pzk08a_pentekoste

PAZKO ONDORENGO DOMEKEA /A

(«PENTEKOSTE»RAKO LAGUNGARRIAK)

Sarrera oharra

Ondo etorri, senideok, Pentekoste eguneko liturgiara. Jesus berbiztuaren erregalua dogu Espiritua: heriotzearen garaileak geu ere garaile nahi gaitu lotura guztien eta grina guztien gainetik.

Eskertu deiogun erregalu hori; egin deiogun dei Espirituari; bizi izan gaitezan bere taupadetan eta bere esanetara. Biztu daigun arreta, barriztapena eskatzen daben egoerez jabetzeko.

Sarrera abestia

1 Zeru-lurren egile zaran

Espiritu Santua:

zatoz, eta bete bihotzak;

biztu gugan maite-sua (bir).

2 Zentzuari argi emonez

eta bihotzari su,

Jaun onaren irudi bizi

danok bihurtu gaitzazu (bir).

Zeru-lurren Erregina: Aleluia, Aleluia!

Biztu jaku Jesus Jauna: Aleluia!

—Zuregandik sortu dana: Aleluia!

Hil-artetik zutitu da: Aleluia!

Uraz zipriztintzean

Gogoratu daigun bateo unea, hantxe egin ginan-eta Kristoren gorputzeko atal eta Jainkoaren seme-alaba.

Zure saihets irekiari, Kristo

Biziaren ur-iturria dario

honetxek dau munduko

pekatu guztia garbitzen

eta bizitzea barriztatzen.

Hobenak dau gizakia menperatzen

eta Kristok bere Arnasaz salbatzen;

salbamen-iturrira abia gaitezen:

iragarri daigun bizia ozen.

† Erruki dakigula…

Lehenengo irakurgaiari oharra (ApEg 2, 1-11)

«Babel»ek gizakion arteko sakabanaketea iragarten dau; Jesus berbiztuaren Espìrituak ezbardintasun guztien gainetik jarriko gaitu Jainkoaren ondasunen barri emoten danok batera, bakotxa bere berezitasunean. Harrigarria! Entzun.

R./ ZURE ARNASA BIALDU GUGANA TA LUR-AZALA BARRITU, JAUNA.

Bigarren irakurgaiari oharra (1Ko 12, 3b-7.12-13)

Bakotxak bere nortasunean daroaz berezitasunak; baina honeik ez dira besteengandik urrintzeko edo besteak gaitzesteko, alkarregaz gorputz bat osotzeko baino, Kristo buru dogula, Jainkoaren aintzarako.

Ebanjelioari oharra (Jn 20, 19-23)

Ikasleen gaua egun argi bihurtuko da, egun barri, Jainkoaren aintza-eguna. Honek barru-bakea emongo dau eta iragartera bialduko, parkamena gauzatuz. Barri on hau geuretzeko, abestu daigun Aleluia, zutunik.

ESKARIAK

† Amaitu dau Jesusek bere eginkizuna, gu guztiok Espirituaren ardurapean itziz. Egin deiogun dei: «Zatoz, Espiritu Santua!» esanez.

—Jesusengan bateatu guztiok, artzainak buru ditugula, osotzen dogun Eliza honek apaltasun bideetan iragarri daian Barri Ona, egin daigun otoitz.

—Baztertuak, gutxituak, behartsuak eta Gizartean lekurik aurkitzen ez dabenak, ondo etorriak eta onartuak izan daitezan Eliza honetan, egin daigun otoitz.

—Agintariek herritarren beharrizanei, eta batez ere behartsuen direnei begiratu deieen, egin daigun otoitz.

—Gure arteko familietan maitasun espiritua nabaritu daiten, eta umeek eta gazteek nork gidatu izan daien, egin daigun otoitz.

—Eliz Alkarte honek, Gernikaldeko alkarteekaz batera jokatuz, abadegabetasunak emoten dauzan aukerak aprobetxatu daizan eliza arduratsuagoa egiteko, Espirituaren bultzadatan, egin daigun otoitz.

† Jainko Jaun bizi-emoilea: egin gaizuz Espirituaren esaneko eta zure Semeagaz esker oneko, Jainko eta Errege bizi da-ta, gizaldi eta gizaldietan.

—Amen.

JAUNARTZERAKO

Zatoz zintzoen barnera,

Espiritu sortarazle;

bete graziaz bihotzok,

Zu bait zaituzte egile.

Poz-emaile deritzazu,

Goiko Jaunaren doaia,

ur bizi, su-gar, maitasun,

eta gantzu zerukoia.

Zazpi doaien ixurle,

Jaungoikoaren besoa,

Aitak agindu bezala

hartzen dugun goi-mintzoa.

Argi zaiguzu zentzua,

maitekor egin bihotza,

indar iraunkorrez senda

gaitz-bera dugun gorputza.

Haiza gugandik etsaia

iguzu, arren, pakea,

Zu aurretik zaitugula,

urrun zaiguzu kaltea.

Erakus zaiguzu Aita,

erakus Semea guri;

bien Arnasa zerala

Zeru lurren egile zaran

Espiritu Santua,

zatoz eta bete bihotzak,

biztu gugan maite sua (2)

Behartsuen Aita zaitugu,

lanpean atsedena,

nahigabean gure barrengo

poza sortuten dabena. (2)

Aldendu, bai, gure etsaiak

ta arimako kalteak.

Gugan beti iraun daiala

Zuk emondako bakeak. (2)

Zentzuari argi emonaz

eta bihotzari su,

Jaun onaren irudibizi

danok bihurtu gagizuz (2)

Aita eta Semearekin

hirutan bat zarana.

Orain hemen zaindu gagizuz

gero eroan zugana (2)

sinistu dezagun beti. Amen.

PAZKOALDIKO VIII. DOMEKEA

«PENTEKOSTE»

HITZALDIA

Zatoz, Espiritu poz-emoile; zatoz, zintzoen barrura; zatoz… Behin eta barriro egiten deutso Eliza Amak dei Espirituari, ondo dakilako haren esku itzi dauala Jesusek, eta ha barik ez dala ezer.

Espiritu barik, senideok, geure grinen menpe gagoz, Paulok gogoratzen deuskun lez: gizaki zahar gara, ez gara Jesusenganatu, ez doguz geuretu Jesusen aginduak, eta haizeak orbela darabilan lez garabiz pekaturako grinek eta jokereak geu ere. Jainkoak seme-alaba aske nahi bagaitu, zelan izango gara bere gogoko, pekatuaren menpe egonik? Zelan izango gara bere gogoko, bere Semearen bideetan ibili ezik?

Jesusen agindua dogu alkarturik irautea, eta alkarregaz egitea harrerea Espirituari. Bakotxak bere antza dauka, bere trebetasunak daukaz, bere jakituria eta baita bere makaltasunak eta mugak ere… Baina Espirituak alkartu egiten gaitu, eta bakotxak Jainkoaren onda- sun agortezinen barri emoten dogu geure ezbardintasunez.

Eta Espirituaren indarrak gure itxituretatik atara eta mundu zabalera bultzatzen gaitu eta bere eskutik eroaten, autorle izateko: Jainkoak deuskun maitasunaren autorle izateko, gizaki aske eta alkar maite dabenak nahi gaitula adierazteko.

Zelan izan geintekez autorle (edo testigu) bakotxa bere aldetik, sakabanatuta? Ezin geintekez autorle izan Elizan baino, eta aurrera begiratzen dauan Eliza baten baino. Bai, hortxe dagoz gure makaltasunak, mugak, ezinak eta pekatuak; baina ez da hori iragarten doguna, beste hauxe baino: Jainkoak lotura guzti horreetatik aske nahi gaitula, eta bere Semearen Espirituaz egingo gaitula bere seme-alaba aske. Harexengan ikusten dogu garaile egin dauala norkeria, handikeria, haragikeria eta beste "keria" guztien gainetik, eta baita heriotzearen beraren gainetik ere… Espirituak erabilan gizona zalako.

Horixe nahi dau Jesusek guretzat ere, eta horrexegaitik egin deusku erregalo hori: bere Espiritua, Espiritu bizi-emoilea, maitasun-Espiritua, Espiritu poz-emoilea, behin eta barriro dei egin geikeon Espiritua.

Aurrera begiratuz, ba, jarri gaitezan Espirituaren esanetara, Elizeari, bere elizgizonetan-eta, aurpegiratzen deutsoezan pekatu guztien gainetik, euren menpe geratu ez gaitezan, danak gainditu ahal izan daiguzan; eta Elizbarrutiaren egoerea gogoan hartuta, bihurtu daigun gure Elizea Eliza alkartua, kanpora begira dagoana Jesusen autormena (testigantza) emoteko, behartsuen ondoan egonez, familiak adoretuz, gazteei argi eginez, umeak laztanduz, eta danei iragarriz Jesusengan izan geintekezela grina guztien loturetatik aske bizi diren Jainkoaren seme-alaba maitatuak. Zatoz, Espiritu poz-emoilea!

Lehenengo irakurgaia Ap. Eg. 2, 1-11

Apostoluen Eginetatik

Heldu zan Pentekoste eguna, eta ikasle guztiak alkarregaz leku berean batuta egozan; bapatean, zerutik hots bat etorri zan, haize bolada indartsu batena langoa, eta hareek egozan etxe dana bete eban.

Suzkoak lango mihin batzuk agertu jakezan, eta banan banan bakotxaren gainean gelditu.

Guztiak Espiritu Santuaz bete ziran, eta hizkuntza arrotzetan berbetan hasi, bakotxari Espirituak emoten eutson lez.

Bazan egun hareetan Jerusalenen judegu Jainkozalerik asko, zerupean diran herri guztietakoak. Hots hori entzun zanean, jendetza handia batu zan, eta harrituta gelditu ziran, bakotxak norberaren hizkuntzan berba egiten entzuten zitualako.

Harri ta zur eginik, honan inoen: «Ez ete dira, ba, galilearrak berbetan dabiltzan guztiok?

Zelan entzuten deutsegu, ba, bakotxak geure jatorrizko hizkuntzan? Gure artean badagoz partiarrak, mediarrak, elamdarrak; badagoz Mesopotamian, Judean, Kapadozian, Ponton, Asian, Frigian, Panfilian, Egipton eta Zirene ondoko Libian bizi diranak; badagoz erromatarrak, judeguak, eta proselitoak, greziarrak eta arabiarrak; eta danok geure hizkuntzan entzuten deutsegu Jaungoikoaren mirariak adierazoten».

Jaunak esana!

103. Salmoa

R/. "Zure arnasa bidal gugana ta lur azala barritu, Jauna"

Ene arima, goratu egizu Jauna!

Guztiz handi zaitut, Jauna, ene Jainkoa!

Bai ugari dirala, Jauna, Zuk eginak,

zuhurtasunez eginak zeharo,

lurra zure sorkariz betea dago.

Aurpegia gordeten badozu, ikara dira,

arnasea kentzen badeutsezu, hilten,

euren hutsetara bihurtzen.

Zure arnasea bialtzen badozu,

izatea emoten deutsezu;

lur azala barriztatzen dozu.

Izan bedi Jaunaren ospea sekuletan,

poztu bedi Jauna Berak eginetan.

Atsegin bekio nire olerkia,

nire poza da Jainkoa.

San Paulo Apostoluak korintotarrei (1 Kor 12, 3b 7. 12 13)

Senideok: Ezin dau inork esan: «Jauna da Jesus!», Espiritu Santuaren eraginez izan ezik. Era askotakoak dira dohainak, baina bat bera Espiritua; era askotakoak zerbitzuak, baina bat bera Jauna; era askotakoak eginkizunak, baina bat bera guztiakan dana egiten dauan Jaungoikoa. Bakoitzari guztien onerako emoten jako Espirituaren argitasuna.

Gorputzak, bat izan arren, zati asko dituan lez, eta gorputzeko zati guztiak, asko izan arren, gorputz bat diran lez, bardin Kristo ere. Gu guztiok —judutar nahiz greziar, menpeko nahiz askatu— Espiritu berberagan bataiatuak izan gara, gorputz bakar bat izateko. Eta guztiok Espiritu bakarretik edan dogu.

Jaunak esana!

Jesukristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik (Jo 20, 19 23)

Astearen lehenengo egunaren iluntzean, etxe baten batuta egozan ikasleak, ateak itxita, judeguen bildurrez. Sartu zan Jesus, eta euren erdian zutunik, esan eutsen: «Bakea zuekin». Hori esanda, eskuak eta saihetsa erakutsi eutsezan. Eta ikasleak pozez beterik gel- ditu ziran Jauna ikustean.

Jesusek, barriro ere: «Bakea zuekin. Aitak Ni bialdu nauan lez, Neuk ere bialtzen zaituet zuek». Eta hori esanez, hareen gainera arnasa egin eta esan eutsen: «Hartu egizue Espiritu Santua: zuek pekatuak parkatzen deutsezuezanei, parkatuta gelditzen jakez; eta lotzen deutsazuezanei, lotuta gelditzen jakez».

Jaunak esana!