Sarrera-agurra
Egunon, senideok. Erromako Letrango Juan deunaren Eliza Nagusiaren eguna eta jaia ospatzera gonbidatzen gaitu Elizeak.
Behar bada, eliza horrek ez dinosku guri gauza handirik, edo ezer ere ez. Baina Elizearentzat garrantzitsua da: domekako liturgia ere gainditu egiten dau.
Ospatze horretan sartuko bagina, behar bada, Elizeak gure beharrizana daukala, Elizearentzako zeozer garala, eta Elizan kontsumista huts izatea baino gehiago izan geintekezela aurkituko geuke. Ospatu daigun, ba, Eliza amaren eguna eta Ospakizun honek Elizea maiteago izatera eroan gaizala.
Sarrera-abestia
Zein gozo ta eder dan anaiok alkartu,
eta danok batera Jainkoa goratu.
Gora bihotzak eta guztiok egin kantu
Jainkoak bere eskuz salbatuko gaitu.
Zabal gogoak Jaunaren hitza entzuteko,
haren nahia jakinik zuzen ibilteko.
Damu-otoitza
Ez dozue uste oraindino ez garala heldu gure burua elizkide lez ezagutzera, eta Elizea eta eliz alkartea geure zerbitzura baino ez doguzela hartzen? Eta eliztarrok Elizea ereikitzeko harri biziak izan behar izango ginateke, Ebanjelioaren zabaltzaile. Damutu gaitezan:
—Jesus Jauna, zure bizitzea danontzako barri on bihurtzen dozuna: Erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, barri ona gizaki guztiengana heldu daitela gura dozuna: Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, gizaki guztiok Jainkoaren maitasunera erakarten gaituzuna: Erruki, Jauna.
Ez 47, 1-2.8-9.12
Guztiz esanguratsua da profetak erbestean dagoan herri nekatuari zuzentzen deutson hitza: Jauretxetik jatorke salbamena. Zelan hartzen ete dogu hango ura, eta zelan ete darabilgu?
Erantzun salmoa
R/. Ibai-besoek alaitzen dabe Jainko-uria,
1Ko 3, 9b-11.16-17
Paulo apostoluak erabilten dauzan irudietatik hauxe dogu biziena, behar bada. Guk, Jesukristogan sinisten dogunok, Jainkoaren etxea osotzen dogu, haren harri bizi lez. Gu garen eliza bizian aurkitu behar dabe leku gizaki guztiek.
Jn 2, 13-22
Zelango etxea eraikitzen ete dogu? Zelan ete gabiz elizan? Zertarako ete darabilgu? Guzti hori aztertu ahal izango dogu ebanjelio-txatal honen argitasunean. Egin deiogun harrerea zutunik abestuz:
Aleluia! Aleluia! Aleluia!
ESKARIAK
† Eliz Amaren eguna dogu, eta haren beharrizanak izan gura doguz gogotan eta Jainkoari aurkeztu. Alkartu gaitezan otoitzean beragaz bat eginez:
—Eliz-artzainen alde: euren arduren artean lehenengo mailan izan daitezan gizarte honek zigortuta daukazan lanik bakoak, baztertuak, aurrean erabiliak, gartzelaratuak, ume eta emakume bortxatuak eta deskartatuak, eskatu deiogun Jaunari.
—Elizatik aldenduta dagozanen alde: Jainkoagazko hartu-emonak baztertu ez daiezan, eta gizarte zuzenago bat eraikitzen ahalegindu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Eliz alkarteetan zerbitzari lanetan diharduenen alde: euren lana aintzat hartua izan daiten eta jarraitzaileak agertu dakiezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Elizara kontsumitzen baino hurreratzen ez diranen alde: Elizearen beharrizanak gogotan hartu daiezan, eta haren eraikuntzarako harri biziak izatea bilatu daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Sinismena ospatzeko eta alkar adoretzeko alkartu garanon alde: Jainkoaren hitzaren zaletasuna biztu dakigun eta ha irakurteko, haren inguruan otoitz egiteko eta han gure bizitzarako argitasuna bilatzeko ahaleginak egin daiguzan, eskatu deiogun Jaunari.
† Mundu honetan zure izenaren barri emoteko harri bizi egiten gaituzun Jainko Jauna: emoiguzu alkarregaz, zure Semea oinarri dogula, Eliza bizi bat eraikitzea, gaurko gizakientzat babesleku izango dana. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Amaieran
Izan daitela gure ardura nagusi Elizearentzako ardura nagusi gura doguzan baztertuak, deskartatuak, lanik bakoak, euren etxetik gogorkeriaz ataratakoak eta gizarte honentzat ezer ez diranak, alkarren ardurea izanik eraiki daigun munduan argi eta eraldatzaile izango dan Elizea: Jainkoaren aurpegia ikusiazoko dauan Elizea.