espainiakokonstituzioa(ehu)

Espainiako Konstituzioa (EHU)

© Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua

ESPAINIAKO KONSTITUZIOA

(itzulpen eguneratua)

AITZINSOLASA

Espainiako nazioak, justizia, askatasuna eta segurtasuna ezarri nahirik eta bera osatzen duten guztien ona xede harturik, bere subiranotasunaz baliatuz, honako helburu hauek lortzeko borondatea aldarrikatzen du:

Bizikidetza demokratikoa bermatzea, Konstituzioaren eta legeen baitan, ordena ekonomiko eta sozial justu baten arabera.

Zuzenbide-estatu bat sendotzea, legearen agintea segurtatuko duena, herriaren borondatearen adierazpen den aldetik.

Babesa ematea espainiar guztiei eta Espainiako herri guztiei, hala giza eskubideen arloan nola beren kultura eta tradizio, hizkuntza eta instituzioenean.

Kulturaren eta ekonomiaren aurrerabidea bultzatzea, guztiei bizi-kalitate duina segurtatzearren.

Gizarte demokratiko aurreratu bat eratzea, eta Lurreko herri guztien arteko harreman baketsu eta lankidetza emankorrekoak sendotzen laguntzea.

Hala, bada, Gorteek onesten dute, eta Espainiako herriak berresten, KONSTITUZIO hau.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua

1. Espainia zuzenbide-estatu sozial eta demokratiko gisa eratzen da, bere ordenamendu juridikoaren balio gorentzat hartzen dituelarik askatasuna, justizia, berdintasuna eta pluralismo politikoa.

2. Subiranotasun nazionala Espainiako herriari dagokio, eta harengandik datozkio Estatuari botereak.

3. Espainiako estatuaren forma politikoa monarkia parlamentarioa da.

2. artikulua

Konstituzioak Espainiako nazioaren batasun ezin hautsizkoan hartzen du oinarri, hura izanik espainiar guztien aberri erkide eta banaezina, eta era berean aitortzen eta bermatzen du Espainia osatzen duten nazionalitate eta eskualdeen autonomia-eskubidea eta haien arteko elkartasuna.

3. artikulua

1. Gaztelania da Estatuaren espainiar hizkuntza ofiziala. Espainiar guztiek dute gaztelania jakiteko betebeharra eta erabiltzeko eskubidea.

2. Espainiako gainerako hizkuntzak ere ofizialak izango dira, beren autonomia- erkidegoetan, haien estatutuekin ados.

3. Espainia aberatsa izanik mintzaira-moldez, bereziki errespetatu eta zainduko da kultura-ondare hori.

4. artikulua

1. Espainiako bandera hiru zerrenda horizontalez osatua da: gorria, horia eta gorria. Horiaren zabalera gorri bakoitzarena halako bi da.

2. Estatutuek esku izango dute autonomia-erkidegoen bandera eta ikur propioak aintzatesteko. Espainiako banderarekin batera erabiliko dira erkidegoen eraikin publikoetan eta haien ekitaldi ofizialetan.

5. artikulua

Espainiako estatuaren hiriburua Madril da.

6. artikulua

Alderdi politikoek pluralismo politikoa adierazten dute; herriaren borondatea eratzen eta agertzen laguntzen dute, eta funtsezko tresna dira politikan parte hartzeko. Libre da alderdiak sortzea eta haiek beren jarduera izatea, Konstituzioaren eta legearen errespetuan. Demokratikoak izan beharko dute barneegituraz eta jokamoldez.

7. artikulua

Langile-sindikatuak eta enpresaburu-elkarteak lagungarri dira dagozkien interes ekonomiko eta sozialak babesteko eta sustatzeko. Libre da halako erakundeak sortzea eta guztiek ere beren jarduera izatea, Konstituzioaren eta le- gearen errespetuan. Demokratikoak izan beharko dute barne-egituraz eta jokamoldez.

8. artikulua

1. Indar Armatuek —Lurreko Armadak, Itsasoko Armadak eta Aireko Armadak osatuak— eginkizun hauek dituzte: Espainiaren subiranotasuna eta independentzia bermatzea, eta lurralde-osotasuna eta Konstituzioaren araberako ordenamendua zaintzea.

2. Lege organiko batek arautuko ditu antolamendu militarraren oinarriak, Konstituzio honen printzipioen arabera.

9. artikulua

1. Herritarrak eta botere publikoak Konstituzioaren eta gainerako ordenamendu juridikoaren mende daude.

2. Botere publikoen egitekoa da bideak jartzea norbanakoen nahiz taldeen askatasuna eta berdintasuna bene-benetakoak izan daitezen; askatasun eta berdintasun xede hori galarazten edo osotara garatzea zailtzen duten oztopoak kentzea, eta herritar guztiei aukera egokia ematea bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte hartzeko.

3. Konstituzioak bermatzen ditu: legezkotasun printzipioa, arau-hierarkia, arauak publiko egitea, aldekoak ez diren edo norbanakoen eskubideak murrizten dituzten zigor-xedapenen atzeraeraginik eza, segurtasun juridikoa eta botere publikoen erantzukizuna eta arbitrariotasun-debekua.

I. TITULUA

OINARRIZKO ESKUBIDE ETA BETEBEHARRAK

10. artikulua

1. Pertsonaren duintasuna, pertsonari berez dagozkion eskubide bortxaezinak, nortasunaren garapen librea, legearen errespetua eta besteen eskubideen errespetua oinarri dituzte ordena politikoak eta gizarteko bakeak.

2. Konstituzioak aitortzen dituen oinarrizko eskubideei eta askatasunei dagozkien arauak interpretatzeko orduan, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalari eta gai horietan Espainiak berretsiak dituen nazioarteko tratatu eta hitzarmenei begiratuko zaie.

LEHEN KAPITULUA

Espainiarrak eta atzerritarrak

11. artikulua

1. Espainiar nazionalitatea eskuratu, gorde eta galdu, legeak dioenarekin ados egiten da.

2. Jatorriz espainiarra den inori ezin kenduko zaio nazionalitatea.

3. Estatuak nazionalitate bikoitzerako tratatuak adostu ditzake Iberoamerikako herrialdeekin nahiz Espainiarekiko lotura berezia izan dutenekin edo dutenekin.

Herrialde horietan, jatorrizko nazionalitatea galdu gabe bertakotu daitezke espainiarrak, nahiz herrialdeok ez aitortu ordaineko eskubidea hango herritarrei.

12. artikulua

Hemezortzi urterekin dira espainiarrak adindun.

13. artikulua

1. Atzerritarrei badagozkie Espainian Titulu honetan bermatzen diren askatasun publikoak, tratatuek eta legeak ezarritakoaren arabera.

2. Espainiarrak bakarrik izango dira 23. artikuluan aitortutako eskubideen titular, non eta tratatuz edo legez ez den besterik agintzen, elkarrekikotasun irizpideei jarraikiz, udal-hauteskundeetako sufragio aktibo eta pasiborako eskubideari buruz.

3. Tratatu bat edo legea betez soilik emango da estradizioa, elkarrekikotasun printzipioari jarraikiz. Estradiziotik kanpo gelditzen dira delitu politikoak; ez dira halakotzat hartzen terrorismo-ekintzak.

4. Legeak ezarriko du nola erabil dezaketen Espainian asilo-eskubidea beste herrialdeetako herritarrek eta aberrigabeek.

BIGARREN KAPITULUA

Eskubideak eta askatasunak

14. artikulua

Espainiarrak berdinak dira legearen aurrean; debeku da, bada, inolako diskriminaziorik egitea jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, pentsamoldea edo beste edozein tasun edo inguruabar pertsonal edo sozial dela eta.

LEHEN ATALA

Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak 15. artikulua

Denek dute bizitzeko eskubidea eta osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, eta inori ezin pairaraziko zaio, ezein kasutan, ez torturarik, ez gizatasunaren edo duintasunaren kontrako zigor edo traturik. Ezeztatzen da heriotza-zigorra, non eta lege penal militarrek ez duten besterik xedatzen gerra-denborarako.

16. artikulua

1. Bermatzen da gizabanakoen eta komunitateen ideologia-, erlijio- eta kultu-askatasuna; muga bakarra, haien agerbideetan, legez babestutako ordena publikoa gordetzeak eskatzen duena izango da.

2. Inor ezin behartuko da bere ideologiari, erlijioari edo sinesmenei buruz deklaratzera.

3. Estatuak ez du bere egingo ezein erlijio. Botere publikoek kontuan hartuko dituzte Espainiako gizartearen erlijio-sinesmenak, eta araberako lankidetza- harremanak izango dituzte Eliza Katolikoarekin eta gainerako erlijioekin.

17. artikulua

1. Pertsona guztiek dute askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea.

Inori ezin kendu zaio askatasuna, ez bada artikulu honek dioena betez eta legean ageri diren kasuetan eta moduan.

2. Prebentziozko atxiloketak ezin iraungo du gertaerak argitzeko ikerketek behar duten denbora doia baino; betiere, gehienez hirurogeita hamabi orduko epean, aske edo aginte judizialaren esku utzi beharko da atxilotua.

3. Atxiloturik dagoen pertsona orori berehala jakinarazi beharko zaio, berak ulertzeko moduan, zer eskubide dituen eta zein diren atxilotzeko arrazoiak, eta ezin behartuko da deklaratzera. Bermatzen da atxilotuak abokatuaren laguntza izango duela poliziarekiko egitekoetan eta egiteko judizialetan, legeak ezarritako moduan.

4. Legeak «habeas corpus» prozedura bat arautuko du, berehala jartzeko epailearen esku legearen kontra atxilotutako pertsona oro. Legeak ezarriko du, orobat, behin-behineko espetxealdiak gehienez zenbat iraungo duen.

18. artikulua

1. Bermatzen da ohorerako eskubidea, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidea eta norberaren irudirako eskubidea.

2. Bizilekua bortxaezina da. Ez dago hartan sartzerik edo erregistrorik egiterik titularraren baimenik edo ebazpen judizialik gabe, ageri-ageriko delituaren kasuan salbu.

3. Bermatzen da komunikazioen isilpekotasuna eta, bereziki, posta, telegrafo eta telefono bidezkoena, ebazpen judizialik izan ezean.

4. Legeak mugatuko du informatikaren erabilera, eta hala herritarrei bermatuko beren ohorea, norberaren nahiz familiaren intimitatea eta eskubideen baliatze betea.

19. artikulua

Espainiarrek eskubidea dute bizitokia libreki aukeratzeko eta nazio-lurraldean zirkulatzeko.

Halaber, eskubidea dute libreki Espainian sartzeko nahiz irteteko, legeak ezarritako moduan. Eskubide hori ezin murriztuko da arrazoi politiko edo ideologikoengatik.

20. artikulua

1. Aitortzen eta babesten dira honako eskubide hauek:

a) Pentsamenduak, ideiak eta iritziak libreki adieraztea eta zabaltzea, hitzez, idatziz nahiz beste edozein bidez.

b) Literatura, artea, zientzia eta teknika ekoiztea eta sortzea.

c) Katedra-askatasuna.

d) Edozein hedabidetatik informazio egiazkoa libreki komunikatzea edo jasotzea.

Legeak arautuko du askatasun horiek erabiltzean kontzientzia-klausula eta sekretu profesionala izateko eskubidea.

2. Eskubide horien erabilera ezin murriztu da inolako aurre-zentsuraren bidez.

3. Estatuaren edo zeinahi erakunde publikoren mende dauden hedabideen kasuan, legeak arautuko du haien antolamendua eta dagokien parlamentukontrola, eta orobat bermatuko du komunikabide horietara irispidea izango dutela talde sozial eta politiko esanguratsuek, betiere gizartearen eta Espainiako hizkuntzen aniztasuna errespetatuz.

4. Askatasun horien mugak honako hauek dira: Titulu honetan aitortutako eskubideen errespetua; Titulu hau garatuko duten legeek diotena, eta, batez ere, ohorerako eskubidea, intimitaterako eskubidea, norberaren irudirako eskubidea eta gazteen eta haurren babes-eskubidea.

5. Ezin erabakiko da argitalpenak, grabazioak edo bestelako informaziobideak bahitzea, hartarako ebazpen judizialik ezean.

21. artikulua

1. Aitortzen da bakean eta armarik gabe biltzeko eskubidea. Eskubide hori erabiltzeko, ez da beharko aurretiazko baimenik.

2. Jendea ibiltzeko tokietan egiteko diren bileren nahiz manifestazioen kasuan, aurretiaz jakinaraziko zaio aginpidea duenari, eta hark ezin debekatuko ditu, non eta ez dagoen arrazoi funtsaturik uste izateko ordena publikoa nahasiko dela eta pertsonentzat edo ondasunentzat arriskua izango dela.

22. artikulua

1. Aitortzen da elkartze-eskubidea.

2. Legearen kontrakoak dira delitutzat tipifikatutako helburuak dituzten edo halako bitartekoak erabiltzen dituzten elkarteak.

3. Artikulu honen babesean eratutako elkarteek izena eman beharko dute erregistro batean, publiko egiteko xede hutsarekin.

4. Ezin desegingo da elkarterik, edo ezein elkarteren jarduera geldiarazi, ez bada ebazpen judizial arrazoitu baten bidez.

5. Debeku dira isilpeko elkarteak eta izaera paramilitarrekoak.

23. artikulua

1. Herritarrek eskubidea dute gai publikoetan parte hartzeko, zuzenean edo ordezkarien bitartez; ordezkariok libreki aukeratuko dira, sufragio unibertsalez, aldian behingo hauteskundeetan.

2. Era berean, eskubidea dute funtzio eta kargu publikoetara berdintasunean iristeko, legeek ezarritako betekizunekin.

24. artikulua

1. Pertsona guztiek eskubidea dute epaileek eta auzitegiek benetan babes eman diezaieten beren eskubide eta interes legitimoen erabileran, eta ezein kasutan ezin gertatuko da defentsa-gabeziarik.

2. Era berean, denek dute eskubidea legeak aurrez ezarritako epaile arrunta izateko; abokatuaren defentsa eta laguntza izateko; beren kontrako akusazioaren berri jasotzeko; prozesu publiko bat izateko, bidegabeko atzerapenik gabe eta berme guztiekin; egoki diren frogabideak erabiltzeko beren defentsan; beren buruaren kontra ez deklaratzeko; beren burua errudun ez aitortzeko, eta errugabetasun-presuntzioa izateko.

Legeak arautuko du zein kasutan ez den pertsona bat beharturik egongo, ahaidetasuna edo sekretu profesionala direla eta, ustez delitu diren egintzei buruz deklaratzera.

25. artikulua

1. Inor ezin kondenatu edo zigortu da, egiteak nahiz ez-egiteak direla eta, baldin eta ez badira, gertatzen diren uneko legeriaren arabera, delitu, falta edo arau-hauste administratibo.

2. Askatasuna kentzeko zigorren eta segurtasun neurrien helburua pertsona berreztea eta bergizarteratzea izango da, eta ezin ezarriko da bortxazko lanik.

Espetxera kondenatua izanik zigor hori betetzen ari denari ere badagozkio Kapitulu honetako oinarrizko eskubideak, salbu eta kondena-epaiaren edukiak, zigorraren zentzuak eta espetxe-legeak espresuki murrizten dizkiotenak. Betiere, eskubidea izango du lan ordaindua egiteko eta Gizarte Segurantzan dagozkion onurak izateko, eta, orobat, kulturara irispidea izateko eta bere nortasuna osoki garatzeko.

3. Administrazio zibilak ezin ezarriko du zuzenean edo zeharbidez askatasuna kentzea dakarren zigorrik.

26. artikulua

Debeku dira, administrazio zibilaren eta erakunde profesionalen esparruan, ohore-auzitegiak.

27. artikulua

1. Denek dute hezkuntzarako eskubidea. Aitortzen da irakaskuntzaaskatasuna.

2. Hezkuntzaren helburua pertsonaren nortasuna osotara garatzea izango da, bizikidetzaren printzipio demokratikoen errespetuan eta oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetuan.

3. Botere publikoek bermatzen diete gurasoei, beren sinesmenak direla eta, seme-alabek haien araberako erlijio- eta moral-heziketa jasotzeko duten eskubidea.

4. Oinarrizko hezkuntza nahitaezkoa eta doakoa da.

5. Botere publikoek bermatzen dute guztien hezkuntza-eskubidea; horretarako, irakaskuntzaren programazio orokorraz baliatuko dira, dagokien sektore guztien benetako parte-hartzearekin eta ikastetxeak sortuz.

6. Pertsona fisiko eta juridikoei aitortzen zaie ikastetxeak sortzeko askatasuna; betiere, Konstituzioaren printzipioak errespetatuz.

7. Irakasleek, gurasoek eta, hala badagokio, ikasleek parte hartuko dute Administrazioak diru publikoz hornitutako ikastetxe guztien kontrol eta kudeaketan, legeak ezarritako moduan.

8. Botere publikoek ikuskatu eta homologatuko dute hezkuntza-sistema, legeak betetzen direla bermatzeko.

9. Botere publikoek laguntza emango diete legeak jarritako eskakizunak betetzen dituzten ikastetxeei.

10. Aitortzen da unibertsitateen autonomia, legeak ezarritako moduan.

28. artikulua

1. Denek dute libreki sindikatzeko eskubidea. Legeak muga edo ken diezaieke eskubide horren erabilera Indar edo Institutu Armatuei eta diziplina militarraren mende dauden gainerako kidegoei, eta orobat arautuko du zer berezitasun dagokien funtzionario publikoei eskubide horren erabileran. Askatasun sindikalak barne hartzen du sindikatuak eratzeko eskubidea eta norberaren aukerakoan kide egitekoa, eta, orobat, sindikatuek konfederazioak osatzeko eta nazioarteko erakunde sindikalak eratu nahiz haietan kide egiteko eskubidea.

Inor ezin behartuko da sindikatu bateko kide egitera.

2. Aitortzen da langileek beren interesen defentsan greba egiteko eskubidea.

Eskubide horren erabilera arautuko duen legeak behar diren bermeak jarriko ditu erkidegoaren funtsezko zerbitzuak mantenduko direla segurtatzeko.

29. artikulua

1. Espainiar guztiek izango dute eskubidea eskariak egiteko, banako nahiz talde gisa, idatziz, legeak ezarritako moduan eta legeak xedaturiko ondorioekin.

2. Indar edo institutu armatuetako kideek edo diziplina militarraren mende dauden kidegoetakoek banako gisa soilik baliatu ahal izango dute eskubide hori, eta haien esparruko legerian xedaturikoaren arabera.

BIGARREN ATALA

Herritarren eskubideak eta betebeharrak 30. artikulua

1. Espainiarrek eskubidea dute, eta orobat betebeharra, Espainia defendatzeko.

2. Legeak zehaztuko ditu espainiarren obligazio militarrak, eta orobat arautuko, behar diren bermeekin, bai kontzientzia-eragozpena, bai nahitaezko zerbitzu militarretik salbuetsirik gelditzeko gainerako kausak; ordezko gizarte-zerbitzu bat egin beharra ere ezar dezake, hala badagokio.

3. Zerbitzu zibil bat ezarri ahal izango da, interes orokorreko helburuak betetzera bideratua.

4. Lege bidez arautu ahal izango da herritarrek zer betebehar dituzten arrisku larria, hondamendia edo lazeria publikoa gertatzen denean.

31. artikulua

1. Denek lagunduko dute gastu publikoei aurre egiten, nork bere ekonomia- ahalmenaren arabera, tributu-sistema justu baten bitartez; berdintasun eta progresibotasun printzipioetan oinarrituko da sistema hori, eta ezein kasutan ez da iritsiko konfiskatzeraino.

2. Gastu publikoak ekitatez esleituko ditu baliabide publikoak, eta eragimena eta ekonomia bilatuko dira gastu hori programatu eta gauzatzerakoan.

3. Legeari atxikiz bakarrik ezar daiteke izaera publikoko prestazio pertsonal edo ondarezkorik.

32. artikulua

1. Guztizko berdintasun juridikoan ezkontzeko eskubidea dute gizonak eta emakumeak.

2. Legeak arautuko ditu ezkontza formak, ezkontzeko adina eta gaitasuna, ezkontideen eskubideak eta betebeharrak, ezkontideak banantzeko eta ezkontza desegiteko kausak, eta haien ondorioak.

33. artikulua

1. Aitortzen da jabetza pribaturako eta jaraunspenerako eskubidea.

2. Eskubideon funtzio sozialak zedarrituko du haien edukia, legeekin ados.

3. Inori ezin kenduko zaizkio bere ondasun eta eskubideak, salbu eta onura publikoak edo gizartearen interesak justifikaturiko arrazoi batengatik, betiere dagokion kalte-ordaina emanik eta legeek xedatutakoarekin bat etorriz.

34. artikulua

1. Aitortzen da fundazio-eskubidea interes orokorreko xedeetarako, legearekin ados.

2. Fundazioentzat ere berdin agintzen du 22. artikuluaren 2. eta 4. zenbakietan xedaturikoak.

35. artikulua

1. Espainiar guztiek dute lan egiteko betebeharra eta honako eskubide hauek: lanerakoa, nahi duten lanbidea edo ofizioa aukeratzekoa, lanaren bitartez beren maila goratzekoa eta, orobat, beren nahiz familiaren beharrak hornitzeko besteko ordaina izatekoa; ezein kasutan ere ezin egingo da diskriminaziorik sexua dela eta.

2. Legeak langileen estatutu bat arautuko du.

36. artikulua

Legeak arautuko ditu profesionalen elkargoen araubide juridikoaren berezitasunak eta lanbide tituludunetako jarduera. Elkargoek demokratikoak izan beharko dute barne-egituraz eta jokamoldez.

37. artikulua

1. Legeak bermatuko du langile eta enpresaburuen ordezkarien arteko lannegoziazio kolektiborako eskubidea eta, orobat, hitzarmenen lotura-indarra.

2. Aitortzen da langileek eta enpresaburuek gatazka kolektiboko neurriak hartzeko duten eskubidea. Eskubide horren erabilera arautuko duen legeak, ezar ditzakeen murriztapenak gorabehera, behar diren bermeak jarriko ditu erkidegoaren funtsezko zerbitzuek arian jarraituko dutela segurtatzeko.

38. artikulua

Aitortzen da enpresa-askatasuna, merkatu-ekonomiaren esparruan. Botere publikoek bermatzen eta babesten dute askatasun horren erabilera eta produktibitatearen defentsa, ekonomia orokorraren eta, hala badagokio, plangintzaren eskakizunen arabera.

HIRUGARREN KAPITULUA

Politika sozial eta ekonomikoa gidatzeko printzipioak

39. artikulua

1. Botere publikoek segurtatzen dute familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa.

2. Botere publikoek segurtatzen dute, halaber, babes osoa izango dutela seme-alabek, berdinak izanik legearen aurrean, edozein dela haien filiazioa, eta orobat amek, edozein dela haien egoera zibila. Legeak aukera emango du aitatasuna ikertzeko.

3. Gurasoek era guztietako laguntza eman behar diete seme-alabei, ezkontzakoak izan zein ezkontzaz kanpokoak, adingabe diren bitartean eta, orobat, legez hala dagokien gainerako kasuetan.

4. Haurrek babesa izango dute, haien eskubideak zaintzen dituzten nazioarteko hitzarmenek diotenaren arabera.

40. artikulua

1. Botere publikoek bide egokiak jarriko dituzte aurrerapen sozial eta ekonomikoa bermatzeko eta ekitate handiagoz bana dadin eskualdeen nahiz pertsonen errenta, ekonomia egonkortzeko politika baten baitan. Bereziki, enplegu osoa izango du jomuga haien politikak.

2. Botere publikoek, era berean, lanbide-heziketa eta lanbidearekiko egokitzapena bermatuko duen politika sustatuko dute; laneko segurtasun eta higienea zainduko dute, eta beharrezko den atsedena segurtatuko, hartarako baliabide dituztelarik lanaldia mugatzea, aldizka opor ordainduak izatea eta zentro egokiak eragitea.

41. artikulua

Botere publikoek gizarte-segurantza sistema publiko bat mantenduko dute herritar guztientzat. Sistema horrek bermatu beharko du gizarte-laguntza eta gizarte-prestaziorik aski izango dela beharraldietarako; langabezia-kasuan, batez ere. Laguntza eta prestazio osagarriak libre izango dira.

42. artikulua

Estatua bereziki arduratuko da atzerrian diren langile espainiarren eskubide ekonomiko eta sozialak zaintzeaz, eta langile horiek itzultzea izango du jomuga bere politikan.

43. artikulua

1. Aitortzen da osasunaren babeserako eskubidea.

2. Botere publikoei dagokie osasun publikoa antolatzea eta zaintzea, prebentziozko neurrien bidez eta behar diren prestazio eta zerbitzuen bidez. Legeak ezarriko du zer eskubide eta betebehar dituzten guztiek gai horretan.

3. Botere publikoek osasun-heziketa, heziketa fisikoa eta kirola sustatuko dituzte. Era berean, aisialdia egoki erabiltzeko erraztasunak emango dituzte.

44. artikulua

1. Botere publikoek kultura edonoren irispidean egotea sustatu eta zainduko dute, guztiek baitute hartarako eskubidea.

2. Botere publikoek zientzia eta ikerketa zientifikoa nahiz teknikoa sustatuko dute, interes orokorraren onerako.

45. artikulua

1. Guztiek dute pertsonaren garapenerako ingurumen egoki batez gozatzeko eskubidea, bai eta hura zaintzeko betebeharra ere.

2. Botere publikoek baliabide natural guztiak modu arrazoizkoan erabiliko direla begiratuko dute, hala bizi-kalitatea babestu eta hobetu dadin, eta ingurumena zaindu eta zaharberritu, guztien arteko elkartasun ezinbestekoa dutelarik hartarako oinarri.

3. Aurreko zenbakian esandakoa bortxatzen dutenentzat, legeak finkaturikoaren araberako zigor penalak ezarriko dira, edo, hala badagokio, zigor administratiboak; orobat ezarriko da egindako kaltea berdintzeko betebeharra.

46. artikulua

Botere publikoek bermatuko dute Espainiako herrien ondare historiko, kultural eta artistikoa eta hura osatzen duten ondasunak gordeko direla, eta ondare hori aberasten ahaleginduko dira, edozein dela ere ondasunon araubide juridikoa eta titulartasuna. Lege penalak zigortuko ditu ondare horren kontrako erasoak.

47. artikulua

Espainiar guztiek dute etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidea. Botere publikoek bideak jarriko dituzte eskubide hori gauzatzeko, eta dagozkion arauak ezarriko dituzte, interes orokorrari begira arautuz lurzoruaren erabilera, espekulaziorik izan ez dadin.

Erkidegoak parte izango du erakunde publikoen hirigintzak eragiten dituen gainbalioetan.

48. artikulua

Botere publikoek bideak jarriko dituzte gazteriak parte-hartze libre eta eraginkorra izan dezan garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean.

49. artikulua

Botere publikoek gutxitu fisiko, sentsorial eta psikikoen aurreikuspen, tratamendu, birgaitze eta integrazioa bilatuko dute beren politikan; behar duten ardura espezializatuaz kontu egin, eta bereziki babestuko dituzte gutxituok, Titulu honek herritar guztiei ematen dizkien eskubideez goza dezaten.

50. artikulua

Botere publikoek, pentsio egoki eta aldian-aldian eguneratuen bitartez, ekonomia-askitasuna bermatuko diete herritarrei zahartzaroan. Era berean, familiako betebeharrak gorabehera, gizarte-zerbitzu sistema bat eratuko dute adintsuen ongizaterako, haien osasun-, etxebizitza-, kultura- eta aisialdi-arazo bereziez ardura daitezen zerbitzuok.

51. artikulua

1. Botere publikoek bermatuko dute kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsa, prozedura egokiz babestuz haien segurtasuna, osasuna eta interes ekonomiko legitimoak.

2. Botere publikoek kontsumitzaile eta erabiltzaileen informazioa eta heziketa sustatuko dute; haien erakundeak bultzatu, eta aintzat hartuko dute erakundeon iritzia kontsumitzaile eta erabiltzaileoi eragin diezaieketen gaietan, legeak ezarritakoaren arabera.

3. Aurreko zenbakietan xedatutakoa kontuan harturik, legeak arautuko du barne-merkataritza eta, harekin batera, salgaiak baimentzeko araubidea.

52. artikulua

Legeak arautuko ditu dagozkien interes ekonomikoak zaintzen laguntzen duten elkarte profesionalak. Demokratikoak izan beharko dute barne-egituraz eta jokamoldez.

LAUGARREN KAPITULUA

Oinarrizko askatasun eta eskubideen bermeak

53. artikulua

1. Titulu honetako bigarren kapituluan aitortutako eskubide eta askatasunek botere publiko guztiak lotzen dituzte. Legez soilik arautu daiteke, betiere funtsezko edukia errespetatuz, eskubide eta askatasun horiek nola erabili; 161.1.a) artikuluak dioenaren arabera babestuko dira, betiere, eskubide eta askatasunok.

2. Edozein herritarrek eska dezake babestu dakizkiola 14. artikuluan eta bigarren kapituluko lehenbiziko atalean aitortutako askatasun eta eskubideak, auzitegi arruntetara jorik lehentasun eta sumariotasun printzipioetan oinarritutako prozeduraz, eta, hala badagokio, Konstituzio Auzitegira jorik babeserrekurtsoaren bidez. Azken errekurtso hori orobat aplika dakioke 30. artikuluan aitortutako kontzientzia-eragozpenerako eskubideari.

3. Hirugarren kapituluko printzipioak aitortuz, errespetatuz eta babestuz zertuko dira legegintza positiboa, praktika judiziala eta botere publikoen jarduera.

Printzipiook garatzen dituzten legeek xedatzen dutenarekin bat etorriz baino ezin alegatuko da halakorik jurisdikzio arruntaren aurrean.

54. artikulua

Lege organiko batek arautuko du Herriaren Defendatzailea delako erakundea.

Gorte Nagusien goi komisiodun izango da Herriaren Defendatzailea, titulu honetan jasotako eskubideak babesteko haiek izendatua. Horretarako, esku izango du Administrazioaren jarduera gainbegiratzeko, eta horren kontu emango die Gorte Nagusiei.

BOSGARREN KAPITULUA

Eskubideak eta askatasunak aldi baterako ahalgabetzea

55. artikulua

1. Konstituzio honetan jasotako moduan salbuespen- edo setio-egoera deklaratzea erabakiz gero, aldi baterako ahalgabetu daitezke 17. artikuluko eskubideak, 18. artikuluaren 2. eta 3. zenbakietakoak, 19. artikulukoak, 20. artikuluaren 1.a) eta 1.d) eta 5. zenbakietakoak, 21. artikulukoak, 28. artikuluaren 2. zenbakikoak eta 37. artikuluaren 2. zenbakikoak. Ahalgabetze horretatik kanpo gelditzen da, salbuespen-egoeraren kasurako, 17. artikuluaren 3. zenbakia.

2. Lege organiko batek zehaztu ahal izango du zer modu eta kasutan, banda armatuen edo elementu terroristen jarduerarekin lotutako ikerketak direla eta, aldi baterako ahalgabetu daitezkeen, pertsona jakin batzuentzat, 17. artikuluaren 2. zenbakian eta 18.aren 2. eta 3. zenbakietan aitortutako eskubideak, betiere banan-banan erabakiz eta behar den esku-hartze judizialarekin eta parlamentu- kontrol egokiarekin.

Lege organiko horretan aitortutako ahalmenak arrazoirik edo neurririk gabe erabiltzeak erantzukizun penala ekarriko du, legeek aitortutako eskubide eta askatasunen bortxatzea den aldetik.

II. TITULUA

KOROA

56. artikulua

1. Erregea estatuburua da, Estatuaren batasunaren eta iraupenaren ikurra; instituzioen jardun arauzkoa arbitratzen eta moderatzen du; Espainiako estatuaren ordezkari gorena da nazioarteko harremanetan, batez ere harekin komunitate historikoa osatzen duten nazioekikoetan, eta Konstituzio honek eta legeek espresuki esleitzen dizkioten eginkizunak dagozkio.

2. Espainiako Errege du titulua, eta Koroari doazkion gainerakoak ere erabil ditzake.

3. Espainiako Erregearen pertsona bortxaezina da, eta erantzukizunetik libre dago. Haren egintzak berretsita egongo dira beti, 64. artikuluan ezarritako moduan, eta ez dute baliorik izango berrespen hori gabe, 65.2 artikuluan xedatutakoa salbu.

57. artikulua

1. Espainiako Koroa jaraunspenez jasoko dute Joan Karlos I.a Borboikoa maiestatearen oinordekoek, dinastia historikoaren jaraunsle legitimo izanik bera. Koroaren oinordetzan, premutasun- eta ordezkaritza-hurrenkera arauzkoari jarraituko zaio, aurreko lerroa lehenetsiz ondorengoei; lerro berean, gradu hurbilagoa urrunagoari; gradu berean, gizonezkoa emakumeari; eta, sexu berean, adin handiagokoa adin txikiagokoari.

2. Printze oinordekoak, jaiotzaz geroztik edo deitzea eragiten duen gertaeraz geroztik, Asturiasko Printze titulua beretuko du, eta, orobat, tradizioz Espainiako Koroaren oinordekoari lotuak diren gainerako tituluak.

3. Zuzenbidean deituriko lerro guztiak ahituz gero, Espainiaren interesei komenien zaien moduan hautatuko dute Gorte Nagusiek Koroaren oinordekoa.

4. Tronuan oinordeko izateko eskubidea duen norbait Erregearen edo Gorte Nagusien debeku espresuaren aurka ezkonduz gero, Koroaren oinordetzatik kanpo geldituko dira bera eta ondorengoak.

5. Abdikaziorik, ukorik edo Koroaren oinordetzako hurrenkeran egitatezko nahiz zuzenbidezko zalantzarik gertatuz gero, lege organiko batek emango du ebazpena.

58. artikulua

Erregina ezkontideak edo erreginaren ezkontideak ezin bereganatuko dute eginkizun konstituzionalik, erregeordetzarako xedatutakoa salbu.

59. artikulua

1. Erregea adingabea denean, haren aitak edo amak, edo, gurasorik ezean, Konstituzioan ezarritako hurrenkeraren arabera Koroaren oinordeko hurbilen den ahaide adindunak hartuko du berehala erregeordetza, eta erregea adingabe den bitartean jardungo du hartan.

2. Erregea bere autoritatea erabiltzeko ezinduz gero eta Gorte Nagusiek ezintasun hori aitortuz gero, printze oinordekoak hartuko du berehala erregeordetza, adinduna bada; adinik ez badu, aurreko zenbakian esandako moduan jokatuko da, printze oinordekoa adinera iritsi bitartean.

3. Erregeorde izatea dagokion inor ez bada, Gorte Nagusiek izendatuko dute erregeordetza, pertsona batek, hiruk edo bostek osatua.

4. Erregeorde jarduteko, ezinbestekoa da espainiarra eta adinduna izatea.

5. Erregeordetza konstituzio-aginduz beteko da, eta Erregearen izenean beti.

60. artikulua

1. Errege adingabearen tutore izatea errege zenduak testamentuan izendatutakoari dagokio, baldin eta adinduna bada eta sortzez espainiarra; hark izendatu ez bazuen, aita edo ama izango da tutore, alargun den bitartean. Halakorik ezean, Gorte Nagusiek izendatuko dute tutorea, baina inork ezin edukiko ditu batera erregeorde- eta tutore-karguak, ez bada Erregearen aita, ama edo aurreko zuzena.

2. Tutore jardutea bateraezina da, halaber, politikako kargu edo ordezkaritza ororekin.

61. artikulua

1. Erregeak, Gorte Nagusietan aldarrikatzen dutenean, zin egingo du leial beteko dituela bere eginkizunak; Konstituzioa eta legeak gordeko eta gordearaziko dituela, eta herritarren nahiz autonomia-erkidegoen eskubideak errespetatuko dituela.

2. Printze oinordekoak, adinera iristean, eta erregeordeak edo erregeordeek eginkizun hori hartzean, zin hori bera egingo dute, eta, orobat, Erregeari leialtasuna gordetzekoa.

62. artikulua

Erregeari dagokio:

a) Legeak berronestea eta aldarrikatzea.

b) Gorte Nagusiak deitzea eta desegitea, eta hauteskundeetara deitzea Konstituzioan zehaztutako eran.

c) Erreferendumera deitzea Konstituzioan aurreikusitako kasuetan.

d) Gobernuko presidente izateko hautagaia proposatzea, eta, hala badagokio, izendatzea; orobat, haren eginkizunei amaiera ematea Konstituzioan aurreikusitako eran.

e) Gobernuko kideak kargurako izendatzea eta kargutik kentzea, Gobernuko presidenteak hala proposaturik.

f ) Ministro Kontseiluan erabakitako dekretuei aterabide ematea; enplegu zibilak zein militarrak ematea, eta ohore eta bereizgarriak esleitzea, legeekin ados.

g) Estatuko gaiez informatua izatea, eta, ondorio horietarako, ministrokontseiluetan buru egitea, egoki deritzonean, Gobernuko presidenteak eskaturik.

h) Indar Armatuen buruzagi goren izatea.

i) Grazia-eskubidea baliatzea, legearekin ados; legeak ezin baimenduko du indultu orokorrik.

j) Errege-akademien patroi nagusi izatea.

63. artikulua

1. Erregeak kreditatzen ditu enbaxadoreak eta bestelako ordezkari diplomatikoak.

Espainian diren atzerriko ordezkariak haren aurrean kreditaturik daude.

2. Estatuak nazioarteko tratatu bidez bere burua lotzea onesten duenean, Konstituzioarekin eta legeekin ados, Erregeari dagokio onespen hori adieraztea.

3. Erregeari dagokio, Gorte Nagusiek aurrez baimena emanik, gerra deklaratzea eta bakea egitea.

64. artikulua

1. Erregearen egintzak Gobernuko presidenteak berretsiko ditu, eta, hala badagokio, gaian eskumena duten ministroek. Gobernuko presidentea proposatzea eta izendatzea eta 99. artikuluan aurreikusitako moduan Ganberak desegitea, berriz, Kongresuko presidenteak berretsiko ditu.

2. Erregearen egintzak berresten dituztenek izango dute haien erantzukizuna.

65. artikulua

1. Estatuaren aurrekontuetatik diru kopuru bat jasotzen du Erregeak bere familia eta errege-etxea mantentzeko, eta berak erabakitzen du nola banatu.

2. Erregeak bere erabakiz izendatzen eta aldatzen ditu errege-etxeko kide zibil eta militarrak.

III. TITULUA

GORTE NAGUSIAK

LEHEN KAPITULUA

Ganberak

66. artikulua

1. Gorte Nagusiek Espainiako herria ordezkatzen dute, eta Diputatuen Kongresuak eta Senatuak osatuak dira.

2. Gorte Nagusiek Estatuaren legegintza-ahala gauzatzen dute, aurrekontuak onesten dituzte, Gobernuaren jarduera kontrolatzen dute eta Konstituzioak emaniko gainerako eskumenak dituzte.

3. Gorte Nagusiak bortxaezinak dira.

67. artikulua

1. Inor ez daiteke izan aldi berean bi ganberetako kide, eta inork ez ditzake batera eduki autonomia-erkidego bateko legebiltzarkide-akta eta Kongresuko diputatuarena.

2. Gorte Nagusietako kideak ez dira aginduzko mandatuz loturik egongo.

3. Erregelamenduaren araberako deialdirik gabe egiten diren parlamentaribilerek ez dituzte Ganberak lotuko, eta ezin beteko dituzte haien eginkizunak, ez haien pribilegioen jabe agertu.

68. artikulua

1. Gutxienez 300 eta gehienez 400 diputatuk osatzen dute Kongresua; denak ere sufragio unibertsal, libre, berdin, zuzeneko eta isilpekoz aukeratuko dira, legeak ezarritako moduan.

2. Hauteskunde-barrutia probintzia da. Ceutak eta Melillak diputatu bana izango dute ordezkari. Legeak banatuko du diputatu kopuru osoa, hasierako gutxieneko ordezkari batzuk esleituz barruti bakoitzari, eta biztanleriaren arabera banatuz gainerakoak.

3. Barruti bakoitzean egingo da hautaketa, ordezkaritza proportzionala harturik irizpidetzat.

4. Lau urterako hautatzen da Kongresua. Hautatu eta lau urtera edo Ganbera desegiten den egunean amaitzen zaie diputatuei agintaldia.

5. Beren eskubide politikoak bete-betean balia ditzaketen espainiar guztiak dira hautesle eta hautagai.

Legeak sufragio-eskubidea aitortuko die, eta Estatuak eskubide hori baliatzen lagunduko, Espainiako lurraldetik kanpo dauden espainiarrei.

6. Agintaldia amaitu ondoko hogeita hamar eta hirurogei egunen bitartean egingo dira hauteskundeak. Hautatutako Kongresua biltzeko deia egin behar da hauteskunde ondoko hogeita bost egunen barruan.

69. artikulua

1. Lurraldeak ordezkatzeko ganbera da Senatua.

2. Probintzia bakoitzean lau senatari hautatuko dituzte bertako hautesleek, sufragio unibertsal, libre, berdin, zuzeneko eta isilpekoz, lege organiko batek zehazturiko moduan.

3. Uharteetako probintzietan, kabildo edo uharte-kontseilua duen uharte edo uharte-multzo bakoitza izango da senatariak hautatzeko barruti; hiruna senatari dagozkie uharte nagusiei (Kanaria Handia, Mallorca eta Tenerife) eta bana, berriz, honako uharte edo multzo hauei: Eivissa-Formentera, Menorca, Fuerteventura, Gomera, Hierro, Lanzarote eta La Palma.

4. Ceutak eta Melillak bina senatari hautatuko dituzte.

5. Autonomia-erkidego bakoitzak ere senatari bat izendatuko du, eta beste bat gehiago bere lurraldeko milioi bat biztanleko. Senatariok izendatzea legebiltzarrari dagokio, edo, halakorik ezean, autonomia-erkidegoko kide anitzeko organo gorenari, estatutuek ezarritakoarekin ados; betiere, egoki den ordezkaritza proportzionala segurtatu behar dute estatutuok.

6. Lau urterako hautatzen da Senatua. Hautatu eta lau urtera edo Ganbera desegiten den egunean amaitzen zaie senatariei agintaldia.

70. artikulua

1. Hauteskunde-legeak zehaztuko ditu diputatu eta senatari izateko hautaezintasun- eta bateraezintasun-kausak, haien artean direla betiere:

a) Konstituzio Auzitegiko kideak.

b) Legeak zehazten dituen Estatuaren Administrazioko goi karguak, Gobernuko kideak salbu.

c) Herriaren Defendatzailea.

d) Jardunean diren magistratu, epaile eta fiskalak.

e) Jardunean diren militar profesional eta Poliziako nahiz Segurtasun Indar eta Kidegoetako kideak.

f ) Hauteskunde-batzordeetako kideak.

2. Bi ganberetako kideen akta eta egiaztagirien baliozkotasuna kontrol judizialaren mende egongo da, hauteskunde-legeak ezarritako moduan.

71. artikulua

1. Diputatu eta senatariek bortxaezintasuna gozatuko dute beren eginkizunetan dihardutela adierazitako iritzien kontuan.

2. Beren agintaldian, diputatuek eta senatariek orobat gozatuko dute immunitatea, eta ezin atxilotuko dira ageri-ageriko delituaren kasuan baino. Ezin inkulpatuko ez auzipetuko dira, dagokion ganberak aurretiaz baimena eman ezean.

3. Diputatu eta senatarien kontrako auzietan, Auzitegi Goreneko Arlo Penaleko Salak izango du eskumena.

4. Diputatu eta senatariek diru-saria izango dute, ganbera bakoitzak erabakia.

72. artikulua

1. Ganbera bakoitzak bere erregelamendua ezartzen du; bakoitzak bere aurrekontuak onesten ditu, autonomiaz, eta elkarrekiko adostasunez arautzen dute Gorte Nagusietako Enplegatuen Estatutua. Erregelamenduak eta haien erreformak osotasunean bozkatu behar dira azkenik, eta gehiengo absolutua beharko da haiek onesteko.

2. Ganbera bakoitzak aukeratzen ditu bere presidentea eta gainerako mahaikideak.

Bi ganberek batera egiten dituzten batzarretan, Kongresuko presidentea izango da buru, eta Gorte Nagusietako erregelamendu bat jarraituko da halakoetarako, ganberetako bakoitzean gehiengo absolutuz onetsia.

3. Ganberetako presidenteek betetzen dituzte, haien izenean, administrazio- botere eta polizia-ahalmen guztiak, egoitza bakoitzaren barrenean.

73. artikulua

1. Urtean bi batzar-garai arrunt izango dituzte Ganberek: lehenbizikoa, irailetik abendura bitartekoa; bigarrena, otsailetik ekainera bitartekoa.

2. Ezohiko batzarrak egin ditzakete Ganberek, hala eskatzen badiete Gobernuak, Diputazio Iraunkorrak edo ganberetatik bateko kideen gehiengo absolutuak.

Ezohiko batzarretarako deia gai-zerrenda jakin baten gainean egin beharko da, eta hura burututakoan itxiko dira batzarrak.

74 artikulua 1. Ganberak batera batzartuko dira II. Tituluak espresuki Gorte Nagusiei ematen dizkien eskumen legegintzaz bestekoak gauzatzeko.

2. Ganberetako bakoitzaren gehiengoz hartuko dira 94.1, 154.2 eta 158.2 artikuluetan aurreikusitako Gorte Nagusien erabakiak. Lehenbiziko kasuan, Kongresuak hasiko du prozedura, eta beste bietan, berriz, Senatuak. Kasu bietan ere, Senatuaren eta Kongresuaren arteko adostasunik ezean, hura lortzeko ahalegina egingo du senatari adina diputatuk osaturiko bitariko batzorde batek.

Batzorde horrek testu bat aurkeztuko du, bi ganberetan bozkatuko dena. Ezarritako moduan onartzen ez bada, Kongresuak erabakiko du, gehiengo absolutuz.

75. artikulua

1. Osoko bilkuretan nahiz batzordeka jardungo dute Ganberek.

2. Ganberek legegintza-batzorde iraunkorrei eskuordetu diezaiekete legeproiektuak zein lege-proposamenak onestea. Osoko bilkurak, hala ere, noiznahi eska dezake berak eztabaidatzea eta bozkatzea batzordeen esku utzitako edozein lege-proiektu nahiz lege-proposamen.

3. Aurreko zenbakian xedatutakotik kanpo gelditzen dira Konstituzioaren erreforma, nazioarteko gaiak, lege organikoak eta oinarri-legeak, eta Estatuaren Aurrekontu Orokorrak.

76. artikulua

1. Kongresuak eta Senatuak, eta, hala badagokio, bi ganberek batera, ikerketa- batzordeak osa ditzakete interes publikoko edozein gaitarako. Batzordeen ondorioek ez dute lotura-indarrik izango auzitegientzat, eta ez diete eragingo ebazpen judizialei, baina Ministerio Fiskalari jakinaraz dakizkioke ikerketaren emaitzak, hark bidezko akzioak bidera ditzan, hala dagokionean.

2. Nahitaezkoa da Ganberen aginduz agerraldia egitea. Legeak arautuko du zer zigor jar daitezkeen betebehar hori huts egiteagatik.

77. artikulua

1. Ganberek eskariak jaso ditzakete, banakoenak nahiz taldeenak, idatziz betiere; debeku da eskariak herritarren manifestazioen bidez zuzenean aurkeztea.

2. Ganberek Gobernuari igor diezazkiokete jasotzen dituzten eskariak. Gobernua behartuta dago bere azalpena ematera haien edukiaz, Ganberek hala eskatuz gero.

78. artikulua

1. Ganbera bakoitzean Diputazio Iraunkor bat izango da, gutxienez hogeita bat kidek osatua; kideok Parlamentuko taldeak ordezkatuko dituzte, kopuruz duten garrantziaren proportzioan.

2. Dagokien ganberako presidentea izango dute buru diputazio iraunkorrek, eta honako eginkizun hauek: 73. artikuluan adierazitakoa; Ganberei dagozkien ahalmenak beren gain hartzea haiek desegindakoan edo agintaldia amaitutakoan, 86. eta 116. artikuluek diotenarekin ados; eta Ganberen botereak zaintzea haiek bildurik ez daudenean.

3. Ganberen agintaldia amaitutakoan edo haiek desegindakoan, beren eginkizunak betetzen jarraituko dute diputazio iraunkorrek, Gorte Nagusiak berriz eratu arte.

4. Dagokion ganbera bildutakoan, Diputazio Iraunkorrak kontu emango du aztertutako gaiei eta hartutako erabakiei buruz.

79. artikulua

1. Erabakiak hartzeko, beharrezkoa da Ganberak erregelamenduaren arabera bildurik egotea, kideen gehiengoa bertan dela.

2. Erabaki horiek, baliozko izango badira, bertan diren kideen gehiengoak onetsi beharko ditu; hala ere, bestelako gehiengo bereziak ezar ditzakete Konstituzioak zein lege organikoek, edota, pertsonak aukeratzeari dagokiola, Ganberen erregelamenduek.

3. Senatarien eta diputatuen botoa pertsonala eta beste inoren esku ezin utzizkoa da.

80. artikulua

Ganberen osoko bilkurak jendaurrekoak izango dira, non eta Ganbera bakoitzak ez duen besterik erabakitzen, gehiengo absolutuz edo erregelamenduari atxikiz.

BIGARREN KAPITULUA

Legegintza

81. artikulua

1. Lege organikoak dira oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak garatzen dituztenak, autonomia-estatutuak eta hauteskunde-araubide orokorra onesten dituztenak eta Konstituzioan aurreikusitako gainerakoak.

2. Lege organikoak onesteko, aldatzeko edo derogatzeko, Kongresuaren gehiengo absolutua behar da, proiektu osoari buruzko azken bozketa batean.

82. artikulua

1. Gorte Nagusiek Gobernuari eskuordetu diezaiokete lege-mailako arauak emateko ahala, aurreko artikuluan sartu gabeko gai jakin batzuetan.

2. Oinarri-lege baten bidez eman beharko da legegintzarako eskuordetza, testu artikulatuak osatzeko denean, edo lege arrunt baten bidez, berriz, lege-testu batzuk batera biltzeko denean.

3. Gai jakin baterako eta epe jakin batean erabiltzeko emango zaio, espresuki, legegintzarako eskuordetza Gobernuari. Dagokion araua argitaratzearekin ahitzen da eskuordetza hori. Ezin ulertuko da modu inplizituan edo epe mugagabe baterako emantzat. Ezin onartuko da Gobernuaz beste ezein agintaritzari azpi-eskuordetzarik egitea.

4. Oinarri-legeek zehatz mugatuko dute legegintzarako eskuordetzaren xedea eta irismena, eta orobat hura erabiltzean jarraitu beharreko printzipioak eta irizpideak.

5. Lege-testuak batera biltzeko baimenak mugatuko du eskuordetzaren edukia zer arau-esparrutakoa den, eta zehaztuko ea testu bakar bat idazteari soilik dagokion ala barne hartzen duen batera bildu beharreko lege-testuak arautu, argitu eta harmonizatzea.

6. Auzitegiei dagokien eskumena alde batera utzi gabe, kasuan kasuko kontrol- formula gehigarririk ere ezar dezakete eskuordetza-legeek.

83. artikulua

Oinarri-legeek ezingo dute ezein kasutan:

a) Oinarri-legea bera aldatzeko baimenik eman.

b) Atzeraeragina duen araurik egiteko ahalmenik eman.

84. artikulua

Lege-proposamenen bat edo aldakizunen bat indarrean den legegintzaeskuordetze baten kontrako izanez gero, Gobernuak badu ahalmena hura iza- pidetzearen aurka egiteko. Kasu horretan, lege-proposamen bat aurkeztu ahal izango da eskuordetze-legea osorik edo zati batean derogatzeko.

85. artikulua

Gobernuaren xedapenek, beren baitan legegintza eskuordetua dutenean, legegintza-dekretu izena hartuko dute.

86. artikulua

1. Premia aparteko eta presazkoaren kasuan, Gobernuak behin-behineko legegintza-xedapenak eman ditzake; xedapenok lege-dekretu forma hartuko dute, eta ezin eragingo diete, ez Estatuaren funtsezko instituzioen ordenamenduari, ez I. tituluan araututako herritarren eskubide, betebehar eta askatasunei, ez autonomia-erkidegoen araubideari, ez hauteskunde-zuzenbide orokorrari.

2. Lege-dekretuak berehala eztabaidatu eta osorik bozkatu behar dira Diputatuen Kongresuan, bildurik ez badago berariaz deituta hura, lege-dekretua aldarrikatu ondoko hogeita hamar egunen epean. Kongresuak espresuki erabaki beharko du, epe horren barruan, dekretua baliozkotzea edo derogatzea; horretarako, prozedura berezi eta sumario bat ezarriko du erregelamenduak.

3. Aurreko zenbakian ezarritako epearen barrenean, Gorteek lege-proiektu gisa izapidetu ahal izango dituzte, presazko prozeduraren bitartez, lege-dekretuok.

87. artikulua

1. Gobernuari, Kongresuari eta Senatuari dagokie legegintza-ekimena, Konstituzioarekin eta Ganberen erregelamenduekin ados.

2. Autonomia-erkidegoetako legebiltzarrek esku izango dute Gobernuari eskatzeko lege-proiektu bat onar dezan, edo lege-proposamen bat bidaltzeko Kongresuko Mahaiari, gehienez hiru legebiltzarkide eskuordeturik ganbera horren aurrean proposamena defendatzeko.

3. Lege organiko batek arautuko du nola gauzatu, eta zer eskakizunekin, lege-proposamenak aurkezteko herri-ekimenak. Betiere, 500.000 sinadura egiaztatu eskatuko dira gutxienez. Halako ekimenak ez dira bidezko izango lege organiko bat dagokion gaietan, tributuei buruzkoetan eta nazioartekoetan, ez eta grazia-ahalmenaren kontuan ere.

88. artikulua

Lege-proiektuak Ministro Kontseiluan onetsiko dira, eta hark Kongresuaren esku jarriko ditu, haiekin batera igorririk, batetik, zioen azalpena, eta, bestetik, erabakitzeko behar diren aurrekariak.

89. artikulua

1. Ganberen erregelamenduek arautuko dute lege-proposamenen izapidetzea; nolanahi ere, lege-proiektuei zor zaien lehentasunak ezin eragotziko du 87. artikuluak zehazten duen moduan gauzatzea legegintza-ekimena.

2. Senatuak 87. artikuluarekin ados aintzat hartzen dituen lege-proposamenak Kongresuari igorriko zaizkio, han izapidetu daitezen, hain zuzen, proposamen gisa.

90. artikulua

1. Lege arrunt nahiz organiko baten proiektua Diputatuen Kongresuak onetsitakoan, Kongresuko presidenteak berehala emango dio horren berri Senatukoari, eta hark Senatuaren eztabaidagai jarriko du.

2. Senatuak, testua jasotzen duen egunetik hasi eta bi hilabeteko epean, mezu arrazoitu baten bitartez, betoa jar diezaioke edo aldakizunak egin. Gehiengo absolutuz onetsi beharko da betoa. Proiektua ezin igorriko zaio Erregeari, berronesteko, aurrez Kongresuak, betoaren kasuan, hasierako testua gehiengo absolutuz berretsi ezean, edo gehiengo sinplez, betoa jarri ondoko bi hilabeteko epean; edo, aldakizunen kasuan, haien gainean erabaki ezean, gehiengo soilez onarturik zein ez.

3. Senatuak proiektuari betoa jartzeko edo aldakizunak egiteko duen bi hilabeteko epe hori hogei egun naturalera laburtuko da Gobernuak edo Diputatuen Kongresuak presazkotzat jotzen dituzten proiektuetan.

91. artikulua

Erregeak hamabost eguneko epean berronetsiko ditu Gorte Nagusiek onetsitako legeak; haiek aldarrikatu, eta agindua emango du berehala argitara daitezen.

92. artikulua

1. Garrantzi bereziko erabaki politikoak herritar guztien kontsulta-erreferendumera atera ahal izango dira.

2. Erreferendumerako deia Erregeak egingo du, Gobernuko presidentearen proposamenez; Diputatuen Kongresuak aurrez baimendu beharko du proposamen hori.

3. Lege organiko batek arautuko du zer baldintzatan eta zer prozeduraren bitartez egingo den Konstituzio honetan aurreikusten den erreferendum mota bakoitza.

HIRUGARREN KAPITULUA

Nazioarteko tratatuak

93. artikulua

Lege organikoz, baimendu daiteke tratatuak egitea haien bidez nazioarteko erakunde edo instituzio bati esleitzeko Konstituziotik eratorritako eskumen batzuen erabilera. Gorte Nagusiek edo Gobernuak bermatu behar dute, kasuen arabera, tratatu horiek betetzen direla, eta orobat betetzen direla lagapenaren titular diren antolakunde nazioarteko edo nazioz gaindikoen ebazpenak.

94. artikulua

1. Estatuak adostasuna emango badu bere burua tratatu edo hitzarmen bidez lotzeko, aurrez Gorte Nagusiek baimena eman beharko dute, honako kasu hauetan:

a) Izaera politikoko tratatuak.

b) Izaera militarreko tratatu edo hitzarmenak.

c) Estatuaren lurralde-osotasunari edo I. tituluan ezarritako oinarrizko eskubide eta betebeharrei eragiten dieten tratatuak edo hitzarmenak.

d) Ogasun Publikoari finantza-obligazioak dakarzkioten tratatu edo hitzarmenak.

e) Legeren bat aldatzea edo derogatzea dakarten edo betearaztekotan legegintza- neurriak hartzea eskatzen duten tratatu edo hitzarmenak.

2. Bestelako tratatu edo hitzarmenak burututakoan, berehala emango zaie horren berri Kongresuari eta Senatuari.

95. artikulua

1. Konstituzioaren kontrako xedapenen bat daukan nazioarteko tratatu bat egiteko, ezinbestekoa da aurrez Konstituzioa moldatzea.

2. Gobernuak edo ganberetariko edozeinek errekerimendua egin diezaioke Konstituzio Auzitegiari, halako kontraesanik badenetz deklara dezan.

96. artikulua

1. Baliozko moduan egindako nazioarteko tratatuak, Espainian ofizialki argitaratutakoan, barne-ordenamenduaren parte izango dira. Ez dago haietako xedapenak derogatu, aldatu edo aldi baterako ahalgabetzerik, ez bada tratatuetan beretan aurreikusitako moduan edo nazioarteko zuzenbidearen arau orokorrekin bat etorriz.

2. Nazioarteko tratatu eta hitzarmenak denuntziatzeko, haiek onartzeko 94. artikuluan aurreikusitako prozedura bera erabiliko da.

IV. TITULUA

GOBERNUA ETA ADMINISTRAZIOA

97. artikulua

Gobernuak zuzentzen ditu barne-politika eta kanpo-politika, administrazio zibila eta militarra eta Estatuaren defentsa. Berak gauzatzen ditu funtzio exekutiboa eta erregelamendu-ahala, Konstituzioarekin eta legeekin ados.

98. artikulua

1. Gobernua honela osatua da: presidentea; presidenteordeak, hala badagokio; ministroak, eta legeak ezarritako gainerako kideak.

2. Presidenteak Gobernuaren jarduera zuzentzen eta gainerako gobernukideen eginkizunak koordinatzen ditu, alde batera utzi gabe kideok beren kudeaketan duten eskumena eta erantzukizun zuzena.

3. Gobernukideek ezin beteko dute beste ordezkari-eginkizunik parlamentu- mandatuari dagozkionak baino, ez beste inolako eginkizun publikorik beren karguari ez datxekionik, ez inolako jarduera profesionalik edo merkataritzakorik.

4. Legeak arautuko ditu gobernukideen estatutua eta bateraezintasunak.

99. artikulua

1. Diputatuen Kongresua berritzen den aldiro, eta Konstituzioaren arabera hala dagokion gainerako kasuetan, Erregeak, aurrez kontsulta eginik Parlamentuan ordezkaritza duten talde politikoek izendatutako ordezkariekin, gobernupresidentetzarako hautagaia proposatuko du, Kongresuko presidentearen bitartez.

2. Aurreko zenbakian esandakoari atxikiz proposatutako hautagaiak Diputatuen Kongresuaren aurrean azalduko du osatu asmo duen Gobernuaren programa politikoa, eta Ganberaren konfiantza eskatuko.

3. Diputatuen Kongresuak, kideen gehiengo absolutuaren botoekin, hautagai horri konfiantza ematen badio, Erregeak presidente izendatuko du.

Gehiengo hori iritsi ezean, proposamen bera bozketara eramango da berriz berrogeita zortzi orduren buruan, eta konfiantza emantzat joko da gehiengo soila lortzen badu.

4. Bozketa horiek egindakoan inbestidurarako konfiantzarik eman ezean, hurrenez hurreneko proposamenak izapidetuko dira, aurreko zenbakietan aurreikusitako moduan.

5. Baldin eta, lehenengo inbestidura-bozketatik bi hilabete igarotakoan, hautagai bakar batek ere eskuratu ez badu Kongresuaren konfiantza, Erregeak bi ganberak desegin eta hauteskunde-deia egingo du berriro, Kongresuko presidentearen onespenarekin.

100. artikulua

Erregeari dagokio Gobernuko gainerako kideak izendatu eta kargutik kentzea, Gobernuko presidenteak proposaturik.

101. artikulua

1. Gobernuaren agintaldia amaitzen da: hauteskunde orokorrak izan ondoren; konfiantza parlamentarioa galdu duenean, Konstituzioan aurreikusitako kasuetan; edo presidentearen dimisio edo heriotzagatik.

2. Agintaldia amaitu zaion gobernuak jardunean segituko du gobernu berriak kargua hartu arte.

102. artikulua

1. Gobernuko presidentearen eta gainerako kideen erantzukizun kriminala, hala badagokio, Auzitegi Goreneko Arlo Penaleko Salan galda daiteke.

2. Akusazioa traizio egin izana baldin bada, edo bere eginkizunetan diharduela Estatuaren segurtasunaren kontrako edozein delitu egin izana, Kongresuko kideen laurdenaren ekimenez bakarrik aurkeztu ahal izango da, eta diputatuen gehiengo absolutuaren onespenarekin.

3. Erregearen grazia-ahalmena ezin aplikatuko da artikulu honetako ezein kasutan.

103. artikulua

1. Administrazio Publikoak objektibotasunez zerbitzatzen ditu interes orokorrak, eta jarduera-printzipio ditu eraginkortasuna, hierarkia, deszentralizazioa, deskontzentrazioa eta koordinazioa, legeari eta zuzenbideari osotara men eginik.

2. Estatuaren Administrazioko organoak legeari atxikiz sortzen, arautzen eta koordinatzen dira.

3. Legeak arautuko ditu: funtzionario publikoen estatutua; funtzio publikora merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera iristeko bidea; sindikatzeko eskubidea erabiltzean funtzionarioek dituzten berezitasunak; bateraezintasun- sistema, eta dagozkien eginkizunetan inpartzialtasuna gordetzeko bermeak.

104. artikulua

1. Segurtasun Indar eta Kidegoek, Gobernuaren mende direla, eginkizun hauek izango dituzte: eskubide eta askatasunen erabilera librea babestea eta herritarren segurtasuna bermatzea.

2. Lege organiko batek zehaztuko ditu Segurtasun Indar eta Kidegoen funtzioak, jarduera-printzipio oinarrizkoak eta estatutuak.

105. artikulua

Legeak arautuko du:

a) Herritarrei entzuera ematea, zuzenean edo legez aitortutako erakunde eta elkarteen bidez, eragiten dieten administrazio-xedapenak egiteko prozeduran.

b) Herritarrek irispidea izatea administrazioaren artxibo eta erregistroetara, salbu eta Estatuaren segurtasunari eta defentsari, delituen ikerketari eta pertsonen intimitateari dagozkienetan.

c) Administrazio-egintzak sortzeko segitu beharreko prozedura, interesatuari entzuera ematea bermatuz, bidezko denean.

106. artikulua

1. Auzitegiek kontrolatzen dute, alde batetik, erregelamendu-ahala eta administrazio- jardueraren legezkotasuna, eta, bestetik, justifikatzen duten helburuen mende egotea jarduera hori.

2. Partikularrek, legeak ezarritako moduan, eskubidea izango dute kalteordaina jasotzeko beren ondasun eta eskubideetan jasandako lesio ororengatik, ezinbesteak eragindako kasuetan salbu, lesio hori zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorio izanez gero.

107. artikulua

Estatu Kontseilua da Gobernuaren kontsulta-organo gorena. Lege organiko batek arautuko ditu haren osaera eta eskumenak.

V. TITULUA

GOBERNUAREN ETA GORTE NAGUSIEN ARTEKO HARREMANAK

108. artikulua

Gobernuak solidariotasunez erantzuten du bere kudeaketa politikoaz Diputatuen Kongresuaren aurrean.

109. artikulua

Behar duten informazioa eta laguntza eskatu ahal izango diete Ganberek eta beren batzordeek, Ganberetako presidenteen bitartez, hala Gobernuari eta beraren departamentuei nola Estatuko eta autonomia-erkidegoetako edozein agintariri.

110. artikulua

1. Gobernuko kideen agerraldia eska dezakete Ganberek eta beren batzordeek.

2. Ganberen eta batzordeen saioetara joan daitezke Gobernuko kideak, eta haietan beren ahotsa entzunarazteko ahalmena dute; orobat, saio horietan beren departamentuetako funtzionarioek informa dezaten eskatu ahal izango dute.

111. artikulua

1. Ganberetan eginiko interpelazio eta galderen mende daude Gobernua eta gobernukide bakoitza. Eztabaida mota horretarako, asteko gutxieneko denbora bat ezarriko dute Erregelamenduek.

2. Interpelazio ororen haritik, bere jarrera adierazi ahal izango du Ganberak mozio baten bidez.

112. artikulua

Gobernuko presidenteak, aurrez Ministro Kontseiluak azterturik, konfiantza- galdekizuna plantea dezake Diputatuen Kongresuaren aurrean, bai bere programari buruz, bai politika orokorreko adierazpen bati buruz. Diputatuen gehiengo soilak haren alde bozkatzean joko da emantzat konfiantza.

113. artikulua

1. Gobernuaren erantzukizun politikoa exiji dezake Diputatuen Kongresuak, gehiengo absolutuz zentsura-mozioa onetsita.

2. Diputatuen hamarretik batek gutxienez proposatu beharko du zentsuramozioa, eta Gobernuko presidentetzarako hautagai bat adierazi beharko da hartan.

3. Zentsura-mozioa ezin bozkatuko da aurkeztu eta handik bost egunera baino lehen. Epe horretako lehen bi egunetan, beste moziorik aurkeztu ahal izango da.

4. Kongresuak zentsura-mozioa onesten ez badu, haren sinatzaileek ezin aurkeztuko dute beste bat batzar-garai berean.

114. artikulua

1. Kongresuak konfiantza ukatzen badio, Gobernuak dimisioa aurkeztuko dio Erregeari; horren ondoren, Gobernuko presidentea izendatuko da, 99. artikuluak xedatutakoarekin bat etorriz.

2. Kongresuak zentsura-mozio bat onesten badu, Gobernuak dimisioa aurkeztuko dio Erregeari, eta mozioan proposaturiko hautagaiak Ganberaren konfiantza jaso duela joko da 99. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako. Gobernuko presidente izendatuko du Erregeak.

115. artikulua

1. Kongresua, Senatua edo Gorte Nagusiak desegitea proposatu ahal izango du Gobernuko presidenteak, aurrez Ministro Kontseiluak azterturik, berak ez beste inork duela erantzukizun osoa. Erregeak emango du desegiteko dekretua, eta hartan jarriko da hauteskunde-eguna.

2. Desegite-proposamenik ezin aurkeztuko da zentsura-mozio bat izapidetzen ari denean.

3. Ez da bidezko izango beste desegiterik aurrekotik urtebete igaro baino lehen, 99. artikuluaren 5. zenbakian xedatutakoa salbu.

116. artikulua

1. Lege organiko batek arautuko ditu alarma-, salbuespen- eta setio-egoerak, eta haietarako eskumenak nahiz murrizketak.

2. Alarma-egoera Ministro Kontseiluan onetsiriko dekretu baten bitartez deklaratuko du Gobernuak, gehienez ere 15 egunerako; erabakiaren berri emango dio Diputatuen Kongresuari, berehala bilduko baita horretarako, eta haren baimenik gabe ezin luzatuko da epe hori. Dekretuak zehaztuko du zer lurralde-eremutan dituen efektuak alarma-egoera deklaratzeak.

3. Salbuespen-egoera Ministro Kontseiluan onetsiriko dekretu baten bitartez adieraziko du Gobernuak, aurrez Diputatuen Kongresuak baimena emanda.

Salbuespen-egoera baimentzean eta deklaratzean, zehatz adierazi beharko da zer efektu dituen, zer lurralde-eremu hartzen duen eta zenbat iraungo duen.

Gehienez ere hogeita hamar eguneko epea izango du, eta beste hainbeste luzatu ahal izango da, betekizun berekin.

4. Setio-egoera Diputatuen Kongresuak deklaratuko du, gehiengo absolutuz, Gobernuak ez beste inork proposaturik. Kongresuak zehaztuko ditu lurralde- eremua, iraupena eta baldintzak.

5. Kongresua ezin desegingo da artikulu honetako egoeretako batzuk deklaraturik dauden bitartean; Ganberak, batzar-garaian ez badaude, berez deitu- rik geldituko dira. Ganberen jarduna eta Estatuaren gainerako botere konstituzionalena ezin etengo da egoera horiek dirauten bitartean.

Kongresua deseginik edo haren agintaldia amaiturik, egoera horietariko edozein eragiten duen gertaldiren bat agituz gero, Diputazio Iraunkorrak hartuko ditu bere gain Kongresuaren eskumenak.

6. Alarma-, salbuespen- eta setio-egoerak deklaratzeak ez du aldaraziko Gobernuaren eta haren agenteen erantzukizun printzipioa, Konstituzioan eta legeetan aitortua.

VI. TITULUA

BOTERE JUDIZIALA

117. artikulua

1. Justizia herriarengandik dator, eta Botere Judiziala eratzen duten epaile eta magistratuek administratzen dute, Erregearen izenean. Epaile eta magistratuok independente, mugiezin eta erantzule dira, eta legearen agintera baino ez daude menderatuak.

2. Epaile eta magistratuak ezin kenduko dira kargutik, ez aldi baterako ahalgabetu, ez lekualdatu eta ez erretirarazi, ez bada legeak aurreikusiriko kausetakoren batengatik eta han jasotako bermeekin.

3. Jurisdikzio-ahala edozein motatako prozesuetan gauzatzea, epaituz eta epaitutakoa betearaziz, legeek zehaztutako epaitegi eta auzitegiei dagokie soilik, legeek ezarritako eskumen- eta prozedura-arauekin ados.

4. Epaitegi eta auzitegiek ez dute beste eginkizunik beteko, aurreko zenbakian adierazitakoak eta, edozein eskubide bermatzeko, legez espresuki ematen zaizkienak baino.

5. Jurisdikzio-batasun printzipioa du oinarri auzitegien antolamendu eta jardunak. Legeak arautuko du jurisdikzio militarra nola gauzatu esparru hertsiki militarrean eta setio-egoeretan, Konstituzioaren printzipioekin ados.

6. Debeku dira salbuespenezko auzitegiak.

118. artikulua

Nahitaezkoa da epaileen eta auzitegien epai eta gainerako ebazpen irmoak betetzea eta, orobat, haiek eskatutako laguntza ematea, prozesuan zehar eta ebatzitakoa exekutatzean.

119. artikulua

Justizia doakoa izango da legeak hala xedatzen duenean eta, edozein kasutan, auzitara jotzeko baliabiderik aski ez dutela egiaztatzen dutenentzat.

120. artikulua

1. Jarduketa judizialak publikoak izango dira, prozedura-legeetan jasotako salbuespenekin.

2. Prozedura nagusiki ahozkoa izango da, batez ere auzi kriminaletan.

3. Epaiak arrazoituak izango dira beti, eta entzunaldi publikoan emango dira.

121. artikulua

Hutsegite judizialez eragindako kalteek zein Justizia Administrazioaren jardun anormalaren ondorio direnek eskubidea emango dute kalte-ordaina jasotzeko, Estatuaren kontura, legearekin ados.

122. artikulua

1. Botere judizialaren lege organikoak zehaztuko du epaitegiak eta auzitegiak nola osatu behar diren, nola jardun behar duten eta nola gobernatu behar diren; halaber zehaztuko du zer estatutu juridiko dagokien karrerako epaile eta magistratuei, kidego bakar bat osatuko baitute, eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko enplegatuei.

2. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia da beraren gobernu-organoa.

Lege organikoak zehaztuko ditu haren estatutua eta kideen bateraezintasunaraubidea eta eginkizunak; bereziki, izendapenei, maila-igoerei, ikuskatzeei eta diziplina-araubideari dagokienez.

3. Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia honako kideok osatuko dute: Auzitegi Goreneko presidentea, buru eginez, eta hogei kide, erregeak bost urterako izendatuak. Hogei horietatik hamabi, kategoria judizial guztietako epaile eta magistratuen artetik, lege organikoak ezarritakoaren arabera; lau, Diputatuen Kongresuak proposaturik, eta beste lau, berriz, Senatuak proposaturik, kasu bietan ere kideen bostetik hiruko gehiengoz aukeratuak abokatu nahiz bestelako legelarien artetik, gaitasun-sonaren jabeak eta lanbidean hamabost urtetik gora jardunak.

123. artikulua

1. Auzitegi Gorena, jurisdikzioa Espainia osoan duela, jurisdikzio-organo nagusia da ordena guztietan, konstituzio-bermeen gaian xedaturikoa salbu.

2. Auzitegi Goreneko presidentea Erregeak izendatuko du, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak proposaturik, legeak zehazturiko moduan.

124. artikulua

1. Ministerio Fiskalak, deusetan galarazi gabe beste organo batzuei emandako eginkizunak, honako egiteko hau du: Justiziaren ekina sustatzea, ahaleginean bermatuz legezkotasuna, herritarren eskubideak eta legeak babestutako interes publikoa, bai ofizioz bai interesatuek eskaturik, eta, orobat, auzitegien independentzia begiratzea eta haietan gizartearen interesari erantzun dakion saiatzea.

2. Organo propioen bidez betetzen ditu Ministerio Fiskalak bere eginkizunak, jokaera-batasun eta hierarkia-mendekotasun printzipioei jarraituz, eta, edozein kasutan, legezkotasun eta inpartzialtasun printzipioei atxikiz.

3. Legeak arautuko du Ministerio Fiskalaren estatutu organikoa.

4. Erregeak izendatuko du Estatuaren Fiskal Nagusia, Gobernuak proposaturik, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari entzunda.

125. artikulua

Herritarrek herri-akzioa baliatu ahal izango dute, eta Justizia Administrazioan parte hartu, bai zinpekoen epaimahaiaren bitartez, legeak erabakiriko moduan eta zehazturiko prozesu penaletan, bai auzitegi ohiturazko eta tradizionaletan.

126. artikulua

Polizia judizialak epaileen, auzitegien eta Ministerio Fiskalaren mende dihardu delitua ikertzeko eta delitugilea aurkitu eta zaintzapean edukitzeko eginkizunetan, legeak ezarritako moduan.

127. artikulua

1. Epaile eta magistratuek, eta orobat fiskalek, ezin beteko dute bestelako kargu publikorik jardunean diren bitartean, eta ezin izango dira ezein alderdi politiko nahiz sindikatutako kide. Legeak ezarriko du epaile, magistratu eta fiskalen elkartze profesionalerako sistema, eta hartarako moduak zehaztuko.

2. Legeak ezarriko du botere judizialeko kideen bateraezintasun-araubidea, eta haien independentzia osoa segurtatu beharko du araubide horrek.

VII. TITULUA

EKONOMIA ETA OGASUNA

128. artikulua

1. Herrialdearen aberastasun guztia, edozein dela ere haren forma eta titulartasuna, interes orokorraren mendeko da.

2. Ekimen publikoari bere lekua aitortzen zaio ekonomia-jardueran. Lege bitartez, sektore publikorako gorde ahal izango dira zenbait baliabide edo zerbitzu funtsezko, batez ere monopolio-kasuetan, eta orobat enpresetan esku hartzea erabaki, interes orokorrak hala eskatzen duenean.

129. artikulua

1. Legeak ezarriko du interesatuek parte hartzeko zer modu izango dituzten, hala Gizarte Segurantzan, nola beren funtzioagatik bizi-kalitateari edo ongizate orokorrari zuzenean eragiten dioten erakunde publikoen jardueran.

2. Botere publikoek eraginkortasunez bultzatuko dituzte enpresan parte hartzeko moduak, eta, legeria egoki baten bitartez, sozietate kooperatiboak sustatuko dituzte. Era berean, bitartekoak jarriko dituzte langileei produkzio-bideen jabetzara iristen laguntzeko.

130. artikulua

1. Botere publikoek kontu egingo diote ekonomiaren sektore guztiak modernizatzeari eta garatzeari —bereziki, nekazaritza, abeltzaintza, arrantza eta eskulangintza —, espainiar guztien bizi-maila parekatzea helburu.

2. Helburu berarekin, tratamendu berezia eskainiko zaie mendialdeei.

131. artikulua

1. Estatuak esku izango du, lege bitartez: ekonomia-jarduera orokorra planifikatzeko, behar kolektiboei erantzutearren; eskualdeen eta sektoreen garapena orekatu eta harmonizatzeko, eta ahaleginean bultzatzeko errenta eta aberastasuna haz daitezen eta modu justuago batean banatu.

2. Gobernuak prestatuko ditu plangintza-proiektuak, autonomia-erkidegoek emandako aurreikuspenekin ados, aholkulari eta laguntzaile harturik sindikatuak eta beste zenbait erakunde profesional, enpresarial eta ekonomiko.

Helburu horrekin, Kontseilu bat eratuko da, eta lege bitartez zehaztuko haren osaera eta funtzioak.

132. artikulua

1. Legeak arautuko du jabari publikoko ondasunen eta komunalen araubide juridikoa. Hartarako, printzipiotzat hartuko ditu besterenezintasuna, preskribaezintasuna eta enbargaezintasuna. Orobat arautuko du ondasunon desafektazioa ere.

2. Jabari publiko estataleko ondasunak dira legeak halakotzat zehazten dituenak, eta, edozein kasutan, itsas-lehorren mugaldea, hondartzak, jurisdikziopeko itsasoa eta ekonomia-eremuko eta plataforma kontinentaleko baliabide naturalak.

3. Legez arautuko dira Estatuaren Ondarea eta Nazio Ondarea, eta haien administrazio, babes eta kontserbazioa.

133. artikulua

1. Tributuak ezartzeko jatorrizko ahala Estatuari soilik dagokio, lege bitartez.

2. Autonomia-erkidegoek eta toki-korporazioek tributuak ezarri eta exijitu ahal izango dituzte, Konstituzioarekin eta legeekin ados.

3. Estatuaren tributuei eragiten dien onura fiskal oro lege bidez ezarri beharko da.

4. Administrazio publikoek legearekin ados baino ezin izango dute finantza- obligaziorik berenganatu eta gasturik egin.

134. artikulua

1. Gobernuari dagokio Estatuaren Aurrekontu Orokorrak prestatzea, eta Gorte Nagusiei, berriz, haiek aztertu, zuzendu eta onestea.

2. Estatuaren Aurrekontu Orokorrak urtean urtekoak izango dira, eta barne hartuko dituzte sektore publiko estatalaren gastu eta sarrera guztiak.

Haietan zehaztuko da Estatuaren tributuei eragiten dieten onura fiskalen zenbatekoa.

3. Aurreko urtekoak iraungi baino gutxienez hiru hilabete lehenago aurkeztu beharko ditu Gobernuak Estatuaren Aurrekontu Orokorrak Diputatuen Kongresuaren aurrean.

4. Dagokion ekonomia-ekitaldiko lehen eguna baino lehen onesten ez bada Aurrekontu Legea, aurreko ekitaldiko aurrekontuak joko dira besterik gabe luzatutzat, berriak onetsi bitartean.

5. Estatuaren Aurrekontu Orokorrak onetsitakoan, Gobernuak esku izango du gastu publikoa gehitzea nahiz sarrerak gutxitzea dakarten lege-proiektuak aurkezteko, aurrekontu-ekitaldi bererako.

6. Aurrekontuko gastuak gehitzea edo sarrerak gutxitzea dakarren edozein proposamen nahiz aldakizun izapidetzeko, Gobernuaren adostasuna beharko da.

7. Aurrekontu Legeak ezin sor dezake tributurik. Tributuak aldatu ahal izango ditu, tributu-lege substantibo batek hala aurreikusten duenean.

135. artikulua

1. Gobernuak legez baimendurik egon beharko du Zor Publikoa jaulkitzeko edo kreditua bere gain hartzeko.

2. Estatuaren Zor Publikoaren korrituak eta kapitala ordaintzeko kredituak aurrekontuetako gastuetan sartutzat joko dira beti, eta ezin izango dira, ez zuzendu, ez aldatu, jaulkipen-legearen baldintzak betetzen dituzten bitartean.

136. artikulua

1. Kontu Auzitegia da Estatuaren eta sektore publikoaren kontuak eta ekonomia- kudeaketa fiskalizatzeko organo gorena.

Gorte Nagusien mende egongo da, zuzen-zuzenean, eta haiek eskuordeturik beteko ditu bere eginkizunak Estatuaren Kontu Orokorra aztertuz eta egiaztatuz.

2. Estatuaren kontuak eta sektore publiko estatalarenak Kontu Auzitegiari aurkeztuko zaizkio, hark zentsura ditzan.

Kontu Auzitegiak, bere jurisdikzioa alde batera utzi gabe, urtean urteko txostena igorriko du Gorte Nagusietara, hartan jakinarazirik, hala dagokionean, zer arau-hauste eta erantzukizun izan diren beraren iritziz.

3. Kontu Auzitegiko kideek epaileen independentzia eta mugiezintasun bera gozatuko dute eta haien bateraezintasun beren mende egongo dira.

4. Lege organiko batek arautuko ditu Kontu Auzitegiaren osaera, antolamendua eta funtzioak.

VIII. TITULUA

ESTATUAREN LURRALDE-ANTOLAMENDUA

LEHEN KAPITULUA

Printzipio orokorrak 137. artikulua

Lurralde-antolamenduari dagokiola, udalerriz, probintziaz eta era daitezen autonomia-erkidegoez osaturik dago Estatua. Entitate horiek guztiek autonomia dute zeinek bere interesak kudeatzeko.

138. artikulua

1. Estatuak bermatzen du benetan gauzatuko dela elkartasun printzipioa, Konstituzioaren 2. artikuluan aitortua, eta, hartarako, begiratuko du oreka ekonomiko egoki eta justu bat ezar dadila Espainiako lurraldearen parteen artean, bereziki aintzat harturik uharte izatearen berezitasunak.

2. Autonomia-erkidegoen estatutuen arteko desberdintasunek ezin ekarriko dute ondorioz, ezein kasutan, pribilegio ekonomiko edo sozialik.

139. artikulua

1. Espainiar guztiek eskubide eta betebehar berak dituzte Estatuaren lurraldeko edozein tokitan.

2. Ezein agintaritzak ezin hartuko du neurririk zuzenean nahiz zeharka trabatuko duenik pertsonen zirkulatzeko eta kokatzeko askatasuna, eta orobat ondasunen zirkulatzeko askatasuna, Espainiako lurralde osoan.

BIGARREN KAPITULUA

Toki-administrazioa

140. artikulua

Konstituzioak bermatzen du udalerrien autonomia. Nortasun juridiko osoa izango dute udalerriek. Haiek gobernatzearen eta administratzearen arduraduna dagokion udala da, alkateak eta zinegotziek osatua. Zinegotziak, udalerriko auzotarrek aukeratuko dituzte, sufragio unibertsal, berdin, libre, zuzeneko eta isilpekoz, legeak ezarritako moduan. Alkatea, zinegotziek edo auzotarrek aukeratuko dute. Legeak arautuko du zein kasutan dagokion kontzeju irekiaren araubidea izatea.

141. artikulua

1. Probintzia nortasun juridiko propioa duen toki-entitatea da, udalerri multzo batez osatua, eta Estatuaren jarduerak betetzeko lurralde-banaketa. Probintzia- mugen aldaketa oro lege organiko baten bitartez onetsi beharko dute Gorte Nagusiek.

2. Probintzien gobernamendua eta administrazio autonomoa diputazioen edo bestelako ordezkaritza-erakundeen gain egongo da.

3. Sortu ahal izango dira probintziaz bestelako udalerri-elkartzeak.

4. Uhartedietan, uharteek orobat izango dute beren administrazio propioa, kabildo edo kontseilu erakoa.

142. artikulua

Toki-ogasunek behar adina baliabide izan beharko dute legeak korporazio bakoitzari esleitzen dizkion eginkizun guztiak betetzeko. Baliabide horiek, nagusiki, beren tributu propioak izanez eta Estatuarenetan nahiz autonomiaerkidegoenetan parte hartuz bilduko dituzte.

HIRUGARREN KAPITULUA

Autonomia-erkidegoak

143. artikulua

1. Konstituzioaren 2. artikuluan aitortutako autonomia-eskubidea erabiliz, autogobernura iritsi eta autonomia-erkidego gisa eratu ahal izango dira: histo- ria-, kultura- eta ekonomia-ezaugarri erkideak dituzten probintzia mugakideak; uharte-lurraldeak, eta historiaz eskualde-izaera duten probintziak. Hartarako, Titulu honek eta kasuan kasuko autonomia-estatutuek diotenak agintzen du.

2. Autonomia-prozesua hasteko ekimena, diputazio interesdun guztiek edo dagokion uharte-arteko organoak dute, eta udalerrien bi herenek, baldin eta haietako biztanleak probintzia edo uharte bakoitzeko hautesle-zentsuaren gehiengoa badira. Betekizun horiek sei hilabeteko epean bete beharko dira, toki-korporazio interesdunetako batek lehen erabakia hartzen duenetik hasita.

3. Ekimenak aurrera egiten ez badu, bost urte igarotakoan baino ezin ekingo zaio berriz prozesuari.

144. artikulua

Gorte Nagusiek esku izango dute, lege organikoz, nazioaren interesa dela kausa, honako hauek egiteko:

a) Autonomia-erkidego bat eratzea baimendu, haren lurralde-eremuak probintzia batena gainditu ezean eta 143. artikuluaren 1. zenbakiko baldintzak bete ezean.

b) Autonomia-estatutu bat baimendu edo erabaki, hala badagokio, probintzia- antolamenduaren barnean ez dauden lurraldeentzat.

c) 143. artikuluaren 2. zenbakiak aipatzen duen toki-korporazioen ekimena ordeztu.

145. artikulua

1. Ezein kasutan ez da onartuko autonomia-erkidegoen artean federaziorik sortzea.

2. Estatutuek aurreikusi ahal izango dute zer kasutan, zer betekizunekin eta zeren arabera egin ditzaketen autonomia-erkidegoek elkarrekiko hitzarmenak, berei dagozkien zerbitzuak kudeatzeko eta emateko; orobat aurreikusi ahal izango dituzte Gorte Nagusiei egin beharreko jakinarazpenaren izaera eta efektuak.

Gainerako kasuetan, autonomia-erkidegoen arteko lankidetza-akordioek Gorte Nagusien baimena beharko dute.

146. artikulua

Estatutu-proiektua biltzar batek prestatuko du, honako hauek direla partaide:

batetik, dagokien probintzietako diputazio edo uharte-arteko organoko kideak, eta, bestetik, haietan aukeratutako diputatu eta senatariak. Gorte Nagusietara igorriko da proiektua, lege gisa izapidetzeko.

147. artikulua

1. Konstituzio honek xedatzen duenaren barnean, estatutuak izango dira autonomia-erkidego bakoitzaren oinarrizko arau instituzionala; Estatuak bere ordenamendu juridikoaren partetzat aitortu eta babestuko ditu estatutuok.

2. Autonomia-estatutuek barne hartu beharko dituzte:

a) Erkidegoaren izena, haren nortasun historikoari egokien datorkiona.

b) Lurraldearen mugak.

c) Autonomia-erakunde propioen izena, antolamendua eta egoitza.

d) Zer eskumen hartzen dituzten, Konstituzioak ezarritako esparruan, eta zer oinarri jartzen dituzten eskumenoi dagozkien zerbitzuak eskualdatzeko.

3. Estatutuen erreforma, berek ezarritako prozedurari atxikiz bideratuko da, eta, edozein kasutan, Gorte Nagusiek onespena eman beharko dute, lege organikoz.

148. artikulua

1. Honako gai hauetan hartu ahal izango dituzte eskumenak beren gain autonomia-erkidegoek:

1) Beren autogobernu-erakundeen antolamendua.

2) Beren lurraldeko udal-mugarteen aldaketak, eta, oro har, toki-erakundeen gainean Estatuaren administrazioari dagozkionak izanik toki-araubideari buruzko legeriak eskualdatzea onartzen duen funtzioak.

3) Lurralde-antolamendua, hirigintza eta etxebizitza.

4) Autonomia-erkidegoaren intereseko obra publikoak, beraren lurraldean.

5) Ibilbide guztia autonomia-erkidegoaren lurraldean duten trenbide eta errepideak; orobat, bitarteko horietaz nahiz kablez diharduen garraioa.

6) Babes-portuak, kirol-portu eta -aireportuak, eta, oro har, merkataritzajarduerarik gabekoak.

7) Nekazaritza eta abeltzaintza, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin ados.

8) Mendiak eta baso-ustiapenak.

9) Ingurumen-babesaren alorreko kudeaketa.

10) Autonomia-erkidegoaren intereseko diren ur-ustiapen, kanal eta ureztapenak proiektatu, eraiki eta kudeatzea; ur mineralak eta termalak.

11) Barruko uretako arrantza, itsaski-bilketa eta akuikultura, ehiza eta ibaietako arrantza.

12) Barne-azokak.

13) Autonomia-erkidegoko ekonomiaren garapena bultzatzea, nazio-politika ekonomikorako jarritako helburuen baitan.

14) Eskulangintza.

15) Autonomia-erkidegoaren intereseko museo, liburutegi eta musikakontserbatorioak.

16) Autonomia-erkidegoaren intereseko monumentu-ondarea.

17) Autonomia-erkidegoaren kultura, ikerketa eta, hala badagokio, hizkuntzaren irakaskuntza sustatzea.

18) Turismoa bere eremuan sustatzea eta antolatzea.

19) Kirola eta aisialdiaren erabilera egokia sustatzea.

20) Gizarte-laguntza.

21) Osasuna eta higienea.

22) Bere eraikin eta instalazioen zaintza eta babesa. Udaltzaingoekiko koordinazio eta gainerako ahalmenak, lege organiko batek ezarritako moduan.

2. Bost urte igarotakoan, eta estatutuak erreformatzearen bidez, beren eskumenak gehitu ahal izango dituzte autonomia-erkidegoek, 149. artikuluak ezarritako esparruan.

149. artikulua

1. Estatuak eskumen esklusiboa du honako gai hauetan:

1) Konstituzioko eskubideak baliatzean eta betebeharrak betetzean espainiar guztiak berdinak izango direla bermatzeko oinarrizko baldintzak arautzea.

2) Nazionalitatea, immigrazioa, emigrazioa, atzerritartasuna eta asilo-eskubidea.

3) Nazioarteko harremanak.

4) Defentsa eta Indar Armatuak.

5) Justizia Administrazioa.

6) Merkataritzako, arlo penaleko eta kartzela arloko legeria; legeria prozesala, alde batera utzi gabe arlo honetan autonomia-erkidegoen zuzenbide substantiboaren berezkotasunak dakartzan nahitaezko berezitasunak.

7) Lan-legeria, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoetako organoek gauzatzea hura.

8) Legeria zibila, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoek beren zuzenbide zibil, foral edo bereziak gorde, aldatu edo garatzea, halakorik duten tokietan.

Edozein kasutan, arau juridikoen aplikazioari eta eraginkortasunari dagozkion erregelak; ezkontza formei dagozkien harreman juridiko-zibilak; erregistro eta agiri publikoen antolamendua; kontratuzko obligazioen oinarriak; legeen arteko gatazkak ebazteko arauak, eta zuzenbidearen iturriak zehaztea; azken kasu horretan, zuzenbide foral edo bereziko arauak errespetatuz.

9) Jabetza intelektualari eta industrialari buruzko legeria.

10) Aduanen eta muga-zergen araubidea; kanpo-merkataritza.

11) Diru-sistema: dibisak, trukea eta bihurgarritasuna; kreditua, bankuak eta aseguruak antolatzeko oinarriak.

12) Pisu eta neurrien gaineko legeria; ordu ofiziala ezartzea.

13) Ekonomia-jarduera oro har planifikatzeko oinarriak eta koordinazioa.

14) Ogasun orokorra eta Estatuaren Zorra.

15) Ikerketa zientifiko eta teknikoaren sustapena eta koordinazio orokorra.

16) Kanpo-osasuna. Osasunaren oinarriak eta koordinazio orokorra. Farmazia- produktuen gaineko legeria.

17) Gizarte Segurantzaren oinarrizko legeria eta araubide ekonomikoa, alde batera utzi gabe haren zerbitzuak autonomia-erkidegoek ematea.

18) Administrazio publikoen araubide juridikoaren eta haietako funtzionarioen estatutu-araubidearen oinarriak, administrazioon aurrean tratamendu berdina izatea bermatuko dietenak betiere herritarrei; administrazio-prozedura erkidea, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoen antolamendu propioak dakartzan berezitasunak; desjabetze behartuaren gaineko legeak; kontratu eta emakida administratiboen eta administrazio publiko guztien erantzukizunsistemaren gaineko oinarrizko legeria.

19) Itsasoko arrantza, alde batera utzi gabe sektore hori antolatzean autonomia- erkidegoei emaniko eskumenak.

20) Merkataritza-itsasketa eta itsasontzien banderaztatzea; kostaldeen argiztapena eta itsas-seinaleak; interes orokorreko portuak; interes orokorreko aireportuak; aire-eremuaren kontrola, aireko iragaitea eta garraioa, meteorologiazerbitzua eta aireontzien matrikulazioa.

21) Autonomia-erkidego bat baino gehiagotatik pasatzen diren trenbide eta lurreko garraioak; komunikabideen araubide orokorra; ibilgailu motordunen trafiko eta zirkulazioa; posta eta telekomunikazioak; aireko eta itsaspeko kableak eta irrati-komunikazioa.

22) Ur-baliabide eta -ustiapenen gaineko legeria, antolamendua eta emakidak, urak autonomia-erkidego bat baino gehiagotatik pasatzen direnean, eta instalazio elektrikoak baimentzea, haien ustiapenak beste erkidego bati eragiten dionean edo energia-garraioa haren lurralde-eremutik ateratzen denean.

23) Ingurumenaren babesari buruzko oinarrizko legeria, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoek babes-arau gehigarriak jartzeko ahalmenak. Mendiei, baso-ustiapenei eta abelbideei buruzko oinarrizko legeria.

24) Obra publikoak, interes orokorreko direnean edo haien gauzatzeak autonomia- erkidego bati baino gehiagori eragiten dienean.

25) Meatzeei eta energiari buruzko araubidearen oinarriak.

26) Arma eta lehergailuak ekoizteari, salerosteari, edukitzeari eta erabiltzeari buruzko araubidea.

27) Prentsa, irrati eta telebistari eta oro har hedabide guztiei buruzko oinarrizko arauak, alde batera utzi gabe haiek garatu eta betearazteko orduan autonomia- erkidegoei dagozkiekeen ahalmenak.

28) Espainiako kultura-, arte- eta monumentu-ondarea esportaziotik eta espoliaziotik babestea; Estatuaren titulartasuneko museo, liburutegi eta artxiboak, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoek kudeatzea haiek.

29) Segurtasun publikoa, alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoek beren polizia sortzeko aukera, haien estatutuetan ezartzen den moduan, lege organiko batek xedaturikoaren esparruan.

30) Titulu akademikoak eta profesionalak lortzeko, emateko eta homologatzeko baldintzak arautzea, eta Konstituzioaren 27. artikulua garatzeko oinarrizko arauak, botere publikoek gai honetan dituzten betebeharrak betetzen dituztela bermatzearren.

31) Estatuaren helburuetarako estatistika.

32) Erreferendum bidezko herri-kontsultak egiteko baimenak ematea.

2. Alde batera utzi gabe autonomia-erkidegoek beren gain hartu ahal izango dituzten eskumenak, Estatuak funtsezko betebehar eta atribuziotzat hartuko du kultura zerbitzatzea, eta bideak jarriko ditu autonomia-erkidegoen arteko kultura-komunikaziorako, haiekiko adostasunez.

3. Konstituzio honek espresuki Estatuari esleitzen ez dizkion gaiak autonomia- erkidegoei egokitu dakizkieke, bakoitzaren estatutuaren arabera. Autonomia estatutuek beren gain hartu gabeko gaien eskumena Estatuak izango du, eta, gatazkarik gertatuz gero, Estatuaren arauak nagusituko zaizkie autonomiaerkidegoenei, haien eskumen esklusibo izendaturik ez dagoen gai orotan. Estatuaren zuzenbidea, edozein kasutan, autonomia-erkidegoen zuzenbidearen osagarri izango da.

150. artikulua

1. Gorte Nagusiek, Estatuaren eskumeneko gaietan, ahalmena esleitu ahal izango diete autonomia-erkidegoei —guztiei edo baten bati— bakoitzak beretzako lege-arauak eman ditzan, Estatuko lege batek ezarritako printzipio, oinarri eta ildoen esparruan. Auzitegien eskumena alde batera utzi gabe, esparrulege bakoitzean zehaztuko da zer kontrol-modu izango duten Gorte Nagusiek autonomia-erkidegoen lege-arau horien gainean.

2. Estatuak, lege organiko baten bitartez, autonomia-erkidegoei eskualdatu edo eskuordetu ahal izango dizkie Estatuaren titulartasunpeko gaiei dagozkien zenbait ahalmen, beren izaeragatik eskualdatu edo eskuordetu daitezkeenak.

Legeak aurreikusiko du, kasu bakoitzean, zer finantzabide diren eskualdatzekoak eta zer kontrol-forma gordeko dituen Estatuak beretzat.

3. Estatuaren esku egongo da legeak ematea autonomia-erkidegoen arauxedapenak harmonizatzeko behar diren printzipioak ezartzeko, are eskumena erkidegoei esleitutako gaietan, interes orokorrak hala eskatzen duenean. Gorte Nagusiei dagokie, ganbera bakoitzeko gehiengo absolutuz, premia hori hautematea.

151. artikulua

1. Ez da beharrezko izango bost urteko epea iragaten uztea, 148. artikuluaren 2. zenbakiak dioen bezala, baldin eta autonomia-prozesuaren ekimena 143.2 artikuluan esaten den epean hitzartzen badute, dagokien diputazio edo uharte-arteko organoek ez ezik, ukitutako probintzia bakoitzeko udalerrien hiru laurdenek, udalerriok probintzia bakoitzeko hautesle-zentsuaren gehiengoa hartzen dutenak izanik, eta erreferendum bidez berresten badu ekimen hori probintzia bakoitzeko hautesleen gehiengo absolutuak, lege organiko batek ezarritako moduan.

2. Aurreko zenbakian aurreikusitako kasuan, honako hau izango da Estatutua prestatzeko prozedura:

1) Gobernuak dei egingo die autogobernura iristeko asmoa duen lurraldeesparruko barrutietan hautaturiko diputatu eta senatari guztiei, Biltzarra era dezaten, xede bakar izanik dagokion autonomia-estatutu proiektua prestatzea, kideen gehiengo absolutuaren akordioz.

2) Parlamentarien Biltzarrak onetsirikoan, Kongresuko Konstituzio Batzordera bidaliko da estatutu-proiektua, eta bi hilabeteko epean aztertuko du hark, partaide eta laguntzaile duela proposamena egin duen Biltzarraren ordezkaritza bat, guztien adostasunez erabakitzeko behin betiko formulazioa.

3) Adostasun hori erdietsiz gero, estatutu-proiektuaren lurralde-esparruko probintzietako hautesleriak erreferendumean bozkatuko du erabakitako testua.

4) Probintzia bakoitzean baliozko botoen gehiengoz onetsiz gero, Gorte Nagusietara igorriko da estatutu-proiektua. Bi ganberen osoko bilkurek eman- go dute testuaren gaineko erabakia, berrespen-boto baten bitartez. Estatutua onetsirikoan, Erregeak berronetsiko du eta legetzat aldarrikatuko.

5) Zenbaki honetako 2. paragrafoan adierazitako adostasuna iritsi ezean, lege-proiektu gisa izapidetuko da estatutu-proiektua Gorte Nagusietan. Estatutu- proiektuaren lurralde-esparruko probintzietako hautesleriak erreferendumean bozkatuko du Gorteok onetsiriko testua. Probintzia bakoitzean baliozko botoen gehiengoz onetsiz gero, aurreko paragrafoan adierazi bezala aldarrikatzea dagokio.

3. Aurreko zenbakiko 4. eta 5. paragrafoetako kasuetan, probintzia batek edo batzuek estatutua ez onesteak ez du eragotziko gainerakoen artean eratzea proiektatutako autonomia-erkidegoa, artikulu honen 1. zenbakian aurreikusitako lege organikoak ezarritako moduan.

152. artikulua

1. Aurreko artikuluan azaldutako prozeduraz onetsiriko estatutuetan, honako oinarri hauek izango ditu autonomia-erakundeen antolamenduak: Legebiltzarra, sufragio unibertsalez hautatua, hartarako ordezkaritza-sistema proportzional bat ezarriko delarik, eta orobat ziurtatuko lurraldearen zona guztiak ordezkaturik egotea; Gobernu Kontseilua, funtzio exekutiboak eta administratiboak dituena; eta Presidentea, Legebiltzarrak bere kideen artetik aukeratua eta Erregeak izendatua, hari dagokiola izatea Gobernu Kontseiluaren buru, bere erkidegoaren ordezkari goren, eta Estatuaren ordezkari arrunt erkidegoan.

Presidenteak eta Gobernu Kontseiluko gainerako kideek erantzukizun politikoa izango dute Legebiltzarraren aurrean.

Justizia-auzitegi nagusi bat izango da antolamendu judizialaren gailurra autonomia- erkidegoaren lurralde-eremuan, alde batera utzi gabe Auzitegi Gorenari dagokion jurisdikzioa. Autonomia-erkidegoen estatutuetan arautu ahal izango da zer kasu eta modutan parte har dezaketen erkidegoek lurraldearen barruti judizialen antolamenduan. Hori guztia, botere judizialaren lege organikoak dioenarekin ados eta haren batasun eta independentziaren barnean.

Alde batera utzi gabe 123. artikuluan xedatutakoa, lehen auzialdian eskudun den organoak egoitza dueneko autonomia-erkidegoaren lurraldeko organo judizialetan agortuko dira, hala badagokio, hurrenez hurreneko auzialdiak.

2. Estatutuak berronetsi eta aldarrikatutakoan, berek ezarritako prozedura izango da haiek aldatzeko modu bakarra, eta erreferenduma egin beharko da dagozkien zentsuetan inskribatutako hautesleen artean.

3. Udalerri mugakideak elkartzearen bidez, lurralde-barruti propioak ezarri ahal izango dituzte estatutuek, eta nortasun juridiko osoa izango dute barrutiok.

153. artikulua

Honako hauek kontrolatuko dute autonomia-erkidegoetako organoen jarduera:

a) Konstituzio Auzitegiak, lege-indarra duten arau-xedapenen konstituzionaltasunari dagokion esparruan.

b) Gobernuak, aurrez Estatu Kontseiluak irizpena emanik, 150. artikuluaren 2. zenbakian azaldutako eginkizun eskuordetuak betetzeari dagokiona.

c) Administrazioarekiko auzien jurisdikzioak, administrazio autonomoaren eta haren erregelamendu-arauen esparruan.

d) Kontu Auzitegiak, ekonomiaren eta aurrekontuen alorrean.

154. artikulua

Gobernuak izendatutako eskuordeko batek zuzenduko du Estatuaren administrazioa autonomia-erkidegoan, bai eta hura koordinatuko ere, egoki denean, erkidegoaren administrazioarekin.

155. artikulua

1. Baldin eta autonomia-erkidego batek betetzen ez baditu Konstituzioak edo beste lege batzuek ezarritako betebeharrak, edo Espainiaren interes orokorrari larri erasotzen dion moduan jokatzen badu, Gobernuak, aurrez autonomia- erkidegoko presidenteari errekerimendua eginik eta, hark aintzat hartu ezean, Senatuaren gehiengo absolutua bildurik, dagozkion neurriak hartu ahal izango ditu erkidegoari betebehar horiek nahitaez betearazteko edo aipatutako interes orokorra babesteko.

2. Aurreko zenbakian adierazitako neurriak gauzatzeko, Gobernuak instrukzioak eman ahal izango dizkie autonomia-erkidegoetako agintari guztiei.

156. artikulua

1. Autonomia-erkidegoek finantza-autonomia izango dute beren eskumenak garatzeko eta gauzatzeko, bi printzipio hauei jarraituz: Estatuaren Ogasunarekiko koordinazioa, batetik, eta espainiar guztien arteko elkartasuna, bestetik.

2. Autonomia-erkidegoek Estatuaren eskuordeko edo laguntzaile gisa jokatu ahal izango dute, haren tributu-baliabideak bildu, kudeatu eta likidatzeko, legeekin eta estatutuekin ados.

157. artikulua

1. Honela osatuko dira autonomia-erkidegoen baliabideak:

a) Estatuak osotara edo parte batean lagatako zergak; Estatuaren zergekiko gainordainak, eta Estatuaren irabazietan dituzten bestelako parte-hartzeak.

b) Beren zerga, tasa eta kontribuzio bereziak.

c) Lurralde arteko Konpentsazio Funts batetik egindako transferentziak, eta Estatuaren Aurrekontu Orokorren konturako beste esleipen batzuk.

d) Beren ondaretik datozen etekinak eta zuzenbide pribatuko diru-sarrerak.

e) Kreditu-operazioen emaitzak.

2. Autonomia-erkidegoek ezin ezarriko dute, ezein kasutan, ez beren lurraldetik kanpoko ondasunen gaineko tributurik, ez salgai edo zerbitzuek libre zirkulatzeko oztopagarri den tributurik.

3. Lege organiko baten bidez arautu ahal izango dira: 1. zenbakian zerrendatutako finantza-eskumenak erabiltzeko bidea; sor litezkeen gatazkak ebazteko arauak, eta autonomia-erkidegoen eta Estatuaren arteko finantza-lankidetzarako bidera litezkeen moduak.

158. artikulua

1. Estatuaren Aurrekontu Orokorretan, diru-kopuru bat esleitu ahal izango da autonomia-erkidegoentzat, bi irizpide hauen baitan: batetik, beren gain hartutako zerbitzu eta jarduera estatalen kopurua, eta, bestetik, Espainiako lurralde osoan oinarrizko zerbitzu publikoak gutxieneko kalitatearekin emango direlako bermea.

2. Lurraldeen arteko ekonomia-desorekak zuzendu eta elkartasun printzipioa benetan gauzatzearren, Konpentsazio Funts bat eratuko da inbertsio-gastuetarako; Gorte Nagusiek banatuko dituzte funts horren baliabideak autonomia-erkidego eta probintzien artean, hala badagokio.

IX. TITULUA

KONSTITUZIO AUZITEGIA

159. artikulua

1. Erregeak izendatutako 12 kidek osatzen dute Konstituzio Auzitegia.

Haietatik lau, Kongresuak proposatuko ditu, kideen hiru bostenen gehiengoz; beste lau, Senatuak, gehiengo beraz; bi, Gobernuak, eta beste bi, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak.

2. Magistratu eta fiskalen, unibertsitateko irakasleen, funtzionario publikoen eta abokatuen artetik izendatu beharko dira Konstituzio Auzitegiko kideak; denek ere gaitasun-sonaren jabe izan beharko dute, eta hamabost urtetik gora lanbidean jardunak.

3. Konstituzio Auzitegiko kideak bederatzi urterako izendatuko dira, eta herenka berrituko dira hiru urtetik behin.

4. Konstituzio Auzitegiko kide izatearekin bateraezinak dira: ordezkaritzamandatu oro; kargu politiko edo administratiboak; alderdi politikoren batean edo sindikaturen batean zuzendaritza-eginkizunetan aritzea eta haien zerbitzuan lan egitea; karrera judizialean eta fiskalean jardutea, eta edozein lanbidetan edo merkataritzan aritzea.

Gainerakoan, botere judizialeko kideei dagozkien bateraezintasun berak dagozkie Konstituzio Auzitegiko kideei.

5. Konstituzio Auzitegiko kideak independenteak eta mugiezinak izango dira beren jardunean.

160. artikulua

Konstituzio Auzitegiko presidentea Erregeak izendatuko du kideen artetik, Auzitegiak berak osoko bilkuran proposatuta eta hiru urterako.

161. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiak Espainiako lurralde osoan du jurisdikzioa, eta eskumena du honako hauetaz arduratzeko:

a) Legeen eta lege-indarreko arau-xedapenen aurkako konstituziokontrakotasun- errekurtsoak. Jurisprudentziak interpretaturiko lege-mailako arau juridiko baten konstituziokontrakotasun-deklarazioak eragina izango du jurisprudentzian, baina emandako epaiak edo epaiek ez dute galduko epaitutzat joaren balioa.

b) Konstituzio honen 53.2 artikuluan aipaturiko eskubide eta askatasunen bortxaketa dela-eta jarritako babes-errekurtsoa, legeak ezarritako kasu eta moduetan.

c) Eskumen-gatazkak, hala Estatuaren eta autonomia-erkidegoen artekoak nola autonomia-erkidegoen artekoak.

d) Konstituzioak edo lege organikoek esleitzen dizkioten gainerako gaiak.

2. Gobernuak aurkapena jarri ahal izango die, Konstituzio Auzitegiaren aurrean, autonomia-erkidegoetako organoek emandako xedapen eta ebazpenei.

Aurkatzeak xedapena edo ebazpena aldi baterako ahalgabetzea eragingo du, baina Auzitegiak, hala badagokio, berretsi edo kendu egin beharko du ahalgabetze hori, gehienez ere bost hilabeteko epean.

162. artikulua

1. Legitimaturik daude:

a) Konstituziokontrakotasun-errekurtsoa jartzeko: Gobernuko presidentea, Herriaren Defendatzailea, 50 diputatu, 50 senatari, autonomia-erkidegoetako kide anitzeko organo exekutiboak, eta, hala badagokio, haietako legebiltzarrak.

b) Babes-errekurtsoa jartzeko: interes legitimoak bultzatutako edozein pertsona natural edo juridiko, eta orobat Herriaren Defendatzailea eta Ministerio Fiskala.

2. Gainerako kasuetan, lege organikoak zehaztuko du zein diren pertsona eta organo legitimatuak.

163. artikulua

Prozesuren batean organo judizial batek irizten badio Konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela kasuan aplikagarri den lege-mailako arau bat, arau hori baliozko izatearen baitan dagoelarik epaitza, Konstituzio Auzitegian planteatuko du organo horrek auzia, kasuei, formari eta efektuei dagokienez legeak ezarritakoaren arabera; efektua ez da, ezein kasutan, araua aldi baterako ahalgabetzea izango.

164. artikulua

1. Konstituzio Auzitegiaren epaiak Estatuaren Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, boto partikular eta guzti, halakorik izanez gero. Argitaratu ondorengo egunetik hasita izango dute epaitutzat joaren balioa, eta ez dago inolako errekurtsorik jartzerik haien kontra. Lege bat edo lege-indarreko arau bat konstituziokontrako deklaratzen duten epaiak, eta eskubide baten balioespen subjektibora mugatzen ez diren guztiak orobat, efektu betekoak dira ororen aurrean.

2. Epaian besterik xedatu ezean, indarrean iraungo du legearen gainerako zatiak, konstituziokontrakotasunak ukitzen ez duenak.

165. artikulua

Lege organiko batek arautuko ditu Konstituzio Auzitegiaren funtzionamendua, kideen estatutua, hartara jotzean segitu beharreko prozedura eta akzioak baliatzeko baldintzak.

X. TITULUA

KONSTITUZIOAREN ERREFORMA

166. artikulua

Konstituzioa erreformatzeko ekimena 87. artikuluaren 1. eta 2. zenbakietan adierazi bezala gauzatuko da.

167. artikulua

1. Konstituzioa erreformatzeko proiektuak ganbera bakoitzeko hiru bostenen gehiengoz onartu beharko dira. Bi ganberen arteko adostasunik ezean, hura lortzeko ahalegina egingo da, diputatu adina senatarik osaturiko batzorde bat sortuz. Batzorde horrek testu bat aurkeztu, eta hura bozkatuko da Kongresuan eta Senatuan.

2. Aurreko zenbakiko prozeduraz onesterik lortu ezean, eta betiere testuak Senatuko gehiengo absolutuaren aldeko botoa eskuratu duen kasuan, Kongresuak, bi herenen gehiengoz, erreforma onetsi ahal izango du.

3. Gorte Nagusiek onetsitakoan, erreferendumera aterako da erreforma, berresteko, edozein ganberetako kideen hamarretik batek hala eskatzen badu hura onetsi eta hamabost egunen barruan.

168. artikulua

1. Konstituzioa osotara berritzea proposatuz gero, edo zati batean baina tartean direlarik edo Atariko Titulua, edo I. Tituluko Bigarren Kapituluaren Lehen Atala, edo II. Titulua, zera dagokio kasu horretan: ganbera bakoitzeko bi herenen gehiengoz onestea printzipioa, eta Gorteak berehala desegitea.

2. Hautatutako ganberek erabakia berretsi beharko dute eta konstituziotestu berria aztertu; bi ganberetako bi herenen gehiengoz onetsi beharko da testua.

3. Gorte Nagusietan onetsitakoan, erreferendumera aterako da erreforma, berresteko.

169. artikulua

Ezin hasiko da Konstituzioaren erreformarik, ez gerra garaian, ez 116. artikuluan aurreikusitako egoeraren batek dirauen bitartean.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena

Konstituzioak babestu eta errespetatu egiten ditu foru-lurraldeen eskubide historikoak.

Foru-araubide horren eguneratze orokorra, hala badagokio, Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen esparruan egingo da.

Bigarrena

Konstituzio honen 12. artikuluko adin-nagusitasun deklarazioak ez ditu galarazten zuzenbide pribatuaren esparruan foru-zuzenbideek babesturiko bestelako egoerak.

Hirugarrena

Kanariar uhartediaren ekonomia- eta ogasun-araubidea aldatzeko, aurrez autonomia-erkidegoaren txostena beharko da, edo behin-behineko autonomiaorganoarena, hala bada.

Laugarrena

Autonomia-erkidegoren batean lurralde-entzutegi batek baino gehiagok badu egoitza, haren autonomia-estatutuak esku izango du daudenei eusteko, entzutegion artean banatuz eskumenak, betiere Botere Judizialaren Lege Organikoarekin ados eta haren batasun eta independentziaren barnean.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena

Behin-behineko autonomia-araubidea duten lurraldeetan, kide anitzeko organo gorenek, kideen gehiengo absolutuak onetsitako erabakiz, beren gain hartu ahal izango dute 143. artikuluaren 2. zenbakiak diputazio probintzialei edo dagokien uharte-arteko organoei esleitzen dien ekimena.

Bigarrena

Iraganean autonomia-estatuturen bat plebiszituan baieztatu duten eta Konstituzio hau aldarrikatzen den garaian behin-behineko autonomia-araubidea duten lurraldeek berehala joka dezakete 148. artikuluaren 2. zenbakian adierazten den moduan, hala erabakiz gero, gehiengo absolutuz, autonomiaaurreko kide anitzeko organo gorenak, eta Gobernuari jakinarazi. 151. artikuluaren 2. zenbakiak ezarritakoaren arabera prestatuko da estatutu-proiektua, kide anitzeko organo autonomia-aurrekoak deia eginik.

Hirugarrena

Toki-korporazioek eta haietako kideek autonomia-prozesuari ekiteko aukera, 143. artikuluaren 2. zenbakian aurreikusia, geroratutzat jo behar da, efektu guztiekin, harik eta Konstituzioa indarrean jarri ondorengo lehen toki-hauteskundeak egin arte.

Laugarrena

1. Nafarroaren kasuan, Euskal Kontseilu Nagusian edo hura ordezkatuko duen euskal autonomia-araubidean sartzeari dagokionez, Konstituzio honen 143. artikuluak ezartzen duenaren ordez, foru-organo eskudunari dagokio ekimena, eta osatzen duten kideen gehiengoz hartuko du hark erabakia. Ekimen hori baliozko izateko, beharrezko izango da, gainera, foru-organo eskudunaren erabakia berretsia izatea horretarako berariaz eginiko eta baliozko botoen gehiengoz onetsiriko erreferendum batean.

2. Aurrera atera ezean, eskumena duen foru-organoaren beste agintaldi batean baino ezin errepikatuko da ekimena, eta, betiere, 143. artikuluan ezarritako gutxieneko epea igarotakoan.

Bosgarrena

Ceuta eta Melillako hiriak autonomia-erkidego gisa eratu ahal izango dira, baldin eta hala erabakitzen badu hiri bakoitzeko udalak, kideen gehiengo absolutuz hartutako akordioz, eta hala baimentzen badute Gorte Nagusiek, lege organiko baten bitartez, 144. artikuluan adierazitako moduan.

Seigarrena

Kongresuko Konstituzio Batzordera estatutu-proiektu bat baino gehiago igortzen direnean, sartu diren hurrenkeran emango zaie irizpena, eta Batzordeak bakoitzaren azterketa bukatzen duenetik hasita kontatuko da 151. artikuluan aipatzen den bi hilabeteko epea.

Zazpigarrena

Honako kasu hauetan joko dira desegintzat behin-behineko autonomiaerakundeak:

a) Konstituzio honekin ados onetsi diren autonomia-estatutuek ezarritako organoak eratutakoan.

b) 143. artikuluan adierazitako baldintzak ez betetzeagatik autonomiaprozesuaren ekimenak aurrera egin ez duen kasuan.

c) Baldin eta erakundeak hiru urteko epean baliatu ez badu lehen xedapen gehigarriak aitortzen dion eskubidea.

Zortzigarrena

1. Konstituzio hau onetsi duten Ganberek, berau indarrean sartutakoan, beren gain hartuko dituzte, Kongresuari eta Senatuari, hurrenez hurren, egokitzen zaizkien eginkizun eta eskumenak; haien agintaldia ez da, ezein kasutan, 1981eko ekainaren 15etik harago luzatuko.

2. Testu honen 99. artikuluan ezarritako ondorioetarako, bera aplikatzea dagokion kasu konstituzionaltzat joko da Konstituzioaren aldarrikapena. Horretarako, hogeita hamar eguneko epea irekiko da, aldarrikapenaz geroztik, artikulu horretan xedatutakoa aplikatzeko.

Epe horretan, egun Gobernuko Presidente dena, bere gain hartuko baititu kargu horrentzat Konstituzioak ezartzen dituen eginkizun eta eskumenak, gaiturik egongo da 115. artikuluak aitortzen dion ahalmena erabiltzeko, edo bidea irekitzeko, dimisioa emanik, 99. artikuluak dioena aplika dadin; azken kasu horretan, 101. artikuluaren 2. zenbakiak aurreikusitako egoeran geldituko da.

3. Desegite-kasuan, 115. artikuluan aurreikusitakoarekin ados, eta 68 eta 69 artikuluetan aurreikusitakoa legez garatu ezean, aurrez indarrean ziren arauak izango dira aplikatzekoak hauteskundeetan, salbuespen hauekin: hautaezintasunari eta bateraezintasunei dagokienez, zuzenean aplikatuko da Konstituzioaren 70. artikuluaren 1. zenbakiko b) letrako bigarren tartekian esandakoa; Konstituzioan bozkatzeko adinari buruz xedatutakoa, eta 69.3 artikuluan ezarritakoa.

Bederatzigarrena

Konstituzio Auzitegiko kideak lehen aldiz hautatu eta handik hiru urtera, hautatze-jatorri bereko lau kidez osaturiko talde bat, zozketa bidez aukeratua, kargugabetu eta berrituko da. Ondorio horietarako eta ez bestetarako, hautatze- jatorri berekotzat joko dira Gobernuaren proposamenez izendatutako bi kideak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak egindako proposameneko biak. Berdin jokatuko da, hiru urte geroago, aurreko zozketak ukitu gabeko bi taldeekin. Handik aurrera, 159. artikuluaren 3. zenbakian xedaturikoak aginduko du.

XEDAPEN DEROGATZAILEA

1. Derogaturik gelditzen da Erreforma Politikorako 1/1977 Legea, urtarrilaren 4koa, eta orobat, aipaturiko lege horrek dagoeneko derogatu ez dituen heinean: Mugimendu Nazionalaren Printzipioen Legea, 1958ko maiatzaren 17koa; Espainolen Forua, 1945eko uztailaren 17koa; Lanaren Forua, 1938ko martxoaren 9koa; Gorteak Eratzeko Legea, 1942ko uztailaren 17koa; Estatuburuaren Oinordetzarako Legea, 1947ko uztailaren 26koa: guztiak ere, 1967ko urtarrilaren 10eko Estatuaren Lege Organikoak aldatuak; eta, modu berean, azken aipaturiko lege hori eta Erreferendum Nazionalari buruzkoa, 1945eko urriaren 22koa.

2. Oraindik ere inolako indarrik duen heinean, behin betiko derogatutzat jotzen da 1839ko urriaren 25eko Legea, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko probintziei eragin liezaiekeen guztian.

Modu berean, behin betiko derogatutzat jotzen da 1876ko uztailaren 21eko Legea.

3. Derogaturik gelditzen dira, halaber, Konstituzio honetan ezarritakoaren kontra doazen xedapenak oro.

AZKEN XEDAPENA

Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean sartuko da indarrean Konstituzio hau. Espainiako gainerako hizkuntzetan ere argitaratuko da.

euskal legezalea