31999forulegea

3/1999 Foru Legea, Jokoari buruzko 11/1989 Foru Legea aldatzekoa

Nafarroako Parlamentua

3/1999 FORU LEGEA, martxoaren 2koa, Jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legea aldatzekoa

NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak honako hau onetsi duela.

JOKOARI BURUZKO EKAINAREN 27KO 11/1989 FORU LEGEA ALDATZEKO FORU LEGEA

ZIOEN AZALPENA

Jokoari buruzko 11/1989 Foru Legeak, bere 8. artikuluko 2. idazatian, finkatzen du Nafarroan joko makina saridun hauei baizik ez zaiela baimenik emanen: partida edo jokaldiaren prezioaren truke erabiltzaileari erabiltzeko edo jokoan aritzeko denbora tarte bat uzten diotenak eta, hala tokatzen bada, sari bat ematen diotenak, inoiz ez partidaren prezioa halako hogei baino gehiagokoa.

Joko Makinen erregelamendua onesten duen uztailaren 31ko 181/1990 Foru Dekretuak, Jokoari buruzko Foru Legea garatzeko emanak, bere 2. artikuluan xedatzen du Nafarroan joko makina bat inskribatzeko, makina horrek nahitaez B motako makinatzat inskribaturik behar duela Joko Batzorde Nazionalaren Eredu Erregistroan, apirilaren 27ko 593/1990 Errege Dekretuak onetsitako erregelamenduaren arabera.

Erregelamenduari hots egite horrek honezkero ez du zentzurik, apirilaren 27ko 593/1990 Errege Dekretua azaroaren 2ko 211/1998 Errege Dekretuak indargabetu baitu, zeinak onesten baitu Jostetako eta Zorizko Makinentzako Erregelamendu berria. Erregelamendu horrek ez ditu behartzen "B" motako makinak Jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legearen 2. idazatian aipatzen den baldintza kunplitzera, eta ikuspuntu tekniko batetik, gainera, makina horiek bat baitabiltza teknologiaz eta ekonomiaz hain dinamikoa den sektore bateko berrikuntzekin.

Halatan bada, aipatu Foru Lege horren 8. artikulua aldatzen da, ez dezan eragotzi joko makinak arautzen dituen foru araudia errealitate berrira moldatzeko behar den erregelamendu garapena.

Artikulu bakarra.-Jokoari buruzko ekainaren 27ko 11/1989 Foru Legearen 8. artikulua berritzen da, eta honela idatzirik uzten:

"8. artikulua. Joko makinak.

1. Hauek jotzen dira joko makinatzat: erregelamenduak ezartzen dituen ezaugarriak eta mugak bete eta partidaren prezioaren truke erabiltzaileari erabilerarako eta jokorako denbora tarte bat ematen diotenak eta bai, hala tokatzen bada, joko programa zein den edo zoriak hala agintzen badu, sari bat ere.

2. Gainera hauek ere hartuko dira joko makinatzat: joko, apustu edo zorizko osagairen bat izateagatik Lehendakaritza eta Barne Departamentuak halakotzat jotzen dituenak, non eta hurrengo idazatiak aipatzen dituen salbuespenetan sartzen ez diren.

3. Foru Lege honetatik kanpo daude salmenta makinak, baldin eta produktuak, salgaiak edo zerbitzuak mekanikoki trukatu edo saldu besterik egiten ez badute, beti ere baldin eta jarritako diruak makinan bertan produktu horietarako adierazten den prezioarekin bat egiten badu eta makinaren mekanismoak ez badu inolako apustu, zorizko konbinazio edo zoraizko jokotarako aukerarik ematen, eta bai josteta hutseko makinak ere, ez badute inolako saririk ematen, zuzeneko nahiz zeharbidekorik, erabilera denbora errepikatzeko aukera besterik."

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.-Esku ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege ha u garatu eta gauzatzeko behar diren xedapen guztiak emateko.

Bigarrena.-Indargabetu egiten dira Foru Lege honetan xedatzen denari kontra egiten dioten arau guztiak.

Hirugarrena.-Foru Lege honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, Foru Lege hau B.M. Erregeren izenean aldarritzen dut; Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizial"era igor dadin agintzen dut eta hiritar eta agintariei bete eta betearaz dezaten manatzen diet.

Iruñean, mila bederatziehun eta laurogeita hemeretziko martxoaren bian.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma

euskal legezalea