pazk03b

Pazko aldiko III. asteko domekea

Sarrera-agurra

Senideok, pazkoaldiko pozak alkartu gaitu Berbiztuagan dogun sinismena indartzeko asmotan eta sinismen horrek haren autormen emotera eroan gaizan gure inguruan beharrizanean dagozenekaz alkartasuna erakutsiz. Horretan lagundu egingo deusku Caritasek egiten dauan aldarriak: «Eskubideak guztion eskura». Sartu gaitezan ospakizunean gure izate osoa Berbiztuaren esku jarriz.

Abestia

R/. Bizi da Jauna, bizi da! Bizi da Jauna, bizi da!

Bizi da, bizi da, bizi da Jauna, bizi da gure artean! (bir)

Pazko goizean hutsik dago hilobia.

Biztu da Kristo, biztu, gure eguzkia: nagusi da argia! R/.

Ilunpetatik berak gu atara gaitu;

munduaren distira berak dau barritu: berak gaitu biztu. R/.

Abadearen agurra

† Aitaren eta Semearen...

† Hilen artetik biztu ondoren, / bere ikasleen erdian agertuz,

arnasa eta eginbeharra emon eutsen Jauna, / izan bedi zuekin.

Ihinztatzea

Gogoratu daigun gure Bateoa: bertan izan ginan pekatutik askatuak, bizi barrira aldatuak, Kristo Jainko biziagan txertatuak, haren biziak gugan iraun eian. Jainkoaren seme-alaben poztasunez abestu daigun:

Bateoko uretan, Jauna, gaituzu

pekaturako hil ta zeuretzat biztu.

—Bateoagaitik, / eskerrik asko,

seme-alaba egin / gaituzulako.

—Bateoan ginan / hil Jesusegaz

geroztik gaitezan / bizi beragaz.

Aintzarako

† Senideok: berbiztuaren poza emoten deuskun Jainkoari esker onez emon deiogun aintza, gogotsu abestuz...

Lehenengo irakurgaiari (Eg 3, 13-15. 17-19)

Zintzotasunez eta entzule lez ez sinisteak bere ondorio larriak dakarz: senidea paretik kentzeraino, ha hilteraino, heldu daiteke. Jainkoa bizitzearen alde dago: bizitza sortu, emon eta bete egiten dau.

Erantzun salmoa

R/. Argitu egizu, Jauna, zure aurpegia gugan

Bigarren irakurgaiari (1 Jn 2, 1-5)

Pekatua ukatzeak ez gaitu zintzotzen edo hobeak egiten. Senideaganako daukagun jarrereak dinosku zelango barrua dogun, Jainkoagazko adiskidetasuna bizi dogun ala ez. Ea apostoluak zer dinoskun.

Ebanjelioari (Lk 24, 35-48)

Jesusengan sinistu ezkero, hari gure bizitzan erdikotasuna emon ezkero, ez jaku gatx egingo biztuerea sinistea. Egin deiogun harrerea Aleluia abestuz, zutunik.

ESKARIAK

† Jainkoak bere seme-alabok bizitzaz gainezka gura gaitu, alkarren arduraz eta bakearen eraikuntza lanetan. Zuzendu deioguzan gure eskariak:

—Elizearen alde: bazterretaraino heldu daiten bizitza mezuaz eta, behartsuak Eukaristiaren mahaira deituz, hareen esker onezko erantzuna jaso ahal izan daian, eskatu deiogun Jaunari.

—Bizitzea heriotzeak hondatzen dauala uste dabenen alde: Berbiztuagan sinistera heldu daitezan, bizitzea eskertzen jakiteko behartsuenen ondoan egonik, eskatu deiogun Jaunari.

—Euren burua zaindu edo salbatzearren inor galtzeko edo hilteko gertu dagozenen alde: bizitzearen balioaz jabetu daitezan berbizkundea sinistera helduz, eskatu deiogun Jaunari.

—Sufritzen dagozelako, bizi-pozik inoiz eta inon aurkitzen ez dabelako, bizitzea madarikatzen dabenen alde: hurrean izan daien Berbiztuaren barri emongo deutsenik, harengan bizi-poza aurkitu daien, eskatu deiogun Jaunari.

—Berbiztuagan sinisten dogula esanez, bere izenean alkartu garanon alde: liburu santuetan edaten ikasi daigun, eta Berbiztuaren poza eta itxaropena gure inguruan zabaldu daiguzan bake-bideak urratuz, eskatu deiogun Jaunari.

† Bizitzaren sortzaile, emoile eta betetzaile zaitugun Jaun indartsua, emoiguzu Berbiztuagan sinistea eta ha gure egunerokoan autortzea. Gure Jaun Jesukristo berberaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzean

Gurekin egon, gurekin, Jauna, behar dogu-ta hitzegin:

heldu da gaua, ilun-iluna. Gurekin egon, gurekin!

Zertaz diharduzue hitzegiten bide guztian bihotz ilun?

Hara, Jerusalenen gertatuaz: Jesus hil dela, harainegun.

Kristok behar zituen jasan behar horreik guztiok jasan behar.

Biztu ta halan eiten ospean sar betiereko ospean sar.

Jesus Nazaretarra hitzez t'egitez profeta handi agertu zen

apaiz t´agintariek, kondenatuz, gurutzean hil egin zuten.

Bai zuek buru gogor zaretela profeta hitza sinisteko

Mesiak guzti hori jasan behar zuen, aintzara iristeko.

Ez al geneukan sutan gure barrua, idazleena azaltzean?

Ta berehala jaikiz, Jerusalema itzuli ziren, itzuli.