abn02c

ABENDUALDIKO 2. DOMEKEA /C

Sarrera agurra

Abendualdian entzuten dogun profeta hitza, senideok, ez jatorku ezer gaitzestera edo gu zirikatzera, ikusten eta sufritzen doguzan zuzengabekerien eta ustelkerien eta gehiegikerien aurrean adore emotera baino. Jainkoak gidatzen dau bere herria: zelaitu deioguzan bideak, mendi eta muinoak beheratuz, trokak eta haranak betez… Orduan entzuten eben profeten ahotsa gaur ere entzun ahal izan daigula eskatuko dogu. Behar dogu adoretzea, itxaropena biztea, bizikera barri baten testigu eta bultzatzaile izatea. Ea gaurko liturgiak horretara bideratzen gaituan. Ondo etorri.

Sarrera-abestia

Zatoz, Jauna! Gaur zai duzu mundua,

zori gaitzez hain da hondatua!

Zatoz, Jauna! Zabal, otoi, zerua:

Etor bedi zure erreinua!

Zatoz, Jauna! Hor gabiltza gauez gau:

piztu gugan fedearen sua.

Zatoz, Jauna! Argi ezazu mundu hau:

Etor bedi zure erreinua!

Abenduko kandelea ezaugarri

Abendualdia ibilaldi baten egiten dogu, eta ibilaldi horretarako urratsak markatu gura doguz domekaz-domeka, gure itxaropena gero eta handiagoa izan daiten, eta itxaroten dogunari harrera on egiteko gauza izan gaitezan. Biztu daigun bigarren kandelea, abesti artean.

Jagi zaitez, Jerusalem / badator zure argia;

badoa argitzen zuregan / Jaunaren aintza.

Lehenengo irakurgaiari

Entzun daiguzan Baruk profetearen hitzok barru zabalik. Adoretu gaiezala, gaur egun Jainkoari bideak zelaitzea zer dan ikusi eta lanera jo ahal izan daigun, gure lozorrotik edo geldokeriatik urtenda.

Erantzun salmoa

Sal 125, 1-2ab. 2cd-3. 4-5. 6

R/. Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde, eta pozarren gagoz!

Bigarren irakurgaiari

Paulok aparteko gozotasunez egiten deutse hitz filipotarrei, eta hareen sinismena indartu egin gura dau: maitasunean hazi daitezela eskatuko deutse, egokitasunez heltzeko Jaunaren etorrera egunera. Geuretzako hartu daiguzan hitzok.

Ebanjelioa

Ebanjelioan entzungo dogun Joan Bateatzailearen iragarpenak Jainkoaren hitza entzutera eta haren zabalkundea egitera bultzatu behar gaitu. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

ERSKARIAK

† Gaur eta hemengo erruki iragarle eta adore emoile lirateken profetak sustatu daizan, zuzendu deioguzan erreguak Jainkoari:

—Elizearen alde: aurpegiratzen deutsoezan zikinkeriek eta bere erruek hondatuta itzi ez daien, apaltasunez errukia iragarriz, gaizkileen euren onbideratzea ere lortu daian, eskatu deiogun Jaunari.

—Biderik aurkitu ezinda hondameneko bizikeran galduta diharduenek Jainkoaren nahia eta bideak nork iragarriko deutsen izan daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure Gizarte honen alde: Izadiaganako errespetua eta zaintza bultzatu daizan, erregai fosilak baztertuz eta energia garbi eta iraunkorrak bultzatuz, eskatu deiogun Jaunari.

—Aurrean erabiliak izan diran emakumeek eta ume bortxatuek eta gaixo, zahar eta ezinduek behar daben harrera eta zaintza etxeak izan daiezan, eta zaintzaile borondatezkoak ugaritu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Berba adore emoileak entzun doguzanok geure inguruetan jakin daigun geuk ere profeta hitza iragarten, ebanjelioaren argipean eta otoitzaren indarraz, eskatu deiogun Jaunari.

† Gure bizitzako poza zaitugun Jainko Jauna: bizkortu gugan profeta hitza eta bizikera itxaropentsua. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzean

Zatoz, Jauna, zatoz lurrera zure herri hau salbatzera.

1 Bakea ta justizia bialdu mundura, Jauna;

zure jaiotzak gugana bekar poza, zoriona.

2 Okerretatik zuzendu, gaitz bideetatik aldendu,

gure kateak apurtu, bide ilunak argitu.

3 Gorroto-bideetatik aldendu gagizuz, Jauna;

alkar parkatu dagigun emoiguzu maitasuna.

Oharrak