grz03a

GARIZUMAKO III. DOMEKEA /A

Sarrera oharra

Senideok: gaurko liturgiaz hiru katekesi nagusien lehenengoa hartuko dogu: URArena. Bateoa dakarsku gogora. Baina baita gure munduak jasaten dauan arazorik handienetarikoa ere: lurralde handiak dagoz urik ezaz hondatuta, eta hilten dago Jainkoaren hainbat seme-alaba. Euren aldeko adorea hartu behar dogu Jainkoak dinoskuna geuretuz eta Jesusengan uste on osoa jarriz. Goazen, ba, pozez eta itxaropenez katekesi horretara.

Sarrera-abestia

1.- R/ Zure aurpegi bila gabiltza gu, Jauna,

zu zaitugu argi eta salbamen,

zu, Jauna, biziaren babes.

Uste on izan Jaunagan eta izan gizon,

jaso bihotza eta Jaunagan sendo egon.

Zelan dan aita bere umeentzat bihozbera,

halantxe da Jauna fededunentzat onbera. R/.

Ez gaitu hartzen gure hobenen neurrietan,

ezta joten ere gure erruen ordainetan.

Berak deutsuz, bai, parkatzen zure hobenak

eta osatzen deutsuz harek zuri gatxak danak. R/.

Damu-otoitza

Bateoa oraindino geuretu barik izatea autortu daigun, beti kexati bizi izatea, eta baita ura alperrik galtzen dogula ere…

Erruki, Jauna. * Pekatu egin dogu-ta.

Agertu guri, Jauna, zure bihotz ona. * Eta salbau gagizuz.

Lehenengo Irakurgaiari

Kexati gara, astunegia egiten jakulako sinistun izatea? Erreztasunean bizi izan gura dogu? Leherngoa amesten dogu, hobea bazan lez? Hartu daigun irakurgai honek dakarskun argitasuna…

Erantzun Salmoari

Hartu daigun otoiz-giroan salmo honetan agertzen dan mezua: ez gogortu zuen bihotza!

Bigarren irakurgaiari

Ez daukagu bildurrean edo ezbaian bizi izaterik Jesukristorengan sinisten badogu, bateoa geuretu badogu. Entzun deiogun Paulori.

Ebanjelioari

Gertu gagoz uraren katekesian sartzeko? Jabetu gaitezan ebanjelioak jarten deuskun egoereaz eta han agertzen diran lau pertsonaien esaldiez: Jesus, emakume samariarra, ikasleak eta herritarrak… Adore handia hartu geike. Harrerea «Aintza, Jesus» abestuta egingo deutsogu, zutunik.

ESKARIAK

† Gure barruan betiko bizitzaraino darion ur-iturria sortuazoten dauan Jainkoari zuzendu deioguzan sufritzen dagozanen garrasiak eta gure kezka eta eskariak:

—Urik ezaz erreta dagozan lurraldeetako gizaki pobretu eta hondatuen alde: hareen egoereak eta garrasiak ura pribatizatu gura daben handikien bihotza bigundu ahal izan daien, eta gizarte solidario eta zuzenago batera bultzatu gaiezan, egin daigun otoitz.

—Krisia sufritzen dagozan lanik gabekoen, etxegetutako familien eta diru-laguntza barik ezer gutxi diranen alde: neurritsu bizi izatera bultzatu gaiezan, eta daukagunetik laguntzera, gure arteko senidetasuna gauzatzeko, egin daigun otoitz.

— Bere ondasun-itxurakeriatik urtetea gatx egiten jakon gure Elizearen alde: bitartean behintzat, behartsuaren ondoan egoten jakin daian, eta handikien zuzengabekeriak salatu daizan, egin daigun otoitz.

—Bateoko iturrian Kristorekin bat eginez, Eukaristiaren mahaian esku hartzen dogunok Jainkoaren poztasuna eroan ahal izan daigun bazter guztietara geure laguntzaz, neurritsu izateaz eta ondoan egoten jakiteaz, egin daigun otoitz.

† Beti eta egoera guztietan geure ondo-ondoan zaitugun Jainko Jauna: ez eiguzu itzi kexatan eta mormoxetan geratzen, eta eroan gaizuz zure aurpegi alaia eta zure Aita/Amatasunaren barri emotera. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

JAUNARTZERAKO

1) Basamortuan zehar dabila Jainko-herria erromes;

argi, bake ta maitetasuna dakarren zeruen galdez.

Agindu-lurra Jainkoak deutso emongo kateen ordez;

penak utzita poztu daitezan bizi barri baten pozez. R/.

R/. Zure pozetan goaz, Jerusalen barri;

fedeak zuregan dau bere ziment-harri.

Maitasunak zu zaitu bere berogarri.

Biztu itxaropena zure herriari.

2) Israel barri kurutzearen ondoren doa bidari;

bide iluna argitutzeko hodeia dauka gidari.

Zerua dau hark, Kristok agindu, erreinu eta lur barri;

beronek deutsoz oinak sendotzen Jainko-herri barriari. R/.

3) Herriak euren minaren minez dagoz ezin-egonetan;

bake, poz, argi, egia eta maitetasun bilaketan.

Entzun zuk hareen negar antsia, eutsi bideko nekeetan,

larri dabilz-ta zure etxe-bila fedearen urratsetan. R/.

(EDO…)

Jaungoikoaren hegoenpean: ze bakean! (2)

Indar guztiak dituenaren kerizpean (2).

Jauna, nik dinot: "Nire kerizpe dot zuregan;

bihotz guztiaz nago Jaunaren eskuetan."

OHARRAK