uz04c

URTEAN ZEHARREKO IV. DOMEKEA /C

Sarrera agurra

Senideok: ondo etorri urtean zeharreko laugarren domeka honetako liturgia ospatzera. Ageriko bizitzan sartzeaz bat Jesus gure maisuak aurkitu ebazan oztopoak mahairatuko jakuz: haren egintza batzuk txalotzen dabezan arren, haren bizikereak eta emoten dauzan azalpenek susmoak eta gorrotoa ere sortuazoten dabe bere herritarren artean. Honen aurrean, gure bizikereak zer dinon aztertuko dogu, ba, haren jarraitzaile zintzo izan gura badogu, behintzat. Abestu daigun, jai-giroan sartzeko.

Sarrera-abestia

GOAZEN GUZTIOK BATERA Jaunarekin egotera.

Goazen guztiok batera Jaunarekin egotera.

1 Pozik alkartu gaitezen Aita dogu-ta laguntzen.

2 Seme-alaba bezela zaindu gagizuz Zuk, Jauna.

3 Entzun daizala Jaun onak gure poz eta negarrak.

Damu-otoitza

Jesusen osakuntzak eta jakituria txalotzen dogunok, behar bada ez doguz hain eredugarri haren bizikerea eta haren azalpenak, geure bizikerea salatzen dabelako. Hartu daigun babes Jainkoaren errukian:

—Jesus Jauna, gure artean Jainkoaren errukia zabaltzen dozuna, erruki, Jauna.

—Jesus Jauna, katiguen askapena iragarten dozuna, Kristo, erruki.

—Jesus Jauna, itsuei ikusmena eta ahulei adorea emoten deutsezuna, erruki, Jauna.

Lehenengo irakurgaiari

Profetea geure bizikerarako eredu izan daiteke: Jainkoaren zerbitzari izatea ez jako errez egiten, baina, harek ez deutsola huts egingo eta eutsiko deutsola jakitean, aurrera egingo dau bildur barik.

Erantzun salmoa

Sal 70,1-2.3-4.5-6ab.15ab eta 17

R/. Nire ahoak iragarriko dau, Jauna, zure salbamena.

Bigarren irakurgaiari

Gauza asko egin geikez, senideok, gure jainkozaletasuna agertzeko eta indartzeko; baina bat dogu beharrezko, ha barik beste guztiak ezer ez dira. Harek besteengana garoaz, euretaz arduratzeko. Entzun!

Ebanjelioari

Beti txalotzen dogu Jesus, ala entzungor egiten deutsogu gure geldokeria eta arduragabekeria salatzen deuskuzanean? Egin deiogun harrerea ebanjelioari, Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Besteak maitatzea ahalbidetzen dau Jainkoak gugan. jo daigun otoitzera gure bildurretatik atara eta gaurko profeta egin gaizan:

—Elizearen alde: ausardiaz salatu daian, batez ere, bere barruan eta bere seme-alabengan dagoan ustelkeria, besteen ustelkeriak salatzean entzuna izan daiten, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure gizarteak sufritzen dauzan bidegabekeria handienetan geuk ere badogua zerikusirik autortu daigun eta alkarri lagundu hareik salatzen eta hareetatik urteten, eskatu deiogun Jaunari.

—Gure kontsumo eta eralgikeriak Natura hondatu eta mundua gal-zorian itzi dauala gogotan hartu daigun, kontsumoa murriztu eta ekoizpen iraunkorrak sustatzeko, eskatu deiogun Jaunari.

—Mundu honek behar dauzan profeta salatzaileak, itxaropen emoileak eta txikienen maitaleak sortu daitezan gure artean, Jesusen testigu izatera ere bultzatu gaiezan, eskatu deiogun Jaunari.

—Elizkizunotan alkartzen garanok gure bizitzako eredu Jesus izatea bilatu daigun eta haren maitasunaz maitatzea, eskatu deiogun Jaunari.

† Maitasunez eta errukiz inguratzen eta blaitzen gaituzun Jainko Jauna: atara gaizuz gure bildur eta alperkerietatik, eta egin gaizuz gaurko profeta. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

JAUNARTZERAKO

Zabal, otoi, Jauna, nere begiak,

ikus ditzaten zure bihotzaren miragarriak.

Bide-bazterrean bait nago itsu,

senda nazazu: Zu, nere Jauna, Zu ikus zaitzadan.

Zabal, otoi, Jauna, nere eskuak:

beude zabalik, ta piztu bitzate bihotz ahulduak.

Gaitz guztien gaindi, noan zurekin;

har ni eskutik, gurutzera ere joan ahal nadin.

Zabal, otoi, Jauna, nere bihotza,

entzun dezadan, behartsuen deian, Kristoren boza.

Askorentzat, Jauna, zu hila zaude;

egon nerekin; inoiz gal ez nadin pitz nigan fede.

OHARRAK