Sarrera oharra
Senideok: Zer dinosku profetearen ahotiko berba honek?: «Kontsolatu egizue, kontsolatu nire herria» —dino. Hainbeste gatxek jota gagoz, ezta? Bakotxaren makaltasunak, Eliz-gizonen pekatuak, luzarora doan krisia eta honen eraginak etxeetan, gazteengan, langileengan… Behar ete dogu Jainkoaren kontsolamendurik?
Gaur itxaropenez betetera egiten deusku dei liturgiak, geu izateko gero, gure inguruan, itxaropenaren barri-emoile, iragarle. Ondo etorri.
Zatoz, Jauna! Gaur zai duzu mundua,
zori gaitzez hain da hondatua!
Zatoz, Jauna! Zabal, otoi, zerua:
Etor bedi zure erreinua!
Zatoz, Jauna! Hor gabiltza gauez gau:
piztu gugan fedearen sua.
Zatoz, Jauna! Argi ezazu mundu hau:
Etor bedi zure erreinua!
Abenduko koroiaren inguruan
Abenduko ibilaldian bigarren kandelea biztuz adierazten dogu bagoazela aurrera: Jainkoak eskeintzen deuskun kontsolamenduari bidera urten gura deutsogula eta itxaropenaren iragarle izateko gogoa dogula.
Koroiaren inguruko abestia
(EDO…)
Damu-otoitza
Geure itsukeriak egiten gaitu besteen pekatuen salatzaile. Horrela ezin izango deutsogu bidera urten Jainkoaren kontsolamenduari. Damutasunez egin deiogun dei haren errukiari:
—Jesus Jauna, gu kontsolatzera bialdua. Erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, Joan Bateatzaileak iragarria. Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, gure bizitzearen oinarri sendoa. Erruki, Jauna.
Is 63
Kontsolagarria da Profetearen berbea Jainkoaren gogoa bere herri mindua eta baztertua adoretzea dalako. Herria esnatuazo gura dau Preofeteak Jainkoaren gogoari bidera urten deion. Hartu daiguzan geuretzat esanak lez berbok.
Erantzun-salmoa
R/. Jauna, zure maitasuna erakutsi eiguzu, zure salbamena emoiguzu.
2P 3, 8-14
Itxaroten dagoana etsipenean jausten dala esaten da; argi euki behar doguna zera da, ba: Jainkoak ez dauala huts egiten inoiz; eta, gure itxarotea ez dala alperrekoa, Jaunaren nahiari bidera urteteaz erakutsiko dogu.
Mk 1, 1-8
Begira zelango erakutsia emoten deuskun Bateatzaileak, Jainkoaren salbamenaren zain dagoala erakutsiz bere bizikereaz. Egin deiogun harrera on Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Jainkoak zaindu egiten gaitu bere herri lez, eta adore emoten deusku, eta dei-ta-dei jabilku aldendu egiten dogulako beragandik. Geure izakerea gogotan hartuta jo daigun otoitzera, eskale:
—Elizearen alde: Jaungoikoaren deiei adi egonez, harengandik hartzen dauzan zainketak, parkamena eta adorea gaurko gizakiengana helduazoten ahalegindu daiten bere pekatuen bildurrik barik, apaltasunez, eskatu deiogun Jaunari.
—Erbesteratuei, kartzelaratuei, etorkinei, iheslariei, gizarte honek baztertzen dauzenei eta zelan edo halan sufritzen dagozenei itxaropen bideak zabaldu deieguzan eta euren egoera larritik urteten lagundu deiegun, eskatu deiogun Jaunari.
—Gerran diharduen edo alkarrenganako gorrotoak jota dagozan herrien alde: arerioa zapaltzea abarik, bestea senidetzat hartu eta bakerako bideak urratzea bilatu daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Itxaropena galduta, etsipenean jausita dagozanen alde: aurkitu daiezan itxaropenez bizi izateko arrazoiak, laguntza eta adorea, eskatu deiogun Jaunari.
—Eukaristiaren mahai inguruan alkartu garanon alde: hemen ospatu eta sentitu dogun jainko-poza zabaltzeko, iragarteko, gauza izan gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.
† Gogoan izan, Jauna, gure makaltasuna, eta emoiguzu adorea zuri bidera urteteko gauza izan gaitezan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzerako abestia
Zatoz, Jauna, zatoz lurrera zure herria salbatzera.
1 Bakea ta justizia bialdu mundura, Jauna;
zure jaiotzak gugana bekar poza, zoriona.
2 Okerretatik zuzendu, gaitz bideetatik aldendu,
gure kateak apurtu, bide ilunak argitu.
3 Gorroto-bideetatik aldendu gagizuz, Jauna;
alkar parkatu dagigun emoiguzu maitasuna.
OTOITZA
Luzarorako doan krisiak jota,
gaztearoko indarrak ia galduta,
gure pekatuen salakuntza entzuten
eta besteenak salatu nahian,
zure mezu adore-emoilea entzuten dogu
eta haren barri-emoile izan gaitezala
dinoskuzu behin eta barriro, Jauna.
Zelan urten besteen bidera adore-emoile
indarge eta etsipenean gagozanean?
Zelan emon itxaropena inori
geure pekatuen azpian gagozanean?
Zelan iragarri neurritsu izatearen ona
norbera dabilanean gehiegikerietan?
Sartu gure barruan, Jauna, zure mezua,
gure pekatu eta gehiagikerietatik atara gaizuz
eta geugandik urteteko adore emoiguzu,
bihozbarrituz, hasi gaitezan neurritsu izaten
geure gehiegikeriak-eta salatzen
eta zugan ustea izatea merezi dauala eragarten,
itxaropenaren mezulari izan gaitezan.
ZATOZ, JESUS JAUNA!