uz05b

OHARRA

URTEAN ZEHARREKO V. DOMEKA hau Otsailaren Lehenengo domekabn edo Bigarrenean gertatu daiteke. Lehenengoan danerako BEHERAGO DAGOZAN LAGUNGARRIAK hartu daitekez. Bigarren domekarakoak honeexek.

Sarrera-oharra

Senideok: 2030erako munduko %1 aberatsenak ondasun guztien %90aren jabe izango dira. Eta “Esku Alakartuak—Manos Unidas” erakundea eske jatorku krisia sufritzen dogunoi: miloika dira gosez hilten diranak, eta gure laguntzaren beharrizanean dagoz.

Gaurko Liturgiak lagunduko deusku bizitz-aukera sendo bat egiten: Jesusen jarraitzaileak Ebanjelioa, Barri Ona, iragarten dabenak dira. Hareen lana deabruak uxatzea da, eta inguruan aurkitzen daben atsekabea ezabatzea. Eginkizun horretan Jainkoa dabe lagun, eta ez dira nekatuko. Izan gaitezan euren arteko. Elizkizun hau horretarako bultzakadea izan dakigula.

Sarrera-abestia

Damu-otoitza

Ondasun guztien iturri eta emoile dan Jaunaren aurrean autortu daigun gure ondasun egarria, besteak gosez izterainoko ondasun-egarria:

—Jesus Jauna, behartsuekaz behartsu egiten zinana, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, gizakia morrontzatik ataraten dozuna, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, Jainkoaren erreinua gauzatzen dozuna, erruki, Jauna.

Jb 7, 1-4. 6-7

Txarkeriak eta onartu ezin dan zintzoaren jasapenak zalantzan eta kinkan jarten dabez sinismena eta Jainkoa bera. Baina Jobentzat Jainkoa ez da ona saritzen eta gaizkilea zigortzen dauana, gehiago baino: arazoetan, larrialdietan, deitu egin geikeona eta ondo-ondoan somatu geikena baino.

Erantzun salmoa 146,1-2.3-4.5-6

Salmugileak lagunduko deusku Jainkoa goraltzearen poza hartzen.

1 Ko 9, 16-19. 22-23

Bizi izateko lain ez daukanak nahikoa dau bizi izateko iturriak bilatzeaz; baina bizi izateko oinarriak jarrita daukazanak Jainkoaren berban aurkitu daike bizitzan zehar zer egin. Paulo apostoluak Kristoren barri emotea aukeratu dau; iragarpen-lan horrek daroa behartsuenen ondoan egotera.

Ebanjelioa: Mk 1, 29-39

Ezagutu daigun Jeusen eguneko egitasmoa: hitza iragarri, deabruak uxatu, gaisoak osatu eta zerbitzuan jarri. Jainkoagandik, otoitzetik, hartzen dau indar hori. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Bizitzan jarri gaituan Jainkoari bere hurtasuna somatzeko eran jaso deioguzan gure beharrizanak eta eskariak:

—Elizearen alde: Jainkoaren hitza iragartea izan daiten bere lehentasuna, berba horren arabera bizi izaten ahaleginduz bere seme-alaba guztiengan, eskatu deiogun Jaunari.

—Bizitzako helburu lez ondasunak pilatzea dabenek senideen beharrizanak ikusi ahal izan daiezan, harei esku bat luzatzeko gauza izanez, eskatu deiogun Jaunari.

—Agintean dagozenak, euren ahaltasuna zelan handitu bilatu ez daien, behartsuak euren beharretatik zelan atarako baino, eskatu deiogun Jaunari.

—Goseak jota egonik laguntza eske dagozenen oihuak zabaltzen jakin daian “Esku Alkartuak—Manos Unidas” erakundeak, eta beste guztion alkartasuna bultzatu eta bideratu daian, eskatu deiogun Jaunari.

—Gu guztiok aintzat hartu daigun Jainkoaren hitza, otoitza eta alkartea, holan alkar berotu daigun Ebanjelioaren poza bazterretaraino helduazoteko, eskatu deiogun Jaunari.

† Konfiantzaz hitz egin geikizun Jainko Jauna: emoiguzu zeuri begira bizi izatea, behartsuenen ondoan laguntzaile agertu gaitezan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzean

1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.

Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:

R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.

2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.

Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.

R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!

3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean

ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.

R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.

URTEAN ZEHARREKO V. DOMEKEA /B

Sarrera-oharra

Senideok, Jainkoaren erregalu dogu bizitza, eta erregalu hori eskertzea dagokigu, zoriontsu izan gura badogu, behintzat. Hauxe litzateke, ba, gaurko Liturgian geure buruari egin geikeon itauna: zer egin gura dot nik neure bizitzaz?

Edozergaitik ibilten naz kexu? Inguruan dana ikusten dot baltz, eta horren errudunak bilatzen dodaz, danak gaitzesteko? Ala, inguruetara Jainkoaren seme-alaben poza eta Ebanjelioaren argitasuna eroaten ahalegintzen naz?

Ea gaurko Liturgiak adoretzen gaitun, eta sustatzen dauan gugan kristau bokazinoa.

Sarrerako abestia

Igandea da Jaunaren eguna bereziki,

asteko jai-egun dogu, poz zabalera jaiki;

ospatu daigun fedea alkar hartuz estuki,

goza gaitezan festaren oskarbitan biziki.

Igandearen airea dana dago argitan,

Jaun berbiztua eskeintzen jaku dohain handitan:

Hitzean arnasa bizi, indar Ogia baitan;

ederki gaitekez senti jai-xarmaren ongitan.

Damu-otoitza

Bizitzan atsegin bila baino ez banabil, laster azalduko dira protestak eta gogo txarrak, dana ez jatalako errez eta leun egingo. Jo daigun Jainkoaren errukira:

—Jesus Jauna, zure bizitza Jainkoari esker ona agertzea zan, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, zure bizitzearen ardatza otoitza zan, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, zure bizitzearen helburua erreinua iragartea zan, erruki, Jauna.

Jb 7, 1-4.6ss

Bizitzako nekeak atsekabearen zulora eroan geinkez, dana baltz ikustera. Beste gauza bat somatzen dau Jainkoagana zabaltzen danak. Entzun daiguzan Joben berbak.

Erantzun salmoa

1Ko 9, 16-19.22ss

Kristau izateak Nazareteko Jesusengan uste osoa jartea dakar. Eta hori egiten dauanak ezin dau ebanjelioaren barri emon barik gelditu.

Mk 1, 29-39

Zerk garoaz Jesusengana? Haren ikasle izateak, gatx egiten jakun jokaerara garoaz: zerbitzura. Hauxe dalako Erreinuaren ezaugarria: alkar zerbitzea, maitatzea. Egin deiogun harrerea ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.

HERRI OTOITZA

† Jainkoa geure probetxurako barik, haren esana bilatzeko eta haren taupadetan ibilteko, bilatuko bagendu, hain gatx egiten jakun alkarri zerbitzea areagotu egingo geuke. Jo daigun otoitzera:

—Eleizearen alde: egon daiten adi behartsuen eta alboratuen aldarrietara, hareen ondoan egoten jakin daian eta eurekaz batera egin daian entzuna izango dan aldarria, eskatzen deutsugu, Jauna.

—Aurkitu dabela Jesus uste dabenen alde, edo haren ikasle eta jarraitzaile badirala: zerbitzu-bideak urratu daiezan euren etxean, edo lanean edo hartu-emonetan, eskatzen deutsugu, Jauna.

—Etsipenak eta gogo barik aurkitu daitekezanen alde: sartu dakien haragian Jainkoaren aukeratuak dirala, maitatuak eta Erreinuko ezaugarriak gauzatzera bialduak, eskatzen deutsugu, Jauna.

— … (eskatzen deutsugu, Jauna.)

—Otoitzerako alkartuta, Jainkoaren berbeak argitzen gaitunok alde batera baztertu daiguzan gure konplexuak, eta ekin deiogun alkar zerbitzeari geure indarren neurriko zeregin guztietan, eskatzen deutsugu, Jauna.

† Jainko Jauna: zeugandik hartua dogun bizitza erregalu hau senideen zerbitzuan emoten garatu daigula. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzerako

Zabal bihotzok errukirako,

sendo bihotzok borrokarako.

—Gizon-emakume barri, kondairaren eragile

gizatasun barriaren oinarri eta egile.

Gizon-emakume barri arriskuen onartzaile,

fede-bizitzan ausarta, zailtasunetan garaile.

—Gizon-emakume barri, esperantzaren gudari,

zuzenaren gose-egarri, egi bidean bidari.

Gizon-emakume barri, ez kate ta ez lokarri,

askatasunaren jabe eta askatasun-azkarri.

—Gizon-emakume barri, mugaz-gaindiko maitale,

alkar artean oretuz arraza eta lurralde.

Gizon-emakume barri, pobreen artean pobre,

hauekin alkarbanatuz etxeko ogi ta aterpe.