URTEAN ZEHARREKO 25. DOMEKEA /C
Sarrera oharra
Senideok: ondo etorri eukaristiaren otordu eder honetara.
Lehengo domekan Aita errukior eta parkatzailearen, eta tente jarten gaituanaren barri emon euskun Liturgiak. Gaurkoan, ondasunei erabilpen ez-egokia emotea gaitzesten jatorku. Ete daukaguz ondasunak Jainkoaren erregalo eta bedeinkapen lez, eta ez edozelan eta lasaikerian erabilteko gauza lez, neurritsu eta ondo erabilteko baino?
Hau gogoan izanik sartuko gara urtean zeharreko 25. domekako liturgia honetan, gure ondasunak ondo erabili daiguzala eskatzeko eta eskertzeko.
Aita baten semeok
sinismen bakar bat dogunok
anai artean batu garanok
kantuz gatoz, kantuz zugana, Jauna.
Argiaren seme eta egunaren oinordeko
abia gaitezen danok Jaunarengana goizean,
uxatu ditu goiz albak gure baitako ilunak,
eta pozaldi betea sortu digu bihotzean.
—Seme gara, bai, baina seme izaten ba ete dakigu?
Anai gara, bai, baina anai izaten ba ete dakigu?
Seme izatera, anai izatera, Jauna, heldu nahi dogu.
Zein gozo ta eder dan
anaiok alkartu
eta danok batera
Jainkoa goratu.
Abadearen agurra
Danetariko ondasunez beteten, eta bere seme-alaba egiten gaituan
zeruetako Jainko Jauna izan bedi zuekin. # Eta zure espirituarekin.
Damu otoitza
† Ondasun guztien iturri dan Jainkoagana jo daigun, damutasunez, erruki eske.
—Jesus Jauna: pobre eta ondasunei lotu barik bizi izan zinana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna: pobreenganako aparteko begiramena erakusten zenduana, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna: ondasun eta diru gosetik askatu nahi gaituzuna, erruki, Jauna.
† Erruki dakigula…
Lehenengo irakurgaiari oharra (Am 8, 4-7)
Amos profetearen berba gogorron aurrean geure burua babesten ahaleginduko gara, behar bada. Baina, ez ete dogu behartsua iraintzen ondasunak kontsumokerian eralgiten doguzanean?
Erantzun salmoa (Sal 112)
Bigarren irakurgaiari oharra (1 Tm 2,1-8)
Ez gaizala harritu, Paulok bere ikasleari egiten deutson eskariak: gure otoitzean leku izan behar dabe agintariek ere, euren lana ondo betez bakean bizi izan gaitezan.
Ebanjelioari oharra (Lk 16, 1-13)
Zertan ahalegintzen gara. Jesusi min emoten deutso ondasun pilaketan gogotsu jokatzen dogula ikusteak, baina gogo barik gabizela Jainkoaren zerbitzuan. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Ondasun guztien iturri dan Jainkoari aurkezten deutsoguz hurrengo eskariak:
—Eliz Amaren alde: bere ondasunetatik arintzen joan daiten, eta pobreentzat harrera oneko eta babes-etxe izan daiten… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.
—Bakarrik, edo lanbide edo bizibide barik, edo erbestean, espetxean edo atsekabe artean bizi direnen alde: euren egoeratik urtetearen poza izan daien… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.
—Hezkuntza lanetan diharduenen alde: zekenkeriatik ihes egin daien, eta umeak eskuzabaltasunean eta alkartasunean hezi daiezan… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.
—Herri agintarien eta Eliz agintarien alde: agintaritza zerbitzu lez erabili daien, eta ez diru-iturri edo herritarrak-eliztarrak menpean hartzeko era lez… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.
—Eukaristiarako alkartu garenon alde: beti egon gaitezan gertu ebanjelioak zuzenduak izateko, eta, atxaki guztien gainetik, Jesusen bideetan ibiltea bilatu daigun… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.
† Jainko Jauna: eskakizun gatxak jarten deuskuzuz, baina ez gaituzu bertan behera izten; erantzun deizugula eskuzabaltasunez eta poztu gaizala holan erantzuteak. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
1. Ogi hau jaten dauanak
izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da
Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta
hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu:
bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen
osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson
Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu
ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik
gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun
Jesusen izenean.
Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske:
bizi behar honetan ahuldu baikintezke.
Zure gorputz santua hartu nahi genduke.
Zu gabe bizitzerik ezingo genduke.
Munduak behar badau eguzki-argia,
mendiko abereak iturri garbia,
orobat (gu danok) nahi badogu barruko bizia,
beharrezkoa jaku zeruko ogia.
Jauna, zure grazia lagun dakigula
ogi hau jan dagigun behar dan bezela.
Ez ahaztu txarrerako jarriak gauzela,
arren, zuzen ta leial bizi gaitezela.