uz15a_lggk

Urtean zeharreko XV. asteko domekea /A

Sarrera oharra

Aspaldi baten, euskaldunok berbakoak ginala esaten zan. Gero berbea haizeak eroaten ei dau eta paperak eta firmak behar dirala. Orain… zerk balio ete dau, senideok? Zeri emoten deutsogu balioa, dirua bera ere hain aldakorra bada? Gaurko Liturgiak Jainkoaren berbearen aurrean jarriko gaitu, eta eraginkorra dala eta frutu emoilea esango deusku. Lagunduko ete deusku elizkizun honek Jainkoaren berbea aintzat hartzen? Biztuko ete dau gugan Jainkoaren berba-egarria eta haren inguruan otoitz egiteko gogoa?

Sarrera abestia

Zu gabe, Jesus, nora joango gara gu?

Zuk betiko bizitzako hitzak, Jauna, dituzu.

Zu gure Maisu zaitugu, zu gure gidari;

zure hitza guretzat indar eta argi.

Damu-otoitza

Jainkoaren hitza egiazkoa eta eraginkorra dala autortzen dogunok, gure berbearen balio gabeziaz jabetzen gara Jainkoaren errukiaren aurrean, eta damutzen:

—Jesus Jauna, betiko biziaren hitzak daukazuzana, erruki, Jauna!

—Jesus Jauna, zugan egintzak eta berbea bat datoz, Kristo, erruki!

—Jesus Jauna, Jainkoaren berba haragi egina zaituguna, erruki, Jauna!

Is 55, 10-11

Zelango irudi ederrez adieraziko deuskun Isaiasek Jainkoaren berbearen eraginkortasuna eta onuragarritasuna. Arretaz entzun deiogun.

Erantzun salmoa

R/. Lur onean jausi zan haziak ugari emon eban frutua.

Erm 8, 18-23

Ebanjelioaren iragarpena ez da eragozpenik barik egiten, errez-errez eta oztopo barik. Barri ona geuretzea gatx egiten jaku antza. Entzun deiogun apostoluari.

Mt 13, 1-23

Ugari ereiten da Jainkoaren berba-hazia, eta frutu ugaria itxaroten dau. Zelango lurra eskeintzen ete deutsogu guk? Egin deiogun harrera on, Aleluia abestuz, zutunik.

Eskariak

† Irudiaren arrakasteak berbea indargetu dauan gizartean bizi garanok Jainkoaren berbearen eraginkortasuna berreskuratu gura dogu. Jo daigun otoitzera horretarako:

—Elizearen alde: eten barik iragarri daian Jainkoaren berbea, eta bere bizikereaz baieztatu daian haren eraginkortasuna, egin daigun otoitz.

—Berbearen zerbitzari diran misiolari, katekista, hizlari eta ospakizun sustatzaileen alde: maite izan daien Jainkoaren hitza, haren gozotasuna dastatu daien, eta nabarmen ikus daien haren eraginkortasuna, egin daigun otoitz.

—Berbea barriketarako edo inor iraintzeko ere erabilten dabenen alde: berbearen garrantziaz jabetu daitezan eta Jainkoaren berban aurkitu daien argitasuna eta adorea, egin daigun otoitz.

—Iragarritako berbea irunsten daben politikari, herri agintari eta beste era askotako giza gidarien alde: egizaletasunera heldu daitezan eta iragarten dabena beteten ahalegindu daitezan, egin daigun otoitz.

—Jainkoaren berbea elikagai hartzen dogun guztion alde: haren gozoa dastatu daigun eta haren eskakizunetara eraiki daigun gure eguneroko bizitza, egin daigun otoitz.

† Zure Semeagan hitza haragi egiten zaran Jainkoa, emoiguzu zure hitza aintzat hartzeko behar dogun gosea eta geure bizitzan haragitzeko grazia. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.

—Amen.

Jaunartzerako

EMOIGUZU, JAUNA,

ogia jateko

bizitza-indarra zuri

jarraitzeko. (bis)

1 Jesus zeu zaitugu bideko janari

gure bizitza osoan arnas eta argi.

2 Emoiguzu, Jauna, bizitza indarra

lagunak maitatzeko bihotzeko garra.

3 Zu jatean emon poztasun gogoa

hobeak izateko gurari sendoa.

Azkenean

Jainkoaren hitzaren eraginkortasuna eta edertasuna ospatu dogu. Horretaz jabetu garala adierazi daigun gure egunerokoan gatx egiten bajaku ere, egia aurretik dogula, inor ez iraintzen ahaleginduz eta senideen argitasun izanez. Jo daigun sarriago ebanjelioaren irakurketara. Ez gara damutuko.

OHARRAK