BIZTUERA PAZKO EGUNA /A - /B - /C
Sarrera-oharra
Zorionak, senideok: Biztu da Kristo eta bizitzea ez dala heriotzan amaitzen dinosku, Jainkoaren eskoialdean baino. Poztu gaitezan. Emon deioguzan eskerrak Aitagan uste on oso-osoa jarri geikelako berari esker, eta bilatu daigun bizikera barri baten bizi izatea: Jainkoaren seme-alaba lez. Arretaz entzun daigun Jainkoaren berbea eta Jesusen jarraitzaileen testigantzea; bihurtu gaitezan geu ere bizitzearen autorle eta Berbiztuaren ikasle eta jarraitzaile.
Sarrera-abestia
—Biztu da Kristo: Aleluia! Guregan dago: Aleluia!
Abadearen agurra
† Aitaren eta Semearen…
—Amen.
† Hilen artetik lehen biztua dan Jauna izan bedi zuekin.
—Eta zure espirituarekin.
Uraz zipristintzea
Zure saihets irekiari, Kristo, Biziaren ur-iturria dario
honetxek dau munduko pekatu guztia garbitzen
eta bizitzea barriztatzen.
—Hobenak dau gizakia menperatzen
eta Kristok bere Arnasaz salbatzen;
salbamen-iturrira abia gaitezen:
iragarri daigun bizia ozen.
edo…
Bateoko urtean, Jauna, gaituzu pekaturako hil ta zeuretzat biztu
—Bateoagaitik, / eskerrik asko,
seme-alaba egin / gaituzulako.
—Bateoan ginan / hil Jesusegaz
geroztik gaitezan / bizi beragaz.
Aintzarako
Agertu daigun gure poztasuna eta esker ona, bere Semea hilen artetik biztuz, bizitza betearen itxaropena emoten deuskun Jainkoaren aurrean, Izadi osoagaz Aintza abestuz:
† Aintza, zeruetan, Jainkoari. —Bakea lurrean gizonari,
Lehenengo Irakurgaiari
Jesusen ikasleek ez dabe ukatzen haren heriotzea; alderantziz: hil egin dabela autortzen dabe. Baina heriotza haren gainean Jainkoak bere berbea emon dauala, bizitzearena: hilen artetik biztu egin dau, eta horren autorle dira.
Erantzun salmoa
Sal 117, 1-2. 16bc-17. 22-23
R/. Hau da Jaunak egin dauan eguna, gu pozteko eta alaitzeko eguna.
Bigarren irakurgaiari
Jesukristoren biztuerea sinistea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula: sinistuna behartu egiten dau bizikera barri baten bizi izatera. Entzun.
Ebanjelioari
Ez da hain erreza biztuerea sinistea, ikusten ez dalako. Baina hildakoaren jarraitzaileak bizitzearen argitasunak inguratuko dauz eta bizi dala iragarriko dabe. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Argitasunezko eta egiazko bizitzan gura gaitu Jainkoak eta ez ilunpetako eta guzurretako bizikeran. Eskatu deiogun, ba, Berbiztuaren testigu egin gaizala:
—Elizearen alde: egunerik egunera gardenagoa izan daiten bere irakatsietan eta egintzetan, gaurko munduaren argi-iturri izateraino heldu daiten, eskatu deiogun Jaunari.
—Berbiztuaren jarraitzaileen alde: Berbearen egarriz jo daien Ebanjeliora eta haren argitasuna zabaldu ahal izan daien hitzez eta bizikereaz, eskatu deiogun Jaunari.
—Ilunpetan, maltzurkerietan eta ustelkerian senideak (batez ere pobreak) esplotatzen diharduenek Berbiztuaren ikutua sumatu daien bizitza barri baten hasteko, eskatu deiogun Jaunari.
—Sufritzen dagozan gaiso, goseti, esplotatu, espetxeratu, atzerriratu, eta aurrean erabiliak diran emakume eta ume bortxatuek Barri Onaren albistea jaso daien eurengana heltzen diran laguntzaileengandik, eskatu deiogun Jaunari.
—Berbizkundearen barri pozgarria sinisten eta ospatzen dogunok haren barri emoile bihurtu gaitezan baztertuengana barri pozgarriaz eta laguntzaz hurreratuz, eskatu deiogun Jaunari.
† Emoiguzu, Aita ona, bizitza barrian bizi izateko adorea eta haren barri emoile izateko gogo bizia. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
JAUNARTZEAN
R/. Bizi da Jauna, bizi da! Bizi da Jauna, bizi da!
Bizi da, bizi da, bizi da Jauna, bizi da gure artean! (bir)
Pazko goizean hutsik dago hilobia.
Biztu da Kristo, biztu, gure eguzkia: nagusi da argia! R/.
Ilunpetatik berak gu atara gaitu;
munduaren distira berak dau barritu: berak gaitu biztu. R/.
Amaieran
ZERU-LURREN ERREGINA: aleluia!, aleluia!
Biztu jaku Jesus Jauna: Aleluia!
—Zuregandik sortu dana: Aleluia.
Hilobitik biztu da-ta: Aleluia!
—Otoitz zure Semeari: Aleluia!
bizia deigun danori: Aleluia!