ABENDUALDIKO II. DOMEKEA (A)
ETA SORTZEZ GARBIAren eta SEMINARIOAren eguna
SARRERAKO OHARRA
Ondo etorri, senideok, abenduko 2. domeka honetako elizkizunera.
Abenduari itxaropen aldia deitzen deutsogu, eta zer itxaron daukanak daki ondo horren barri. Maria, gaur bere Sortzez Garbian ospatzen doguna, dogu itxaroten dakiana eta itxaroten irakatsi leiguna. Konfiantzaz itxaron geike. Bokazino barriak ere bai? Gaur gure Elizbarrutiko SEMINARIOAREN EGUNA ospatzen dogu. Eta badogu noren eskutik: Mariarenetik. Ospatu daigun.
ABESTIA ETA SARRERA-IBILALDIA
Ama zara ta Birjina…
ABADEAREN AGURRA
Zuzentasunezko estalkiaz batu gura gaituan bakearen Jaungoikoa izan bedi zuekin.
ABENDUKO KOROAREN BIGARREN KANDELEA BIZTEN DANEAN
Anai-arrebok: egin daigun Abenduko bigarren astean sartzen gaituan zeinua.
† Jaunari, etorri dan eta ba datorren Jaunari, bidera urten nahi deutsogu, eta kandelea biztuz ezaugarritzen dogu. Gaur bigarren urratsa emoten dogu itxaropen ibilbide honetan.
Lehengo eta bigarren kandelak bizten diran bitartean, abestu edo ondorengo otoitza esan:
Is 60, 1
Jagi zaitez, Jerusalen,
ba dator zure argia;
ba doa argitzen zuregan
Jaunaren aintza!
Zuzenbidea egitera zatoz, Jauna,
eta gizakia zeure Espirituaz barritzera.
Egizu, zintzotasunez urten deizugula bidera
eta zure Espirituaren esanetara jarri gaitezela
gaur eta hemen itxaropen izpi izan gaitezan.
† Erruki dakigula Jainko guztiz ahaltsua, eta gure pekatuak parkaturik…
Sortzez Garbiz: AINTZA ZERUETAN JAUNGOIKOARI…
1 Irakurgaia (Gn 3, 9-15.20)
Uste ona Jainkoagan jarri ezkero, ez da zalantzarik, edo, dagozenak errez gainditzen dira; baina Jainkoagandik urrun… Txarra da bakardadea; txarragoa, Jainko barik ibiltea.
Erantzun salmoa: Zorionekoa zu, Maria birjina, betiko aitaren semea ekarri zenduana
2. Irakurgaia (Ro 15, 4-9)
Ze sinismen da alkarrengandik banantzen gaituana, edo alkarren arerio egiten gaituana? Jainkoak alkarregaz eta aho bakarraz goretsi daigula nahi dau. Entzun.
Ebanjelioa (Lk 1, 26-38)
Gauza ederra, benetan, Jainkoagan uste on osoa jarrita eukitea, haretaz fidatzea, sinistun izatea… Egin deiogun harrerea ebanjelioari, Aleluia abestuz, zutunik.
HERRI OTOITZA
Mundu honetako eta gure inguruko garraxietatik jo daigun itxaropen Jainkoagana, eskale:
—Bizkaiko Elizearen alde: ibilbide barri bat hasi dauan honetan, eliztar, abade eta erlijioso/a guztiek, gotzainagaz bat eginda, jaso daien gora Elizbarrutiaren gogo jausia. Eskatzen deutsugu, Jauna… Aita zaitugulako.
—Aurrean erabiliak diran emakumeen alde, eta ume behartu eta herrialde pobretuen alde: itxaropen egintzak hartu daiezan besteongandik euren egoera larrian. Eskatzen deutsugu… Aita zaitugulako.
—Diru-egarriz eta amesez baino bizi ez diranen alde: biztu dakien bihotzetan bihozbarritzerako argia. Eskatzen deutsugu, Jauna… Aita zaitugulako.
—Abadetzarako bidean dagozan abadegaien alde: herritar-herrriatarrak izan daitezan, eta, eliztarren zerbitzurako, Ebanjelioa izan daien jakintza eta bizibide iturri. Eskatzen deutsugu, Jauna… Aita zaitugulako.
—Gu guztion alde: Jainkoak dakarskun barrikuntzeari ateak itxaropenez zabaldu deioguzan. Eskatzen deutsugu, Jauna… Aita zaitugulako.
† Txiroen aldeko zuzenbide egiten dozun Jainko zuzena: emoiguzu zeure zuzentasun espirituaren egarri bizia. Jeukristo.
—Amen.
Zatoz, Jauna! Gaur zai duzu mundua,
zori gaitzez hain da hondatua!
Zatoz, Jauna! Zabal, otoi, zerua:
Etor bedi zure erreinua!
Zatoz Jauna! Nausi bait da dirua:
jendea maiz dauka zapaldua.
Entzun, Jauna, behartsuen oihua:
Etor bedi zure erreinua!
Zatoz, Jauna! Hor gabiltza gauez gau:
piztu gugan fedearen sua.
Zatoz, Jauna! Argi ezazu mundu hau:
Etor bedi zure erreinua!
Zatoz, Jauna! Maitasunez gu bete:
jendeek elkar ezin hartu dute.
Zatoz, Jauna! Zuk bat egin mundua:
Etor bedi zure erreinua!
Zatoz, Jauna! Lokarriak zuk hautsi.
Munduz mundu bihotzetan mintza.
Zatoz, Jauna! Ager zaitez ta jaitsi:
Etor bedi zure erreinua!
Kanta daigun guztiok bihotza betean
gure Salbatzailea etorri artean.
1 Gauaren erdian da entzun dehadarra:
«Erne egon gaitezan ba dator Senarra!»
2 «Nausia ba dator-ta lapurra bezala:
Jaunaren zain guztiok aurkitu gaizala.»
Zatoz, Jauna, zatoz lurrera
zure herri hau salbatzera.
1 Bakea ta justizia
bialdu mundura, Jauna;
zure jaiotzak gugana
bekar poza, zoriona.
2 Okerretatik zuzendu,
gaitz bideetatik aldendu,
gure kateak apurtu,
bide ilunak argitu.
Ama zara ta Birjina, Jesusen Ama, Maria:
agur zuri, agur t'erdi, sortzetik garbi-garbia.