URTEAN ZEHARREKO 16. DOMEKEA /B
Sarrera-oharra
Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko 16. domeka hau ospatzera: bete gaizala Jainkoak bere graziaz eta bakeaz.
Gure egoereaz arduratuta gagozanok ez gara geratuko nagusien eta gure artzainen aurka egiten diran salakuntza eta zemaietan. Horretan ardiok ere daukagun ardurea aztertuko dogu eta Eliza zintzoagoa, gaurkoagoa eta baztertuengandik urrago dagoana bultzatzeko gogoagaz urtengo dogu: errukior jokatzeko gogoagaz. Gogotsu esku hartu daigun, ba.
Sarrera-abestia
Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske…
Damu-otoitza
Jainkoaren erreinua iragarteaz batera, Jesus Jaunak irakatsi egiten deutse bere ikasleei. Hurreratu gaitezan beragana gogotsu eta egarriz:
—Jesus Jauna, zure irakaspenean ikasleak zuzendu ere egin behar izan dozuz. Erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, asko eta askorengan zuganako egarria biztu zenduan. Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, banantzen gaituan gorrotoa ezabatu gura dozu. Erruki, Jauna.
Lehenengo irakurgaiari (Jr 23, 1-6)
Ez da erreza profetearen eginkizuna: agintarien gehiegikeriak salatzea, herri eta eliz agintariena, hareen eginbeharra herriaren ona bilatzea dalako. Holango profetak aurreak erabiliak izan ziran.
Erantzun salmoa
R/. Jauna dot artzain, ez naz ezeren beharrean.
Bigarren irakurgaiari
Paulok Kristoren heriotzearen frutuak gogoratzen deutse efesoarrei, eta bere autormenera erakarri gura gaitu geu ere. Entzun deiogun arretaz.
Ebanjelioari
Pasarte honetan agertzen diran egarridunak ete gara geu ere? Hala bedi! Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Artzain arduratsuak, ardiei emonak, gura dauz Jainkoak, eta herri egarritsua, bere berbea irrikatzen dauana. Geure otoitz eta erregu bihurtu daigun Jainkoaren guraria.
—Elizearen alde: egokieraz barik, Jainkoaren gurariaz bat datozan artzainak sustatu daizan, euren irakaspenaz eta biziereaz argitu eta elikatu daiezan euren ardurapeko guztiak, eskatu deiogun Jaunari.
—Sinistun edo eliztar lez agertu bai, baina ezelango egarririk edo zaletasunik ez daukenen alde: jarri deieen arreta Jainkoaren deiei, euren lozorrotik esnatu eta bizkortu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Nagusien eta batez ere eliz artzainen gehiegikeriak eta ustelkeriak jasan dabezanen alde: bizitza barritzeko gauza izan daitezan, parkatzeko eta ustea Jaunagan jarteko, eskatu deiogun Jaunari.
—Esplotatuak diran umeen alde, emakumeen alde eta lotsarizko lan baldintzetan diharduenen alde: euren duintasunean jarriak izan daitezan behar dabezan laguntza guztiak eskuratuz, eskatu deiogun Jaunari.
—Jainkoaren erreinua eraiki guran haren berbea entzuten eta haren Semearen mahaitik elikatzen garanok, haren esanetara egarri biziz hurreratu gaitezan, alkar adoretuz eta aintzat hartuz, eskatu deiogun Jaunari.
† Zure herriarentzako artzain adoretsuak gura gaituzun Jauna, emoiguzu zure irakaspenetarako egarria, gure artetik sortu daitezan behar doguzan artzainak eta zerbitzariak. Jesukristo.
—Amen.