92008forulegea,nafarroanetxebizitzaizate

9/2008 Foru Legea, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzkoa

Nafarroako Parlamentua

9/2008 Foru Legea, maiatzaren 30ekoa, Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzkoa

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

NAFARROAN ETXEBIZITZA IZATEKO ESKUBIDEARI BURUZKO FORU LEGEA.

ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioko 47. artikuluak aitortzen du espainiar guztiek etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea dutela, eta administrazio publikoei agintzen die beren eskumenak eta ahalmenak erabil ditzaten eskubide hori eragingarria izan dadin.

Horrela, Nafarroako Foru Komunitatea aurreratuenetakoa da etxebizitza babestuak eraikitzeari dagokionez, eta aitzindaria izan da etxebizitzaren alorreko legegintzan. Bai Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legea bai eta Lurralde antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, zeinak proposamen berritzaileak ekarri baitzituzten eta erreferentzia izan baitira beste autonomia erkidego batzuentzat, tresna baliagarriak eta eraginkorrak izan dira.

Hala ere, gaur egun, etxebizitza Nafarroako gizartearen kezka nagusietako bat bihurtu da, errenta mugatueneko familia-unitateek zailtasun ekonomikoak baitituzte etxebizitza libreko merkatuak eskuratzeko.

Horrela, aurrera egiten eta lanean jarraitu behar da baldintzak, neurriak eta prozedurak ezartzeko eta, horien bidez, modua egon dadin herritar guztiek etxebizitza batez gozatzeko duten eskubidea edukiz erabat betetzeko, bai eta modua ere arlo honetan eskubide subjektiboa aitortzeko oinarriak ezartzeko.

Lehenengo artikulua.

Foru lege honen xedea da, Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legean neurri berriak sartuz, etxebizitza duin eta egoki batez gozatzeko eskubidea ziurtatzen laguntzea, Espainiako Konstituzioko 47. artikuluan ezarritakoaren arabera hain zuzen.

Xedapen gehigarri bakarra.

Nafarroako Gobernuak, bilkuraldi honetan, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko du Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proiektu bat, non eskubide hori hobeki ziurtatzeko egokiak diren neurriak jasoko baitira eta, besteak beste, etxebizitza erosteko aurrezki-kontuei legeak ematen dien trataera berrikusiko eta hobetuko baita. Behin onetsita, legeak izen hau hartuko du: Nafarroan etxebizitza izateko eskubideari buruzko Legea

Azken xedapena.-Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2008ko maiatzaren 30ean.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma.

euskal legezalea