uz11b

Urtean zeharreko XI. asteko domekea

Sarrera-oharra

Egunon, senideok: ondo etorri.

Pazkoaldia amaitu eta hurrengo Hirutasun eta Gorputz-Odolen misterioak ospatuz, aurrera goaz liturgi aldian zehar gure sinismena eta alkar bizitza elikatzeko eta indartzeko asmoz.

Gaurkoan Jainkoaren erreinuaren aurrean jarten gaitu Liturgiak. Jesusen ardura nagusia zan Jainkoaren erreinua, eta berau iragarten eta azaltzen eban hitzez, parabola bidez eta baita egintzez eta ezaugarriz ere: harrera on egiten eutsen pekatari eta baztertuei, pobreei, emakumeari… Jainkoaren lehentasun dirala eurak iragarriz. Poza halangoa hareek izan ebena! Ea geure poz ere bihurtzen dan gaurkoan…

Kantua

ZEIN GOZO TA EDER DAN anaiok alkartu

eta danok batera Jainkoa goratu.

1 Gora bihotzak eta guztiok egin kantu

Jainkoak bere eskuz salbatuko gaitu.

2 Zabal gogoak Jaunaren hitza entzuteko

bere nahia jakinik zuzen ibilteko.

Agurra

Jainkoaren erreinuko oinordekide / eta bertako langile

egiten gaituan Jesukristo Jauna / izan bedi zuekin…

Damu-otoitza

Hurrean bakarrik ez, Jainkoaren erreinua geure barruan dogula iragarri euskun Jesusengana apaltasunez eta damuz hurreratu gaitezan:

—Jesus Jauna, uste on osoa Jainkoagan zenduana, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, Jainkoaren erreinua iragarri zenduana, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, emakumeak, pekatariak eta pobreak besarkatzen zenduzana, erruki, Jauna.

1 Irakurgaia: Ez 17, 22-24

Irudi eder batez iragarriko deusku Ezekiel profeteak Jainkoaren guretzako asmoak zeintzuk diran. Berea da ekimena eta ondorioak onartzea dogu salbamena. Entzun.

Erantzun salmoa

R/. Ona da Zuri eskerrak emotea, Jauna.

2. irakurgaia, 2Ko 5, 6-10

Apostoluak korintoarrei egiten deutsen gomendioan argi izten dau Paulok merezi dauala Jesukristogan uste on izateak, eta bizitza harexengan eta ez atseginkeriak bilatzean oinarritzeak. Geuretu daiguzan haren berbok.

Ebanjelioa Mk 4, 26-34

Hona Jainkoaren erreinua geure artean egotearen ezaugarrietako bat: pobreei eta apalei haren iragarpena egiten jake. Egin deiogun harrerea barri on hori dakarskun ebanjelioari, Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Gatx egiten jaku Jainkoaren gogokoenak pobreak eta baztertuak dirala onartzea atseginetan bizi izan gura dogunoi. Eskatu daiguzan argia eta adorea hau onartzeko eta bizikereaz iragarteko:

—Eliz amaren alde: uste on osoa Jainkoagan jarri daian, eta irakatsi daian hau pobreen eta baztertuen ondoan errukitsu agertuz, eta harei Jainkoaren maiteenak dirala oihukatuz, eskatu deiogun Jaunari.

—Elizatik aldendu diran edo harengan izan daben ustea galdu daben edo sinismena aintzat hartzen ez dabenen alde: egin daien topo Jesukristogaz honen Barri Ona eurendu daien, euren poz eta zorionerako, eskatu deiogun Jaunari.

—Ikasturte honetan Lehen Jaunartzea egin daben umetxoen alde eta euren familien alde: Jesusen ikasle izaten jarraitu daien, horretarako ereduak izan daiezan eta jarraitzaile garanon eliztaldeetan esku hartu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Eralgikerian eta atseginkerian diharduan gizarte honek pobreen eta baztertuen oihuak entzun daizan, hareen atsekabea arintzen ahalegindu daiten eta ondasunak zuzentasunez banatu daizan, eskatu deiogun Jaunari.

—Sinismena ospatzeko eta sendotzeko alkartzen garanok Jesus Jaunaren berbak geuretzen ahalegindu gaitezan, eliz alkarteen bizitasuna indartuz eta besteentzat ere erakargarri bihurtuz, eskatu deiogun Jaunari.

† Dana zeure esku izanik seme-alabon ona baino gura ez dozun Jainkoa: zeugan uste ona jarriz zure erreinua gauzatzen jardun daigula. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzean

GURE ONDOAN, JAUNA, egon zaitez beti;

Zu zara gure bide eta gure bizi.

1 Zu zara, Jauna, Zu gure Artzain eta gu zure artalde.

Nora-ezean ibilten gara ardi gaixook Zu gabe.

2 Zuk ezagutzen gaituzu danok Zu zara gure Artzain on

Zure ondoan alkar maitatuz gaitezela beti egon.