22/1994 Legea, Produktu akastunek eragindako kalteen erantzukizun zibilari buruzkoa
EHU, Patxi Petrirena, Irene Aldasoro
22/1994 Legea, 1994ko uztailaren 6koa, produktu akastunek eragindako kalteen erantzukizun zibilari buruzkoa
BOE, 1994ko uztailaren 17a, 161. zenbakia. Honako honek aldatua: 14/2000 Legea, abenduaren 29koa, neurri fiskal, administratibo eta gizarte-arlokoei buruzkoa (BOE, 2000ko abenduaren 30a, 313. zenbakia).
ZIOEN AZALPENA
Lege honen xedea hau da: produktu akastunek eragindako kalteen erantzukizun zibilari buruzko 1985ko uztailaren 25ko 85/374/EEE zuzentaraura egokitzea Espainiako zuzenbidea. Zuzentarau horrekin, lantze-prozesu luze eta konplexu bat buruturik, araubide juridiko funtsean homogeneo bat ezarri nahi izan da, Europar Erkidegoaren eremurako, interes-gatazkak direla-eta bereziki delikatua den gai batean.
Ez zuzentarauak hartzen duen babes-eremu subjektiboa, ez objektiboa, ez datozenez bat 1984ko uztailaren 19ko 26/1984 Legearenekin -kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako orokorra-, lege-proiektu berezi bat egitea erabaki da.
Zuzentarauari jarraituz, erantzukizun objektiboaren araubide bat ezartzen du legeak, nahiz ez absolutua, zerrendatzen diren kasu batzuetan erantzukizunez gabetzeko bide ematen baitzaio fabrikatzaileari.
Ordaingarri diren kaltetzat lesio pertsonalak eta kalte materialak hartzen dira, kalte materialek 65.000 pezetako frankizia dutela.
Babesturiko subjektuak, oro har, produktu akastunek kalteturikoak dira, zentzu hertsian kontsumitzaile izan edo ez.
Fabrikatzailearen erantzukizun objektiboak hamar urte irauten du, kaltea eragin duen produktu akastuna zirkulazioan jarri zenetik hasita. Arrazoizkoa da epea, kontuan harturik proiektuaren aplikazio-eremu objektiboa zein den: ondasun higigarriak, eta gasa eta elektrizitatea.
Legeak, azkenik, zuzentarauak eskaintzen duen aukera baliaturik, muga bat ezartzen dio akats bera duten gauza berdinek eragindako kalte pertsonalen kasuan fabrikatzaileak duen guztizko erantzukizunari.
1. artikulua. Printzipio orokorra
Fabrikatzaileak eta inportatzaileak izango dira, hurrenez hurren, fabrikatzen edo inportatzen dituzten produktuen akatsek eragindako kalteen erantzule, lege honek ezarritakoaren arabera.
2. artikulua. Produktua: legezko kontzeptua
1. Lege honetan, zera hartzen da produktutzat: ondasun higigarri oro, nahiz beste ondasun higigarri edo higiezin bati elkarturik edo hartan integraturik egon.
2. Gasa eta elektrizitatea ere produktutzat joko dira.
3. artikulua. Produktu akastuna: legezko kontzeptua
1. Zera hartuko da produktu akastuntzat: legitimoki espero izatekoa den segurtasuna eskaintzen ez duena, kontuan izanik inguruabar guztiak eta, bereziki, aurkezpena, zentzuz aurreikus dakiokeen erabilera eta noiz jarri den zirkulazioan.
2. Edozein kasutan, akastuna da produktu bat baldin eta sail bereko gainerako aleek eskuarki eskaintzen duten segurtasuna eskaintzen ez badu.
3. Produktu bat akastuntzat jotzeko, ez da nahikoa arrazoi izango gerora hobeturik jarri izana produktu hori bera zirkulazioan.
4. artikulua. Fabrikatzailea eta inportatzailea: legezko kontzeptuak
1. Lege honetan, fabrikatzailetzat hartzen da:
a) Produktu bukatuaren fabrikatzailea.
b) Produktu bukatu batean integraturiko edozein elementuren fabrikatzailea.
c) Lehengai bat ekoizten duena.
d) Jendaurrean fabrikatzaile gisa agertzen den edozein pertsona, bere izena, sozietate-izena, marka edo beste edozein zeinu edo bereizgarri jarririk produktuan edo produktuaren ontzikian, bilgarrian edo beste edozein babes- edo aurkezpen- elementutan.
2. Lege honetan, inportatzailetzat hartzen da enpresa-jardueran ari dela Europar Batasunean produktu bat sartzen duena, dela saltzeko, errentamendurako, errentamendu finantzariorako edo beste edozein banaketa modutarako.
3. Produktuaren fabrikatzailea identifikatzerik ez badago, produktua hornitu edo eskura jarri duena hartuko da fabrikatzailetzat, non eta kaltedunari edo galera izan duenari ez dion adierazten, hiru hilabeteko epean, nor den fabrikatzailea edo berari produktua hornitu edo eskura jarri diona. Erregela bera aplikatuko da produktua inportatua denean, produktuak inportatzailearen izenik ez badakar, nahiz eta fabrikatzailearena adierazi.
5. artikulua. Frogatzea
Kalteak konpontzea lortu nahi duen kaltedunak frogatu egin beharko ditu akatsa eta kaltea, eta bata bestearen ondorio dela.
6. artikulua. Erantzukizunez gabetzeko arrazoiak
1. Fabrikatzailea edo inportatzailea ez dira erantzule izango baldin eta frogatzen badute:
a) Zirkulazioan jarri gabea zutela produktua.
b) Uste izatekoa dela, kasuaren inguruabarrak ikusirik, zirkulazioan jarri zenean produktuak ez zuela akats hori.
c) Produktua ez zela saltzeko edo helburu ekonomikoz beste inola banatzeko fabrikatu, ez jarduera profesional batean edo enpresa-jarduera batean fabrikatu, inportatu, hornitu edo banatu.
d) Une hartan zeuden aginduzko arauen arabera egina izateagatik zuela akatsa produktuak.
e) Zirkulazioan jarri zen uneko ezagutza zientifiko eta teknikoekin ezin zela akatsa hauteman.
2. Produktu bukatu batean integraturiko parte baten fabrikatzailea eta inportatzailea ez dira erantzule izango baldin eta frogatzen badute hura txertatu den produktuaren kontzepzioari edo produktu horren fabrikatzaileak emandako instrukzioei egotz dakiekeela akatsa.
3. Gizakiaren kontsumorako botika, elikagai edo janari-produktuen kasuan, erantzuleek, lege honen arabera, ezin emango dute erantzukizunez gabetzeko arrazoitzat artikulu honen 1. zenbakiko e) letrakoa.
7. artikulua. Erantzukizun solidarioa
Lege hau aplikaturik kalte beraren erantzule diren pertsonak erantzule solidario izango dira.
8. artikulua. Hirugarren baten esku-hartzea
Fabrikatzailearen edo inportatzailearen erantzukizuna ez da gutxiagotuko produktuaren akats batek eta hirugarren baten esku-hartzeak batera sortu dutenean kaltea. Hala ere, lege honen arabera erantzule izan eta kalte-ordaina eman duen subjektuak aukera izango du hirugarrenari erreklamatzeko haren eskuhartzeak kaltearen sorreran izandako parteari dagokiona.
9. artikulua. Kaltedunaren errua
Fabrikatzailearen edo inportatzailearen erantzukizuna gutxiagotu edo kendu ahal izango da, kasuaren inguruabarren arabera, batera eragin badute kaltea produktuaren akatsak eta kaltedunaren erruak, edo kaltedunak beraren erantzukizun zibila duen beste pertsona batenak.
10. artikulua. Babes-eremua
1. Lege honetan aurreikusitako erantzukizun zibilaren araubideak heriotzakasuak eta gorputzeko lesioak hartzen ditu, eta orobat produktu akastunaz besteko gauzei egindako kalteak, betiere berez erabilera edo kontsumo pribaturakoa bada gauza akastuna, eta nagusiki hala erabili badu kaltedunak. Azken kasu horretan, 65.000 pezetako frankizia kenduko da.
2. Gainerako kalte-galerak, kalte moralak barne, legeria zibil orokorraren arabera konpondu ahal izango dira.
3. Lege hau ez da aplikatuko istripu nuklearrek eragindako kalteak konpontzeko, baldin eta Europar Batasuneko estatu kideek berretsiriko nazioarteko hitzarmenen bidez estalirik badaude kalteok.
11. artikulua. Guztizko erantzukizunaren muga
Lege honetan aurreikusitako erantzukizun-araubidean, 10.500.000.000 pezetan ezartzen zaio muga akats bera duten produktu berdinek eragindako heriotza eta lesio pertsonalengatik fabrikatzaileak edo inportatzaileak duen guztizko erantzukizun zibilari.
12. artikulua. Akzioaren preskripzioa
1. Lege honetan aurreikusitako kalte-galerak konpontzeko akzioak hiru urteren buruan preskribatuko du, produktuaren akatsagatik edo akats horrek eragindako kalteagatik kaltedunak galera izan zuen egunetik kontatzen hasita, betiere galeraren erantzulea zein den jakinez gero. Kalte-ordaina eman duenak kaltearen erantzule diren gainerako guztien kontra baliaturiko akzioak urtebeteren buruan preskribatuko du, kaltea ordaindu den egunetik kontatzen hasita.
2. Preskripzioa eteteari dagokionez, Kode Zibilean ezarritakoak aginduko du.
13. artikulua. Erantzukizuna azkentzea
Lege honetan kaltedunari aitortzen zaizkion eskubideak hamar urteren buruan azkenduko dira, kaltea eragin duen produktu konkretua zirkulazioan jarri den egunetik kontatzen hasita, ez bada, aldi horretan, dagokion erreklamazio judiziala hasi.
14. artikulua. Erantzukizunez gabetzeko edo erantzukizuna mugatzeko klausulen efekturik eza
Kaltedunarekiko efekturik gabeak dira lege honetan aurreikusitako erantzukizun zibilaz gabetzeko edo hura mugatzeko klausulak.
15. artikulua. Kontratuzko nahiz kontratuz kanpoko erantzukizun zibila
Lege honetan aitorturiko akzioek ez diete eragiten kaltedunak fabrikatzailearen, inportatzailearen edo beste edonoren kontratuzko nahiz kontratuz kanpoko erantzukizunaren ondorioz izan ditzakeen beste eskubide batzuei.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Bakarra. Hornitzailearen erantzukizuna
Produktu akastunaren hornitzailea erantzule izango da, haren fabrikatzailea edo inportatzailea balitz bezala, produktua akatsa zuela jakinik hornitu duen kasuan. Kasu horretan, berreskatze-akzioa baliatu ahal izango du hornitzaileak fabrikatzailearen edo inportatzailearen aurka.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Bakarra. Zirkulazioan dauden produktuak
Lege hau ez zaio aplikatuko berau indarrean sartu aurretik zirkulazioan jarritako produktuek eragindako kalteetatik eratorritako erantzukizun zibilari. Une hartan indarrean zeuden xedapenek aginduko dute erantzukizun horren gainean.
AMAIERAKO XEDAPENAK
Lehena. Agindu batzuk ez aplikatzea
Lege honen 2. artikuluan sartzen diren produktu akastunek eragindako kalteen erantzukizun zibilari ez zaizkio aplikatuko 1984ko uztailaren 19ko 26/1984 Legearen -kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako orokorra- 25.etik 28.era bitarteko artikuluak.
Bigarrena. 1984ko uztailaren 19ko 26/1984 Legearen 30. artikulua berridaztea
Honela geratzen da idatzirik 1984ko uztailaren 19ko 26/1984 Legearen -kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako orokorra- 30. artikulua:
«Gobernuak, aurrez entzuera emanik interesatuei eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei, nahitaezko aseguru-sistema bat ezarri ahal izango du produktu edo zerbitzu akastunek eragindako kalteen erantzukizun zibilerako, eta berme-funts bat, heriotza, intoxikazio eta lesio pertsonal diren kalteak guztiz edo partez estaltzeko».
Hirugarrena. Zenbatekoak aldatzea
Gobernuari ahalmena ematen zaio lege honetan ezarritako zenbatekoak aldatzeko, Europar Erkidegoko arautegiak ezarritakoari jarraituz Europar Batasuneko Kontseiluak egiten dituen aldizkako berrikuspenen arabera.
Laugarrena. Indarrean sartzea.
Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean lege hau.
euskal legezalea