Gerrako presoei zor zaien tratuari buruzko Genevako Hitzarmena

Euslege

Gerrako presoei zor zaien tratuari buruzko Genevako Hitzarmena

Gerraren biktimak babestera zuzendutako Nazioarteko Hitzarmenak moldatzeko, Konferentzia diplomatikoak onetsia, 1949k abuztuaren 12an, Konferentzia hori Genevan egin zela, 1949ko apirilaren 12tik abuztuaren 12ra,

Indarrean jartzea: 1950eko urriaren 21ean

I. Titulua: Xedapen orokorrak

1. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute Hitzarmen hau inguruabar guztietan errespetatzeko eta errespetarazteko.

2. artikulua

Bake garaian indarrean jarri behar diren xedapenez gain, Hitzarmen hau aplikatuko da bi alderdi kontratugile gorenen artean edo zenbaiten artean sor daitekeen gerra adierazpenaren kasuan edo bestelako gatazka armaturen kasuan, alderdietako batek gerra egoera aitortu ez badu ere.

Era berean, Hitzarmena aplikatuko da alderdi kontratugile goren baten lurraldea osotasunean edo zati batean okupatzen denean, okupazio horrek erresistentzia militarrik izan ez arren.

Gatazkan dagoen potentzietako bat Hitzarmen honen alderdi ez bada, Hitzarmenaren alderdi diren potentziak, gatazka horretan sarturik daudenak, behartuta daude alderdi ez den potentzia horri dagokionez, hitzarmena betetzera, potentzia horrek Hitzarmenaren xedapenak onetsi eta aplikatzen baditu.

3. artikulua

Nazioarteko izaera ez duen gatazka armatuaren kasuan, gatazka hori alderdi kontratugile gorenetako baten lurraldean sortzen dela, gatazkaren alderdi bakoitzak gutxienez ondorengo xedapenak aplikatzeko betebeharra izango du:

1) Liskarretan zuzenean parte hartzen ez duten pertsonak, armak baztertu dituzten indar armatuetako kideak eta gaixotasunagatik, zauriagatik, atxiloketagatik edo beste edozein arrazoiengatik borrokatzeko gai ez diren pertsonak barne, inguruabar guztietan, gizatasunez tratatuko dira, izaera kaltegarria izan dezakeen inolako bereizketarik gabe, bereizketa horren oinarriak badira arraza, kolorea, erlijioa edo sinesmena, sexua, jaiotza edo ondarea, edo antzeko beste edozein irizpide.

Aurrekoari dagokionez, goian aipatutako pertsonen gainean eragina duten neurrian, ondorengoak debekatzen dira, edonoiz eta edonon:

a) bizitzaren eta gorputz-osotasunaren aurkako atentatuak, bereziki erailketa, horren forma guztietan, mutilazioak, tratu ankerrak, tortura eta sufrimenduak;

b) pertsonak bahiturik hartzea;

c) duintasun pertsonalaren aurkako atentatuak, batik bat, tratu umiliagarri eta apalesgarriak;

d) herri zibilizatuek ezinbestekotzat aitortutako berme judizialak dituen zuzenbidearen arabera eratutako auzitegi baten aurrean, epaiketarik egin gabe emandako kondenak eta exekuzioak.

2) Zaurituak eta gaixoak batu eta artatuko dira.

Erakunde humanitario inpartzial batek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea kasu, gatazkan dauden alderdiei bere zerbitzuak eskaini ahal izango dizkie.

Halaber, gatazkan dauden alderdiek, ahal dutena egingo dute, hitzarmen berezien bitartez, Hitzarmen honen beste xedapenak, oso-osorik edo zati batez, indarrean jartzeko.

Aurreko xedapenen aplikazioak ez du eraginik izango gatazkan dauden alderdien estatutu juridikoen gain.

4. artikulua

A. Gerrako presoak dira, Hitzarmen honen esanahian, jarraian aipatuko diren sailetako baten kide diren pertsonak, etsaiaren esku jausten direnean:

1) gatazkan dagoen alderdi bateko indar armatuen kideak, milizietako kideak eta indar armatu horietako parte diren talde boluntarioen kideak;

2) beste milizietako kideak eta beste talde boluntarioen kideak, barne hartuta antolatutako erresistentzia mugimenduenak, baldin eta, horiek gatazkan dauden alderdietako batenak badira eta euren lurraldeen kanpo aldean zein barne aldean dihardutenak, lurralde hori okupatuta egon arren, betiere milizia edo talde boluntario horiek, antolatutako erresistentzia mugimenduek barne, ondorengo baldintzak betetzen badituzte:

a) bere menpekoengatik erantzuten duen pertsona bat izatea taldearen buru;

b) urrutitik ezagutzeko modukoa den ikur bereizgarri iraunkorra izatea;

c) armak agerian eramatea;

d) gerraren legeekin eta ohiturekin bat datozen eragiketak egitea;

3) erregeladun indar armatuen kideak, atxiloketa egin duen potentziak aitortu gabeko gobernu baten edo agintaritza baten jarraibideen menera ari direnak;

4) indar armatuen atzetik doazen pertsonak, horiek partaideak izan gabe, hala nola, hegazkin militarretako tripulazioaren kide zibilak, gerra-berriemaileak, hornitzaileak, militarren ongizateaz arduratzen diren lan- edo zerbitzu-unitateen kideak, baldin eta zein indar armaturi laguntza eman eta indar armatu horren baimena jaso badute; indar armatu horien betebeharra da, xede horretarako, testu honi eransten zaion ereduaren antzeko nortasun-txartela ematea;

5) tripulazioetako kideak, barne hartuta patroiak, pilotuak eta merkataritzako marinaren itsasmutilak, eta gatazkaren alderdien abiazio zibilen tripulazioak, baldin eta horiek ez badute, nazioarteko zuzenbidearen beste xedapen batzuen arabera, tratu onuragarriagorik;

6) okupatuta ez dagoen lurralde bateko biztanleria, etsaia hurreratzen denean, bat-batean eta bere kautan armada erasotzaileei aurre egiteko armak hartzen dituena, erregeladun indar armatu gisa eratzeko denborarik izan ez duena baldin eta armak agerian eramaten baditu eta gerrako legeak eta ohiturak errespetatzen baditu.

B. Ondorengoek ere Hitzarmen honetan gerrako presoentzat erreserbatutako tratuaren onura jasoko dute:

1) herrialde okupatua zein izan eta horren indar armatuetako partaide diren edo izan diren pertsonak, baldin eta partaidetza horrengatik, potentzia okupatzaileak, hasieran horiek aske utzi arren, gerora pertsona horiek barneratzea beharrezkoa ikusten badu, gehienbat pertsona horiek zein indar armatuetako partaide izan eta horietan berriro sartzeko ahaleginak huts egin ondoren, indar armatu horiek borrokan ari direla orain ere, edota euren barneratzeari buruz egiten zaien larderiari jaramonik egiten ez diotenean;

2) artikulu honetan zerrendatutako sail batean dauden pertsonak, potentzia neutralek edo gerra-egile ez direnek euren lurraldean hartu badituzte, eta nazioarteko zuzenbidearen arabera, pertsona horiek barneratzeko betebeharra badute potentzia horiek. Horrek guztiorrek ez dio kalterik egingo potentzia horiek tratu onuragarriagoa emateari pertsona horiei, halakoa egoki irizten bazaie, betiere salbuetsita 8, 10, 15, 30, bosgarren paragrafoa,58tik 67artekoak, biak barne,eta 92 eta 126.artikuluetako xedapenak; era berean, potentzia babeslearen inguruko xedapenak, gatazkan dauden alderdien artean eta potentzia neutralaren edo gerra egile ez den potentzia interesdunaren artean, diplomazia harremanak daudenean. Halako harremanak badaude, orduan, gatazkan dauden alderdien menpeko pertsonek baimena izango dute, eurei dagokienez, Hitzarmen honetan potentzia babesleei esleitzen zaizkien zereginak egikaritzeko, alderdi horiek ohiz egikaritzen dituzten usadio eta hitzarmen diplomatiko eta kontsul izaerakoen araberakoei kalterik egin gabe.

C. Artikulu honek ez du eraginik izango osasun arloko edo erlijio arloko langileen gain, Hitzarmen honen 33. artikuluan ezartzen den bezala.

5. artikulua

Hitzarmen hau aplikatuko zaie 4. artikuluan aipatutako pertsonei, etsaiaren esku jausten diren unetik eta horiek askatu eta behin betiko aberriratu arte.

Zalantzarik izanez gero, gerra-egintzaren bat gauzatutako pertsonak eta etsaiaren menpe erori direnak, 4. artikuluan zerrendatutako sailetako bateko kide diren ala ez, pertsona horiek Hitzarmen honen babesa izango dute, auzitegi eskudun batek euren estatutua zehazten duen bitartean.

6. artikulua

10, 23, 28, 33, 60, 65, 66, 67, 72, 73, 75, 109, 110, 118, 119, 122 eta 132. artikuluetan beren-beregi ezarritako akordioez gain, alderdi kontratugile gorenek beste akordio berezi batzuk hitzar ditzakete euren arteko beste edozein gairen inguruan, gai horiek hala konpontzea beharrezko dela uste dutenean. Akordio bereziek ezin izango dute presoen egoera kaltetu, Hitzarmen honetan arautzen den bezala, ezta Hitzarmen honetan ematen zaizkien eskubideak ere murriztu.

Gerrako presoek akordio hauen onurak izango dituzte Hitzarmena aplikagarri zaien heinean, oraingo akordioetan zein geroagoko akordioetan, bereziki jasotako kontrako hizpaketak izan ezik; halaber, gatazkan dauden alderdietako batek edo besteak eurentzat neurri onuragarriagoak har ditzake.

7. artikulua

Gerrako presoek ezin izango diete, inolako inguruabarretan, Hitzarmen honetan ematen zaizkien eskubideei, oso-osoan edo zati batean, uko egin eta, hala denean, aurreko artikuluak aipatutako akordio berezietan jasotako eskubideei ere.

8. artikulua

Hitzarmen hau gatazkan dauden alderdien interesak babesteko ardura duten potentzia babesleen lankidetzarekin eta horien kontrolpean aplikatuko da. Horretarako, potentzia babesleek, euren diplomazia edo kontsulatuetako langileez gain, ordezkariak izenda ditzakete euren herritarren artean edo beste potentzia neutral batzuen herritarren artean. Ordezkari horiek zein potentziaren aurrean burutu behar euren eginkizuna eta horien onespena jaso beharko dute.

Gatazkan dauden alderdiek ahalik eta neurri zabalenean erraztuko dute potentzia babesleen ordezkari eta eskuordeen lana.

Potentzia babesleen ordezkariek nahiz eskuordeek ezin izango dute sekula Hitzarmen honetan ematen zaien eginkizunaren neurririk gainditu; kontuan izan beharko dute, bereziki, euren zereginak gauzatzen dituzten estatuaren ezinbesteko segurtasun beharrizanak.

9. artikulua

Hitzarmen honen xedapenak ez dira oztopo Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak, edo beste erakunde humanitario inpartzial batek, gerrako presoen babeserako has ditzaketen egintza humanitarioentzat, ezta gatazkan dauden alderdi interesdunen baimenarekin haiei eman dakizkieken sorospenentzat.

10. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek, une oro, adostu ahal izango dute Hitzarmen honetan potentzia babesleei esleitutako zereginak inpartzialtasun eta eragingarritasun berme guztiak eskaintzen dituen erakunde baten esku uztea.

Gerrako presoek, edozein arrazoi dela bide, potentzia babesle baten egintzen edo aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera izendatutako erakunde baten egintzen onurak jaso ez badituzte, edo dagoeneko jasotzen ez badituzte, atxiloketa egin duen potentziak estatu neutral bati edo delako erakundeari eskatu beharko die, gatazkan dauden alderdiek izendatutako potentzia babesleei Hitzarmen honek esleitutako zereginak beregana ditzaten.

Bide hori erabilita ezin bada babesik lortu, atxiloketa egin duen potentziak, erakunde humanitario bati, kasu, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari, eskatu beharko dio potentzia babesleari Hitzarmen honek esleitutako eginkizun humanitarioak bete ditzan, edo erakunde horren zerbitzu eskaintzak onartu beharko ditu, artikulu honetako xedapenei kalterik egin gabe. Edozein potentzia neutral edo potentzia interesdunak gonbidatutako edozein erakunde edo aipatutako helburuarekin eskaintzen den erakundeak, Hitzarmen honek babesten dituen pertsonak zein gatazka alderdikoak izan eta gatazka alderdi horrekiko duen erantzukizunaz ohartu beharko da. Era berean, berme nahikoa eman beharko du zeregin hori bereganatzeko eta inpartzialtasunaz gauzatzeko.

Ezin izango dira aurreko xedapenak indargabetu potentzien arteko akordio berezien bidez, horietako batek mugatuta badu bere askatasuna, aldi baterako bada ere, beste potentziarekin edo bere aliatuekin negoziatzeko, gertakizun militarrak direla eta, bereziki, bere lurraldea oso-osorik edo zati handi batean okupatua izan den kasuetan.

Hitzarmen honetan potentzia babeslea aipatzen den aldi oro, aipamen horrek izendatzen ditu, orobat, artikulu honen esanguran potentzia babeslea ordezkatzen duten erakundeak.

11. artikulua

Pertsona babestuen intereserako egokia dela iritzi duten bakoitzean, bereziki gatazkan dauden alderdiak ados jartzen ez direnean Hitzarmen honen xedapenen aplikazio edo interpretazioaren inguruan, potentzia babesleek euren jardunbide egokiak emango dizkiete auzia ebazteko.

Helburu horrekin, potentzia babesle bakoitzak aukera izango du, alderdietako baten gonbidapenaren ondoren, edo bere ekimenez, gatazkan dauden alderdiei proposatzeko euren ordezkarien bilera bat, batez ere, gerrako presoez arduratzen diren agintariena, ahal bada, behar bezala aukeratutako lurralde neutral batean egitekoa. Gatazkan dauden alderdiek, zentzu horretan egiten zaizkien proposamenak onartzeko betebeharra izango dute. Potentzia babesleek aukera izango dute, hala denean, gatazkan dauden alderdien onespenaren menpe, potentzia neutralaren herritarra den sona handiko pertsona proposatzeko edo Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak eskuordetutako pertsona aipatua; pertsona horri bileran parte hartzeko gonbitea luzatuko zaio.

II. Titulua: Gerrako presoen babes orokorra

12. artikulua

Gerrako presoak potentzia etsaiaren esku daude, eta ez eurok harrapatu dituzten norbanako edo tropa taldeen esku. Egon daitezkeen banakako erantzukizunez gain, atxiloketa gauzatu duen potentzia da presoek jaso dezaketen tratuaren erantzule.

Atxiloketa egin duten potentziak ezin ditu gerrako presoak eskualdatu, ez bada Hitzarmenean alderdi den beste potentzia bati; eta atxiloketa egin duen potentziak egiaztatu duenean beste potentzia horrek Hitzarmena aplikatu nahi eta ahal duela. Presoak horrela esku aldatuak izan direnean, Hitzarmena aplikatzeko erantzukizuna presoak hartzea onartu duen potentziarena izango da, horiek bere esku dauden bitartean.

Hala ere, potentzia horrek Hitzarmenenaren xedapenak aplikatzeko bere betebeharra betetzen ez badu, edozein puntu garrantzitsutan, orduan, gerrako presoak eskualdatu dituen potentziak, potentzia babeslearen jakinarazpena jaso eta gero, egoera konpontzeko neurri eragingarriak hartu beharko ditu, edota gerrako presoak berari itzultzea eskatu beharko du. Eskaera horri baietza eman beharko zaio.

13. artikulua

Gerrako presoak gizalegez tratatuko dira inguruabar guztietan. Debekatuta dago eta Hitzarmen honen aurkako arau-hauste larritzat hartuko da, atxiloketa egin duen potentziak gauzatutako bidegabeko egintza oro eta bidegabeko ez-egite oro, baldin eta egintza horiek bere esku dagoen gerrako preso baten heriotza eragiten badute edo horren osasuna arrisku larrian jartzen badute. Hainbatez, gerrako presoei ezin izango zaie mutilazio fisikorik egin edo eurekin mediku- edo zientzia-esperimenturik egin, horien izaera edozein izanik ere, presoak duen mediku-tratamenduak hori justifikatzen ez badu, eta horren onerako ez badira.

Era berean, gerrako presoak une oro babestu behar dira, batik bat, indarkeria edo larderia egintza guztien aurka, irainen eta jendearen jakin-minaren aurka.

Presoen aurkako errepresalia-neurriak debekatuta daude.

14. artikulua

Gerrako presoek eskubidea dute, inguruabar guztietan, euren pertsonaren eta euren ohorearen errespeturako.

Emakumeak bere sexuari zor zaizkion begirune guztien arabera tratatu beharko dira eta, edozein kasutan ere, gizonek jasotzen duten besteko tratu onuragarria jasoko dute.

Gerrako presoek euren gaitasun zibil osoa gordeko dute, noiz harrapatuak izan eta orduan zuten berbera. Atxiloketa egin duen potentziak ezin izango du gaitasun horren egikaritza mugatu, gatibualdiak eskatzen duen neurrian baino harago, dela bere lurraldean, dela hortik kanpo ere.

15. artikulua

Gerrako presoak atxilotzen dituen potentziaren kontura izango dira horien mantenua eta baita euren osasun egoerak behar duen dohaineko mediku-laguntzak ere.

.

16. artikulua

Kontuan izanik Hitzarmen honek xedatutakoa mailakatze eta sexuaren inguruan, eta osasun egoera, adina edo bere lanbide-gaitasunengatik gerrako presoek jaso dezaketen tratu lehenetsiari kalterik egin gabe, atxiloketa egin duen potentziak modu berean tratatuko ditu preso guztiak, izaera kaltegarri duen inolako bereizketarik egin gabe, arraza, naziotasun, erlijio, iritzi politiko edo bestelakoak, edota antzeko irizpideetan oinarritutakoak.

III. Titulua Gatibualdia

I. Atala: Gatibualdiaren hasiera

17. artikulua

Gerrako presoari galdeketa eginez gero, horrek ez du izango betebeharrik, ondorengo datuak baino deklaratzeko, hala nola, izen-abizenak, graduazioa, jaioteguna eta bere matrikula-zenbakia edo, hori ezean, horren baliokide bat.

Arau hori hala nahita hausten badu, bere maila edo estatutuko presoei emandako abantailen murrizketa izateko arriskua izango du. Gatazkan dagoen alderdietako bakoitza behartuta egongo da bere jurisdikziopean dauden pertsona guztiei nortasun-txartel bat ematera, pertsona horiek gerrako preso bihur daitezkeenean. Txartel horretan ondorengo datuak agertuko dira: izen-abizenak eta graduazioa, matrikula-zenbakia edo baliokidea eta jaioteguna. Nortasun-txartel horrek jaso dezake, sinadura edo hatz-markak, edo biak, eta gatazkan dauden alderdiek euren indar armatuetako kideei dagokienean, jasotzea nahi izan dezaketen beste edozein argibide. Ahal den neurrian, horrek 6,5 x 10 zm. neurtuko du eta bi ale luzatuko dira. Gerrako presoak nortasun-txartel hori eskatzen zaion bakoitzean erakutsi beharko du, eta inola ere ezin izango zaio txartel hori kendu.

Gerrako presoei ezin izango zaie tortura fisikorik edo moralik egin, ezta inolako presiorik ere, edozein izaerako datuak lortzeko xedearekin. Erantzutera ukatzen diren presoak ezin izango dira mehatxatu ezta iraindu ere, ezta edozein motatako eragozpen edo desabantailarik jasateko arriskuan jarri ere.

Egoera fisiko edo mentalari dagokionez, euren buruak identifikatzeko gai ez diren gerrako presoak Osasun Zerbitzuaren esku utziko dira. Preso horien nortasuna zehazteko ahal diren baliabide guztiak erabiliko dira, aurreko paragrafoko xedapenei kalterik egin gabe.

Gerrako presoei galdeketa eurek ulertzen duten hizkuntza batean egingo da.

18. artikulua

Norberaren erabilerarako gauzak eta objektuak –armak, zaldiak, tresna militarrak eta agiri militarrak salbu– gerrako presoen esku geldituko dira, bai eta metalezko kaskoak, gasaren aurkako aurpegi-babesak eta norberaren babeserako eman zaizkien gainontzeko gaiak. Presoen esku geldituko dira, baita ere, jantziak eta elikagaiak, gai eta objektu horiek tresna militar ofizialen osagai izan arren.

Gerrako presoek beti izango dute nortasun-agiria. Atxiloketa egiten duten potentziak emango dio horrelakorik ez duenari.

Gerrako presoei ezin izango zaizkie kendu graduazio-bereizgarririk ez naziokotasunik, ez kondekoraziorik, ezta, bereziki, balio pertsonal edo sentimentala duten objekturik.

Gerrako presoei daramaten diru kopuruak bakar-bakarrik kenduko zaizkie ofizial batek, horretako agindua ematen duenean eta kopuru horien zenbatekoa eta edukitzailearen datuak erregistro berezi batean gordailutu ondoren, eta ordainagiri zehatz bat eman ondoren; biltzen dituena, ondo irakurtzeko moduan, agiri hori egiten duen pertsonaren izen-abizenak, graduazioa eta unitatea. Atxiloketa egin duen potentziaren monetan dauden kopuruak edo, presoak eskatuta, moneta horretara bihurtu direnak, presoaren kontuan sartuko dira, 64. artikuluarekin bat etorriz.

Atxiloketa egiten duen potentziak ezin izango dizkie gerrako presoei baliozko objektuak kendu, segurtasun arrazoiengatik ez bada. Halako kasuetan, diru kopuruak kentzeko erabiltzen den prozedura berbera jarraituko da.

Objektu horiek eta atxiloketa egin duen potentziaren dirua ez den kendutako diru kopuruak, horien jabeak eskatu ez badu diru aldaketarik, potentzia horrek gorde beharko ditu eta presoak gatibualdia amaitzen denean jasoko du jatorrizko dirua.

19. artikulua

Gerrako presoak, harrapatuak izan eta ahalik eta azkarren, arriskurik ez izateko borroka gunetik aski urruti kokatutako kanpamenduetara eramango dira.

Gerrako presoak bakar-bakarrik atxiki ahal izango dira gune arriskutsu batean, aldi baterako, zauri edo gaixotasunen ondorioz, beraientzako dauden tokian gelditzea baino arriskutsua denean bertatik eramatea.

Gerrako presoak ez dira alferrik arriskuan jarriko borroka gune batetik ateratzeko zain dauden bitartean.

20. artikulua

Gerrako presoen ebakuazioa beti gizatasunez eta atxiloketa gauzatu duen potentziaren tropen lekualdaketen antzeko baldintzetan egingo da.

Atxiloketa gauzatu duen potentziak, gerrako preso ebakuatuei edateko ura eta elikagaiak kopuru nahikoan emango dizkie, eta arropak eta beharrezko mediku-laguntza; beharrezko neurriak hartuko ditu presoen segurtasuna bermatzeko, ebakuazioa egiten den bitartean, eta ahalik eta azkarren aterako du ebakuatutako presoen zerrenda .

Gerrako presoak igarobidezko kanpamenduetatik pasa behar badira ebakuazioa egiten denean, bertako egonaldia ahalik eta laburrena izango da.

II. Atala: Gerrako presoen barneratzea

I. Kapitulua: Orokorrean

21. artikulua

Atxiloketa gauzatu duen potentziak gerrako presoak barneratu ahal izango ditu. Zein kanpamenduetan barneraturik egon eta kanpamendu horrekiko distantzia jakin batetik harago ez urruntzera behartu daitezke edo, kanpamendua hesituta badago, eremu horretatik ez ateratzera. Zigor- eta diziplina-zehapenei buruz Hitzarmen honetan diren xedapenei kalterik egin gabe, preso horiek ezin izango dira ez barneratu , ez konfinatu, hori beharrezkoa ez bada horien osasuna babesteko; edozein kasutan, egoera hori ezin izango da luzatu inguruabarrek eskatzen duten baino denbora gehiago.

Gerrako presoak oso-osorik edo zati batean askatuak izan daitezke horiek hitza ematen badute edo promesa egin, zein potentziaren menpe egon eta potentzia horren legeek hori ahalbidetzen duten heinean; neurri hori, batik bat, presoen osasun-egoera hobetu daitekeen kasuan hartuko da. Presoak ezin dira behartu euren askatasuna onartzera euren hitza edo promesa ematearen trukean.

Liskarrak hasten direnean, gatazkan dagoen alderdi bakoitzak kontrako alderdiari jakinaraziko dio zein lege eta erregelamenduk utzi edo debekatzen dien bere herritarrei askatasuna onartzea, hitza edo promesa ematearen truke. Hitza eman edo promesa egin ondoren askatutako presoak, helburu horrekin jakinarazitako lege eta erregelamenduekin bat etorriz, euren ohorearengatik behartuta gelditzen dira, zein potentziaren menpe egon eta potentzia horren aurrean, eta harrapatu zituen potentziaren aurrean, hartutako konpromisoak zehatz-mehatz betetzera. Halako kasuetan, zein potentziaren menpe egon eta potentzia horrek ezin izango die eskatu, ezta beraiengandik onartu ere, emandako hitza edo egindako promesaren aurkako zerbitzurik.

22. artikulua

Gerrako presoak bakar-bakarrik lehorrean kokatuta dauden establezimenduetan barnera daitezke eta higiene- eta osasun-berme guztiekin; presoen interes propioek justifikatzen dituzten egoera berezietan izan ezik, preso horiek ez dira espetxeetan barneratuko.

Gune osasungaitzetan barneratutako gerrako presoak, edo eurentzat klima kaltegarria duten guneetan, ahalik eta lasterren lekuz aldatuko dira beste leku batera, azken honen klima alderakoagoa dutela.

Atxiloketa gauzatu duen potentziak gerrako presoak kanpamenduetan edo kanpamenduetako ataletan taldekatuko ditu, euren naziokotasuna, hizkuntza eta euren ohiturak kontuan izanda, preso hauek harrapatuak izan ziren unean zein indar armatuetan egon eta indar armatu horretako gerrako presoengandik bereiziak izan ez daitezen, beraiek horretarako ados daudenean izan ezik.

23. artikulua

Gerrako preso bat ezin izango da inoiz bidali edo atxiki borroka guneko tiroketen arriskupean gelditzen den erregio batera; era berean, ezin izango da erabili haren presentzia leku edo une jakin batzuk eragiketa militarren ondorioetatik babesteko.

Gerrako presoek, aireko bonbardaketa eta gerrako beste arriskuen aurkako babeslekuak izango dituzte, tokiko biztanleria zibilak dituen neurri berberean; alde batera utzita arrisku horien aurka euren kantonamenduen babesean parte hartzen dutenak, presoak ahalik eta azkarren joan daitezke babeslekuetara, alerta seinalea izan eta gero. Era berean, aplikagarri izango zaie biztanleriaren mesedetan hartutako beste edozein babes-neurri.

Atxiloketak gauzatu dituzten potentziak elkarri jakinaraziko diete, potentzia babesleen bitartez, gerrako presoen kanpamenduen kokapen geografikoari buruzko datu erabilgarri guztiak.

Izaera militarreko inguruabarrek halakoa ahalbidetzen dutenean, gerrako presoen kanpamenduak seinaleztatu egingo dira, egunez PG edo PW hizkien bidez, airetik erraz ikusteko moduan jarrita hala ere, potentzia interesdunek seinaleztatzeko beste modu batzuk erabaki ditzakete. Bakarrik gerrako presoen kanpamenduak seinaleztatu daitezke modu horretara.

24. artikulua

Igarobidezko kanpamenduak edo sailkatze iraunkorrekoak atal honetan deskribatutakoaren antzera egokituko dira, eta gerrako presoak beste kanpamenduetan izandako erregimen berbera izango dute bertan.

II. Kapitulua: Gerrako presoen ostatua, mantenua eta jantziak

25. artikulua

Gerrako presoen ostatu baldintzak izango dira atxiloketa egin zuen potentziaren tropek duten ostatuarenak bezain egokiak, tropa horiek erregio horretan lekututa daudela. Baldintza horiek presoen usadio eta ohiturekin bat etorri beharko dira eta ez dira, inola ere, euren osasunarentzat kaltegarriak izango.

Aurreko hizkapetak gehienbat gerrako presoen logelei ezarriko zaizkie, bai azalera guztiari eta airearen gutxieneko bolumenari dagokienez; orobat, instalazioei orokorrean eta lo egiteko materialari, mantak barne.

Presoen gelak, banakakoak zein taldekakoak, hezetasunaren aurka erabat babestuta egon beharko dira eta berokuntza nahikoa eta argiztapen egokia izan beharko dituzte, bereziki iluntzetik argiak itzali arte. Sute arriskuaren aurkako neurri guztiak hartuko dira.

Gerrako presoek, emakumeak eta gizonezkoak dauden kanpamendu guztietan, logela bananduak izango dituzte.

26. artikulua

Eguneko oinarrizko mantenua behar bestekoa izango da kopuruari, kalitateari eta barietateari dagokienez, presoak osasun egoera onean mantentzeko eta pisua galtzea edo elikagarri hutsuneak eragozteko. Presoak ohituta dauden elikadura mota ere izango da kontuan. Atxiloketa egin duen potentziak, lan egiten duten gerrako presoei egokitu zaizkien eginbeharrak gauzatzeko beharrezko jaki gehigarriak emango dizkie. Gerrako presoei edateko ur nahikoa emango zaie. Erretzea baimenduta dago.

Ahal den neurrian presoek janariak prestatzen parte hartuko dute; horretarako, sukaldean lana emango zaie, ahal den neurrian. Halaber, eskura duten jaki gehigarriak euren kabuz prestatu ahal izateko baliabideak erraztuko zaizkie.

Gelak atonduko dira jangeletarako eta ofizialen jantokietarako. Janariari dagokionez, diziplina neurri kolektibo oro debekatuta dago.

27. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak emango dizkie gerrako presoei behar besteko jantzi, barruko arropa eta oinetako, presoak dauden erregioaren klima kontuan izanda. Herrialdeko klimari egokitzen badira, gerrako presoak janzteko, atxiloketa egin duen potentziak konfiskatutako armada etsaiaren uniformeak erabil daitezke.

Atxiloketa egin duen potentzia arduratuko da erregulartasunez arropa eta oinetakoak ordeztu eta konpontzeaz. Berebat, lan egiten duten gerrako presoek jantzi egokiak jasoko dituzte euren lanaren izaerak hala eskatzen duenean.

28. artikulua

Kanpamendu guztietan kantinak egongo dira, bertan gerrako presoek elikagaiak, eguneroko objektuak, xaboia eta tabakoa lortzeko aukera izan dezaten; horien prezioa ez da izango tokiko saltokietakoa baino garestiagoa.

Kantinetako irabaziak gerrako presoen mesedetan erabiliko dira; helburu horrekin funts berezia eratuko da. Konfiantzazko gizonak kantinaren administrazioan eta funts horren kudeaketan laguntzeko eskubidea izango du.

Kanpamendu bat ixten denean, funts bereziaren aldeko saldoa nazioarteko erakunde humanitario bati emango zaio, funts hori erabilia izan dadin, funts bera sortzen lagundu duten gerrako presoen naziokotasuna zein izan eta naziokotasun berbera duten gerrako presoen mesedetan. Aberriratzea orokorra denean, irabazi horiek atxiloketa egin zuen potentziaren esku geldituko dira, salbu eta potentzia interesdunek aurkako akordioa hitzartu dutenean.

III. Kapitulua: Higienea eta mediku-laguntza

29. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziaren betebeharra da beharrezko higiene neurri guztiak hartzea, kanpamenduetan garbitasuna eta osasun-egoera bermatzeko eta izurriteak saihesteko.

Gerrako presoek, gau eta egun, higiene-arauak betetzen dituzten instalazioak izango dituzte, garbitasun egoera egokia eta iraunkorra dutenak.Kanpamenduetan gerrako preso emakumeak badira, instalazio bereziak izango dituzte.

Halaber, kanpamenduetan egon behar diren komun eta dutxei kalterik egin gabe, gerrako presoei behar duten beste ur eta xaboi emango zaizkie, eguneroko gorputz-garbitasunerako eta arropak garbitzeko; horretarako, behar diren instalazioak, erraztasunak eta denbora izango dituzte.

30. artikulua

Kanpamendu bakoitzean erizaindegi egokia egongo da, bertan gerrako presoek behar duten laguntza eta dieta egokia izan ditzaten. Beharrezkoa denean, gela isolatuak prestatuko dira gaixotasun kutsakorrak edo buruko gaixotasunak dituzten presoentzat.

Gaixotasun larria edo tratamendu berezia, ebaketa kirurgikoa edo ospitaleratzea behar duten gerrako presoak, halakoen ardura izateko, prestakuntza egokia duen unitate zibil edo militar batean onartuko dira, euren aberriratzea epe laburreran aurreikusita egon arren. Erraztasun bereziak emango dira elbarriei laguntzeko, batez ere, itsuei, eta euren berreziketarako, aberriratzearen zain dauden bitartean.

Gerrako presoak zein potentziakoak izan eta potentzia horren medikuek tratatuko dute gehienbat eta, ahal dela, naziokotasun berbera dutenek.

Ezin izango da eragotzi gerrako presoak mediku-agintaritzarengana joatea, aztertuak izan daitezen. Atxiloketa egin duten agintariek, aztertuak izan eta hala eskatzen duten presoei, adierazpen ofizial bat emango diete, eta bertan jasoko dira zaurien edo gaixotasunaren izaera, tratamenduaren iraupena eta jasotako laguntza. Aipatu adierazpenaren kopia igorriko zaio Gerrako Presoen Agentzia Zentralari.

Laguntza gastuak, barne hartuta gerrako presoak osasun egoera onean mantentzeko beharrezko aparatuak, bereziki hortz-protesiak edo bestelakoak, eta betaurrekoak, atxiloketa egin duen potentziaren kontura izango dira.

31. artikulua

Hilabetean behin gutxienez, presoei mediku-ikuskapenak egingo zaizkie. Preso bakoitzaren pisuaren kontrola eta erregistroa jasoko dute ikuskapen horiek. Horien xedea izango da, batik bat, osasun- eta elikadura-egoera orokorra eta garbitasun-egoera kontrolatzea, eta gaixotasun kutsakorrak antzematea, bereziki tuberkulosia, paludismoa eta gaixotasun benereoak. Horretarako, eskura dauden baliabide eragingarrienak erabiliko dira, hala nola, mikrofilmean seriean egindako aldizkako erradiografia, tuberkulosia hasiera-hasieratik antzemateko.

32. artikulua

Medikuak, dentistak, erizainak diren gerrako presoei, euren indar armatuen osasun-zerbitzura barneratu ez direnei, atxiloketa egin duen potentziak lana emango die medikuntza-jardueran ari daitezen euren potentzia berekoak diren gerrako presoen alde. Kasu horretan, presoak izaten jarraituko dute, baina atxiloketa egin duen potentziak atxikitako medikuei dagokien tratu bera emango zaie. 49. artikuluarekin bat etorriz, ezar dakizkiekeen bestelako lan guztietatik salbuetsita egongo dira.

IV. Kapitulua: Gerrako presoei laguntza emateko atxikitako medikuntza eta erlijio arloko langileak

33. artikulua

Gerrako presoei laguntza emateko eta atxiloketa egin duen potentziaren esku atxikitako osasun eta erlijio arloko langileak ez dira gerrako preso gisa hartuko.

Dena den, Hitzarmen honen abantaila guztiak eta babesa izango dute gutxienez, bai eta gerrako presoei mediku eta erlijio laguntza emateko behar dituzten erraztasun guztiak ere.

Atxiloketa egin duen potentziaren lege eta erregelamendu militarrekin bat etorriz, jardunean jarraituko dute, euren zerbitzu eskudunen agintaritzapean eta euren kontzientzia profesionalaren arabera, eta euren mediku edo espiritu zereginen arabera gerrako presoen mesedetan, eta bereziki, beraiek zein indar armatuetako kide izan eta indar armatu bereko presoen mesedetan. Halaber, euren mediku- eta espiritu-eginkizunetan jarduteko, ondorengo erraztasunak izango dituzte:

a) Kanpamendutik kanpo kokatuta dauden lan destakamenduetako edo ospitaleetako gerrako presoak aldian-aldian ikusteko baimena izango dute. Helburu horretarako, atxiloketa egin duen agintaritzak beharrezko garraiobideak ipiniko ditu euren eskura.

b) Kanpamendu bakoitzean, gorengo graduazioan adinez nagusiena den mediku militarrak kanpamenduko agintari militarren aurrean erantzungo du, atxikitako osasun-langileen jarduerarekin zerikusia duen guztiaren inguruan. Horretarako, gatazkan dauden alderdiak ados jarriko dira, liskarrak hasten direnean, euren osasun-langileen mailakatzearen baliokidetasunari dagokionez, barne hartuta kanpainan dauden indar armatuetako zauritu eta gaixoen baldintzak arintzeko, 1949ko abuztuaren 12ko Genevako Hitzarmenaren 26. artikuluan aipatzen diren sozietateena. Euren eginkizunaren inguruko gai guztietarako, aipatutako medikuak, eta, berebat, kapilauek, kanpamenduko agintari eskudunenganako zuzeneko sarrera izango dute, eta agintari horiek beharrezko erraztasunak emango dizkiete, gai horien inguruan.

c) Kanpamenduko barne diziplinaren menpe egon arren, atxikitako langileak ezin izango dira behartu euren mediku- edo erlijio -eginkizunetik kanpo beste lan bat egitera.

Liskarrek iraun bitartean, gatazkan dauden alderdiak ados jarriko dira atxikitako langileen ustezko erreleboari dagokionez, horren modalitateak zehaztuz.

Aurreko xedapenek ez dute atxiloketa egin duen potentzia askatzen, gerrako presoen inguruan, osasun-arloan nahiz espiritu-arloan dituen betebeharretatik.

V. Kapitulua: Erlijioa, jarduera intelektuala eta fisikoa

34. artikulua

Gerrako presoek askatasun osoa izango dute eurek aukeratutako erlijioa praktikatzeko, barne hartuta erlijio horren kultu-ekitaldietara joatea, baldin eta egintza horiek bateragarriak badira, agintaritza militarrak ezarritako diziplina neurri arruntekin .

Erlijio-ekitaldietarako lokal egokiak erreserbatuko dira.

35. artikulua

Potentzia etsaiaren esku jausten diren kapilauek, potentzia horren menpe geratu eta atxikitzen direnek baimena izango dute gerrako presoei laguntza emateko bere ministerioaren jardunean eta bere erlijiokideen artean askatasunez jarduteko, euren erlijio kontzientziaren arabera. Horiek lan-esparru edo -destakamendu ezberdinen artean banatuko dira, indar armatu bereko gerrako presoak daudenetan, hizkuntza bera hitz egin edo erlijio bera dutenetan. Beharrezko erraztasunak izango dituzte, 33. artikuluan ezarritako garraiobideak barne, euren kanpamendutik at dauden gerrako presoak ikusteko. Zentsurapean, gutuneria askatasuna izango dute, euren ministerioaren erlijio-ekitaldietarako, norekin eta atxilotuak dauden herrialdeko eliza-agintaritzarekin eta nazioarteko erlijio-erakundeekin. Helburu honekin bidaltzen diren gutun eta posta-txartelak 71. artikuluan ezarritako multzora gehituko dira.

36. artikulua

Kultu baten zerbitzari diren gerrako presoek, euren armadaren kapilau izan gabe, baimena izango dute euren erlijiokideen artean beraien ministerioa osotasunean egikaritzeko, kultuaren izena edozein izanik ere. Horri dagokionez, atxiloketa egin duen potentziak atxikitako kapilau gisa tratatuko dira. Ez dira behartuko bestelako lanik egitera.

37. artikulua

Gerrako presoek ez dutenean atxikitako kapilau baten edo euren kultuaren zerbitzari den preso baten laguntzarik, zeregin hori gauzatzeko zerbitzari bat izendatuko da, preso interesdunen eskaera jaso ondoren, zerbitzari horrek aurrekoen sinesmen bera edo antzekoa izango du; holakorik ezean, laiko aditu bat izendatuko da, ikuspegi konfesionaletik begiratuta, hori egingarria bada. Izendapen hori atxiloketa egin duen potentziak onetsi beharko du eta preso interesdun guztien adostasunarekin egingo da eta, beharrezkoa denean, sinesmen bereko tokiko erlijio agintaritzaren baieztapena izango du. Horrela izendatutako pertsonak atxiloketa egin duen potentziak diziplina eta segurtasun militarraren alde ezarritako erregelamendua bete beharko du.

38. artikulua

Preso bakoitzaren lehentasunak errespetatuz, atxiloketa egin duen potentziak presoen jarduera intelektualak, heziketa-, jolas- eta kirol-jarduerak sustatuko ditu; preso bakoitzari dagokion aurrekoen egikaritza bermatzeko neurri egokiak hartuko ditu eta eskuragarri jarriko dizkie lokal egokiak eta beharrezko ekipamendua.

Gerrako presoek ariketa fisikoa egiteko aukera izango dute, kirolak eta jokoak barne, eta kanpoaldera irteteko aukera ere. Helburu horretarako kanpamendu guztietan gune ireki nahikoak gordeko dira.

VI. Kapitulua: Diziplina

39. artikulua

Gerrako presoen kanpamendu bakoitza ofizial arduradun baten zuzeneko agintaritzaren menpe egongo da, atxiloketa egin duen potentziaren indar armatu erregeladun kide dena. Ofizial horrek Hitzarmen honen testua izango du, xedapen hauek bere aginduak bete behar dituztenek ezagutu ditzaten ardura izango du eta honen aplikazioaren erantzukizuna bereganatuko du, gobernuaren beraren zuzendaritzapean.

Gerrako presoek, ofizialak salbu, atxiloketa egin duen potentziaren ofizial guztiak agurtuko dituzte eta armadak berak, indarrean dauden erregelamenduan ezarritako ageriko begirune keinuak adieraziko dizkiete guztiei.

Gerrako preso ofizialek potentzia horren graduazio altuagoko ofizialak agurtuko dituzte bakarrik; hala ere, kanpamenduko komandantea agurtu beharko dute, horren graduazioa edozein izanik ere.

40. artikulua

Graduazio eta naziokotasun bereizgarrien erabilera baimenduko da, bai eta kondekorazioena ere.

41. artikulua

Kanpamendu bakoitzean Hitzarmen honen testua, horren eranskinena eta 6. artikuluan ezarritako akordio guztien edukia ikusgai egongo dira, gerrako presoen hizkuntzan, guztiek kontsultatzeko moduko lekuetan. Ikusgai dagoen alea eskuratzeko aukerarik ez duten presoei, horren inguruko informazioa jakinaraziko zaie, horiek aurretiaz horretarako eskabidea egin badute.

Presoen jokabideari buruzko erregelamenduak, aginduak, ohartarazpenak eta argitalpenak, horien izaera edozein dela ere, jakinaraziko zaizkie presoei, eurek ulertzen duten hizkuntzan; gorago azaldutako baldintzetan egongo dira ikusgai eta konfiantzazko norbanakoari aleak igorriko zaizkio. Presoei banan-banan zuzendutako agindu eta manu guztiak ere ulertzen duten hizkuntzan emango zaizkie.

42. artikulua

Gerrako presoen aurka armak erabiltzea, bereziki, ihes egiten dutenen edo ihes egiten saiatzen direnen aurka, baliabide bat besterik ez da, aldez aurretik eta nahitaez eskatzen duena inguruabarrei egokitutako agindeiak egitea.

VII. Kapitulua: Gerrako presoen graduazioak

43. artikulua

Liskarrak hasi bezain laster, gatazkan dauden alderdiek elkarri jakinaraziko dizkiote Hitzarmen honen 4. artikuluan aipatzen diren pertsona guztien titulu eta graduazioak, graduazio baliokidea duten presoen arteko tratu berdintasuna bermatzeko xedearekin; geroago ezarritako titulu eta graduazioen jakinarazpenak egin beharko dira .

Atxiloketa egin duen potentziak, gerrako presoen graduazio-igoerak aitortuko ditu , zein potentziaren kide izan eta horrek behar bezala jakinarazten badio.

44. artikulua

Ofizialak eta estatutu baliokidea duten presoak euren graduazioari eta adinari zor zaien begirunearen arabera tratatuko dira.

Ofizialen kanpamenduetan zerbitzua bermatzeko indar armatu bereko gerrako preso soldaduak izendatuko dira eta, ahal den guztietan, hizkuntza bera hitz egiten dutenak, behar den kopuruan, ofizialen graduazioa eta estatutu baliokidea duten presoak kontuan hartuta; ez dira behartuta egongo bestelako lanik egitera.

Edozein modutan ere, ofizialek eurek egingo dute elikagaien kudeaketa.

45. artikulua

Ofizialak ez diren eta estatutu baliokidea duten presoak euren graduaziori eta adinari zor zaien begirunearen arabera tratatuko dira.

Edozein modutan ere, presoek eurek egingo dute elikagaien kudeaketa.

VII. Kapitulua: Gerrako presoen lekualdaketa, kanpamendu batera heldu eta gero

46. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak kontuan izan beharko du, presoen lekualdaketa erabakitzen duenean, presoen interesak, gehienbat, eurok aberriratzea oztopo izan ez dadin.

Presoen lekualdaketa gizatasunez egingo da, eta betiere, halako baldintzetan, atxiloketa egin duen potentziak bere tropen lekualdaketetan izaten dituen baldintzak baino kaltegarriagoak ez direnetan. Beti izan beharko dira kontuan gerrako presoak zein klima-baldintzetara ohituta dauden. Lekualdaketaren baldintzak ezin dira, inola ere, kaltegarriak izan euren osasunerako.

Atxiloketa egin duen potentziak, lekualdaketa egiten den bitartean, edateko ura eta elikagaiak kopuru nahikoan emango dizkie gerrako presoei, osasun-egoera egokian mantentzeko, eta arropak, ostatua eta beharrezko mediku-laguntza ere. Beharrezko neurriak hartuko ditu, batik bat, itsasoz edo airez egin beharreko bidaietan, lekualdaketa egiten den bitartean segurtasuna bermatzeko helburuarekin eta irteera baino lehen, lekualdatzen diren presoen zerrenda oso bat egingo du.

47. artikulua

Gaixo edo zaurituta dauden gerrako presoak ez dira lekualdatuko, baldin eta horrek, bidaiaren ondorioz, euren sendatzea arriskuan jartzen badu, euren segurtasunak halakoa eskatzen duen bitartean.

Tiroketa lerroa kanpamendu batera hurbiltzen bada, bertan dauden gerrako presoak bakarrik lekualdatuko dira operazioa segurtasun baldintza nahikoarekin egin daitekeenean, edo bertan gelditzea arriskutsuagoa denean lekualdatzea egitea baino.

48. artikulua

Lekualdaketa gauzatzen bada, presoei modu ofizialean jakinaraziko zaie irteera eta posta-helbide berria; jakinarazpen hori aurrerapen nahikoarekin egingo da, presoek euren ekipajea egin eta euren familiak jakinaren gainean jar ditzaten.

Baimena izango dute bakoitzak bere gauzak, gutuneria eta jaso dituzten fardelak aldean eramateko; gauza horien pisua muga daiteke, lekualdaketaren baldintzek hala eskatzen badute, preso bakoitzak dituen ahalen arabera, hark eraman dezakeen mugaraino; edozelan ere, onartutako pisua hogeita bost kilotik gorakoa izango da.

Aurreko kanpamendura bidalitako gutuneria eta fardelak atzerapenik gabe igorriko zaizkie. Kanpamenduko komandanteak, konfiantzazko norbanakoarekin bat etorriz, gerrako presoen ondasun kolektiboen transferentzia bermatzeko neurri egokiak hartuko ditu; orobat, euren ekipajeena, artikulu honen bigarren paragrafoaren arabera ezarritako murrizketak direla eta, presoek horiek eraman ezin izan dituztenean.

Lekualdaketek eragindako gastuak atxiloketa egin duen potentziaren kontura izango dira.

III. Atala: Gerrako presoen lana

49. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak, gorputz indarraren aldetik lanerako gai diren gerrako presoei lana eman diezaieke, euren adina, sexua eta graduazioa kontuan hartuta, eta horien gaitasun fisikoak, batez ere, eurak osasun-egoera fisiko eta moral egokian mantentzeko helburuarekin.

Gerrako preso ofizialordeak ezin dira behartu zaintza lanak baino egitera. Horretara behartuta ez daudenak, komeni zaien beste lanen bat eska dezakete eta, ahal den neurrian, lan hori emango zaie.

Ofizialek edo antzeko estatutua duten pertsonek komeni zaien lan bat eskatzen badute, hori eman egingo zaie, ahal den neurrian. Inola ere, behartuko dira lan egitera.

50. artikulua

Kanpamenduaren administrazio-, egokitze- eta artatze-lanetatik aparte, gerrako presoak ezin izango dira behartu ondoren zerrendatutako lan-kategorietatik kanpo dauden lanak egitera:

a) nekazaritza;

b) industria ekoizleak, erauzketa- edo manufaktura-industriak, salbuetsita gelditzen dira metalurgia industriak, mekanikoak eta kimikoak, obra publikoak eta eraikin militarrak edo helburu militarra dutenak;

c) garraiobideak eta mantenua, horien izaera eta helburua militarra ez denean,

d) merkataritza jarduerak eta jarduera artistikoak;

e) etxe-zerbitzuak;

f) izaera eta helburu militarra ez duten zerbitzu publikoak.

Agindu horiek urratzen badira, 78. artikuluarekin bat etorriz, baimena emango da gerrako presoek kexa eskubidea egikari dezaketen.

51. artikulua

Gerrako presoek lan baldintza egokiak izan beharko dituzte, batez ere, ostatuari, elikadurari, jantziei eta materialei dagokienez; baldintza horiek atxiloketa egin duen potentziaren naziokoek antzeko lanetarako jarritako baldintzak baino beheragokoak ez dira izango; berebat, klima-baldintzak ere kontuan hartuko dira.

Atxiloketa egin duen potentziak, gerrako presoei lana eman dienak, bermatuko du presoek lan egiten duten erregioetan, aplika daitezen lanaren babesari buruzko nazio-legeak eta, are gehiago, langileen segurtasunari buruzko erregelamenduak. Gerrako presoek zein lan egin behar eta horretarako prestakuntza jasoko dute eta babes-tresna egokiak izango dituzte eskuragarri; aurreko horiek atxiloketa egin duen potentziaren herritarrentzat aurreikusita daudenen antzekoak izango dira. 52. artikuluaren xedapenei kalterik egin gabe, presoek izan ditzakete eskulan zibilak ohiz izaten dituen arrisku berberak.

Nolanahi ere, diziplina neurriek ezin izango dituzte lan baldintzak neketsuagoak bihurtu.

52. artikulua

Nork bere borondatez eskatua ez bada, gerrako presoei ezin izango zaie lanik eman, lan hori osasunaren kalterako edo arriskutsua bada.

Gerrako presoei ez zaie esleituko atxiloketa egin duen potentziako indar armatuen kide batek apalesgarri jo dezakeen lanik.

Minak edo antzeko gailuak jasotzea lan arriskutsutzat jotzen da.

53. artikulua

Gerrako presoen eguneroko lana, joan-etorriko ibilbidea barne, ez da gehiegi luzatuko, edozein modutan ere, ez da izango erregioko langile zibilentzat onartutakoa baino luzeagoa, horiek atxiloketa egin duen potentziaren herritarrak direla, eta izaera bereko lanetan dihardutela. Gerrako presoei, eguneroko lanaldiaren erdialdera, nahitaez emango zaie gutxienez ordu beteko atsedenaldia, atsedenaldia atxiloketa egin duen potentziaren langileei ezarritako berbera izango da, hori luzeagoa bada. Astero, etenik gabeko hogeita lau orduko beste atsedenaldi bat emango zaie, ahal dela igandean, edo euren jatorrizko herrialdean jaieguna den egunean. Berebat, urtebetez lan egin duen preso orok ondoz ondoko zortzi eguneko atsedenaldia izango du, eta epe horretan lanagatik dagokion kalte-ordaina ordainduko zaio.

Abespeluan eta antzeko lan metodoak erabiltzen badira ere, horiek lanaren iraupena ez dute gehiegi luzatuko.

54. artikulua

Gerrako presoentzat lanaren kalte-ordaina Hitzarmen honen 62. artikuluaren hizpaketen arabera zehaztuko da.

Lan istripuen biktima diren gerrako presoek, edota lanean edo berain lanaren ondorioz gaixotasunen bat harrapatzen dutenek, euren egoerak eskatzen duen laguntza jasoko dute. Berebat, atxiloketa egin duen potentziak mediku-ziurtagiria emango die horiei zein potentziaren mendekoak izan eta horren aurrean euren eskubideak baliatu ahal izateko eta horren kopia 123. artikuluan ezarritako Gerrako Presoen Agentzia Zentralari igorriko dio.

55. artikulua

Gerrako presoek lan egiteko gaitasuna aldizka kontrolatuko da mediku-azterketen bidez, gutxienez hilabetean behin. Azterketa horietan kontuan izan beharko da, bereziki, egin beharreko lanen izaera.

Gerrako preso batek lan egiteko ezgaitua dela uste badu, bere kanpamenduko mediku-agintaritzaren aurrean aurkezteko baimena izango du; medikuak gomenda dezakete preso batzuk lan egitetik aske uzteko, euren iritziz lan egiteko ezgaiak badira.

56. artikulua

Lan destakamenduen antolakuntza eta administrazioa gerrako presoen kanpamenduen parekoak izango dira.

Lan destakamendu orok gerrako presoen kanpamendu baten kontrolpean jarraituko du, eta administrazioari dagokionez, horren menpe egongo da. Agintaritza militarrak eta aipatu kanpamenduko komandantea arduratuko dira, euren Gobernuaren kontrolpean, lan destakamenduan Hitzarmen honen xedapenak bete daitezen.

Kanpamenduko komandanteak bere kanpamenduaren menpe dauden lan destakamenduen zerrenda eguneratua izango du eta zerrenda hori jakinaraziko die, dela, potentzia babeslearen ordezkariei, dela Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen ordezkariei, dela kanpamendura bisita egin eta gerrako presoei laguntza ematen dieten beste erakunde batzuen ordezkariei.

57. artikulua

Partikularrek enplegatutako gerrako presoei zor zaien tratua, partikularrek eurek bermatu arren, euren erantzukizunpean, presoen zaintza eta babesa, Hitzarmen honek ezarritakoaren bestekoa izango da gutxienez; atxiloketa egin duen potentziak, agintaritza militarrek eta preso horiek zein kanpamendutan egon eta bertako komandanteak erantzukizun guztiak bereganatuko dituzte gerrako presoen mantenu, laguntza, tratua eta egindako lanari dagokion kalte-ordainen inguruan.

Horiek, halaber, zein kanpamenduren menpe egon eta kanpamendu horren konfiantzazko norbanakoekin harremanetan egoteko eskubidea izango dute .

IV. Atala: Gerrako presoen diruak

58. artikulua

Liskarrak hasten direnean, eta zentzu honetan potentzia babeslearekin ados jartzeko zain dagoen bitartean, atxiloketa egin duen potentziak zehaztu ahal izango du gerrako presoek izan dezaketen eskudiruaren edo horren baliokidearen gehieneko zenbatekoa. Presoek legez duten dirutik kendu eta atxikitako soberakinak eta egindako gordailu oro, euren kontuan sartu beharko da eta ezin izango da beste moneta batean bihurtu euren baimenik gabe.

Gerrako presoek baimena dutenean erosketak egiteko eta zerbitzuak jasotzeko, eskudirutan egindako ordainketaren bidez, kanpamendutik kanpo, ordainketa hori presoek beraiek edo kanpamenduaren administrazioak egingo du; administrazioak gastuak kontabilizatuko ditu dagokion kontuaren zorrean. Atxiloketa egin duen potentziak gai honen inguruan beharrezko xedapenak emango ditu.

59. artikulua

Atxilotze unean gerrako presoei atxiloketa egin duen potentziaren monetan, haiek zituzten eta kendu zaizkien zenbatekoak, 18. artikuluarekin bat etorriz, dagokion kontuan sartuko dira, atal honen 64. artikuluan xedatzen den moduan.

Era berean, kontu horretan sartuko dira, beste moneta batetik atxiloketa egin duen potentziaren monetara bihurtutako kopuruak, diru hori gerrako presoei, atxiloketa une horretan bertan, kendutakoa delarik.

60. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak gerrako preso guztiei hileko ordainsariaren aurrerakin bat abonatuko die, eta zenbateko hori zehaztuko da potentzia horren monetara bihurtzetik, ondorengo kopuruetan:

I. Kategoria: sarjentua baino graduazio baxuagoa duten presoei: zortzi franko suitzar.

II. Kategoria: sarjentuak eta graduazio baliokidea duten beste ofizialorde edo presoei: hamabi franko suitzar.

III. Kategoria: kapitain graduazio arteko ofizialak edo graduazio baliokidea dutenei: berrogeita hamar franko suitzar.

IV. Kategoria: komandante, teniente koronelak, koronelak edo graduazio baliokidea duten presoei: hirurogei franko suitzar.

V. Kategoria: jeneralak edo graduazio baliokidea duten presoei: hirurogeita hamabost franko suitzar.

Hala ere, gatazkan dauden alderdi interesdunek akordio berezien bitartez, aldatu dezakete zerrendatutako kategorietako presoen ordainsarien aurrerakinen zenbatekoa.

Orobat, lehenengo paragrafoan ezarritako kopuruak altuegiak badira atxiloketa egin duen potentziako indar armatuen kideek jasotzen duten ordainsariarekin konparatuz edo, beste edozein arrazoirengatik arazo larriak sortarazten badizkio potentzia horri, potentzia horrek, gerrako presoak zein potentziako kide izan eta horrekin aipatu kopuruak aldatzeko akordio berezi bat ituntzeko zain dagoen bitartean:

a) presoen kontuan lehenengo paragrafoan ezarritako kopuruak sartzen jarraituko du;

b) aldi baterako, ordainsaritik kendutako aurrerakinen kopuruak arrazoizko zenbatekoetara murriztu ditzake. Aipatu kopuruak presoen eskura jarriko ditu, horiek erabil ditzaten; hala ere, I. kategoriako presoentzat, kopuru horiek ez dira inoiz izango atxiloketa egin duen potentziak bere indar armatuetako kideei ordaintzen diena baino gutxiagokoak.

Atzerapenik gabe jakinaraziko zaizkio potentzia babesleari murrizketa horien arrazoiak.

61. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak gerrako presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horrek ordainsariaren osagarri gisa bidalitako dirua onartu egingo du, baldin eta kategoria bereko preso guztientzat kopuruak berdinak badira, potentzia horren menpe dauden kategoria horretako preso guztiei ematen bazaie, eta ahalik eta arinen, presoen norbanako kontuetan sartzen badira, 64. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Ordainsariaren osagarri horiek ez dute atxiloketa egin duen potentzia askatzen Hitzarmen honi dagozkion betebeharretatik.

62. artikulua

Gerrako presoek, atxiloketa egin duten agintarien eskutik zuzenean jasoko dute, euren lanagatik bidezko kalte-ordain bat, horren zenbatekoa aipatu agintariek zehaztuko dute, baina lanaldi oso bat ezin izango da sekula ordaindu franko suitzar baten laurdena baino gutxiago. Atxiloketa egin duen potentziak presoei, eta horiek zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri jakinaraziko dizkie, potentzia babeslearen bitartez, eguneko lanagatik kalte-ordain gisa zehaztu dituen zenbatekoak.

Atxiloketa egin duten agintariek lanari dagokion kalte-ordaina ordainduko diete gerrako presoei, horiek modu iraunkorrean izendatu direnean administrazioarekin, barne-egokitzearekin edo kanpamenduen zaintzearekin zerikusia duten zereginak gauzatzeko edota lanbide-eginkizunak egiteko. Orobat, euren armada kideen mesederako zeregin espiritualak edo mediku-zereginak betetzen dituzten presoei ere.

Konfiantzazko norbanakoaren lanaren kalte-ordaina, bere laguntzaileena eta, kasuan kasu, bere aholkulariena, kantinako irabaziek sortutako funtsetatik aterako dira; horien zenbatekoa konfiantzazko norbanakoak zehaztuko du eta kanpamenduko komandanteak onetsi. Halako funtsik ez badago, atxiloketa egin duten agintariek ordainduko die preso horiei bidezko kalte-ordain bat, egindako lanagatik.

63. artikulua

Gerrako presoek baimena izango dute, eurei banaka edo taldean bidalitako diruak jasotzeko.

Preso bakoitzak bere kontuaren aldeko saldoa erabiliko du, hurrengo artikuluan zehazten den moduan, atxiloketa egin duen potentziak zehaztutako mugen barruan; azken horrek ordainduko dizkio eskatutako ordainketak. Honek ezinbestekotzat jotzen dituen finantza- edo moneta-murrizketei kalterik egin gabe, presoek baimena izango dute atzerrian ordainketak egiteko. Kasu horretan, atxiloketa egin duen potentziak, presoek haren kargura dauden pertsonei egindako ordainketen aldeztuko du bereziki.

Edozein kasutan, gerrako presoek zein potentziaren menpe egon eta aurretiaz potentzia horren baimena izanik, aukera izango dute norberaren herrialdean ordainketak egiteko, ondorengo prozeduraren arabera: atxiloketa egin duen potentziak aipatu potentziari jakinarazpen bat igorriko dio, potentzia babeslearen bitartez, jakinarazpen horrek jasoko ditu igorlearen eta hartzailearen inguruan komenigarri diren aipamen guztiak eta ordaindu behar den zenbatekoa, atxiloketa egin duen potentziaren monetan adierazia; jakinarazpen hori preso interesdunak sinatuko du eta kanpamenduko komandantearen oniritzia izango du. Atxiloketa egin duen potentziak zenbateko hori zordunduko du dagokion kontuan; horrela zordundutako kopuruak presoak zein potentziaren menpe egon eta horren hartzekoan sartuko dira.

Aurreko aginduak aplikatzeko, Hitzarmen honen V. eranskinean agertzen den erregelamendu eredua kontsultatzea erabilgarria izan daiteke.

64. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak preso bakoitzari kontu bat irekiko dio, eta horrek gutxienez ondorengo argibideak izango ditu:

1) presoari zor zaizkion kopuruak edo horrek ordainsariaren aurrerakin gisa jasotakoak, lanaren kalte-ordain gisa edo beste edozein arrazoirengatik; eta atxiloketa egin duen potentziaren monetan, presoari kendutako kopuruak eta horrek horrela eskatuta, potentzia horren monetara bihurtutakoak;

2) presoari eskudirutan edo horren baliokidean emandako kopuruak; bere kontura, eta berak eskaera egin ondoren, egindako ordainketak; aurreko artikuluaren hirugarren paragrafoaren arabera transferitutako kopuruak.

65. artikulua

Gerrako preso baten kontuan egindako idatzohar guztiek bere sinadura edo izenpekoa izango dute, edo bere izenean diharduen konfiantzazko norbanakoarena.

Gerrako presoei, edozein unetan, euren kontua kontsultatu eta horren kopia jasotzeko erraztasunak emango zaizkie; kontua potentzia babeslearen ordezkariek ere egiazta dezakete kanpamenduak ikuskatzen dituztenean.

Gerrako presoak kanpamendu batetik beste batera lekualdatzen direnean, euren kontu pertsonala ere lekualdatuko da. Atxiloketa egin duen potentzia batetik beste batera transferitze kasuan, eurenak diren kopuruak eta atxiloketa egin duen potentziaren monetan ez daudenak ere transferituko dira; kontuan euren alde gelditzen diren beste kopuruengatik egiaztagiria emango zaie.

Gatazkan dauden alderdi interesdunak ados jar daitezke, potentzia babeslearen bitartez eta zehaztutako tarteetan, gerrako presoen kontuen egoerak elkarri jakinarazteko.

66. artikulua

Gerrako presoaren gatibualdia, askapenagatik edo aberriratzeagatik bukatzen denean, atxiloketa egin duen potentziak adierazpen bat emango dio, eskumena duen ofizial batek sinatuta, adierazpen horretan jasoko da zein saldo duen alde gatibualdia bukatzean. Beste aldetik, atxiloketa egin duen potentziak gerrako presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri zerrendak bidaliko dizkio, potentzia babeslearen bitartez; zerrenda horiek jasotzen dituzte gatibualdia amaitu duten presoen inguruko argibide guztiak, gatibualdia aberriratzeak, askatzeak, ihesak, heriotzak edo beste edozerk eragin badu; eta zerrenda horietan bereziki agertuko dira, eurei dagozkien kontuen saldoak. Zerrenda horietako orri bakoitza atxiloketa egin duen potentziak baimendutako ordezkari batek kautotuko du.

Potentzia interesdunek, akordio bereziaren bitartez, lehenago ezarritako xedapenak eraldatu daiteke, osorik edo zati batean.

Gerrako presoa zein potentziaren menpe egon eta horrek bere gainean hartzen du atxiloketa egin duen potentziak zor dion bere aldeko saldoa likidatzeko erantzukizuna, behin gatibualdia bukatzen denean.

67. artikulua

Gerrako presoek jasotako ordainsariaren aurrerakinak, 60. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, zein potentziaren menpe egon eta potentzia horren izenean egindako ordainketa gisa hartuko dira; ordainsariaren aurrerakinak eta, 63. artikuluaren hirugarren paragrafoaren eta 68. artikuluaren arabera, potentzia horrek egindako ordainketa guztiak, potentzia interesdunen artean adostuko dira, behin liskarrak amaitu eta gero.

68. artikulua

Gerrako presoek, lanaren ondoriozko istripu edo edozein ezgaitasunengatik egindako kalte-ordainen eskaera oro zein potentziaren menpe egon eta horri jakinaraziko zaio, potentzia babeslearen bitartez. 54. artikuluaren xedapenekin bat etorriz, atxiloketa egin duen potentziak gerrako presoari, kasu guztietan, adierazpen bat bidaliko dio eta bertan agertuko dira zauriaren edo ezgaitasunaren izaera, zein inguruabarretan gertatu den eta jaso duen mediku edo ospitale-laguntzaren inguruko datuak. Adierazpen hau atxiloketa egin duen potentziaren ofizial arduradun batek sinatuko du; mediku izaera duten txostenak osasun-zerbitzuko mediku batek egiaztatuko ditu.

Era berean, atxiloketa egin duen potentziak gerrako presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri jakinaraziko dio preso batek egindako kalte-ordain eskaera oro, norberaren gauzen inguruan, diru kopuruen inguruan edo 18. artikuluaren arabera kendu dizkieten baliozko objektuen inguruan, aberriratu dutenean itzuli ez zaizkionak, eta presoak atxiloketa egin duen potentziari edo horren agenteren bati egozten dion galera baten ondorioz egindako kalte-ordain eskaera oro. Atxiloketa egin duen potentziak, berriz, bere kontura ordeztuko ditu presoak gatibualdian zehar behar dituen gauza pertsonalak. Kasu guztietan, atxiloketa egin duen potentziak, ofizial arduradun batek sinatuta, adierazpen bat igorriko dio presoari, eta bertan jasoko da bere gauza pertsonalak, diru kopuruak edo baliozko objektuak ez itzultzearen arrazoiei buruzko informazio egoki guztia. Presoa zein potentziaren menpe egon eta horri adierazpen horren kopia bat igorriko zaio, 123. artikuluan ezarritako Gerrako Presoen Agentzia Zentralaren bitartez.

V. Atala

Gerrako presoen harremanak kanpoaldearekin

69. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak, gerrako presoak bere esku dituen bezain laster, horiei eta horiek zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri jakinaraziko dizkie, potentzia babeslearen bitartez, atal honen xedapenak aplikatzeko ezarritako neurriak; neurri horien edozein eraldaketa ere jakinaraziko die.

70. artikulua

Gerrako preso bakoitzak baimena izango du atxilotua izan bezain laster edo, gehienez ere, kanpamendura heldu eta aste betera, hori behin-behineko kanpamendua izan arren, edo gaixotasun kasuan edo lazareto batera edo beste kanpamendu batera eraman duten kasuan, zuzenean bere familia kideei eta 123. artikuluan ezarritako Gerrako Presoen Agentzia Zentralari, halako txartela bidaltzeko.Txartel hori, ahal dela, Hitzarmen honen eranskinean dagoen ereduaren arabera idatziko da eta bertan jakinaraziko zaizkie hartzaileei presoaren gatibutasuna, helbidea eta osasun-egoera. Txartel horiek ahalik eta arinen bidaliko dira, eta eurok bidaltzea ezin izango da inola ere atzeratu.

71. artikulua

Gerrako presoek gutunak eta posta-txartelak bidali eta jasotzeko baimena izango dute. Atxiloketa egin duen potentziak irizten badu gutuneria hori mugatzeko beharra dagoela, baimena eman beharko du, gutxienez, hilean bi gutun eta lau txartel bidaltzeko, eta ahal dela, Hitzarmen honen eranskineko ereduen arabera idatziak (hau 70. artikuluan ezarritako txartelak kontuan izan gabe). Aurrekoari ezin izango zaio beste murrizketarik ezarri, atxiloketa egin duen potentziak izan ditzakeen zailtasunak baino, hain zuzen ere, itzultzaile kalifikatu nahikoak biltzeko, horiek beharrezko zentsura egin dezaten, eta betiere, potentzia babesleak arrazoiak baditu uste izateko muga horiek presoen intereserako egokiak direla. Presoei bidalitako gutuneria mugatu egin behar bada, erabaki hori zein potentziaren menpe egon eta potentzia horrek baino ezin izango du hartu, kasuan kasu, atxiloketa egin duen potentziak hala eskatuta. Gutunak eta txartelak atxiloketa egin duen potentziak baditu, era azkarrenen bidez igorri beharko dira; eta ezin izango dira atzeratu edo geldiarazi diziplina arrazoiengatik.

Denbora luzean familiakoen berririk ez duten gerrako presoek edo jasotzeko aukerarik ez dutenek edo bide arruntetik bidaltzeko aukerarik ez dutenek, eta familiarengandik oso urruti daudenek, euren arteko distantzia handiagatik, telegramak bidaltzeko baimena izango dute eta horien kostua atxiloketa egin duen potentziaren kontuaren zorrean kontabilizatuko da edo bere esku dagoen diruarekin ordainduko da. Presoek onura honi etekina aterako diote larrialdi kasuetan.

Orokorrean, presoen gutuneria bakoitzaren ama hizkuntzan idatziko da. Gatazkan dauden alderdiek baimendu dezakete beste hizkuntza batzuetan egindako gutuneria.

Presoen gutuneria duten posta-zakuak kontu handiz lakratuko dira, eta horien edukia modu argian azaltzen duten etiketak eramango dituzte, eta posta-zakuak norako izan eta horko postetxera bidaliko dira.

72. artikulua

Gerrako presoek baimena izango dute, posta bidez edo beste edozein baliabideren bitartez, banakako edo taldeko fardelak jasotzeko, horien edukia denean, bereziki, jakiak, arropa, botikak eta beraien beharrak asetzeko gaiak, erlijio, ikasketa edo aisiari dagokionez, liburuak, kultu objektuak, material zientifikoa, azterketa ereduak, musika-tresnak, kirol osagarriak eta presoei euren ikasketekin jarraitu edo egintza artistiko bat gauzatzeko aukera ematen dien materialak barne.

Bidalketa horiek ezin izango dute, inola ere, atxiloketa egin duen potentzia askatu Hitzarmen honen arabera dituen betebeharretatik.

Bidalketa horiei ezar dakizkiekeen mugaketa bakarrak potentzia babesleak proposatuko ditu, gerrako presoen intereserako, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak edo gerrako presoei laguntza ematea joaten den beste edozein erakundek, bakar-bakarrik garraiobide eta komunikabideentzat ezohiko gainkargak direnean, bidalketei dagokienez.

Banakako edo taldeko fardelen bidalketari dagozkion modalitateak potentzia interesdunen arteko akordio berezien objektu izango dira, hori beharrezkoa bada, eta alderdiek ezin izango dute, inola ere, gerrako presoen artean laguntza bidalketen banaketa atzeratu. Jaki eta arropa sortak ez dute libururik edukiko; orokorrean, mediku-laguntzak fardel kolektiboetan bidaliko dira.

73. artikulua

Laguntza kolektiboen bidalketen jasotze eta banatze inguruko modalitateei buruz potentzia interesdunen artean akordio berezirik egon ezean, Hitzarmen honen eranskinaren erregelamendua aplikatuko da.

Gorago aipatutako akordio berezietan ezin izango da mugatu, inola ere, konfiantzazko norbanakoek duten eskubidea gerrako presoei igorritako laguntza kolektiboko bidalketak eskuratzeko, horiek banatzeko eta xedatzeko, presoen euren intereserako.

Akordio horietan ezin izango da murriztu potentzia babeslearen ordezkariek duten eskubidea, ezta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearena edo presoei laguntza ematen dieten beste edozein erakundeena, zein erakundeen esku egon laguntza kolektiboen bidalketa eta erakunde horiena, zertarako eta hartzaileei egindako banaketa kontrolatzeko.

74. artikulua

Gerrako presoei bidalitako laguntza guztiak sarrera- eta aduana-zergetaik eta bestelako zerga batzuetatik salbuetsita egongo dira.

Posta-tasa guztietatik salbuetsita egongo dira, jatorrizko herrialdetan nahiz xede herrialdetan, eta tarteko herrialdeetan ere, gerrako presoei bidalitako gutuneria, laguntza-fardelak eta baimendutako diru bidalketak, edota beraiek posta bidez bidalitakoak, zuzenean zein zeharka, 122. artikuluan ezarritako informazio-bulegoen bitartez eta 123. artikuluan aipatu Gerrako Presoen Agentzia Zentralaren bitartez.

Gerrako presoei bidalitako laguntzen garraio-gastuak, pisua edo beste arrazoiren bat dela bide, ezin zaienean eurei posta bidez igorri, atxiloketa egin duen potentziaren kontura izango dira, horren kontrolpean dauden lurralde guztietan. Hitzarmenean alderdi diren beste potentziek ordainduko dituzte bakoitzari dagozkion garraio-gastuak, euren lurraldeetan.

Potentzia interesdunen artean akordio berezirik ez badago, bidalketa horien garraio-gastuak igorleak ordainduko ditu, gorago aipatutako frankiziek estaldu ez badituzte. Alderdi kontratugile gorenak ahaleginduko dira presoek igorritako edo eurei bidalitako telegrama-tasak, ahalik eta gehien murrizten .

75. artikulua

Eragiketa militarrek oztopatzen badiete potentzia interesdunei 70, 71, 72 eta 77. artikuluek ezarritakoaren arabera, bidalketen garraioa bermatzeko duten betebeharra betetzea, orduan potentzia babesle interesdunak, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea edo gatazkan dauden alderdiek onartutako beste edozein erakunde ardura daitezke delako bidalketen garraioa bermatzeko, horretarako bide egokiak erabiliz (bagoiak, kamioiak, itsasontziak edo hegazkinak, etab.). Helburu horretarako, alderdi kontratugile gorenek ahal den guztia egingo dute halako garraiobideak emateko eta horien zirkulazioa baimentzeko, ibilbide horretarako beharrezko diren baimen agiriak luzatuko dituzte.

Garraiobide horiek erabil daitezke ondorengoak bidaltzeko:

a) 123. artikuluan ezarritako Informazioaren Agentzia Zentralaren eta 122. artikuluan ezarritako bulego nazionalen artean trukatzen dituzten gutuneria, zerrendak eta txostenak;

b) potentzia babesleek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak edo presoei laguntza ematen dien beste edozein erakundek trukatzen dituzten gerrako presoei buruzko gutuneria zerrendak eta txostenak, dela, ordezkari propioekin, dela, gatazkan dauden alderdiekin .

Xedapen horiek ez dute, inola ere, murrizten gatazkan dauden alderdi bakoitzak beste garraiobide batzuk antolatzeko duen eskubidea, hala nahi badu eta ibiltzeko baimen-agiriak luzatzeko, aldez aurretik ezarritako baldintzetan.

Akordio berezirik egon ezean, garraiobide hauek erabiltzeagatik sortutako gastuak gatazkan dauden zein alderdietako menpekoek erabili eta alderdi horiek hainbanakoan ordainduko dituzte.

76. artikulua

Presoei bidalitako edo beraiek igorritako gutuneriaren zentsura ahalik eta epe laburrenean egin beharko da. Estatu igortzaileek eta hartzaileak, bakoitzak behin bakarrik, egin dezakete hori.

Gerrako presoei zuzendutako bidalketen kontrola ezin izango da egin halako baldintzetan, non kontrolpeko gaien iraupena arriskuan jartzen den; idazki edo inprimakiak izan ezik, hartzailearen edo berak baimendutako armada kide baten aurrean egingo da. Banakako bidalketak edo bidalketa kolektiboak ematea ezin izango da atzeratu zentsura zailtasunen aitzakiarekin.

Arrazoi militar edo politikoak direla eta, gatazkan dauden alderdiek ezarritako gutuneria debeku oro behin-behinekoa baino ez da izango, eta ahalik eta gutxien iraungo du.

77. artikulua

Atxiloketa egin duten potentziek erraztasun guztiak emango dituzte presoei zuzendutako edo horiek igorritako aktak, egiaztagiriak eta dokumentuak, batik bat, ahalordeak eta testamentuak, bidaltzeko, Potentzia babeslearen bitartez edo 123. artikuluan ezarritako Gerrako Presoen Agentzia Zentralaren bitartez.

Edozein kasutan ere, atxiloketa egin duten potentziek gerrako presoei delako agiriak idazteko erraztasunak emango dizkiete; eta baimena emango diete, batez ere, legelari bati kontsulta egiteko, eta neurri egokiak hartuko dituzte euren sinaduraren kautotasuna ziurtatzeko.

VI. Atala

Gerrako presoek agintariekin izan ditzaketen harremanak

I. Kapitulua: Gatibutasun-erregimenaren ondoriozko gerrako presoen kexak

78. artikulua

Gerrako presoek eskubidea izango dute, zein agintaritza militarren esku egon eta horiei eskaerak egiteko, presoei gatibutasun-erregimenaren inguruari dagokionez.

Eskubidea izango dute baita ere, inolako murrizketarik gabe, konfiantzazko norbanakoaren bitartez, nahiz zuzenean, beharrezkoa dela uste badute, potentzia babesleen ordezkariengana jotzeko, gatibutasun-erregimenaren inguruan dituzten kexa arrazoiak zeintzuk diren azaltzea.

Eskaera eta kexa horiek ez dira mugatuko eta 71. artikuluan aipatutako gutuneria multzoaren osagaitzat ere ez dira hartuko. Berehala igorri beharko dira eta horien ondorioz ezin izango da zigorrik ezarri, kexak oinarririk gabekoak izan arren.

Konfiantzazko norbanakoek aldizkako txostenak bidal diezazkiekete potentzia babesleen ordezkariei, kanpamenduen egoeraren inguruan eta gerrako presoen premien inguruan.

II. Kapitulua

Gerrako presoen ordezkariak

79. artikulua

Gerrako presoak dauden leku bakoitzean, ofizialak daudenetan salbu, presoek askatasunez eta isilpeko botoen bidez, sei hilabetetik behin, eta postua hutsik gelditzen den kasuetan, konfiantzazko norbanakoak aukeratuko dituzte, horiek presoak agintaritza militarren aurrean, potentzia babesleen aurrean, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen aurrean eta laguntza ematen dien beste edozein erakunderen aurrean ordezka ditzaten; konfiantzazko norbanakoak berriz hauta daitezke.

Ofizialen edo estatutu baliokidea duten pertsonen kanpamenduetan edo kanpamendu mistoetan, graduazio gorenen arteko antzinatasun gehien duen preso ofiziala izendatuko da konfiantzazko norbanako gisa. Ofizialen kanpamenduetan, ofizialek eurek aukeratutako kontseilari bat edo batzuek lagunduko diote; kanpamendu mistoetan laguntzaile horiek ofizialak ez diren gerrako presoen artean aukeratuko dira eta eurek hautatuko dituzte.

Gerrako presoen lan-kanpamenduetan naziokotasun bereko ofizial presoak izendatuko dira gerrako presoek eragiten dituzten administrazio zereginak gauzatzeko. Orobat, ofizial horiek konfiantzazko norbanako karguetarako hautatuak izan daitezke, artikulu honen lehenengo paragrafoaren xedapenekin bat etorriz. Kasu horretan, konfiantzazko norbanakoaren laguntzaileak ofizialak ez diren gerrako presoen artean aukeratuko dira.

Aukeratutako konfiantzazko norbanakoak, bere zereginetan hasi aurretik, atxiloketa egin duen potentziak onetsi beharko du. Horrek ukatzen badu, gatibu dauden presoek aukeratutako beste gerrako preso bat onestea, orduan potentzia babesleari jakinarazi beharko dizkio bere ezezkoaren arrazoiak.

Edozein kasutan ere, konfiantzazko norbanakoak naziokotasun, hizkuntza eta ohitura berberak izango ditu, berak zein gerrako presoak ordezkatu eta horiena. Horrela, kanpamenduko atal ezberdinetan naziokotasuna, hizkuntza edo ohituren arabera banatutako gerrako presoek atal bakoitzean konfiantzazko norbanako bat izango dute, aurreko paragrafoetako xedapenekin bat etorriz.

80. artikulua

Konfiantzazko norbanakoek gerrako presoen ongizate fisikoa, morala eta intelektuala sustatzen lagundu beharko dute.

Batik bat, presoek erabakitzen badute elkarren arteko laguntza-sistema bat antolatzea, delako erakundea konfiantzazko norbanakoen ardura izango da, Hitzarmen honek beste xedapen batzuetan esleitzen dizkien zeregin berezietatik aparte. Konfiantzazko norbanakoak ez dira, euren zeregina dela eta, gerrako presoek egindako arau-hausteen erantzule.

81. artikulua

Konfiantzazko norbanakoak ezin izango dira behartu bestelako lanik egitera, horrek euren zeregina egitea oztopatzen badu.

Konfiantzazko norbanakoek presoen artean behar dituzten laguntzaileak izenda ditzakete. Erraztasun material guztiak emango zaizkie eta, batik bat, nolabaiteko mugimendu-askatasuna, bere zereginak gauzatzeko beharrezkoa dena (lan-destakamenduetara bisitak, laguntza bidalketen harrera, etab.).

Konfiantzazko norbanakoek baimena izango dute gerrako presoak barneratuta dauden lokalak bisitatzeko, era berean, presoek eskubidea izango dute askatasunez euren konfiantzazko norbanakoari kontsulta egiteko.

Konfiantzazko norbanakoei erraztasun guztiak emango zaizkie posta eta telegrafo bidezko gutuneria izateko atxiloketa egin duten agintariekin, potentzia babesleekin, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearekin eta horren ordezkariekin, mediku-batzorde mistoekin, eta gerrako presoei laguntza ematen dieten erakundeekin ere. Lan-destakamenduetan dauden konfiantzazko norbanakoek erraztasun berberak izango dituzte kanpamendu nagusiko konfiantzazko norbanakoarekin gutuneria izateko. Gutuneria horiek ez dira mugatuak izango eta ez dira 71. artikuluan aipatutako gutuneria-multzoaren osagaitzat hartuko.

Konfiantzazko norbanako inor ezin izango da lekualdatu, ez bazaio zentzuzko eta beharrezko denbora ematen bere ondorengoa, aribidean dauden gaien inguruan, jakinaren gainean jartzeko.

Kargugabetze kasuan, erabaki horren arrazoiak potentzia babesleari jakinaraziko zaizkio.

III. Kapitulua

Zigor- eta diziplina-zehapenak

I. Xedapen orokorrak

82. artikulua

Gerrako presoak atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuen indarreko legeen, erregelamenduen eta agindu orokorren menpe egongo dira.Atxiloketa egin duen potentziak ahalmena izango du neurri judizialak edo diziplina-neurriak hartzeko, gerrako preso guztiei dagokienez, horiek lege, erregelamendu edo agindu orokor horien aurkako arau-hauste bat egin badute. Dena den, ez da onartuko jazarpen edo zehapenenik kapitulu honen xedapenen aurkakoa bada.

Atxiloketa egin duen potentziaren legeek, erregelamenduek edo agindu orokorrek adierazten badute gerrako preso batek egindako egintzak zigorgarriak direla, eta egintza berberak zigorgarriak ez badira atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuetako kide batek gauzatzen dituenean, orduan, delako zigorrak bakar-bakarrik diziplina izaera izango du.

83. artikulua

Gerrako preso batek egindako arau-hausteak zein motatako zigorra jasoko duen, diziplinazkoa edo epai bidezkoa, zehaztu behar denean, atxiloketa egin duen potentziak zaindu beharko du agintari eskudunak izan daitezen ahalik eta esku zabalenak, gaia ikuskatzeko orduan eta orobat, ahal den guztietan, gehiago baliatu ditzaten diziplina-neurriak, epai bidezkoak baino.

84. artikulua

Bakar-bakarrik auzitegi militarrek epai dezakete gerrako presoa, ez bada gertatzen, atxiloketa egin duen potentziaren legerian, horretarako daudela beren-beregi baimendutako auzitegi zibilak, potentzia horren indar armatuetako kide bat epaitzeko gai direnak, presoaren aurkako salaketa eragin duen antzeko arau-hauste batengatik.

Gerrako presoa ez da, inola ere, auzitegi baten aurrean agerraraziko, auzitegi hori edozein izanik ere, auzitegi horrek ez badu eskaintzen orokorrean aitortutako oinarrizko independentzia- eta inpartzialtasun-bermeak eta, batik bat, prozedura horrek ez badizkio bermatzen salatuari defentsa-eskubide eta -baliabideak, 105. artikuluan ezarritakoaren arabera.

85. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziaren legeriaren arabera, harrapatu aurretik gauzatutako egintzengatik zein gerrako presoa salatuta izan eta horiek Hitzarmen honen onurak izango dituzte, kondenatuak izan arren.

86. artikulua

Gerrako presoa behin baino ezin zigor daiteke egintza berberagatik edo salaketa berberagatik.

87. artikulua

Agintari militarrek eta atxiloketa egin duen potentziaren auzitegiek ezin izango diete gerrako presoei ezarri, potentzia horren indar armatuetako kideei egintza berbera egiteagatik ezarritako zigorretatik bestelakorik.

Zigorra zehazteko, auzitegiek edo atxiloketa egin duen potentziaren agintariek kontuan izango dute, ahal den neurririk handienean, salatuak atxiloketa egin duen potentziaren herritarra ez izateagatik, ez duela, hari dagokionean, inolako leialtasun-eginbeharrik, eta euren esku dagoela presoaren borondatearekin zer ikusirik ez duten beste inguruabar batzuengatik. Orobat, presoari aurpegiratu zaion arau-haustearentzat aurreikusitako zigorra askatasunez arintzeko ahalmena izango dute eta horren inguruan, ez dute zigor horren gutxienekoa aplikatzeko betebeharrik. Debekatuta daude norbanakoek gauzatutako egintzengatik zigor kolektiboak ezartzea, gorputz-zigorrak, eguzki-argirik sartzen ez den lokaletan kartzelaratzea eta, orokorrean, tortura edo ankerkeria modu oro.

Berebat, atxiloketa egin duen potentziak ezin izango dio presoetako inori graduaziorik kendu, ezta inori ere galarazi bere bereizgarriak eramatea.

88. artikulua

Graduazio baliokidearen kasuan, diziplina edo epai bidezko zehapenarekin zigortutako gerrako preso ofizialek, ofizialordeek edo soldaduek, ez dute tratu gogorragoa izango, zigor berbera dela eta, atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuetako kideei ezarritakoa baino.

Gerrako preso emakumeei ez zaie atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuetako emakumeei baino zigor gogorragorik ezarriko, ezta tratu estuagorik emango, zigorra betetzen duten bitartean, antzeko arau-hauste batengatik.

Inola ere, gerrako preso emakumeei ez diete atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuetako gizonei baino zigor gogorragorik ezarriko, ezta tratu estuagorik emango, zigorra betetzen duten bitartean, antzeko arau-hauste batengatik.

Ezarri zaizkien diziplina edo epai bidezko zigorrak bete eta gero, gerrako presoek beste presoek jasotzen duten tratu bera jasoko dute.

II. Diziplina-zehapenak

89. artikulua

Gerrako presoei aplikagarri zaizkien diziplina-zigorrak ondorengoak dira:

1) 60 eta 62. artikuluetan ezarritakoaren arabera, ordainsariaren aurrerakinaren eta lanari dagokion kalte-ordainaren ehuneko 50erainoko isuna, gehienez ere, hogeita hamar eguneko aldian;

2) Hitzarmen honetan ezarritako tratuaz gain, emandako abantailak ezabatzea,

3) egunean bi ordu baino gehiagoko iraupena duten zereginak;

4) atxiloketak.

Hala ere, 3. zenbakian jasotako zigorra ezin izango zaie ofizialei ezarri.

Diziplina-zigorrak ez dira izango, inola ere, krudelak, basatiak edo gerrako presoen osasunarentzat arriskutsuak.

90. artikulua

Zigor berberak ez du sekula iraungo hogeita hamar egunetik gora. Diziplina-falta baten kasuan, ezarritako zigorrari kenduko zaio aurreneurrizko atxiloketaren aldiak, entzunaldia edo zigorra ezarri baino lehenago igarotakoak.

Ezin izango da hemen ezarritako hogeita hamar eguneko aldia gainditu gerrako presoa, kondenaren unean, zenbait egintzen erantzule bada, diziplinaren alorrean, eta egintza horiek elkarren artean zerikusia izan ala ez. Ez da hilabete baino gehiago igaroko diziplina-erabakia hartzen denetik eta hori betearazi artean.

Gerrako preso bati beste diziplina-zigor bat ezartzen zaion kasuan, zigor bakoitza betetzeko gutxienez hiru eguneko tartea egongo da, baldin eta horietako batek hamar egun edo gehiago irauten badu.

91. artikulua

Preso baten ihesa burutu dela ulertuko da, noiz eta:

1) zein indar armatuen menpe egon eta horiekin edo potentzia aliatu baten indar armatuekin batzea lortu duenean;

2) atxiloketa egin duen potentziaren menpe edo potentzia baten menpe dagoen lurraldetik irten duenean.

92. artikulua

Ihes egiten ahalegindu eta, 91. artikuluko esanahian, ihes egitea lortu baino lehen harrapatua izan den presoa ezin izango da zigortu, ezta berrerortze kasuan ere, diziplina-zigor batekin baino.

Berriro harrapatua izan den presoa agintari militar eskudunei entregatuko zaie berehala.

88. artikuluaren laugarren paragrafoan ezarritakoa gorabehera, burutu gabeko ihes baten ondorioz zigortutako gerrako presoak zaintza-erregimen bereziaren menpe jar daitezke, baldin eta erregimen horrek presoaren osasunean eraginik ez badu, gerrako presoen kanpamendu batean betetzen bada, eta horrek berekin ez badakar Hitzarmen honetan jasotako bermeak ezabatzea.

93. artikulua

Ihesa edo ihes ahalegina, berrerortzea egon arren, ez da inguruabar astungarritzat joko, baldin eta gerrako presoa ihesean edo ihes ahaleginean egindako arau-hauste batengatik auzitegiaren aurrean agertu behar bada.

83. artikulu hizpaketekin bat etorriz, gerrako presoek bakar-bakarrik ihesa errazteko asmoarekin egindako arau-hausteek, ez badute indarkeriarik erabili pertsonen aurka, dela jabetza publikoaren aurkako arau-hausteak, dela irabazi-asmorik gabeko lapurreta, dela agiri faltsuak egitea eta erabiltzea, dela arropa zibila erabiltzea, diziplina-zigorrak baino ez dituzte sortuko.

Ihes batean edo ihes ahalegin batean lagundu duten gerrako presoek, horregatik diziplina-zigor bat baino ez dute jasoko.

94. artikulua

Ihes egin duen preso bat berriz harrapatzen bada, 122. artikuluan ezarritako modalitatearen arabera zein potentziaren menpe egon eta horri jakinaraziko zaio, ihesa ohartarazia izan bada.

95. artikulua

Diziplina-falta batengatik salatutako gerrako presoak ez dira aurreneurrizko atxiloketan mantenduko, erabaki baten zain dagoen bitartean, neurri bera aplikagarria ez bada atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuen kideentzat antzeko arau-hauste batengatik, edo horrela eskatzen badute kanpamenduetan ordena eta diziplina mantentzeko interes gorenek.

Aurreneurrizko atxiloketa, diziplina-falten kasuan, gutxiengo hertsira murriztuko da gerrako preso guztientzat, eta ez du hamalau egun baino gehiago iraungo.

Kapitulu honetako 97 eta 98. artikuluen xedapenak aurreneurrizko atxiloketan dauden gerrako presoei aplikatuko zaizkie diziplina-faltengatik.

96. artikulua

Diziplina-faltatzat jotzen diren egintzak berehala ikertuko dira.

Auzitegien eta agintari militar gorenen eskumenari kalterik egin gabe, diziplina-zigorrak bakar-bakarrik ezarriko ditu kanpamenduko komandante gisa diziplina-boterea duen ofizial batek, edo berori ordezkatzen duen ofizial arduradunak edo bere diziplina-boterea nori eskuordetu eta horrek. Botere horretan inoiz ere ezin izango da eskuordetu gerrako preso bat; era berean, gerrako preso batek ezin izango du botere hori egikaritu.

Diziplina-zigor bat ezarri aurretik, gerrako preso erruztatuari jakinaraziko zaizkio, zehaztasunez, berari egozten dizkioten egintzak, bere portaera azaltzeko aukera emango zaio, eta bere burua defenda dezan. Baimena izango du, batik bat, lekukoak aurkezteko eta beharrezkoa bada, interprete aditu baten laguntza izateko. Erabakia gerrako presoari eta konfiantzazko norbanakoari iragarriko zaie.

Kanpamenduko komandanteak ezarritako diziplina-zigorrak erregistro batean idatziz jasoko ditu; erregistro hori potentzia babeslearen ordezkarien eskura egongo da.

97. artikulua

Gerrako presoak ez dira inola ere presondegi-establezimenduetara (espetxeak, presondegiak, kartzelak, etab.) eramango diziplina-zigorrak bertan betetzeko.

Diziplina-zigorrak betetzeko lokal guztietan 25. artikuluan ezarritako higiene-eskakizunak bete beharko dira. Zigortutako gerrako presoek garbitasun egoera mantentzeko baldintzak izango dituzte, 29. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ofizialak eta antzeko estatutua duten pertsonak ez dira atxiloturik egongo ofizialorde edo soldaduak dauden lokal berberetan.

Diziplinazko zigorrak duten gerrako preso emakumeak, gizonezkoentzat diren lokaletatik aparte beteko dute atxiloketa, eta emakumeen gertuko zaintzapean egongo dira.

98. artikulua

Diziplina-zigor baten ondorioz atxilotuak izan diren gerrako presoak Hitzarmen honen xedapenen onurak izaten jarraituko dute, salbu eta atxiloketak xedapen horiek aplikaezinak egiten dituenean. Hala ere, ezin izango zaizkie kendu 78 eta 126. artikuluen abantailak.

Diziplinazko zigorrak dituzten presoei ezin izango zaizkie ukatu bere graduari dagozkien pribilegioak.

Diziplinazko zigorrak dituzten gerrako presoek egunero kirola egiteko eskubidea izango dute, eta kanpoaldean egotekoa ere, gutxienez, bi orduz egunero.

Baimena izango dute, horretarako eskaera eginda, egunero medikuarengana joateko; euren osasun-egoerak behar duen laguntza jasoko dute eta, kasuan kasu, kanpamenduko erizaindegira edo ospitale batera eramango dira.

Idazteko eta irakurtzeko baimena izango dute, eta gutunak bidali eta jasotzeko baimena ere. Fardelak eta diru bidalketak, aldiz, zigorra amaitu arte presoei ez ematea izan daiteke; horiek bitartean konfiantzazko norbanakoari emango zaizkio, eta horrek fardeletan dauden gai galkorrak erizaindegira bidaliko ditu.

III. Eginbide judizialak

99. artikulua

Ezin izango da presorik epaitu edo zigortu atxiloketa egin duen potentziaren legeriak edo nazioarteko zuzenbideak beren-beregi debekatu ez dituzten egintza batengatik, baldin eta egintza hori gauzatzen bada aipaturiko arauek egintza hori debekatzen ez duten aldian.

Ez da presio moral edo fisikorik egingo gerrako preso baten gainean, berari egozten zaion egintzaren errudun dela aitortzera eraman dezakeena.

Ezin izango da gerrako presorik zigortu bere burua defendatzeko aukerarik izan ez badu eta defendatzaile aditu baten laguntza izan ez badu.

100. artikulua

Gerrako presoei eta potentzia babesleei, ahalik eta arinen, adieraziko zaie heriotza-zigorra dakarten arau-hauste zigorgarriei buruz, atxiloketa egin duen potentziaren legeriaren arabera.

Ondoren, ezin izango da arau-hausterik zigortu heriotza-zigorrarekin, presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horren baietzik gabe.

Preso baten aurka heriotza-zigorra ezar daiteke soilik auzitegiari atentzioa eman badio, 87. artikuluaren bigarren paragrafoarekin bat etorriz, salatuak, atxiloketa egin duen potentziaren herritarra ez izateagatik, ez duela, potentzia horrekiko inolako leialtasun-eginbeharrik, eta euren menpe dagoela presoaren borondatearekin zer ikusirik ez duten beste inguruabar batzuengatik.

101. artikulua

Gerrako preso baten aurka heriotza-zigorra ezartzen bada, epaia ez da betearaziko, gutxienez, sei hilabeteko epea igaro baino lehen. Epe hori zenbatzen hasiko da 107. artikuluan ezarritako jakinarazpen zehaztua potentzia babeslearengana heltzen den unetik, horrek adierazitako helbidera, hain zuzen ere .

102. artikulua

Gerrako preso baten aurkako epaiak balioko du, soil-soilean, halakoa eman badute atxiloketa egin duen potentziaren auzitegi berberek eta potentzia horren indar armatuetako kideei aplikagarri zaien prozedura berberari jarraituz, eta, gainera kapitulu honen xedapenak bete badira.

103. artikulua

Gerrako presoen aurkako eginbide judizialak, inguruabarrek baimentzen duten bezain azkar egingo dira eta prozedura ahalik eta arinen egiteko moduan. Ez da aurreneurrizko atxiloketan presorik mantenduko, neurri bera aplikagarria ez bada atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuen kideentzat, antzeko arau-hauste batengatik, edota nazio-segurtasunak horrela eskatzen badu. Edozein modutan ere, aurreneurrizko atxiloketa horrek ez du hiru hilabete baino gehiago iraungo.

Gerrako preso baten aurreneurrizko atxiloketaren iraupena kenduko zaio, berari ezarri zaion askatasunaz gabetzeko zigorraren iraupenari; gainerakoetan, kontuan hartu beharko da noiz ezarri den halako zigorra.

Gerrako presoek, aurreneurrizko atxiloketak irauten duen bitartean, kapitulu honen 97 eta 98. artikuluen xedapenen onurak izaten jarraituko dute.

104. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak gerrako preso baten aurka eginbide judizialak hastea erabakitzen duen kasu guztietan, potentzia babesleari jakinaraziko dio ahalik eta azkarren eta, gutxienez, auziaren ikustaldia baino hiru aste lehenago. Hiru asteko epe hori zenbatzen hasiko da jakinarazpen hau potentzia babeslearengana heldu denean, horrek aurretiaz atxiloketa egin duen potentziari adierazitako helbidera.

Jakinarazpenean ondorengo argibideak agertuko dira:

1) gerrako presoaren izen eta abizenak, graduazioa, bere matrikula-zenbakia, jaioteguna eta lanbidea, halakorik badu;

2) barneratze- edo atxilotze-lekua;

3) salaketaren arrazoia edo arrazoien zehaztapena, aplikagarri diren lege xedapenak aipatuz;

4) epaituko duen auzitegiaren aipamena, eta auziaren ikustaldirako ezarritako data eta lekua.

Atxiloketa egin duen potentziak jakinarazpen bera egingo dio gerrako presoaren konfiantzazko norbanakoari.

Prozedura hasten denean, potentzia babesleak, presoak eta dagokion konfiantzazko norbanakoak, gorago aipatutako jakinarazpena jaso izanaren frogarik ez badira aurkezten, gutxienez, auziaren ikustaldia baino hiru aste lehenago, orduan ikustaldia ezin izango da gauzatu eta atzeratu egin beharko da.

105. artikulua

Gerrako presoak eskubidea izango du bere preso kide baten laguntza jasotzeko, berak aukeratutako abokatu aditu batek defenda dezan, lekukoak agerrarazteko eta beharrezkoa dela uste badu, interprete aditu baten zerbitzuak baliatzeko. Atxiloketa egin duen potentziak eskubide horiek jakinaraziko dizkio une egokian, auziaren ikustaldia egin baino lehenago.

Presoak defendatzailerik aukeratu ez badu, potentzia babesleak ipiniko dio bat; horretarako, gutxienez aste bat izango du. Atxiloketa egin duen potentziak, defentsa bermatzeko egokiak diren pertsonen zerrenda bat aurkeztuko dio Potentzia babesleari, horrek halakoa eskatzen badu. Gerrako presoek, edota potentzia babesleak ez badute defendatzailerik aukeratu, orduan, atxiloketa egin duen potentziak ofizioz izendatuko du abokatu aditu bat, salatua defenda dezan.

Salatuaren defentsa prestatzeko, defendatzaileak gutxienez bi asteko epea izango du, auziaren ikustaldia baino lehen, eta beharrezko erraztasunak ere; batik bat, salatua askatasunez ikusi ahal izango du eta berarekin hitz egin, lekukorik gabe. Zuribide-lekuko guztiekin hitz egin dezake, baita gerrako presoekin ere. Erraztasun horien onura izango du gora-jotze epeak amaitu arte.

Gerrako preso salatuak, auziaren ikustaldia hasi baino lehenago, denbora nahikoarekin, jakinarazpena jasoko du, berak ulertzen duen hizkuntzan, prozeduraren autoaren inguruan eta orokorrean salatuari jakinarazten zaizkion autoen inguruan, atxiloketa egin duen potentziaren armadetan indarrean dauden legeen arabera. Jakinarazpen bera eta baldintza berberetan egin beharko zaio bere defendatzaileari.

Potentzia babeslearen ordezkariek prozesuan egoteko eskubidea izango dute, ez bada, salbuespenez, ateak itxita egiten dela, estatuaren segurtasunaren intereserako; kasu horretan, atxiloketa egin duen potentziak potentzia babesleari jakinaraziko dio.

106. artikulua

Gerrako preso orok eskubidea izango du, atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuen kideen baldintza berberetan, gora-jotze-, kasazio- edo berrikuspen-helegiteak aurkezteko bere kontra emandako epai ororen aurka. Helegite eskubideen inguruan eta horiek egikaritzeko epeen inguruan beharrezko informazio guztia emango zaio.

107. artikulua

Gerrako preso baten aurka emandako epai oro potentzia babesleari jakinaraziko zaio berehala, azaleko jakinarazpen forman, bertan azalduko dira aldi berean, presoak gora-jotze-, kasazio- edo berrikuspen-helegitea jartzeko eskubiderik baduen. Jakinarazpen hori dagokion konfiantzazko norbanakoari ere egingo zaio. Era berean, gerrako presoari jakinaraziko zaio berak ulertzen duen hizkuntzan, epaia bere aurrean eman ez denean. Halaber, atxiloketa egin duen potentziak berehala jakinaraziko dio potentzia babesleari gerrako presoaren erabakia helegite-eskubideak egikaritzeko edo ez.

Orobat, behin betiko kondenaren kasuan eta, hori heriotza-zigorra denean, lehenengo auzialdian ebatzitako kondena bada, atxiloketa egin duen potentziak, ahalik eta azkarren, igorriko dio potentzia babesleari ondorego puntuak jasotzen dituen jakinarazpen zehatz bat:

1) epaiaren idatzi zehatza;

2) sumarioa eta prozesua laburtzen duen txostena, agerian jarriz, bereziki, salaketaren eta defentsaren osagaiak;

3) epaia bete behar den establezimenduaren adierazpena, hala denean.

Aurreko paragrafoetan ezarritako jakinarazpenak potentzia babesleari igorriko zaizkio horrek aurretiaz atxiloketa egin duen potentziari adierazitako helbidera.

108. artikulua

Legez betearazleak diren epaiketen arabera, gerrako presoen aurka emandako epaiak, atxiloketa egin duen potentziaren indar armatuen kideentzako ezarritako establezimendu eta baldintza berberetan beteko dira. Edozein kasutan, baldintza horiek higiene- eta gizatasun-eskaerekin bat etorriko dira.

Delako epaia gerrako preso emakume baten aurka ematen denean, emakumeak aparteko lokaletan beteko du epaia eta emakumeen zaintzapean.

Nolanahi ere, askatasunaz gabetzea dakarren zigorra nork jaso eta preso horiek Hitzarmen honen 78 eta 126. artikuluen xedapenen onurak izaten jarraituko dute. Gisa berean, baimena izango dute gutuneria jaso eta bidaltzeko, laguntza-fardelak jasotzeko, gutxienez, hilean behin, eta kanpoaldean kirola egiteko, ohikotasunez; euren osasun-egoerak eskatzen duen mediku-laguntza ere izango dute, eta nahi duten laguntza espirituala. Ezarri beharreko zigorrak 87. artikuluaren hirugarren paragrafoaren xedapenen araberakoak izango dira.

IV. Titulua

Gatibualdiaren bukaera

I. Atala:

Zuzeneko aberriratzea eta herrialde neutraletan ospitaleratzea

109. artikulua

Gatazkan dauden alderdiek, artikulu honetako hirugarren paragrafoan xedatutakoari kalterik egin gabe, larri gaixotutako edo zauritutako gerrako presoak aberriratzeko betebeharra izango dute, kontuan izan gabe horien kopurua eta graduazioa, eta lekualdatzeko baldintzetan jarri eta gero, hurrengo artikuluaren lehenengo paragrafoarekin bat etorriz.

Liskarrek irauten duten bitartean, gatazkan dauden alderdiek, ahal den guztia egingo dute, potentzia neutral interesdunekin elkarlanean, hurrengo artikuluaren bigarren paragrafoan aipatutako preso zauritu edo gaixoen ospitaleratzea antolatzeko, herrialde neutralean; horrez gain, akordioak egin ditzakete gatibu egon diren eta osasun-egoera onean dauden presoen zuzeneko aberriratzeko edo herrialde neutralean barneratzeko xedearekin .

Aberriratzeko hautatua izan den preso zauritu edo gaixo inor ezin izango da aberriratu bere borondatearen aurka, liskarrek irauten duten bitartean, artikulu honen lehenengo paragrafoarekin bat etorriz.

110. artikulua

Ondorengoak aberriratuko dira zuzenean:

1) zauritu eta gaixo sendaezinak, horien adimen-gaitasunak edo ahalmen fisikoak murrizketa nabarmena izan dutela ematen duenean;

2) zauritu eta gaixoak, mediku-aurreikuspenen arabera, urte bateko epean senda ezin daitezkeenak, horien egoerak tratamendua behar duenean eta horien adimen-gaitasunak edo ahalmen fisikoak murrizketa nabarmena izan dutela ematen duenean;

3) osatu diren zauritu eta gaixoak, horien adimen-gaitasuna edo ahalmen fisikoak murrizketa nabarmena izan dutela ematen duenean.

Ondorengoak herrialde neutralean ospitaleratu daitezke:

1) zaurituak eta gaixoak, aurreikusten bada horiek, zauria gertatu edo gaixotasuna hasi zenetik hurrengo urtera sendatuta egongo direla, eta tratamendua herrialde neutralean egiteak sendatze ziurragoa eta arinagoa aurreikusten bada;

2) gerrako presoak, mediku aurreikuspenen arabera, gatibu mantentzeak euren adimen-osasuna edo osasun fisikoa arrisku bizian jartzen dituenak, herrialde neutral batean ospitaleratzeak arrisku hori saihets dezakeenean.

Herrialde neutraletan ospitaleratutako gerrako presoak aberriratzeko baldintzak eta euren estatutua potentzia interesdunen arteko akordioen bidez zehaztuko dira. Orokorrean, herrialde neutraletan ospitaleratuta dauden gerrako presoak aberriratuko dira, ondorengo kategorietan badaude:

1) osasun egoera larrian daudenak, hori hainbesteraino larritu denean non zuzeneko aberriratze baldintzak betetzen dituzten;

2) Tratamendua izan ondoren, adimen-gaitasuna edo ahalmen fisikoa modu nabarmenean murriztuta dutenak.

Gatazkan dauden potentzia interesdunen arteko akordio berezirik ez badago zuzeneko aberriratzeak edo herrialde neutralean ospitaleratzeak dakarten ezgaitasun- edo gaixotasun-kasuak zehazteko, gerrako preso zauritu eta gaixoak zuzeneko aberriratzeari eta herrialde neutralean ospitaleratzeari buruzko akordio-ereduaren printzipioak eta Mediku Batzorde Mistoei buruzko erregelamendua erabiliko dira; bi horiek Hitzarmen honen eranskinak direla.

111. artikulua

Atxiloketa egin duen potentziak, gerrako presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horrek eta bi potentzia horiek onetsitako potentzia neutral batek ahal den guztia egingo dute akordioak lortzeko, akordio horiek baimen ditzaten gerrako presoak potentzia neutral horren lurraldean barneratzea liskarrak bukatu arte.

112. artikulua

Gatazkaren hasieran, mediku-batzorde mistoak izendatuko dira preso gaixoak eta zaurituak aztertzeko eta horien inguruan erabaki egokiak hartzeko.Batzorde horien izendapena, eginbeharrak eta funtzionamendua Hitzarmen honi erantsitako erregelamenduaren xedapenekin bat etorriko dira.

Dena den, atxiloketa egin duen potentziaren mediku-agintarien ustez argi eta garbi larri zauriturik edo gaixorik dauden presoak, aberriratuak izan daitezke, mediku-batzorde batek azterketa egin beharrik gabe.

113. artikulua

Atxiloketa egin duen potentzien mediku-agintariek izendatutako presoak eta, jarraian zerrendatutako kategoriekin bat datozen preso zauritu eta gaixoek eskubidea izango dute aurreko artikuluan ezarritako mediku-batzorde mistoen aurrean aurkezteko eta batzorde horiek aztertu ditzaten,

1) mediku-herrikide edo gatazkan potentzia alderdi den herritarrak, presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horren aliatua denaren herritarrak, kanpamenduan bere zereginak gauzatzen ari denak proposatutako zauritu eta gaixoak,

2) konfiantzazko norbanakoak proposatutako zauritu eta gaixoak;

3) zein potentziaren menpe egon eta potentzia horrek edo potentzia horrek aitortutako erakunde batek, presoei laguntza ematen dienak, proposatutako zauritu eta gaixoak.

Hala ere, hiru kategoria horiekin bat ez datozen gerrako presoak ere aurkez daitezke mediku-batzorde mistoen aurrean, horiek aztertu ditzaten, betiere, aipatu kategoriakoak aztertu ondoren.

Gerrako presoen mediku-herrikideak eta horren konfiantzazko norbanakoak badute baimena mediku-batzorde mistoak haiei egindako azterketan egoteko.

114. artikulua

Istripuen biktima diren gerrako presoak, zauritu boluntarioak salbu, Hitzarmen honen xedapenen onurak izango dituzte, aberriratzeari edo herrialde neutral batean balizko ospitaleratzeari dagokienez.

115. artikulua

Diziplinazko zigorra betetzera zigortutako gerrako preso inor ezin izango da atxiki, ezarritako zigorra ez betetzeagatik, baldin eta aberriratzeko edo herrialde neutralean ospitaleratzeko aurreikusitako baldintzak betetzen baditu .

Epaiketa bidez, auzipetu edo kondenatutako gerrako presoek, aberriratzeko edo herrialde neutralean ospitaleratzeko hautagai direnek, neurri horien onurak izan ditzakete, prozesua amaitu edo zigorra bete baino lehen, atxiloketa egin duen potentziak hori onartzen badu.

Gatazkan dauden alderdiek elkarri jakinaraziko diote prozesua bukatu edo zigorra bete arte, atxikita geratzen direnen izenak.

116. artikulua

Gerrako presoen aberriratze-gastuak edo horiek herrialde neutral batera lekualdatzekoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horren kontura izango dira, atxiloketa egin duen potentziaren mugetatik harago.

117. artikulua

Aberriratuei ezin zaie zerbitzu militar aktibo bat esleitu.

II. Atala

Liskarrak bukatu ondoren gerrako presoak askatzea eta aberriratzea

118. artikulua

Behin liskar aktiboak bukatu ondoren, gerrako presoak, atzerapenik gabe, askatu eta aberriratuko dira.

Liskarrak bukatzeko gatazkan dauden alderdien artean hitzartutako akordio batean ez badago gai honen inguruko xedapenik, edo halako hitzarmenik egon ezean, atxiloketa egin duen alderdi bakoitzak bere kabuz antolatuko du aberriratze-plana eta atzerapenik gabe gauzatuko, aurreko paragrafoan adierazitako printzipioarekin bat etorriz.

Kasu batean zein bestean, hartutako erabakiak gerrako presoei jakinaraziko zaizkie.

Gerrako presoak aberriratzearen ondorioz sortutako gastuak banatu egin beharko dira, edozein kasutan ere, ekitatearen arabera, atxiloketa egin duen potentziaren eta presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horren artean. Horri dagokionez, banaketarako, ondorengo printzipioak izango dira kontuan:

a) bi potentzia horiek mugakideak direnean, gerrako presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horrek hartuko ditu bere gain aberriratze-gastuak, atxiloketa egin duen potentziaren mugetatik harago;

b) bi potentzia horiek mugakideak ez direnean, atxiloketa egin duen potentziak bere gain hartuko du gerrako presoen lekualdaketa-gastuak bere lurraldeko mugaraino edo presoak zein potentziaren menpe egon eta potentzia horretatik hurbilen dagoen ontziratze-porturaino. Aberriratzearen ondorioz sortutako gainontzeko gastuei dagokienez, alderdi interesdunak ados jarriko dira gastuak ekitatearen arabera banatzeko. Akordio horrek ezin izango du, inola ere, justifikatu gerrako presoen aberriratzearen atzerapen txikienik ere.

119. artikulua

Gerrako presoen lekualdatzearen inguruan, Hitzarmen honetako 46. artikulutik 48. artikulura, bi artikuluak barne, ezarritako baldintza berdintsuetan egingo da aberriratzea, 188. artikuluaren eta ondorengo xedapenak kontuan izanda.

Aberriratzea egiten denean, 18. artikuluaren xedapenen arabera, gerrako presoei kendutako baliozko objektuak eta atzerriko dirutan dauden kopuruak, horiek atxiloketa egin duen potentziaren dirutan aldatu ez badira eurei itzuliko zaizkie. Edozein arrazoi dela bide, presoei, eurak aberriratu direnean, itzuli ez zaizkien baliozko objektuak eta atzerriko dirutan dauden kopuruak, 122. artikuluan ezarritako informazio bulegoan utziko dira.

Gerrako presoek baimena izango dute bakoitzak bere gauzak, gutuneria eta jaso dituzten fardelak aldean eramateko; gauza horien pisua muga daiteke, aberriratzearen baldintzek horrela eskatzen badute, preso bakoitzak dituen ahalen arabera, hark eraman dezakeen mugaraino; edozelan ere, onartutako pisua hogeita bost kilotik gorakoa izango da.

Aberriratua izan den presoaren gainontzeko objektu pertsonalak atxiloketa egin duen potentziaren esku geldituko dira, eta horrek bidaliko dizkio presoa zein potentziaren menpe egon eta potentzia horrekin akordioa adostu bezain laster; akordio horretan zehaztuko dira garraiobide-modalitateak eta horrek eragiten dituen gastuen ordainketa.

Krimen edo delitu batengatik auziperatuak diren gerrako presoak prozesua amaitu arte atxiki daitezke eta, kasuan-kasuan, epaia bete arte. Gauza bera zigor zuzenbideko krimen edo delituari dagokienez.

Gatazkan dauden alderdiek elkarri jakinaraziko dizkiote, prozesua amaitu edo zigorra bete arte, atxikita geratzen diren gerrako presoen izenak.

Gatazkan dauden alderdiak ados jarriko dira batzordeak eratzeko, sakabanatuta dauden presoak aurkitzeko eta ahalik eta epe laburrenean horien aberriratzea bermatzeko.

III. Atala

Gerrako presoen heriotzak

120. artikulua

Gerrako presoen testamentuak jatorrizko herrialdearen legeriak eskatzen dituen baliozkotasun baldintzak betetzeko moduan idatziko dira; jatorrizko herrialdeak beharrezko neurriak hartuko ditu baldintza horiek atxiloketa egin duen potentziari ezagutarazteko . Gerrako presoaren eskaeraren ondoren, eta edozein kasutan, bere heriotza gertatu ondoren, testamentua atzerapenik gabe bidaliko zaio potentzia babesleari; kopia bat, hori zehatza dela egiaztatuta, Informazioaren Agentzia Zentralera igorriko da.

Heriotza-ziurtagiriak, Hitzarmen honen eranskineko ereduaren arabera, edo gatibualdian hildako gerrako preso guztien zerrendak, ofizial arduradun batek sinatuak, epe laburrenean igorriko dira, 122. artikuluaren arabera eratutako Gerrako Presoen Informazio Bulegora.16. artikuluaren 3. paragrafoan arauturiko zerrendaren identifikazio datuak, heriotzaren lekua eta data, heriotzaren arrazoia, hilobiratzearen lekua eta data, eta hilobiak identifikatzeko beharrezko den informazio guztia barruratuko dira ziurtagiri edo zerrenda horietan.

Ehorzketa edo errausketa baino lehen, gorpuari mediku-azterketa egin beharko zaio, heriotza egiaztatzeko, txosten baten idazketa ahalbidetzeko eta, bidezkoa bada, hildakoa identifikatzeko.

Atxiloketa egiten duten agintariak arduratuko dira gatibualdian hildako gerrako presoak egokiro ehortziak izan daitezen, ahal bada euren erlijioaren errituen arabera, eta hilobiak errespetatuak, modu egokian mantenduak eta markatuak, eta, bide beretik, beti antzemateko modukoak izan daitezen. Ahal den heinean, potentzia beraren menpeko gerrako preso hildakoak leku berean lurperatuko dira.

Hildako gerrako presoak banan-banan ehortziko dira, salbu eta taldeka ehortzeko ezinbesteko arrazoiak daudenean. Gorpuak ezin izango dira erraustu, ez bada higiene-arrazoiak edo hildakoaren erlijioak hala eskatzen dutelako, edo hildakoak halako nahia adierazi zuelako. Errausketa kasuan, halakoa heriotza-agirian jasoko da, horretarako arrazoiak azalduz.

Beti hilobiak aurkitu ahal izateko xedearekin, hauen inguruko eta ehorzketen inguruko datu guztiak erregistratu beharko dira, atxiloketa egin duen potentziak eratutako Hilobien Zerbitzuan. Hilobien zerrendak eta hilerrietan edo beste leku batzuetan ehortzitako gerrako presoen inguruko datuak, gerrako preso hauek zein potentziaren menpe egon eta potentzia horri igorriko zaizkio. Lurraldea kontrolatzen duen potentziaren ardura izango da, Hitzarmenaren alderdi bada, hilobi horiek zaintzea eta gorpuen ondorengo lekualdaketa guztiak erregistratzea.

Xedapen hauek errautsei ere aplikatuko zaie, horiek Hilobien Zerbitzuak gordeko ditu, jatorriko herrialdeak, horren inguruan, hartu nahi dituen behin betiko xedapenak jakinarazi arte.

121. artikulua

Gerrako preso baten heriotza edo zauri larri oro, zentinela batek, gerrako beste preso batek edo osterantzeko edozein pertsonak, ziur edo ustez eragindakoa edota heriotza zer nolakoa izan eta horren arrazoiak ezezagunak badira, kasu horietan berehala sustatuko da atxiloketa egin duen potentziaren aldetik halako ikerketa ofiziala.

Gai horren berri berehala emango zaio Potentzia babesleari. Lekukoen adierazpenak jasoko dira, bereziki gerrako presoenak; eta horiek jasotzen dituen txosten bat igorriko zaio potentzia horri.

Ikerketak pertsona baten edo batzuen erruduntasuna frogatzen badu, atxiloketa egin duen potentziak neurri egokiak hartuko ditu, erantzulearen edo erantzuleen aurka eginbide judizialak hasteko.

V. Titulua

Gerrako presoei dagokien informazio-bulegoa eta sorospen-sozietateak

122.artikulua

Gatazka baten hasieran, eta okupazio kasu guztietan, gatazkan dauden alderdi bakoitzak informazio-bulego ofizial bat eratuko du, bere menpe dauden gerrako presoei dagokienez; potentzia neutralek edo gerra-egile ez direnek, euren lurraldeetan 4. artikuluan aipatutako kategorietako baten pertsonak jaso dutenek, beste horrenbeste egingo dute pertsona horien inguruan. Potentzia interesduna arduratuko da informazio-bulegoak izan ditzan beharrezko lokalak, materiala eta pertsonak, eragingarritasunez jarduteko. Askatasuna izango du gerrako presoei horretan lana emateko, eta Hitzarmen honen gerrako presoen lanari buruzko atalean jasotako baldintzak errespetatuko ditu.

Ahalik eta eperik laburrenean, gatazkan dauden alderdi bakoitzak bere bulegoari emango dizkio artikulu honen laugarren, bosgarren eta seigarren paragrafoan aipatzen diren datuak, eta 4. artikuluan aipatu kategoriekin bat datorren pertsona arerio orori dagokionez, eta bere esku erori direnenak.Era berean, modu bertsuan jardungo dute potentzia neutralek edo gerra-egileak ez direnek, kategoria horietakoak izan eta euren lurraldean jaso dituzten pertsonen inguruan.

Bulegoak berehalaxe igorriko dizkie potentzia interesdunei, baliabiderik azkarrenak erabilita, direlako datuak, batetik, potentzia babesleen bidez, eta, bestetik, 123. artikuluan ezarritako Agentzia Zentralaren bidez.

Datu horiek ahalbidetuko dute familia interesdunak berehala ohartaraztea. Datu horiek informazio-bulegoaren esku badaude, 17. artikuluaren xedapenei kalterik egin gabe, gerrako preso bakoitzaren inguruan informazio hau jasoko dute: izena, abizenak, graduazioa, matrikula-zenbakia, jaioterria eta jaioteguna, zein potentziaren menpe dagoen, aitaren izena eta amaren ezkongabeko abizena, zein pertsona ohartarazi behar den eta pertsona horren izena eta helbidea, eta presoaren helbidea, haren gutuneria bidaltzeko. Informazio-bulegoak, zerbitzu eskudun ezberdinetatik lekualdaketei, askatzeei, aberriratzeei, ihesei, ospitaleratzeei eta heriotzei buruzko argibideak jasoko ditu, eta artikulu honen hirugarren paragrafoan ezarritako moduan igorriko ditu.

Modu berean igorriko dira ohikotasunez, ahal bada astero, modu larrian gaixo edo zauritutako gerrako presoen osasun-egoerari buruzko datuak.

Informazio-bulegoa arduratuko da baita ere, gerrako presoen inguruan egiten zaizkion eskaera guztiei erantzuteaz, gatibualdian hildakoen ingurukoak ere; egin beharreko ikerketak gauzatuko ditu, bere esku ez dauden eta eskatu zaizkion datuak lortzeko.

Bulegoak egiten dituen idatzizko jakinarazpen guztiak sinadura edo zigilu batekin kautotuko dira.

Berebat, informazio-bulegoaren ardura izango da baliozko objektu pertsonalak jasotzea eta potentzia interesdunei igortzea, barne hartuta atxiloketa egin duen potentziaren monetan ez dauden kopuruak, eta ahaide hurbilenentzat garrantzia duten agiriak, gerrako presoak bertan utzi dituztenak euren aberriratzea, askatzea, ihesa edo heriotza gertatu denean. Bulegoak objektu horiek fardel lakratuetan bidaliko ditu, fardel horiek adierazpenak ere bilduko dituzte, horiek objektuak zein pertsonenak izan eta horien identitatea zehaztasunez idatzita jasoko dute, bai eta fardelaren inbentario oso bat ere. Preso hauen beste objektu pertsonalak gatazkan dauden alderdi interesdunen arteko akordioekin bat etorriz igorriko dira.

123. artikulua

Herri neutral bakoitzean Informazio Agentzia Zentral bat sortuko da gerrako presoei dagokienez. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak, beharrezkoa irizten badu, halako Agentzia antolatzea proposatuko die potentzia interesdunei.

Agentzia hori arduratuko da presoen inguruan, bide ofizialetik nahiz pribatutik, lor daitezkeen datu guztiak bateratzeaz; datu horiek, ahalik eta azkarren, igorriko ditu presoen jatorrizko herrialdera edo zein potentziaren menpe egon eta potentzia horretara. Delako igorpenak egiteko erraztasun guztiak jasoko ditu gatazkan dauden alderdietatik.

Alderdi kontratugile gorenak, eta batik bat, Agentzia Zentralaren zerbitzuak jasotzen dituzten herritarren herrialdeak gonbidatuak izango dira agentzia horri beharrezko finantza laguntza ematera.

Inondik ere ez da uste behar xedapen hauek Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen eta 125. artikuluan aipatutako sorospen-sozietateen jarduera humanitarioa mugatzen dutela.

124. artikulua

Informazio-bulego nazionalek eta Informazio Agentzia Zentralak posta-frankizia onura izango dute eta orobat, 74. artikuluan ezarritako salbuespen guztiak eta, ahal den neurrian ere, telegrafia-frankizia edo, gutxienez, tarifen murrizketa nabarmenak.

125. artikulua

Segurtasuna bermatzeko edo bestelako edozein zentzuzko beharrizanei aurre egiteko ezinbesteko neurriei kalterik egin gabe, atxiloketa egin duten potentziek ahalik eta harrera onena emango diete erlijio-erakundeei, sorospen-sozietateei edo gerrako presoei laguntza ematen dieten beste edozein erakunderi. Horiei eta behar bezala eskuetsitako euren ordezkariei emango zaie presoak ikusteko beharrezko erraztasunak, horien artean bana ditzaten laguntzak, edozein jatorri duen materiala, horrek erlijioa, heziketa edo jolasa baditu xede, edo kanpamenduetan erabilgarri duten denbora antolatzen laguntzea. Aipatutako sozietateak edo erakundeak eratu daitezke, bai atxiloketa egin duen potentziaren lurraldean, bai beste herrialde batean, edo nazioarteko izaera izan dezakete.

Atxiloketa egin duen potentziak sozietateen eta erakundeen zenbatekoa mugatu ahal izango du, horien ordezkariek eskumena dutenean euren lurraldean eta euren kontrolpean jarduerak gauzatzeko, baldin eta, delako muga horrek eragozten ez badu gerrako preso guztiei laguntza eragingarria eta nahikoa ematea.

Gerrako presoei laguntzak edo materialak ematen zaizkienean gorago aipatutako helburuarekin, edo gutxienez, epe laburrean, sorospen-sozietateei edo erakunde igorleari preso horien konfiantzazko norbanakoak sinatutako jasoagiria igorriko zaie, bidalketa bakoitzari buruz. Aldi berean, presoak zaintzen dituzten administrazio-agintariek bidalketa horien inguruko jasoagiriak igorriko dituzte.

VI. Titulua Hitzarmenaren aplikazioa

I. Atala

Xedapen orokorrak

126. artikulua

Potentzia babeslearen ordezkariek edo eskuordeek baimena izango dute gerrako presoak dauden leku guztietara joateko, bereziki barneratze-, atxilotze- eta lan-lekuetara; presoek erabiltzen dituzten lokal guztietara sar daitezke. Lekualdatutako presoen irteera, igarobide edo helmuga guztietara joateko baimena izango dute. Presoekin hitz egin dezakete inongo lekukorik gabe eta batik bat, euren konfiantzazko norbanakoarekin, interprete baten bitartez, hori beharrezko bada.

Potentzia babeslearen ordezkariek eta eskuordeek askatasun osoa izango dute bisita egin nahi dituzten lekuak aukeratzeko; bisita horien iraupena eta maiztasuna mugagabeak izango dira, eta horiek bakar-bakarrik debekatu ahal izango dira ezinbesteko beharrizan militarrengatik eta ohiz kanpo eta aldi baterako baino ez.

Atxiloketa egin duen potentzia eta ikustatuak izan behar diren presoak zein potentziaren menpekoak izan eta potentzia horiek ados jar daitezke, kasuan kasu, presoen herrikideak baimenduak izan daitezen bisitak egiteko.

Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen ordezkariek pribilegio berberen onurak izango dituzte. Ordezkari horien izendapena, bisitatu behar diren gerrako presoak zein potentziaren esku egon eta potentzia horren onespenaren menpe egongo da.

127. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute, bake zein gerra garaian, Hitzarmen honen testua ahalik eta zabalen hedatzeko, bakoitzaren herrian eta, batez ere, heziketa militarreko programetan, eta ahal bada, zibilean ere, honen ikasketa sartzeko, indar armatuek eta biztanleriak ezagutu ditzaten Hitzarmenaren printzipioak.

.

Gerra garaian, gerrako presoei dagokienez, erantzukizunak bereganatzen dituzten agintari militarrek nahiz besteek, Hitzarmenaren testua izan beharko dute eta bereziki horren xedapenen inguruan jakitun egon.

128. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek elkarri jakinaraziko dizkiote, Suitzako Kontseilu Federalaren bidez eta, liskarrek irauten duten bitartean, potentzia babesleen bitartez, Hitzarmen honen itzulpen ofizialak, eta honen aplikazioa bermatzeko, kasuan kasu, onetsi dituzten lege eta erregelamenduak.

129. artikulua

Alderdi kontratugile gorenek konpromisoa hartzen dute beharrezko legegintza-neurri guztiak hartzeko zigor-zehapen egokiak zehazteko. Zehapen horiek aplikatuko zaie Hitzarmen honen aurka edozein arau-hauste larri gauzatu egin duten edo egitea agindu duten pertsonei, ondorengo artikuluan zehaztutakoaren arabera.

Alderdi kontratugile bakoitzak edozein arau-hauste larri egin dutelako edo egitea agindu dutelako salatuak izan diren pertsonak bilatzeko betebeharra izango du eta euren auzitegien aurrean agerrarazi beharko ditu, pertsona horien naziokotasuna edozein izanik ere. Nahiago badu, eta euren legerian zehaztutako baldintzen arabera, aukera izango du beste alderdi kontratugile interesdun bati emateko honek epai dezan, azken honek pertsona horien aurka kargu nahikoak azaldu baditu.

Alderdi kontratugile bakoitzak neurri egokiak hartuko ditu, ondorengo artikuluan definitutako arau-hauste larriez gain, Hitzarmen honen xedapenen aurkako egintzak ere buka daitezen.

Erruztatuek, inguruabar guztietan, prozedura bermeen eta defentsa askearen onurak izango dituzte, eta onura horiek ez dira izango Hitzarmen honen 105. artikuluan eta ondorengoetan ezarritakoak baino beheragokoak.

130. artikulua

Aurreko artikuluan aipatzen diren arau-hauste larriak dira ondorengo egintzetatik edozein, Hitzarmenak babestutako pertsona edo ondasunen aurka egiten badira: hala nahita egindako erailketa, tortura edo tratu ankerrak, esperimentu biologikoak barne, hala nahita eragindako sufrimendu handiak edo osotasun fisiko edo osasunaren aurkako atentatu larriak, gerrako preso bat potentzia etsaiaren indar armatuei zerbitzu ematera derrigortzea, edo Hitzarmen honen arauen arabera lege bidez eta inpartzialtasunez epaitua izateko eskubideaz gabetzea.

131. artikulua

Alderdi kontratugileetako inork ezin izango du berak edo beste alderdi kontratugile batek dituzten erantzukizunetatik bere burua salbuetsi, ezta beste alderdi kontratugile bat ere salbuetsi, aurreko artikuluan ezarritako arau-hausteen ondorioz.

132. artikulua

Gatazkan dagoen alderdietako baten eskaera egin ondoren, galdeketa bat egin beharko da, alderdi interesdunen artean zehaztuko dituzten modalitateen arabera, Hitzarmenaren edozein urraketa alegaturen gainean.

Galdeketa prozeduraren inguruan ez bada akordio batera heltzen, alderdiak arbitro bat aukeratzeko ados jarriko dira, eta horrek erabakiko du jarraitu beharreko prozeduraren gainean.

Behin urraketa egiaztatu eta gero, gatazkan dauden alderdiek gelaraziko dute hori, eta ahalik eta azkarren zigortuko dute.

II. Atala

Azken xedapenak

133. artikulua

Hitzarmen hau frantsesez eta ingelesez idatzita dago. Bi testuak kautoak dira.

Suitzako Kontseilu Federala arduratuko da Hitzarmenaren itzulpen ofizialak egin daitezen errusieraz eta espainieraz.

134. artikulua

Hitzarmen honek 1929ko uztailearen 27ko Hitzarmena ordezten du alderdi kontratugile gorenen arteko harremanei dagokienez.

135. artikulua

Hagako Hitzarmenek, 1899ko uztailaren 29koak zein 1907ko urriaren 18koak, lotzen dituzten potentzien arteko harremanetan, lehorreko gerraren lege eta ohituren inguruan, eta potentziok hitzarmen honen alderdiak badira, orduan, Hitzarmen honek osatuko du aipatutako Hagako Hitzarmenen eranskina den Erregelamenduaren II. kapitulua.

136. artikulua

Hitzarmen hau, gaurko data izango duena, 1950eko otsailaren 12ra arte sina daiteke, 1949ko apirilaren 21ean Genevan hasitako Konferentzian zein potentzia ordezkatuak izan eta horien izenean, eta Konferentzia horretan ordezkatuta egon gabe, 1929ko uztailaren 27ko Hitzarmenaren alderdi diren potentzien izenean.

137. artikulua

Hitzarmen hau ahalik eta arinen berretsiko da, eta berrespenak Bernan gordailutuko dira.

Berrespen-instrumentu bakoitzaren gordailuaren agiria jasoko da, eta horren kopia, kopia zehatza dela egiaztatu ondoren, Suitzako Kontseilu Federalak igorriko die dagokien potentziei, horien izenean Hitzarmena sinatu bada edo horrekiko atxikimendua jakinarazi badute.

138. artikulua

Hitzarmen hau indarrean jarriko da, gutxienez, bi berrespen-instrumentu gordailutu eta sei hilabetera. Geroago, indarrean jarriko da alderdi kontratugile goren bakoitzarentzat, berrespen-instrumentu gordailutu eta sei hilabetera.

139. artikulua

Hitzarmen hau, indarrean sartzen den datatik, irekita geratuko da zein potentziaren izenean sinatu ez eta potentzia horren atxikimendua jasotzeko.

140. artikulua

Atxikimenduak idatziz jakinaraziko zaizkio Suitzako Kontseilu Federalari, horiek jaso eta sei hilabete geroago sortuko dituzte ondorioak.

Suitzako Kontseilu Federalak atxikimenduak jakinaraziko dizkie dagozkien potentziei, horien izenean Hitzarmena sinatu bada edo horrekiko atxikimendua jakinarazi badute.

141. artikulua

2 eta 3. artikuluetan ezarritako egoerek eragingo dute gordailututako berrespenak eta gatazkan dauden alderdien atxikimendu jakinaraziek berehalako ondorioak izatea, horiek liskarrak edo okupazioa hasi aurretik edo geroago egin arren. Gatazkan dauden alderdien berrespenen- edo atxikimenduen- jakinarazpenak, Suitzako Kontseilu Federalak egingo ditu, biderik azkarrena erabilita.

142. artikulua

Alderdi kontratugile goren bakoitzak Hitzarmen hau salatzeko ahalmena izango du.

Salaketa idatziz jakinaraziko zaio Suitzako Kontseilu Federalari, eta honek jakinaraziko die alderdi kontratugile goren guztien gobernuei.

Salaketak Suitzako Kontseilu Federalari jakinarazi zaionetik urtebete geroago sortuko ditu ondorioak. Dena den, potentzia salatzailea gatazkaren batean dagoenean, jakinarazitako salaketak ez du inolako ondoriorik sortuko, baldin eta bakea adostu ez bada eta, edozein kasutan ere, Hitzarmen honek babesten dituen pertsonen askatze- eta aberriratze-eragiketak amaitu ez badira.

Salaketak bakar-bakarrik balioko du potentzia salatzailearekiko. Ez du inolako ondoriorik sortuko gatazkan dauden alderdiek bete behar dituzten betebeharrekiko, jendeen arteko zuzenbidearen printzipioen arabera, printzipio horiek eratortzen baitira lehendik ezarritako usadioetatik, gizateriaren legeetatik eta jendearen kontzientziak sortutako iritzietatik.

143. artikulua

Suitzako Kontseilu Federalak Hitzarmen hau Nazio Batuen Idazkaritzara igorriko du, bertan erregistroa gauzatzeko. Era berean, Suitzako Kontseilu Federalak Nazio Batuen Idazkaritzari adieraziko dizkio Hitzarmen honen inguruan jasotzen dituen berrespen, atxikimendu eta salaketa guztiak.

Horren fede emanaz, behean sinatzen dutenek, bakoitzari dagozkion ahalorde osoak gordailutu eta gero, Hitzarmen hau sinatu dute.

Genevan egina, 1949ko abuztuaren 12an, frantsesez eta ingelesez. Jatorrizkoa Suitzako Konfederazioko artxiboetan gordailutu behar da. Suitzako Kontseilu Federalak Hitzarmenaren kopia bidaliko dio, kopia zehatza dela egiaztatu eta gero, estatu sinatzaile bakoitzari, bai eta Hitzarmenari atxikimendua eman dioten estatuei ere.

I. Eranskina

Zauritutako eta gaixo dauden gerrako presoak zuzeneko aberriratzeari eta herrialde neutral batean ospitaleratzeari buruzko akordio eredua

(ikus 110. artikulua )

I.- Zuzeneko aberriratze edo herrialde neutralean ospitaleratzeko printzipioak

A. Zuzeneko aberriratzea

Ondorengoak zuzenean aberriratuko dira:

1) Traumatismoen eraginez, ondorengo arazoak jasaten dituzten gerrako preso guztiak: gorputz-adar baten galera, elbarritasuna, arazo artikularrak edo bestelakoak, baldin eta, gutxienez, esku edo oin bat galdu badu, edo esku edo oin bat galtzearen baliokidea bada.

Interpretazio zabalago bati kalterik egin gabe, esku edo oin bat galtzearen baliokidetzat hartuko dira ondorengo kasuak:

a) Esku galtzea, atzamar guztiak edo esku bateko hatz lodia eta erakuslea; oina galtzea edo behatz guztiak eta oin bateko metatarsoak.

b) Zurruntzea, hezur-ehuna galtzea, uzkurtze orbaintzailea, horrek esku bateko hatz-artikulazio handitako baten funtzionamendua ezeztatzen duenean.

c) Hezur luzeen sasiartrosia.

d) Haustura edo beste istripu batzuen ondoriozko deformazioak, horiek pisuak eramateko jarduera eta gaitasuna larri murrizten badituzte.

2) Gerrako preso zauritu guztiak, horien egoera kroniko bilakatu denean, hainbesteraino, non badirudien, tratamenduak eginda ere, pronostikoaren arabera, horiek ez direla sendatuko zauria gertatu eta hurrengo urtearen barruan ere, esaterako, ondorengo kasuetan:

a) Bihotzean jaurtigaia badu, mediku-batzorde mistoak, azterketa egitean, nahasmendu larririk egiaztatu ezin izan badu ere.

b) Burmuinean edo biriketan metalezko printza badu, mediku-batzorde mistoak, azterketa egitean, lekuan lekuko edo nahasmendu orokorrik egiaztatu ezin izan badu ere.

c) Osteomielitisa badu, hori sendatu ezin denean, zauria gertatu eta hurrengo urtearen barruan edota ikusten bada artikulazio bat zurrunduko duela edo esku bat edo oin bat galtzearen beste aldaketa baliokide batzuk eragingo dituela.

d) Artikulazio handietan zauri sakona eta zornea dariona badu.

e) Buru-hezurrean zauria badu eta horrek hezur-ehuna galtzea edo lekualdaketa eragiten badio.

f) Aurpegian zauria edo erredura badu eta horrek ehuna galtzea eta lesio funtzionalak eragiten badizkio.

g) Bizkarrezur-muinean zauria badu.

h) Nerbio periferikoen lesioa badu, horren ondorioak esku bat edo oin bat galtzearen baliokide direnean eta halakoa sendatzeko zauria gertatu eta urtebete baino gehiago behar denean. Horrelako lesioak dira: besoko sarea edo errain-hezur lunbarrean zauria, nerbio ertain edo ziatikoan, nerbio erradial eta kubitalean zauri konbinatua edo perone-nerbio arruntean eta tibia-nerbioan, etab. Nerbio erradial, kubital, perone- edo tibia-nerbioetan zauri isolatuak ez du aberriratzea bidezkotzen, uzkurdura edo arazo neurotrofiko larrien kasuetan salbu.

i) Gernu-aparatuan zauria badu, horren funtzionamendua modu larrian arriskuan jartzen duenean.

3) Gerrako preso gaixo guztiak, horien egoera kroniko bilakatu denean, hainbesteraino, non badirudien, tratamenduak eginda ere, pronostikoaren arabera, horiek ez direla sendatuko gaixotasuna hasi eta hurrengo urtearen barruan ere, esaterako, ondorengo kasuetan:

a) Edozein organoetako tuberkulosi ebolutiboa dagoenean, eta mediku pronostikoaren arabera, dagoeneko sendaezina dena edo, gutxienez, hobekuntza handiak izango ez dituena herrialde neutralean jasotako tratamenduaren bidez.

b) Pleuresia bustia dagoenean.

c) Arnasketa organoen gaixotasun larriak daudenean, tuberkulosoa ez den etiologiaduna, sendaezintzat jotzen direnak, esaterako: birika-enfisema larria (bronkitisa izan ala ez), asma kronikoa, bronkitis kronikoa gatibualdian urtebete baino gehiago irauten badu; bronkoektasia; etab.

d) Zirkulazioaren gaixotasun kroniko larriak daudenean, esaterako: balbula-gaixotasunak eta miokardio-gaixotasunak, gatibualdian zehar desoreka-zeinuak erakutsi badituzte, mediku-batzorde mistoak, azterketa egitean, halako zeinurik ziurtatu ezin izan badu ere; periokardio eta odol-hodietako gaixotasuna (Buergerren gaixotasuna, hodi handien aneurisma); etab.

e) Digestio-organoen gaixotasun kroniko larriak daudenean, esaterako: urdaileko edo duodenoko ultzera; gatibualdian zehar egindako urdaileko ebakuntza kirurgikoaren ondorioak; gastritis, enteritis edo kolitis kronikoa urtebete baino gehiago eta egoera orokorrari larri eragiten diotenean; zirrosi hepatikoa, kolezistopatia kronikoa; etab.

f) Organo genitourinarioen gaixotasun kroniko larriak daudenean, esaterako: giltzurruneko gaixotasun kronikoak entengabeko arazoekin, nefrektomia giltzurrun tuberkulosoarentzat; pielitis edo zistitis kronikoa, hidro edo pionefrosia, gaixotasun ginekologiko larriak; haurdunaldiak eta obstretizia-gaixotasunak, herrialde neutralean ospitaleratzea ezinezkoa denean; etab.

g) Nerbio-sistema zentralaren eta periferikoaren gaixotasun kroniko larriak daudenean; esaterako: ageriko psikosi eta psikoneurosi guztiak, hala nola, histeria larriak, gatibutasunaren psikoneurosi larria, etab., behar bezala egiaztatuak aditu baten bidez; kanpamenduaren medikuak behar bezala egiaztatutako epilepsia oro; garun-arteriosklerosia; neuritis kronikoa urtebete baino gehiago; etab.

h) Sistema neurobegetatiboaren gaixotasun kroniko larriak daudenean, horiek modu nabarmenean adimen-gaitasuna edo gorputz-gaitasuna murrizten dituztenean, edo pisua dezente galtzea eta orokorrean, astenia eragin dutenean.

i) Bi begietatik ikusten ez dutenean, edo batetik, eta bestetik ikusten duena 1 baino gutxiago denean, hori zuzentzeko betaurrekoak erabili arren; ikusmen-zolitasuna murriztu denean eta gutxienez begi bati dagokionez 1/2an zuzendua izan ezin daitekeena; gainontzeko begietako gaixotasun larriak; esaterako: glaukoma; iritisa; kloroiditisa; trakoma; etab.

k) entzumen arazoak daudenean, hala nola, belarri batetik ezer entzuten ez denean, eta beste belarritik ezin duenean ulertu hitz arrunta metro batetik;

l) Metabolismoaren gaixotasun larriak daudenean, esaterako: intsulina tratamendua behar duen diabetes azukretua; etab.

m) Barne-jarioko guruinen arazo larriak daudenean, esaterako: tireotoxikosia; hipotireosia; Addisonen gaixotasuna; Simondsen kakexia; tetanos; etab.

n) Sistema hematopoiektikoaren gaixotasun larri eta kronikoak daudenean.

o) Intoxikazio kroniko larriak daudenean, esaterako: saturnismoa; hidrargirismoa; morfinismoa; kokainismoa; alkoholismoa; gas edo irradiazioek eragindako intoxikazioak; etab.

p) Lokomozio-organoen gaixotasun kronikoak daudenean eta horiek ageriko arazo funtzionalak eragiten dutenean, esaterako: itxuragabetzen duen artrosia ; lehen mailako eta bigarren mailako poliartritis kroniko ebolutiboa; erreumatismoa adierazpen kliniko larriekin; etab.

q) Azaleko gaixotasun kroniko eta larriak daudenean, tratamenduari erantzuten ez diotenean.

r) Neoplasma gaizto oro dagoenean.

s) Infekzio-gaixotasun kroniko larriak daudenean, agertu eta urtebete geroago oraindik irauten dutenak, esaterako: paludismoa, arazo organiko handiak eragiten duenean; disenteria amibianoa edo bazilarra, arazo larriak eragiten dituenean; errai-sifili tertziarioa, tratamenduari erantzuten ez diona; legenarra; etab.

t) Abitaminosi larria edo ahuleria larria daudenean.

B. Herrialde neutralean ospitaleratzea

Herrialde neutralean ospitaleratzeko ondorengoak aurkeztuak izango dira:

1) Gerrako preso zauritu guztiak, gatibutasunean senda ezin daitezkeenak, baina senda daitezkeenak edo horien egoera nabarmen hobetu, baldin eta herrialde neutralean ospitaleratzen badira.

2) Edozein tuberkulosi mota jasaten duten gerrako presoak, kaltetutako organoa edozein izanik ere, herrialde neutralean jasotako tratamenduak gaixoa sinesgarri sendatzea lor dezakeenean edo, gutxienez, hobekuntza nabarmena eragin dezakeenean, alde batera utzita gatibualdia baino lehen sendatutako lehen mailako tuberkulosia.

3) Gerrako preso gaixoak, horien gaixotasunak arnasketa-, zirkulazioa-, digestio, nerbio-, zentzumen-, genitourinario-, azal-, lokomozio-organoen, eta beste zenbait organoen tratamendua behar dutenean, eta nabaria denean emaitza hobeak lor daitezkeela herrialde neutralean gatibutasunean baino.

4) Tuberkulosoa ez den giltzurrunetako gaixotasuna dela eta, gatibualdian nefrektomia bat jasan duten gerrako presoak, edo osteomielitisa sendatze bidean edo sorran dutenak, edo intsulina tratamendua behar ez duen diabetes azukretua dutenak, etab.

5) Gerra edo gatibutasunak eraginda neurosia duten gerrako presoak.

Gatibutasunaren neurosi kasuak, herrialde neutral batean ospitaleratu eta hiru hilabetera sendatzen ez direnean, edo, epe hori igaro eta gero, modu nabarmenean ez badaude behin betiko sendatze bidean, aberriratuak izango dira.

6) Intoxikazio kronikoa (gasa, metalak, alkaloideak, etab.) duten gerrako preso guztiak, horientzat herrialde neutral baten sendatzeko aukerak bereziki lagungarri direnean.

7) Gerrako preso emakume haurdun guztiak, eta amak eta euren bularreko haurrak eta seme-alaba txikiak.

Ondorengoak herrialde neutralean ospitaleratzetik kanpo geratuko dira:

1) Behar bezala frogatutako psikosi kasu guztiak.

2) Sendaezintzat jo diren nerbio-gaixotasunak, organikoak zein funtzionalak.

3) Gaixotasun kutsakor guztiak, kutsakorra izan daitekeen aldian zehar, tuberkulosia salbuetsita.

II. Ohar orokorrak

1) Gorago aipatu baldintzak, orokorrean, ahalik eta izaera zabalenarekin interpretatu eta aplikatu behar dira.

Gerrak edo gatibutasunak eragindako egoera neurotikoek eta psikopatikoek, eta tuberkulosi kasuek, maila guztietan, bereziki, eskuzabaltasun honen onura izan behar dute. Hainbat zauri izan dituzten gerrako presoak, nahiz eta zauri horiek banaka hartuta nahikoa ez izan aberriratzea bidezkotzeko, espiritu berdinarekin aztertuko dira, zaurien kopurua dela eta, traumatismo fisikoa kontuan izanda.

2) Zuzeneko aberriratze eskubidea ematen duten kasu eztabaidaezin guztiak (anputazioa, itsutasuna edo erabateko gortasuna, biriketako tuberkulosi nabarmena, buruko gaixotasuna, neoplasma gaiztoa, etab.) aztertuko dituzte kanpamenduko medikuek edo atxiloketa egin duen potentziak izendatutako mediku-militarren batzordeek eta ahalik eta arinen aberriratuko dira.

3) Gerra aurreko zauri eta gaixotasunek, larriagotu direnek, eta soldadutza berriro hastea eragotzi ez duten gerrako zauriek, ez dute zuzeneko aberriratze eskubidea emango.

4) Xedapen hauek modu berberean interpretatu eta aplikatuko dira gatazkan alderdi diren estatu guztietan. Potentziek eta agintari interesdunek mediku-batzorde mistoei euren zeregina gauzatzeko beharrezko erraztasunak emango dizkiete.

5) Gorago 1) zenbakian aipatutako adibideak ohiko kasuak baino ez dira. Xedapen hauei zehatz-mehatz ez dagozkien kasuak, Hitzarmen honen 110. artikuluaren hizpaketen eta hitzarmen honen edukiaren printzipioen espirituarekin epaituko dira.

II. Eranskina

Mediku-batzorde mistoei buruzko erregelamendua

(ikus 112. artikulua)

1. artikulua.- Hitzarmenaren 112. artikuluan ezarritako mediku-batzorde mistoak hiru kidek osatuko dute, horietako bi herrialde neutral batekoak izango dira; hirugarrena atxiloketa egin duen potentziak izendatuko du. Burua izango da kide neutralen ordezkari bat.

2. artikulua.- Bi kide neutralak Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak izendatuko ditu, potentzia babeslearekin bat etorriz, atxiloketa egin duten potentziaren eskaera jaso eta gero. Pertsona horiek euren jatorrizko herrialdean, beste herrialde neutral batean edo atxiloketa egin duen potentziaren herrialdean bizi daitezke.

3. artikulua.- Gatazkan dauden alderdi interesdunek onetsiko dituzte kide neutralak, haiek Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari eta potentzia babesleari jakinaraziko diete euren onespena. Direlako kideek jakinarazpen hori egin bezain laster, eragingarritasun osoz izendatuak izan direla ulertuko da.

4. artikulua.- Era berean, ordezko kideak izendatuko dira titularrak ordezteko besteko kopuruan, beharrezkoa bada. Izendapen hori titularren izendapenarekin batera egingo da edo, gutxienez, ahalik eta epe laburrenean.

5. artikulua.- Edozein arrazoi dela eta, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak ezin baditu kide neutralak izendatu, orduan potentzia babesleak egingo du.

6. artikulua.- Ahal den heinean, kide neutraletako bat zirujaua izango da eta bestea medikua.

7. artikulua.- Kide neutralek independentzia osoa izango dute gatazkan dauden alderdiekiko, eta hauek erraztasun guztiak eman beharko dizkiete beraien eginkizuna betetzeko.

8. artikulua.- Atxiloketa egin duen potentziarekin bat etorriz, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak interesdunen zerbitzu-baldintzak zehaztuko ditu, erregelamendu honen 2 eta 4. artikuluetan adierazitako izendapenak egiten dituztenean.

9. artikulua.- Kide neutralak onetsi bezain laster, mediku-batzorde mistoek ahalik eta azkarren hasiko dute euren lana eta, edozein kasutan, onespenaren datatik hiru hilabeteko epean.

10. artikulua.- Mediku-batzorde mistoek Hitzarmenaren 113. artikuluan aipatzen diren preso guztiak aztertuko dituzte. Proposatuko dute, dela, aberriratzea, dela aberriratzea baztertzea, dela atzeratzea, geroagoko azterketa baten pentsutan. Erabakiak gehiengoz hartuko dira.

11. artikulua.- Ikustaldia egin eta ondorengo hilabetean, kasu bakoitzean Batzordeak hartutako erabaki zehatza atxiloketa egin duen potentziari, potentzia babesleari eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari jakinaraziko zaie. Mediku-batzorde mistoak aztertu duen preso bakoitzari ere jakinaraziko dio hartutako erabakia, eta zein presoen aberriratzea proposatu duen eta preso horiei Hitzarmen honen eranskineko ereduaren antzeko ziurtagiri bat emango die.

12. artikulua.- Atxiloketa egin duen potentziak mediku-batzorde mistoaren erabakiak ezarri beharko ditu behar bezala informatua izan denetik hiru hilabeteko epean.

13. artikulua.- Mediku-batzorde misto baten jarduera beharrezko dela ematen duen herrialde batean mediku neutralik ez badago, eta ezinezkoa bada, edozein arrazoi dela bide, beste herrialde batean bizi diren mediku neutralak izendatzea, atxiloketa egin duen potentziak, potentzia babeslearekin batera arituko da eta mediku-batzorde bat eratuko du, mediku-batzorde misto baten eginkizun berberak bere gain hartuko dituena, erregelamendu honen 1, 2, 3, 4, 5 eta 8. artikuluetan ezarritakoari kalterik egin gabe.

14. artikulua.- Mediku-batzorde mistoak etengabe arituko dira lanean eta kanpamendu bakoitza ikustatuko dute, sei hilabetetik beherako tarteetan.

III. Eranskina

Gerrako presoentzat sorospen kolektiboei buruzko erregelamendua

(ikus 73. artikulua)

1. artikulua.- Baimena emango da Konfiantzazko norbanakoek euren ardurapean dauden sorospen kolektiboak bana ditzaten, administrazioaren alorrean bere kanpamenduari dagozkion preso guztien artean, barne hartuta ospitaletan, espetxeetan edo bestelako espetxe-establezimenduetan daudenak.

2. artikulua.- Sorospen kolektiboen bidalketen banaketa emaileen jarraibideen arabera eta konfiantzazko norbanakoek ezarritako planen arabera egingo da; hala ere, mediku-sorospen banaketa, lehentasunez, mediku-buruekin bat etorriz gauzatuko da. Mediku-buruek jarraibide horiek indargabetu ditzakete ospitaleetan eta lazaretoetan, euren pazienteen beharrizanak hala eskatzen duten neurrian. Horrela definitutako esparruan, banaketa hau beti ekitatearen arabera egingo da .

3. artikulua.- Jasotako gaien kalitatea eta kopurua egiaztatzeko eta horren inguruan, emaileei igorriko zaizkien txosten zehatzak idazteko, konfiantzazko norbanakoek edo horien laguntzaileek baimena izango dute euren kanpamenduetatik gertu dauden guneetara joateko, sorospen kolektiboen bidalketak heltzen diren guneetara, hain zuzen ere.

4. artikulua.- Konfiantzazko norbanakoek beharrezko erraztasunak izango dituzte sorospen kolektiboen banaketa egin den egiaztatzeko, euren kanpamenduko azpi banaketa guztietan eta eranskin guztietan, euren jarraibideekin bat etorriz.

5. artikulua.- Baimena emango da konfiantzazko norbanakoek bete ditzaten eta betearazi ditzaten, lan destakamenduen konfiantzazko norbanakoen bidez edo lazareto edo ospitaleetako mediku-buruen bidez, halako formulario edo galdeketak. Horiek emaileei igorriko zaizkie eta sorospen kolektiboei buruzkoak izango dira (banaketa, beharrizanak, kopuruak,etab.). Halako formulario eta galdeketak, behar bezala beteta, emaileei igorriko zaizkie, atzerapenik gabe.

6. artikulua.- Euren kanpamenduetako gerrako presoei sorospen kolektiboen banaketa zuzena bermatzeko eta aurre egin ahal izateko, kasuan-kasuan, preso berri gehiago heltzeak sor ditzakeen beharrizanei, konfiantzazko norbanakoek sorospen kolektiboen erreserba nahikoak sortu eta mantentzeko baimena izango dute. Horretarako, biltegi egokiak izango dituzte; gordailu bakoitzaren ateak bi sarraila izango ditu; bateko giltza, konfiantzazko norbanakoak izango du, eta besteko giltza, kanpamenduaren komandanteak.

7. artikulua.- Arropa bidalketa kolektiboak direnean, gerrako preso bakoitzak berea izango du, gutxienez, gai guztiez osatutako joko bat. Preso batek arropa joko bat baino gehiago badu, konfiantzazko norbanakoak baimena izango du hobekien hornituta daudenei soberan dituzten gaiak kentzeko edo bat baino artikulu gehiago dutenei halakoak kentzeko, hori egitea beharrezkoa bada gutxien hornitutako presoen beharrizanak asetzeko. Dena den, ezin izango da barruko arropa, galtzerdi edo oinetakoen bigarren jokoa kendu, ez bada bestelako biderik, halakorik ez duen presoari horiek emateko.

8. artikulua.- Alderdi kontratugile gorenek eta, batik bat, atxiloketa egin duten potentziek, ahal den neurrian eta biztanleria hornitzeari buruzko erregelamenduari kalterik egin gabe, bere lurraldean egindako erosketa guztiak baimenduko dituzte, gerrako presoei laguntza kolektiboak banatzeko; era berean, funtsen lekualdaketak eta bestelako finantza-neurriak, neurri tekniko edo administratiboak erraztuko dituzte, erosketa horiei dagokienez.

9. artikulua.- Aurreko xedapenek ez dute gutxiesten gerrako presoek duten eskubidea sorospen kolektiboak jasotzeko, kanpamendu batera heldu aurretik edo euren lekualdaketan zehar. Ez du gutxiesten ere, potentzia babeslearen ordezkariek, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen ordezkariek edo presoei laguntza ematen dien beste edozein erakunderen ordezkariek duten aukera, erakunde horiek sorospenak eskualdatzeko ardura badute, zertarako eta, egoki iritzi duten beste edozein bide dela medio, sorospen horien banaketa bermatzeko, hartzaileen eskura hel daitezen.

IV ERANSKINA: A. NORTASUN-TXARTELA; B. HARRAPATZE-TXARTELA; C. GUTUNERIA-TXARTELA ETA AGIRIA; D. HERIOTZA-OHARRA; E. ABERRIRATZE-ZIURTAGIRIA

V. ERANSKINA. Gerrako presoek euren herrialdera igorri ordainketei buruzko erregelamendua

(ikus 63. artikulua)

1. 63. artikuluaren hirugarren paragrafoan aipatutako jakinarazpenak, ondorengo aipamenak jasoko ditu:

a) ordainketa egiten duen gerrako presoaren matrikula-zenbakia 17. artikuluan zehaztua, graduazioa eta izen-abizenak;

b) ordainketa jasoko duen hartzailearen izena eta helbidea jatorrizko herrialdean;

c) ordaindu beharreko kopurua atxiloketa egin duen potentziaren monetan adierazita.

2. Jakinarazpen hori gerrako presoak sinatuko du. Idazten ez badaki, lekuko batek egiaztatutako zeinu bat ipiniko du. Konfiantzazko norbanakoak oniritzia emango du.

3. Kanpamenduko komandanteak ziurtagiri bat gehituko dio jakinarazpenari; ziurtagiri horretan jasoko da gerrako preso interesdunaren kontuaren saldoa ez dela ordaindu beharreko kopurua baino txikiagoa.

4. Jakinarazpen hauek zerrenda moduan egin daitezke. Zerrenda horien orrialde bakoitza konfiantzazko norbanakoak egiaztatuko du eta kanpamenduko komandanteak kopia zehatza dela ziurtatuko du.

euskal legezalea