20/2011 Errege Lege Dekretua, defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu, zerga eta finantza arloko premiazko neurriei buruzkoa

Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

20/2011 Errege Lege Dekretua, abenduaren 30ekoa, defizit publikoa zuzentzeko aurrekontu, zerga eta finantza arloko premiazko neurriei buruzkoa.

HITZAURREA

I

Aurreikuspenen arabera, herri‑administrazio guztietan aldaketa handiak izango dituenez 2011ko ekitaldiko aurrekontu‑saldoak, premiazko neurriak hartu beharrean da Gobernua, agindutako egonkortasun‑helburua betetzeko.

Lehen neurri hauek sarrera publikoei zein gastuei eragingo diete, eta barne‑produktu gordinaren ehuneko puntu batean baino gehiagoan murriztuko du, berehalakoan gainera, aurrekontuko desoreka. Ekintza hauen bidez, Espainiako sektore publikoak oreka berreskuratzeko bideari ekingo diola bermatu nahi da, zor eta defizit publikoen etorkizuneko bilakaerari sinesgarritasuna emateko.

Zuzenketa hori egin ezean, ezinezkoa izango litzateke jarduera ekonomikoari egoki garatzea oztopatzen dion egungo likidezia‑urritasuna gainditzea. Zuzenketaren bidez abiaraziko den finkapen fiskala Estatuko 2012ko Aurrekontu Orokorren lege‑proiektuan zehaztuko da behin betiko.

Halaber, Diputatuen Kongresua eta Senatua desegiteko eta hauteskundeak deitzeko irailaren 26ko 1329/2011 Errege Dekretuak, irailaren 27ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoak, bi ganberak desegitea agintzen zuen, eta hauteskunde orokorrak 2011ko azaroaren 20rako deitzea. Hori dela‑eta, oraingoz ez da onartu Estatuko 2012ko Aurrekontu Orokorren Legea.

Konstituzioaren 134.4 artikuluak dioenez, «Aurrekontuen Legea kasuan kasuko ekitaldi ekonomikoaren lehen egunerako onesten ez bada, ulertuko da aurreko ekitaldiko aurrekontuak zuzenean luzatu direla, berriak onetsi arte». Manu hori aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Legearen 38. artikuluak garatu du; bertan xedatutakoaren arabera, aurrekontu berriak onetsi arte, luzatu egingo dira aurrekoak, eta «luzapenak ez du eraginik izango luzatutako aurrekontuen ekitaldian bukatzen diren programa edo jardueren gastuetarako edo bertan bukatzen diren obligazioetarako kredituetan».

Hori aintzat hartuta, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera luzatuko da Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legea, 2011n bukatzen diren jardueretarako edo urte horretan bertan bukatutako obligazioetarako kredituak izan ezik.

Era berean, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak urtebeteko indarraldia duen arren, luzapenak ez du eraginik izango bertan egon litezkeen indarraldi mugagabeko arauetan; arau horiek, beraz, indarrean jarraituko dute.

Bestalde, 2011ko ekitaldian emandako aurrekontu‑baimenek ez dute luzatutako kredituen edukian eragingo; izan ere, luzapenaren xedea ez da aurrekontua gauzatzea, ekitaldiko gasturako hasierako baimenak baizik, abenduaren 22ko 39/2010 Legean jasotakoak. Gauza bera esan liteke zorpetzeko baimenei dagokienez; hortaz, aipatutako legean ezarritako hasierakoak luzatu egin direla ulertu behar da.

Azkenik, Aurrekontuen Lege Orokorraren 38.3 artikuluak zehazten du luzatutako aurrekontuaren egitura organikoa egokitu egingo dela, zenbateko osoa aldatu gabe, aurrekontua gauzatu beharreko ekitaldian indarrean dagoen administrazio‑antolaketara.

Esparru juridiko horren barruan, Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren Legea besterik gabe luzatzeak hainbat disfuntzio eragingo lituzke, zuzendu beharrekoak. Lehenik eta behin, Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren Legeak defizit publikoa murrizteko aparteko neurriak hartzeari buruzko maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuak agindutako izozketara igortzen duelako hainbat arlotan (pentsio publikoak, adibidez); bada, Gobernu berriak espresuki arautu nahi du arlo hori, izoztea bertan behera uzteko.

Bigarrenik, segurtasun juridikoaren izenean, manu batzuk luzatzerik ez dagoelako; esate baterako, izaera materialeko lege batek urteko Estatuko Aurrekontu Orokorren Legera igortzen duenean. Manu horiek garrantzi berezia dutenez zerga‑arloan, espresuki arautu behar da gai hori, tazituki luzatu beharrean.

Azkenik, egoera ekonomikoa eta finantzarioa aintzat hartuta, defizit publikoan eta aurrekontu‑egonkortasunean eragina izan lezaketen gai batzuk ez liratekeelako luzatu behar; horrek, berebat, ondorioak izan bailitzake Espainiak defizit publikoa murrizteko Europar Batasunaren aurrean hartutako konpromisoetan.

Diputatuen Kongresua eta Senatua iazko abenduaren 13an eratu zirenez, ezinezkoa da Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea aurtengo abenduaren 31 baino lehen onestea, urgentziazko prozeduraren bidez lege arrunta onartuta ere.

Konstituzioaren 86. artikuluak baimena ematen dio Gobernuari, aparteko kasuetan eta premiazko beharra dagoenean, dekretu‑lege formako behin‑behineko lege‑xedapenak emateko. Bada, arestian adierazitako argudioetan, aski justifikatuta gelditu da xedapen horien beharra.

II

Errege lege‑dekretu honen egiturak Estatuko aurrekontu orokorren legeek izan ohi dutenari jarraitu nahi dio; halere, bolumenari dagokionez aldea dagoenez, tituluen ordez kapituluak ditu, eta ohiko titulu guztiek ez dute dagokien kapitulua, honako hauek baino ez baitaude: «Luzatutako aurrekontu‑kredituak», «Langile‑gastuak», «Pentsioak eta laguntza publikoak», «Zerga‑arauak»; «Lurralde‑erakundeak», eta azkenik, «Kotizazio sozialak». Baditu xedapen gehigarriak, indargabetzaileak eta azken xedapenak ere.

«Luzatutako aurrekontu‑kredituak» izeneko I. kapituluak xedatzen du kredituen sailkapen organikoa egun horretan indarrean dagoen administrazioko egiturara egokitzeko beharrezko diren aurrekontu‑ eta egitura‑aldaketak luzatutako kredituetan erantsita geldituko direla, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera.

«Langile‑gastuak» izeneko II. kapituluari dagokionez, sektore publikoko langileen eta goi‑kargudunen lansariak bere horretan utzi ditu. Era berean, lan‑eskaintza publikoa izoztea erabaki du, artikuluan bertan jasotako salbuespenak salbuespen. Azkenik, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera, Estatuko sektore publiko osoan, ohiko lanaldia ez da, batez beste, astean 37 ordu eta 30 minutu baino gutxiagokoa izango.

«Pentsioak eta laguntza publikoak» izeneko III. kapituluari dagokionez, Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren Legeak maiatzaren 20ko 8/2010 errege lege dekretuan xedatutako izozketara igortzen du, lehen esan bezala –azken arau horrek defizit publikoa murrizteko aparteko neurriak biltzen ditu–. Aipatutako Lege Dekretuko 4. artikuluak bertan behera uzten du, 2011ko ekitaldirako, Gizarte Segurantzako Lege Orokorraren 48. artikuluko 1.1 eta 1.2 paragrafoetan aurreikusitakoa aplikatzea, salbu eta Gizarte Segurantzako Sistemaren gutxieneko pentsioak, SOVI iraungiaren pentsioak –aldi berekoak ez badira– eta kotizazio gabeko pentsioak. Izozte horrek eragina du klase pasiboen pentsioetan ere, 4. artikuluaren bigarren paragrafoan xedatutakoaren arabera.

Gobernu berriak ehuneko bat eguneratu nahi ditu pentsioak; hortaz, espresuki jaso behar da erregulazio hori, eta ez Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren Legearen luzapen hutsera joz.

«Zerga‑arauak» erregulatzen dituen IV. kapituluak hiru manu jasotzen ditu: bat, sozietateen gaineko zergaren ordainketa zatikatuari buruzkoa; beste bat, ondasun higiezinen gaineko zergari buruzkoa; eta, hirugarrena, jabari publiko irrati‑elektrikoaren tasari buruzkoa. Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 45.4 artikuluak adierazten duenaren arabera –martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen testu bategina–, ordainketa zatikatuaren zenbatekoa aurreko bi paragrafoetan aurreikusitako oinarriei Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean finkatutako ehunekoa aplikatzetik aterako da. Kontuan hartu behar dira, bestalde, abuztuaren 19ko 9/2011 Errege Lege Dekretuak ordainketa zatikatuen arloan egindako aldaketak. Arau hori osasun‑sistema nazionalaren kalitatea eta kohesioa hobetzeko, zerga‑finkapena laguntzeko eta 2011rako Estatuko abalen gehieneko zenbatekoa handitzeko neurriei buruzkoa da.

Halaber, tokiko ogasunei dagokienez, bermatu behar da tokiko korporazioen finantza‑egoera ez dela eragozpen izango aurrekontu‑arloko helburu nagusia lortzeko; hots, 2011‑2014rako Egonkortasun Programan aurreikusitakoari jarraiki, Espainiako Erresumako defizit publikoa murriztea.

Helburu horrekin, hain zuzen, 8. artikuluak, aldi baterako eta salbuespen gisa, 2012ko eta 2013ko ekitaldietan hiriko higiezinetan ondasun higiezinen gaineko zergaren zerga‑tasa handitzea aurreikusten du; tasa horrek udalerriko guztizko balioen txostena indarrean sartu den urtea hartzen du kontuan.

Era horretan, 2002a baino lehenagoko txostenetarako, gehikuntza 100eko 10ekoa izango da (100eko 0,5eko gutxieneko tasa 2012an, eta 100eko 0,6koa 2013an); izan ere, kasu horietan ez da oinarri likidagarria handitu, hamar ekitaldi baino gehiago igaro direlako aipatutako txostena indarrean sartu zenetik. 2002 eta 2004 bitartean onartutako txostenak dituzten udalerrietan, berriz, gehikuntza 100eko 6koa izango da (eta 100eko 0,5ekoa gutxieneko tasa), eta 2008 eta 2011 bitartean onartutakoetan, azkenik, 100eko 4ko gehikuntza egongo da.

Hala ere, zerga‑tasaren gehikuntza iragankor hori ez da aplikatuko bizitegiko higiezinetan, baldin eta 2002an edo ondorengo urte batean onartutako guztizko balioen txostena aplikagarri bazaie, eta udalerrian ezaugarri horiek dituzten higiezinetatik katastro‑balio txikiena dutenen artean badaude; halaber, ez zaie aplikatuko 2005 eta 2007 bitartean onartutako txostenak dituzten udalerriei, merkatu‑balioak oso handiak zirenean egin zituztelako.

Azkenik, telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 32/2003 Lege Orokorraren I. eranskinaren 3. paragrafoak xedatzen du tasaren zenbatekoa kalkulatzeko beharrezko parametroen zenbatekoa Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen bidez erabakiko dela.

V. kapituluak lurralde‑erakundeak arautzen ditu, eta bereizi egiten ditu toki‑erakundeak eta autonomia‑erkidegoak. Defizit publikoa murrizteko aparteko neurriak hartzeko maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuaren 14. artikuluaren bigarren paragrafoaren bidez, toki‑erakundeen zorpetze‑eragiketetan 2011ko ekitaldian aplikatu beharreko murrizketak ezarri ziren. Muga horiek birdefinitu egin zituen Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen azken xedapenetariko hamabosgarrenak. Zuhurtziaz, gomendagarria da neurri hori 2012an ere ezartzea; halere, eguneratu egin behar dira xedapen horretan aipatutako aurrekontuko likidazioen eta magnitudeen denborazko erreferentziak. Aipatutako erreferentziak, izan ere, Toki‑ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginean sortu ziren –martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–. Era berean, Toki‑ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 114. artikuluak aipatutako lau urtean behingo berrikuspenari dagokionez –martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen lege hori–, komenigarria da Estatuko 2012ko Aurrekontu Orokorren Legeak xedatu bezala egitea.

Autonomia‑erkidegoei dagokienez, Nahikotasun Globalaren Funtsa aipatzen da. Asmoa da ezen, kredituak kontura egindako entregak ordaintzeko aski ez badira, Errege Lege Dekretuak berak baimena ematea beharrezko kreditu‑transferentziak egin ahal izateko. Era berean, zuzendu egin behar dira 33. atalaren eranskinak aipatzen dituen proiektuak; horietako asko eginda daudenez dagoeneko, Inbertsio Publikoen Batzordean erabakitako inbertsio‑proiektuetara igorri behar dira.

Azkenik, VI. kapituluan, Gizarte Segurantzari, langabeziari, jarduera uzteagatiko babesari, Soldatak Bermatzeko Funtsari eta Lanbide Heziketari egindako kotizazio‑oinarriak eta ‑tasak daude, bai eta 2012ko funtzionarioen eskubide pasiboetarako eta mutualitate orokorretarako kotizazioa ere.

Errege lege‑dekretu honek hainbat xedapen gehigarri, indargabetzaile eta azken xedapen ditu.

Lehenengoei dagokienez, eta garrantzitsuenak bakarrik aipatzearren, hemezortzi urtera arte luzatu da osasun‑erakundeek Gizarte Segurantzarekiko dituzten zorrak ordaintzeko epea, betiere beren titulartasuna herri‑administrazioen edo irabazi‑asmorik gabeko erakundeen esku badago. Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. paragrafoak Estatuko Aurrekontu Orokorren Legera igortzen duenez, interes kulturaleko obretarako ere jasota daude Estatuaren garantiak. Beharrezkoa da, halaber, mezenasgoko lehentasunezko jarduerak aitortzeko manu bat eranstea, ez baita aski 39/2010 Legean jasotako xedapena luzatzea, zerrenda horri Lorcako Ondare Kulturala Leheneratzeko Plan Zuzentzailean jasotako proiektuekin lotutako emaitzak eta ekarpenak gaineratzen baitzaizkio; hala, Lorcan 2011ko maiatzaren 11n izandako mugimendu sismikoek eragindako kalteak arintzeko neurri osagarriak ezartzen dituen urriaren 31ko 17/2011 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluan jasotako aginduari aurrea hartuz, aldatu egin da maiatzaren 13ko 6/2011 Errege Lege Dekretua, eta Hierro uhartearen gaineko zerga-eta lan-arloko neurriak hartu dira. Horrela, bada, Estatuko 2012ko Aurrekontu Orokorren Legeak mezenasgoko lehentasunezko jardueratzat hartuko ditu aipatutako emaitzak eta ekarpenak 2011. eta 2012. urteetan.

Xede sozialetarako ekarpenak eta Eliza Katolikoaren finantzaketa arautzen dituzten xedapen gehigarriei segurtasun juridiko handiagoa emateko, bai eta horietan jasotako denborazko erreferentziak egokitzeko ere, idazketa berria eman zaie bi xedapenei.

Kendu egin da kopia pribatuagatiko ekitatezko konpentsazioa; horren ordez, Estatuko Aurrekontu Orokorren kontura egingo da ordainketa. Erregelamendu bidez zehaztuko da prozedura.

Oraindik ere iraun egiten dutenez langabeziagatiko babesa agortzen duten pertsonen gaikuntza profesionalerako programa –enpleguko politika aktiboen ekintzak eta laguntza ekonomikoa, alegia– abuztuaren 26ko 10/2011 Errege Lege Dekretuaren bidez luzatzea eragin zuten egoera ekonomiko eta sozialek, berriro ere luzatu egin behar da programa.

Xedapen indargabetzaileei dagokienez, horietako lehenak indargabetu egiten du azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretua, gazteek burujabetza lortzeko oinarrizko errenta arautzen duena, lehenengo xedapen gehigarrian adierazitakoari jarraiki; izan ere, egungo austeritate‑egoera eta gastu publikoa eusteko joera aintzat hartuta, beharrezkoa da arauak xedatzen zuen neurri ekonomikoa bertan behera uztea. Hala ere, emantzipazioko oinarrizko errentaren onuradunek, eskubidea aitortuta zeukatenek, berau jasotzen jarraituko dute, indargabeturiko arauan ezarritako baldintzetan eta eskubidea aitortu zien administrazio‑ebazpenean xedatutako moduan. Bigarren xedapen indargabetzailea indargabetze‑arau orokorra da.

Azken xedapenei dagokienez, lehenak Kontseiluaren 2010eko martxoaren 16ko 2010/24/EB Zuzentaraua aipatzen du –zerga, eskubide jakin batzuei eta bestelako neurriei dagozkien kredituak kobratzeko orduan elkarri laguntzeari buruzkoa–, eta hainbat aldaketa garrantzitsu egin ditu elkarlaguntzaren arloan.

Aldaketa horien garrantzia dela‑eta, justifikatuta dago aipatutako zuzentarauaren transposizioa Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren bidez egitea; hala, izaera kodetzailea duenez gero, elkarri laguntzeko modua arautzeko beharrezko diren arau guztiak erantsiko zaizkio.

Defizit publikoa murrizteko helburuz, estatuko kuota osoaren karga osagarria ezarri da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan, 2012ko eta 2013ko zerga‑aldietan aplikatu beharrekoa. Horren harira, konturako ordainketetan ere aldaketak egingo dira, eta aldaketok sozietateen gaineko zergara eta ez‑egoiliarren errentaren gaineko zergara ere zabalduko dira, aipatutako zergetan horiei buruz ezarritako tratuari eustearren.

Aldaketa bat egingo zaio, era berean, Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginari, martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartutakoari. Aldaketa horren eraginez, 2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra, atxikipen‑ehunekoa 100eko 19tik 100eko 21era handitu da.

Berez 2011ko abenduaren 31n bukatu beharreko beste neurri batzuk ere luzatuko dira 2012ko ekitaldira, urtebete gehiagoz luzatzea egokia delakoan; besteak beste, mikroenpresei enplegua mantendu edo sortzeagatik sozietatearen gaineko zergan aplikatu beharreko karga‑tasa murriztua, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan ere dagokion murrizketa eginda –jarduera ekonomikoen errendimendu garbia murriztuz–, aipatutako zergetan langileak komunikazio eta informazioaren teknologia berriak erabiltzen ohitzeko egindako gastu eta inbertsioei emandako zerga‑tratamendua, eta, balio erantsiaren gaineko zergaren arloan, etxebizitzen entrega jakin batzuetan 100eko 4ko tasa murriztua aplikatzea, jarduera ekonomikoaren gainean ondorio onuragarriak izan ditzaketelako.

Produktu energetikoen eta elektrizitatearen zergei buruzko Erkidegoko araubidea berregituratzen duen Kontseiluaren urriaren 27ko 2003/96/EE Zuzentarauaren 18.3 artikuluaren ondorioz, halaber, aldatu egin da zerga bereziei buruzko abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 52 bis artikuluaren 6. paragrafoaren a) hizkia. Aipatutako aldaketa 2012ko urtarrilaren 1ean indarrean egon behar denez, errege lege‑dekretu hau tresna egokia da aldaketa egiteko.

Aldatu egin da, halaber, Lurzoruari buruzko Legearen testu bateginaren hirugarren xedapen iragankorraren 2. paragrafoa –ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen testu bategina–, epe iragankorra bost urtera arte luzatzearren, Lurzoruari buruzko maiatzaren 28ko 8/2007 Legean indarrean sartu zenetik; hots, plangintzak garatzeko baldintzak ezarri dituen eremu mugatuetan jasotako lurzoru urbanizagarriko lurren balorazioak Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioei buruzko apirilaren 13ko 6/1998 Legean ezarritako arauen arabera egiteko epe iragankorra –maiatzaren 20ko 10/2003 Legean idatzita bezala–. Susperraldi ekonomikoa eta enplegua bultzatzeko neurriei buruzko apirilaren 9ko 6/2010 Errege Lege Dekretuak 2011ko abenduaren 31ra arte luzatu zuen hasierako epea; epe hori agortzear dago, beraz.

Luzatu egin da, baita ere, Estatuko Loteriak eta Apustuak Estatuko Sozietateak, Jokoa arautzeko maiatzaren 27ko 13/2011 Legeak ezarritako betebeharrak bere gain hartuko dituen aldia (2012. urtean, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea onartu arte), Estatuko Kirol Apustuen diru‑bilketa eta sariak banatzea arautzen dituen martxoaren 27ko 419/1991 Errege Dekretuarekin lotuta. Horretaz gain, jokoa arautzen duen maiatzaren 27ko 13/2011 Legea ere aldatu egin da. Aldaketa horren bidez, atzeratu egin da Legearen araubide zigortzailea indarrean sartzeko unea, Jokoa Arautzeko Zuzendaritza Nagusiak lizentzia‑eskaerak ebatz ditzan; izan ere, horrela egin ezean, araubidea eskaerak izapidetzen ari direla sartzen bada indarrean, erakunde batzuk kaltetuta gerta litezke.

Gastu erreserbatuetarako kredituen gaineko erabilera eta kontrola arautzen dituen maiatzaren 11ko 11/1995 Legea aldatu egin beharko da, Espainiako Inteligentzia Zentroa Lehendakaritza Ministeriora atxikitzen denean.

Aldatu egin da Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 49. artikulua, Estatuaren abalen zenbatekoei buruzkoa; aldaketaren ondorioz, 196.043.560 mila euroko gehieneko zenbatekoa ezarri da.

Denbora igaro denez abenduaren 22ko 39/1970 Legea egin zenetik, indarreko titulazioei dagokienez, espetxe‑erakundeetako gaur egungo errealitatera egokitu behar dira Espetxe Erakundeetako Teknikarien Goi Mailako Kidegoko langileen ezaugarriak, eginkizunak, sartzeko bideak eta baldintzak.

Azkenik, zerga‑gaien eskumen‑tituluari buruzko eta klase pasiboen arloko aurrekontu‑kredituen kudeaketari buruzko azken xedapenak ere baditu arauak.

Hori betez, Espainiako Konstituzioaren 86. artikuluan aurreikusitako baimenaz baliatuz, Defentsako, Ogasun eta Herri Administrazioko, Barneko, Sustapeneko, Hezkuntza, Kultura eta Kiroleko, Enplegu eta Gizarte Segurantzako, Ekonomia eta Lehiakortasuneko eta Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasuneko ministroek proposatuta, eta 2011ko abenduaren 30eko Ministroen Kontseiluak eztabaidatu ostean,

HAUXE XEDATU DUT:

I. KAPITULUA

Luzatutako aurrekontu‑kredituak

1. artikulua. Administrazio‑egitura berriaren ondoriozko aldaketak.

2012ko urtarrilaren 1etik aurrera, luzatutako kredituetan erantsita geldituko dira kredituen sailkapen organikoa egun horretan indarrean dagoen administrazio‑egiturara egokitzeko beharrezko diren aurrekontu‑ eta egitura‑aldaketak.

II. KAPITULUA

Langile‑gastuak

2. artikulua. Sektore publikoko langileen eta goi‑kargudunen lansariak.

Bat. Artikulu honetan adierazitako xedeetarako, hauek osatzen dute sektore publikoa:

Estatuko Administrazio Orokorrak, bere erakunde autonomoek eta Estatuko agentziek, eta bere eskumeneko unibertsitateek.

Autonomia‑erkidegoetako Administrazioek, horien mendeko organismoek, eta beren eskumeneko unibertsitateek.

Tokiko korporazioek eta horien mendeko erakundeek.

Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileek eta zerbitzu erkideek.

Estatuko konstituzio‑organoek, Konstituzioaren 72.1 artikuluan xedatutakoari kalte egin gabe.

Merkataritza‑sozietate publikoek.

Enpresa‑erakunde publikoek eta Estatuko, autonomia‑erkidegoetako eta tokiko sektore publikoko gainerako organismo publikoek eta erakundeek.

Bi. 2012an, sektore publikoaren zerbitzupeko langileen lansariek ezin izango dute igoerarik izan 2011ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean –bi aldi horietarako irizpide berberak hartuta betiere–, hala langile‑kopuruari nola horien antzinatasunari dagokienez.

Ondorioz, 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera, ez dute igoerarik izango Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legean ezarritako lansariek eta soldata‑masak.

Hiru. 2012ko ekitaldian, artikulu honen Bat paragrafoan aipatutako administrazioek, erakundeek eta sozietateek ezin izango dute enpleguko pentsio‑planetarako edo aseguru kolektiboen kontratuetarako ekarpenik egin, baldin eta horietan erretiro‑gertakariaren estaldura jasota badago.

Lau. Artikulu honen Bi paragrafoan xedatutakotik kanpo gelditzen dira, hala ere, lanpostuen edukiagatik, programa bakoitzera zuzendutako langile‑kopurua aldatzeagatik edo bertan finkatutako helburuen lortze‑mailagatik ezinbesteko diren salbuespenezko lansari‑egokitzapenak.

Bost. Aurreko paragrafoan aipatutako lansari‑egokitzapenak egiteko, dena den, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak aldeko txostena egin beharko du Estatuko Administrazio Orokorraren, bere erakunde autonomoen, Estatuko agentzien, beren eskumeneko unibertsitateen eta Estatuko gainerako sektore publikoaren esparruan.

Sei. Nazioko Gobernuaren, bere aholkularitza‑organoen, Estatuko Administrazio Orokorraren goi‑kargudunen eta Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 339/2010 Legearen 24. artikuluan araututako gainerako zuzendarien lansariek ezin izango dute igoerarik izan 2011ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean. 2012ko ekitaldian langile hauentzako produktibitate‑osagarrira zuzendutako kreditu globalak 100eko 10 murriztuko dira, 2011ko ekitaldian xede horretara zuzendutakoen aldean.

Zazpi. Artikulu honetako Bat, Bi, Hiru eta Lau paragrafoek oinarrizko izaera dute, eta Konstituzioaren 149.1.13 eta 156.1 artikuluen babesean eman dira.

3. artikulua. Lan‑eskaintza publikoa edo langile‑beharrak hornitzeko beste kudeaketa‑tresnen bat.

Bat. 2012ko ekitaldian ez da langile berririk sartuko, honako hauek izan ezik: aurreko ekitaldietako lan‑eskaintza publikoen hautaketa‑prozesuetatik edo Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen hamargarren xedapen gehigarrian finkatutako kopuruetara iristeko beharrezko soldadutzako eta marineltzako militarren plazetatik datozenak.

Muga horrek badu eraginik Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren laugarren xedapen iragankorrean aurreikusitako enplegua finkatzeko prozesuetako plazetan.

Bi. 2012an ez da aldi baterako langilerik kontratutako, ezta aldi baterako estatutupeko langilerik edo bitarteko funtzionariorik izendatuko ere, salbuespenezko kasuetan eta premiazko behar atzeraezinak estaltzeko izan ezik; azken hauek, gainera, lehentasunezko edo funtsezko zerbitzu publikoen funtzionamenduan eragiten duten sektore, eginkizun eta kategorietara mugatuko dira.

Hiru. 2012an ez da baimenduko plaza berri hutsen deialdirik arlo hauetako langileei dagokienez: Estatuko Administrazio Zibila, bere erakunde autonomoak eta Estatuko agentziak, Administrazio Militarra, bere erakunde autonomoak eta Estatuko agentzietako langile zibilak, 55/2003 Legeak onartutako Esparru Estatutua aplikatu beharreko arloko estatutupeko langileak, Justizia Administrazioko eta Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoetako langileak eta Zerga Administrazioko Estatuko Agentzia, Portu eta Portuetako Agintaritzak, Segurtasun Nuklearreko Batzordea, Datuak Babesteko Agentzia, Lehiaren Batzorde Nazionala erakunde publikoetako langileak eta Estatuko Loteriak eta Apustuak enpresa‑erakunde publikokoak.

Salbuespenezko kasuetan eta premiazko behar atzeraezinak daudenean bakarrik kontratatuko dira aldi baterako lan‑kontratudun langileak, eta izendatuko aldi baterako estatutupeko langileak eta bitarteko funtzionarioak; lehentasunezko edo funtsezko zerbitzu publikoen funtzionamenduan eragiten duten sektore, eginkizun eta kategoria profesionaletara mugatuko dira; halaber, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren aurretiazko baimen espresua beharrezkoa izango da.

2012an ez da baimenduko enpresa‑erakunde publikoetako eta aurrez aipatu gabeko Estatuko sektore publikoko gainerako organismo publiko eta erakundeetako postu edo plaza hutsen deialdirik, salbuespenezko kasuetan eta premiazko behar atzeraezinak estaltzeko izan ezik; dena den, horretarako, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioaren baimen espresua jaso beharko da aurretiaz.

Lau. 2012an, Estatuko sektore publikoko sailetan, erakunde autonomoetan, estatu‑agentzietan, enpresa‑erakunde publikoetan eta gainerako organismo publiko nahiz erakundeetan gertatzen diren erretiroak adina plaza amortizatuko dira, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak erabakitako baldintzetan, salbu eta lehentasunezkoak diren edo funtsezko zerbitzu publikoen funtzionamenduan eragiten duten sektore, eginkizun eta kategoria profesionaletan.

Bost. Betiere dagokien gastu‑aurrekontuen I. kapituluaren aurrekontu‑baliabideak aintzat hartuta, aurreko paragrafoetan adierazitako muga ez zaie ondoko sektore eta administrazio hauei aplikatuko, eta 100eko 10eko berritze‑tasa izango dute:

A. Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa garatzeko hezkuntza‑eskumenak dituzten Administrazio publikoei, hezkuntzako funtzionarioen kidegoetan sartzeko plaza‑kopurua ezartzeari dagokionez.

B. Osasun‑eskumenak dauzkaten Administrazio publikoei, Osasun Sistema Nazionaleko ospitaleetako eta osasun‑zentroetako plazei dagokienez. C. Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoei eta beren lurraldean polizia autonomoaren kidegoak dituzten autonomia‑erkidegoei, plaza horiek estaltzeari dagokionez.

D. Indar Armatuei, karrerako militarren eta osagarriko militarren plazei dagokienez, Karrera Militarrari buruzko azaroaren 19ko 39/2007 Legean aurreikusitakoarekin bat etorriz.

E. Administrazio Publikoei, iruzur fiskal eta laboralaren aurka borrokatzeaz eta hori kontrolatzeaz arduratzen diren kidegoei dagokienez.

Sei. Artikulu honetako Bat, Bi eta Bost paragrafoek oinarrizko izaera dute, eta Konstituzioaren 149.1.13 eta 156.1 artikuluen babesean eman dira.

4. artikulua. Langile publikoen lanaldiaren berrantolaketa.

2012ko urtarrilaren 1etik aurrera, Estatuko sektore publiko osoan, ohiko lanaldia ez da, batez beste, astean 37 ordu eta 30 minutu baino gutxiagokoa izango.

Asteko batez besteko horrek ez die kalterik egingo ezarrita dauden edo, hala badagokio, ezarriko diren lanaldi bereziei; azken horietan beharrezko egokitzapenak egingo dira, ohiko lanaldiaren aldaketa orokorrera egokitzeko.

Neurri hori Estatuko Administrazio Orokorraren esparruan eraginkortasunez eta era homogeneoan aplikatzeko, Ogasun eta Herri Administrazio Ministerioak baimena du indarrean dauden lan‑egutegiak egokitzearren beharrezko diren jarraibideak emateko –ordutegia betetzen den jarraitzeko sistemak barne–, betiere, Negoziazio Mahai Nagusiaren barruan negoziatu ondoren.

III. KAPITULUA

Pentsioak eta laguntza publikoak

5. artikulua. Pentsioak eta bestelako prestazio publikoak zehaztu eta igotzeari buruzko arauak.

Estatuko 2012ko Aurrekontu Orokorren Legea onartu artean, 2012an ere indarrean egongo dira IV. tituluaren edukia eta Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen baterako xedapen gehigarrien edukia, bai eta garatzeko xedapenena ere; betiere, ondorengo aldaketa eta salbuespen hauek eginda:

1. Gizarte Segurantzako sistemak ordaintzen dituen kontribuziopeko pentsioek, bai eta Estatuko Klase Pasiboenek ere, 100eko 1eko igoera izango dute 2012an, Gizarte Segurantzaren eta Estatuko Klase Pasiboen Lege Orokorren testu bateginen 48. eta 27. artikuluetan, hurrenez hurren, aurreikusitakoarekin bat etorriz; betiere, artikulu honen hurrengo paragrafoetan jasotako salbuespenei eta berezitasunei kalterik egin gabe, eta 3. paragrafoan ageri diren gerrako legeria bereziaren babesean aitortutako pentsioak bermatzeko zenbatekoak errespetatuz.

Ehuneko horretan bertan handituko dira pentsio publikoak, minimoetarako osagarri ekonomikoak aitortzeko sarrerak, eta ardurapeko seme‑alaba bakoitzeko Gizarte Segurantzaren prestazio familiarrak jasotzeko mugen zenbatekoak, baita Estatuko Klase Pasiboen Araubidearen pentsioak eta gerrako pentsio bereziak hasieran zehazteko aplikatu beharreko hartzeko arautzaileen zenbatekoak ere.

Indar Armatuen Gizarte Segurantzako Araubide Bereziaren baliaezintasun handiko prestazio ekonomikoek 100eko 1eko igoera izango dute. Igoera bera izango dute martxoaren 18ko 3/2005 Legearen babesean Gerra Zibilaren ondorioz adingabeak zirenean atzerrira joandako espainiarrei aitortutakoek, bai eta giza immunoeskasiaren birusak (GIB) kutsatutako pertsonen alde aitortutako laguntza sozialen hileko zenbatekoek ere –maiatzaren 28ko 9/1993 Errege Lege Dekretuaren 2.1 artikuluaren b), c) eta d) lerrokadetan ezarrita–.

2. 100eko 1eko igoera ere izango dute, halaber, Gizarte Segurantzako sistemaren eta Klase Pasiboen gutxieneko pentsioek, kontributiboak ez diren pentsioek eta Zahartzaroko eta Elbarritasuneko Derrigorrezko Aseguru iraungiaren pentsioek –aldi berekoak ez badira–, baita hemezortzi urteko edo gehiagoko eta 100eko 65 edo gehiagoko minusbaliotasun‑maila duen seme‑alabagatiko Gizarte Segurantzako prestazioek eta garraio‑gastuetarako mugikortasun‑ eta konpentsazio‑subsidioek ere. Horrela kalkulatuko da pentsio eta prestazio horien zenbatekoa –hain zuzen ere, zenbateko horiei aplikatu behar zaie aipatutako igoera–: 2010eko abenduaren 31n indarrean zegoenari, 2010eko azarotik 2011ko azarora arteko aldiaren kontsumoko prezioen indize (KPI) errealari dagokion 100eko 2,9 gehituta.

3. Ondoko hauek ere, ordaintzen hasteko eguna edozein dela ere, ez dira izango Gizarte Segurantzako sistemaren 65 urtetik gorakoen alarguntasun‑pentsioen gutxieneko zenbatekoa baino txikiagoak: Gerra Zibilaren ondorioz hildakoen senideen aldeko irailaren 18ko 5/1979 Legearen babesean emandako pentsioak, eremu errepublikanoko gudari ohi izandako gerrako elbarriei buruzko ekainaren 26ko 35/1980 Legearen babesean emandako pentsioak –ezinduak ez diren umezurtzen aldeko pentsioak izan ezik–, gerrako elbarri zibilentzako oinarrizko sariari buruzko martxoaren 29ko 6/1982 Legearen barruan emandakoak, eta Gerra Zibilean Errepublikako Indar Armatu eta Ordena Publikokoak eta Karabineroen Kidegokoak izan zirenei eskubideak eta zerbitzuak aitortzeko urriaren 22ko 37/1984 Legearen II. tituluko alarguntasun‑pentsioak.

Halaber, urriaren 22ko 37/1984 Legearen II. tituluaren babesean aitortutako kausatzaileen aldeko pentsioak ere ez dira izango Gizarte Segurantzako sistemako 65 urtetik gorakoen –ardurapeko ezkontidearekin– erretiro‑pentsioen gutxieneko zenbatekoa baino txikiagoak, ordaintzen hasteko eguna edozein dela ere.

4. Ondoko pentsio publiko hauek artikulu honen 1. paragrafoan ezarritako igoeratik kanpo egongo dira:

a) Estatuko 1989ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 28ko 37/1988 Legearen 42. artikuluan zerrendatutako edozein araubide edo aurreikuspen‑sistemaren kontura ordaindutako pentsioak, baldin eta horien hileko zenbateko osoa, titularrak jasotako gainerako pentsio publikoen hileko zenbateko osoa batuta, hala badagokio, handiagoa bada errege lege‑dekretu honen I. eranskinean ezarritako pentsio publikoetan gehienez jaso daitekeen hileko zenbatekoa baino.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ez da aplikatuko ekintza terroristek eragindako Estatuko Klase Pasiboen Araubideko eta Gizarte Segurantzako aparteko pentsioetan, ez ekainaren 23ko 6/2006 Errege Lege Dekretuaren babesean aitortutako salbuespenezko pentsioetan, ezta Zerga, Administrazio eta Lan Arloko Neurriei buruzko abenduaren 30eko 62/2003 Legearen berrogeita hirugarren xedapen gehigarriaren bidez aitortutako pentsioetan ere.

b) 1985eko urtarrilaren 1a baino lehen, Estatuko Bidezainen alde aitortutako Klase Pasiboen pentsioak, salbu eta titularrak bidezain gisako pentsio hau bakarrik jasotzen badu.

c) Zahartzaroko eta Elbarritasuneko Derrigorrezko Aseguru iraungiaren pentsioak, beste pentsio publiko batzuekin batera ematen direnean, salbu eta Gizarte Segurantzako sistemaren araubideetakoren baten alarguntasun‑pentsioekin batera ematen badira, edo pentsio hauetako batekin eta, gainera, alarguntzako beste edozein pentsio publikorekin ematen direnean. Xede hauetarako, ez dira aldi bereko pentsiotzat hartuko martxoaren 18ko 3/2005 Legearen babesean aitortutako prestazio ekonomikoa, Espainiako Gerra Zibilaren ondoriozko elbarri baliagarriek edo ezinduek jasotako pentsioa –araudi arautzailea edozein dela ere–, Elbarriak Gizarteratzeko apirilaren 7ko 13/1982 Legean aurreikusitako hirugarren pertsonaren laguntzagatiko subsidioak, eta terrorismo‑ekintzen ondoriozko aparteko pentsioak.

Hala eta guztiz ere, aldi bereko pentsio guztiak eta Zahartzaroko eta Elbarritasuneko Derrigorrezko Aseguruarenak –horien balioa handituta– batu ondoren, aldi bereko aseguru horren pentsioaren zenbatekoa txikiagoa denean 2012an finkatutako zenbatekoa baino, guztietan urteko zenbatekoa kalkulatuta, Zahartzaroko eta Elbarritasuneko Derrigorrezko Aseguruaren pentsioaren balioa aipatutako aldea adina handituko da. Alde hori, dena den, ez da iraunkorra; hortaz, interesdunaren hartzekoetan (dela balio‑handitzeengatik, dela aldizkako prestazio berriak aitortzeagatik) izan litekeen edozein igoerarekin batera desagertuko da.

d) Estatuko Funtzionario Zibilen Mutualitate Orokorraren Funts Berezian sartutako Mutualitateen pentsioak, baldin eta, 2011ko abenduaren 31n, 1973ko abenduaren 31ko zenbatekoetara iritsi badira.

e) Estatuko 2010eko Aurrekontu Orokorren abenduaren 23ko 26/2009 Legearen 45.Hiru artikuluan aipatutako mutualitateen, Montepioen edo gizarte‑aurreikuspeneko erakundeen pentsioak.

5. Estatuko Funtzionario Zibilen Gizarte Segurantzari buruzko Legearen testu bateginaren –ekainaren 23ko 4/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartua– seigarren xedapen gehigarriaren Bat puntuan xedatutakoarekin bat etorriz, Estatuko Funtzionario Zibilen Mutualitate Orokorraren Funts Berezian jasotako pentsioek, baldin eta 2006ko abenduaren 31ren ostean eragin badira, 2012ko urtarrilaren 1ean murrizketa izango dute 2011ko abenduaren 31n jasotako zenbatekoekiko; aipatutako jaitsiera 1978ko abenduaren 31ko zenbatekoaren –edo Erakunde Sindikaleko Funtzionarioen Montepioaren kasuan, 1977ko abenduaren 31koaren– eta 1973ko abenduaren 31koaren arteko aldearen 100eko 20koa izango da.

6. Artikulu honetan xedatutakoa betetzeko orduan, 2012an aplikatu beharreko pentsio eta prestazio publikoen zenbatekoak errege lege‑dekretu honen I. eranskinean jasotakoak izango dira.

6. artikulua. Pentsioen erosahalmena mantentzea.

Bat. Gizarte Segurantzako eta Klase Pasiboetako sistemaren pentsioen minimoen osagarriak jasotzen dituztenek zenbateko hauxe jasoko dute 2012ko apirilaren 1a baino lehen, ordainketa bakarrean: 2011n jasotako pentsioaren eta aipatutako pentsioen gutxieneko zenbatekoei 100eko 2,9 aplikatuz gero –2010eko azarotik 2011ko azarora arteko aldiko KPI errealari dagokiona– jaso beharrekoaren arteko aldeari dagokion zenbatekoa.

Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa aplikagarri izango zaie, halaber, ekitaldi horretan Gizarte Segurantzako kotizaziorik gabeko pentsioen hartzaileei, Zahartzaroko eta Elbarritasuneko Derrigorrezko Aseguruko (SOVI) pentsioen hartzaileei –aldi berekoak ez badira–, eta hemezortzi urte edo gehiago eta 100eko 65 desgaitasun‑maila edo handiagoa dituen seme‑alabagatiko Gizarte Segurantzako prestazioak eta garraio‑gastuetarako mugikortasun‑ eta konpentsazio‑subsidioak jasotzen dituztenei.

Bi. Ordainketa egokiak zehazteko, aurreko paragrafoak aipatutako pentsioen eta bestelako prestazio sozial publikoen 2011ko zenbatekoak errege lege‑dekretu honen I. eranskinean finkatutakoak izango dira.

IV. KAPITULUA

Zerga‑arauak

1. atala. Zuzeneko zergak

7. artikulua. Sozietateen gaineko zergaren ordainketa zatikatua.

2012an hasten diren zerga‑aldiei dagokienez, Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren –martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua– 45. artikuluaren 4. paragrafoak aipatutako portzentajea 100eko 18 izango da, bere 2. paragrafoan aurreikusitako ordainketa zatikatuaren modalitatean. Paragrafo horretan aipatutako kenkari eta hobarien barruan, subjektu pasiboari aplikatu beharreko guztiak sartuko dira. Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 45. artikuluaren 3. paragrafoan aurreikusitako modalitatean, berriz, gutxiagoz biribildutako karga‑tasa bost zazpirenaz biderkatzean aterako da ehunekoa.

Subjektu pasiboek aurreko paragrafoak aipatutako modalitatea aplikatu beharko dute, baldin eta beren eragiketa‑bolumena, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera kalkulaturik, 6.010.121,04 euro baino handiagoa izan bada zerga‑aldiak 2012an hasi aurreko hamabi hilabeteetan.

Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 45. artikuluaren 3. paragrafoan aurreikusitako ordainketa zatikatuaren modalitatea aplikatzeko orduan, kontuan hartu beharko da abuztuaren 19ko 9/2011 Errege Lege Dekretuaren 9.Lehena.Bat artikuluan xedatutakoa –aipatutako legea osasun‑sistema nazionalaren kalitatea eta kohesioa hobetzeko, zerga‑finkapena laguntzeko eta 2011rako Estatuko abalen gehieneko zenbatekoa handitzeko neurriei buruzkoa da–.

8. artikulua. Ondasun higiezinen gaineko zergaren karga‑tasak.

1. 2012an eta 2013an hasitako zerga‑aldietan eragina izanik, Tokiko Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren 72. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz –martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–, hiriko ondasun higiezinetarako onartutako ondasun higiezinen gaineko zergaren karga‑tasak ehuneko hauetan handituko dira:

a) 100eko 10, 2002. urtea baino lehenago onartutako guztizko balioen txosten baten ondorioz hiriko ondasun higiezinetarako izaera orokorreko balorazio kolektiboa egin duten udalerrietan; horietan, gutxieneko eta ordezko karga‑tasa ez da izango 100eko 0,5 baino txikiagoa 2012an edo 100eko 0,6 baino txikiagoa 2013an.

b) 100eko 6, 2002 eta 2004 bitartean onartutako guztizko balioen txosten baten ondorioz hiriko ondasun higiezinetarako izaera orokorreko balorazio kolektiboa egin duten udalerrietan; horietan, gutxieneko eta ordezko karga‑tasa ez da izango 100eko 0,5 baino txikiagoa.

c) 100eko 4, 2008 eta 2011 bitartean onartutako guztizko balioen txosten baten ondorioz hiriko ondasun higiezinetarako izaera orokorreko balorazio kolektiboa egin duten udalerrietan.

Paragrafo honetan xedatutakoa kasu hauei baino ez da aplikatuko:

–Bizitegi‑erabilerarik ez duten higiezinei, edozer kasutan ere, Tokiko Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren 72.4 artikuluak aipatutako tasa berezituez kargatutako higiezinak barne.

–2002a baino lehenago onartutako guztizko balioen txostena aplikagarri zaien bizitegi‑erabilerako higiezin guztiei.

–2002an edo geroagoko urte batean onartutako guztizko balioen txostena aplikagarri zaien bizitegi‑erabilerako higiezinei, baldin eta erabilera hori dutenetan katastroko balio handiena dutenen erdian sartzen badira.

Artikulu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko 2005 eta 2007 artean onartutako balioen txostenak dituzten udalerrietan; 2013an hasitako zerga‑aldirako ere ez du ondoriorik izango, 2012. urtean guztizko balioen txostena onartzen duten udalerrietan.

2. Udalerri batek 2012 edo 2013rako onartutako tasa txikiagoa bada 2011n indarrean zegoena baino, hori gertatzen den urtean artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko da, oinarritzat 2011n indarrean zegoen tasa hartuta.

3. Aplikatu beharreko gehieneko tasa ez da inoiz Tokiko Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren 72. artikuluan ezarritakoa baino handiagoa izango.

2.atala. Beste zerga batzuk

9. artikulua. Telekomunikazioen arloko tasak.

Bat. Telekomunikazioei buruzko azaroaren 3ko 32/2003 Lege Orokorraren (hemendik aurrera, Telekomunikazioen Lege Orokorra) I. eranskinaren 3. paragrafoan jabari publiko irrati‑elektrikoa erreserbatzeagatik ezarritako tasa, honen arabera kalkulatu behar da:

T = [N x V] / 166,386= [S (km2) x B (kHz) x F (C1, C2, C3,C4, C5)] / 166,386

Non:

T = urteko tasaren zenbatekoa, eurotan.

N = erreserba irrati‑elektrikoko unitate‑kopurua (URR) S x B‑ren emaitza gisa kalkulaturik; hau da, zerbitzu‑eremuaren kilometro koadroko azalera bider kHz‑tan adierazitako banda‑zabalera erreserbatuaz.

V = URR‑ren balioa, C bost koefizienteen arabera zehaztuta; koefiziente horiek Telekomunikazioei buruzko Lege Orokorrean ezarrita daude, eta kuantifikazioa, aipatutako lege horren arabera, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legean zehaztuko da.

F (C1, C2, C3, C4, C5) = funtzio hau aurretik adierazitako bost koefizienteen emaitza da.

Estatuko lurralde osoan eragiten duten jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserbetan, tasa kalkulatzeko, kontuan hartu beharreko azaleraren (S) balioa 505.990 kilometro koadrokoa izango da.

Irrati‑komunikazioetako zerbitzuetan, hala badagokio, kontuan hartu beharreko azaleraren barruan (S) Espainiako jurisdikziopeko urak edo Espainiako jurisdikziopeko aire‑esparrua ere jaso ahal izango dira.

Irrati‑komunikazioetako zerbitzu bakoitzean C1 eta C5 bitarteko koefizienteen balioa finkatzeko orduan, kontuan hartu da Telekomunikazioen Lege Orokorrak eta berau garatzen duten erregelamenduek emandako esanahia; hau da:

1. C1 koefizientea: Banda eta eremu geografiko guztien erabilera‑ eta pilaketa‑maila. Kontzeptu hauek baloratzen dira:

Emakida edo baimen bakoitzeko maiztasun‑kopurua.

Hiriko edo landako gunea.

Zerbitzu‑eremua.

2. C2 koefizientea: Zer zerbitzu motarako erabili nahi den eta, zehazki, zerbitzua eskaintzen duenarentzat Telekomunikazioen Lege Orokorraren III. tituluan jasotako zerbitzu publikoko betebeharrak lotuta dituen. Kontzeptu hauek baloratzen dira:

Beste sare batzuetarako euskarria (azpiegitura).

Hirugarrenentzako prestazioa.

Autoprestazioa.

Eskubide esklusiboak dituzten telefonia‑zerbitzuak.

Irrati‑difusioko zerbitzuak.

3. C3 koefizientea: Espektroaren banda edo azpibanda. Kontzeptu hauek baloratzen dira:

Bandaren ezaugarri irrati‑elektrikoak (eskatutako zerbitzurako banda egokia den).

Banda‑erabileraren aurreikuspenak.

Azpibandaren erabilera esklusibo edo partekatua.

4. C4 koefizientea: Erabilitako ekipoak eta teknologia. Kontzeptu hauek baloratzen dira:

Sare konbentzionalak.

Ausaz esleitutako sareak.

Irrati‑loturako modulazioa.

Erradiazio‑diagrama.

5. C5 koefizientea: Erreserbatutako jabari publikoa erabili edo aprobetxatzeak ekarritako balio ekonomikoa. Kontzeptu hauek baloratzen dira:

Esperientzia ez‑komertzialak.

Zerbitzuaren errentagarritasun ekonomikoa.

Bandaren interes soziala.

Merkatuko eskariaren ondoriozko erabilerak.

Biztanleriaren dentsitatea.

Tasa zehazteko orduan eragina duten faktore guztiak kontuan harturik, zerbitzu bakoitzean hainbat modalitate ezarri dira, eta horietako bakoitzari identifikazio‑kode bat eman zaio.

Ondoren, koefizienteak haztatzeko faktoreak datoz adierazita, bai eta erreferentzia‑balioarekiko izan dezaketen balorazio‑marjina ere. Erreferentzia‑balioa lehenetsita hartzen da, eta, zerbitzuaren edo egindako erreserbaren izaeragatik, dagokion koefizientea aplikatzerik ez dagoen kasuetan ezartzen da.

C1 koefizientea: Koefiziente honen bidez, zerbitzu jakin baterako maiztasun‑banden gainean dagoen okupazio‑maila hartzen da kontuan. Horretarako, maiztasun‑marjinetako tabulazioa egin da; beheko eta goiko muturretan, zerbitzuetan erabili ohi diren bandak daude jasota. Koefiziente horrek erabili beharreko eremu geografikoa ere jasotzen du; oro har, interes eta erabilera handiko eremuak (hirigune handiak) eta interes nahiz erabilera txikiko eremuak (landaguneak, adibidez) bereizten ditu. Hasteko, pilaketa txikieneko eta erabilera eskaseko eremu geografikoetarako erreferentzia‑ edo unitate‑balio bat finkatzen da, eta kontzeptu hauengatik kostu erlatiboa gehienez bira igotzen da, gehien eskatutako maiztasun‑bandetan eta interes edo erabilera handiko eremuetan.

Jabari publiko irrati‑elektrikoa erreserbatzeagatiko tasaren kalkulua.

Zerbitzu irrati‑elektrikoak eta kontuan hartutako modalitateak.

Ondoko talde edo sailkapen hauek jaso dira:

1. Zerbitzu mugikorrak.

1.1 Lurreko zerbitzu mugikorra eta lotutako zerbitzuak.

1.2 Hedapen nazionaleko lurreko zerbitzu mugikorra.

1.3 Komunikazio elektronikoen zerbitzuak (hirugarrenentzako prestazioa).

1.4 Itsasoko zerbitzu mugikorra.

1.5 Zerbitzu mugikor aeronautikoa.

1.6 Satelite bidezko zerbitzu mugikorra.

1.7 Banda zabaleko lurreko komunikazio mugikorren sistemak.

1.8 Trenbide bidezko komunikazioen Europako sistema (GSM‑R).

2. Zerbitzu finkoa.

2.1 Puntutik punturako zerbitzu finkoa.

2.2 Puntutik puntu anitzerako zerbitzu finkoa.

2.3 Satelite bidezko zerbitzu finkoa.

3. Irrati‑difusioko zerbitzua.

3.1 Soinudun irrati‑difusioa.

3.2 Telebista.

3.3 Irrati‑difusioaren zerbitzu osagarriak.

4. Bestelako zerbitzuak.

4.1 Irrati‑nabigazioa.

4.2 Irrati‑determinazioa.

4.3 Irrati‑lokalizazioa.

4.4 Satelite bidezko zerbitzuak: ikerketa espaziala, eragiketa espazialak, eta abar.

4.5 Aurreko paragrafoetan jaso gabeko zerbitzuak.

Kontuan hartuz gero zerbitzu irrati‑elektrikoen talde hauek, zerbitzua eskaintzeko maiztasun‑bandak eta bost koefizienteak –zerbitzu jakin bateko jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserben tasa kalkulatzeko aintzat hartu beharreko kontzeptuak edo faktoreak barne–, jarraian adierazitako modalitateak lortuko lirateke.

1. Zerbitzu mugikorrak.

1.1 Lurreko zerbitzu mugikorra eta lotutako zerbitzuak.

Sailkapen honen barruan, lurreko zerbitzu mugikorraren sareetarako jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserbak eta bestelako modalitate batzuk daude jasota; hala nola portuetako eta itsasontziak mugitzeko eragiketak, eta kanal bakarreko banda estuko loturak.

Telekomunikazioetako Lege Orokorraren I. eranskinaren 3.1 paragrafoan ezarritako bost koefizienteetan oinarrituta, hainbat modalitate bereizi behar dira lurreko zerbitzu mugikorraren sarean, eta bereiz ebaluatu behar dira erreserba jakin baten tasa finkatzeko irizpideak.

Modalitate bakoitzean, tasa kalkulatzeko bereizi beharreko maiztasun‑marjinak tabulatu dira, maiztasun‑banda guztien okupazioa eta Telekomunikazioen Lege Orokorrean jasotako beste alderdi batzuk kontuan hartzeko (zerbitzu horretarako maiztasun‑banda jakin bat egokia den, adibidez).

Maiztasun‑marjina horien barruan, Frekuentziak Esleitzeko Koadro Nazionalak (CNAF) aztertutako zerbitzuari erreserbatutako maiztasun‑bandetan baino ez da gertatuko jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserba.

Tasa kalkulatzeko orduan, zerbitzu mugikorraren sareei dagokienez, erabilera handiko eremu geografikoaren modalitatea erabiltzen da oro har, betiere sare‑estaldurak 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerriak –osotasunean edo partzialki– barne hartzen baditu. Hainbat bandetako maiztasunak dituzten sareetan, bestalde, bakoitzari modu independentean aplikatuko zaio eremu geografikoaren kontzeptua.

1.1.9 paragrafoan ezarritakoari kalterik egin gabe, epigrafe honen barruan jasotako modalitateetarako, kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera kanalizazioaren balioa (12,5 kHz edo 25 kHz) erabilitako maiztasun‑kopuruaz biderkatzean lortzen da.

1.1.1 Zerbitzu mugikorra, esleipen finkoa/maiztasun partekatua/erabilera txikiko eremua/autoprestazioa.

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban ageri dena da. Kalkulua egiteko, 1.000 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezartzen da.

1.1.2 Zerbitzu mugikorra, esleipen finkoa/maiztasun partekatua/erabilera handiko eremua/autoprestazioa.

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban ageri dena da. Kalkulua egiteko, 1.000 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezartzen da.

1.1.3 Zerbitzu mugikorra, esleipen finkoa/maiztasun esklusiboa/erabilera txikiko eremua/autoprestazioa.

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban ageri dena da. Kalkulua egiteko, 1.000 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezartzen da.

1.1.4 Zerbitzu mugikorra, esleipen finkoa/maiztasun esklusiboa/erabilera handiko eremua/autoprestazioa.

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban ageri dena da. Kalkulua egiteko, 1.000 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezartzen da.

1.1.5 Zerbitzu mugikorra, esleipen finkoa/maiztasun esklusiboa/edozein eremu/hirugarrenentzako prestazioa.

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban ageri dena da. Kalkulua egiteko, 1.000 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezartzen da.

1.1.6 Zerbitzu mugikorra, ausazko esleipena/maiztasun esklusiboa/edozein eremu/autoprestazioa.

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban ageri dena da. Kalkulua egiteko, 1.000 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezartzen da.

1.1.7 Zerbitzu mugikorra, ausazko esleipena/maiztasun esklusiboa/edozein eremu/hirugarrenentzako prestazioa.

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban ageri dena da. Kalkulua egiteko, 1.000 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezartzen da.

1.1.8 Irrati‑bilaketa (maiztasun esklusiboa/edozein eremu/hirugarrenentzako prestazioa).

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban ageri dena da.

1.1.9 Irismen laburreko gailuak: teleaginteak, alarmak, datuak, etab./edozein eremu.

Multzo honetan, irismen laburreko sistemak sartzen dira, betiere sarearen zerbitzu‑erradioa 3 kilometro baino handiagoa ez bada. Kontuan hartu beharreko S azalera, zerbitzu‑eremuari dagokiona izango da.

Estaldura handiagoko sareetarako, gainerako zerbitzu mugikor edo zerbitzu finkoen artetik egokia den modalitatea aplikatuko da, zerbitzuaren izaera eta sarearen berezko ezaugarriak zein diren.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, aplikatu beharreko kasuetan kanalizazio‑balioa (10, 12,5, 25, 200 kHz, etab.) erabilitako maiztasun‑kopuruaz biderkatzearen emaitza da. Emisioaren ezaugarri teknikoengatik, adierazitako kanalizazioetako bat ere aplikatzerik ez badago, emisioaren izendapenaren banda‑zabalera hartuko da; bestela, CNAFen aplikazio hauetarako zuzendutako maiztasun‑banda osoa aplikatuko da.

1.2 Hedapen nazionaleko lurreko zerbitzu mugikorra.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, kanalizazio‑balioa (12,5 kHz, 25 kHz, etab.) erabilitako maiztasun‑kopuruaz biderkatzearen emaitza da.

1.2.1 Zerbitzu mugikorra, esleipen finkoa/hedapen nazionaleko sareak.

Kontuan hartu beharreko S azalera, lurralde nazional osoari dagokiona da.

1.2.2 Zerbitzu mugikorra, ausazko esleipena/hedapen nazionaleko sareak.

Kontuan hartu beharreko S azalera, lurralde nazional osoari dagokiona da.

1.3 Komunikazio elektronikoen zerbitzuak (hirugarrenentzako prestazioa).

1.3.1 Komunikazio elektronikoen lurreko sistemak (hirugarrenentzako prestazioa).

Kontuan hartu beharreko S azalera eta B banda‑zabalera, jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserba egokian ageri direnak izango dira.

Biztanle gutxiko autonomia‑erkidegoetan lizitazio‑prozedura baten bidez egindako emakidetan, 2500‑2690 MHz bandan, C5 koefizientea biztanleriaren funtzioko K faktore baten bidez haztatzen da. K koefizientearen puntuzko balioak eta eragindako autonomia‑erkidegoak hauek dira: Gaztela‑Mantxa, K=0,284; Extremadura, K=0,286; Gaztela eta Leon, K=0,293; Aragoi, K=0,304; Nafarroa, K=0,66; eta Errioxa, K=0,688.

1.3.2 Aireontzien barruko komunikazio‑zerbitzu mugikorrak (hirugarrenentzako prestazioa).

Kontuan hartu beharreko S azalera 1 kilometro koadrokoa izango da, 200 aireontziko edo zatiki bakoitzeko.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, erabilitako teknologiaren arabera erreserbatutako guztia izango da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, erabilitako teknologiaren arabera erreserbatutako guztia izango da.

1.4 Itsasoko zerbitzu mugikorra.

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban ageri dena da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, kanalizazio‑balioa (12,5 kHz, 25 kHz, etab.) erabilitako maiztasun‑kopuruaz biderkatzearen emaitza da.

1.5 Zerbitzu mugikor aeronautikoa.

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban ageri dena da.

Kontuan hartu beharreko banda‑zabalera, kanalizazio‑balioa (12,5 kHz, 25 kHz, etab.) erabilitako maiztasun‑kopuruaz biderkatzearen emaitza da.

1.6 Satelite bidezko zerbitzu mugikorra.

Kontuan hartu beharreko S azalera, sistema edo estazio horretan baimendutako zerbitzu‑eremuaren areari dagokiona izango da. Kalkulua egiteko, 100.000 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezarriko da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, maiztasun bakoitzean sistemari erreserbatutako banda‑zabaleraren batura izango da, goranzko zein beheranzko lotura zenbatuta.

1.6.1 Satelite bidezko lurreko zerbitzu mugikorra.

1.6.2 Satelite bidezko zerbitzu mugikor aeronautikoa.

1.6.3 Satelite bidezko itsasoko zerbitzu mugikorra.

1.6.4 Satelite bidezko komunikazio elektronikoen sistemak, lurreko mendeko osagaia barne, hala badagokio (hirugarrenentzako prestazioa).

Atal hau satelite bidezko mugikorraren sistema integratuetarako espektro‑erreserbetan aplikatu beharrekoa da, 2008/626/EE Erabakiarekin bat etorriz maiztasun berak erabiltzen dituen lurreko mendeko sarea barne hartuta, hala badagokio.

Kontuan hartu beharreko S azalera lurralde nazional osoari dagokiona da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserba egokian ageri dena izango da.

1.7 Banda zabaleko lurreko komunikazio mugikorren sistemak.

Atal hau komunikazio mugikorren lurreko sistemetan aplikatu behar da, baldin eta 1.3.1 epigrafean zehaztutakoen bestelako maiztasun‑bandetan funtzionatzen badute eta 1 MHz baino gehiagoko transmisioko banda‑zabalerak eta 3 kilometro baino gehiagoko zerbitzu‑eremuko erradioak dituzten kanal irrati‑elektrikoak erabiltzen badituzte.

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban ageri dena da. Kalkulua egiteko, 500 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezartzen da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, kanalizazio‑balioa erabilitako maiztasun‑kopuruaz biderkatzearen emaitza da.

1.8 Trenbide bidezko komunikazioen Europako sistema (GSM‑R).

Kontuan hartu beharreko S azalera, maiztasunen erreserba egiten den ibilbide guztien luzeraren batura (kilometrotan) hamar kilometroko zabaleraz biderkatzearen emaitza da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserba egokian ageri den banda‑zabalera osoa izango da.

2. Zerbitzu finkoa.

Atal honetan, zerbitzuaren modalitateetako maiztasunen unean uneko erreserbez gain, bandako erreserba deitutakoak ere jasotzen dira; horrelakoetan, erreserbak hartutako espektro‑zatiari esker, hainbat kanal irrati‑elektriko batera erabil ditzake operadoreak, eremu geografiko berean.

Bandako erreserba hauek kasu zehatz batzuetan baino ez daude justifikatuta; hala nola operadore batek azpiegitura irrati‑elektrikoen hedapen masiboa egiten duenean, hirugarrenei zerbitzuak eskaintzeko komunikazio elektrikoen sareetarako edo ikus‑entzunezko zerbitzuen seinalea garraiatzeko, eta, trafiko‑pilaketa handia dagoelako, elkarren artean bateragarri diren kanal irrati‑elektrikoen taldeak beharrezko diren eremu geografikoetan.

2.1 Puntutik punturako zerbitzu finkoa.

Oro har, erabilera handiko eremu geografikoaren modalitatea aplikatuko da banako baoetan edo sare irrati‑elektriko zabalaren parte direnetan, baldin eta, baoko muturreko estazioetakoren bat 250.000 biztanle baino gehiagoko herriren batean kokaturik badago, edo inguruan, edo baoaren irrati‑loturaren sorta nagusiak aipatutako eremuaren bertikala zeharkatzen badu.

Erabilitako maiztasun bakoitzean, bere balio nominala hartuko da, kanalaren muturrek tabulatutako maiztasun‑marjinetako bi barne hartu ala ez, eta balio nominal hori muturretako batekin bat badator, tasaren zenbateko txikiena duen marjina hartuko da.

2.1.1 Zerbitzu finkoa, puntutik puntura/maiztasun esklusiboa/erabilera txikiko eremua/autoprestazioa.

Tasaren zenbateko osoa sarea osatzen duen bao irrati‑elektriko bakoitzaren banako tasaren batukaria izango da, aipatutako baoaren ezaugarrien arabera kalkulaturik.

Bao bakoitzean kontuan hartu beharreko S azalera, kilometrotako luzera kilometro bateko zabaleraz biderkatzearen emaitza da.

Bao bakoitzean kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, berriz, erabilitako kanalizazioaren balioa edo, bestela, emisioaren izendapenaren araberako banda‑zabalera, transmisioko bi noranzkoetan erabilitako maiztasun‑kopuruaz biderkatzearen emaitza da. Polarizazio bikoitzeko maiztasunak erreserbatuta dituzten bao irrati‑elektrikoetan, tasa kalkulatzeko orduan, maiztasun‑kopuru bikoitzaren erreserba egingo balitz bezala hartuko da; dena den, banako tasaren balioari 100eko 25eko murrizketa aplikatuko zaio.

2.1.2 Zerbitzu finkoa, puntutik puntura/maiztasun esklusiboa/erabilera handiko eremua/autoprestazioa.

Tasaren zenbateko osoa, sarea osatzen duten bao irrati‑elektriko bakoitzaren banako tasaren batukaria izango da, aipatutako baoaren ezaugarrien arabera kalkulaturik.

Bao bakoitzean kontuan hartu beharreko S azalera, kilometrotako luzera kilometro bateko zabaleraz biderkatzearen emaitza da.

Bao bakoitzean kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, berriz, erabilitako kanalizazioaren balioa edo, bestela, emisioaren izendapenaren araberako banda‑zabalera, transmisioko bi noranzkoetan erabilitako maiztasun‑kopuruaz biderkatzearen emaitza da. Polarizazio bikoitzeko maiztasunak erreserbatuta dituzten bao irrati‑elektrikoetan, tasa kalkulatzeko orduan, maiztasun‑kopuru bikoitzaren erreserba egingo balitz bezala hartuko da; dena den, banako tasaren balioari 100eko 25eko murrizketa aplikatuko zaio.

2.1.3 Zerbitzu finkoa, puntutik puntura/maiztasun esklusiboa/hirugarrenentzako prestazioa.

Tasaren zenbateko osoa, sarea osatzen duen bao irrati‑elektriko bakoitzaren banako tasaren batukaria izango da, aipatutako baoaren ezaugarrien arabera kalkulaturik.

Bao bakoitzean kontuan hartu beharreko S azalera, kilometrotako luzera kilometro bateko zabaleraz biderkatzearen emaitza da.

Bao bakoitzean kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, berriz, erabilitako kanalizazioaren balioa edo, bestela, emisioaren izendapenaren araberako banda‑zabalera, transmisioko bi noranzkoetan erabilitako maiztasun‑kopuruaz biderkatzearen emaitza da. Polarizazio bikoitzeko maiztasunak erreserbatuta dituzten bao irrati‑elektrikoetan, tasa kalkulatzeko orduan, maiztasun‑kopuru bikoitzaren erreserba egingo balitz bezala hartuko da; dena den, banako tasaren balioari 100eko 25eko murrizketa aplikatuko zaio.

2.1.4 Zerbitzu finkoa, puntutik puntura/banda‑erreserbak Espainia osoan.

Tasa kalkulatzeko orduan, erreserbatutako banda‑zabalera kontuan hartuko da, Espainia osoko azaleraren gainean, eta esleitutako banda osoa edo zati bat berrerabili den edo ez alde batera utzita.

2.1.5 Zerbitzu finkoa, puntutik puntura, dentsitate handikoa, edozein eremutan.

Dentsitate handiko puntutik punturako zerbitzu finkoari dagokionez, eremu bereko beste erabilera‑baimen batzuekin koordinatu gabeko maiztasunetan, baimendutako bao bakoitzeko kontuan hartu beharreko S azalera 1,5 kilometroko luzera nominala kilometro bateko zabaleraz biderkatzearen emaitza izango da.

Baimendutako kanal bakoitzerako kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, loturan erabilitako kanalizazioari dagokiona da (50 MHz, 100 MHz, etab.), eta halakorik ezean, emisioaren izendapenaren araberako banda‑zabalera.

2.1.6 Zerbitzu finkoa, puntutik puntura/probintziako edo probintzia anitzeko banda‑erreserbak.

Atal hau probintzia baterako edo gehiagorako banda‑erreserbei aplikatu behar zaie, gehienez ere 250.000 kilometro koadroko hedapen‑eremua izanez gero.

Tasa kalkulatzeko orduan, erreserbatutako banda‑zabalera kontuan hartuko da, zerbitzu‑eremuaren azaleraren gainean, eta esleitutako maiztasun guztiak edo zati bat berrerabili diren edo ez alde batera utzita.

2.2 Puntutik puntu anitzerako zerbitzu finkoa.

Erabilitako maiztasun bakoitzean, bere balio nominala hartuko da, kanalaren muturrek tabulatutako maiztasun‑marjinetako bi barne hartu ala ez, eta balio nominal hau muturretako batekin bat badator, tasaren zenbateko txikiena duen marjina hartuko da.

2.2.1 Zerbitzu finkoa, puntutik puntu anitzera/maiztasun esklusiboa/edozein eremu/autoprestazioa.

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban adierazitako zerbitzu‑eremua izango da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, emisioaren ezaugarri teknikoetatik aterako da.

2.2.2 Zerbitzu finkoa, puntutik puntu anitzera/maiztasun esklusiboa/edozein eremu/hirugarrenentzako prestazioa.

Kontuan hartu beharreko S azalera, jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban adierazitako zerbitzu‑eremua da, 2235 modalitateko kode‑erreserbetan izan ezik; azken hauetan, kalkulua egiteko, 80 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezartzen da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, emisioaren ezaugarri teknikoetatik aterako da.

2.2.3 Zerbitzu finkoa, puntutik puntu anitzera/banda‑erreserbak Espainia osoan.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban adierazitakoa izango da, Espainia osoari dagokion S azaleraren gainean, eta esleitutako banda osoa edo zati bat berrerabili den edo ez alde batera utzita.

2.2.4 Zerbitzu finkoa, puntutik puntu anitzera/probintziako edo probintzia anitzeko banda‑erreserbak.

Atal hau probintzia baterako edo gehiagorako espektro‑erreserbei aplikatu behar zaie, zerbitzu‑eremua gehienez ere 250.000 kilometro koadrokoa denean.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera, jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban adierazitakoa izango da, hartutako azaleraren gainean, eta esleitutako banda osoa edo zati bat berrerabili den edo ez alde batera utzita.

2.3 Satelite bidezko zerbitzu finkoa.

Kontuan hartu beharreko S azalera, zerbitzu‑eremuarena izango da, oro har; bestelakorik zehaztu ezean, eremu hori Espainia osoko azalerari dagokiona izango da. Nolanahi ere, kalkulua egiteko, epigrafeetarako ondoren zehaztutako gutxieneko azalerak aplikatuko dira.

Maiztasun bakoitzean kontuan hartu beharreko banda‑zabalera, emisioaren izendapenean zehaztutakoa izango da, eta goranzko loturaren banda‑zabalera zein beheranzko loturaren banda‑zabalera zenbatuko dira, bakoitza bere azalerarekin; irratidifusioko konexio‑loturak salbuespena dira, izan ere, goranzko lotura baino ez direnez, horietan banda‑zabalera baino ez da zenbatuko.

2.3.1 Satelite bidezko puntutik punturako zerbitzu finkoa, satelite bidezko zerbitzu mugikorraren konexio‑loturak barne hartuta, bai eta satelite bidezko irratidifusioko kontribuzio‑loturak ere (puntutik puntu anitzera).

Puntutik punturako loturetan (goranzko loturan zein beheranzkoan), 31.416 kilometro koadroko S azalera hartuko da kontuan. Kategoria honetan, puntutik punturako irrati‑difusioko kontribuzio‑loturak jasoko dira. Puntutik puntu anitzerako kontribuzio‑loturetan, 31.416 kilometro koadroko S azalera hartuko da kontuan goranzko loturarako; beheranzkoan, berriz, zerbitzu‑eremuaren eremua. Eremu hori, oro har, Espainia osoko azalerari dagokio; dena den, kalkulua egiteko, 100.000 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezarriko da.

2.3.2 Satelite bidezko irrati‑difusioko (soinuduna eta telebista) zerbitzuaren konexio‑loturak.

Satelite bidezko irrati‑difusioko (soinuduna eta telebista) zerbitzuaren konexio‑loturetan (goranzko lotura), kalkulua egiteko orduan, 31.416 kilometro koadroko S azalera hartuko da kontuan.

2.3.3 VSAT (satelite bidezko datu‑sareak) eta SNG (satelite bidezko erreportajeen lotura garraiagarriak) erako zerbitzuak.

Zerbitzu‑eremuaren azalera hartuko da kontuan, eta, kalkulua egiteko, 10.000 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezarriko da. SNG loturei dagokienez, 20.000 kilometro koadroko azalera hartuko da kontuan. Aurreko kasu guztietan, azalera igorpenean zein harreran hartuko da, igortzeko eta hartzeko estazio‑kopurua edozein dela ere.

3. Irrati‑difusioko zerbitzua.

Ondoko kontu hauek irrati‑difusioko zerbitzuari aplikatu beharrekoak dira, soinudun irrati‑difusioko zein telebistako modalitatean.

Kontuan hartu beharreko S azalera, zerbitzu‑eremuari dagokiona izango da. Espainia osoko hedapena xedetzat duten irrati‑difusioko zerbitzuetan, zerbitzu‑eremuaren azalera Espainia osoko azalera izango da, eta tasa ez da banan‑banan ebaluatuko hedapen horretara iristeko beharrezko den estazio bakoitzeko. Halaber, hedapen autonomikoa xedetzat duten irrati‑difusioko zerbitzuetan (soinuduna eta telebista), zerbitzu‑eremuaren azalera dagokion autonomiarena izango da, eta tasa ez da banan‑banan ebaluatuko hedapen horretara iristeko beharrezko den estazio bakoitzeko.

Hedapen nazionala edo edozein hedapen autonomiko xedetzat duten irrati‑difusioko zerbitzuetan, aplikatu beharreko B banda‑zabalera zerbitzu horri dagokiona izango da, eta banaka hartutako zerbitzu‑estazio bati aplikatuko litzaiokeena bezalakoa.

Eremu geografikoa kalifikaturik dagoen zerbitzu‑modalitateetan, interes eta errentagarritasun handiko eremutzat hartuko da zerbitzu‑eremuaren barruan probintziako edo autonomiako hiribururen bat edota 50.000 biztanle baino gehiagoko bestelako herriak jasotzen direnean.

Irrati‑difusioko zerbitzuan, C5 koefizientea k faktore batekin haztatzen da; faktore hori biztanle‑dentsitatearen funtzioa da, eta zerbitzu‑eremuan indarrean dagoen biztanle‑erroldaren bidez lortzen da, ondoko taula honi jarraiki betiere:

Nolanahi ere, irrati‑difusioko zerbitzuak eskaintzeko maiztasun‑bandak CNAFan zehaztutakoak izango dira; hala ere, Telekomunikazioetako Informazioaren Gizarterako Estatu‑idazkariak aipatutako taulan adierazitakoak ez diren aldi baterako edo esperimentazioko erabilerak baimendu ahal izango ditu, betiere legez baimendutako estazio irrati‑elektrikoei eragozpenik sortzen ez badie. Aldi baterako edo esperimentazioko erabilera horiek ere jabari publiko irrati‑elektrikoa erreserbatzeagatiko tasa ordaindu beharko dute; tasaren zenbatekoa zehazteko orduan, antz handiena duten zerbitzuaren irizpide orokorrak edo, hala badagokio, erreserbatutako maiztasun‑bandari dagozkion irizpideak hartuko dira kontuan.

Satelite bidezko irrati‑difusioko zerbitzuan, lurralde nazionaletik igotzen diren loturak baino ez dira kontuan hartuko; satelite bidezko zerbitzu finkoaren 2.3.2 paragrafoaren barruan, konexio‑loturatzat hartzen dira.

Satelite bidezko irrati‑difusioko kontribuzio‑loturak ere horrelakotzat hartuta daude, satelite bidezko zerbitzu finkoaren 2.3.1 paragrafoaren barruan.

3.1 Soinudun irrati‑difusioa.

3.1.1 Uhin luzeko eta uhin ertaineko soinudun irrati‑difusioa:

S azalera, zerbitzu‑eremuari dagokiona izango da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera 9 kHz‑koa izango da alboko banda bikoitzeko modulazio‑sistemetan, eta 4,5 kHz‑koa alboko banda bakarreko modulazio‑sistemetan.

3.1.2 Uhin laburreko soinudun irrati‑difusioa.

Espainiako azalerari dagokion S azalera eta biztanle‑dentsitate nazionalari dagokion biztanle‑dentsitatea hartuko dira kontuan.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera 9 kHz‑koa izango da alboko banda bikoitzeko modulazio‑sistemetan, eta 4,5 kHz‑koa alboko banda bakarreko modulazio‑sistemetan.

3.1.3 Maiztasun‑modulazioa duen soinudun irrati‑difusioa interes eta errentagarritasun handiko eremuetan.

S azalera zerbitzu‑eremuari dagokiona izango da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera 180 kHz‑koa izango da sistema monofonikoetan, 256 kHz‑koa sistema estereofonikoetan, eta 300 kHz‑koa azpigarraiatzaile osagarriak dituzten sistemetan.

3.1.4 Soinudun irrati‑difusioa, beste eremu batzuetan maiztasun‑modulazioa duena.

S azalera zerbitzu‑eremuari dagokiona izango da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera 180 kHz‑koa izango da sistema monofonikoetan, 256 kHz‑koa sistema estereofonikoetan, eta 300 kHz‑koa azpigarraiatzaile osagarriak dituzten sistemetan.

3.1.5 Lurreko soinudun irrati‑difusio digitala, interes eta errentagarritasun handiko eremuetan.

S azalera zerbitzu‑eremuari dagokiona izango da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera 1.536 kHz‑koa izango da UNE ETS 300 401 araua duten sistemetan.

3.1.6 Lurreko soinudun irrati‑difusio digitala beste eremu batzuetan.

S azalera zerbitzu‑eremuari dagokiona izango da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera 1.536 kHz‑koa izango da UNE ETS 300 401 araua duten sistemetan.

3.2 Telebista.

S azalera zerbitzu‑eremuari dagokiona izango da beti.

3.1.5 Lurreko telebista digitala, interes eta errentagarritasun handiko eremuetan.

Atal hau esparru nazional eta autonomikoko espektro‑erreserbei aplikatu beharrekoa da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera 8.000 kHz‑koa izango da UNE ETS 300 744 araua duten sistemetan.

3.2.2 Lurreko telebista digitala beste eremu batzuetan.

Atal hau esparru nazional eta autonomikoko espektro‑erreserbei aplikatu beharrekoa da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera 8.000 kHz‑koa izango da UNE ETS 300 744 araua duten sistemetan.

3.2.3 Tokiko eremuko lurreko telebista digitala, interes eta errentagarritasun handiko eremuetan.

Atal hau tokiko eremuko espektro‑erreserbei aplikatu beharrekoa da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera 8.000 kHz‑koa izango da UNE ETS 300 744 araua duten sistemetan.

3.2.4 Tokiko eremuko lurreko telebista digitala, beste eremu batzuetan.

Atal hau tokiko eremuko espektro‑erreserbei aplikatu beharrekoa da.

Kontuan hartu beharreko B banda‑zabalera 8.000 kHz‑koa izango da, UNE ETS 300 744 araua duten sistemetan.

3.3 Irrati‑difusioaren zerbitzu osagarriak.

3.3.1 Foniako lotura mugikorrak erreportajeetarako eta irratsaioak emateko.

Kontuan hartu beharreko S azalera, dagokion jabari publiko irrati‑elektrikoaren erreserban ageri dena da, eta 100 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezartzen da.

Zenbatu beharreko B banda‑zabalera, erabilitako kanalari dagokiona da (300 kHz, 400 kHz, etab.).

3.3.2 Estudioen eta irratien arteko soinudun irrati‑difusioko saioak garraiatzeko loturak.

Kontuan hartu beharreko S azalera, bao guztien luzeren batura kilometro bateko zabalera batez biderkatzearen emaitza da, 10 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezarrita.

B banda‑zabalera erabilitako kanalari dagokiona da (300 kHz, 400 kHz, etab.).

3.3.3 Telebistako lotura mugikorrak (ENG).

Kalkulua egiteko, maiztasun‑erreserba bakoitzeko 10 kilometro koadroko azalera ezartzen da, maiztasun eta erabilera berean Espainiako edozein tokitan funtzionatzen duten ekipoen kopurua edozein dela ere.

Kontuan hartu beharreko banda‑zabalera erabilitako kanalari dagokiona izango da.

4. Bestelako zerbitzuak.

4.1 Irrati‑nabigazioko zerbitzua.

Kontuan hartu beharreko S azalera, baimendutako zerbitzuak erradiotzat duen zirkuluarena izango da.

B banda‑zabalera, emisioaren izendapenetik lortuko da zuzenean.

4.2 Irrati‑determinazioko zerbitzua

Kontuan hartu beharreko S azalera, baimendutako zerbitzuak erradiotzat duen zirkuluarena izango da.

B banda‑zabalera, emisioaren izendapenetik lortuko da zuzenean.

4.3 Irrati‑lokalizazioko zerbitzua.

Kontuan hartu beharreko S azalera, baimendutako zerbitzuak erradiotzat duen zirkuluarena izango da.

B banda‑zabalera, emisioaren izendapenetik lortuko da zuzenean.

4.4 Satelite bidezko zerbitzuak, hala nola eragiketa espazialak, satelite bidezko lurraren esplorazioa eta beste batzuk.

Kontuan hartu beharreko S azalera, zerbitzu‑eremuari dagokiona izango da, eta kalkulua egiteko, 31.416 kilometro koadroko gutxieneko azalera ezarriko da, hala igorpenean nola harreran.

Igorpenean zein harreran kontuan hartu beharreko zabalera, kasuan kasu eskatutako sistemak eskatzen duena izango da.

5. Aurreko paragrafoetan jaso gabeko zerbitzuak.

Aurkeztu ahal daitezkeen eta aurreko paragrafoetan jaso ez diren zerbitzu eta sistemetan, edo aurreko arauak aplikatzerik ez dagoenean, irizpide hauen arabera ezarriko da tasa:

• Aurretik aipatutako zerbitzuren baten antzeko ezaugarri teknikoak izatea.

• Teknikoki beharrezkoa den jabari irrati‑elektrikoaren kopurua.

• Egindako erreserbak estalitako azalera.

• Bestelako teknologien bidez antzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten sistemengatik sorrarazitako tasaren zenbatekoa.

Bi. Jabari publiko irrati‑elektrikoa erreserbatzeagatiko tasa arautzen duten xedapenek indarrean jarraituko dute artikulu honetan adierazitakoaren kontra ez doan guztian.

Hiru. Telekomunikazioen Lege Orokorraren I. eranskinaren 1. paragrafoan ezarritako operadoreen tasa orokorraren zenbatekoa zehazteko, lortzen dituzten ustiapen‑sarrera gordinen zenbatekoari milako 1en tasa aplikatuko zaio.

V. KAPITULUA

Lurralde‑erakundeak

1.atala. Toki‑erakundeak

10. artikulua. Toki‑erakundeen partaidetza Estatuko zergetan.

1. Toki‑erakundeek Estatuko zergetan duten partaidetzaren osagaiei dagokienez –Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen «Lurraldeko erakundeei buruz» izeneko VII. tituluaren «Toki‑erakundeak» I. kapituluaren 2‑6 bitarteko ataletan arautua–, 107.Bi.a) artikuluan aipatutako denborazko erreferentziak baino ez dira eguneratuko. Hala bada, xede horietarako, indarrean dagoen eta Gobernuak 2012ko urtarrilaren 1ean ofizialki onartu zuen Udal Erroldako biztanleria hartuko da kontuan, bai eta egindako azken behin betiko likidazioaren zerga‑gaitasunaren alderantzizkoaren eta zerga‑esfortzuaren datuak ere.

2. Toki‑korporazioek zerga‑esfortzuari buruz eman beharreko informazioari dagokionez –Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 124. artikuluan ezarrita–, ziurtagiriek 2010ekoak beharko dute izan, eta 2012ko ekainaren 30a baino lehenago eman behar dizkiete organo eskudunei, organo horiek erabakitako moduan.

3. Toki Ogasunak Arautzen dituen Legearen testu bateginaren –martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua– 114. artikuluaren arabera, lau urtean behin egin behar da berrikuspena; bada, Estatuko 2012ko Aurrekontu Orokorren Legeak xedatutako moduan egingo da hori.

2.atala. Autonomia‑erkidegoak

11. artikulua. Nahikotasun Globalaren Funtsaren konturako entregak.

2012koak diren eta luzatuta dauden Nahikotasun Globalaren Funtsaren konturako entregak ordaintzeko –araubide erkideko autonomia-erkidegoen eta autonomia-estatutua duten hirien finantzaketa‑sistema arautzen duen eta zerga‑arau jakin batzuk aldatzen dituen abenduaren 18ko 22/2009 Legea aplikatzearen ondorioz ordaindu beharrekoak– honako kontzeptu honetan zehaztutako kredituak erabiliko dira autonomia‑erkidego bakoitzerako eta autonomia-estatutudun hiri bakoitzerako: 36 atalaren («Autonomia-erkidego eta toki-erakundeekiko finantza koordinaziorako Zuzendaritza Nagusia») 941M programaren («Autonomia‑erkidegoetarako transferentziak, Estatuko sarreretan parte hartzeagatik») 451 kontzeptuan («Nahikotasun Globalaren Funtsa») jasota daudenak.

Hartarako, kreditu horiek konturako entregak ordaintzeko aski ez direnean, beharrezko kreditu‑transferentziak egingo dira.

12. artikulua. Lurralde arteko konpentsazio‑funtsak.

Abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 131. artikuluak 33. atalaren eranskinari egindako erreferentzia xede horretarako bilduko den Inbertsio Publikoen Batzordeak erabakitako inbertsio‑proiektuei dagokiela ulertuko da, betiere lurralde arteko konpentsazio‑funtsak arautzen dituen abenduaren 27ko 22/2001 Legearen 7. artikuluan aurreikusitako xedeetarako.

VI. KAPITULUA

Kotizazio sozialak

13. artikulua. Gizarte Segurantzari, langabeziari, jarduera uzteagatiko babesari, Lansaria Bermatzeko Funtsari eta Lanbide Heziketari egindako kotizazio‑oinarriak eta ‑tasak eguneratzea.

Bat. Abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 132. artikuluaren edukian, 2011n egindako lege‑aldaketen ondoriozko egokitzapenez gain, ondoren adierazitako zehaztapenak eta salbuespenak ere jasoko dira:

1. Gizarte Segurantzako araubideetan aplikatu beharreko gehieneko oinarriek 100eko 1eko igoera izango dute, 2011n indarrean zeudenen aldean.

2. Ikatz‑meatzaritzako araubide berezian, eta gertakari arruntengatiko kotizazioko oinarri arautuak kalkulatzearren, abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 132. artikuluaren Zortzi paragrafoan xedatutakoa aplikatuko da; halere, 2011ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arteko aldia izango da kontuan hartu beharrekoa.

3. 2012an suhiltzaileen erretiro‑adina aurreratzeko ordaindu beharreko kotizazio‑tasa gehigarria –abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 132. artikuluaren hamahirugarren paragrafoan aipatua– 100eko 7,10ekoa izango da; tasa horretatik, 100eko 5,92 enpresaren kontura izango da, eta 100eko 1,18 langilearen kontura.

4. 2012an, ertzainen erretiro‑adina aurreratzeko ordaindu beharreko kotizazio‑tasa gehigarria –abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 132. artikuluaren hamalaugarren paragrafoan aipatua– 100eko 6,50ekoa izango da; tasa horretatik, 100eko 5,42 enpresaren kontura izango da, eta 100eko 1,08 langilearen kontura.

5. 2012an, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorraren Nekazaritzako Besteren Konturako Langileentzako Sistema Bereziko kotizazioari dagokionez, berezitasun hauek egongo dira:

a) Abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 132. artikuluaren Bi.3 paragrafoan jasotako aparteko orduen kotizazio gehigarria ez da aplikagarria izango.

b) Lanaldi bakoitzean egindako lanordu‑kopurua edozein izanik ere, kotizazio‑oinarria ez da jarduera‑aldietarako ezarritako kotizazioko 10. taldearen eguneko gutxieneko oinarria baino txikiagoa izango.

c) Kotizazioko 1. taldean jasotako langileentzat, Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Berezia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko irailaren 22ko 28/2011 Legearen 4.4 a) artikuluaren 1. paragrafoan ezarritakoa ez da aplikatuko.

6. 2012ko urtarrilaren 1ean 47 urte baino gutxiago dituzten langile autonomoek kotizazio‑oinarria aukeratu ahal izango dute, betiere gutxieneko eta gehieneko oinarrien barruan.

Aukera hori bera izango dute data horretan 47 urte dituzten langile autonomoek, baldin eta 2011ko abenduko kotizazio‑oinarria gutxienez 1.682,70 eurokoa izan bada.

2012ko urtarrilaren 1ean 47 urte dituzten langile autonomoek, haien hileko kotizazio‑oinarria 1.682,70 eurokoa baino txikiagoa bada, ezin izango dute aukeratu hileko 1.870,50 euro baino gehiagoko oinarririk, salbu eta berau 2012ko ekainaren 30a baino lehenago aukeratzen badute, orduan ondorioak urte bereko uztailaren 1etik aurrera izango baitituzte.

2012ko urtarrilaren 1ean 48 urte edo gehiago dituzten langile autonomoen kotizazio‑oinarria hileko 916,50 eta 1.870,50 euro bitartekoa izango da, salbu eta negozioaren titularraren ezkontide alarguna bada, zeinak, titularra hiltzean, negozioko nagusi jarri behar izan duen eta Araubide Berezian berrogeita bost edo urte gehiagorekin alta egin behar izan duen; hala gertatuz gero, hileko 850,20 eta 1.870,50 euro bitarteko oinarriak aukeratu ahal izango ditu.

Dena den, 50 urte bete aurretik Gizarte Segurantzako sistemaren edozein araubidetan bost urte edo gehiagoz kotizatu duten langile autonomoen kotizazio‑oinarrietan zenbateko hauek egongo dira:

a) Egiaztatutako azken kotizazio‑oinarria gehienez hileko 1.682,70 eurokoa izan bada, hileko 850,20 eta 1.870,50 euro bitarteko oinarriagatik kotizatu beharko dute.

b) Egiaztatutako azken kotizazio‑oinarria hileko 1.682,70 euro baino gehiagokoa izan bada, hileko 850,20 euroren eta haren zenbatekoari 100eko 1 gehituta lortutakoaren arteko oinarriagatik kotizatu beharko dute; zenbateko horretara iritsi ezean, hileko 1.870,50 euro arteko oinarria aukeratu ahal izango dute.

Aurreko b) paragrafoan aurreikusitakoa berdin aplikatuko zaie 48 edo 49 urterekin abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 132. artikuluaren Lau.2 paragrafoaren bigarren lerrokadan aurreikusitako aukera hartu duten langile autonomoei.

Bi. Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministroari ahalmena ematen zaio artikulu honetan aurreikusitakoa aplikatu eta garatzeko beharrezko diren arauak emateko.

14. artikulua. funtzionarioen eskubide pasiboetarako eta mutualitate orokorretarako 2012. urterako kotizazioak.

Bat. 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera, honako hauek izango dira Estatuko Funtzionario Zibilen Mutualitate Orokorrak (MUFACE) kudeatutako Estatuko Funtzionario Zibilen Gizarte Segurantzako Araubide Berezirako kotizazio eta ekarpenen tasak (ekainaren 23ko 4/2000 Legegintzako Errege Dekretuak aipatutakoak), 12. artikuluan jasotako prestazioak finantzatzeko direnak –h) lerrokadan adierazitakoa izan ezik–:

1. MUFACEn sartutako funtzionario aktiboen eta antzerakoen kotizazio‑ehunekoa, eskubide pasiboak kotizatzearren 2010. urterako ezarritako hartzeko arautzaileen gaineko 100eko 1,69 da, Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren Bi paragrafoan aurreikusitako egunerapenik gabe kalkulatuta eta 100eko 1eko igoera erantsita.

2. Estatuko ekarpenaren zenbatekoa –4/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 35. artikuluan arautua–, eskubide pasiboak kotizatzeko asmoz 2010. urterako ezarritako hartzeko arautzaileen gaineko 100eko 4,81 da, Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren Bi paragrafoan aurreikusitako egunerapenik gabe kalkulatuta eta 100eko 1eko igoera erantsita. 4,81eko tasa horretatik, 4,64 Estatuak aktiboagatik egindako ekarpenari dagokio, eta 0,17 kotizaziotik salbuetsitako pentsioduneko ekarpenari.

Bi. Estatuak Indar Armatuen Gizarte Segurantzako Araubide Berezira –Indar Armatuen Gizarte Erakundeak (ISFAS) kudeatua– egindako kotizazio eta ekarpenen tasak, ekainaren 9ko 1/2000 Legegintzako Errege Dekretuak aipatutakoak, eta xedapen horren 9. artikuluak adierazitako prestazioak finantzatzeko direnak, f) lerrokadan jasotakoa izan ezik, honako hauek izango dira:

1. ISFASen sartutako militar aktiboen eta antzerakoen kotizazio‑ eta ekarpen‑ehunekoa, eskubide pasiboak kotizatzearren 2010. urterako ezarritako hartzeko arautzaileen gaineko 100eko 1,69 da, Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren Bi paragrafoan aurreikusitako egunerapenik gabe kalkulatuta eta 100eko 1eko igoera erantsita.

2. Estatuak egin beharreko ekarpena –1/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 30. artikuluan arautua–, eskubide pasiboak kotizatzearren 2010. urterako ezarritako hartzeko arautzaileen gaineko 100eko 9,96 izango da, Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren Bi paragrafoan aurreikusitako egunerapenik gabe kalkulatuta eta 100eko 1eko igoera erantsita. 9,96ko tasa horretatik, 4,64 Estatuak aktiboagatik egindako ekarpenari dagokio, eta 5,32 kotizaziotik salbuetsitako pentsioduneko ekarpenari.

Hiru. Estatuak Justizia Administrazioko Funtzionarioen Gizarte Segurantzako Araubide Berezira –Mutualitate Orokor Judizialak (MUGEJU) kudeatua– egindako kotizazio eta ekarpenen tasak, ekainaren 23ko 3/2000 Legegintzako Errege Dekretuak aipatutakoak, eta xedapen horren 12. artikuluak adierazitako prestazioak finantzatzeko direnak, f) lerrokadan jasotakoa izan ezik, honako hauek izango dira:

1. MUGEJUn sartutako Justizia Administrazioko langile aktiboen eta antzerakoen kotizazio‑ehunekoa, eskubide pasiboak kotizatzearren 2010. urterako ezarritako hartzeko arautzaileen gaineko 100eko 1,69 da, Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren Bi paragrafoan aurreikusitako egunerapenik gabe kalkulatuta eta 100eko 1eko igoera erantsita.

2. Estatuak egin beharreko ekarpena –3/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 23. artikuluan arautua–, eskubide pasiboak kotizatzearren 2010. urterako ezarritako hartzeko arautzaileen gaineko 100eko 4,65 izango da, Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren Bi paragrafoan aurreikusitako egunerapenik gabe kalkulatuta eta 100eko 1eko igoera erantsita. 4,65ko tasa horretatik, 4,64 Estatuak aktiboagatik egindako ekarpenari dagokio, eta 0,01 kotizaziotik salbuetsitako pentsiodun bakoitzeko ekarpenari.

Lau. 2012. urtean, Estatuko Klase Pasiboen Araubidearen eta Funtzionarioen Araubide Berezien barruko langileei dagokienez egin beharreko eskubide pasiboen kuota eta funtzionarioen mutualitateari dagokiona zehazteko 100eko 3,86 eta 100eko 1,69 tasa aplikatuko da, hurrenez hurren, eskubide pasiboak kotizatzearren 2010erako ezarritako hartzeko arautzaileen gainean, Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen zortzigarren xedapen gehigarriaren Bi paragrafoan aurreikusitako egunerapenik gabe, eta ehuneko 1eko igoera erantsita; horiek ondoren adierazita daude:

ESTATUKO FUNTZIONARIO ZIBILEN, INDAR ARMATUETAKO LANGILEEN, KARRERA JUDIZIAL ETA FISKALEKO KIDEEN, IDAZKARI JUDIZIALEN KIDEGOKO KIDEEN ETA JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN ZERBITZUKO KIDEGOKO KIDEEN ESKUBIDE PASIBOEN HILEKO KUOTAK

ESTATUKO FUNTZIONARIO ZIBILEN MUTUALITATE OROKORRARI, INDAR ARMATUEN GIZARTE‑ERAKUNDEARI ETA MUTUALITATE OROKOR JUDIZIALARI KOTIZATZEKO HILEKO KUOTAK

Ekainean eta abenduan, hileko zenbateko horien kopuru bikoitza ordainduko da.

Estatuko Klase Pasiboen Legearen testu bateginaren 23.1 artikuluaren lehenengo lerrokadaren azken tartekian ezarritako salbuespenarekin, eta bertan xedatutakoari jarraiki, karrerakoak ez diren militar profesionalek eta Osagarriko eta Ontzigintza Erreserbako Eskaletako militarrek eskubide pasiboen hileko kuoten erdia ordainduko dute.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa. Administrazio Publikoen edo irabazi‑asmorik gabeko erakundeen titulartasuneko osasun‑erakundeek Gizarte Segurantzarekin dituzten zorrak ordaintzea.

Administrazio Publikoen edo irabazi‑asmorik gabeko erakundeen titulartasuneko osasun‑erakundeek, baldin eta Estatuko 1995eko Aurrekontu Orokorren abenduaren 30eko 41/1994 Legearen hogeita hamargarren xedapen gehigarrian aurreikusitako luzamendua badute, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrari hemezortzi urteko gabealdia handitzeko eskatu ahal izango diote, bai eta emandako luzamendua gehienez hamar urtera arte luzatzeko ere, urteko amortizazioak eginda.

Bigarrena. Estatuaren bermea interes kulturaleko lanetarako.

Bat. Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. paragrafoan ezarritakoarekin bat etorriz, 2012ko ekitaldian Estatuak Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eta atxikitako erakunde publikoen nahiz Ondare Nazionalaren Administrazio Kontseiluaren eskumen esklusiboko erakundeetan erakusteko asmoz aldi baterako lagatako obrei edo obra‑multzoei dagokienez emandako konpromisoen zenbateko metatu osoa ez da 1.848.000 mila euro baino gehiagokoa izango.

2012an erakusketa berean jartzeko obretarako edo obra‑multzorako lehen aldiz emandako konpromiso espezifikoen gehieneko muga 231.000 mila eurokoa izango da. Artelanak lagatzaileei itzuli ondoren, eta erakusketa‑arduradunek emandako bermea gorabeherarik gabe bukatu dela egiaztatutakoan, konprometitutako zenbatekoak beste erakusketa bati eman ahal izango zaizkio.

Salbuespen gisa, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren ekimenez, eta Ogasun eta Herri Administrazioko ministroak proposatuta, gehieneko muga hori 231.000 mila euro baino gehiagokoa izan ahalko da; hala gertatuz gero, baina, erakusketa horrek iraun bitartean, zenbateko oso metatua ez da 2.750.000 mila euro baino gehiagokoa izango.

2012an Thyssen‑Bornemisza Bilduma Fundazioari, Espainian Fundazioak dituen egoitzetan erakutsi beharreko artelanei dagokienez, emandako konpromiso espezifikoen gehieneko muga 540.910 mila eurokoa izango da. Konpromiso horiek kontratu honen barruan emango dira: «Batetik, Thyssen‑Bornemisza Bilduma Fundazioaren eta bestetik Omicron Collections Limited, Nautilus Trustees Limited, Coraldale Navigation Incorporated, Imiberia Anstalt‑en, eta Carmen Thyssen‑Bornemisza baroisaren arteko kontratua artelanak mailegatzeko».

Bi. 2012an Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko erakundeetan Sociedad Estatal de Acción Cultural, SAk antolatuta egindako erakusketei aplikagarri izango zaie aurreko paragrafoan xedatutakoa.

Hirugarrena. Mezenasgoko lehentasunezko jarduerak.

Bat. Irabazi‑asmorik gabeko erakundeen zerga‑araubideari eta mezenasgorako pizgarri fiskalei buruzko abenduaren 23ko 49/2002 Legearen 22. Artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2012an ondoko hauek hartuko dira mezenasgoko lehentasunezko jardueratzat:

1. Cervantes Erakundeak espainiera eta kultura sustatu eta zabaltzeko sare telematikoen, teknologia berrien eta ikus‑entzunezko bestelako bitartekoen bidez egindakoak.

2. Berezko hizkuntza ofiziala duten autonomia‑erkidegoetako erakundeek espainiar Estatuko hizkuntza ofizialak sustatu eta zabaltzea.

3. Espainiako Ondare Historikoko ondasunak, Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen VIII. eranskinean zerrendatutakoak, zaindu, zaharberritu edo berritzea, bai eta Espainiako Ondare Historikoko elementuak digitalizatu, kontserbatu, katalogatu, zabaldu eta ustiatzeko «patrimonio.es» programan jasotako jarduerak eta ondasunak, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren eta Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren arteko akordioaren ostean. Programa hori Zerga, Administrazio eta Lan Arloko Neurriei buruzko abenduaren 30eko 53/2002 Legearen 75. artikuluak aipatzen du.

4. Administrazio publikoek boluntarioei prestakuntza emateko diruz lagundutako programak.

5. Administrazio publikoek Informazioaren Sozietatea sustatzeko egindako proiektuak eta jarduerak, bereziki Internet bidezko zerbitzu informatiko eta telematikoen bidez zerbitzu publikoak eskaintzeko xedea dutenak.

6. Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen XII. eranskinean zerrendatutako instalazio zientifikoetako ikerketa, garapena eta berrikuntza.

7. Ekonomia eta Lehia Ministerioak proposatuta, Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioak aitortutako erakundeek nanoteknologiako, osasuneko, genomikako, proteomikako eta energiako arloetan, eta nazioarteko bikaintasun‑inguruneetan egindako ikerketa, garapena eta berrikuntza.

8. Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak zientzia eta berrikuntzaren kultura zabaldu, komunikatu eta sustatzeko egindakoak.

9. Genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko, administrazio publikoek diruz lagundutako edo haiekin elkarlanean egindako programak.

Bi. Irabazi‑asmorik gabeko erakundeen zerga‑araubideari eta mezenasgorako pizgarri fiskalei buruzko abenduaren 23ko 49/2002 Legearen 22. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2011n eta 2012an mezenasgoko lehentasunezko jardueratzat hartuko dira Lorcako Ondare Kulturala Lehengoratzeko Plan Zuzentzailean jasotako proiektuekin lotutako dohaintzak eta ekarpenak.

Hiru. Aipatutako 49/2002 Legearen 19., 20. eta 21. artikuluetan ezarritako kenkarien ehunekoak eta mugak ehuneko bost igoko dira aurreko Bat eta Bi paragrafoetan jasotako jarduerei dagokienez.

Lau. Madrilgo eta Bartzelonako garraio metropolitarra finantzatzeko konturako entregak.

Bat. 2012ko ekitaldiko lehen seihilekoan, Bartzelonako Garraio Metropolitarreko Agintaritzari eta Madrilgo Garraioko Eskualdeko Partzuergoari konturako entregak eman ahal izango zaizkie, 32.01.441M.451 eta 32.01.441M.454 aurrekontu‑aplikazioen kontura, Kontratu Programa egokiak sinatu arte, eta beren hileko zenbatekoa 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legean jasotako aurrekontuko kredituaren 100eko 85en baliokideko zenbatekoa zati hamabi egitearen emaitza izango da.

Bi. Autonomia Erkidegoekin eta Tokiko Erakundeekiko Eskumen Koordinaziorako Zuzendaritza Nagusiak beharrezko neurriak hartuko ditu aurreko paragrafoan adierazitakoa bete dadin.

Bosgarrena. Uharteetako eta Penintsulatik kanpoko Sistema Elektrikoak sortzeko gainkostuengatiko konpentsazioak.

Bat. 2011ko ekitaldian, 100eko 17koa izango da sektore energetikoak neurri batzuk hartzeko eta bonu soziala onartzeko apirilaren 30eko 6/2009 Errege Lege Dekretuaren «Uharteetako eta penintsulatik kanpoko araubideko sorkuntzaren gainkostua finantzatzea» lehen xedapen gehigarriaren bigarren lerrokadan jasotako ehunekoa.

Bi. Nolanahi ere, konpentsazio horrengatik 2012ko Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura onartutako gehieneko zenbatekoa 20.18.425A.748 «Espainiako Energia Batzordeari (CNE) 6/2009 Errege Lege Dekretuaren 1. xedapen gehigarrian jasotako sorkuntzaren gainkostuari erantzuteko» aurrekontu‑partidan jasotakoa izango da; hots, 256.400,00 mila eurokoa.

Seigarrena. Diru‑kopuruak xede sozialetara zuzentzea.

Bat. Estatuak, erregelamenduz zehaztutako moduan, 2012ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren kuota osoaren 100eko 0,7 zuzenduko du interes sozialeko jarduerak diruz laguntzera, zergadunek horrela nahi dutela espresuki adierazten dutenean.

Xede horretarako, zergaren kuota osotzat hartuko da Estatuko kuota osoaren eta kuota oso autonomiko edo osagarriaren arteko batura, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen Legean aurreikusita bezala, betiere.

2012ko diru‑kopuruaren behin betiko likidazioa 2014ko apirilaren 30a baino lehenago egingo da; behin‑behineko likidazioa 2013ko azaroaren 30ean egingo da, diru‑laguntzak emateko prozedurari aldez aurretik ekin ahal izateko.

Zazpigarrena. Eliza Katolikoaren finantzaketa.

2012an, Estatuak, hilero, 13.266.216,12 euro emango dizkio Eliza Katolikoari, Estatuko 2007ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 28ko 42/2006 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarriaren Bat eta Bi paragrafoetan xedatutakoa aplikatuz, Elizari eman beharreko zenbatekoaren kontura.

2013ko azaroaren 30a baino lehenago, 2012ko zenbatekoaren behin‑behineko likidazioa egingo da, eta behin betikoa 2014ko apirilaren 30a baino lehenago. Bi likidazioetan, egindakoan, bi aldeek saldoa erregularizatzeari ekingo diote.

Zortzigarrena. Eliza‑erakundeen ondasunak.

Lege hau indarrean hasten denetik, urtebetez luzatuko da interes publiko bereziko gertaeren tasak eta hobari fiskalak aldatzeko abenduaren 29ko 4/2004 Legearen bigarren xedapen gehigarrian jasotako epea; hori guztia, Zerga, Administrazio eta Lan Arloko Neurriei buruzko abenduaren 30eko 42/1994 Legearen lehen xedapen iragankorrari eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bosgarren xedapen iragankorrari dagokienez.

Bederatzigarrena. Gizarte Segurantzako Sistema eguneratu, egokitu eta berritzeko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hogeita hamargarren xedapen gehigarriaren aplikazioa atzeratzea.

Gizarte Segurantzako Sistema eguneratu, egokitu eta berritzeko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hogeita hamargarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren aplikazioa atzeratu egingo da.

Hamargarrena. Kopia pribatu bidezko konpentsazio‑araubidea aldatzea.

1. Kopia pribatu bidezko konpentsazioa bertan behera gelditzen da. Konpentsazio hori Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginaren 25. artikuluan aurreikusita dago –apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–. lege horren 31.2 artikuluan ezarritako mugak egongo dira, halere.

2. Gobernuak erregelamendu bidez ezarriko du kopia pribatu bidezko konpentsazioaren hartzaileei Estatuko Aurrekontu Orokorren kargura ordaintzeko prozedura.

3. Konpentsazioaren zenbatekoa zehazteko orduan, eragindako kaltearen zenbatespena hartuko da oinarritzat.

Hamaikagarrena. Eskumenak banatzea.

Kultura Ministerioaren eskumenak Kulturako estatu‑idazkariak hartuko ditu. Aipatutako eskumenak Jabetza Intelektualari buruzko Legearen testu bateginaren 158. artikuluan ezarrita daude –apirilaren 12ko 1/1996 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–.

Hamabigarrena. 2012ko eta 2013ko ekitaldietan defizit publikoa murrizteko Estatuko kuota osorako karga osagarria kontuan hartzea –errege lege‑dekretu honen azken xedapenetariko bigarrenean ezarrita–, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan lurralde‑erakundeei lagatako etekina kalkulatzeko.

Araubide erkideko autonomia‑erkidegoak eta autonomia-estatutua duten hiriak finantzatzeko sistema arautzeko eta zerga‑arau batzuk aldatzeko abenduaren 18ko 22/2009 Legearen 12 eta 26.2a) artikuluetan, eta Toki‑ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 113.1 artikuluan –martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua– xedatutakoa betetzeko, errege lege‑dekretu honen azken xedapenetariko bigarrenean defizit publikoa murrizteko Estatuko kuota osoari ezarritako karga osagarriak ekarritako diru‑bilketa likidoa ez da kontuan hartuko lagatako etekina eta konturako bere entrega erabakitzeko.

Hamahirugarrena. Langabeziagatiko babesa agortzen duten pertsonei birprestakuntza profesionala emateko programaren luzapena.

Gazteen enplegua bultzatzeko, lan‑egonkortasuna sustatzeko, eta langabezia‑babesa agortu duten pertsonen lanbide‑birgaitzerako programari eusteko presazko neurriei buruzko abuztuaren 26ko 10/2011 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoa sei hilabete gehiagoz aplikatuko da. Artikulu horrek lanik gabe zeuden langileei luzatzen zien langabeak enplegu egonkorrera igarotzea sustatzeko eta birprestakuntza profesionala emateko premiazko neurriei buruzko otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitakoa, baldin eta errege lege‑dekretu horretan ezarritako baldintzak eta eskakizunak betetzen bazituzten.

Lan Bulegoetan lan‑harremana amaitzeagatik langabe gisa izena emanda dauden pertsonei programa luzatuko zaie, baldin eta, 2012ko otsailaren 16tik 2012ko abuztuaren 15era bitartean, biak barne, kontribuzio‑mailako langabezia‑prestazioa agortzen badute eta legeak ezarritako langabeziagatiko subsidioetako bat ere jasotzeko eskubiderik ez badute, edo subsidio horietakoren bat, luzapenak barne, agortu badute.

Langabeziagatiko eta laneratzeagatiko aldi baterako babes‑programaren aparteko prestazioa jaso duten pertsonek, edo langabeziagatiko babesa, bere luzapena barne –abuztuaren 26ko 10/2011 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluan jasota– agortzen duten pertsonen birprestakuntza profesionalerako programaren onuradun izan daitezkeenek –otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuan ezarri bezala–, edo laneratzeko errenta aktiboa agortu dutenek edo horretarako eskubidea izan dezaketenek ezin izango diote heldu programa honi, ezta nekazaritzako errenta edo langabeziagatiko subsidioa agortu dutenek ere –bi horiek Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Bereziko behin‑behineko langileentzako dira–.

Hamalaugarrena. Defizit publikoa murrizteko ezohiko neurriak hartzeko maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuaren aldaketa.

2012rako, luzatu egingo da maiatzaren 20ko 8/2010 Errege Lege Dekretuaren 14. artikuluaren Bi paragrafoa. Paragrafo horren bidez, ezohiko neurriak hartzen dira defizit publikoa murrizteko; halere, luzapena Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen azken xedapenetariko hamabosgarrenak emandako idazketaren arabera egingo da, jarraian zehaztutako denborazko erreferentziak eguneratuta.

Zorpetze‑maila kalkulatu nahi dugunean, aurrezki garbia eta sarrera arruntak zehazteko, Toki‑ogasunak arautzen dituen Legearen testu bateginaren 53. artikuluari eta aurreko lerrokadan azaldutakoari jarraiki –martxoaren 5eko 2/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–, 2011ko aurrekontuaren likidazioa kontuan hartuko da eta, hala badagokio, baita kontabilitateko egoera‑orri bateratuetan islatutako zifrak ere, arau horri eta aurrekontu‑finkapenari buruzkoari jarraiki, betiere.

Kapital bizia kalkulatzeko orduan, 2011ko abenduaren 31n indarrean dauden eragiketa guztiak hartuko dira kontuan, abaletatik deduzitutako arriskua barne, eta, hala badagokio, erabilgarri ez dauden eragiketen saldoak eta 2012an proiektatutako eragiketaren zenbatekoa gehituta.

Hamabosgarrena. Energia ordaintzeko prezioen urriaren 1eko 1221/2010 Errege Dekretuaren aldaketa.

2012. urtean, salbuespen gisa, urriaren 1eko 1221/2010 Errege Dekretuaren arabera, hiru hilean behin zehaztuko dira, Energiaren estatu‑idazkariaren ebazpenaren bidez, energia ordaintzeko prezioak, hornidura bermatzeko murrizketak ebazteko prozesuan programatu ahal daitekeen gehieneko ekoizpen‑bolumena, bai eta zentralen titularrek zentral bakoitzerako eskuratu beharreko bertako ikatz‑kopuruak ere.

Hamaseigarrena. Langabeziagatiko babesa agortzen duten pertsonei birprestakuntza profesionala emateko programaren luzapena.

Gazteen enplegua bultzatzeko, lan egonkortasuna sustatzeko eta langabezia‑babesa agortu duten pertsonen lanbide‑birgaitzerako programari eusteko presazko neurriei buruzko abuztuaren 26ko 10/2011 Errege Lege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoa sei hilabete gehiagoz aplikatuko da. Artikulu horrek lanik gabe zeuden langileei luzatzen zien langabeak enplegu egonkorrera igarotzea sustatzeko eta birprestakuntza profesionala emateko premiazko neurriei buruzko otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuaren 2. artikuluan aurreikusitakoa, baldin eta errege lege‑dekretu horretan ezarritako baldintzak eta eskakizunak betetzen bazituzten.

Lan Bulegoetan lan‑harremana amaitzeagatik langabe gisa izena emanda dauden pertsonei programa luzatuko zaie, baldin eta, 2012ko otsailaren 15etik 2012ko abuztuaren 15era bitartean, biak barne, kontribuzio‑mailako langabezia‑prestazioa agortzen badute eta legeak ezarritako langabeziagatiko subsidioetako bat ere jasotzeko eskubiderik ez badute, edo subsidio hauetakoren bat, luzapenak barne, agortu badute.

Langabeziagatiko eta laneratzeagatiko aldi baterako babes‑programaren aparteko prestazioa jaso duten pertsonek, edo langabeziagatiko babesa agortzen duten pertsonen birprestakuntza profesionalerako programaren onuradun izan daitezkeenek –otsailaren 11ko 1/2011 Errege Lege Dekretuan ezarri bezala–, edo laneratzeko errenta aktiboa agortu dutenek, edo horretarako eskubidea izan dezaketenek, ezin izango diote programa honi heldu, ezta nekazaritzako errenta edo langabeziagatiko subsidioa agortu dutenek ere –bi horiek Gizarte Segurantzako Nekazaritzako Araubide Bereziko behin‑behineko langileentzako dira–.

Hamazazpigarrena. Prestakuntzako jarduerak prestakuntzako eta ikaskuntzako kontratuetan.

2011ko abuztuaren 31tik 2011ko irailaren 30era arte egindako prestakuntzako eta ikaskuntzako kontratuetan, 2012ko urtarrilaren 31n bukatuko da Langileen Estatutuaren Legearen –martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartua– testu bateginaren 11.2.d) artikuluan ezarritako prestakuntza‑jarduerak hasteko epea.

XEDAPEN INDARGABETZAILEAK

Lehenengoa. Azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretua indargabetzea.

1. Indargabetu egin da gazteek burujabetza lortzeko oinarrizko errenta arautzen duen azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretua.

2. Aipatutako errege‑dekretu horren arabera burujabetza lortzeko oinarrizko errentarako eskubidea aitortuta dutenek edukitzen jarraituko dute, indargabetutako arauan ezarritako baldintzetan, eta aitorpen‑ebazpenak adierazi bezalaxe.

Salbuespenez, errenta hori 2011ko abenduaren 31n eskatu dutenak ere izan ahalko dira burujabetza lortzeko oinarrizko errentarako eskubidearen onuradun, baldin eta, egun horretan, indargabetutako arauan jasotako baldintzak betetzen badituzte, eta aitortzeko ebazpenean ezarritako baldintzetan.

Bigarrena. Arauak indargabetzea.

Errege lege‑dekretu honetan ezarritakoaren aurkako xedapen guztiak indargabetuta geldituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa. Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren aldaketa.

Bat. 2012ko urtarrilaren 1etik eragina izango dutela, aldaketa hauek egin dira Zergei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorrean:

1. Aldatu egin da 1. artikulua. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. artikulua. Xedea eta aplikazio‑eremua.

1. Lege honek Espainiako zerga‑sistemaren arau juridiko orokorrak eta printzipioak ezartzen ditu, eta Zerga Administrazio guztiei izango zaie aplikagarri, Konstituzioaren 149.1.1., 8., 14. eta 18. artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

Lege honetan xedatutakoak ez dio kalterik egingo Nafarroako Foru Erkidegoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historikoetan indarreko hitzarmena eta kontzertu ekonomikoa, hurrenez hurren, onartzen dituzten legeetan xedatutakoari.

2. Lege honek, halaber, Zerga Administrazioaren jarduerak arautzen dituzten printzipioak eta arau juridikoak ezartzen ditu, Espainian Europar Batasuneko estatu kideen arteko elkarlaguntzari buruzko araudia aplikatuta edo zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmenen edo nazioarteko bestelako hitzarmenen barruan.

Lege honen xedeetarako, honako ekintza hauek sartzen dira elkarlaguntzaren barruan: Espainiako Estatuak eskaini, jaso edo Europar Batasunarekin eta nazioarteko edo nazioz gaindiko beste erakunde batzuekin, eta beste estatu batzuekin garatzen dituen ekintzak, Europar Batasuneko estatu kideen arteko elkarlaguntzari buruzko araudia betez edo zergapetze bikoitza saihesteko hitzarmenen eta nazioarteko beste hitzarmen batzuen barruan. Elkarlaguntzak zerga‑obligaziodunen aurreko jarduerak egitea ere har dezake bere baitan.

Paragrafo honetan jasotako elkarlaguntzak Konstituzioaren 149.1.3. artikuluan jasotako nazioarteko harremanen izaera juridikoa du.»

2. Aldatu egin da 5. artikuluaren 3. paragrafoa. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«3. Autonomia‑erkidegoek eta toki‑erakundeek zergen aplikazioari eta aplikazio horren ondoriozko zehatzeko ahalmena erabiltzeari buruzko eskumenak edukiko dituzte, bai eta horiek erabiliz emandako egintzak administrazio‑bidean berrikusteko eginkizuna ere, aplikatu beharreko araudian eta bere iturri‑sisteman aurreikusitakoaren arabera, betiere.

Zerga Administrazioko Estatuko Agentziari dagozkio elkarlaguntzari buruzko araudiak zergak aplikatzeko emandako eskumenak.»

3. Paragrafo bat erantsi zaio 17. artikuluari; hortaz, oraingo 4. paragrafoa 5.a izango da hemendik aurrera. Honela egongo da idatzita:

«4. Lege honen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera, zerga‑obligaziodunei, elkarlaguntzaren alorrean, zerga‑obligazioak jarri ahal izango zaizkie, beren xedea edozein dela ere.»

4. Lerrokada bat erantsi zaio 26. artikuluaren 2. paragrafoari: e) lerrokada izango da. Hortaz, oraingo e) lerrokada f) izango da. Honela egongo da idatzita e) lerrokada:

«e) Elkarlaguntzari buruzko araudiaren arabera, beste estatu batzuen edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeen titulartasuneko zorrak kobratzeko eskaera jasotzen denean, araudi horrek bestelakorik adierazi ezean.»

5. Paragrafo bat erantsi zaio 28. artikuluari: 6. paragrafoa izango da. Honela egongo da idatzita:

«6. Beste estatu batzuen edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeen titulartasuneko zorrei dagokienez, zerga‑bilketa elkarlaguntzaren arloan eginez gero, aldi exekutiboko errekargurik ez da sortuko, laguntza horri buruzko araudiak bestelakorik adierazi ezean.»

6. Azpiatal bat erantsi zaio 2. atalaren I. kapituluaren II. tituluari: 6. azpiatala izango da, 29 bis artikulu berriak osatuta. Honela egongo da idatzita:

«6. azpiatala. Zerga‑obligazioak elkarlaguntzaren arloan.

29 bis artikulua. Zerga‑obligazioak elkarlaguntzaren arloan.

Elkarlaguntzari buruzko arauditik datozen obligazioak dira zerga‑obligazio. Zerga‑obligaziodunek bete ezean, legean ezarritako zerga‑zigorrak jarri ahal izango dira.»

7. Paragrafo bat erantsi zaio 35. artikuluari: 6. paragrafoa izango da; hortaz, oraingo 6. paragrafoa 7.a izango da hemendik aurrera. Honela egongo da idatzita 6. paragrafoa:

«6. Zerga‑obligazioduntzat hartuko dira, halaber, elkarlaguntzari buruzko araudiaren arabera zerga‑obligazioak jarri ahal zaizkienak.»

8. Paragrafo bat erantsi zaio 62. artikuluari: 6. paragrafoa izango da; hortaz, oraingo 6. paragrafoa eta hurrengoak birzenbakitu egingo dira. Honela egongo da idatzita 6. paragrafoa:

«6. Beste estatu batzuen edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeen titulartasuneko zorrak ordaintzea, betiere zerga‑bilketa elkarlaguntzaren arloan eginez gero, zerga‑obligaziodunari eskatuko zaio, eta epe hauen barruan egin beharko du:

a) Betearazteko tresnaren jakinarazpena hil bakoitzeko 1. eta 15. egunen artean eginez gero, jakinarazpena jasotzen denetik hil horretako 20a bitartean edo, berau balioduna ez bada, hurrengo baliodunera bitartean.

b) Betearazteko tresnaren jakinarazpena hil bakoitzeko 16. egunaren eta azken egunaren artean eginez gero, jakinarazpena jasotzen denetik hurrengo hileko 5era bitartean edo, berau balioduna ez bada, hurrengo baliodunera bitartean.

Hala eta guztiz ere, elkarlaguntza arautzen duen arauak ahalbidetzen duenean, Zerga Administrazioak bilketa egin ahal izango du estatu baten edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakunde eskatzailearen eskaera jasotzen denetik, nahiz eta paragrafo honetan jasotako epea bukatuta ez egon.»

9. Paragrafo bat erantsi zaio 65. artikuluari: 6. paragrafoa izango da. Honela egongo da idatzita:

«6. Aurreko paragrafoetan ezarritakoa kobrantza‑eskaera bidali duten beste estatu batzuen edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeen titulartasuneko kredituei ere aplikatuko zaie, elkarlaguntzari buruzko araudiak bestelakorik adierazi ezean.»

10. Paragrafo bat erantsi zaio 68. artikuluari: 5. paragrafoa izango da; hortaz, oraingo 5. paragrafoa eta hurrengoak birzenbakitu egingo dira. Honela egongo da idatzita 5. paragrafoa:

«5. Aurreko paragrafoetan jasotako jarduerek eta antzerakoek, elkarlaguntzaren barruan eta beste estatu batean eginez gero, preskripzioa etetea eragingo dute, nahiz eta egintza horiek materialki egindako estatuan eteteko eraginik ez izan.»

11. 80 bis artikulu berria erantsi da. Honela egongo da idatzita:

«80 bis artikulua. Beste estatu batzuen titulartasuneko kredituen lehentasuna eta bermeak.

Beste estatu batzuen edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeen titulartasuneko kredituek ez dute lehentasunik izango zuzenbide publikoko beste kreditu batzuen aldi berekoak direnean, ezta atal honetako aurreko artikuluetan ezarritako gainerako bermeek ere, elkarlaguntzari buruzko araudiak bestelakorik adierazi ezean.»

12. Aldatu egin da 81. artikuluaren 1. paragrafoa, da eta 2. paragrafo berria erantsi zaio; hortaz, oraingo 2. paragrafoa eta hurrengoak birzenbakitu egingo dira. Honela egongo da idatzita:

«1. Zerga Administrazioak, bere eskumeneko zorrak ordaintzen dituztela ziurtatzeko, behin‑behineko kautelazko neurriak hartu ahal izango ditu, non eta arrazoizko zantzuak badaude hala egin ezean ez dituela kobratuko edo oso kostata egingo duela.

Kaltetutakoari kautelazko neurriaren berri emango zaio, horren arrazoiak espresuki jakinarazita.

2. Elkarlaguntzaren arloan Zerga Administrazioari kautelazko neurriak hartzea eskatzen zaionean, kautelazko neurriak hartzea ahalbidetzen duen estatuko edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeko dokumentuak ez du, Espainiako Zerga Administrazioaren aldetik, aitorpen, eransketa edo ordezkapenik jasoko.

13. Aldatu egin da 83. artikuluaren 1. paragrafoa. Aurrerantzean, honela egongo da idatzita:

«1. Zergen aplikazioaren barruan zerga‑obligaziodunei informazioa eta laguntza ematera zuzendutako administrazio‑jarduera guztiak sartuko dira, bai eta kudeaketa, ikuskapena eta bilketa egitera zuzendutakoak ere; halaber, berdin sartuko dira obligaziodunek eskubideak erabiliz edo zerga‑obligazioak betez egindako jarduera guztiak.

Aurreko lerrokadan jasotako administrazio‑jarduerak eta obligaziodunenak ere zerga‑aplikazioaren barruan sartuko dira, elkarlaguntzaren arloan egiten badituzte, betiere.»

14. Paragrafo bat erantsi zaio 95. artikuluari: 5. paragrafoa izango da. Honela egongo da idatzita:

«5. Elkarlaguntzaren arloan informazioa lagatzeko, lege honen 177 ter artikuluan xedatutakoa beteko da.»

15. Paragrafo bat erantsi zaio 106. artikuluari: 2. paragrafoa izango da; hortaz, birzenbakitu egingo dira oraingo 2. paragrafoa eta hurrengoak. Honela egongo da idatzita:

«2. Elkarlaguntzaren arloan beste estatu batzuek edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeek emandako frogak edo informazioak dagozkion prozeduran erantsi ahal izango dira, aurreko paragrafoaren arabera dagokien froga‑balioa dutela, betiere.»

16. Kapitulu bat erantsi zaio III. tituluari: VI. kapitulua. Honela egongo da idatzita:

«VI. KAPITULUA

Elkarlaguntza.

1.atala. Sarrera.

177 bis artikulua. Elkarlaguntzako jarduerak.

1. Zerga Administrazioak informazioa trukatzeko, kredituak biltzeko edo elkarlaguntza arautzen duen araudian aurreikusitako beste xede batzuetarako elkarlaguntza eskatu eta eskaini ahal izango du.

2. Lege honen 83.1 artikuluaren bigarren lerrokadan ezarritakoaren arabera, paragrafoan jaso eta elkarlaguntzaren araudiaren alorrean egindako jarduerak egitea zergen aplikaziotzat jotzen da.

3. Zerga Administrazioak jasotako laguntza‑eskaeren ondorioz egindako jarduerei titulu honen aurreko kapituluetan ezarritakoa aplikatuko zaie, kapitulu honetan jasotako berezitasunak barne.

4. Zerga Administrazioak beste estatu batzuei edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeei elkarlaguntzari buruzko araudiaren arabera eskainitako laguntzak bertan ezarritako mugak edukiko ditu.

177 ter artikulua. Informazioa trukatzea.

1. Zerga Administrazioak beste estatu batzuei edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeei jarduera hauetan lortutako datuak, txostenak edo aurrekariak eman ahal izango dizkie, baldin eta horiek beste estatu batzuetako edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeetako zergak aplikatzeko badira, elkarlaguntzari buruzko araudiaren arabera eta bertan ezarritako mugekin; dena den, aipatutako araudiak hala xedatzen duenean, informazioa jasotzen duen estatuak edo erakundeak beste xede batzuetarako ere erabil dezake.

Aipatutako informazioa emateko, Zerga Administrazioak beharrezko jarduerak egingo ditu berau eskuratzeko, baita eskatutako informazio hori bere barneko zergak zehazteko beharrezkoa ez denean ere. Horretarako, Administrazioak lege honetan informazioa eskuratzeko araututako edozein tresna erabili ahal izango du.

Aurreko paragrafoan emandako informazio hori hirugarren estatu edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakunde bati helarazteko, halere, Zerga Administrazioak baimen espresua eman beharko du, eta informazioa emateari uko egin ahal izango dio, elkarlaguntzari buruzko araudian ezarritakoaren arabera betiere.

2. Beste estatu batzuek edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeek, elkarlaguntzari buruzko arauak betez, Zerga Administrazioari emandako informazioa isilpekoa izango da lege honen 95.1 artikuluan adierazitakoaren arabera, elkarlaguntzari buruzko araudiak bestelakorik adierazi ezean.

Dena den, lege honen 95.1 artikuluaren hainbat lerrokadatan jasotako hirugarrenentzako lagapena egin ahal izateko, informazioa eman duen estatuaren edo erakundearen araudiak baimena eman behar du antzeko xedeetarako erabiltzeko, elkarlaguntzari buruzko araudiak bestelakorik adierazi ezean.

Informazio hau hirugarrenei lagatzeko prozedura erregelamenduz garatuko da.

Hala badagokio, paragrafo honetan aipatutako informazioa beste estatu batzuei edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeei igorri ahal izango zaie, elkarlaguntzari buruzko araudiak hala baimentzen badu, eta bertan ezarritako baldintzen arabera.

177 quater artikulua. Aldibereko kontrolak.

1. Honako hauek dira aldibereko kontrolak: beste estatu batekin edo batzuekin batera interes komun edo osagarrikoak diren pertsona edo erakundeei buruz lortutako informazioa trukatzeko helburuz egindako jarduerak.

2. Zerga Administrazioak, beste estatu batzuetako agintari eskudunekin batera, aldibereko kontroletan parte hartu ahal izango du, elkarlaguntzari buruzko araudian ezarritakoaren arabera.

Aldibereko kontrolak egiteko beharrezko diren informazio‑trukeetan, aurreko artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.

177 quinquies artikulua. Laguntza‑jardueretako eta aldibereko kontroletako presentzia.

1. Beste estatu batzuei laguntza emateko jardueretan, eskaera egin duen estatuak izendatutako funtzionarioak egon ahalko dira, Espainiako agintari eskudunek baimenduta edo estatuen arteko akordioaren ostean.

2. Halaber, Espainiako agintari eskudunek izendatutako funtzionarioak ere beste estatu batzuetara joan ahalko dira Zerga Administrazioko Estatu Agentziak egindako laguntza‑eskaeren barruan, edo aldibereko kontrolen ondorioz.

177 sexies artikulua. Laguntza jakinarazpenean.

1. Elkarlaguntzaren arloan, Zerga Administrazioak Espainian emandako administrazio‑egintzak beste estatu bateko lurraldean jakinarazi ahal izango dira, estatu horretako agintari eskudunen laguntzaz.

Aipatutako jakinarazpenek Espainiako araudiaren arabera egin balira bezalako ondorioak izango dituzte, eta baldintza bakarra izango da errekerimendua jasotzen duten agintariek jakinarazpena egin dela jakinaraztea.

Beste estatu bati laguntza eskatzen zaionean, jakinarazpen‑eskaera igortzen denetik bi hilabeteko epearen barruan ez bada atzerrian jakinarazpena egiterik izan, edo Zerga Administrazioak, errekerimendua jaso duten agintarien aldetik, dokumentua hartzaileari jakinarazi dioten egunaren berririk ez badu, Administrazioak lege honen 112. artikuluan araututako agerraldi bidezko jakinarazpena egin ahal izango du.

Kasu horietan egintzaren jakinarazpen bikoitza gertatuz gero, jakinarazpen‑eguna lehenik egindakoa izango da.

2. Zerga Administrazioak, elkarlaguntzaren arloan, dokumentuak jakinarazteko eskaera jasotzen badu beste estatu bateko agintari eskudunen aldetik edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeen aldetik, titulu honen II. kapituluaren 3. atalean araututako jakinarazpen‑araubidea aplikatu beharko da.

Jakinarazpena, hala badagokio, lege honen 110. artikuluan ezarritako lekuetan egiteaz gain, atzerriko agintariek adierazitako tokietan ere egin ahalko da.

Zerga Administrazioari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik, interesdunari jakinaraztea ezinezkoa denean, eta helbide fiskalean edo atzerriko agintariek adierazitako tokian saiatu ondoren, lege honen 112. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da.

Jakinarazi beharreko dokumentuak hartzaileari Zerga Administrazioak jasotako hizkuntzan igorriko zaizkio, elkarlaguntzari buruzko araudiak bestelakorik adierazi ezean.

177 septies artikulua. Komunikabideak.

Zerga Administrazioak beste estatu batzuekin edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeekin elkarlaguntzari buruzko araudiaren harira dituen komunikazioak egiteko, kasuan kasu elkarlaguntza arautzen duen araudiak ezarritako bideak erabiliko dira.

Erregulazio espezifikorik ezean, komunikazioetan, ahal bada, bide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiliko dira, lege honetan eta berau garatzeko araudian ezarritakoari jarraiki.

3.atala. Laguntza zor‑bilketan.

177 octies artikulua. Elkarlaguntzaren arloko zor‑bilketarako prozedura.

Elkarlaguntzaren arloan, zorrak zerga‑obligaziodunak ordainduta edo beteta bilduko dira, lege honen 62.6 eta 65.6 artikuluetan aurreikusitakoa betez, bai eta, hala badagokio, lege honen III. tituluaren V. kapituluaren 2. atalaren arauak aplikatuz ere, kapitulu honen barruko berezitasunei kalte egin gabe.

177 nonies artikulua. Betearazteko tresna.

1. Betearazteko tresna izango da elkarlaguntzaren arauak betez lege honen III. tituluaren V. kapituluak aipatutako bilketa‑jarduerak egitea ahalbidetzen duena.

2. Betearazteko tresna premiamendu‑probidentziaren tankerakoa da. Zehazki, bilketa‑prozedurari ekiteko titulu nahikotzat hartuko da, eta lege honen 167.2 artikuluak aipatutako premiamendu‑probidentziak adinako ahalmen exekutiboa izango du ordainketa egin behar dutenen ondasunen eta eskubideen aurka egiteko.

3. Betearazteko tresnarekin batera eskaera egin duen estatuak edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeak horri dagokionez emandako beste dokumentu batzuk ere badoazenean, dokumentuok hartzaileari Zerga Administrazioak jasotako hizkuntzan igorriko zaizkio, elkarlaguntzari buruzko araudiak bestelakorik xedatu ezean.

4. Betearazteko tresnaren edo horri dagozkion dokumentuen gainean, elkarlaguntzari buruzko araudiaren arabera jaso badira, Espainiako Zerga Administrazioak ez du aitorpen, eransketa edo ordezkapeneko ezein egintzarik egingo, araudi horrek bestelakorik xedatu ezean.

177 decies artikulua. Betearazteko tresnen aurka egiteko arrazoiak.

Elkarlaguntzari buruzko arauen babesean emandako betearazteko tresnaren aurka ez dira onargarri izango lege honen 167.3 artikuluak aipatutako aurka egiteko arrazoiak, eta lege honen 177 duodecies.1 artikuluan ezarritakoa aplikatu beharko da.

177 undecies artikulua. Elkarlaguntzaren arloan jasotako kobrantza‑eskaeraren ondoriozko bahitura‑eginbideen eta gainerako jardueren aurka egiteko arrazoiak.

1. Elkarlaguntzaren babesean emandako bahitura‑eginbideen aurka, lege honen 170.3 artikuluan jasotakoak baino ez dira aurka egiteko arrazoi onargarri izango.

Aurka egiteko arrazoia beste estatu bateko edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakunde bateko erakunde administratibo edo judizialen aurreko jardueretan lortutako frogabideetan oinarritzen bada, organo eskudunak horiek behar bezala egiaztatzeko eskatu beharko du. Xede horietarako igorritako informazioak zuzenbidearen araberako froga‑balioa izango du, lege honen 106.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

2. Elkarlaguntzaren arloan jasotako kobrantza‑eskaeraren ondorioz Espainiako Zerga Administrazioak egindako gainerako jardueren aurka, lege honetan eta garatzeko araudian jasotako arrazoiak erabili ahal izango dira.

177 duodecies artikulua. Zorrak biltzeko jarduerak berraztertzeko eskumena.

1. Lege honen 177 nonies artikuluan aipatutako betearazteko tresnaren berrazterketa elkarlaguntza eskatzen duen estatuak edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeak egingo du, berau arautzen duten arauek bestelakorik xedatu ezean.

2. Jasotako kobrantza‑eskaeraren ondorioz Zerga Administrazioak egindako bahitura‑eginbideak eta gainerako jarduerak berraztertzeaz, lege honetan eta garatzeko araudian adierazitako organo berraztertzaileak arduratuko dira.

177 terdecies artikulua. Zorrak biltzeko prozedura etetea.

1. Elkarlaguntzako arauen babesean zorrak biltzeko hasitako prozedura ofizioz etetea erabakiko da, eskaera egin duen estatuak edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeak jakinarazten badu laguntza eskatu duten kredituan eragin lezakeen auziren bat dagoela. Eten egingo da, halaber, prozeduran interesa duenak horrelakorik dagoela froga bidez egiaztatu eta jakinarazten duenean.

Hala eta guztiz ere, etete hori ez da erabakiko edo bertan behera geldituko da estatuko edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakunde horrek exekuzioaren aldeko borondatea agertzen duenean.

2. Auzia laguntza‑eskaeraren zati bati bakarrik dagokionean, aurkaratzeak eragindako zatian baino ez du eragingo aurreko paragrafoan aipatutako eteteak, eta eragin gabeko zatiaren exekuzioa jarraitzerik egongo da.

3. Elkarlaguntzari buruzko araudiak bestelakorik xedatu ezean, zorrak biltzeko prozedura eten egingo da aipatutako laguntzan esku hartzen duten estatuek edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeek adiskidetasunezko prozedura hasi badute, eta prozeduraren emaitzak laguntza eskatzea eragin duen kredituan eragina eduki balezake. Eteteak ondorioak izango ditu prozedura hori bukatzen den arte, salbu eta, beste kasu batzuen artean, kobrantza zapuztuko denaren edo biziki zaila izango denaren arrazoizko susmorik badago; hala gertatuz gero, exekuzioak aurrera jarraituko du. Hala eta guztiz ere, kreditua kobratuko dela bermatzeko, kautelazko neurriak hartu ahal izango dira, lege honen 81.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

177 quaterdecies artikulua. Elkarlaguntzari buruzko arauen babesean zorrak biltzeko izapidetutako prozedurak azkentzea.

Elkarlaguntzaren babesean zorrak biltzeko izapidetutako prozedurak, lege honen 173. artikuluaren kausengatik amaitzeaz gain, laguntza hori eskatu duen estatuak edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakundeak jatorrizko kobrantzaren eskaera aldatu edo kentzen badu ere amaitu ahal izango dira.

17. Lerrokada bat erantsi zaio 181. artikuluari: g) lerrokada izango da. Honela egongo da idatzita:

«g) Zerga‑obligaziodunak, elkarlaguntzari buruzko araudiarekin bat etorriz.»

18. Paragrafo bat erantsi zaio 203. artikuluari: 6. paragrafoa izango da; hortaz, oraingo 6. paragrafoa 7.a izango da hemendik aurrera. Honela egongo da idatzita 6. paragrafoa:

«6. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa aplikatuko da erresistentzia, oztopatzea, aitzakia edo ezezkoa atzerriko funtzionarioek elkarlaguntzaren arloan Espainian egindako jardueren ingurukoa denean.»

19. Hamazazpigarren xedapen gehigarria erantsi da. Honela egongo da idatzita:

«Hamazazpigarren xedapen gehigarria. Elkarlaguntzaren arloan kudeatutako kredituen izaera juridikoa.

1. Lege honen 1.2 artikuluak aipatutako elkarlaguntzaren xedeetarako, eta 80 bis artikuluan xedatutakoari kalte egin gabe, Espainiaren aldetik, eta elkarlaguntza horren barnean, laguntza, lankidetza eta antzerako ekintzak jasotzen dituen beste estatu edo nazioarteko edo nazioz gaindiko erakunde bateko kreditu oro izaera publikoko Ogasun Publikoaren eskubidetzat hartuko da.

2. Elkarlaguntzarako ekintzak egiteko, eskubide horiek jatorrizko izaera juridikoari eutsiko diote Espainiako araudiarekin bat etorriz, eta Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorrean eta lege honetan araututako araubide juridikoa aplikatuko zaie.»

Bi. Araudian artikuluetara eta aurreko bat atalaren bitartez egindako aldaketen arabera zenbaki berria jaso beharreko paragrafoetara egindako igorpenak ere berdin aldatuta geldituko dira, azken xedapen hau indarrean sartzen denetik.

Bigarrena. Azaroaren 28ko 35/2006 Legearen aldaketa. lege horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen du, eta partzialki aldatzen ditu sozietateen gaineko, ez‑egoiliarren errentaren gaineko eta ondarearen gaineko zergen legeak.

Lehenengoa. Hogeita hamabosgarren xedapen gehigarria erantsi zaio azaroaren 28ko 35/2006 Legeari. Lege horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen du, eta partzialki aldatzen ditu sozietateen gaineko, ez‑egoiliarren errentaren gaineko eta ondarearen gaineko zergen legeak. Xedapen gehigarria honela egongo da idatzita:

«Hogeita hamabosgarren xedapen gehigarria. 2012 eta 2013ko ekitaldietan defizit publikoa murrizteko Estatuko kuota osorako karga osagarria.

1. 2012ko eta 2013ko zerga‑aldietan, lege honen 62. artikuluak aipatzen duen Estatuko kuota osoak igoera hauek izango ditu:

a) Oinarri likidagarri orokorrari eskala honetako tasak aplikatzearen emaitza:

Ateratzen den zenbatekoa gutxituko zaio lege honen 56. artikuluak aipatutako gutxieneko pertsonal eta familiarrari dagokion oinarri likidagarri orokorraren zatiari, a) hizki honetan aurreikusitako eskala aplikatzetik ateratako zenbatekoan.

Zergadunak, erabaki judizial bidez, seme‑alabak elikatzeko urtekoak ordaintzen dituenean eta horien zenbatekoa oinarri likidagarri orokorra baino txikiagoa denean, a) hizki honetan aurreikusitako eskala bereiz aplikatuko zaie elikagaiengatiko urtekoen zenbatekoari eta oinarri likidagarri orokorraren gainerakoari. Ateratzen den zenbateko osoa gutxieneko pertsonal eta familiarrari dagokion oinarri likidagarri orokorraren zatiari, urteko 1.600 euro gehituta, a) hizki honetan aurreikusitako eskala aplikatzetik ateratako zenbatekoa kenduko zaio.

b) Aurrezkiaren oinarri likidagarriari, lege honen 56. artikuluan aipatutako gutxieneko pertsonal eta familiarrarekin bat ez datorren zatian, hala badagokio, eskala honen tasak aplikatzearen emaitza:

2. 2012ko eta 2013ko zerga‑aldietan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 85. artikuluaren 1. eta 2. paragrafoek aipatutako atxikipen‑kuota handituko da atxikipen‑tasa kalkulatzeko oinarriari eskala honetan aurreikusitako tasak aplikatzetik ateratako zenbatekoan:

Ateratzen den zenbatekoari Zergaren Erregelamenduaren 84. artikuluak aipatutako atxikipen‑tasa kalkulatzeko gutxieneko pertsonal eta familiarraren zenbatekoari paragrafo honetan aurreikusitako eskala aplikatzetik ateratzen den zenbatekoa kenduko zaio, baina emaitza ezin da negatiboa izan.

Lan‑etekinak jasotzen dituenak seme‑alabak elikatzeko urtekoak ordaintzen dituenean, erabaki judizial batek horretara behartzen duelako, zenbatekoa atxikipen‑tasa kalkulatzeko oinarria baino txikiagoa denean, paragrafo honetan aurreikusitako eskala bereiz aplikatuko zaie urteko horien zenbatekoari eta atxikipen‑tasa kalkulatzeko oinarriaren gainerakoari. Ateratzen den zenbatekoa aipatutako atxikipen‑tasa kalkulatzeko gutxieneko pertsonal eta familiarraren zenbatekoari, urteko 1.600 euro gehituta, paragrafo honetan aurreikusitako eskala aplikatzetik ateratzen den zenbatekoan gutxituko da, baina emaitza ezin da negatiboa izan.

Zerga‑aldi horietan erregulazioak egiten direnean, aplikatu beharreko atxikipen‑tasa berria ez da inoiz 100eko 52 baino handiagoa izango. Ehuneko hori 100eko 26 izango da lan‑etekin guztiak Ceuta eta Melillan lortzen direnean eta lege honen 68.4 artikuluan aurreikusitako kenkaria dutenean.

Erregelamendu bidez, aldatu egin ahalko dira paragrafo honetan aurreikusitako zenbatekoak eta ehunekoak.

3. Aurreko 2. paragrafoan xedatutakoa ez da kontuan hartuko 2012ko urtarrilean ordaintzen diren lan‑etekinen gainean egin beharreko konturako sarrerak eta atxikipenak (hil horri dagozkionak) egiteko, ezta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 80.1.1 eta 82. artikuluetan aipatutako atxikitzeko prozedura orokorra aplikatu behar dutenak egiteko ere.

2012ko otsailaren 1etik aurrera ordaindutako etekinetan, urtarrileko etekinak ez badira, atxikipen‑tasa kalkulatzeko, ordaintzaileak aurreko 2. paragrafoan xedatutakoa hartu beharko du aintzat, eta, ordaintzen dituen lehenengo lan‑etekinetan, hala badagokio, bere erregulazioa ere egin beharko du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduan adierazitakoarekin bat etorriz.

4. 2012ko eta 2013ko zerga‑aldietan, lege honen 101. artikuluan aurreikusitako konturako ordainketaren 100eko 19ko portzentajea eta 92.8 artikuluak aipatutako konturako sarreraren portzentajea 100eko 21era igoko dira.

Halaber, aurreko lerrokadan aipatutako aldietan, lege honen 101. artikuluaren 2. paragrafoan aurreikusitako atxikipen‑ehunekoa (100eko 35), 100eko 42ra igoko da.»

Bigarrena.

2011ko urtarrilaren 1etik aurrera, aldaketa hauek izango ditu azaroaren 28ko 35/2006 Legeak –lege horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen du, eta aldaketa partzialak egiten ditu sozietateen gaineko, ez‑egoiliarren errentaren gaineko eta ondarearen gaineko zergen legeetan–:

Bat. Aldatu egin da 68. artikuluaren 1. paragrafoa. Honela egongo da idatzita:

«1. Kenkaria, ohiko etxebizitzan inbertitzeagatik.

1. Zergadunek aldi horretan ohiko etxebizitza dena edo izango dena eskuratu edo zaharberritzeagatik ordaindutako zenbatekoen 100eko 7,5 deduzitu ahal izango dute. Horretarako, zaharberritzeak erregelamenduz ezarritako baldintzak bete beharko ditu.

Kenkari honen gehieneko oinarria urteko 9.040 eurokoa izango da; oinarri horretan, etxebizitza eskuratu edo zaharberritzeko ordaindutako zenbatekoak sartuko dira, eskuratzailearen kontura egondako gastuak barne, eta, kanpoko finantzaketa egon bada, baita ekonomia‑erreformari buruzko azaroaren 11ko 36/2003 Legearen hemeretzigarren artikuluan araututako hipoteka‑maileguen amortizazioa, interesak, interes‑tasaren arriskua estaltzeko tresnen kostua eta gainerako gastu guztiak ere. Estaldura‑tresna horiek aplikatuz gero, zergadunak ordaindutako interesak tresna hori aplikatzean lortutako zenbatekoetan gutxituko dira.

Kenkari hori ere aplikatu ahal izango dute kreditu‑erakundeetan sartutako zenbatekoengatik, bai eta erregelamenduz ezarritako formalizazio‑ eta baliatze‑baldintzak betetzen dituzten kontuetan sartutakoengatik ere, baldin eta ohiko etxebizitza eskuratzeko edo zaharberritzeko erabiltzen badira; kenkari horren muga, aurreko lerrokadan aurreikusitakoarekin batera, urteko 9.040 eurokoa izango da. Ezkontza‑deuseztasun, dibortzio edo banaketa judizialeko kasuetan, zergadunak kenkari hau izaten jarraituko du, erregelamenduz xedatutakoaren arabera, eta ezkontzak iraun bitartean ohiko etxebizitza eskuratzeko zerga‑aldian ordaindutako zenbatekoengatik, baldin eta seme‑alabentzat eta horiekin gelditu den gurasoarentzat ohiko etxebizitza izaten jarraitzen badu.

2. Aurretik ohiko etxebizitzak eskuratzeko kenkaria eduki bada, ez da kenkaririk egongo etxebizitza berria erosi edo zaharberritzeagatik, baldin eta, bertan inbertitutako zenbatekoak aurretik kenkaria izan dutenak baino handiagoak ez badira.

Ohiko etxebizitza bat besterentzean berrinbertsioagatik salbuetsita dagoen ondare‑irabazia sortzen denean, berria eskuratu edo zaharberritzeagatiko kenkari‑oinarria gutxituko da berrinbertsioagatik salbuespena aplikatzen zaion ondare‑irabazia besteko zenbatekoan. Hala eginez gero, berria eskuratzeko ez da kenkaririk egongo, harik eta, bertan inbertitutakoak aurrekoaren prezioa –kenkaria izan badu– zein berrinbertsioagatik salbuetsitako ondare‑irabazia gainditu arte.

3. Ohiko etxebizitzatzat hartuko da hiru urtez jarraian zergadunaren bizileku izan dena. Hala ere, etxebizitza horrelakoa izan dela joko da, baldin eta, epe hori igaro ez arren, zergaduna hiltzen bada edo etxebizitza ezinbestean aldatu behar badu (besteak beste, banandu egin delako, lantokia aldatu duelako, edota lehen enplegua edo lan hobea lortu duelako).

4. Etxebizitzan egokitzapeneko eta instalazioetako lanak egiten dituzten zergadunek ere (eraikinaren elementu komunak zein finkaren eta bide publikoaren artetik igarotzeko beharrezkoak barne hartuta), ohiko etxebizitzako inbertsioagatik kenkaria izango dute, salbuespen hauekin:

a) Administrazio eskudunak ziurtatu behar du egokitzeko obra eta instalazio horiek beharrezkoak direla desgaituek egoki eta duintasunez mugitzeko moduko irisgarritasuna eta komunikazio sentsoriala izan ditzaten, erregelamenduz xedatu bezala.

b) Zergadunaren ohiko etxebizitzan egin beharreko egokitze‑obrek eta ‑instalazioek ere kenkarirako eskubidea emango dute, desgaitua denean zergaduna bera, bere ezkontidea edo berarekin bizi den zuzeneko edo zeharkako ahaidea –odolkidea edo ezkontza-ahaidea hirugarren mailara arte, hori barne–.

c) Etxebizitzan, aurreko lerrokadan aipatutako edozein pertsonak bizi behar du, jabe, errentari, azpierrentari edo gozamendun gisa.

d) Kenkariaren gehieneko oinarria, aurreko 1 zenbakian finkatutakoa alde batera utzita, urteko 12.080 eurokoa izango da.

e) Kenkaria 100eko 10ekoa izango da.

f) Aurreko etxebizitza, desgaitasunaren ikuspegitik, egokia ez izatea, etxebizitza ezinbestean aldarazten duen egoeratzat hartuko da.

g) Hiri‑finkaren eta bide publikoaren artean pasatzeko elementu komunak aldatzeko obretan, bai eta komunikazio sentsorialeko oztopoak gainditzeko edo segurtasuna sustatzeko gailu elektronikoak aplikatzeko beharrezkoetan ere, aurreko b) hizkian aipatutako zergadunak ez ezik, etxebizitza dagoen higiezinaren zergadun jabekideek ere aplikatu ahal izango dute kenkaria.

Bi. Hogeita hirugarren xedapen gehigarria erantsi da. Honela egongo da idatzita:

«Hogeita hirugarren xedapen gehigarria. Etxebizitzako inbertsioagatiko kenkaria aintzat hartzea konturako ordainketak kalkulatzean.

1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 86.1, 88.1 eta 110.3 d) artikuluetan xedatutakoa betetzeko, konturako ordainketa horiek kalkulatzean etxebizitzagatiko kenkaria aintzat hartzeko beharrezko zenbatekoa 33.007,20 eurokoa izango da.

Zenbateko hori aldatu egin ahal izango da, erregelamenduz.

2. Aurreko 1. paragrafoan xedatutakoa gorabehera, 2012ko urtarrilean ordaintzen diren lan‑etekinen gainean egin beharreko konturako sarrerak eta atxikipenak (hil horri dagozkionak), eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 80.1.1 eta 82. artikuluetan aipatutako atxikitzeko prozedura orokorra aplikatu behar dutenak, 2011ko abenduaren 31n indarrean zegoen araudian aurreikusitako zenbatekoekin bat etorriz egin beharko dira.

2012ko otsailaren 1etik aurrera ordaindutako etekinetan, urtarrileko etekinak ez badira, ordaintzaileak xedapen gehigarri honen 1. paragrafoan ezarritako zenbatekoarekin bat etorriz kalkulatu beharko du aplikatu beharreko atxikipen‑tasa.»

Hiru. Ezabatu egin da hemezortzigarren xedapen iragankorra.

Hirugarrena.

Honako aldaketa hauek egin dira azaroaren 28ko 35/2006 Legean (lege horrek pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga arautzen du, eta aldaketa partzialak egiten ditu sozietateen gaineko, ez‑egoiliarren errentaren gaineko eta ondarearen gaineko zergen legeetan), eta aldaketa horiek 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dituzte ondorioak:

Bat. Hogeita bosgarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoa honela egongo da idatzita:

«1. 2007, 2008, 2009, 2010, 2011 eta 2012 urteetan langileak komunikazioaren eta informazioaren teknologia berriak erabiltzen ohitzeko egindako gastu eta inbertsioek, baldin eta lantokitik eta lanordutik kanpo bakarrik erabil badaitezke, tratamendu fiskal hau izango dute:

a) Pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga: aipatutako gastuak eta inbertsioak prestakuntza‑gastutzat hartuko dira, lege honen 42.2.b artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

b) Sozietateen gaineko zerga: aipatutako gastu eta inbertsioek eskubidea emango dute kenkaria aplikatzeko; kenkari hori Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren –4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua– 40. artikuluan dago aurreikusita.»

Bi. Hogeita zazpigarren xedapen gehigarria honela egongo da idatzita:

«Hogeita zazpigarren xedapen gehigarria. Enplegua mantendu edo sortzeko jarduera ekonomikoen etekin garbiaren murrizketa.

1. 2009, 2010, 2011 eta 2012ko zerga‑aldietan, zergadunek 100eko 20 murriztu ahal izango dute aitortutako etekin garbi positiboa (lege honen 32. artikuluan aurreikusitako murrizketak eginda, hala badagokio, enplegua mantendu edo sortzen dutenean), baldin eta beren jarduera ekonomikoen negozio‑zifraren zenbateko garbia 5 milioi euro baino gutxiagokoa bada eta batez beste 25 langile baino gutxiago badituzte.

Horretarako, zergadunak enplegua sortu edo mantentzen duela ulertuko da zerga‑aldi horietako bakoitzean jarduera ekonomiko guztietan batez beste erabilitako langile‑kopurua 2008ko zerga‑aldiko batez besteko unitatea eta langile‑kopurua baino txikiagoa ez denean.

Horrela kalkulatutako murrizketaren zenbatekoa ez da ekitaldian langile guztiei ordaindutako lansarien 100eko 50 baino handiagoa izango.

Murrizketa bereiz aplikatuko da baldintza hauek betetzen diren zerga‑aldi bakoitzean.

2. Aurreko 1. paragrafoan aipatutako batez besteko langile‑kopurua kalkulatzeko, lanari buruzko legeriak xedatu bezala, enplegatutako pertsonak aintzat hartuko dira, betiere lanaldi osoaren aldean kontratatutako lanaldia kontuan harturik, bai eta aipatutako lan‑harremanak izandako iraupena ere, zerga‑aldiko egun guztiak aintzat hartuta.

Hala ere, zergadunak ez badu jarduera ekonomikorik egin 2008ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta 2008ko zerga‑aldian ekin badio, bertako batez besteko langile‑kopurua kalkulatzeko, jarduera hasi denetik igarotako denbora hartuko da kontuan.

Zergadunak ez badu jarduera ekonomikorik egin 2009ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta data horren ostean ekin badio, 2008ko zerga‑aldiko batez besteko langileria zero izango da.

3. Negozio‑zifraren zenbateko garbia zehazteko orduan, Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren 108. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoa hartuko da aintzat.

Zerga‑aldiren batean jarduera ekonomikoaren iraupena urtebete baino txikiagoa izan bada, negozio‑zifraren zenbateko garbia urtebetera luzatuko da.

4. Zergadunak ez badu jarduera ekonomikorik egin 2009ko urtarrilaren 1a baino lehen, eta 2009, 2010, 2011 edo 2012an ekiten badio horri, eta jarduera hasten duen zerga‑aldiaren batez besteko langile‑kopurua zero baino handiagoa eta unitatea baino txikiagoa bada, jarduera hasteko zerga‑aldian aplikatuko da xedapen gehigarri honen 1. paragrafoan ezarritako murrizketa, betiere ondorengo zerga‑aldian batez besteko langile‑kopurua unitatea baino txikiagoa ez bada.

Aurreko lerrokadan azaldutako baldintza betetzen ez bada, ez da murrizketarik aplikatuko jarduera ekonomikoa hasteko zerga‑aldian, eta baldintza betetzen ez den egunetik hori gertatzen den zerga‑aldian aitorpena egiteko dagoen arauzko epea bukatu arteko denboran, autolikidazio osagarria aurkeztu beharko da, berandutzako interesak barne.»

Hiru. Hogeigarren xedapen iragankorra honela egongo da idatzita:

«Hogeigarren xedapen iragankorra. Langileak komunikazioaren eta informazioaren teknologia berriak erabiltzen ohitzeko gastuak eta inbertsioa.

Lege honen bigarren xedapen indargabetzailean ezarritakoari kalterik egin gabe, Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren –martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua– 40. artikuluak indarrean jarraituko du, 2011n eta 2012an langileak komunikazioaren eta informazioaren teknologia berriak erabiltzen ohitzeko gastuei eta inbertsioei dagokienez.

Hirugarrena. Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren aldaketa –martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen lege hori–.

Lehenengoa. Hamalaugarren xedapen gehigarria erantsi zaio Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginari –martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua–. Honela egongo da idatzita:

«Hamalaugarren xedapen gehigarria. 2012ko eta 2013ko ekitaldietako atxikipenen edo konturako sarreren ehunekoak.

2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra arte, biak barne, lege honen 140. artikuluaren 6. paragrafoaren a) hizkian azaldutako atxikipenaren edo konturako sarreraren 100eko 19 hori 100eko 21era aldatuko da.»

Bigarrena. Aldatu egingo da Sozietateen gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren –martxoaren 5eko 4/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartua– hamabigarren xedapen gehigarria, eta aldaketak 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako zerga‑aldietan izango ditu ondorioak. Honela egongo da idatzita:

«Hamabigarren xedapen gehigarria. Sozietatearen gaineko zergako karga‑tasa murriztua, enplegua mantendu edo sortzeagatik.

1. 2009, 2010, 2011 eta 2012an hasitako zerga‑aldietan, negozio‑zifraren zenbateko garbia 5 milioi euro baino gutxiagokoa duten erakundeek, batez beste 25 langile baino gutxiago badituzte, zergak ondoko eskalaren arabera ordainduko dituzte, salbu eta, lege honen 28. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, orokorra ez den beste tasa batekin ordaindu behar badituzte:

a) 0 eta 120.202,41 euro bitarteko zerga‑oinarriagatik, 100eko 20ko tasa.

2011n eta 2012an hasitako zerga‑aldietan, tasa hori 0 eta 300.000 euro bitarteko zerga‑oinarriagatik aplikatuko da.

b) Gainerako zerga‑oinarriagatik, 100eko 25eko tasa.

Zerga‑aldiak urtebete baino gutxiago irauten duenean, lege honen 114. artikuluaren azken lerrokadan ezarritakoa aplikatuko da.

2. Aurreko paragrafoan aipatutako eskala aplikatzeko, dena den, zerga‑aldi hauetako bakoitza hasi ondoko hamabi hilabeteetan erakundeko batez besteko langileak ez dira unitatea baino gutxiago izango, ezta 2009ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten den lehen zerga‑aldia hasi aurreko hamabi hilabeteetako batez besteko langileak baino gutxiago ere.

Erakundea hamabi hilabeteko aurreko epe horren barruan eratu bada, aldi horretako batez besteko langileak hartuko dira.

Eskala aplikatzeko eskakizunak bereiz zenbatuko dira zerga‑aldi horietako bakoitzean.

Paragrafo honetan ezarritako baldintza bete ezean, erregularizazioa xedapen gehigarri honen 5. paragrafoan ezarritako moduan egingo da.

3. Batez besteko langileak kalkulatzeko, enplegatutako pertsonak hartuko dira aintzat, lanari buruzko legeriak xedatu bezala; betiere, lanaldi osoaren aldean kontratatutako lanaldia kontuan harturik.

2009ko urtarrilaren 1etik aurrera hasten den lehen zerga‑aldia hasi aurreko hamabi hilabeteetako batez besteko langileak zero direla joko da erakundea egun horren ostean eratu denean.

4. Negozio‑zifraren zenbateko garbia zehazteko orduan, lege honen 108. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritakoa hartuko da aintzat.

Erakundea sortu berria denean, edo xedapen gehigarri honetako 1. paragrafoan aipatutako zerga‑aldietako bat urtebete baino gutxiagokoa denean, edo jarduera epe laburrago batez egin denean, negozio‑zifraren zenbateko garbia urtebetera luzatuko da.

5. Erakundea 2009, 2010, 2011 edo 2012an eratu badute, eta lehen zerga‑aldia hasi ondorengo hamabi hilabeteetako batez besteko langileak zero baino gehiago eta unitatea baino gutxiago badira, xedapen gehigarri honen 1. paragrafoan ezarritako eskala erakundea eratzeko zerga‑aldian aplikatuko da; betiere, zerga‑aldi hori bukatu ondorengo hamabi hilabeteetan batez besteko langileak unitatea baino gutxiago ez badira.

Baldintza hori betetzen ez bada, subjektu pasiboak, ez‑betetzea gertatzen den zerga‑aldiko kuotarekin batera, aipatutako lehen zerga‑aldi horren zerga‑oinarriaren 100eko 5 aplikatzearen emaitza ere ordaindu beharko du, baita berandutzako interesak ere.

6. Subjektu pasiboari lege honen 45. artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako ordainketa zatikatuaren modalitatea aplikagarri zaionean, aurreko 1. paragrafoan aipatutako eskala ez da aplikatuko zatikatutako ordainketak zenbatzeko orduan.»

Laugarrena. Ez‑egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren Legearen testu bateginaren aldaketa –lege hori martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen–.

Hirugarren xedapen gehigarria erantsi zaio Ez‑egoiliarren Errentaren gaineko Zergaren Legearen testu bateginari –lege hori martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen–. Honela egongo da idatzita:

«Hirugarren xedapen gehigarria. 2012ko eta 2013ko ekitaldietako zergaren karga‑tasa.

2012ko urtarrilaren 1etik 2013ko abenduaren 31ra arte, biak barne, lege honen 19.2 eta 25.1 f) artikuluetan azaldutako 100eko 19ko karga‑tasak 100eko 21era aldatuko dira.»

Halaber, aurreko lerrokadan aipatutako aldian, lege honen 25.1 a) artikuluan aurreikusitako 100eko 24ko karga‑tasa 100eko 24,75era igoko da.»

Bosgarrena. Abuztuaren 19ko 9/2011 Errege Lege Dekretuaren aldaketa –aipatutako legea osasun‑sistema nazionalaren kalitatea eta kohesioa hobetzeko, zerga‑finkapena laguntzeko eta 2011rako Estatuko abalen gehieneko zenbatekoa handitzeko neurriei buruzkoa da–.

Aldatu egin da abuztuaren 19ko 9/2011 Errege Lege Dekretuaren laugarren xedapen iragankorra –aipatutako legea osasun‑sistema nazionalaren kalitatea eta kohesioa hobetzeko, zerga‑finkapena laguntzeko eta 2011rako Estatuko abalen gehieneko zenbatekoa handitzeko neurriei buruzkoa da–. Honela egongo da idatzita:

«Laugarren xedapen iragankorra. Etxebizitza‑entregei aplikatu beharreko balio erantsiaren gaineko zergaren zerga‑tasa.

Errege lege‑dekretu hau indarrean hasten denetik ondorioak izango dituela, eta 2012ko abenduaren 31 arteko indarraldiarekin, balio erantsiaren gaineko zergaren 100eko 4ko tasa murriztua aplikatuko zaie Balio Erantsiaren gaineko Zergaren abenduaren 28ko 37/1992 Legearen 91. artikuluaren 1. bat paragrafoaren 7. zenbakian azaldutako ondasun‑entregei.»

Seigarrena. Zerga Berezien abenduaren 28ko 38/1992 Legearen aldaketa.

2012ko urtarrilaren 1etik ondorioak izango dituela, aldatu egin da Zerga Berezien abenduaren 28ko 38/1992 Legearen 52 bis artikuluaren 6. atalaren a) hizkia. Honela egongo da idatzita:

«a) Itzulketa‑tasa (1.000 litroko eurotan adierazita), itzultzeko eskubidea sortzeko momentuan indarrean dagoen 1.3 epigrafeko zerga‑tasatik 306 euro kentzean ateratzen den zenbatekoa izango da.»

Zazpigarrena. Jokoa arautzeko maiatzaren 27ko 13/2011 Legearen aldaketa.

Aldaketa hauek egin dira jokoa arautzeko maiatzaren 27ko 13/2011 Legean:

1. Zortzigarren xedapen iragankorra honela egongo da idatzita:

«Zortzigarren xedapen iragankorra. Araubide zigortzailearen araubide iragankorra.

Lege honen VI. titulua (araubide zigortzailea) lizentziak emateko lehen prozeduraren ebazpena argitaratzen den egunean sartuko da indarrean –lege honen 10. artikuluan aipatzen da–, edota 2012ko ekainaren 30ean, aipatutako ebazpena ordurako argitaratu ez bada».

2. Bederatzigarren xedapen iragankorra honela egongo da idatzita:

«Bederatzigarren xedapen iragankorra. Jokoari buruzko kirol‑babesen araubide iragankorra.

2011ko urtarrilaren 1a baino lehen erabakitako joko‑operadoreen kirol‑babesak eta jokoaren publizitatea zein sustapena egiteko kontratuek ondorioak izaten jarraituko dute hitzartu bezala, lege honen 10. artikuluan lizentziak emateko aipatutako lehen prozeduraren ebazpena argitaratu arte, edota 2012ko ekainaren 30era arte, aipatutako ebazpena ordurako argitaratu ez bada.»

Zortzigarrena. Urriaren 6ko 9/2009 Legearen aldaketa –lege hori jaiotza‑, adopzio‑ edota harrera‑kasuetan aitatasun‑baimenaren iraupena luzatzeari buruzkoa da–.

Idazketa berria eman zaio jaiotza‑, adopzio‑ edota harrera‑kasuetan aitatasun‑baimenaren iraupena luzatzeari buruzko urriaren 6ko 9/2009 Legearen azken xedapenetariko bigarrenari. Honela egongo da idatzita:

«Azken xedapenetariko bigarrena.

Lege hau 2013ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean».

Bederatzigarrena. Lurzorua baloratzeko irizpide berriak aplikatzearen salbuespenei buruzko luzapena berritzea.

Idazketa berria eman zaio Lurzoruari buruzko Legearen testu bateginaren hirugarren xedapen iragankorraren 2. paragrafoari –lege hori ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuak onartu zuen–. Honela egongo da idatzita:

«2. Hura indarrean jartzen denean garatzeko baldintzak ezarri dituzten plangintzen barruan mugatutako eremuetan jasotako lurzoru urbanizagarrietako lurrak Lurzoruaren Araubideari eta Balorazioei buruzko apirilaren 13ko 6/1998 Legean xedatu bezala baloratuko dira –maiatzaren 20ko 10/2003 Legean idatzita dauden moduan–, betiere balorazioa dagokion momentuan plangintza betearazteko epeak bukatu ez badira, edota, bukatu badira, Administrazioari edo hirugarrenei egotz dakizkiekeen kausengatik bada.

Plangintzan edo lurraldea eta hirigintza antolatzeko legerian gauzatzeko epeak espresuki aurreikusita ez baleude, bost urtekoa aplikatuko da, Lurzoruari buruzko maiatzaren 28ko 8/2007 Legea indarrean sartzen denetik zenbatuta».

Hamargarrena. Estatuko Loteriak eta Apustuak Estatuko Sozietateak ordaintzeko obligazio batzuk bere gain hartuko dituen aldiaren aldaketa.

Estatuko Loteriak eta Apustuak Estatuko Sozietateak, 2012. urtean eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea onartu arte, bere gain hartuko ditu jokoa arautzeko maiatzaren 27ko 13/2011 Legeak ezarritako betebeharrak, konturako aurrerakin gisa –Estatuko Kirol Apustuen diru‑bilketa eta sariak banatzea arautzen dituen martxoaren 27ko 419/1991 Errege Dekretuarekin lotuta daude obligazio horiek–.

Hamaikagarrena. Jokoa arautzeko maiatzaren 27ko 13/2011 Legearen aldaketa.

Aldaketa hauek egin dira jokoa arautzeko maiatzaren 27ko 13/2011 Legean:

1. Zortzigarren xedapen iragankorra honela egongo da idatzita:

«Zortzigarren xedapen iragankorra. Araubide zigortzailearen araubide iragankorra.

Lege honen VI. titulua (araubide zigortzailea) lizentziak emateko lehen prozeduraren ebazpena argitaratzen den egunean sartuko da indarrean –lege honen 10. artikuluan aipatzen da–, edota 2012ko ekainaren 30ean, aipatutako ebazpena ordurako argitaratu ez bada.»

2. Bederatzigarren xedapen iragankorra honela egongo da idatzita:

«Bederatzigarren xedapen iragankorra. Jokoaren inguruko kirol‑babesen araubide iragankorra.

2011ko urtarrilaren 1a baino lehen erabakitako joko‑operadoreen kirol‑babesak eta jokoaren publizitatea zein sustapena egiteko kontratuek ondorioak izaten jarraituko dute hitzartu bezala, lege honen 10. artikuluan lizentziak emateko aipatutako lehen prozeduraren ebazpena argitaratu arte, edota 2012ko ekainaren 30era arte, aipatutako ebazpena ordurako argitaratu ez bada.»

Hamabigarrena. Gastu erreserbatuetarako kredituen erabilera eta kontrola arautzeko maiatzaren 11ko 11/1995 Legearen aldaketa.

Ondorioak izaten 2012ko urtarrilaren 1ean hasiko dela, eta indarraldi mugagabearekin, aldatu egin da gastu erreserbatuetarako kredituen erabilera eta kontrola arautzeko maiatzaren 11ko 11/1995 Legearen 4. artikuluaren 1. paragrafoa. Honela egongo da idatzita:

«1. Gastu erreserbatuetarako kredituak Kanpo Arazoetako eta Lankidetzarako, Defentsako eta Barne ministerioetan eta Lehendakaritzako Ministerioaren mendeko Espainiako Inteligentzia Zentroan bakarrik esleitu ahal izango dira.

Sail horien titularrei baino ez dagokie, beren ezaugarri berezien arabera, funts horien xedea zehaztea eta egiteko agindua eman dezaketen agintari eskudunak izendatzea.»

Hamahirugarrena. Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen XIV. eranskinaren aldaketa.

Aldatu egin da Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen XIV. eranskina. Honela egongo da idatzita:

Enpresa‑erakunde publiko bat erantsi zaio XIV. eranskinari (Enpresa‑erakunde publikoak eta bestelako erakunde publikoak):

«Kanpo Merkataritzarako Espainiako Erakundea (ICEX).»

Hamalaugarrena. Mendekotasunari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen aldaketa.

Idazketa berria eman zaio Mendekotasunari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen azken xedapenetariko lehenaren lehenengo paragrafoari. Honela egongo da idatzita:

«1. Lege honetan jasotako mendetasunengatiko prestazioak jasotzeko eskubidea mailaz maila gauzatuko da, gradualki, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, ondorengo egutegi honi jarraiki:

Lehenengo urtean, mendetasun handiaren III. gradua, 1. eta 2. maila, aitortuta dutenei.

Bigarren eta hirugarren urtean, mendetasun larriaren II. gradua, 2. maila, aitortuta dutenei.

Hirugarren eta laugarren urtean, mendetasun larriaren II. gradua, 1. maila, aitortuta dutenei.

Bosgarren urtean, 2011ko abenduaren 31n amaitzen dena, mendetasun ertainaren I. gradua, 2. maila, aitortuta dutenei.

2013ko urtarrilaren 1etik aurrera, mendetasun ertainaren I. gradua, 2. maila, aitortuta dutenei.

2014ko urtarrilaren 1etik aurrera, mendetasun ertainaren I. gradua, 1. maila, aitortuta dutenei.

Hamabosgarrena. Finantza‑bitartekarien inbertsio‑koefizienteei, baliabide propioei eta informazio‑betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legearen aldaketa.

Eragina 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izango duela, eta indarraldi mugagabeaz, aldatu egin da finantza‑bitartekarien inbertsio‑koefizienteei, baliabide propioei eta informazio‑betebeharrei buruzko maiatzaren 25eko 13/1985 Legearen 8.3 artikuluaren d) hizkiaren azken lerrokada. Honela egongo da idatzita:

«Hizki honetan aurreikusitakoaren arabera eratutako erakundeak Aurrezki Kutxak direnean, erakunde zentrala sozietate anonimoa izango da, eta guztiek batera kontrolpean edukiko dute, Merkataritzako Kodearen 42. artikuluak xedatu bezala.»

Hamaseigarrena. Aurrezki‑kutxen gobernu‑organoei eta araubide juridikoaren beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretuaren aldaketa.

Eragina 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izango duela, eta indarraldi mugagabeaz, aldatu egin da aurrezki‑kutxen gobernu‑organoei eta araubide juridikoaren beste alderdi batzuei buruzko uztailaren 9ko 11/2010 Errege Lege Dekretuaren 5. artikuluaren 3. paragrafoa. Honela egongo da idatzita:

«3. Aurrezki‑kutxa batek, Merkataritzako Kodearen 42. artikuluak xedatu bezala, xedapen honek aipatutako kreditu‑erakundearen gaineko kontrola izateari utziko balio, uko egin beharko dio Bankuak Antolatzeko 1946ko Legean aurreikusitakoaren arabera kreditu‑erakunde gisa jokatzeko baimenari, eta fundazio berezi bilakatu beharko du, hurrengo artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriz.»

Eragina 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izango duela, eta ekitaldiko indarraldiaz, honela egongo da idatzita Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 49. artikulua, Estatuko abalen zenbatekoari buruzkoa:

Hamazazpigarrena. Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 49. artikuluaren aldaketa. Estatuko abalen zenbatekoa.

Eragina 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izango duela, eta indarraldi mugagabeaz, honela egongo da idatzita Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 22ko 39/2010 Legearen 49. artikulua:

«Bat. Estatuak 2012ko ekitaldian eman beharreko abalen gehieneko zenbatekoa 196.043.560 mila eurokoa izango da.

Bi. Aurreko paragrafoan adierazitako kopuru horretan, zenbateko hauek erreserbatuta egongo dira:

a) 92.543.560 mila euro «Finantza Egonkortasuneko Europako Funtsa» izeneko sozietateari eskatu beharreko obligazio ekonomikoak bermatzeko. Obligazio horiek finantza‑tresnen jaulkipenetatik eta mailegu eta kredituko eragiketak hitzartzetik datoz, bai eta sozietate horrek maiatzaren 28ko 9/2010 Errege Lege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz egiten duen beste edozein finantza‑eragiketatik ere –horren bidez, Estatuko Administrazio Nagusiari baimena ematen zaio finantza‑eragiketa jakin batzuei abalak emateko, Euroguneko Estatu kideen finantza‑egonkortasunerako Europako Mekanismoaren barruan–.

b) 100.000.000 mila euro, kreditu nazionalaren merkatuan jarduera handia duten Espainiako kreditu‑erakunde egoiliarrek egiten dituzten bonoen eta obligazio berrien jaulkipenetatik eratorritako obligazioei abalak emateko.

Abalak jaulkipenaren nagusia eta interes arruntak bermatuko ditu. Abala exekutatuz gero, betiere berau bermatutako obligazioaren epemugaren osteko bost egun naturalen barruan eskatuz gero, Estatuak bermatutako balioen titular legitimoei ordaina emango die, abala dela‑eta ordaindu behar duenari kalte egin gabe. Ordain horren zenbatekoa honela kalkulatuko da: abala gauzatzearen ordainketari Espainiako Bankuak argitaratutako Euro OverNight Index Average interes‑tasa, bermatutako obligazioaren epemugakoa, edo, hala badagokio, Ekonomia eta Lehiakortasuneko ministroak zehaztutakoa, egun honetatik abal‑emaileak ordainketa egiten duen arte igarotako egun kopuruaz biderkatuta (360 eguneko urtea oinarri hartuta), aplikatzearen emaitza izango da.

Ekonomiako eta Ogasuneko ministroak abalak emateko bete beharreko baldintzak zehaztuko ditu –horien artean, Espainiako Bankuak proposatutako kaudimen‑baldintza bereziak ere egon ahalko dira–, bai eta abalak emateko prozedura eta horiek eman eta erabiltzean sortutako komisioak ere.

c) 3.000.000 mila euro, aktiboak titulu bihurtzeko funtsek emandako errenta finkoko balioak bermatzeko abaletarako.

Hiru. Aurreko paragrafoan erreserbatu gabeko 500.000 mila euroko zenbatekoaren barruan, 40.000 mila euroko gehieneko muga egongo da Espainian helbideratuta dauden itsasontzi‑enpresek hitzartutako kreditu‑eragiketen ondoriozko obligazioak bermatzeko, baldin eta Espainiako merkataritza‑ontzidia berritu eta modernizatzeko xedea badute merkataritza‑ontzi berriak, eraikuntzan daudenak edo gehienez bost urteko antzinatasuna duten erabiliak erosiz, erosteko aukeraz errentan hartuz edo erosteko aukera duen finantza‑errentamendu bidez.

Ez dira kontuan hartuko itsasontzia eskuratu eta sei hilabetera aurkeztutako abal‑eskaerak.

Itsasontzia eskuratu aurretik emandako abalak balioa izango du berau eman ondorengo sei hilabeteko epearen barruan eskuratzen bada itsasontzia.

Abalatutako zenbatekoa ez da finantzatutako itsasontziaren prezio osoaren 100eko 35 baino handiagoa izango.

Sistema honen bidez aseguratu beharreko maileguen baldintzak, gehienez ere, ontzigintzarako primei eta finantzaketari buruzko martxoaren 11ko 442/1994 Errege Dekretuan, edo berau aldatzen duten ondorengo xedapenetan, ezarritakoak izango dira.

Nolanahi ere, abalak baimentzeko eragiketaren ekonomia‑ eta finantza‑bideragarritasuna eta arriskua ebaluatuko dira.

Abal hauen eskaerek, emateak eta baldintzek lege honetan eta urriaren 14ko PRE/2986/2008 Aginduan, edo ondoren aldatzen duten xedapenetan, ezarritakoa jarraituko dute. Azken agindu honen bidez, Ekonomia Gaietarako Gobernuko Batzorde Delegatuaren akordioa argitaratzen da, zeinaren bidez Espainiako merkataritza‑ontzidia berritu eta modernizatzeko kreditu‑eragiketak finantzatzeko Estatuko abalak emateko prozedura ezartzen baita.

Lau. Altxor eta Finantza Politikako Idazkaritza Nagusiari baimena ematen zaio artikulu honen Bi.b) paragrafoan eta Euroguneko Herrialdeen Itunduriko Ekintza Planarekin lotutako Ekonomia eta Finantza arloko Premiazko Neurriei buruzko urriaren 13ko 7/2008 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluan aipatutako Estatuko abalak exekutatzean, xede horretan ezarritako kontzeptu espezifikoaren kargura diruzaintzako eragiketen bidez bermatutako obligazioen ordainketak egin ahal izateko.

Egin ondoren, Altxor eta Finantza Politikako Zuzendaritza Nagusiak behin betiko aplikatuko ditu gastuen aurrekontuan ekitaldian egindako ordainketak, urte bakoitzeko abenduan egindakoak izan ezik, horiek hurrengo urteko lehen hiruhilekoko aurrekontuan aplikatuko baitira.

Hemezortzigarrena. Espetxeetako Kidegoen Berregituratzeari buruzko abenduaren 22ko 39/1970 Legearen aldaketa.

Eragina 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera izango duela, eta indarraldi mugagabeaz, aldaketa hauek egin zaizkio Espetxeetako Kidegoen Berregituratzeari buruzko abenduaren 22ko 39/1970 Legeari.

Bat. Bigarren artikuluak idazketa hau izango du aurrerantzean:

«1. Espetxe Erakundeetako Teknikarien Goi Mailako Kidegoko funtzionarioek erakundeak, zentroak eta zerbitzuak zuzendu eta ikuskatzeko lanak egingo dituzte, bai eta presoak behatu, sailkatu eta tratatzeko beren espezialitatearen berezkoak eta zigorra betetzeko erabakitako guztiak ere.

2. Kidego honetan sartzeko eskatutako espezialitateak arlo hauetan sartuko dira: juridikoa, portaera‑zientziak eta gerentzia.

3. Kidego honetan sartzeko, beharrezkoa izango da izaera ofizialeko graduko unibertsitate‑titulua edukitzea, erregelamenduz zehaztutako espezialitateetan.

Atzerrian lortutako titulazioei dagokienez, homologazioa edo baliozkotzea egiaztatzen duten agiriak edukitzea ere beharrezkoa da.

4. Kidego hau Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 76. artikuluaren A taldeko A1 azpitalderen barruan egongo da.»

Bi. Laugarren artikuluaren bi paragrafoak idazketa hau izango du aurrerantzean:

«2. Espetxe Erakundeetako Osasun Laguntzaile Teknikoen Kidegoa, hemendik aurrera, Espetxe Erakundeetako Erizainen Kidegoa deituko da.»

Hiru. Bederatzigarren artikulua erantsi zaio. Honela egongo da idatzita:

«Bederatzigarren artikulua.

Espetxeetako kidego guztietan sartzeko, baldintza espezifikoa izango da dolozko delituengatik askatasunaz gabetzeko hiru urte baino gehiagoko zigorra jaso ez izatea, salbu eta aurrekariak ezeztatu badira edo errehabilitazioa lortu bada.»

Hemeretzigarrena. Eskumen‑titulua.

Errege lege‑dekretu honetan jasotako zerga‑arloko xedapenek Konstituzioaren 149.1.1., 3., 8., 14. eta 18. artikuluan ezarritakoa dute oinarri.

Hogeigarrena. Europar Batasuneko zuzenbidea Espainiakoan sartzea.

Azken xedapenetariko lehenaren eta seigarrenaren bidez, Espainiako Zuzenbidean sartu dira Kontseiluaren 2010eko martxoaren 16ko 2010/24/EB Zuzentaraua (zergei, eskubide jakin batzuei eta bestelako neurriei dagozkien kredituak kobratzeko orduan elkarri laguntzeari buruzkoa), eta Kontseiluaren 2003ko urriaren 27ko 2003/96/EE Zuzentaraua (produktu energetikoen eta elektrizitatearen zergei buruzko Erkidegoko araubidea berregituratzekoa).

Hogeita batgarrena. Klase pasiboen arloko aurrekontu‑kredituen kudeaketa.

2012ra luzatu da Estatuko 1993ko Aurrekontu Orokorren abenduaren 29ko 39/1992 Legearen azken xedapenetariko hirugarrenean emandako ahalmena.

Hogeita bigarrena. Erregelamendu bidezko garapena.

Gobernuari ahalmena ematen zaio errege lege‑dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapen guztiak eman ditzan.

Hogeita hirugarrena. Indarrean sartzea.

Errege lege‑dekretu hau 2012ko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.

Madrilen emana, 2011ko abenduaren 30ean.

JUAN CARLOS E.

Gobernuko presidentea,

MARIANO RAJOY BREY

I. ERANSKINA

A. 2012an aplikatu beharreko pentsioen eta prestazio publikoen zenbatekoak

I. Estatuko Klase Pasiboen Araubideko pentsioak hasieran zehazteko hartzeko arautzaileak

1. Estatuko Klase Pasiboen Legearen testu bateginaren I. tituluaren babesean adierazitako pentsioak hasieran zehazteko hartzeko arautzaileak.

a) Kidego, eskala, plaza, enplegu edo kategoria administratiboren batean 1985eko urtarrilaren 1aren ostean sartutako langileentzako hartzeko arautzaileak:

b) Kidego, eskala, plaza, enplegu edo kategoria administratiboren batean 1985eko urtarrilaren 1a baino lehen sartutako langileentzako hartzeko arautzaileak:

ESTATUKO ADMINISTRAZIO ZIBIL ETA MILITARRA

JUSTIZIA‑ADMINISTRAZIOA

KONSTITUZIO‑AUZITEGIA

GORTE NAGUSIAK

1. Estatuko Klase Pasiboen Legearen testu bateginaren II. tituluaren babesean adierazitako pentsioak hasieran zehazteko hartzeko arautzaileak.

Hartzeko arautzaileak

ESTATUKO ADMINISTRAZIO ZIBIL ETA MILITARRA

JUSTIZIA‑ADMINISTRAZIOA

KONSTITUZIO‑AUZITEGIA

GORTE NAGUSIAK

Hirurtekoak

ESTATUKO ADMINISTRAZIO ZIBIL ETA MILITARRA

JUSTIZIA‑ADMINISTRAZIOA

KONSTITUZIO‑AUZITEGIA

GORTE NAGUSIAK

II. Gerrako pentsio bereziak hasieran zehazteko hartzeko arautzaileak

Irailaren 18ko 5/1979 Legearen eta ekainaren 26ko 35/1980 Legearen babesean langile ez‑funtzionarioek eragindako 21 urtetik gorako umezurtz gaituen aldeko umezurtz‑pentsioen zenbatekoa 150,15 eurokoa izango da hilean.

III. Minimoetarako osagarriak

1. 2012ko Klase Pasiboen Araubideko pentsioen gutxieneko zenbatekoak:

Minimoetarako osagarri ekonomikoak aitortzeko sarreren muga:

2012an: 6.993,14 euro urtean.

2011n: 6.923,90 euro urtean.

2. 2012ko Gizarte Segurantzako Sistemaren ordaindutakoaren araberako modalitateko pentsioen gutxieneko zenbatekoak:

Minimoetarako osagarri ekonomikoak aitortzeko sarreren muga:

– 2012an:

• Ardurapeko ezkontiderik gabe: 6.993,14 euro urtean.

• Ardurapeko ezkontidearekin: 8.157,57 euro urtean.

– 2011n: 6.923,90 euro/urteko.

IV. Beste pentsio eta prestazio publikoen zenbatekoak

1. Jaso beharreko pentsio publikoaren gehieneko muga: 2.522,89 euro hilean edo 35.320,46 euro urtean.

2. Zahartzaroko eta Elbarritasuneko Derrigorrezko Aseguru (SOVI) iraungiaren pentsioak:

– Aldi berekoak ez diren SOVIko pentsioak: 5.539,80 euro urtean.

– Gizarte Segurantzako sistemaren erregimenetako baten alarguntasun‑pentsioekin batera dauden SOVIko pentsioak edo pentsio hauetakoren batekin eta, gainera, alarguntasuneko beste edozein pentsio publikorekin: 5.383,00 euro urtean.

3. Gizarte Segurantzako pentsioak, asistentzia‑mailako modalitatean: 5.007,80 euro urtean.

– Etxebizitza alokatzeko pentsio‑osagarria: 525 euro urtean.

4. Gizarte Segurantzako prestazio familiarrak:

– Elbarria ez den 18 urtetik beherako seme‑alabagatiko prestazioa: 291 euro urtean.

– 100eko 33 baino gehiagoko desgaitasuna duen 18 urtetik beherako seme‑alabagatiko prestazioa: 1.000 euro urtean.

– 18 urtetik gorako ardurapeko seme‑alaba minusbaliatuagatiko prestazioak:

• Gutxienez 100eko 65eko desgaitasun‑maila badute: 4.292,40 euro urtean.

• Gutxienez 100eko 75eko desgaitasun‑maila badute eta bizitzaren funtsezko ekintzak egiteko beste pertsona baten laguntza behar badute: 6.439,20 euro urtean.

– Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 186.1 artikuluan ezarritako seme‑alabaren jaiotza edo adopzioagatiko prestazioa: 1.000 euro.

– Ardurapeko seme‑alabagatiko Gizarte Segurantzaren prestazio familiarrak aitortzeko sarreren muga:

• Gizarte segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 182.1.c artikuluaren lehenengo lerrokadan aipatutako zenbatekoa (ezgaitua ez den 18 urtetik beherako seme‑alaba): 11.376,66 euro urtean.

• Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren 182.1.c artikuluaren bigarren lerrokadan aipatutako zenbatekoa (familia ugaria): 17.122,59 euro urtean, 2.773,39 euro gehituta laugarrenetik –hau barne– aurrerako ardurapeko seme‑alaba bakoitzeko.

5. Minusbaliatuak Gizarteratzeko 13/1982 Legearen subsidio ekonomikoak:

– Gutxieneko diru‑sarrerak bermatzeko subsidioa: 149,86 euro hilean.

– Hirugarren pertsonaren laguntzagatiko subsidioa: 58,45 euro hilean.

– Mugikortasuneko eta garraio‑gastuak konpentsatzeko subsidioa: 61,40 euro hilean.

6. 1960ko uztailaren 21eko Legearen eta 2620/1981 Errege Dekretuaren asistentzia‑pentsioak: 149,86 euro hilean.

7. 9/1993 Errege Lege Dekretuaren babesean GIBek jotakoei aitortutako laguntza sozialen zenbatekoa: 601,12 euro hilean.

8. 3/2005 Legean ezarritako prestazio ekonomikoaren zenbatekoa: 7.059,10 euro urtean.

A. 2011KO PENTSIO ETA PRESTAZIO JAKIN BATZUEN ZENBATEKO EGUNERATUAK

1. 2011ko Klase Pasiboen Araubideko pentsioen gutxieneko zenbatekoak:

2. 2011ko Gizarte Segurantzako Sistemaren ordaindutakoaren araberako modalitateko pentsioen gutxieneko zenbatekoak:

http://

3. Zahartzaroko eta Elbarritasuneko Derrigorrezko Aseguru iraungiaren pentsioak, aldi berekoak ez badira: 5.483,80 euro urtean.

4. Gizarte Segurantzako pentsioak, asistentzia‑mailako modalitatean: 4.957,40 euro urtean.

5. 18 urtetik gorako ardurapeko seme‑alaba desgaituagatiko prestazioak:

Gutxienez 100eko 65eko desgaitasun‑maila badute: 4.249,20 euro urtean.

Gutxienez 100eko 75eko desgaitasun‑maila badute eta bizitzaren funtsezko ekintzak egiteko beste pertsona baten laguntza behar badute: 6.374,40 euro urtean.

6. Mugikortasuneko eta garraio‑gastuak konpentsatzeko subsidioa: 728,40 euro urtean.

A. 2011KO PENTSIO ETA PRESTAZIO JAKIN BATZUEN ZENBATEKO EGUNERATUAK

1. 2011ko Klase Pasiboen Araubideko pentsioen gutxieneko zenbatekoak:

euskal legezalea