara, bai eta beste edozein tokitara ere, uste bada bertan desagertutako pertsonak egon daitezkeela.

3. Era berean, toki horietara edozein agintaritza eskudun iritsi daiteke, horretarako ahalmena eman badio estatu-legeriak edota nazioarteko beste instrumentu juridiko batek, estatua halakoetan alderdi denean.

10. artikulua

1. Askatasunaz gabetutako pertsona oro zaindu behar da modu ofizialean aitortuta dauden atxiloketa-tokietan, eta nazio-legeriaren arabera, atxiloketa noiz izan eta atzerapenik gabe agintaritza judizial baten aurrean aurkeztua izango da.

2. Ahalik eta azkarren informazio zehatza eman beharko zaie askatasunaz gabetutako pertsonen familiartekoei, euren abokatuari edota informazio hori jasotzeko interes legitimoa duen beste edozein pertsonari, haien atxiloketari eta berori betetzen ari den tokiari edota tokiei buruz, leku-aldaketak barne, salbu eta askatasunaz gabetutako pertsonek kontrako borondatea adierazi dutenean.

3. Atxiloketa-toki guztietan egon beharko da askatasunaz gabetutako pertsona guztien erregistro eguneratua. Bestalde, estatuek neurriak hartuko dituzte antzeko erregistro zentralizatuak edukitzeko. Erregistro horietan adierazten den informazioa aurreko paragrafoan aipatu pertsonen esku jarriko da eta agintaritza judizialaren eta nazio-agintaritza eskuduna eta independentearen esku eta, oro har, nazio-legeriak edota nazioarteko beste instrumentu juridiko batek horretarako ahalmena ematen dion edozein agintaritza eskudunaren esku, estatua horietan alderdi denean, agintaritza horrek ezagutu nahi duenean atxilotua non dagoen.

11. artikulua

Askatasunaz gabetutako pertsona oro aske uztea egin behar da halako modu jakin batean, modu horrek ahalbidetzen duela pertsona hori zinez askatua izan delako egiaztapena eta orobat, aske uzte hori egin dela baldintza egokietan, pertsona horren osotasun fisikoa eta eskubideak bete-betean egikaritzeko ahalmenak ziurtatuta daudela.

12. artikulua

1. Estatuek honako arauak ezarriko dituzte euren nazio-legerian, ahalbidetzen dutenak gobernu-agenteak izendatzea, askatasunaz gabetzeko aginduak emateko gaituak; agindu horiek eman ahal izateko baldintzak finkatzen dituztenak; eta gobernu-agenteei ezarri ahal zaizkien zigorrak aurreikusten dituztenak, gobernu-agente horiek inolako lege oinarririk gabe ukatzen dutenean askatasunaz gabetzeari buruzko informazioa ematea.

2. Estatuen ardura izango da kontrol zorrotza ezartzea, kontrol horren bidez zehaztuko direla hierarkiaren araberako erantzukizunak, atzemate, atzipenaldi, atxiloketa, aurreneurrizko espetxealdi, lekualdaketa eta espetxeratzeen arduradunei begira, bai eta gainerako gobernu-agenteei begira, horiek legearen arabera gaituta daudenean indarkeria eta suzko armak erabiltzeko.

13. artikulua

1. Pertsonaren bat nahitaezko desagertze baten objektu izan dela baieztatzen duen edota horri buruzko informazioa edota interes legitimoa duen pertsona orori estatuek ziurtatuko diote egitate horiek salatzeko eskubidea, estatu-agintaritza eskudun baten aurrean, eta horrek berehala ekingo dio ikerketa zehatz eta inpartziala gauzatzeari. Zentzuzko arrazoiak daudenean pertsona bat nahitaezko desagertzearen objektu izan dela uste izateko, orduan estatuak atzerapenik gabe igorriko dio kasua aipatu agintaritzari, honek ikerketa has dezan, inolako salaketa formalik aurkeztu ez bada ere. Ikerketa hori ezin izango da mugatu ez oztopatu ere.

2. Estatuen ardura izango da agintaritza eskudunak edukitzea ikerketa gauzatzeko beharrezkoak diren ahalmenak eta baliabideak, barne hartuta beharrezkoak diren ahalmenak eskatzeko lekukoen agerraldia eta kasuan kasuko frogak aurkeztea, bai eta atzerapenik gabe tokiak ikustea.

3. Neurriak hartuko dira zertarako eta, ikerketan parte hartu dutenek, salatzailea, abokatua, lekukoak eta ikertzaileak barne, izan dezaten babesa, tratu txar edo larderia- edota errepresalia-egintza ororen aurka.

4. Ikerketaren emaitzak pertsona interesdun guztiei jakinaraziko zaizkie, eurek hala eskatzen badute, salbu eta horrek oztopatzen duenean abian dagoen auziaren instrukzioa.

5. Neurriak hartuko dira tratu txar oro, larderia- edota errepresalia-egintza oro, eta esku-hartze forma oro bermatzeko, salaketa aurkezteagatik edo ikerketaren prozeduraren bitartean, zigortuak izan daitezen, horiei dagokien moduan .

6. Ikerketa bat egin ahal izango da, aurreko paragrafoetan deskribatutako moduen arabera, nahitaezko desagertzea nozitu duen biktimaren egoera argitzen ez den bitartean.

14. artikulua

Estatu batean nahitaezko desagertze-egintzen ustezko egileak, ikerketa ofizial baten ondorioek horretarako bidea ematen badute, eta ustezko egile horiek beste estatu batera estraditatu ez direnean, estatu horrek bere jurisdikzioa egikaritzen duela gai honetan indarrean dauden nazioarteko hitzarmenen arabera, orduan lehen aipatu estatuaren agintaritza zibil eskudunen esku utziko dira egile horiek, estatu horrek haiek auziperatu eta epaitu ditzan. Estatuek eskuragarri dituzten neurri juridiko egokiak hartu beharko dituzte, nahitaezko desagertze-egintza baten ustezko egilea epaitua izan dadin, estatu horren jurisdikziopean edo kontrolpean dagoenean.

15. artikulua

Estatu baten agintaritza eskudunek kontuan hartu beharko dute pertsona bati babesa eman edo ez erabakitzeko orduan, pisuzko arrazoiak egon izana uste izateko pertsona horrek parte hartu duela hain larriak diren egintzetan, 4 supra artikuluaren 1. paragrafoan aipatzen diren modukoetan, edozein direla horretarako arrazoiak.

16. artikulua

1. 4 supra artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusitako egintzetatik edozein ustez egin duena eginkizun ofizialik gabe utziko da, 13 supra artikuluan aipatu ikerketa egin bitartean.

2. Pertsona horiek bakar-bakarrik zuzenbide arrunteko jurisdikzio eskudunek epaituko dituzte, estatu bakoitzean, bestelako jurisdikzio berezi oro baztertuta, batik bat, jurisdikzio militarra.

3. Halako prozesuetan ez dira onartuko pribilegiorik, ezta ukiezintasunik nahiz lekapenik ere, diplomazia-harremanei buruz Vienako Konbentzioan ezarritako xedapenei kalterik egin gabe.

4. Egintza horien ustezko egileei bermatuko zaie bidezko tratu bat ikerketaren aldi guztietan, bai eta kasuan kasuko prozesu eta epaian, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren arabera eta gai honen inguruan indarrean dauden nazioarteko beste instrumentuen arabera.

17. artikulua

1. Nahitaezko desagertze-egintza oro da delitu iraunkorra egileek desagertutako pertsonaren egoera eta egonlekua ezkutatzen jarraitzen duten bitartean eta egitateak argitzen ez diren bitartean.

2. Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren 2. artikuluan aurreikusitako errekurtsoak eraginkorrak ez direnean, orduan nahitaezko desagertze-egintzei buruzko preskripzioa eten egingo da, errekurtso horiek berrezarri arte.

3. Preskripzioa badago, nahitaezko desagertze-egintzei dagokienak epe luzekoa behar du izan eta delituaren muturreko larritasunari egokitua.

18. artikulua

1. 4 supra artikuluaren 1. paragrafoan aurreikusitako egintzen egileek edo ustezko egileek ez diete inolako etekinik aterako amnistia bereziari edota antzeko beste neurriei, horien ondorioa bada haiek zigor-arloko edozein prozedura edo zehapenetik askatzea.

2. Grazia-eskubidea egikaritzeko kontuan hartu beharko da nahitaezko desagertze-egintzen muturreko larritasuna.

19. artikulua

Nahitaezko desagertze-egintzen biktimek eta euren familiartekoek ordaina jaso beharko dute; era berean, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute eta ahal den birgaikuntzarik zabalena ziurtatzen dieten baliabideak erabiltzeko eskubidea. Nahitaezko desagertzearen ondorioz biktima hiltzen den kasuetan, bere familiak izango du kalte-ordaina jasotzeko eskubidea.

20. artikulua

1. Estatuek aurreikusi eta zigortu egin behar dute nahitaezko desagertze baten biktima diren gurasoen seme-alabak eskuratzea edota nahitaezko desagertzearen biktima diren amengandik gatibualdian jaiotako haurrak eskuratzea; aldi berean, ahaleginak egingo dute haur horiek bilatu eta identifikatzeko, euren jatorrizko familiara itzul daitezen.

2. Kontuan hartuta, aurreko paragrafoan aipatu haurren interes gorena zaintzeko beharrizana, adopzio-sistema aitortzen duten estatuetan, ahal izango da azterketa bat egin haur horiek adoptatzeko eta, batik bat, adopzioaren baliogabetasuna adierazi, adopzioaren jatorria denean nahitaezko desagertzea. Edonola ere, adopzioaren ondorioei eutsi ahal izango zaie haurraren hur-hurreko senideek, adopzio horren baliotasuna aztertu ondoren, euren adostasuna ematen badute.

3. Nahitaezko desagertze baten biktima diren gurasoen seme-alabak eskuratzea edota nahitaezko desagertzearen biktima diren amengandik gatibualdian jaiotako haurrak eskuratzea, bai eta haurraren benetako nortasuna ziurtatzen duten agiriak faltsutzea edo ezabatzea delitu astunak dira, zeharo astunak; horrenbestez, zigortu egin behar dira.

4. Horretarako, estatuek, kasuan-kasuan, bitariko edo alde anitzeko hitzarmenak itunduko dituzte.

21. artikulua

Adierazpen honen xedapenak ez diete kalterik egiten Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean edota nazioarteko beste edozein instrumentutan adierazitako xedapenei, eta ezin izango dira interpretatu xedapen horietatik edozein murriztu edo indargabetzeko.