Urtean zeharreko, XXIV. asteko domekea /A
Sarrera-oharra
Senideok: gero eta gatxagoak egiten jakuz eguneroko hartu-emonak; gero eta susmo handiagoz begiratzen deutsogu alkarri; gero eta bildurtiagoak gara, eta exijitzen dogu legeak babestu gaizala… Diru-zalekeriak ez ete gaitu bihozgogor bihurtzen eta barru-bako? Ba dakigu geure errua autortzen, parkamen eskatzen eta parkamena luzatzen? Hauxe da gaurko liturgia honetan garatuko doguna. Ondo etorri, senideok.
Sarrera-abestia
Aita baten semeok, sinismen bakar bat dogunok,
anai artean batu garanok, kantuz gatoz, kantuz zugana, Jauna.
Seme gara, bai, baina seme izaten ba ete dakigu?
Anai gara, bai, baina anai izaten ba ete dakigu?
Seme izatera, anai izatera, Jauna, heldu nahi dogu.
Abadearen agurra
† Bere egintza aparteko garalako,
ezagutzen eta maitatzen gaituan
eta beti parkatzen deuskun Jauna izan bedi zuekin. #Eta zure espirituarekin.
Damu-otoitza
Maite gaitulako ezagutzen gaitu Jainkoak eta luzatzen deusku, eten barik, bere parkamena. Jo daigun haren errukira apaltasunez:
—Jesus Jauna, Jainkoaren seme-alaba egiten gaituzuna, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, alkar maitatzera bultzatzen gaituzuna, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, beti parkatzen irakasten deuskuzuna, erruki, Jauna.
I. Irakurgaiari
Ekarri ete daike ezer onik gure barruan zekenak edo susmo txarrekoak izateak? Zerk eragiten ete dau guzti hori gure barruan?
Erantzun salmoa (Sal 102, 1-2. 3-4. 8-9. 10-11)
II. Irakurgaia
Guztiz bestelakoa da bere bizitza Jainkoari begira eta hari erantzunez egiten dauanaren egunerokotasuna. Nahi ete dogu geuretzat?
Ebanjelioari
Gatx egiten jaku gure errua autortzea, parkamen eskatzea eta parkatzea, ezta? Egin deiogun harrerea bide horretatik doan gaurko ebanjelioari, Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Izan daigun gogoan maite-maite gaitula Jainkoak eta gure pekatuei ez-ikusia egiten deutsela gure eskariok egiterakoan:
—Elizearen alde: errukiaren eta parkamenaren testigu sutsu izan daiten gaurko gure mundu barru bakoaren erdian, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Barrurik ez daukan Gizarte honetan askok eta askok bota dau eta botaten dau bere burua urtenbiderik ikusten ez daualako. Jainkoaren errukitik ikasi daigula besteok ere harei parkamena luzatzen, eta holangoei urtenbideak bilatzen, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Mundu honetako lurralde garatuek erruki apur bat izan daien azpi garatuak diran herrialdeekaz, eta neurritasuna eta zaborren birziklapena bultzatu daiezan, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Jainkoaren maitasunaren eta parkamenaren ospatzaile garanok haren testigu ere izan gaitezan gure arteko eta besteekazko hartu-emonetan, eskatzen deutsugu, Jauna.
† Maitasunaren barri izatetik parkamenera garoazuzan Jainkoa, emoiguzu ezagutzera parkamenaren handitasuna eta harek aske egiten gaitula. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
JAUNARTZERAKO ABESTIA
GUK PARKATUKO DEUTSEGU BETI
MIN EMOTEN DEUSKUEN GUZTIEI (bir).
—Emoiguzu, Jauna, parkamena,
on ona zara, errukitsua.
—Irain danak parka ahal ditzagun,
egiguzu, Jauna, beti lagun.
OHARRAK…