URTEAN ZEHARREKO VII. DOMEKEA /C
Sarrera-agurra
Senideok: Ondo etorri urtean zeharreko 7. domeka honetako liturgiara. Begira: uste osoa Jainkoagan jarten irakatsi deuskun Jesusek aurrera begira jarriko gaitu, eta bizitzarako burubideak emongo deuskuz. Gure artean onartua bada kalterik hartzea gura ez badogu, inori kalterik ez egitea, Jesusek gehiago eskatuko deusku. Eta harritu egingo gaitu: nork egin daike hori? —esateraino. Ba, izan gogoan: uste osoa Jainkoagan jarrita daukanak! Goazen, ba, Jesusegaz bat egitera.
Sarrera abestia
GOAZEN GUZTIOK BATERA Jaunarekin egotera.
Goazen guztiok batera Jaunarekin egotera.
1 Pozik alkartu gaitezen Aita dogu-ta laguntzen.
2 Seme-alaba bezela zaindu gagizuz Zuk, Jauna.
3 Entzun daizala Jaun onak gure poz eta negarrak.
Damu-otoitza
Geure jakintzaz eta indarrez baino ez dogu jokatu gura, hortik kanpokoak bildurtuazoten gaitualako. Damutu gaitezan Jainkoaren aurrean.
—Jesus Jauna: uste osoa Jainkoagan dozuna, erruki, Jauna.
—Jesus Jauna: arerioak maitatzerainoko maitasunera bultzatzen gaituzuna, Kristo, erruki.
—Jesus Jauna: bihotz garbiko gura gaituzuna, erruki, Jauna.
Lehenengo Irakurgaiari sarrerea (1Sm 26, 2.7-9.12-13.22)
Min emon deuskunari handiagoaz erantzutea izaten da gure lehen jokerea. Baina nora abiatzen gara bide horretan zehar? Ete da hori Jainkoaren gogoko?
Erantzun salmoa
Bigarren Irakurgaiari sarrerea (1Ko 15, 45-49)
Ez daigun uste izan halangoak garala-ta ez dagoala zer eginik: hazten joatekoak egin gaitu Jainkoak…
Ebanjelioari sarrerea (Lk 6, 27-38)
Hona Jesusek bere ikasleentzat gura dauan hazkundea: ez da egun baten lortzekoa, edo hortixik hastekoa… Egin deiogun harrera on Ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.
Herri otoitza
† Maitasuna besterik ez danak ezin dau bereizkuntzarik egin, eta bere antzeko gura gaitu seme-alabok. Zuzendu deioguzan gure eskariak:
—Elizearen alde: maitasunean oinarriturik gaurkotu daiten, parkamena eskatzen eta parkatzen ikasiz, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Gure familietako gora-beheretan ordain bardina emoten barik, parkatzen eta maitasunean hazten ahalegindu gaitezan, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Pobreek, baztertuek, urtenbiderik ez daukela uste dabenek, aurkitu daien gure eliz alkarteetan esparru harrerakoia eta beroa, eskatzen deutsugu, Jauna.
—Eukaristiarako alkartzen garanok bildur barik hurreratu gaitezan bizibarrituko eta gaurkotuko gaituan Ebanjeliora, eskatzen deutsugu, Jauna.
† Arerioak maitatzerainokoak gura gaituzu zure seme-alabok, Jauna; uste on osoa zeugan jarrita emon daiguzala haraino eroango gaituen urratsak. Jesukristo.
Jaunartzerako
1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.
Amaierarako
JESUS MUNDUKO ARGIA
Jesus zinezko egia. Jesus betiko bizia.
1 Jesus Jainko gizona Zuri gure bizia
hartu gure Jaun ona gu garean guztia.
2 Gure bihotz barruan biztu zure argia
gaitezen gu munduan argi Jainkoz betia.
OTOITZA
Maitasuna zarala autortzen dogu, Jainko,
eta ezinbesteko poza hartzen dogu
seme-alaba lez maite gaituzula jakiteaz.
Ez, ostera, maitasun berberaz
maite behar doguzala danak dinoskuzunean.
Geuretzat gura dogun ona
geuretzat baino ez dogula gura emoten dogu!
Atarako ete gaituzu zulo baltz honetatik?
Atarako ete gaituzu geurekeria itsu honetatik?
Sartu dakigula Jesusen agindua, barruraino,
gure barruan, maitasunean, leku izan daien
bai geure lagun minenek eta geureenek
eta baita arerio doguzala uste doguzanek ere.