2006/561 EE Erregelamendua, Errepide-garraioaren sektorean gizarte-arloko zenbait xedapen harmonizatzeari buruzkoa
Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala
561/2006/EE ERREGELAMENDUA, EUROPAKO PARLAMENTUARENA ETA KONTSEILUARENA
2006ko martxoaren 15ekoa, errepide-garraioaren sektorean gizarte-arloko zenbait xedapen harmonizatzeari buruzkoa, eta Kontseiluaren 3821/85 (EEE) eta 2135/98 (EE) Erregelamenduak aldatzen dituena, eta Kontseiluaren 3820/85 Erregelamendua indargabetzen.
(Testu egokia EEEri dagokionez)
EUROPAKO PARLAMENTUAK ETA EUROPAR BATASUNEKO KONTSEILUAK
Europako Erkidegoa eratzen duen Ituna, eta bereziki, haren 71. artikulua aztertu dute,
baita Batzordearen proposamena ere,
Europako Ekonomia eta Gizarte Lantaldearen irizpena aztertu dute,
Kontsulta egin diote aldez aurretik Eskualdeetako Lantaldeari,
Itunaren 251. artikuluan ezarritako prozedurari jarraiki, Adiskidetzeko Komiteak 2005eko abenduaren 8an onarturiko testu bateratua aztertuta,
Honako hauek kontuan hartuta:
(1) Errepide-garraioari dagokionez, Kontseiluaren 3820/85 (EEE) Erregelamendua, 1985eko abenduaren 20koa, errepide-garraioaren sektorean hainbat xedapen harmonizatzeari buruzkoa, lurreko garraiobideen lehia-baldintzak harmonizatzen ahalegindu zen, errepide-garraioaren sektoreari eta laneko eta bide-segurtasuneko baldintzak hobetzeari dagokionez, batez ere. Esparru horietan eginiko aurrerapenak babestu eta hedatu egin behar dira.
(2) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002/15/EE Zuzentarauak, 2002ko martxoaren 11koak, errepide-garraio bidezko jarduera mugikorrak gauzatzen dituzten pertsonen lan-denbora ordenatzeari buruzkoak, langile mugikorren asteko lanaldiaren gehienezko denbora mugatzen duten neurriak hartzera behartzen ditu estatu kideak.
(3) Zailtasunak izan dira 3820/85 (EEE) Erregelamenduko zenbait xedapen estatu kide guztietan berdin interpretatzeko, aplikatzeko eta kontrolatzeko, termino orokorrak erabili baitira horiek idazteko. Erregelamendu horretako arauak, Europar Batasunaren baitan, errepide-garraioa erabiliz, nazio barruko zein nazioarteko operazioak egiten dituzten gidariei dagozkien gidaldiei, etenaldiei eta atsedenaldiei buruzkoak dira.
(4) Xedapen horien aplikazioa eraginkorra eta uniformea izatea lortu nahi da, helburuak bete daitezen eta arautegiak osperik gal ez dezan. Ondorioz, arau-sorta garbi eta errazago baten beharra dago, errepide-garraioaren sektoreak ez ezik arauok betearazteko ardura duten agintariek ere errazago uler, interpreta eta aplika ditzaten.
(5) Erregelamendu honetan lan-baldintzei buruzkoak diren xedapenek ez dute oztopatu behar sektore horretako enpresaburu eta langileek, negoziazio kolektiboaren bidez edo bestelako bitarteko batzuen bidez, langileentzako xedapen mesedegarriagoak ezartzeko duten eskubidea.
(6) Egokia litzateke Erregelamendu honetako aplikazio-esparruak argi eta garbi definitzea, eta barne harturiko ibilgailuen kategoria nagusiak zehaztea.
(7) Erregelamendu hau Europar Batasunean egiten den errepide-garraioari aplikatuko zaio, baita Europar Batasunaren, Suitzaren eta Europako Esparru Ekonomikoaren Hitzarmeneko alderdi kontratugile diren herrialdeen artean egiten denari ere.
(8) Nazioarteko errepide-garraioan aritzen diren ibilgailuetako tripulazioen lanari buruzko europar akordioa (AETR), 1970eko uztailaren 1ekoa, bertsio aldatuan, ibilbide osoan aplikatzen jarraitu behar zaie Europar Batasuneko edozein estatutan edo AETR-ren alderdi kontratugile den edozein herrialdetan matrikulatutako ibilgailuak izan eta errepidez merkantziak zein bidaiariak garraiatzen dituzten ibilgailuei, baldin eta Europar Batasunetik Suitza ez den edo Europako Esparru Ekonomikoaren Hitzarmeneko alderdi kontratugile ez den beste hirugarren herrialde baterako bidea egiten badute, edo herrialde horietan barrena ibiltzen badira. Ezinbestekoa da AETRa ahalik eta azkarren aldatzea. Aldaketak Erregelamendu hau indarrean sartu eta bi urteko epean egitea litzateke egokiena, xedapenak Erregelamendu honetara egokitu ahal izateko.
(9) AETR-ren alderdi kontratugile ez den hirugarren herrialde batean matrikulatutako ibilgailuek errepidez egiten dituzten garraioei dagokienez, AETR-ren xedapenak Europar Batasunean edo AETR-ren alderdi kontratugile diren herrialdeetan iragaiten diren ibilbide-zatiei aplikatu behar zaizkie soilik.
(10) AETR-ren gaia Erregelamendu honen aplikazio-esparruan barne harturik dagoenez, Europar Batasunari dagokio akordio hori negoziatzeko eta gauzatzeko eskumena.
(11) Europar Batasuneko barne-araudian hizpide dugun sektorearen gaineko aldaketa bat egiteak AETR hitzarmenean ere aldaketa egitea eskatzen duenean, estatu kideek baterako ekintza gauzatu behar dute, aldaketa hori ahalik eta azkarren gauzatzeko AETR-ren esparruan, bertan ezarritako prozedurari jarraituz.
(12) Salbuespenen zerrenda eguneratu egin behar da, errepide-garraioaren sektoreak azken hemeretzi urteetan izaniko garapena bertan adierazita gera dadin.
(13) Beharrezkoa da termino nagusien definizio osatuak finkatzea, Erregelamendu honetako xedapenak errazago interpretatzeko eta denean berdin aplikatzen direla bermatzeko. Horretaz gain, kontrol-erakunde nazional guztiek Erregelamendu hau berdin interpretatu eta aplikatzea hartu behar da helburutzat. Erregelamendu honetan agertzen den «astea»ren definizioak ez dio gidariari bere lan-astea asteko edozein egunetan hasteko eragozpenik jarri behar.
(14) Erregelamendua modu eraginkorrean aplikatzen dela bermatzeko, funtsezkoa da agintari eskudunek behar bezala zehaztea, errepide-kontrolak egiten dituztenean —eta trantsizioko epe bat igaro ostean—, gidaldiak eta atsedenaldiak behar bezala errespetatu direla kontrolaren egunean eta aurreko 28 egunetan.
(15) Beharrezkoa da gidaldiei buruzko oinarrizko arauak argitu eta sinplifikatzea, takografo digitalaren bidez arau hauek modu eraginkor eta berdinean aplikatu ahal izateko, Kontseiluaren errepide-garraioaren sektoreko kontrol-aparatuari buruzko 1985eko abenduaren 20ko 3821/85 (EEE) Erregelamenduari eta Erregelamendu honetan bertan ezarritakoari jarraiki. Gainera, estatu kideetan aplikaziorako aginpidea duten agintariek Erregelamendu hau berdin interpretatu eta aplikatzeko ahalegina egin behar dute, Batzorde iraunkor baten bidez.
(16) 3820/85 (EEE) Erregelamenduko arauei jarraituz, posible izan da, egunean egunerako ezarritako gidaldi eta atsedenaldien bidez, denbora luzeegian gidatzea atsedenaldi osorik egin gabe. Horrek, ordea, kaltetu egiten ditu bide-segurtasuna eta gidariaren lan-baldintzak. Komenigarria da, hortaz, atsedenaldi zatituak gehiegikeriarik egin gabe antolatzen direla bermatzea.
(17) Erregelamendu honek helburutzat du aplikatuko zaien langileen baldintza sozialak hobetzea, baita errepideetako segurtasun orokorra hobetzea ere. Helburu horiek bermatzeko, xedapen hauek ezarri dira: eguneko, asteko eta ondoz ondoko bi astetan zeharreko gehienezko gidaldiei buruzkoa; gidaria, ondoz ondoko bi astean behin, gutxienez astean atsedenaldi arrunt bat egitera behartzen duena; eta eguneko atsedenaldiak, beti-beti, gutxienez bederatzi ordu jarraitu izango duela ezartzen dutenak. Xedapen horiek behar adinako atsedenaldia bermatzen dutenez, eta horretaz gain, azken urteetako aplikazio-praktiken inguruko eskarmentua kontuan hartzen badugu, jada ez da eguneko atsedenaldi murriztuak konpentsatzeko sistemaren beharrik.
(18) Europar Batasuneko garraio-operazio asko transbordadorez edo trenbide bidez egin behar izaten dira. Ondorioz, operazio horietarako, eguneko atsedenaldi eta etenaldiei buruzko xedapen argi eta egokiak ezarri behar dira.
(19) Mugaz haraindiko merkantzia- eta bidaiari-garraioa areagotu dela ikusita, komenigarria litzateke egiaztatzea, bide-segurtasunaren mesedetan eta errepideko zein enpresa-instalazioetako kontrolek eraginkortasun handiagoa lortze aldera, gidaldi, atsedenaldi eta etenaldiei buruzko arauak behar bezala eta osotasunean bete direla Europar Batasuneko beste estatuetan edo hirugarren herrialdeetan.
(20) Garraio-enpresen erantzukizuna enpresa horien titular fisiko edo juridikoetara zabaldu behar da gutxienez, eta ez dira alde batera utzi behar Erregelamendu honetako arauak urratu dituzten eta horien eragile edo konplize izan direnen aurkako prozesu edo prozedura administratiboak.
(21) Beharrezkoa da hainbat garraio-enpresarentzat lan egiten duten gidariek horietako bakoitzari informazio egokia ematea, Erregelamendu honen arabera dagozkien erantzukizunak behar bezala betetzeko gai izan daitezen.
(22) Estatu kideek aurrerapen soziala sustatzeko eta bide-segurtasuna areagotzeko neurri egokiak hartzeko eskubidearen jabe izaten jarraitu behar dute.
(23) Salbuespen nazionalek errepide-garraioaren sektoreko aldaketak islatu behar dituzte, eta gaur egun lehiaren presiorik ez duten elementuetara mugatu behar dute.
(24) Estatu kideek 50 kilometroko ibilbidea gainditzen ez duten eta bidaiariak garraiatzeko zerbitzu erregularrak egiten dituzten ibilgailuei aplikatzeko araudia ezarri behar dute. Araudi horrek behar besteko babesa eskaini behar du, baimendutako gidaldiei eta derrigorrezko etenaldi eta atsedenaldiei dagokienez.
(25) Erregelamenduaren aplikazioa eraginkorra dela kontrolatzeko, komenigarria da bidaiariak garraiatzeko zerbitzu erregular guztiak, naziokoak zein nazioartekoak, erregistro-aparatu mota bera erabiliz kontrolatzea.
(26) Estatu kideek Erregelamendu hau bete ezean aplikatu beharreko zehapen-erregimena zehaztu behar dute, baita horiek betearazten direla bermatu behar ere. Ezarritako zehapenek eraginkorrak, neurrikoak, disuasorioak eta ez-diskriminatzaileak izan behar dute. Estatu kideek arau-urratze larririk antzemanez gero ezar ditzaketen baterako neurrien artean, kontuan hartu behar da ibilgailua ibilgetzeko aukera. Erregelamendu honetako zehapen, prozesu edo prozedura administratiboei buruzko xedapenek ez dituzte aldaraziko froga-zamari buruzko arau nazionalak.
(27) Erregelamendua modu argi eta eraginkorrean aplikatzen dela kontrolatzeko, komenigarria da erantzukizun-xedapen bateratuak ezartzea, Erregelamendua urratu duten garraio-enpresa eta gidariei aplikatzeko. Erantzukizun horrek zehapen penal, zibil edo administratiboei eman diezaieke bide, estatu kidea zein den.
(28) Erregelamendu honen helburua da Europar Batasun osorako araudi argia ezartzea errepide-garraioan aritzen diren gidarien gidaldi, etenaldi eta atsedenaldiei buruz; baina hori ezin dute behar bezala bete estatu kideek, beharrezkoa baita horretarako nazioz gaindiko jarduera koordinatua. Horren ondorioz, errazago lor daiteke Europar Batasunaren esparruan, Europar Batasunak Itunaren 5. artikuluan finkatutako subsidiariotasun-printzipioaren araberako neurriak har ditzake-eta. Artikulu horretan bertan adierazten den heinekotasun-printzipioaren arabera, Erregelamendu honek ez du helburu hori lortzeko beharrezkoa denaren neurririk gainditzen.
(29) Egokia da Erregelamendu hau betearazteko derrigorrezko neurriak onartzea, Batzordeari esleitutako betearazpen-eskumenak gauzatzeko prozedurak ezartzeari buruzko 1999ko ekainaren 28ko 1999/468/EE Erabakiaren1 arabera.
(30) Gidarien gutxieneko adinari buruzko xedapenak 2003/59/EE2 Zuzentarauan araututa daudenez eta Erregelamendu honetara irauli behar direnez, gehienera jota 2009. urterako, Erregelamendu honek tripulazioaren gutxieneko adinari buruzko xedapen iragankorrak soilik barne hartu behar ditu.
(31) 3821/85 (EEE) Erregelamendua aldatu egin behar da, garraio-enpresen eta gidarien betebeharrak argitzeko eta segurtasun juridikoa sustatzeko, baita errepide-kontroletan gidaldien eta atsedenaldien mugen aplikazioa errazteko ere.
(32) 3821/85 (EEE) Erregelamendua ere aldatu egin behar da, segurtasun juridikoa bermatzeko takografo digitala indarrean sartzeko data berriei eta gidari-txartelak eskura eduki ahal izateari dagokienez.
(33) Kontrol-aparatu hori 2135/98 (EE) Erregelamenduari jarraiki indarrean sartzeak errepide-kontrol azkar eta zabalagoak egiteko aukera emango du etorkizunean, posible baita elektronikoki erregistratzea gidariaren 28 eguneko jarduera gidari-txartelean, eta ibilgailuaren 365 eguneko datuak.
(34) 88/599/EEE3 Zuzentarauak ezarritakoaren arabera, gidaldiak, eguneko atsedenaldiak eta etenaldiak kontrolatuko dira soilik errepide-kontroletan. Kontrol-aparatu digitalaren bidez, elektronikoki erregistratuko dira gidariaren eta ibilgailuaren datuak, eta in situ ebaluatu ahal izango dira elektronikoki. Denboraren joanean, erraz kontrolatu ahal izango dira eguneko zein asteko atsedenaldi arruntak eta murriztuak, bai eta horiek konpentsatzeko hartutako atsedenaldiak ere.
(35) Esperientziak adierazten duenez, Erregelamendu honetako xedapenak, eta batez ere bi asteko eperako ezarritako gehienezko gidaldia, errespetarazteko modu bakarra da aldi horren guztiaren gaineko kontrol eraginkorrak egitea.
(36) Takografo digitalari buruzko legeen aplikazioak bateragarria izan behar du Erregelamendu honekin; ahalik eta eraginkortasunik handiena lortzeko, errepide-garraioari buruzko zenbait gizarte-xedapen kontrolatu eta betearazterakoan.
(37) Argitasunaren eta arrazionalizazioaren mesedetan, komeni da 3820/85 (EEE) Erregelamendua indargabetu eta Erregelamendu hau jartzea haren ordez.
HONAKO ERREGELAMENDU HAU ONARTU DUTE:
1. KAPITULUA
ATARIKO XEDAPENAK
1. artikulua
Erregelamendu honek merkantziak eta bidaiariak errepidez garraiatzen dituzten gidarien gidaldiei, etenaldiei eta atsedenaldiei buruzko arauak ezartzen ditu, eta helburutzat du lurreko garraio-moduen arteko lehia-baldintzak harmonizatzea —batik bat errepide-sektoreari dagokionez— baita lan-baldintzak eta bide-segurtasuna hobetzea ere. Erregelamendu honek beste helburu bat ere badu: estatu kideetan kontrol- eta aplikazio-praktikak hobetzea, baita errepide-garraioaren sektoreko lan-jarduna hobetzea ere.
2. artikulua
1. Erregelamendu hau errepide-garraio mota hauei aplikatuko zaie:
a) merkantziak daramatzatenei; ibilgailuen baimendutako gehienezko masa, edozein atoi edo erdi-atoi barne, 3,5 tona baino handiagoa bada, edo
b) bidaiariak daramatzatenei; gidaria barne dela bederatzi pertsona baino gehiago eramateko eginiko edo modu iraunkorrean egokituriko ibilgailuak badira, eta helburu horretarako erabiltzen badira, betiere.
2. Erregelamendu hau errepide-garraio honi aplikatuko zaio, ibilgailua zein herrialdetan matrikulatua den kontuan hartu gabe:
a) soilik Europar Batasunekoari, edo
b) Europar Batasunaren, Suitzaren eta Europako Esparru Ekonomikoaren Hitzarmeneko alderdi kontratugile diren herrialdeen artekoari.
3. AETRa, berriz, Erregelamendu honen ordez aplikatuko zaie errepidez eginiko nazioarteko garraio-operazioei, baldin eta ibilbidearen zati bat 2. paragrafoan aipaturikoa ez den beste herrialderen batetik iragaiten bada. Honako hauei aplikatuko zaie:
a) Europar Batasunean edo AETR-ren alderdi kontratugile den herrialderen batean matrikulatutako ibilgailuei, ibilbide osorako;
b) AETR-ren alderdi kontratugile ez den hirugarren herrialderen batean matrikulatutako ibilgailuei, soilik Europar Batasunetik edo AETR-ren alderdi kontratugile den herrialderen batetik iragaiten den ibilbide-zatian;
AETR-ren xedapenak Erregelamendu honetako xedapenetara egokitu behar dira, aipaturiko ibilgailu horiei Erregelamenduaren oinarrizko xedapenak AETR-ren bidez aplikatu ahal izateko, Europar Batasunetik iragaiten den ibilbide osoan zehar.
3. artikulua
Erregelamendu hau ez zaie errepide-garraio mota hauei aplikatuko:
a) bidaiariak zerbitzu erregularren bidez garraiatzeko ibilgailuei, zerbitzuak ez badu 50 kilometro baino gehiagoko ibilbidea egiten;
b) orduan 40 kilometro baino gehiagoko baimendutako gehieneko abiadurarik ez duten ibilgailuei;
c) indar armatuek, defentsa zibilak, suhiltzaileek eta ordena publikoa mantentzeko ardura duten indarrek eskuratutako edo gidaririk gabe alokatutako ibilgailuei, garraioa erakunde horiei emandako zereginen ondorioz eta haien erantzukizunpean gauzatzen bada;
d) larrialdietarako edo salbamendu-operazioetarako erabilitako ibilgailuei, eta laguntza humanitarioa merkataritza-helbururik gabe garraiatzeko erabilitakoei;
e) medikuntza-helburuetarako erabilitako ibilgailu bereziei;
f) matxurak konpontzen espezializaturiko ibilgailuei, haien ekintza-erradioa ustiapen-zentroarekiko 100 kilometrokoa bada;
g) errepide-frogak egiten dituzten ibilgailuei, helburua hobekuntza teknikoa, konponketa edo mantentzea bada, eta oraindik zirkulazioan jarri gabeko ibilgailu berri edo eraldatuei;
h) baimendutako gehieneko masa 7,5 tona baino gehiagokoa ez duten ibilgailu edo ibilgailu-multzoei, merkantziak merkataritza-helbururik gabe garraiatzeko erabiltzen badira;
i) historikotzat jotzen diren merkataritza-ibilgailuei, betiere hala jotzen baditu dabiltzan estatu kidearen legeriak, eta bidaiariak edo merkantziak merkataritza-helbururik gabe garraiatzeko erabiltzen badira.
4. artikulua
Erregelamendu honen ondorioetarako, hona hemen zenbait kontzepturen esanahia:
a) «errepide-garraioa: bidaiariak edo merkantziak garraiatzeko ibilgailu batek, hutsik edo zamatuta, publikoari irekitako errepide bat erabiliz gauzaturiko lekualdatze oro;
b) «ibilgailua»: ibilgailu motorduna, traktorea, atoia zein erdi-atoia edo ibilgailu horiek osaturiko multzoa, ondoren definitzen diren moduan;
— «ibilgailu motorduna»: propultsio-gailuren bat duen ibilgailu oro, bere kabuz ibiltzen dena errepidean, etengabe errailak erabiliz mugitzen direnak ez bezalakoa, eta normalean bidaiariak edo merkantziak garraiatzeko erabilia,
— «traktorea»: propultsio-gailurren bat duen ibilgailu oro, bere kabuz ibiltzen dena errepidean, etengabe errailak erabiliz mugitzen direnak ez bezalakoa, eta bereziki sortua atoiei, erdi-atoiei, erreminta edo makinei tira egiteko, bultzatzeko zein eragiteko,
— «atoia»: ibilgailu motordun edo traktore bati lotzeko erabiltzen den garraio-ibilgailu oro,
— «erdi-atoia»: aurreko ardatzik gabeko atoia, horren pisua eta daraman zamarena, hein handi batean, traktore edo ibilgailu motordun baten gain daramana, horiei lotzen baitzaie;
c) «gidaria»: ibilgailua gidatzen duen pertsona oro, gidatzen emaniko denbora laburra izanagatik ere, edo ibilgailu batean doan pertsona, baldin eta bere eginkizunetako bat bada behar denean ibilgailua gidatzea;
d) «etenaldia»: gidariak gidatzeko edo bestelako lanetarako erabil ezin dezakeen aldia, eta atseden hartzeko bakarrik erabiliko duena;
e) «bestelako lana»: 2002/15/EE Zuzentarauko 3. artikuluko a) letraren arabera, lanalditzat jotzen den edozein jarduera, gidatzea salbu, barne hartuz langileak bere buruarentzat zein beste enpresaburu batentzat gauzaturiko edozein lan, dela garraio-sektorean, dela beste sektore batean;
f) «atsedenaldia»: gidariak bere denbora askatasunez erabiltzeko balia dezakeen edozein denbora-tarte jarraitu;
g) «eguneko atsedenaldia»: gidariak bere denbora askatasunez erabiltzeko balia dezakeen eguneko denbora-tartea, dela «eguneko atsedenaldi arrunta» edo dela «eguneko atsedenaldi murriztua»:
— «eguneko atsedenaldi arrunta»: gutxienera jota, 11 orduko atsedenaldi oro. Aldizka, eguneko atsedenaldi arrunta bi denbora-tartetan hartu ahal izango da; lehendabizikoak hiru ordu jarraitu izango ditu gutxienez, eta bigarrenak, 9 ordu jarraitu gutxienez,
— «eguneko atsedenaldi murriztua»: gutxienera jota 9 orduko atsedenaldi oro, baina 11 ordu gainditzen ez dituena.
h) «asteko atsedenaldia»: gidariak bere denbora askatasunez erabiltzeko balia dezakeen asteko denbora-tartea, dela «asteko atsedenaldi arrunta» edo dela «asteko atsedenaldi murriztua»:
— «asteko atsedenaldi arrunta»: gutxienera jota, 45 orduko atsedenaldi oro.
— «asteko atsedenaldi murriztua»: 45 ordu baino gutxiagoko atsedenaldi oro, 8. artikuluko 6. paragrafoan ezarritako baldintzei jarraiki, gehienez ere 24 orduko atsedenaldi jarraitura murritz daitekeena;
i) «astea»: asteleheneko 00:00etatik igandeko 24:00etara bitarteko denbora-tartea;
j) «gidaldia»: gidatze-jarduerak irauten duen denbora, eta honela erregistratua:
— kontrol-aparatu baten bidez automatikoki edo erdi-automatikoki, 3821/85 (EEE) Erregelamenduaren I. eranskinean eta IB eranskinean definitzen den bezala, edo
— eskuz, 3821/85 (EEE) Erregelamenduaren 16. artikuluko 2. paragrafoan ezarritakoaren arabera;
k) «eguneko gidaldia»: eguneko atsedenaldi baten amaieraren eta beste baten hasieraren artean, edota eguneko atsedenaldi baten eta asteko atsedenaldi baten artean gidatzen emaniko denboraren guztizkoa;
l) «asteko gidaldia»: astebetean gidatzen emaniko denboraren guztizkoa;
m) «baimendutako gehienezko masa»: ibiltzeko prest den ibilgailu baten gehienezko masa onargarria, karga erabilgarria barne hartuta;
n) «bidaiari-zerbitzu erregularrak»: Kontseiluaren 684/92 (EEE) Erregelamenduaren 2. artikuluak, 1992ko martxoaren 16koak, autokar eta autobusen bidez gauzatutako nazioarteko bidaiari-garraioetarako arau orokorrak ezartzen dituenak1, aipatzen dituen zerbitzu nazional eta internazionalak;
o) «taldean gidatzea»: eguneko ondoz ondoko bi atsedenaldiren artean edota eguneko atsedenaldi baten eta asteko atsedenaldi baten artean gidatzen emaniko denbora-tartean, ibilgailuak gutxienez bi gidari izatea, gidatzeko jardunean parte hartzen badute. Taldeko gidaldiari dagokion lehen orduan, beste gidari baten edo gehiagoren presentzia hautazkoa bada ere, derrigorrezkoa da gainerako denboran;
p) «garraio-enpresa»: edozein pertsona fisiko edo juridiko, edo nortasun juridikorik gabeko edozein elkarte edo pertsona-talde, irabazi asmoz zein gabe, edo edozein erakunde ofizial, dela berezko lege-nortasuna duena, dela halako nortasunik duen agintariren baten mendeko dena, baldin eta errepide-garraioa badu jardueratzat, besteren kontura zein bere kabuz aritzen dela ere;
q) «gidaldia»: gidariak gidatzen ematen duen denbora, harik eta atsedenaldi edo etenaldi baten ondoren gidatzen hasi eta beste atsedenaldi edo etenaldi bat egin artean. Gidaldia jarraia zein etenduna izan daiteke.
r)
II. KAPITULUA
TRIPULAZIOA, GIDALDIAK, ETENALDIAK ETA ATSEDENALDIAK
5. artikulua
1. Kobratzaileek, gutxienera jota, 18 urte beteak izan behar dituzte.
2. Laguntzaileek, gutxienera jota, 18 urte beteak izan behar dituzte. Dena dela, estatu kide bakoitzak gutxieneko adina 16 urte beteak izatera jaitsi ahal izango du, baldin eta
a) errepide-garraioa estatu kide baten baitan egiten bada, ibilgailuaren ustiapen-zentroarekiko 50 kilometroko ekintza-erradioan, hirigunea erradio horretan sarturik duten udalerriak ere barne hartuz;
b) lanbide-prestakuntzarako bada, eta
c) enpleguari buruzko xedapen nazionaletako mugak errespetatzen badira.
6. artikulua
1. Eguneko gidaldia ez da bederatzi orduz gorakoa izango. Dena dela, eguneko gidaldia gehienez ere 10 ordura luzatu ahal izango da astean bitan, gehienera jota.
2. Asteko gidaldia ez da 56 orduz gorakoa izango, eta ez du ekarriko 2002/15/EE Zuzentarauan ezarritako asteko gehienezko lanaldia gainditzea.
3. Ondoz ondoko bi astetan zehar gidatzen emaniko denbora ez da 90 orduz gorakoa izango.
4. Eguneko eta asteko gidaldietan barne hartuko dira Europar Batasunean edo hirugarren herrialderen batean gidatzen emaniko ordu guztiak.
5. Gidariak «bestelako lan» moduan erregistratu beharko du 4. artikuluko e) letran deskribatzen den edozein denbora-tarte, baita merkataritza-operazioetarako erabilitako ibilgailurik gidatzen emaniko edozein denbora-tarte ere, baldin eta operazio horiek Erregelamendu honen aplikazio-eremuan sartzen ez badira. Eta «disponibilitate-tarteak» ere erregistratu egin beharko ditu, 3821/85 (EEE) Erregelamenduaren 15. artikuluko, 3. paragrafoko c) letran definitzen denaren arabera, bere eguneko edo asteko azken atsedenalditik hasita. Erregistroak erregistro-orri edo inprimaki batean sartu beharko dira eskuz, edota erregistro-ekipoak datuak eskuz sartzeko eskaintzen dituen baliabideak erabiliz.
7. artikulua
Lau ordu eta erdiz gidatu ondoren, gidariak 45 minutu jarraituko etenaldia egingo du gutxienez, non eta ez duen atsedenaldia hartzen.
Etenaldi horren ordez, gutxienez 15 eta 30 minutuko etenaldiak egin ahal izango ditu gidariak hurrenez hurren, gidaldian zehar, lehendabiziko paragrafoko xedapenak errespetatuz.
8. artikulua
1. Gidariek eguneko eta asteko atsedenaldiak hartu beharko dituzte.
2. Gidariek atsedenaldia hartu behar dute beraien eguneko edo asteko azken atsedenaldia amaitu ondoko 24 orduetan.
Aipaturiko 24 ordu horietan harturiko eguneko atsedenaldia 9 orduz gorakoa eta 11z beherakoa bada, eguneko atsedenaldi murriztutzat joko da.
3. Eguneko atsedenaldi bat asteko atsedenaldi arrunt edo murriztu bilakatzeraino luza daiteke.
4. Gidariek harturiko eguneko atsedenaldi murriztuak ezingo dira hiru baino gehiago izan, asteko bi atsedenaldiren artean.
5. 2. paragrafoan ezarritakoaren kalterik gabe, ibilgailu bat taldean gidatzen duten gidariek gutxienez 9 orduko eguneko atsedenaldia hartu behar dute, eguneko edo asteko azken atsedenaldia amaitu ondoko 30 orduetan.
6. Ondoz ondoko bi astetan zehar, gidariak atsedenaldi hauek hartu behar ditu gutxienera jota:
— bi asteko atsedenaldi arrunt, edo
— asteko atsedenaldi arrunt bat edo gutxienez 24 orduko asteko atsedenaldi murriztu bat. Dena den, murrizketa hori konpentsatzeko, atsedenaldi baliokide eta jarraitu bat hartu behar du, aste horretatik aurrerako hirugarren astea amaitu aurretik.
Azken asteko atsedenaldia amaitu eta 24 orduko ondoz ondoko sei aldi amaitu aurretik emango zaio hasiera asteko atsedenaldiari.
7. Asteko atsedenaldi murriztuak konpentsatzeko harturiko atsedenaldiak, gutxienez 9 orduko beste atsedenaldi batekin batera hartu beharko dira.
8. Gidariak hala nahi badu, ibilgailuan bertan hartu ahal izango ditu enpresaren ustiapen-zentrotik kanpoko eguneko atsedenaldiak eta asteko atsedenaldi murriztuak, betiere ibilgailuak gidari bakoitzaren atsedenerako beharrezko guztia badu eta aparkatuta badago.
9. Asteko atsedenaldi batek bi astetan eragiten badu, bietako edozeinetan sartu ahal izango da, baina ez bietan.
9. artikulua
1. 8. artikuluan ezarritakoaren kalterik gabe, transbordadore edo trenbidez garraiatutako ibilgailu batekin doan gidariaren eguneko atsedenaldi arrunta bi aldiz eten ahal izango da gehienez, guztira ordubetea gainditu gabe, bestelako jarduerak gauzatu ahal izateko. Eguneko atsedenaldi arrunterako, gidariak ohe edo ohatze bat erabiltzeko aukera izan beharko du.
2. Ez da atsedenaldi edo etenalditzat joko gidariak Erregelamendu honetako aplikazio-esparruan barne harturiko edozein ibilgailuren kargu egin ahal izateko inora joaten emaniko denbora, edo handik itzultzen emanikoa, baldin eta ibilgailua ez badago ez gidariaren etxean eta ez normalean gidariaren jardunaren oinarri den enplegatzailearen operazio-zentroan, kasu honetan izan ezik: gidaria ferry edo tren batean badago eta ohatze bat erabiltzeko aukera badu.
3. «Bestelako lan» joko da gidariak Erregelamendu honetako aplikazio-esparruan barne hartzen ez den ibilgailurik gidatzen emaniko denbora, baldin eta Erregelamendu honetako aplikazio-esparruan sartzen den beste ibilgailu batera edo batetik joan edo etortzeko erabiltzen badu, eta ibilgailua ez badago ez gidariaren etxean eta ez normalean gidariaren jardunaren oinarri den enplegatzailearen operazio-zentroan.
III. KAPITULUA
GARRAIO ENPRESEN ERANTZUKIZUNA
10. artikulua
1. Garraio-enpresek soldatapeko gidariei edo beren zerbitzura dihardutenei egiten dizkieten ordainketak ez dira eginiko distantzien edo garraiatutako merkantzia-bolumenaren araberakoak izango, eta ez diete horien araberako hobari edo soldata gehigarririk emango, baldin eta ordainketa horiek errepide-segurtasuna arriskuan jarriko balute edota Erregelamendu honetako xedapenak urratzeko bidea sustatuko balute.
2. Garraio-enpresek 1. paragrafoan aipaturiko gidarien lana antolatzerakoan, kontuan hartuko dute gidariek Kontseiluaren 3821/85 (EEE) Erregelamenduko eta Erregelamendu honetako II. kapituluko xedapenak errespetatu ahal izango dituztela. Garraio-enpresek jarraibide egokiak emango dizkiete gidariei, eta horretaz gain, kontrolak egingo dizkiete aldian behin, 3821/85 (EEE) Erregelamenduko eta Erregelamendu honetako II. kapituluko xedapenak errespetatu dituztela bermatzeko.
3. Garraio-enpresek enpresako gidariek eginiko arau-urratzeengatiko erantzukizuna dute, arau horiek Europar Batasuneko herrialderen batean edo hirugarren lurralderen batean urratu izanagatik ere.
Estatu kideek garraio-enpresei erantzukizun osoa esleitzeko duten eskubidearen kalterik gabe, estatu kideek enpresek 1. eta 2. paragrafoetan araututakoari dagokionez egindako arau-urratzeetara muga dezakete erantzukizun hori. Estatu kideek garraio-enpresa ez dela gertatu den arau-urratzearen erantzule arrazoizkoa egiazta dezakeen edozein froga aztertu ahal izango dute.
4. Enpresa, bidaltzaile, garraio-kudeatzaile, turismo-operadore, kontratista nagusi, azpi-kontratista eta enplegu-agentziek bermatu egin beharko dute kontratu bidez hitzartutako garraio-ordutegiek Erregelamendu hau errespetatzen dutela.
5.
a) 3821/85 (EEE) Erregelamenduko IB eranskinaren araberako kontrol-aparatuak dituzten ibilgailuak erabiltzen dituzten eta Erregelamendu honetako aplikazio-esparruan sartzen diren garraio-enpresek:
i) bermatu egingo dute datu guztiak estatu kide horretan ezarritako maiztasunez transferitzen direla ibilgailuan instalatutako unitatetik eta gidari-txarteletik, eta behar diren datuak maiztasun handiagoz transferitzen direla, enpresa horrek edo enpresa horrentzat eginiko jarduera guztiak transferitu ahal izateko,
ii) bermatu egingo dute ibilgailuan instalatutako unitatetik eta gidari-txarteletik transferitutako datu guztiak gordetzen direla, erregistratzen direnetik hasi eta gutxienez ondoko hamabi hilabeteetan, eta ikuskatzaileak hala eskatuz gero, datu horiek zuzenean edo urrutira eskuratu ahal izango direla enpresako instalazioetatik.
b) Idatz-zati honen ondorioetarako, «transferentzia» 3821/85 (EEE) Erregelamenduko IB eranskinaren 1. kapituluko s) letran jasotako definizioaren arabera ulertu behar da.
c) Batzordeak erabaki beharko du behar diren datuak transferitzeko gehienezko denbora-tartea, aurreko a) letrako i) puntuan aipatzen diren terminoen arabera, eta 24. artikuluko 2. paragrafoan ezarritako prozedurari jarraiki egingo du.
IV. KAPITULUA
SALBUESPENAK
11. artikulua
Estatu kide bakoitzak 6-9 artikuluetan ezarritako gutxieneko etenaldi eta atsedenaldiak baino etenaldi eta atsedenaldi luzeagoak ezarri ahal izango ditu, bai eta gehienezko gidaldi motzagoak ere, errepidez eginiko garraioaren ibilbide osoa bere lurraldean iragaiten bada. Estatu kideek kontuan izango dituzte, horretarako, gizarte-solaskideek gai horri buruz lortutako hitzarmen kolektibo edo akordioak. Dena dela, Erregelamendu honek aplikagarri izaten jarraitu beharko du, nazioarteko garraio-operazioetan parte hartzen duten gidarientzat.
12. artikulua
Gidariak 6-9 artikuluek ezarritakoa ez betetzeko aukera izango du pertsonen, ibilgailuaren edo zamaren segurtasuna bermatzeko behar den heinean, betiere errepide-segurtasuna arriskuan jartzen ez badu, eta geltoki egoki batera iristea badu helburutzat. Gidariak eskuz adierazi beharko du salbuespenaren arrazoia, dela kontrol-aparatuaren erregistro-orri edo inprimaki batean, dela zerbitzu-erregistroan, luzeenaz ere, behar den geltokira iritsitakoan.
13. artikulua
1. Lehenengo artikuluan ezarritako helburuen kalterik gabe, Europar Batasuneko edozein estatuk salbuespenak aitortu ahal izango ditu 5-9 artikuluetan ezarritakoaren gain, eta bere baldintzen mendean jarri ahal izango ditu aipaturikoak, bere lurraldeari dagozkionez —edo interesatutako estatuaren onespenarekin, Europar Batasuneko beste lurralde bati dagokionez— honelako garraioetan:
a) agintari publikoen jabetzako ibilgailuak badira, edo aipaturikoek gidaririk gabe alokatutakoak, garraiolari profesionalekin lehiatzen ez duten errepide-garraioetarako erabiliak;
b) nekazaritzan, baratzeko lanean, baso-ustiapenean, abeltzaintzan edo arrantzan aritzen diren enpresek erabiltzen badituzte edo gidaririk gabe alokatutako ibilgailuak badira, merkantziak enpresaren ustiapen-zentrotik 100 kilometro arterainoko erradioan garraiatzeko, eta betiere enpresaren berezko jardueraren baitan;
c) nekazaritzako eta basorako traktoreak badira, ibilgailuaren jabe edo errentari den enpresaren ustiapen-zentrotik 100 kilometro arterainoko erradioan erabiltzeko nekazaritza- eta baso-jardueretan;
d) 7,5 tona baino gehiagoko baimendutako gehieneko masa ez duten ibilgailu edo ibilgailu-multzoak badira, baldin eta honako erabiltzaileak badituzte:
— zerbitzu unibertsaleko hornitzaileak, betiere Europar Parlamentuaren eta Kontseiluaren Europar Batasuneko posta-zerbitzuen barne-merkatua garatzeko eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko baterako arauen gaineko 1997ko abenduaren 15eko 97/67/EE Zuzentarauaren1, 2. artikuluko 13. paragrafoak ezartzen duen zentzuan, posta-igorpenak egiteko badira zerbitzu unibertsalari dagokion berezko zereginaren esparruan, edo
— gidariarentzako materiala, ekipoak edo makineria garraiatzen dutenak bere jardunerako.
Ibilgailu horiek enpresaren ustiapen-zentrotik 50 kilometroko erradioan erabiliko dira soilik, baldin eta ibilgailuak gidatzea ez bada gidariaren jarduera nagusia;
e) 2.300 kilometro koadrotik beherako azalera duten irletan bakarrik ibiltzen diren ibilgailuak, baldin eta irlek ez badute gainerako lurralde nazionalarekin bat egiteko inolako zubi, pasabide edo tunelik ibilgailu motordunentzat;
f) merkantziak garraiatzeko ibilgailuak, baldin eta ustiapen-zentrotik 50 kilometroko erradioan garraiatzen badira eta gas natural, gas natural urtu edo elektrizitate bidez higiaraziak badira, betiere ibilgailuaren baimendutako gehienezko masa, atoi eta erdi-atoien masa barne, 7,5 tona baino handiagoa ez bada;
g) gidatzen ikasteko ez ezik gida-baimena zein gaitasun-agiri profesionala lortu ahal izateko azterketetarako erabiltzen diren ibilgailuak, baldin eta pertsonak edo merkantziak merkataritza-helburuz garraiatzeko erabiltzen ez badira;
h) estolderia-zerbitzuetan, uholdeen aurkakoetan, ur-hornikuntzan eta gas- zein elektrizitate-sareak mantentzeko lanean, errepideak mantentzeko eta kontrolatzeko zereginean, etxez etxe zaborra biltzeko eta hondakinak ezabatzeko jardunean, telegrafo- eta telefono-zerbitzuetan, teledifusio- eta irratidifusio-zerbitzuetan, irrati eta telebistako hargailu eta transmisoreak detektatzeko lanean erabiltzen diren ibilgailuak;
i) soilik bidaiariak garraiatzeko erabiltzen diren 10 eta 17 aulki arteko ibilgailuak, betiere merkataritza-helburuetarako izan gabe;
j) zirku eta barraketarako materiala garraiatzen duten ibilgailu bereziak;
k) ekipamendu berezia duten erakusketarako ibilgailu mugikorrak, aparkatuta dauden bitartean hezkuntza-helburuetarako erabiltzea denean berorien xede nagusia;
l) esnea landetxeetatik biltzeko edo abereak elikatzeko esne- edo esneki-ontziak landetxeetara eramateko erabiltzen diren ibilgailuak;
m) funtsak edo baliozko objektuak garraiatzeko ibilgailu espezializatuak;
n) giza kontsumorako ez diren hondakin edo kanalak garraiatzeko ibilgailuak;
o) zenbait instalaziotan ibilbide jakinak egiteko erabiltzen diren ibilgailuak, esate baterako kaietan, garraio konbinatuko terminaletan eta tren-terminaletan erabiltzen direnak;
p) bizirik dauden abereak abeletxeetatik tokiko azoketara garraiatzeko, edo azoketatik abeletxeetara garraiatzeko erabiltzen diren ibilgailuak, edo abereak azoketatik tokiko hiltegietara eramateko erabiltzen direnak, betiere 50 kilometro arterainoko erradioan.
2. Estatu kideek 1. paragrafoaren arabera ezarri dituzten salbuespenen berri emango diote Batzordeari, eta horrek Europar Batasuneko gainerako estatuei emango die haien berri.
3. Lehenengo artikuluan ezarritako helburuen kalterik gabe, eta betiere gidariak behar bezala babestuz, estatu kideek Erregelamendu honen gaineko salbuespen txikiagoak ezarri ahal izango dituzte beraien lurraldean, Batzordearen aldez aurretiko onespenarekin, aurrez finkaturiko inguruetan erabiliko diren ibilgailuentzat, baldin eta kilometro karratuko 5 pertsona baino gutxiagoko populazio-dentsitateko ingurua bada, eta honetarako bada:
— bidaiariak garraiatzeko zerbitzu nazional erregularretarako, agintariek finkaturiko ordutegia badute (kasu honetan, etenaldiei dagozkien salbuespenak bakarrik onartuko dira), eta
— errepide nazionalean nork bere edo besteren kontura eginiko garraio-operazioetarako, merkatu bateratuan eraginik izan ez eta beharrezkoak badira lurralde horretan zenbait industria-sektoreri eutsi ahal izateko. Erregelamendu honetako xedapen indargabetzaileek 100 kilometro arteko erradioa ezartzen dute horietarako.
Salbuespen horiek dituen errepide-garraioak barne har dezake kilometro karratuko 5 pertsona edo gehiagoko populazio-dentsitatea duen inguru baterako ibilbidea, bidaia bati hasiera edo amaiera ematea badu helburu bakartzat. Neurri horiek guztiek dagokien helburu eta izaeraren neurrikoak izan beharko dute.
14. artikulua
1. Lehenengo artikuluan ezarritako helburuen kalterik gabe, estatu kideek, Batzordearen aldez aurretiko onespenarekin, salbuespenak ezarri ahal izango dizkiote 6-9 artikuluetan ezarritakoari, salbuespenezko baldintzetan gauzaturiko garraioei dagokienez.
2. Larrialdiko kasuetan, estatu kideek aldi baterako salbuespena ezarri ahal izango dute. Salbuespenak ezingo ditu hogeita hamar egun gainditu eta berehala jakinarazi beharko zaio Batzordeari.
3. Batzordeak Europar Batasuneko gainerako estatuei jakinaraziko die artikulu honi jarraituz ezarritako edozein salbuespen.
15. artikulua
Estatu kideek ardura hartuko dute 3. artikuluko e) letrak aipatzen dituen ibilgailuetako gidariek arautegi nazional baten arabera joka dezaten, eta arautegi horrek babes egokia eman diezaien baimenduriko gidaldiei eta bete beharreko etenaldi zein atsedenaldiei dagokienez.
V. KAPITULUA
KONTROL PROZEDURAK ETA ZEHAPENAK
16. artikulua
1. 3821/85 (EEE) Erregelamenduak ezarritako kontrol-aparaturik instalatu ez bada, artikulu honetako 2. eta 3. paragrafoak aplikatuko zaizkie hauei:
a) bidaiariak garraiatzeko zerbitzu nazional erregularrei, eta
b) bidaiariak garraiatzeko nazioarteko zerbitzu erregularrei, 100 kilometro baino gehiagoko ibilbiderik egiten ez badute, eta terminalak Europar Batasuneko bi estaturen arteko mugatik gehienez ere 50 kilometrora kokaturik badaude lerro zuzenean.
2. Enpresak ordutegia eta zerbitzu-erregistroa ezarri beharko ditu, eta horietan jarriko gidari bakoitzaren izena, norakoa, gidaldietarako aurrez ezarritako ordutegia, bestelako lanak, etenaldiak eta disponibilitatea.
Lehenengo paragrafoan aipaturiko zerbitzuren bat bete behar duen gidari bakoitzak zerbitzu-erregistroaren laburpen-agiria eta zerbitzu-ordutegiaren kopia eramango ditu aldean.
3. Zerbitzu-erregistroak honako hauek hartuko ditu barne:
a) bigarren paragrafoan aipaturiko argibide guztiak, gutxienez aurreko 28 egunak barne hartzen dituen denbora-tarterako; argibideak eguneratu egin beharko dira denbora-tarte jakin batetik behin, eta tarte hori ez da inoiz hilabete baino luzeagoa izango;
b) garraio-enpresako zuzendariak edo horren ordezkariak sinatuta egon beharko du;
c) garraio-enpresan gorde beharko da dagokion denbora-tartea iraungi eta urtebeteko epean. Garraio-enpresak zerbitzu-erregistroaren laburpen-agiri bat eman beharko die eskatzen duten gidari interesatuei, eta
d) eskatzen duen edozein ikuskari baimenduri erakutsi edo eman beharko dio.
17. artikulua
1. Estatu kideek beharrezko informazio oro jakinaraziko diote Batzordeari, 93/173/EEE1 Erabakian ezarritako akta-motaren bidez, bi urtean behin txosten bat idatzi ahal izan dezan, Erregelamendu honen zein 3821/85 (EEE) Erregelamenduaren aplikazioari eta horietan aipatzen diren sektoreen egoeraren bilakaerari buruz.
2. Informazioa Batzordeari jakinarazi beharko zaio, gehienera jota, txostenak barne hartzen duen bi urteko epea iraungitzen denetik hasi eta hurrengo urteko irailaren 30a baino lehen.
3. Txostenean 13. artikuluan ezarritako salbuespenak zenbateraino erabili diren ere adieraziko da.
4. Batzordeak Europako Parlamentura eta Kontseilura igorriko du txostena aipaturiko bi urteko epea amaitu ondoko 13 hilabeteetan.
18. artikulua
Estatu kideek Erregelamendu hau aplikatzeko beharrezko neurriak hartuko dituzte.
19. artikulua
1. Estatu kideek Erregelamendu honetako eta 3821/85 (EEE) Erregelamenduko xedapenetako arau-urratzeei aplikatzeko zehapen-erregimena ezarriko dute, eta beharrezko neurriak hartuko zehapen horiek aplikatzen direla bermatzeko. Zehapenek eraginkorrak, neurrikoak, disuasorioak eta ez-diskriminatzaileak izan beharko dute. Erregelamendu honetako eta 3821/85 (EEE) Erregelamenduko inolako arau-urratzek ez du ekarriko zehapen edo administrazio-prozedura bat baino gehiago. Estatu kideek neurri horien eta zehapenei buruzko arauen berri emango diote Batzordeari, 29. artikuluko bigarren paragrafoan aipaturiko data baino lehen. Batzordeak estatu kideei jakinaraziko die dagokiena.
2. Agintari eskudunek estatu kideen baimena izango dute enpresei edo gidariei zehapenak aplikatzeko baldin eta Erregelamendu honetako arau-urratzerik hautematen badute beraien lurraldean eta urratze horrengatik oraindik zehapenik ezarririk ez bada, baita arau horiek Europar Batasuneko beste lurralderen edo hirugarren herrialderen batean urratzen badira ere.
Salbuespen gisa, hautemandako urratzea:
— eragindako estatu kidean gertatu ez denean, eta
— Europar Batasuneko beste estatu batean ezarritako enpresa batek edo lantokia Europar Batasuneko beste estaturen edo hirugarren herrialderen batean ezarririk duen gidariren batek gauzatu duenean. Horrelakoetan, estatu kideek, zehapen bat ezarri ordez, arau-urratzearen zirkunstantzien berri eman ahal izango diete, enpresa edo gidariaren lantokia kokaturik dagoen estatu kideko edo hirugarren herrialdeko agintari eskudunei, 2009ko urtarrilaren 1era bitartean.
3. Estatu kideek prozesu edo prozedura administratiboak hasten dituztenean edo arau-urratze jakin batengatiko zehapenak ezartzen, arau-urratzeei dagozkien frogak eman beharko dizkiete idatziz gidariei.
4. Estatu kideek bermatu egin beharko dute neurriko zehapen-sistema izango dela indarrean, eta zehapen ekonomikoak ere barne hartu ahal izango dituela, baldin eta enpresa edo bidaltzaile, garraio-kudeatzaile, turismo-operadore, kontratista nagusi, azpi-kontratista eta gidarien enplegu-agentziek Erregelamendu hau edo 3821/85 (EEE) Erregelamendua urratzen badute.
20. artikulua
1. Gidariak gorde egingo ditu Europar Batasunak ezarri dizkion zehapenei edo ireki dizkion prozesu edo prozedura administratiboei dagokienez emaniko froga guztiak, behar den denbora guztian, Erregelamendu honetako arau-urratze horrek ez dezan beste prozesu edo prozedura administratiborik edo zehapenik eragin ahal izan Erregelamendu honetako xedapenen bidetik.
2. Gidariak 1. paragrafoan aipatzen diren frogak aurkeztuko ditu eskatzen dizkiotenean.
3. Hainbat garraio-enpresarentzat lan egiten duen gidariak II. kapituluko xedapenak bete ahal izateko adina informazio eman behar dio horietako bakoitzari.
21. artikulua
Estatu kide batek uste badu Erregelamendu honetako arauren bat urratu dela eta errepide-segurtasuna arriskuan jar dezakeela argi eta garbi, tokiko agintari eskudunak gaitu beharko dira ibilgailua ibilgetu dezaten arau-urratzearen jatorriari irtenbidea eman arte. Estatu kideek eguneko atsedenaldia hartzera behar dezakete gidaria. Era berean, estatu kideek, beharrezkoa denean, enpresa bati baimena kendu, eten edo murriztu ahal izango diote, enpresa estatu kide horretan ezarririk badago, baita gidari bati gida-baimena kendu, eten edo murriztu ere. Batzordeak, 24. artikuluko 2. paragrafoari jarraiki, jarraibideak sortuko ditu, artikulu hau guztiek berdin aplikatzen dutela sustatzeko.
22. artikulua
1. Estatu kideek laguntza eskainiko diote elkarri, Erregelamendu hau aplikatzeko eta kontrolatzeko.
2. Europar Batasuneko agintari eskumendunek informazioa eskainiko diote elkarri aldian behin, honako gaiei buruz:
a) Ez-egoiliarrek gauzaturiko arau-urratzeak II. kapituluan ezarritako arauei dagokienez, eta horien eraginez ezarritako edozein zehapen;
b) Estatu kide batek bertako egoiliarrei aplikatutako zehapenak Europar Batasuneko beste estatuetan gauzatutako halako arau-urratzeen eraginez.
3. Estatu kideek behar den informazio oro igorri beharko diote aldian behin Batzordeari, Erregelamendu honen gaineko interpretazio eta aplikazio nazionalari buruz, eta Batzordeak Europar Batasuneko beste estatuen esku jarriko du informazio hau euskarri elektronikoaz baliatuz.
4. Batzordeak Erregelamendu honen interpretazioari eta aplikazio nazionalari buruzko elkarrizketa babestuko du estatu kideen artean, 24. artikuluko 1. paragrafoan aipatzen den Komitearen bidez.
23. artikulua
Europar Batasunak Erregelamendu hau aplikatu ahal izateko behar diren negoziazioak gauzatuko ditu hirugarren herrialdeekin.
24. artikulua
1. Batzordeak 3821/85 (EEE) Erregelamenduko 18. artikuluko 1. paragrafoaren arabera sorturiko Komitearen laguntza izango du.
2. Artikulu hau aipagai den kasuetan, 1999/468/EE Erabakiko 3. eta 7. artikuluak izango dira aplikagarri, erabaki horren 8. artikuluan xedatutakoa betez.
3. Komiteak bere barne-araudia onartuko du.
25. artikulua
1. Estatu kide batek hala eskatuta, edo bere erabakiz, Batzordeak:
a) Erregelamendu honetako xedapenak aplikatu eta betearazterakoan sorturiko desberdintasun jakinak aztertuko ditu, eta, batez ere gidaldi, etenaldi eta atsedenaldiei dagokienez sorturikoak;
b) Erregelamendu honetako xedapenak argituko ditu, baterako ikuspegia sustatzeko helburuz.
2. Lehenengo paragrafoak aipatzen dituen kasuetan, Batzordeak gomendatutako ikuspegi bati buruz, erabakia hartuko du 24. artikuluko 2. paragrafoan jasotako prozeduraren arabera. Batzordeak Europako Parlamentuari, Kontseiluari eta Europar Batasuneko gainerako estatuei jakinaraziko die erabakia.
VI. KAPITULUA
AZKEN XEDAPENAK
26. artikulua
3821/85 (EEE) Erregelamenduak aldaketa hauek izan ditu:
1) Honako testu hau finkatu da 2. artikuluaren ordez:
«2. artikulua
Erregelamendu honen ondorioetarako, Errepide-garraioaren sektorean zenbait gizarte-xedapen harmonizatzeari buruzko eta Kontseiluaren 3821/85 (EEE) eta 2135/98 (EE) Erregelamenduak aldatzen dituen Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko martxoaren 15eko 561/2006 (EE) Erregelamenduaren(*), 4. artikuluak jasotzen dituen definizioak aplikatuko dira.
(*) EO L 102, 2006.4.11koa, 1. or»
2) Hirugarren artikuluko 1., 2. eta 3. paragrafoen ordez, honako testu hau finkatu da:
«1. Bidaiariak edo merkantziak errepidez garraiatzeko izanik, estatu kideren batean matrikulatutako ibilgailuetan instalatu eta erabiliko da kontrol-aparatua, 561/2006 (EE) Erregelamenduko 3. artikuluan aipatzen diren ibilgailuetan izan ezik. 561/2006 (EE) Erregelamenduko 16. artikuluko 1. paragrafoan aipatzen diren ibilgailuek, eta 3820/85 (EEE) Erregelamenduaren aplikazio-esparrutik kanpo gelditu ostean 561/2006 (EE) Erregelamenduarenean sartu direnek, 2007ko abenduaren 31ra arteko epea izango dute baldintza hori betetzeko.
2. Estatu kideek Erregelamendu honetako arauak betetzetik salbuetsi ditzakete 561/2006 Erregelamenduko 13. artikuluko 1. eta 3. paragrafoetan aipatzen diren ibilgailuak.
3. Batzordearen aldez aurretiko baimenarekin, estatu kideek Erregelamendu honetako arauak betetzetik salbuetsi ditzakete 561/2006 Erregelamenduko 14. artikuluan aipatzen diren garraio-operazioetarako ibilgailuak.»
3) 14. artikuluko 2. paragrafoaren ordez, honako testu hau finkatu da:
«2. Enpresak behar bezala gordeko ditu erregistro-orri eta inprimakiak, 15. artikuluko 1. paragrafoaren arabera eginikoak badira. Ordena kronologikoan eta irakurtzeko moduan gorde beharko ditu erabili eta gutxienez urtebeteko epean, eta kopia bana emango die halakorik eskatzen dien gidari interesatuei. Enpresek, era berean, gidari-txarteletatik transferitutako datuen kopiak eta kopia horien inprimakiak emango dizkiete interesa duten gidariei. Erregistro-orri, inprimaki eta datu transferituak eskatzen dituen edozein ikuskariri aurkeztu edo eman beharko zaizkio».
4) Hona hemen 15. artikuluan eginiko aldaketak:
— bosgarren paragrafoa gehitu zaio 1. paragrafoari:
«Gidari-txartela hondatuko balitz edo behar bezala funtzionatuko ez balu edota gidariak halakorik eduki gabe lan egingo balu, honela jokatu beharko luke:
a) inprimaki bat bete beharko luke, bidaiaren hasieran, gidatzen duen ibilgailuaren xehetasunak adieraziz, honako hauek barne:
i) gidaria identifikatu ahal izateko datuak (izen-deiturak, gidari-txartela edo gida-baimenaren zenbakia), sinadura, eta
ii) hirugarren paragrafoko bigarren gidoiko a), b) eta c) letretan aipatzen diren aldiak;
b) inprimaki bat bete beharko luke, eta bertan adierazi bidaiaren amaieran, kontrol-aparatuak erregistratutako denboraldiei dagozkien datuak eta bestelako lanetan emaniko denbora-tarte guztiak, disponibilitatea eta atsedenaldiak, bidaiaren hasieran inprimakia bete zuen unetik hasita, baldin eta takografoak erregistratzen ez baditu. Dokumentu horretan adierazi beharko dira, gainera, gidaria identifikatzen duten datuak (izen-deiturak, gidari-txartela edo gida-baimenaren zenbakia), eta sinadura»;
—2. paragrafoko bigarren paragrafoaren ordez, honako testu hau finkatu da:
«Gidariak, ibilgailutik urrundu izanaren ondorioz, bertan instalaturik duen aparatua erabil ezin dezakeenean, honela jasoko dira 3. paragrafoko bigarren gidoiko b), c) eta d) letretan ezarritako denboraldiak:
a) ibilgailuak I. eranskinaren araberako kontrol-aparaturik duenean, ulertzeko moduan eta orriak zikindu gabe jaso beharko dira idatziz, dela eskuz, automatikoki edota bestelako bitartekorik erabiliz, edo
b) ibilgailuak IB eranskinaren araberako kontrol-aparaturik duenean, gidari-txartelean jaso beharko dira, kontrol-aparatuan datuak eskuz sartzeko gailuaren bidez.
Ibilgailuan IB eranskinaren araberako kontrol-aparaturik duen gidari bat baino gehiago baldin badago, gidari bakoitzak arreta jarri beharko du bere gidari-txartela takografoaren zuzeneko zirrikituan sarturik dagoela egiaztatzeko.»;
—3. paragrafoko b) eta c) letren ordez, honako testu hau finkatu da:
«b) "bestelako lantzat" jotzen da, Errepide-garraio bidezko jarduera mugikorrak gauzatzen dituzten pertsonen lan-denbora ordenatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2002ko martxoaren 11ko 2002/15/EE Zuzentarauaren(*) 3. artikuluko a) letrako definizioaren arabera, gidatzea ez den beste edozein jarduera, baita gidariak beretzat zein garraio-sektoreko zein beste sektore bateko enpresabururen batentzat eginiko lan oro, eta zeinuaren bidez adieraziko dena.
c) "disponibilitatea", 2002/15/EE Zuzentarauaren 3. artikuluko b) letran definitzen den bezala, eta zeinuaren bidez adieraziko dena.
(*) EO L 80, 2002.3.23koa, 35. or.
— ezabaturik gelditzen da 4. paragrafoa;
— 7. paragrafoaren ordez, honako testu hau finkatu da:
«7. a) Gidariak, I. eranskinaren araberako kontrol-aparaturik duen ibilgailua gidatzen duenean, aurkezteko moduan izan beharko ditu hauek, ikuskariak eskatu bakoitzean:
i) aste horri dagozkion erregistro-orriak eta gidariak aurreko 15 egunetan erabilitakoak,
ii) gidari-txartela, halakorik baldin badu, eta
iii) aste horretan eta aurreko 15 egunetan, Erregelamendu honetan eta 561/2006 (EE) Erregelamenduan ezarritakoari jarraiki, eskuz idatziriko edozein erregistro edota inprimaki.
Dena den, 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera, aurreko i) eta iii) tartekietan aipatzen diren denbora-tarteek barne hartuko dituzte hasirik den eguna bera ez ezik aurreko 28 egunak ere;
b) gidariak, I. eranskinaren araberako kontrol-aparaturik duen ibilgailua gidatzen duenean, aurkezteko moduan izan beharko ditu hauek, ikuskariak eskatu bakoitzean:
i) gidari-txartela, halakorik baldin badu, eta
ii) aste horretan eta aurreko 15 egunetan, Erregelamendu honetan eta 561/2006 (EE) Erregelamenduan ezarritakoari jarraiki, eskuz idatziriko edozein erregistro edota inprimaki, eta
iii) aurreko paragrafoan agertzen den denbora-tarte bereko erregistro-orriak, I. eranskinaren araberako kontrol-ekipoa duen ibilgailurik gidatzen emaniko denboraldiari dagozkionak.
Dena den, 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera, aurreko ii) tartekian aipatzen diren denbora-tarteek barne hartuko dituzte hasirik den eguna bera ez ezik, aurreko 28 egunak ere.
c) Kontrolak egiteko baimenduriko ikuskari batek 561/2006 (EE) Erregelamendua bete dela egiaztatu ahal izango du erregistro-orrien, erakutsitako datuen edo kontrol-aparatuak zein gidari-txartelak erregistratutako inprimakien bidez, edo aurrekorik ezean, xedapenen bat urratu izana, adibidez 16. artikuluko 2. eta 3. paragrafoak, justifikatzen duen egiaztagiriren bat aztertuta».
27. artikulua
Aldaketa hauek izan ditu 2135/98 (EE) Erregelamenduak:
1) Bigarren artikuluko 1. paragrafoko a) letraren ordez honako testu hau finkatu da:
«1. a) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 561/2006 (EE) Erregelamendua, 2006ko martxoaren 15ekoa, errepide-garraioaren sektorean zenbait gizarte-xedapen harmonizatzeari buruzkoa, eta Kontseiluaren 3821/85 (EEE) eta 2135/98 (EE) Erregelamenduak aldatzen dituena (*), argitaratu ondoko hogeigarren egunetik aurrera, lehen aldiz zirkulazioan jartzen diren ibilgailuek 3821/85 (EEE) Erregelamenduaren IB eranskinean ezarritako baldintzen araberako kontrol-aparatua izan beharko dute.
2) Bigarren artikuluko 2. paragrafoaren ordez, honako testu hau finkatu da:
«2. Estatu kideek beharrezko neurriak hartuko dituzte gidari-txartelak gehienez ere 561/2006 (EE) Erregelamendua argitaratu ondoko hogei egunetan igortzeko.».
28. artikulua
Indargabeturik gelditzen da 3820/85 (EE) Erregelamendua, eta Erregelamendu honek ordezkatuko du.
Aitzitik, 3820/85 (EEE) Erregelamenduko 5. artikuluko 1., 2. eta 4. paragrafoak aplikatzen jarraituko dira, 2003/59/EE Zuzentarauko 15. artikuluko 1. paragrafoan ezarritako datak iritsi bitartean.
29. artikulua
Erregelamendu hau 2007ko apirilaren 11n sartuko da indarrean, 10. artikuluko 5. paragrafoa, 26. artikuluko 3. eta 4. paragrafoak eta 27. artikulua izan ezik, 2006ko maiatzaren 1ean sartuko baitira indarrean.
Erregelamendu honetako atal guztiak nahitaez bete beharrekoak dira eta estatu kide bakoitzean zuzenean ezartzekoak izango dira.
Estrasburgon egina, 2006ko martxoaren 15ean
Europako Parlamentuaren izenean,
Kontseiluaren izenean,
Presidentea
Presidentea
J. BORRELL FONTELLES
H. WINKLER
EO C 51, 2006.2.26koa, 234. or.
EO C 221, 2002.9.17koa, 19. or.
Europako Parlamentuaren Irizpena, 2003ko urtarrilaren 14koa, (EO C 38 E, 2004.2.12koa, 152. or.), Kontseiluaren Jarrera Bateratua, 2004ko abenduaren 9koa (EO C 63 E, 2005.3.15ekoa, 11. or.) eta Europako Parlamentuaren Jarrera, 2005eko apirilaren 13koa (EO C 33 E, 2006.2.9koa, 425. or.). Europako Parlamentuaren legegintzako ebazpena, 2006ko otsailaren 2koa, eta Kontseiluaren Erabakia, 2006ko otsailaren 2koa.
EO L 370, 1985.12.31koa, 1. or.Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003/59/EE Zuzentarauak (EO L 226, 2003.9.10ekoa, 4. or.) aldatutako Erregelamendua.
EO L 80, 2002.3.23koa, 35. or.
1
EO L 370, 1985.12.31koa, 8. or.Azken buruan Batzordearen 432/2004 (EE) Erregelamenduak (EO L 71, 2004.3.10ekoa, 3. or.) aldatu zuen erregelamendua.
1
EO L 184, 1999.7.17koa, 23. or.
2
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2003/59/EE Zuzentaraua, 2003ko uztailaren 15ekoa, merkantziak edo bidaiariak errepidez garraiatzeko erabiltzen diren zenbait ibilgailutako gidarien hasierako eta etengabeko prestakuntzari buruzkoa, Kontseiluaren 3820/85 (EEE) Erregelamendua eta 91/439/EEE Zuzentaraua aldatzen dituena, eta Kontseiluaren 76/914/EEE Zuzentaraua (EO L 226, 2003.9.10ekoa, 4. or.) indargabetzen duena. Kontseiluaren 2004/66/EE Zuzentarauak (EO L 168, 2004.5.1ekoa, 35. or.) aldatu zuen Zuzentaraua.
3
Kontseiluaren 88/599 Zuzentaraua, 1988ko azaroaren 23koa, prozedura berdinak erabiltzeari buruzkoa 3820/85 (EEE) Erregelamendua aplikatzeko, errepide-garraioaren sektorean zenbait gizarte-xedapen harmonizatzeari buruzkoa, eta 3821/85 (EEE) Erregelamendua aplikatzeko, errepide-garraioen sektoreko kontrol-arloari buruzkoa (EO L 325, 1988.11.29koa, 55. or.).
1
EO L 74, 1992.3.20koa, 1. or. Azken buruan 2003ko Atxikidura Gutunak aldatu zuen Erregelamendua.
1
EO L 15, 1998.3.20koa, 14. or.EO L 15, 1998.3.20koa, 14. or.Azken buruan 1882/2003/EE Zuzentarauak aldatu zuen Erregelamendua (EO L 284, 2003.10.31koa, 1. or.)EO L 284, 2003.10.31koa, 1. or.)
1
EO L 72, 1993.3.25ekoa, 33. or.
*
EO L 102, 2006.4.11koa, 1. or.»