Sarrera-oharra
Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko XI. (hamaikagarren) domeka honek emoten deuskun Jainko irudia ospatzera. Holan uste dogula ukatzen dogun arren, jokatu, Jainkoaren parkamena eta maitasuna geure egintzez lortuko bagenduz lez jokatzen dogu. Gaurko liturgia honek Jainkoa doakoa dala erakutsiko deusku, seme-alaba gaitulako maite gaitula doan, eta gure pekatua aurkezten badeusku, ez deuskula gu gaitzesteko egiten, gu handik atarateko eta salbatzeko baino. Ospatu daigun, eta esker onez erantzuteko gauza izan gaitezala eskatu deiogun.
Abestia
GOAZEN GUZTIOK BATERA Jaunarekin egotera.
Goazen guztiok batera Jaunarekin egotera.
1 Pozik alkartu gaitezen Aita dogu-ta laguntzen.
2 Seme-alaba bezela zaindu gagizuz Zuk, Jauna.
3 Entzun daizala Jaun onak gure poz eta negarrak.
Abadearen agurra
Seme-alaba lez maite gaituan
eta gure pekatuak kontuan hartzen ez dauzan
Jainkoaren doako maitasuna eta bakea
izan bediz zuekin. # Eta zure espirituarekin.
Damu-otoitza
Pekatariaren gaitzespena barik salbamena gura dauan Jainkoari zabaldu deiogun bihotza eta jarri gaitezan bere esanetara:
—Jesus Jauna, pekatariari hurreratzen zaiakozana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, Jainkoaren errukiaren aurpegia zarana, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, Jainkoaren doakotasuna agertzen deuskuzuna, erruki, Jauna.
Lehenengo irakurgaiari
Gure bizitzea ondasunez bete gura badogu, beti gehiago gura izango dogu, eta inori kentzen ere ahaleginduko gara, eta baita inor hiltera ere heldu geintekez. Entzun.
Erantzun salmoa
Sal 31, 1-2. 5. 7 eta 11
R/. Parkatu egidazu, Jauna, nire hobenaren errua.
Bigarren irakurgaiari
Ez daigun uste izan Jainkoaren ondasunak geure ahaleginez eta betekizunez eskuratu geikezanik. Jainkoak doan emoten deuskuz ezelango ordainik eskatu barik. Esker onez erantzutea dagokigu.
Ebanjelioari
Ez datoz ondorio bardinak betetzaile izatetik edo jainkozale izatetik. Hauxe dogu Jesus: jainkozale. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Jainkoak dana dau bere seme-alabentzat, eta doanik. Behartsuenak gogoan izanik aurkeztu deioguzan gure eskariak:
—Elizearen alde: arinegi edo azaletik inor epaitu ez daian, eta, beti ere, pekatarien salbamena bilatu daian, eskatu deiogun Jaunari.
—Euren erratua, txarto egin edo pekatua autortzen ez dakienek, edo ezin dabenek, euren burua askatzearren inor errudundu ez daien edo galduazo, eskatu deiogun Jaunari.
—Emakumeen gainera botaten diran iritzi edo uste txar guztiak ezabatu daitezan, emakumeen errespetu osora helduz, eskatu deiogun Jaunari.
—Jainkoaren doakotasunaren barri ona hartu dogunok haren zabaltzaile izan gaitezan, askatasunean eta pozik bizi izanez, eskatu deiogun Jaunari.
† Apalaren erreguak samurtzen zituan Jainko Jauna: egin gaizuz apalak gure erruak autortzen jakiteko eta inoren autorpena errespetuz onartzeko. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.
OHARRAK