pzk04a

Pazko aldiko IV. domekea /A

Sarrera-oharra

Ondo etorri, senideok, Pazko aldiko 4. domeka honetako liturgia ospatzera. Sarri entzundako irudi baten aurrean jarriko gaitu, eta, behar bada, atzeraka eragingo deusku. Asko aldatu diralako aldiak eta irudien esangurak. Baina, Jesusek bera Artzain ona eta artegirako Atea dala dinoskunean, onartu daiguzan irudiok eta bila dabilanarentzako ze esangura izan daikeen hausnartu daigun. Eta, gure otoitzean, gaur ere sinismenaren testigu biziak izan daiguzala eskatu daigun. Goazen abesti artean.

Sarrera abestia

Abestu dagigun danok…

(edo...)

R/. Bizi da Jauna, bizi da! / Bizi da Jauna, bizi da!

Bizi da, bizi da, bizi da Jauna, / bizi da gure artean! (bir)

—Pazko goizean hutsik dago hilobia.

Biztu da Kristo, biztu, gure eguzkia: / nagusi da argia!

—Ilunpetatik berak / gu atara gaitu;

munduaren distira berak dau barritu: / berak gaitu biztu. R/.

Abadearen agurra

† Aitearen eta Semearen eta E. santuaren izenean. —Amen.

† Hilen artetik lehenengo biztua / eta gure Artzain on eta bizitzarako Ate / bera dogula dinoskun Jauna / izan bedi zuekin. —Eta zure espirituarekin.

Uraz txipristintzea

Kurutzeratuaren saihets irekiak ura eta odola isuri ebazan. Haren gomutaz hartzen dogu pazkoaldian, bateoa gogoan izanik, garbitzen eta bizibarritzen gaituan ura.

Ura, ura, burura ta barrura; Jauna gure salbamen-ura.

*Zure saihets irekiari, Kristo, biziaren ur-iturria dario…

I. Irakurgaia

Zelango aldakuntzea izan daben Jesus Jaunaren ikasle eta apostoluek! Entzun daigun Pedroren ahotik lehenengo jarraitzaileen mezua zein zan. Hauxe da geuri ere iragarten jakuna.

Erantzun salmoa (Sal 22, 1-3. 4. 5. 6)

II. Irakurgaia

Pedroren gutun honetan harek egiten dauan sinismen autorkuntzea aurkituko dogu. Ikasi daigun beragandik geu ere sinismenaren autorle izateko gaur eta hemen.

Ebanjelioari

Ebanjelio honetara apaltasunez eta Jesusegaz topo egiteko gogo biziaz hurreratzen bagara, harek darabilzan irudietatik harago joango gara eta esker onez onartuko doguz. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Jainkoak dana dau bere seme-alabentzat eta dei egiten deutse bere ondasunetara bidea ere erakutsiz. Esker onez aurkeztu deioguzan gure makaltasunak eta beharrizanak:

—Elizearen alde: gaitzespenak egiteari eta ormak eraikitzeari uko egin eta salbamenaren ate agertu daiten, zubiak eraikiz, egin daigun otoitz.

—Noraezean dabizan familien alde; bizi izateko leku bila hara-honaka dabizanen alde; euren beharrizanean laguntzarik aurkitzen ez dabenen alde: entzuten dan garrasia izan daiten eurena, gizarte zuzenagoa eta baketsuagoa eraikitzeko, egin daigun otoitz.

—Zuzengabekeria, gaitzespena, espetxea, gaisoaldia edo esplotazinoa sufritzen dabenen alde: batez ere kristauoi Kristoren sufrimendua bera iragarri deiguen, eta laguntzera atara gaiezan, egin daigun otoitz.

—Artzain onaren artalde lez alkartu garanok behartsuenganako ate ireki agertu gaitezan gure inguruetan, bizia besteen alde emoten dakien testigu lez, egin daigun otoitz.

† Zure bihotza zabal-zabalik erakusten deuskuzun Ama/Aita Jainko maitalea: emoiguzu zeure Semearen artaldeko izatea, eta harek lez geuk ere besteen alde gure bizia emotea. Jesukristo g.j.b.

—Amen.

JAUNARTZEAN

1. Zu zaitugu Artzain ona,

bizia emon deuskuzu;

zure hitzak bihotzean

hazi barri ereiten du.

2. Maite dituzu guztiak,

deitzera zatoz zu, Jauna;

batasunaren bidetik

maitasunak deitzen gaitu.

3. Bateoan damoskuzu

betiko gaztetasuna.

Emon poza_iragarteko

Jainkoaren Barri Ona.

OHARRAK

AMAIERA ABESTIA

ZERU-LURREN ERREGINA: aleluia!, aleluia!

Biztu jaku Jesus Jauna: Aleluia!

—Zuregandik sortu dana: Aleluia.

Hilobitik biztu da-ta: Aleluia!