uz32b

URTEAN ZEHARREKO XXXII. DOMEKEA /B

(GOMUTEAREN EGUNA OSPATZEN DA)

Sarrera-oharra

Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 32. domeka honetako liturgia ospatzera. Zabaldu doguz begiak? Eta bihotza eta eskuak? Eta zer aurkitu dogu, emon dogu edo hartu dogu? Behar bada itsu-mustuan egin dogu elizarako bidea eta ez gara ezertaz ere jabetu…

Ba, gaurkoan, holango jarrerea, bizikerea eta jokabidea Jesusek salatu egiten dauala eta gaitzetsi aurkituko dogu; eta txikien detaileak aintzat hartzera bultzatuko gaitu; eta nagusien gehiegikeriak salatzera.

Ez dogu erraz eukiko. Baina Jesusen jarraitzaile izatea bilatzen badogu beragan adore aurkituko dogu. Izan daiguzan gogoan GOMUTEAren egun honetan azken hamarkadetan gure lurraldean gogorkeriaren eta erasoen azpian erailak izan diran guztiak eta euren inguruan geratzen diran kaltetuak, bake-bideetan zehar ibilteko gauza izan gaitezan. Goazen zabaltasunez Jainko errukitsuagana.

Sarrera-abestia

GOAZEN ALKARTURIK

biztuta fedea

argitan zabalik

maitasun bidea.

1 Entzun dezagun apaltasunez

entzun dezagun Jaunaren hitza

Bere hitzetan gure egia

gure indarra gure bizia.

2 Gurekin dogu maisu ta lagun

gurekin dogu, gurekin, Jauna!

Egin dezagun zuzentasunez

ta maitasunez bere esana!

Damu-otoitza

Ondo eta arazo barik bizi izatea bilatzen dogunok ez-ikusia egiten deutsegu gure inguruko detaile askori. Baina Jesusek bere ikasle arretatsu gura gaitu, ez itsu-gor-mutuak. Jo daigun bere errukira:

—Jesus Jauna, zuri txikien detaile batek ere ez eutsun ihes egiten: erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, zuk nagusien gehiegikeriak salatu egiten zenduzan: Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, zure ikasle bihotz zabaleko egiten gaituzu, erruki, Jauna.

Lehenengo irakurgaiari (1 Erg 17, 10-16)

…Baina lehenengo neu, eta gero ere neu, eta ezer gelditzen bada ere neuretzat… geure jokabide bihurtu dogunok edozelango atxakiak jarriko deutsoguz entzungo dogun irakurgaiari. baina izan gogoan: jainkozaletasunak emoten dau ingurua argi ikusi ahal izateko ikusmena.

Erantzun salmoa

Sal 145,7.8-9a.9bc.10

Bigarren irakurgaiari (Heb 9, 24-28)

Hebertarrei egindako gutun honetan Jesukristo abadearen eskeintza azpimarratu daigun: Jainkoari gauzak barik bere burua eskeintzen deutso, behin betiko. Irakatsi ederra emoten deusku!

Ebanjelioa (Mk 12, 38-44)

Adi dago Jesus eta detaile guztiak hartzen dauz, txikiak goraltzeko, nagusiak salatzeko. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Azal-azalean agertzen dira gehiegikeriak eta ezin dogu ez-ikusiarena egin, sufritzen dagozanak gogoan izan baino. Jainkoaganako euren oihu eta garrasi izan gaitezan:

—Elizearen alde: aintzat hartu daizan behartsuak, zapalduak, alboratuak, gitxituak eta aurrean erabiliak, nagusi eta ahaltsuen gehiegikeriak salatuz eta gaitzetsiz, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure lurraldeko gogorkeria zikinaren erasopean jausi diranek duintasun barik geditu ez daitezan eta euren ingurukoek onespena izan daien, ulertuak izan daitezan eta barru-bakea lortzeko laguntza hartu daien gugandik, eskatu deiogun Jaunari.

—Edozelango gabezia edo beharra sufritzen dabenen alde: egoera horretan itota gelditu ez daitezan, azaleratuz laguntza hartzera heldu daitezan baino, eskatu deiogun Jaunari.

—Lanik barik, hilaren azkenera heldu-ezinik edo, etsipenak jota bide okerretara abiatzen diranen alde: Jainkoaren maitasunaz egin daien topo euren egoeratik urten ahal izateko, eskatu deiogun Jaunari.

—Ondo bizi izatean planto eginda dagozanen alde: legekerietan eta betekizunetan gelditu ez daitezan, eta sufritzen dagozanen garrasiak entzutera heldu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Beretik urtenda jokatzen dauan Elizea gura dogunok urten daigun Jainkoagana (gure espiritualitatea landuz); behartsuengana (hareen garrasiei erantzunez), eta senideengana (benetako alkartasuna eta Jainkoaren erreinuaren eraikuntzan jarduteko), eskatu deiogun Jaunari.

† Txikiak eta behartsuak maite dituzun Jainkoa: emoiguzu euren ondoan egoteko adorea, eta hareik gure arteko bihurtzeko ahalmena. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

JAUNARTZERAKO

1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.

Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:

R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.

2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.

Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.

R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!

3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean

ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.

R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.