uz34c

Jesukristo gure Jauna, diran guztien Erregea

Urtean zeharreko 34. Igandea —C—

Sarrerea

Senideok: Liturgia urteko azkeneko domekan gagoz, eta azkenekoa dalako, bere berezitasuna izan behar dau. Liturgiaren aldetik badauka: Jesukristoren erregetzea ospatzen dogu. Baina, ze berezitasun aurkitzen dogu gure bizitzan gaurko egun honetan? Ze berezirik eskeiniko deutsogu Jainkoari, edo hartuko dogu beragandik?

Jainkoak argitasun eta itxaropen ederrak emoten deuskuz: itxura baten dana heriotzara eta ilunpetara bidean dagoen arren, dana doa bere altzora, bere Semearengan batuz. Honek heriotzan bertan agertzen dau bere handitasuna, bere erregetza. Ospatu daigun.

Sarrera-abestia

Jesukristo zu zara zu danon Jaun / gaur zu nausi agertuz, nork iraun?

FEDEDUNAK, ez etsi, ez ilundu / barriz Jaunak etorri behar dau;

danok zurik eskutik hartu alkar; / Kristo beti guk argi, guk indar. (FEDEDUNAK)

(EDO)

KRISTO GURE ERREGE

adora dagigun

zeru-lurren jabe

autortu dagigun (bis).

—Fede bizi baten danok ernai

zureak gara gu: o Jesus, bai

Zureak gara gu: o Jesus, bai

ez beste jaberik, ez dogu nahi.

Abadearen agurra

Jesukristo bere Semearen erregetzan

bere Espirituaren arnasaz,

eskuhartzea emoten deuskun Jauna / izan bedi zuekin.

Damu-otoitza

Bere nagusitasuna eta jauntasuna errukian agertzen dauan Jesus Jaunagana bihurtu gaitezan damuz eta erreguz:

—Jesus Jauna, tentazinoetan amore emoten ez dozuna: erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, gaizkileari erruki deutsozuna: Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, paradisua agintzen deuskuzuna: erruki, Jauna.

Aintzarako

Goretsi daigun Jainkoa azkeneko domeka honetan bere Semeagan hartzen gaitulako Espirituaren indarrean. Eta bizkortu daiguzan gure itxaropena ta sinismena:

—Aintza zeruetan Jainkoari.

* Bakea lurrean gizonari.

Lehenengo Irakurgaia (2Sm 5, 1-3)

Dabid zelan izendatzen daben errege azalduko jaku orain. Baina hartu gogoan: zenbat eta zelango guzurrez inguratzen doguzan geure atseginezko diren gauzak! Lehen Dabiden aurka egon zirenek, orain haren morroi jarri nahi dabe. Holangoak izango ete gara geu ere Jainkoarekin?

Erantzun salmoa (121)

Elizara joatea Jainkoaren deiari erantzute lez hartu ezkero, pozik joango ginateke alkarregaz bat egitera eta Jainkoa gorestera; eta hauxe da Salmo honetan iragarriko doguna. Izan daitela geure barrutik sortzen dan adierazpen eta eskaria.

Bigarren irakurgaia (Kol 1, 12-20)

Begira zelango indarraz adierazten daben Kolosako kristauek euren sinismena: antxinakoa da iragarpen hau, eta holango esaldi batzuetan batzen eben euren sinismena. Hartu daigun geure sinismena adierazteko dei lez.

Ebanjelioa (Lk 23, 35-43)

Zelango erregea da, ba, Jesukristo? Ez da errege garailea, heriotza-unean dagoena baino. Holango erregerik ez dau nahi munduak. Uste on izan behar da, gero, holango batengan, benetan errege autortzeko! Egin deiogun harrera on, Aleluia abestuz, zutunik.

Eskariak

Jarri daiguzan gure begiak, lapur onaren antzera, Jesusengan, eta holantxe zuzendu deioguzan eskari apalak Jaungoiko Jaunari:

—Gure Elizbarrutiaren alde: gure gizarteak baztertzen dauzen etorkin eta alboratuak bereganatzeko ahaleginetan danon eskuzabala aurkitu daian, eskatu deiogun Jaunari.

—Gizartean guzurra dala nagusi ikusten dogu, eta erabili ere bai, zeozer lortu nahi dogunean; egizaletasunera aldatu gaizala, eskatu deiogun Jaunari.

—Ahaltsutasuna eta nagusitasuna erakusteko indarkeria erabilten da, eta nahi dana hil edo azpian hartu; bizia eskeintzera aldatu gaitezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Siniskeriak eta lorpen errazak nahi dauzen inguruan gagozenok ez gaitezela errazkeriaren liluretan jausi, ikasi daigula zenbat sufritu behar izaten dan eta ahalegindu gaitezan Erreinuko baloreak iragarten ta bizitzan gauzatzen, eskatu deiogun Jaunari.

† Jainko errukitsua: zure erreinuaren ametsean bizi garenok ez daigula inoiz itxaropena galdu, ha zoritxar guztien gainetik iragarri baino. Jesukristo gure Jaun eta Erregearen bitartez.

—Amen.

Jaunartzean

1. Zu zaitugu Artzain ona,

bizia emon deuskuzu;

zure hitzak bihotzean

hazi barri ereiten du.

2. Maite dituzu guztiak,

deitzera zatoz zu, Jauna;

batasunaren bidetik

maitasunak deitzen gaitu.

3. Bateoan damoskuzu

betiko gaztetasuna.

Emon poza_iragarteko

Jainkoaren Barri Ona.

OHARRAK

—Datorren ZAPATUAN, 19,00retan, San Bartolome (Mertzede) parrokian: Abenduaren zabalkundea.