uz02a_lggk

URTEAN ZEHARREKO II. DOMEKEA /A

Sarrera-oharra

(Arratsalde on) Egunon, senideok: ondo etorri.

Liturgiak urtean zeharreko domeketan Jesukristorengana erakarri gura izango gaitu, ha ezagutu daigun eta, ezagutuz, maitatu daigun, eta, maitatuz, gure bizikerea haren bizikerearen antzekoa egin daigun; hau da: Jainkoaren gogoko bizikerea.

Gaurkoan Jainkoak aukeratuak garala ospatuko dogu, maite-maite gaitula eta gugan uste ona dauala. Eta baita jarrera bat ere ikusiko dogu: Gurea, bidea prestatzea bada, datorrenari leku egin behar deutsogula geure buruak baztertuz… Hauxe apaltasuna!

Emon deiogun hasierea elizkizunari abesti artean.

Aita baten semeok, sinismen bakar bat dogunok,

anai artean batu garanok, kantuz gatoz, kantuz, zugana, Jauna.

Seme gara, bai baina seme izaten ba ete dakigu?

Anai gara, bai baina anai izaten ba ete dakigu?…

Seme izatera, anai izatera, Jauna, heldu nahi dogu.

DAMU-OTOITZA

Sarriegitan jokatzen dogu Jainkoaren maitasuna eta parkamena irabazi behar izango bagenduz lez, Jainkoak, maite gaitulako, ezagutzen gaitula eta bere errukian hartzen gaitula konturatu barik. Agertu daigun gure damutasuna:

—Jesus Jauna, Jainkoaren maitasunera irekitzen gaituzuna, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, Jainkoaren errukiaren barri emoten deuskuzuna, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, alkarri bide emon behar deutsogula irakasten deuskuzuna, erruki, Jauna.

Lehenengo Irakurgaia (Is 49, 3. 5-6)

Norentzat ete dira berbok, Jainkoak agertzen dauan gurari hau: profetearentzat baino ez, ala geu guztiok ere sartzen gara Jainkoaren gurari honetan? Hartu daiguzan Jainkoaren guganako uste ona agertzen daben berbok geuretzako lez, eta barri on lez.

ERANTZUN SALMOA

Bigarren irakurgaia (1Ko 1, 1-3)

Sinistunak deituak dira, herri bat osotzeko Jesukristoren testigu izateko… Entzun deiogun Paulori berak egiten dauan autortza.

Ebanjelioa (Jn 1, 29-34)

Zer erakusten deusku ezer baino lehenago Bateatzaileak egiten dauan autormenean? Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

Eskariak

† Jesusen jarraitzaile izatea ha bizitzaz eta hitzaz ere autortzea da. Eta autorlea ere Espirituaz jantzia da Jainkoaren erreinuko ezaugarriak egiteko. Hartu daigun indar otoitzean, eta eskatu…

—Elizearen alde: gaurko mundu honen erdian eta gaurko gizakiarentzako Jesukristoren autorle agertu daiten eta harengana erakarri daizan jainkozale guztiak, egin daigun otoitz.

—Jesukristoren izenean bateatu guztien alde: izan daien sinismenean hezteko aukerea Jesukristoren testigu sutsuak izan daitezan euren inguruetan, egin daigun otoitz.

—Eliz alkarteetan zerbitzuren bat garatzen daben guztien alde: Bateatzailearen antzera, laguntzaileak onartzen eta beste batzuei ere leku egiten jakin daien, egin daigun otoitz.

—Sinismena ume mailan edo eskari mailan, ardurakidetasunetik urrun, bizi dabenen alde: Bateatzaileagandik ikasi daien Jesukristo maitatzeak ha iragartea, haren testigu edo autorle izatea eskatzen dauala, egin daigun otoitz.

—Alkarturik gagozenon alde: gaurkotasunez bizi izan daigun Jesusenganako maitasuna eta gure jainkozaletasuna, geure inguruetan autorle edo testigu izaten jakinez, egin daigun otoitz.

† Ilunpeetatik atara eta askatasunean biziazoten gaituzun Jainko Jauna: emoiguzu zure Semearen autorle izateko behar dogun adorea eta ausardia. Jesukristo gure Jaun berberaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzerako

1. Ogi hau jaten dauanak

izango dau bizia.

Kaliz hontan aurkitzen da

Jainko-odol guztia:

R/. Hor dogu janaria ta

hor gure edaria.

2. Jaungoikoak deitzen gaitu:

bera dogu janari.

Beragan dogu aurkitzen

osasuna ugari.

R/. Zelan begiratzen deutson

Jainkoak gizonari!

3. Danok gaur jaten badogu

ogi bat mahai batean

ezin izan gorrotorik

gaurtik gure artean.

R/. Alkar maitatu dagigun

Jesusen izenean.

Azkenean

Hartu daigun aintzat Jainkoak gutaz egiten dauan aukerea; hartu daigun atsegin bere guganako maitasunean; eta bizi izan gaitezan aste honetan zehar Jainkoaganako uste onean, konfiantzan, bere Semearen autorle (edo testigu) izanez, bai gure bizikereaz eta baita gure berbeaz ere.

OHARRAK

1. Kristau elizen batasunerako OTOITZ ASTEA (18-25)

2. Datorren domekan «Famili Mezea» Mertzedeko san Bartolomen, 11 t'erdietan. Apartekotasunez deituak Katekesiko Umeen Familiak.

3. Domeka horretan «Ume Misiolarien» eguna ospatuko dogu.