URTEAN ZEHARREKO 28. DOMEKEA /A
Sarrera oharra
Ondo etorri, senideok, 28. domeka honetako liturgiaren elizkizunera. Gaurkoan, beste aurpegiratze baten aurrean jarriko gaitu. Hartuko ete dogu geuretzat Jesusek herriko abade-buruei eta zaharrei aurpegiratzen deutsena? Hartuko ete dogu gogoan eta autortu Jainkoak eskeintzen deuskuna bertanbehera itzi eta beste gauza batzuk eskatzen deutsoguzala?
Bilatu daigun jai-giroan bizi izan gaitezala gura dauan Jainkoa, bere Semearen eztegu ezaugarri honetan esku hartuz.
Sarrera-abestia
GOAZEN ALKARTURIK biztuta fedea
argitan zabalik maitasun bidea.
1 Entzun dezagun apaltasunez
entzun dezagun Jaunaren hitza
Bere hitzetan gure egia
gure indarra gure bizia.
2 Gurekin dogu maisu ta lagun
gurekin dogu, gurekin, Jauna!
Egin dezagun zuzentasunez
ta maitasunez bere esana!
Damu-otoitza
Zoriontasuna beste iturri batzuetan bilatzen dogunok, damutu gaitezan Jainkoaren deiei uko egiteaz:
—Jesus Jauna: Jainkoaren pozean eta haren nahia egiten bizi izan zinana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna: Jainkoaganako zintzotasuna erakusten deuskuzuna, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, gure ukapenak eta bazterreratzeak jasan behar dozuzana, erruki, Jauna.
Is 25, 6-10a
Profeteak ez dau ukatzen edo ahazten herriaren jasapena; baina bai iragarten dauala jasapena ez dala Jainkoak gura dauan gauzea, eta ha gainditzera deitua dala. Jainkoak bere erreinuko mahaikide gura dau bere herria, eta beste herri guztiak ere bai.
Erantzun salmoa
R/. Jaunaren etxean naz bizi izango luzaroen luzaro.
Flp 4, 12-14. 19-20
Pabloren danetara egina izateak ez dau esan gura besteen zerbitzuak bazterreratzen dauzanik; bai zera! Badakiz eskertzen besteek beragitik egiten dabena; eta aintzat hartzen dauz. Holantxe aintzaltzen dogu Jainkoa. Entzun.
Mt 22, 1-14
Jesusek bere aldiko abade-nagusiekaz eta herriko zaharrekaz eukazan eztabaiden barri emoten jarraitzen dau gaurko ebanjelio txatal honek. Egin deiogun harrera on, Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Jainkoak bere seme-alabak bere pozetik bizi izan daitezela gura dau. Gure bihurrikeria salatuz, eskatu daigun:
—Elizearen alde: pobretuak, gitxituak, bazterreratuak eta mundu honek aintzat hartzen ez dauzenak izan daizan gogokoen, eta honeek leku izan daien elizkizunetan, eskatu deiogun Jaunari.
—Aginteak, diruak edo izen onak emoten deutsen mailatik besteak gitxiesten, alboratzen edo esplotatzen diharduenak salatuak izan daitezan, bihozbarritzera deituak, eta barriztatu lez mahaian itxaronak, eskatu deiogun Jaunari.
—Iragarkien lilurakerian jausita dagozanen alde: onartu daien maite dauzan Jainkoak baino zorion hoberik ez deutsela emongo ez diruak, ez iragarkiek agintzen deutsezan beste iturriek, eskatu deiogun Jaunari.
—Lanaren edo diruaren edo alkartasunaren beharrean txarto dabizen familien alde: Jainkoaganatzeko bideak aurkitu daiezan, eta etxe bizitza bideratu ahal izan daien alkar maitasunean, eskatu deiogun Jaunari.
—Semearen ezteguetako ezaugarri dogun esker oneko otoitzera hurreratzeko aukerea dogunok ez gaitezan isilik gelditu ez geure txikikerien aurrean ez gure inguruan sufritzen ikusten doguzanen oihuen aurrean, eskatu deiogun Jaunari.
† Guretzat onena gura dozun eta maite gaituzun Jainko Jauna: autortu zaiguzala gure Aita/Ama lez, behartsuak ere zeure pozera bideratu daiguzan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.