abd03b

Abendualdiko 3. domekea

Sarrera-oharra

Senideok: Ondo etorri Abendualdiko hirugarren domeka honetako OSPAKIZUNERA. Zein da hartuko dogun mezua? Jainkoak bere herria poztu egin gura dauala, eta beste herrialde guztien poztasun iturri bihurtu. Horren ezaugarri, behartsuei barri ona iragarten jake, gatibuei amnistia emoten eta giltzapetuei askatasuna… Baina guk ez dogu holangorik sinisten, ezta?

Gure poza hondatuta ikusten dogu emakumearen aurkako gogorkeria dala-ta, gizarteko arazoak dirala-ta (krisia, langabezia, etxetik kanporatuak, politikarien eta eliz agintarien ustelkeria…). Ba ete dago pozteko eta itxaropenerako arrazoirik?

Hori zeure esku dagoela esan geike. Orduan profetak, sinistunak eta Bateatzailea lanean hasi ziran. Besteak, edo besteok… mesfidantzan edo alperreko protestetan jarraituko dogu, ala lanean jardungo? Laguntza ez jaku faltako. Goazen laguntza horren bila.

Abenduko koroiaren inguruan

Hainbeste dira gure bidean daukaguzan oztopoak, Salbatzaileari etortea oztopatzen deutsoenak. Kandela hau biztean, hitza iragarriko deuskuen profetak eskatzen doguz, oztopoak bizitza neurritsuagaz kentzen dirala esango deuskuen profetak.

Sarrera-abestia

Zatoz, Jauna! Gaur zai duzu mundua,

zori gaitzez hain da hondatua!

Zatoz, Jauna! Zabal, otoi, zerua:

Etor bedi zure erreinua!

Zatoz, Jauna! Maitasunez gu bete;

munduz-mundu bihotzetan mintza.

Zatoz, Jauna! Zuk bat egin mundua:

Etor bedi zure erreinua!

Koroiaren inguruko abestia

Hainbeste dira gure bidean daukaguzan oztopoak, Salbatzaileari etortea oztopatzen deutsoenak. Kandela hau biztean, hitza iragarriko deuskuen profetak eskatzen doguz, oztopoak bizitza neurritsuagaz kentzen dirala esango deuskuen profetak.

EDO…

Damu-otoitza

Poz-emoile dogun Jainkoak pozik ikusi gura gaitu bere seme-alabak, ezelango kezka eta bildur barik. Baina gure gogorkeriak oztopo egiten deutso gurari horri. Damutasunez egin deiogun dei haren errukiari:

—Jesus Jauna, Jainkoagandik poza dakarskuzuna. Erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, gure kateak urratzen dozuzana. Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, gure ilunpeak argitzen dozuzana. Erruki, Jauna.

Lehenengo irakurgaia (Is 61)

Batzuen zoria baino ez da Profeteak iragarten deuskun poza eta Jainkoak bultzatzen dauan askatasuna, ala guztioi emon gura deusku Jainkoak zori hori eta geuk jarten deutsoguz oztopoak? Zelangoa dan sinismenaren indarra!

Erantzun salmoa (Lk 1, 46-48)

R/. Nire arima Jainkoagaz alai dot.

Bigarren irakurgaia (1 Ts 5, 16-24)

Paulo apostoluarentzat, pozak, zorionak, iturri bat baino ez dauka: Jainkoaren Seme Jesukristo; eta pozaz jabetzeko era bakarra otoitza da. Zorionari leku egiteko erako apalak eta leunak egiten gaitu otoitzak.

Ebanjelioa (Jn 1, 6-8. 19-28)

Ezagutzen ete dogu, gero, Jesus? Ez ete gagoz geure burutapenetan, eta haren izaerea debozinoz eta geure ustekeriez estaltzen? Aztertu daigun “bideak gertatzeak” zer esan gura dauan. Egin deiogun ebanjelioari harrera on Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Jainkoak aukeratuak gara bere pozaren eta askapenaren barri-emoile izateko. Behar dogun laguntza bila jo daigun otoitzera; hantxe aurkituko dogu poza ere:

—Elizearen alde: Jainkoaren aurpegi alaia eta argitsua iragarri daian, eta menpean dagozenekaz egin daian bat, eskatu deiogun Jaunari.

—Gizakiok gogorkeriaz erakusten dogu gure ahalmen eta handitasuna, eta torturatzen dogu, bortxatzen, erailten eta aurrean erabilten… makalagoa. Jainkoak gure bihotzean egin gura dauan askapenari zabalik egon gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Hainbeste txarkeria, zalekeria eta bihurrikeria ikustean, geure bizikereaz iragarri daigun —Bateatzailearen antzera— merezi dauala bideak atontzen jarduteak eta iragarteak, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure Elizbarrutiak eta eliz alkarteek behar daben itxaropena izan gaitezan geure prestutasunaz eta geure esku dagoana eginaz, eskatu deiogun Jaunari.

—Otoitzerako alkartzeak emon deigula barru zabala, entzumen zolia eta iragarten jakuna bizitzaratzeko gogo bizia, gure zorion-iturri bakarra Jainkoa izan daiten, eskatu deiogun Jaunari.

† Pozik ikusi gura gaituzun Jainko Jauna: emoiguzu otoitzerako ausardia eta zure esanetara bihurtzeko gogo bizia. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzerako abestia

Zatoz, Jauna, zatoz lurrera

zure herria salbatzera.

1 Bakea ta justizia bialdu mundura, Jauna;

zure jaiotzak gugana bekar poza, zoriona.

2 Okerretatik zuzendu, gaitz bideetatik aldendu,

gure kateak apurtu, bide ilunak argitu.

3 Gorroto-bideetatik aldendu gagizuz, Jauna;

alkar parkatu dagigun emoiguzu maitasuna.