URTEAN ZEHARREKO VI. ASTEKO DOMEKEA /B urtea
Sarrera-oharra
Senideok: ondasunik ederren lez osasuna dognok, eta Jainkoari, ezer eskatzekotan, osasuna eskatzen deutsogunok, zelan ulertu geike zintzoaren edo errubakoaren gaisotasuna, atsekabea edo aurrean erabilia eta eraila izatea? Zenbat errubako diran bazterreratuak, edo paretik kenduak, edo, beste barik, ezabatuak… Jainkoaren eginbeharra ete da, hareen oihuak entzunez, gaizkileak birrintzea? Jesusen Jainkoak beste hauxe irakatsiko deusku: bertara hurreratzeko deia dala oinazea, edo oinazetan dagoana. Dei hori jainkozaleek entzuten dabe. Oinazetan dagoanaren ondora hurreratuz, hari Jainkoaren aurpegia eta poza agertzen deutsoez. Horretarakoxe behar zaitu Jainkoak eta indarbarritu gura zaitu Eukaristia (elizkizun) honetan. Ondo etorri.
Sarrera-abestia
Damu-otoitza
Gaisotasuna ez da onartu beharrekoa; gure makaltasunaren eta mugen ondorio da, eta burrukatu beharrekoa. Baina bildur deutsogu gaisoari eta harengandik aldendu egiten gara edo ha baztertu egiten dogu. Damutu gaitezan:
—Jesus Jauna, gaisoek bilatu egiten zinduezana, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, gisoak ikutuz sendatzen zenduzana, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, gaisoekaz errukitsu agertzen zinana, erruki, Jauna.
Lv 13, 1-2.45ss
Badagoz Jainkoaren zigor lez ulertzen diran gaisotasunak: osatu-ezinak badira halan ulertzen dira. Baina halan ete da? Holango gaisotasunak jotakoak, gainera, baztertu beharrekoak ete dira? Legeak hori aginduko eban arren, guk Jesusi begiratu behar deutsogu.
Erantzun salmoa
R/. Zu zaitut ihesleku, askatasun pozez inguratzen nozu.
1Ko 10, 31—11, 1
Ezin dogunean jo behar ete dogu laguntza eske Jainkoagana? Ez ete hobe bere aurrean lez bizi izatea edozein unetan? Ikasi daigun Pauloren gomendioetatik.
Ebanj (Mk 1, 40-45)
Hartu daigun gogoan Jesusen jarrerea: bere aldikoen usteetatik eta Legeak agindutakoetatik harago doa: gaisoari errukia hartzeraino. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Aurkeztu deioguzan osasun-iturri dan Jainkoari gure gaisotasunak eta munduarenak, berak osatu gaizan eta errukior bihurtu:
—Elizearen alde: zaharkituta dauken lotura guztietatik askaturik, apaltasunez, ausardiaz eta errukitasunez iragarri daian Barri Ona, sufritzen dagozan guztiak beragana erakarriz, eskatu deiogun Jaunari.
—Berezko gaisotasunak jotakoek, edo baita ingurukoen menpekeriak baztertutakoek, edo, aurrean erabiliak izanaik, bizi izateko gogorik ere ez daukenek Jesusengan, honen Barri Onean eta Otoitzean aurkitu daien laguntzea, besteentzat ere eredu izateraino, eskatu deiogun Jaunari.
—Jainkoaren edo Legearen izenean bazterreratuak diranen alde: egoera horretatik urteteko laguntzea izan daien, eskatu deiogun Jaunari.
—Baztertuen, zaharren, gaisoen eta mundu honek ezertarako ez dauzanen ondoan euren bizia ere emoten diharduen borondatezkoen alde: besteen alde lan egiten ausartuko diranen hazi izan daitezan eta Barri Onaren testigu euren lanean, eskatu deiogun Jaunari.
—Eliz alkartearen altzoan Jainkoaren hitzaz elikatzen garanok bera izan daigun osasun eta poztasun iturri, gure ingurukoei eroango deutseguna gaisoaldi guztiak osatzeko osakai, eskatu deiogun Jaunari.
† Goitik-behera osatzen gaituzun Jainko Jauna: zeugan jarri daigula gure uste on osoa, salbamen hori gure inguruan zabaltzeraino. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.