Sarrera oharra
Senideok: ondo etorri Pazkoaldiko 5. domeka honetako liturgiara. Ekarri daiguzan bertara gure kezkak Jesus Berbiztuak adoretu gaizan, eta, beragan txertatuz, frutu ugari emon ahal izan daigun. Frutuok izan daitezela bestea aintzat hartzea, alkarrizketarako gauza izatea eta, alkar lanean, gizarte zuzenagoa eta behartsuekaz arduratzen dana. Egin daigun hau poz-giroan, kantu artean.
Abestia
R/. Bizi da Jauna, bizi da! Bizi da Jauna, bizi da!
Bizi da, bizi da, bizi da Jauna, bizi da gure artean! (bir)
Pazko goizean hutsik dago hilobia.
Biztu da Kristo, biztu, gure eguzkia: nagusi da argia! R/.
Ilunpetatik berak gu atara gaitu;
munduaren distira berak dau barritu: berak gaitu biztu. R/.
Abadearen agurra
† Aitaren eta Semearen...
† Hilen artetik biztu ondoren, / bere ikasleen erdian agertuz,
arnasa eta eginbeharra emon eutsen Jauna, / izan bedi zuekin.
Ihinztatzea
Gogoratu daigun gure Bateoa: bertan izan ginan pekatutik askatuak, bizi barrira aldatuak, Kristo Jainko biziagan txertatuak, haren biziak gugan iraun eian. Jainkoaren seme-alaben poztasunez abestu daigun:
Bateoko uretan, Jauna, gaituzu
pekaturako hil ta zeuretzat biztu.
—Bateoagaitik, / eskerrik asko,
seme-alaba egin / gaituzulako.
—Bateoan ginan / hil Jesusegaz
geroztik gaitezan / bizi beragaz.
Aintzarako
† Senideok: berbiztuaren poza emoten deuskun Jainkoari esker onez emon deiogun aintza, gogotsu abestuz...
Lehenengo irakurgaiari (Eg 9, 26-31)
Ez uste izan Jesusegaz aurkitzeak bizitzea errazten dauanik, gero; bere arazoak sortuazoten dauz, bai norbere buruagaz eta baita inguruagaz ere. Eta zein garrantzitsua dan lagun bat, gidari bat, zubigile bat eukitea ondoan…
Erantzun salmoa (Sal 21, 26b-27. 28. 30abcd. 30e-32)
R/. Zugana nire gorakizuna, Jauna, batzar nagusian.
Bigarren irakurgaiari
Joan apostoluarentzako Berbiztuagan ezin daiteke hozkeriaz sinistu. Jesusegaz bat egitean buru-belarri sartzea da; eta, bildur barik, norbere muga eta akatsei larregi begitu barik, uste on osoa beragan jartea.
Ebanjelioari
Jesusen guraria, bere ikasleenganako, hareek frutu ugari emon daiela da. Hori lortzeko era bakarra berari lotuta egotea da. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Bizitz-iturri dogun Jainkoak bizitzearen testigu gura gaitu gure inguruan. Egin deiogun erregu:
—Elizearen alde: bizitzea zaintzen ahalegindu daiten, haren aurkako ekintzak gogor salatu daizan, eta erasotuen ondoan eta hareen aldezle agertu daiten, eskatu deiogun Jaunari.
—Heriotz-zigorra indarrean daben nazinoen alde: laster baten ezabatu ahal izan daien euren legetik, eta inor hiltea ere ezabatu daiten gizaki guztion bihotzetik, eskatu deiogun Jaunari.
—Norbere siniskerearen eta pentsamoldeen eta bizikerearen agerpenak eta aldezteak inor ez daian inoiz eroan beste inori kalterik egitera, eskatu deiogun Jaunari.
—Bizitzearen iturria Ebanjelioan aurkitzen dogunok Jesusen antzeko izatea bilatu daigun: izadia errespetatuz, hurkoa maitatuz, eta bakea eta alkartasuna sustatuz, eskatu deiogun Jaunari.
† Betiko bizitzarako egin gaituzun Jainko Jauna, emoiguzu bizitz-egarria eta besteen bizitzea zaintzeko eta aldezteko adorea. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzean
Gurekin egon, gurekin, Jauna, behar dogu-ta hitzegin:
heldu da gaua, ilun-iluna. Gurekin egon, gurekin!
Zertaz diharduzue hitzegiten bide guztian bihotz ilun?
Hara, Jerusalenen gertatuaz: Jesus hil dela, harainegun.
Kristok behar zituen jasan behar horreik guztiok jasan behar.
Biztu ta halan eiten ospean sar betiereko ospean sar.
Jesus Nazaretarra hitzez t'egitez profeta handi agertu zen
apaiz t´agintariek, kondenatuz, gurutzean hil egin zuten.
Bai zuek buru gogor zaretela profeta hitza sinisteko
Mesiak guzti hori /jasan behar / zuen, aintzara / iristeko.
Ez al geneukan sutan gure barrua, idazleena azaltzean?
Ta berehala jaikiz, Jerusalema itzuli ziren, itzuli.