Sarrera-oharra
Garizumako bigarren domeka honek, senideok, Jainkoak egiten deuskun erregaloaren aurrean jarten gaitu: Jesus dogu Legearen eta Profeten betetasuna, beragan aurkitu geike Jainkoaren berbea. Ea ikasten dogun gure barruan isiltasuna egiten berba hori entzun ahal izan daigun. Berak eroango gaitu gure inguruan baztertuta eta hankapetuta dagozenen garraxia entzutera, euren ondoan egotera eta hareik gure Eukaristia-mahaira ere deitzera. Gure uste on osoa Jainkoagan baino ez jarteko asmotan, sartu gaitezan gaurko liturgiako eremuan.
Sarrera-abestia
R/. Zure aurpegi bila gabiltza gu, Jauna,
zu zaitugu argi eta salbamen,
zu, Jauna, biziaren babes.
Uste on izan Jaunagan eta izan gizon,
jaso bihotza eta Jaunagan sendo egon.
Zelan dan aita bere umeentzat bihozbera,
halantxe da Jauna fededunentzat onbera.
Lehenengo Irakurgaiari (Has 22, 1-2.9a…)
Arrisku askok inguratuta bizi da Jainkoaren herri aukeratua, eta zelan edo halan egin behar deutse arriskuei eurre. Euretariko bat da inguruko herriek egiten dabezan giza-sakrifizioak. Hareen aurrean, Jainkoak berak emoten deusku zer eskeini: geure burua.
Erantzun salmoa
Aurkeztu daigun geure burua Jainkoari egiten deutsogun opari lez, salmo honen eskutik:
Sal 115, 10 eta 15. 16-17. 18-19
Bigarren irakurgaiari (Err 8, 31…)
Aintzat hartu daigun geure alde dagoala Jainkoa, maite gaitula eta geure ondoan dala, batez ere sufritzen dogunean. Horrexek eroango gaitu bildur barik jokatzera.
Ebanjelioa (Mk 9, 2-10)
Adi ebanjelioko txatal honetako zerutiko abotsak dinoskunari. Egin deiogun harrerea goralpen abestiaz:
AINTZA, JESUS, ZURI BETI:
ZU ZARA GURE ARGI.
Gora zu, Jauna; gora zu, Jauna; gora zu, Jauna!!!
ESKARIAK
† Hurreratu gaitezan Jainko leial eta zintzoagana gure eskari apal eta gartsuekaz; eskatu daigun…
—Elizearen alde: zintzotasuna iragarriz betera errukira deitu daizan bere seme-alaba guztiak, eskatu deiogun Jaunari.
—Herrietako halamoduzko legeek espetxeratu edo heriotza-zigorperatu dabezan guztiekaz errukiz jokatu daien, hareen gizatasuna errespetatuz eta onbideratzea eta bergizarteratzea bilatuz, eskatu deiogun Jaunari.
—Herrigintzan diharduen alderdi politikoak eta herrigintzatik ihes eginda dagozan herritarrak herrigintza zintzorako suspertu daitezan, alkarri bere akatsak aurpegiratzetik urtenaz, eskatu deiogun Jaunari.
—Txirotasuna, bazterkuntzea, gutxispena eta beste zapalkuntzarik sufritzen dabenak laguntza barik geratu ez daitezan, guretzat deigarri eta Jainkoaren errukia eurenganatzeko bide izan daitezan baino, eskatu deiogun Jaunari.
—Berbizkundean gizaki barri urteteko, Jesus Jaunaren Nekaldiagaz bat egitea gura dogunok gure inguruan Barri Onaren poza zabaltzen ahalegindu gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.
† Zure Semearen erregalu paregabea egiten deuskuzun Jainko errukitsua, hari entzunez, ausardiaz jarri daigula gure bizitza bazterreratuen laguntzan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
OTOITZA
Jainkoa ez dago urrun, hortxe bertan baino:
hitz egiten deusku eta lankidetzara deitu.
Baina geure ezetzaz egiten dau topo
eta erosokerian aurkitzen gaitu, entzun-gor.
Gauzak errezteko bilatzen dogu Jainkoa,
bizikera erosoa eta osasuntsua emon deigun;
baina haren ardurea bere seme-alabak dira,
batez ere ezinean, bazterkuntzan eta jasapenean dagozanak.
Eroan gaizuz, Jauna, eremura, mendi-gailurrera,
zure hitza entzutera eta zure errukia dastatzera,
bizitzea emotearen poza izan daigun,
uste on osoa zeugan baino izan ez daigun.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.