URTEAN ZEHARREKO 3. DOMEKEA /C
(Ume misiolariak)
Sarrera-oharra
Ondo etorri, senideok, Urtean Zeharreko 3. domeka honetako elizkizunera. Ume Misiolariak (antxinako Santa Infancia) izango dogu gogoan. Eta, behar bada, umeentzako eredu izatea biztu behar izango geuke. Hareen aurrean, gaurko umeek asko dakielako-edo, konplexuz agertzen gara. Ez ete da gure sinismenean garatu bakoak, ume, ezjakin edo arduragabeak garalako? Gaurko liturgiak Jesusen jarraitzaile izateko burubideak emongo deuskuz eta Jainkoa ez dala eliztarrena, danena baino, paganoena ere bai, azpimarratuko dau. Egin deiogun leku gure barruan.
Sarrera-abestia
GOAZEN GUZTIOK BATERA Jaunarekin egotera.
Goazen guztiok batera Jaunarekin egotera.
1 Pozik alkartu gaitezen Aita dogu-ta laguntzen.
2 Seme-alaba bezela zaindu gagizuz Zuk, Jauna.
3 Entzun daizala Jaun onak gure poz eta negarrak.
Damu-otoitza
Holan ez autortuarren, Jainkoa eliztarrena edo txarkeriarik egiten ez dabenena, edo hari otoitz egin eta opariak eskeintzen deutsoenena dala dogu gogoan eta iruntzita. Damutu gaitezan:
—Jesus Jauna, herrialde guztiei iragarria ospatu zaituguna, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, Jainkoaren unibertsaltasuna iragartearren zeure herrikoek baztertua, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, zure jarraitzaileak danentzakoak gura gaituzuna, erruki, Jauna.
1. Irakurgaiari
Orduko Liturgiara hurreratuko gaitu irakurgai honek Jainkoaren Hitza iragartean, isilik entzuten dauan herriak benetako damua agertuko dau, eta abadeak alkarbanantzen dan pozera bultzatuko dau herriaren damua.
Erantzun-salmoa
Sal 18,8-9.10.15
R/. Zure berbak, Jauna, espiritu eta bizi dira.
2. Irakurgaiari
Jesusen jarraitzaileen hasierako leuntasun ha gero eta konplexuagoa danez, guztiaren eratzea eskatuko dau. Horren hausnarketea egingo dau Paulok eta emongo deuskuz burubideak. Badagoz hasierako xinpletasunera bihurtu gura dabenak.
Ebanjelioari
Ebanjelioan zehar etenbako salakuntzea izango danaz aurkituko gara gaurkoan. Egin deiogun harrerea ALELUIA abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Bere seme-alaba guztiena izan gura dauan Jainkoa autortuz zuzendu deioguzan gure eskariak, usterik handienaz:
—Elizearen alde: gizaki guztiengana zabaldua ego daiten eta danentzako izan daiten Jesusenganako bide eta laguntzaile, eskatu deiogun Jaunari.
—Gure gizartean lekurik aurkitzen ez dabenen alde: izan daien nork lagunduko deutsoen, eta aurkitu daien duintasunezko lekua bertan, eskatu deiogun Jaunari.
—Espetxeratu, iheslari, baztertu eta aurrean erabili guztien alde: eurak diran salakuntzeak erantzuna izan daian eta, horrela, gizarte alkarrenganatuagoa eraiki ahal izan daigun, eskatu deiogun Jaunari.
—Umeen alde, batez ere bortxatuak edo gerrarako edo mehatzegietan erabiliak diranen alde: heldu dakien Jesusen Barri Ona euren askatasun eta duintasun bihurtuko dana, eskatu deiogun Jaunari.
—Liturgia ospatzeko alkartzen garanok haren aberastasunaz jabetu gaitezan eta haren poza eta argia eguneroko bizitzan zabaldu ahal izan daigula gure inguruan, eskatu deiogun Jaunari.
† Poz-iturri zaitugun eta jai-giroan gura gaituzun Jainko errukitsua: emoiguzu zugandik hartzen dogun pozaren testigu izateko adorea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
Zabal bihotzok errukirako,
sendo bihotzok borrokarako.
—Gizon-emakume barri, kondairaren eragile
gizatasun barriaren oinarri eta egile.
Gizon-emakume barri arriskuen onartzaile,
fede-bizitzan ausarta, zailtasunetan garaile.
—Gizon-emakume barri, esperantzaren gudari,
zuzenaren gose-egarri, egi bidean bidari.
Gizon-emakume barri, ez kate ta ez lokarri,
askatasunaren jabe eta askatasun-azkarri.
—Gizon-emakume barri, mugaz-gaindiko maitale,
alkar artean oretuz arraza eta lurralde.
Gizon-emakume barri, pobreen artean pobre,
hauekin alkarbanatuz etxeko ogi ta aterpe.
Oharrak