URTEAN ZEHARREKO XXVIII. IGANDEA —C—
Sarrera-oharra
Senideok: gauza ederra da esker oneko izatea, eta edonon da onartua esker onekoa. Tamalez, gero ta esker txarrekoagoak gara, dana zor baleuskue lez jokatzen dogu, eta diruaz edozer lortu geikela uste dogu. Argi ikusi geike jainkozaletasunak egiten gaitula esker oneko. Baina non bota edo galdu ete dogu jainkozaletasuna? Beharrizanak alkartu egiten bagaitu, alkarregaz bilatu ta batzeko, aberastasunak alkarrengandik banandu egiten gaitu, besteei bildur hartzeraino. Bilatu daigun gaurko eukaristia honetan jainkozaletasuna, esker oneko izatea, besteak senide lez hartzea.
Sarrera-abestia:
Aita baten semeok
sinismen bakar bat dogunok
anai artean batu garanok
kantuz gatoz, kantuz zugana, Jauna.
Argiaren seme eta egunaren oinordeko
abia gaitezen danok Jaunarengana goizean,
uxatu ditu goiz albak gure baitako ilunak,
eta pozaldi betea sortu digu bihotzean.
—Seme gara, bai, baina seme izaten ba ete dakigu?
Anai gara, bai, baina anai izaten ba ete dakigu?
Seme izatera, anai izatera, Jauna, heldu nahi dogu.
Zein gozo ta eder dan
anaiok alkartu
eta danok batera
Jainkoa goratu.
Abadearen agurra
Danetariko ondasunez beteten, / eta bere seme-alaba egiten gaituan
zeruetako Jainko Jauna / izan bedi zuekin. # Eta zure espirituarekin.
Damu-otoitza
Gure uste ona (edo konfiantzea) Jainkoagan barik diruan ezarten dogunean esker txarreko eskakizungile egiten gara. Damutu gaitezan gure itxikeriaz, geurera baino ez begiratzeaz:
—Jesus Jauna, beti behartsuen ondoan zengozana, erruki, Jauna!
—Jesus Jauna, sinismena eskatzen deuskuzuna, Kristo, erruki!
—Jesus Jauna, esker onean bizi izan zinana, erruki, Jauna!
1. Irakurgaia (2Erg 5, 14-17)
Diruaz ezin daiteke dana erosi; esker onak, ostera, mundu osoa irabazi daike, nagusiak eurak ere buru makur jarten dauz. Entzun, eta ikasi daigun.
Erantzun salmoa:
(EDO) R/. Kanta Jaunari kantu barri, egin dauz-eta hainbat harrigarri
2. Irakurgaia (Tm 2, 8-13)
Gogoramena indartsua da. Noiz gogoratzen gara Jesukristogaz? Gauzak txarto joakuzanean Jainkoagaz gogoratzen gara, baina Jesukristogaz? Gogoramen honexek dinosku zelango sinistunak garen. Entzun.
Ebanjelioa (Lk 17, 11-19)
Zer da sinismena Jesusentzat?; zelango indarra dau sinismenak?; zeri deritzogu guk sinismena, edo zer bilatzen dogu sinismenaz? Ea gertakari honek argitzen gaituen. Egin deiogun harrerea aleluia abestuz, zutunik.
Eskariak
† Jainkoagana erreguka hurreratzeak gure makaltasuna ta beharrizana iragarri deiguzala, eta esker oneko bihurtu gaizala:
—Gure Elizbarrutiaren alde: sinismenaren ondasuna eskertzen jakin daian, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure etxeetako gurasoen alde: sinismena landu ta ospatu daien eta seme-alabak sinismenean hezi daiezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Beste ezeregan baino diruan uste hobea dabenen alde: Jainkoaren ikutua izan daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Indarkeria erakustea eta bestea zapaltzea bilatzen dabenen alde: bakeak danok behar gaitula ikusi daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Jaunaren opari honetan eskuhartzen dogunok esker onez bete gaitezan eta behartsuak izan daiguzan gogoan, eskatu deiogun Jaunari.
† Jauna, zeurea da dana eta dana hartzen dogu zeure ontasunetik; egizu hori geure bizitzan autortzen jakin daigula. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzerako
1. Ogi hau jaten dauanak
izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da
Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta
hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu:
bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen
osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson
Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu
ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik
gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun
Jesusen izenean.
Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske:
bizi behar honetan ahuldu baikintezke.
Zure gorputz santua hartu nahi genduke.
Zu gabe bizitzerik ezingo genduke.
Munduak behar badau eguzki-argia,
mendiko abereak iturri garbia,
orobat (gu danok) nahi badogu barruko bizia,
beharrezkoa jaku zeruko ogia.
Jauna, zure grazia lagun dakigula
ogi hau jan dagigun behar dan bezela.
Ez ahaztu txarrerako jarriak gauzela,
arren, zuzen ta leial bizi gaitezela.