01abn01a

ABENDUALDIKO I. DOMEKEA /A

Sarrera oharra

Senideok: Abenduan sartzen gaitu domeka honek, eta itxaropenera deitzen. Hausnartu ete geike unetxo baten, zertarako behar dogun, edo eskatu geiken, itxaropena?

Bizi ete gara itxaropenean? Ez ete gagoz, alderantziz, ok eginda eta lo-zorroan geure aberaskerien eta krisialdi gozoan?

Bitartean, hainbeste sufrimendu dago gure artean eta urrunean, bai hirugarren munduan eta baita lehen mundu aberatseko bazterretan ere… Ez ete gaitu eurengana bultzatuko liturgiak, Jainkoari dei egiteak, Abenduko irudi diran Profetea, Maria eta Joan Bateatzailea lagun doguzela?

Horretara deitzen gaitu abenduak. Izan daigula lagun Jainkoaren grazia; eta errantzun deiogula esker onez.

Abestu daigun: Zatoz Jauna, gaur zain dozu mundua…

Zatoz, Jauna! Gaur zai duzu mundua,

zori gaitzez hain da hondatua!

Zatoz, Jauna! Zabal, otoi, zerua:

Etor bedi zure erreinua!

Zatoz Jauna! Nausi bait da dirua:

jendea maiz dauka zapaldua.

Entzun, Jauna, behartsuen oihua: Etor

Zatoz, Jauna! Hor gabiltza gauez gau:

piztu gugan fedearen sua.

Zatoz, Jauna! Argi ezazu mundu hau: Etor

Zatoz, Jauna! Maitasunez gu bete:

jendeek elkar ezin hartu dute.

Zatoz, Jauna! Zuk bat egin mundua: Etor

Zatoz, Jauna! Lokarriak zuk hautsi.

Munduz mundu bihotzetan mintza.

Zatoz, Jauna! Ager zaitez ta jaitsi:

Etor bedi zure erreinua!

Abenduko ezaugarria

Abenduko ezaugarri honetan, erne bizi izan gura dogula adierazten dogu, laster datorrela Salbatzailea, Jainkoari adi dagozenek onartuko dabena. Aldarrikatu daigun itxaropen-egarria:

Gizakiagaz ituna egin eta zeure berbea beteten dozun

Jainko Jaun maitalea: esnatu gaizuz

gure arazotxoen lo-zorrotik, eta alkartu gaizuz

sufritzen dagozan zure seme-alaba itxaropentsuekin.

R/. Zatoz, Jauna, gu salbatzera!

I. irakurgaia (Is 2, 1-5)

Hortxe dagoz haserreak, liskarrak, aurrean erabilteak, handiak txikia zapaltzea… Jainkoa sufritzezn dagoanagaz dago; haren itxaropena da; eta beteko dau bere berbea.

Salmoa (121)

Baztertua, pobrea, jasapenen artean bizi dana…, Jainko bila ibiliko da eta pozik igongo dau haren bila jauretxera, otoitzera. Bat egin daigun beragaz.

II. irakurgaia (Ro 13, 11-14a)

Jainkoaren salbamenaren zain dagoenak argitan bizi izatea gura izango dau, eta albo batera jaurtiko dauz ilunpetako egintzak.

Ebanjelioa (Mt 24, 37-44)

Alkartasunik ez dagoan lekuan indartsuak gaur bat eta bihar beste bat joten dau… Salbatzaileak bere inguruan alkartu gura gaitu txarkeriari aurre egiteko. Egin deiogoun harrerea ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Esna aurkituko ete gaitu gure artera Salbamena isuri gura dauan Jainkoak? Zuzendu deioguzan gure eskariak:

—Elizearen alde: gaurko gizakientzat itxaropeneko argi biztua izan daiten, sufritzen dagoanaren ondoan egonez horretarako, eskatu deiogun Jaunari.

—Hondamena sufritzen dagozan herrialdeen alde: hondamenak alkarrengandik aldentzera eta lapurkerietara barik, alkarregaz jokatuz, egoereari aurpegi emotera eroan daizan, eskatu deiogun Jaunari.

—Agintarien alde: haizeratzen dabezan berbak berba hutsean edo guzurretan geratu ez daitezan, pobreen onerako gauzatu daitezan baino, eskatu deiogun Jaunari.

—Herrialde pobreetako emakumeen alde: euki behar izango leuken duintasunak argi egin deien eta biztu dakien gizonagaz parekatuko dauzan egunaren argia, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure kristau alkarteen alde: itxaropena bizi izaten ikasi daigun, daukaguzan ondasunak eta beharrizanak alkarbanatuz, eskatu deiogun Jaunari.

† Itxaropenera deitzen gaituzun Jainko Jauna: atara gaizuz hondamenak jotako lo-zorro egoeratik, sufritzen dagoanagaz bat eginik, zeure Salbamenaren zain bizi izan gaitezan itxaropenez. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

OHARRAK

…/..

Azken oharra

Jainkoarekin esker oneko izateko asmoagaz urten daigun; heldu dakigun gutxitu eta espolotatuen garraxia, garraxi horretan aurkitu ahal izan daigun danok behar dogun salbamena, Jainkoak eskeintzen deuskun Salbamena. Atondu deiogula bidea.