URTEAN ZEHARREKO XXX. DOMEKEA /B
Sarrera oharra
Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko XXX. domeka honetako liturgia ospatzera. Nahi dogu gure makaltasunekaz, gure pekatuaz, aurkitzea? Nahi dogu pekatu horretatik askatuak izatea, salbatuak? Ala gatx egiten jaku berba hori entzutea bera ere, eta gatxago gure pekatua autortzea, errez-errez azaleratzen badoguz ere inorenak?
Gaurko liturgiak Jainkoaren aurpegi alaitsua eta zorion emoilea aurkeztuko deusku, eta mahairatuko ez dogula abaderik behar geu garalako, Bateotik gehiago, abade, profeta eta errege. Ea, ba, ebanjelioko irudiak gure balioak jaurtitzeko indar emoten deuskun, eta Jesusen aurrean gure pekatu-egoerea autortzeko adorea. Horrela baino ez dau aintzat hartuko gure sinismena.
Sarrea-abestia
GOAZEN ALKARTURIK
biztuta fedea
argitan zabalik
maitasun bidea.
1 Entzun dezagun apaltasunez
entzun dezagun Jaunaren hitza
Bere hitzetan gure egia
gure indarra gure bizia.
2 Gurekin dogu maisu ta lagun
gurekin dogu, gurekin, Jauna!
Egin dezagun zuzentasunez
ta maitasunez bere esana!
Damu-otoitza
Ez gaitezan inori begira jarri besteen jarrerak eta jokabideak gaitzesteko; begitu daigun geure barrura, Jesusen aurrean, gure makaltasunak autortzeko, bere parkamenaz osatu gaizan:
—Jesus Jauna, Jainkoaren errukia agertzen deuskuzuna, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, Jainkoaren aurpegi alaia eta zorion-emoilea erakusten deuskuzuna, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, barru-barrutik osatu geinkezuzana, erruki, Jauna.
Lehenengo irakurgaiari
Lur jota dagoan harriaren adorea jaso egin gura dau Jeremiasek, eta Jainkoa zelangoa dan eta bere herriaz zer gura dauan gogoratuko deutso.
Erantzun salmoa
R/. Handikiro jokatu dau Jaunak gure alde.
Bigarren irakurgaiari
Ez gaitezan gelditu Itun Zaharreko abadetzan. Sartu gaitezan Itun Barrikoan Jesusegaz, beragan geu ere abade garala autortuz.
Ebanjelioari
Bartimeok ez dau aukerea alperrik galduko…, eta saria lortuko dau. Ikasi daigun beragandik. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Geu gara, bitartekaririk barik, geure burua, beharrizanak eta laguntza eskariak Jainkoari zuzentzen deutsoguzanak, Jesusengan uste on osoa jarriz:
—Elizearen alde: eliztarren nagusitasuna eta bitartekaritzearen beharrik eza landu eta iragarri daian, emakumea bere oinen gainean, duintasun osoan jarteraino, eskatu deiogun Jaunari.
—Erlijioen bildurpean dagozanek Jesusengana hurreratzeko aukerak aurkitu daiezan eta aprobetxatu, sinismenaren salbamena eurengan ere gauzatu daiten, eskatu deiogun Jaunari.
—Senideak eta herrialdeak menpean hartuta daukezanek bazter batera bota daien euren nagusikeria, eta menpekerian bizi diranek, euren menpekeria autortuz, askatasunean bizi izateko gauza izatera heldu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Jesus Jaunaren mahai inguruan alkartzeko aukerea dogunok geure itsukeriak autortzeko gauza izan gaitezan, eta Ebanjelioko uretan edatea bilatu daigun, alkar adoretuz, eskatu deiogun Jaunari.
† Gu zoriontzea bilatzen dozun Jainkoa: eragin egizu gure barruan gure itsukeriak autortzeko indarra, zugandik salbamenaren pozean bizi izan gaitezan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
JAUNARTZERAKO
* Zabal, otoi, Jauna, nire begiak,
ikus daiezan zure bihotzaren miragarriak.
Bide-bazterrean nago-ta itsu,
Zu, nire Jauna, ikusi zaidazan osatu naizu.
Zabal, otoi, Jauna, nire eskuak:
begoz zabalik, ta biztu begiez bihotz makalak.
Gatx guztien gaindi, noan zurekin;
hartu eskutik, kurutzera ere joan ahal nadin.
Zabal, otoi, Jauna, nire bihotza,
entzun dagidan, behartsuen deian, Kristoren boza.
Askorentzat hilda zagoz zu, Jauna:
egon nirekin; inoiz ez galtzeko biztu fedea.