URTEAN ZEHARREKO 13. DOMEKEA /C
Sarrera oharra
Senideok: zelan geratuko ginateke Jesusek ez zaitut behar esango baleusku? Ba gatoz mezatara (eta gogorik onenagaz); egiten dogu otoitz; esku zabalak gara limosnetan; ez gara inori kalterik egitekoak… Baina esan deutsogu Jesusi inoiz edonora jarraituko deutsut?
Jesusek bere jarraitzaile lez ez dauz aukeratu jakintsuak, edo aberatsak, edo osasuntsuak…, berari jarraitzeko prest dagozenak baino. Gertatu gaizala Eukaristia honek Jesusen jarraitzaile gertuak izateko, eta jarraitzaile izateaz, bizitzea poztasunez bizi izateko.
Sarrera abestia
Argiaren seme eta egunaren oinordeko
abia gaitezen danok Jaunarengana goizean,
uxatu ditu goiz albak gure baitako ilunak,
eta pozaldi betea sortu digu bihotzean.
Damu otoitza
† Gehienetan bizi izaten dogu gure sinismena epelkerian, ingurura egokituta, eta Jesusek bestelakoak gura dauz: gertuak, bulartsuak, jarraitzaile jarraitzaileak. Damutu gaitezan:
—Jesus Jauna: zure lehentasuna Jainkoaren erreinua iragartea dozuna, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna, zure aukereak danetarako askea, librea, egiten zaituna, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, jarraitzaile izatera deitzen gaituzuna, erruki, Jauna.
† Erruki dakigula…
Lehenengo irakurgaiari oharra (Erg 19, 16b.19-21)
Konturatu gaitezan zelan erantzuten deutson Eliseok Elias profetearen keinuari. Holango erradikaltasunez bizi ete dogu gure kristautasuna?
Erantzun salmoa (15)
Bigarren irakurgaiari oharra (Gal 5, 1.13-18)
Jainkoaren askatasunak ez garoaz edozer eta gura dogunean egitera, jauntasunez bizi izatera baino, menperatzen gaituen grina guztien gainetik bizi izatera.
Ebanjelioari oharra (Lk 9, 51-62)
Jesusen erradikaltasuna ez da gogorkeriazkoa, norbera dan osoa hartzen dauana baino, eta dana Jainkoaren erreinua iragarteko askatasun osoaz. Egin deiogun harrera Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Bizitza sakonekora eroan gura gaituan Jesusen aurrean autortu daigun gure epelkeria, eta eskatu daigun:
—Bateatu guztien alde: egunerik egunera gero eta erradikaltasun handiagoa bilatu daien Jesusi jarraitzean… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.
—Eliz Amaren alde: bere pekatuak autortzen jakin daian, eta bihozbarritze ibilbidean eten barik jardun daian… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.
—Euren lehentasuna dirua, edo izen ona, edo lehena, edo beste edozer dabenen alde: Jesusen jarraitzaile izateko lehentasuna Jainkoaren erreinua dala ikasi daien… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.
—Gaixoek, espetxeratuek eta besteen beharrizana dabenek aurkitu daien Jesusi jarraitzea erradikaltasunaz bizi dauanik eurei laguntzeko… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.
—Eukaristia ospatzeko alkartu garanon alde: Jainkoaren Hitzera (Biblia taldeetan), eta otoitzera (erretiroetan-eta) hurreratu gaitezan, gure sinismena emonkorra izan daiten, eta poz eragilea… Eskatzen deutsugu, Jauna, -Aita zaitugulako.
† Deika eta deika zaukaguzan Jainko Jauna: atara gaizuz gure gorreriatik eta epelkerian bizi izatetik. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzerako
1. Ogi hau jaten dauanak
izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da
Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta
hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu:
bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen
osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson
Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu
ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik
gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun
Jesusen izenean.
Hemen gaituzu, Jauna, ogiaren eske:
bizi behar honetan ahuldu baikintezke.
Zure gorputz santua hartu nahi genduke.
Zu gabe bizitzerik ezingo genduke.
Munduak behar badau eguzki-argia,
mendiko abereak iturri garbia,
orobat (gu danok) nahi badogu barruko bizia,
beharrezkoa jaku zeruko ogia.
Jauna, zure grazia lagun dakigula
ogi hau jan dagigun behar dan bezela.
Ez ahaztu txarrerako jarriak gauzela,
arren, zuzen ta leial bizi gaitezela.
.URTEAN ZEHARREKO 13. DOMEKEA /C
HITZALDIA
Senideok: Domeka honetako liturgian agertzen jakuzan irudietara hurreratuko gara gainetik, sakontasun handiegirik barik bada ere; merezi dauala uste dot, kristau bizitza ezagutu, haretan sakondu eta Jainkoari egunean baino egunean zintzoago erantzun nahi deutsogunontzat.
Lehenengo irakurgaian Eliaz profetearen keinu esanguratsua agertu jaku: Eliseoren lepo gainetik bere soingainekoa botaten dau, bera aukeratu dauala esateko. Eliseok onartu egiten dau aukeraketa hori, eta, horren ezaugarri, bere idi-pareak okelatan emoten deutse janari bere morroiei: ha zelango jaia! Daukan dana bertan behera itziz Eliasen jarraian doa, ba. Ez da aintzat hartzekoa eta txalogarria Eliseoren bat-bateko eta atzera begiratu gabeko erantzuna? Txalogarria, benetan! Holangoa ete da Jainkoari guk emon eta emoten deutsogun erantzuna?
Begira san Paulok gogoratu deuskuna: askatasunean bizi izateko askatu gaitu Kristok: ez gaitezela jausi, ba, ezeren morrontzan; ez pekatuaren ez ingurukeriaren morrontzan. Baina zenbat morrontza jan behar izaten doguzan, ezta? Hainbeste bildurren morrontzea: geroaren ziurtasunik eza; ingurukoen zeresana; osasuna galtzea; familiaren etorkizuna, eta abar. Guzti horreen katepean bizi gara asko eta asko, gure sinismena morrontza horretan bizi izan behar bagendu lez. Zer egingo dogu, ba?, esaten dau batek baino gehiagok.
Baina izan gogoan: hortxe dago apostoluak dinoskuna: Askatasunean bizi izateko askatu zaitue Kristo Jaunak… Zelangoa da Kristo Jaunaren askatasuna? Berea bai dala Espirituaren esanetara dagoanaren bizikerea! Ordua heldu dala uste dauanean han doa Jerusalenerantza; ezerk ez dau desbideratuko. Aztertzekoak dira ebanjelariak emoten deuskuzan aztarnak:
a) Zelan erantzuten dabe Santiago eta Joanek, Jesusi, Jerusalenera bidean doalako, ez deutsoela harrerarik egin gura jakitera heltzen diranean? Jesusek gogor gaitzetsiko dauz anaion asmoak, gogorkeriazkoak eta gorrotozkoak diralako. Oraindino ez dakie, antza, Jesus ez dala gogorkeria-zale. Jainkoak ez darabilela bere handitasuna eta indarra, aurka dagozenak birrintzeko, dinosku, hareik beragana erakarteko baino. Zenbat bider nahi izaten doguzan konpondu gure arazoak mahaian ukabilkada bat emonez-edo, ezta?, edo aurkaria birrinduz, edo neuk lez uste ez badau, gaitzetsiz, paretik kenduz, hilez…, ezta? Hori ete da Jesusen erantzuna?
b)Jesusek benetako jarraitzaileak gura dauz, ez badaezpadakoak. Horren barri emoteko, hiru egoera jarten deuskuz ebanjelariak:
1.- Jarraitzaile baten bere barrutiko prestutasuna: edonora jarraituko deutsut. Baina zer bilatzen ete eban Jesusengan, honek berak burua non etzanik ez daukala esateko?, pobrezia gorrienean bizi dala esateko? Jarraitzaile izan gura eban haretaz ez dakigu ezer. Non ete dira hainbeste eta hainbeste bateatu, edo poz-pozik eta ilusinoz beterik Jaunartzea egiten daben hainbeste ume…?
2.- Beste batek erantzun gogorra entzun behar dau Jesusen ahotik, ulertu ez daualako antza, Jainkoaren erreinuaren iragarpena dala, eta ez beste ezer, Jesusentzako lehentasunik behinena. Ulertu ete dogu hau, senideok? Jesusen jarraitzaileak Jainkoaren esanetara dagoz, eta haxe da egunero bilatzen daben ondarea. Hori da gure jarrerea, ala Jainkoa bera ipini gura dogu geure morroi?
3.- Hausnarketa sakona merezi dau, senideok, hirugarren esaldi honek: goldeari eskua ezarri eta atzera begira dagoana, ez da nire begiko. Ez ete gabiz gitxiengo legeetan?: Mezeak aspertu egiten gaitu; otoitzean ez dogu gozotasunik hartzen; Jainkoaren berbara, Idazti Deunetara, ez gara hurreratzen, eta abar.
Aurkitu ete daike Jesusek Jerusalenera buru-belarri abiatzen dan une honetan, goitik beherako jarraitzailerik gure artean? Horrek zera esan gura dau: ezin dogula nahikotzat izan domeketan mezatan egotea. Beste ekintza asko eskeintzen jakuz. Aprobetxatu daiguzan, eta askatasunik handienaz egin deiegun seme-alabei Eliasek Eliseori egin eutsona. Eta ezin dogula edo lotsatu egiten garala ikusten badogu, aztertu daigun egoerea, eta ez daigun Joan eta Santiagoren gogorkeriaz erantzun, Jesusen sendotasunaz, erradikaltasunaz baino.