URTEAN ZEHARREKO V. DOMEKEA /C
Sarrera oharra
Ondo etorri, senideok, urtean zeharreko boskarren domeka honetako liturgia ospatzera. Geure izakereagaz jarten gara Jainkoaren aurrean, pekatari izakereagaz; baina berak garbituko gaitula uste izanik eta horren gurariagaz.Horrela bada, adi berak egingo deuskun itaunari: nor joango da gure izenean? Profeteak erantzuten deutson lez erantzungo ete deutsogu Jainkoari gutariko bakotxak: hementxe nozu; bialdu naizu? Gure pekatari egoerea eta izakerea autortzen badakigu baino ezin izango gaitu zindotu Jainkoak. Izan daigun gogoan.
Sarrera abestia
GOAZEN ALKARTURIK biztuta fedea
argitan zabalik maitasun bidea.
1 Entzun dezagun apaltasunez
entzun dezagun Jaunaren hitza
Bere hitzetan gure egia
gure indarra gure bizia.
2 Gurekin dogu maisu ta lagun
gurekin dogu, gurekin, Jauna!
Egin dezagun zuzentasunez
ta maitasunez bere esana!
Damu-otoitza
Jainkoaren erreinua iragarteko lagun bila urteten dozun, Jauna, zenbat atxaki aurkitzen dozun gutariko bakotxarengan! Zabaldu gaizuz zeure errukira:
—Jesus Jauna, gizaki guztientzako Barri Ona zarana, erruki Jauna.
—Jesus Jauna, zure agindua onartzen dauana Barri On egiten dozuna: Kristo, erruki.
—Jesus Jauna, Jainkoaren errukia iragarten deuskuzuna, erruki, Jauna.
Lehenengo irakurgaiari
Liturgia giroan azaltzen deusku irakurgai honek Isaias profetearen bokazinoa. Ea geurea ere sustatzen dauan eta berak darabilan hitzez erantzuten deutsogun geuk ere Jainkoari: hemen nozu; bialdu naizu.
Erantzun-salmoa
Sal 137,1-2a.2bcd-3.4-5.7c-8
R/. Eresi egingo deutsut, Jauna, aingeruen aurrean.
Bigarren irakurgaiari
Ez egoan hain ondo sendotuta, antza, Korintoarren sinismena. Baeukezan euren ezbaiak (dudak) berbizkundearen inguruan. Baina zer gara Jesusen jarraitzaileok haren berbizkundea sinisten ez badogu, edo berbizkundea guzurra bada?
Ebanjelioari
Jesusen deiari ezin izango deutsogu erantzun Tenpluko eta Legeko Jainko irudia alde batera bota eta Jesusek iragarten deuskun Aita errukitsua geuretzen ez badogu. Egin deiogun harrerea ebanjelioari Aleluia abestuz, zutunik.
ESKARIAK
† Gu barik egin gaituan Jainkoak geu behar gaitu gure salbamena gauzatzeko, eta salbamenaren iragarle izateko. Jarri gaitezan bere eskuetan eta esanetara, gure artetik gaurko profetak sustatu daizan:
—Elizearen alde: bere makalkeriak autortzen jakin daian, eta makalen errukia izan daian, eskatu deiogun Jaunari.
—Euren burua gauza gitxitzat daukenen alde: apaltasunez onartu daien Jainkoaren seme-alabatasuna, eta ha eskertuz Jainkoaren esanetara jarri daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Euren egoereari urtenbiderik ikusten ez deutsoenen alde: Jesus Jaunaren deia entzuteko, hari prestutasuna agertzeko, eta haren pozean eta sakontasunean bizi izateko gauza izatera heldu daitezan, eskatu deiogun Jaunari.
—Profetatzarako eta giza arrantzale izateko deia entzun dogunok atxakiarik jarri ez daigun, eta bai gure prestutasuna agertu horrek eskatzen deuskuzan ahaleginak eginez, eskatu deiogun Jaunari.
† Ahaltsua izanda, hain hurreko egiten zaiakuzan Jainkoa: atara gaizuz gure bildur eta geldokeriatik, gure aldiek behar dabezan profeta gartsuak izan gaitezan. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
—Amen.
Jaunartzerako
1. Ogi hau jaten dauanak izango dau bizia.
Kaliz hontan aurkitzen da Jainko-odol guztia:
R/. Hor dogu janaria ta hor gure edaria.
2. Jaungoikoak deitzen gaitu: bera dogu janari.
Beragan dogu aurkitzen osasuna ugari.
R/. Zelan begiratzen deutson Jainkoak gizonari!
3. Danok gaur jaten badogu ogi bat mahai batean
ezin izan gorrotorik gaurtik gure artean.
R/. Alkar maitatu dagigun Jesusen izenean.